III. Atala. Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko
III. Atala. Arartekoaren jarduerak arreta publikoa behar duten taldeak babesteko
Arartekoaren lan-arloak gaikako banaketaren arabera egituratu izan dira beti. Banaketa hori osatzeko, Ararteko erakundearen jarduerak sailkatu izan diren alorretan barreiatuta dauden eta ezaugarri bereziak dituzten zenbait talderen arazoen berariazko tratamendua egiten da.
Alde horretatik eta Ararteko erakundeak pertsona guztien eskubide guztiak bermatu behar dituela uste izanda, beharrezkotzat jo da beren eskubideak burutzean kalteren bat izan dezaketen talde batzuekin lehentasunez jardutea, ahultasun handiagoko balizko egoeran daude eta.
Arreta publikoa behar duten taldeen gaineko arlo horiei esker, ikuspegi praktikotik begiratuta, talde horiekin zerikusia duten gaiak bila eta aurki daitezke urteko txostenean, eta ikuspegi orokorra ematen dute. Baina garrantzitsuena zera da: talde horiek dituzten arazo eta beharrei berariaz erantzuteko eta beraien arazoak ikusarazteko jarduera-esparruak sortzeko asmoz eratu zirela. Gainera, talde horien inguruan estrategia koherentea burutzen laguntzen dute, talde bakoitzari dagokion arloko jarduera-planaren barruan.
Talde horiekin lehentasunez jarduteari eman nahi zaion garrantziak justifikatzen du urteko txostenean bakoitzak bere atala izatea, haien eskubideen gaineko berme-lan garrantzitsu hori balora dadin.
Iragan den urte honetan beste urrats bat egin da talde horien eskubideak ikusarazteko. Horretarako, adingabeei arreta berezia emateko arloa Haur eta Nerabeentzako Bulegoa bihurtu da. Bulego horrek berezko proiekzioa izango du, eta bereizitako tokia urteko txosten honetan, izan ere, txosten orokor honi erantsitako txosten batean bilduko da 2010ean burutu duen jarduera.
Atal honetan, hamaika puntutan bildu dira arreta publikoko taldeez burutu diren jarduerak:
1 . Familiak
2 . Emakumeen berdintasuna eta osotasuna
3 . Ezintasunen bat duten pertsonak
4 . Gaixo kronikoak
5 . Espetxeratuak
6 . Gizartean baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonak
7 . Ijitoak eta beste gutxiengo kultural batzuk
8 . Etorkinak
9 . Lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta transexualak
10 . Adinekoak
11 . Talde terroristen biktimak
1. Familiak
I. Aurrekariak
2010ean Ararteko erakundean familiei arreta emateko lan arlo berria sortzea erabaki dugu. Gure gizartean talde horrek arreta berezia merezi duela uste dugulako hartu dugu erabakia. Familia erreferentziazko oinarria da, euskarri material eta afektiboa banakoak osasunez eta gorputz eta emozio osotasunez garatzeko; azken bermea da gure gizartera, lanaren bidez eta elkarbizitza sisteman erabat sartuz, interes orokorrari ekarpena egiteko prestatutako pertsonek iristen jarraitzeko.
Halaber, ez Estatuak ez inongo herri-erakundek ezin dute ordeztu familiek adingabeei, nagusiei eta, gaixotasuna edo mendekotasuna dela-eta, premia bereziko egoeran dauden pertsonei arreta emateko duten eginkizun kuantitatibo eta kualitatiboa. Hori dela-eta, zalantza barik, familiak herri-botere guztien babes berezia merezi du. Horrela, familiei laguntzeko politika publikoen bulkada eta ahalegina sustatu asmoz, Ararteko erakundeak arreta publikoko esparru horretan ere berariaz lan egin dezala nahi izan dugu.
Jakin badakigu egun familiek zenbait eredu hartzen dituztela eta haiek ezin direla amak, aitak eta seme-alabek osatutako familia eredu tradizionalera mugatu. Beste familia eredu batzuetarako bilakaera gertatu da, hor daude familia gurasobakarrak, homoparentalak, bananduak edo berrosatuak; zuzenbideak gizarte aberastasun hori onartu du eta zenbait kasutan berariazko arreta beharko du familia gisa erabat garatzeko eta pertsonentzako giza euskarri afektibo eta materiala izateko xede nagusia betetzeko behar diren prestazio guztiak berdintasun osoz lortu ahal izatea sustatzeko.
Era berean, garrantzitsua deritzogu, osaketa zabala dela-eta, aurrera egiteko laguntza publiko handiagoaren beharrean egon daitezkeen familientzat, hala nola familia ugarientzat, arreta berezia bultzatzeari. Kide asko biltzen dituzten familiek zailtasun gehigarriei egin behar diete aurre, batez ere ekonomia eta denbora arazoei eta, hortaz, laguntza publiko berezia merezi dute. Herri-erakundeek, zentzu horretan, jabetu behar dute familia ugarien atzean adingabe gehiago daudela –zeinek bakarkako eskubideak baitauzkate eta, horren ondorioz, babesa eta estaldura merezi baitituzte-; beraz, estaldura kuantitatibo hori zenbatu behar da familia horiei laguntzeko ahalegin publikoa legitimatzeko; izan ere, maiz, ahalegin ekonomiko eta ardura handiz, euren adingabeei azkenean gizarte osoaren ongizate komunaren onerako izango den garapenerako laguntza handia ematen diete familiek. Horrek guztiak erabat justifikatzen du, gure aburuz, familia ugariei eman beharreko laguntza berezia.
Bukatzeko, azpimarratu nahi dugu herri-botereek, familiei laguntzeko politiken bidez, familia politika orotan behar den zeharkako ikuspegiko emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatu behar dutela.
Printzipio horiek bultzatzen dute familien arretarako arlo berria. Jarraian 2010ean izandako haren ildo nagusiak azalduko ditugu.
II. Arloa kopurutan
2010ean, Arartekoak arlo honi esleitutako 9 kexa izapidetu ditu, hots, jasotako kexa guztien %0,73. Kexa horiek honako azpiarlotan daude bananduta:
- Familia, lana eta norberaren bizitza bateratzea 5
- Familiei buruzko politika publikoak 2
- Familia bereizkeria 1
- Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura 1
Azpimarratu nahi dugu familiei dagokienez jasotako kexa gehienak lanbidea eta familiako bizitza bateratzeari buruzkoak izan direla. Gainera, kexa askoren gai nagusia lanbidea eta familiako bizitza bateratzea izan arren, erakunde honek funtzio publikoari lotuta daukan lan arloari esleitu zaizkio eta, horren ondorioz, kexa horiek ez dira hemen azalduko ditugun datuetan islatuko. Horregatik guztiagatik, adierazi behar dugu, egun, lanbidea eta familiako bizitza bateratzea, zalantza barik, familien arazo nagusietakoa dela. Ikusiko dugunez, arrazoi horrexegatik heldu behar izan diogu gaiari buruzko hausnarketa sakonagoari. Horixe izan da Arartekoak 2010ean antolatutako udako ikastaroaren helburua. Edonola ere, familiei bereziki eragiten dieten beste kexa batzuk ere jaso ditugu baina, ikuspegi materialari begira, erakunde honetako beste arlo batzuek, hala nola ogasun arloak, izapidetu dituzte. Atal honetako kexa azpimarragarrienei buruzko V. epigrafean haietako batzuei buruz hitz egingo dugu, familien errealitatean duten garrantziagatik.
III. Arau eta gizarte testuingurua
Herri-botereek familiak babesteko duten betebeharraren azken funtsa juridikoa Konstituzioko 39. artikuluan dago. Bestalde, kontuan hartu behar da Euskadiko Autonomia Estatutuak 10-39. artikuluetan, familientzako babesa eskumen esklusiboetan sartzen duela. Izan ere, Estatutuak "komunitatearen aurrerabidea, emakume kondizioaren arazoa, haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politika" gisa definitutako arloetan sartzen den eskumena da. Euskadin, familiei laguntzeko politika publikoen oinarriak finkatzen dituen lege eta arau esparrua, lehenbizi, Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak, ezartzen du. Bertan arlo horretako esku-hartze publikoaren funtsak eta oinarriak xedatzen dira. Halaber, Eusko Jaurlaritzak azken urteotan familientzako laguntzei buruz garatu duen araudia da seme-alabengatik laguntza ekonomikoak eta lanbidea eta bizitzako familia bateratzeko laguntzak arautzeko oinarria. Egun arlo horiek arautzeko indarrean dauden lege esanguratsuenak honakoak dira: 255/2006 Dekretua, abenduaren 19koa, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituena, eta 177/2010 Dekretua, ekainaren 29koa, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa.
Bestalde, gogoan hartu behar da Euskadiko familiei laguntzeko politika publikoen ildoak eta orientabideak familiei laguntzeko erakundeen arteko planetan daudela. Plan horiek Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko I. Planarekin abiatu ziren. Planak 2002 eta 2005 artean iraun zuen indarrean eta familia babesteko sistema unibertsal, oso eta koordinaturako hastapena izan zen. Haren atzean Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko II Plana etorri zen eta 2006 eta 2010 artean egon da indarrean. Haren printzipio nagusia familia aniztasunarekiko begirunea da, eta norberak osatzen duen familia motagatiko bereizkeria oro saihesten ahalegindu da. Duela gutxi erakunde honek plan horren ebaluazio eta diagnostiko prozesuan parte hartu du. Prozesu hori 2010eko azken hiletan burutu du Eusko Jaurlaritzak.
Egun Familiei Laguntzeko Erakundeen arteko III Plana ari da prestatzen. Aurreikusten denez, 2011n onartuko da eta, Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzak dioenez –hark baitauka familiei laguntzeko politika publiko autonomikoak zuzentzeko eta ezartzeko eskumena–, honako xede eta printzipioei jarraituko die –gure aburuz, ondo laburbiltzen dute hurrengo urteetarako, familiei dagokienez, jarduteko programa ildoek behar dutena–:
• familia politika osoarentzako esparrua eta oinarriak ezartzea, familien eta haien kideen ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeari begira.
• autonomia eremuan familien alde indarrean dauden neurriak koherentziaz ordenatuz, laguntza neurri berriak arautuz eta, ondorioz, familia politika zeharkako politika bihurtuz, familiei babesa, arreta eta laguntza ematea.
• harreman mota guztien eta familia mota guztien gizarte legitimatzearen eta onarpenaren alde egitea, guztiei tratu bera bermatuz.
• batez ere, euren gurasoei lotzen dituen edo zituen harreman motagatik haurrei eragin diezaiekeen bereizkeria mota ororen aurka borrokatzea, familietan haur eta nerabeen babesa bermatuz.
• bikoteek nahi dituzten seme-alabak eduki ahal izateko oztopoak pixkanaka ezabatzen edo murrizten laguntzea.
• familia eredua sendatzeko baldintzak sortzea; eredu horretan, nahitaezko betekizuntzat joko dira kide guztien arteko autonomia eta begirunea eta bikotekide bien arteko berdintasuna, biek errealizazio pertsonal eta profesionalerako aukera berberak partekatzeko eta edukitzeko.
• familiako bizitza eta lanbidea bateratzen laguntzea, gizarte eragile guztiak erantzunkidetasun parte hartzaileko prozesuan engaiatuz.
• familiei euren bizi prozesu osoan laguntza eta laguntasuna ematea, egungoa bezalako gizarte konplexuan dituzten eginkizunak errazteko xedez.
• orokorrean familia guztien eta, lehentasunez, ahultasun bereziko egoeran dauden familien, hala nola familia ugarien, familia gurasobakarren, familia homoparentalen, berrosatuen eta genero indarkeriaren edo ekintza terroristen biktima diren familien gizarte bereizkeria prebenitzea.
• gizartea familien eginkizunari buruz sentsibilizatzea.
IV. Jarduera-plana
2010. urterako egindako jarduketa planaren esparruan, arloan burututako jarduketa nagusiak aipatuko ditugu, jarraian emango ditugun epigrafeen arabera. Arlo honetan burututako jarduketa aipagarrienen aipua dela-eta, 2010an Arartekoak familientzako arretari dagokionez izan dituen arreta gune nagusiak azpimarratuko ditugu:
IV.1. Bilerak elkarteekin
Erakundean lan arlo hau 2010 honetan sortu denez gero, oraindik ez diogu heldu familientzako arreta eremuan lan egiten duten elkarteekiko harremana antolatzeari. 2011z gero hasiko gara harreman hori sistematikoki sortzen. Hala ere, Hirukide Euskadiko familia ugarien elkartearekin kontaktua egin dugula aipatu behar dugu. Arartekoa bera bildu da behin haiekin. Bilera horretan, elkartea bere lan ildo nagusiak eta herri-administrazioei egindako eskaera nagusiak ezagutarazi dizkigu. Erakunde honek haiek denak bildu ditu ezagutarazi ahal izateko. Era berean, hitzartu dugunez, elkarteak etorkizunean euskal herri-administrazioen funtzionamendu desegokiari dagokionez edo familia ugarientzako prestazio nahikorik edo batere ez egoteagatik atzematen dituzten kexa guztiak helaraziko dizkigu, erakunde honek, bere lanez, eremu honetan agertutako arazoak konpontzen lagundu ahal izateko xedez.
IV.2. Bilerak administrazio eta erakundeekin
• Bilera Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzarekin
2010eko urrian Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzarekin bildu gara. Bilera horren helburua erakunde biok eremu horretan egindako lanari buruzko informazioa trukatzea eta erakundean arlo horretan jasotako zenbait kexari lotutako kontu batzuei buruz egiten dugun balorazioa alderatzea izan da. Bileran, zuzendaritzak familiei dagokienez Eusko Jaurlaritzak burutzen duen lanaren eduki nagusia eta, Familiei Laguntzeko III. Planaren prestaketaren esparruan, lantzen ari diren ildo estrategikoak ezagutarazi zizkigun.
Ararteko erakundean jasotako kexei buruz landutako gaiei dagokienez, honako gaiei egon ziren lotuta:
- Langile autonomoek lanbidea eta familiako bizitza bateratzea: Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzari jakinarazi genion langile mota horrentzako laguntza ekonomikoari ere heldu behar zaiola, egun laguntzei eta bateratzeari buruz indarrean dagoen araudian ez baitute estaldurarik.
- Familia ugariak eta seme-alabengatiko laguntzak: familia horientzako laguntza ekonomikoa gehiago bultzatzeko beharrari heldu genion; horretarako laguntza zuzenak ez ezik, zerga tresnak gehiago darabiltzaten neurriak baliatu behar dira. Horri begira, Jaurlaritzak arloan eskumena duten erakundeak koordinatzea eskatu genuen.
- Seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoak arautzen duen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuko laguntzak eskatzeko epeengatik agertutako arazoak: gure inguruko beste herri batzuetan gertatzen den bezala, dekretu horretan jasotako seme-alabengatiko laguntzak aktibatzeko, eskabidea epe preklusiboetan egin beharrik gabe, tresna automatikoak ezartzea komeni dela adierazi genuen.
- Familia gurasobakarrak eta babes berezia: kategoria horretan sartu behar diren kasuak erabakitzeari eta seme-alaba bi dauzkaten familia gurasobakarrak, estatuko legedi jakin batean xedatzen den bezala, familia ugariekin parekatzeari buruzko kontuei heldu genien.
- Bateratzeko arazoak kooperatibetan: gai honi dagokionez dagoen lege hutsunearen arazoa eta kooperatiba batzuetan langile bazkideek lanbidea eta familiako bizitza bateratzeari dagozkion lan eskubideak onartuak izateko erakunde honi salatutako zailtasunak agertu genituen; hori dela-eta, pentsatu genuen komenigarria dela Eusko Jaurlaritzak arlo horri buruzko lege ekimenen bat bultzatu beharra aztertzea.
- Adingabeak eta genero indarkeria: zuzendaritzari agertu genionez, etorkizun gertuan genero indarkeria dagoen familietako adingabeen egoerari berariaz heldu behar zaio.
- Arartekoaren familia homoparentalei buruzko gomendio orokorra: zuzendaritzari iragarri genionez, asmoa daukagu administrazio guztietan inprimakiak familia eredu berri horiei egokitu beharrari buruzko eta lagundutako ugalketako klinikei emakume bikotekideek euren seme-alabak erregistro zibilean erregistratzeko duten legezko egoera anbiguoaren berri emateko komenigarritasunari buruzko gomendio orokorra emateko (azkenari buruz atal honetako IV.3 epigrafean hitz egingo dugu).
Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzak gogoan hartu zituen gure planteamenduak, baina ez zuen neurri berririk zehaztu. Adostu genuenez, aurrerantzean harreman arina edukiko dugu eta erakunde biotako baten ardura izan daitekeen albiste ororen berri emango diogu elkarri.
IV.3. Gomendio orokor berrien aipamena
Erakunde honetako beste lan arlo batzuetan eman badira ere, gure ustez egokia da atal honetan Arartekoak 2010ean emandako hiru gomendio orokor aipatzea, familientzako arreta arloa zuzenean ukitzen dutelako:
• Familia homoparentalei oztopoak kentzea
Aurten Arartekoaren abenduaren 23ko 4/2010 Gomendio orokorra, Familia homoparentalei eta sexu bereko bikote eta ezkontideei oztopo formalak kentzeari buruzkoa eman dugu; bertan, gai biri heldu diegu:
Alde batetik, zenbait oztopo administratibo formal kendu beharra; izan ere, sumatu dugunez, familia homoparentalentzat eta bikotekide eta ezkontide homosexualentzat oraindik baitiraute halakoek. Batez ere errealitate sozial eta juridiko berrira egokitu ez diten ereduetan oinarritutako inprimakiak betetzeari dagozkio. Hori dela-eta, euskal herri-administrazio guztiak deitzen ditugu izatezko bikote eta ezkontide homosexualei eta seme-alabak dauzkaten familia homoparentalei eragiten dieten inprimakiak edo beste edozein agiri formalki egokitzera, bikote, ezkontide edo familia horien errealitate pertsonalari berdintasunean erabateko lekua egingo dien formula sartuz. Halaber, euskal herri-administrazioei eskatzen diegu edozein zentro edo erakunderi jokabide bera eskatzeko, haien eskumeneko zerbitzu edo prestazioak kudeatzen badituzte edo jarduera baimendu behar badiete.
Bestalde, sumatu dugunez, emakumezko ezkontideek arazoak dauzkate lagundutako ugalketagatik legezko seme-alabatasuna ama biologikoaren emaztearen alde erabakitzeko. Arazoak seme-alaba Erregistro Zibilean inskribatzeko unean agertzen dira, gaia arautzeko anbiguotasunak eraginda. Anbiguotasun hori dela-eta, kasu batzuetan gerta daiteke emakume bien arteko ezkontzaren baitan teknika horien bidez jaiotako seme-alaben ama ez biologikoei amatasun hori legez ez onartzea, adopzio prozesura joz ez bada. Prozesu horri seme-alaba jaio ondoren ekin behar zaio eta denbora batere premiarik gabe luzatzen du ama ez biologikoari dagokion seme-alabatasuna legez onartzea. Pentsatu dugu Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazio nagusiak lege informazioa heda dezakeela, halako kasuetan, adopzio prozesura jo beharra saihestu ahal izateko. Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzari gomendatu diogu lagundutako ugalketako teknikak burutzen dituzten osasun zentroetan informazio hori zabal dezala. Izan ere, batez ere halako tekniken bidez elkarrekin seme-alaba izan nahi duten ezkontide lesbianei eragiten die eta, beraz, osasun zentroek emakumeei jakinarazi behar liekete, jaiotzeko unean amatasuna adopzio prozesura jo gabe ezartzeko, erditu aurretik, ama biologikoaren ezkontideak Erregistro Zibilean bertaratu behar lukeela Erregistro Zibileko epaile arduradunaren aurrean formalki adierazteko jaio berriaren seme-alabatasuna onartzeko bere nahia.
• Lanbidea eta familiako bizitza bateratzea
2010ean Arartekoaren 5/2010 Gomendio orokorra, abenduaren 28koa, familia, lana eta norberaren bizitza bateratzeko neurri gisa lanaldia murrizteko eta egokitzeko edo aldatzeko eskabideak bideratzeari buruzkoa eman dugu. Bertan gogorarazi dugunez, gure Erkidegoko esparruan, egiteke dago Euskal Funtzio Publikoaren Legearen balizko aldaketa. Gure aburuz, hura aukera handia izan daiteke Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren garapenean eratzeko dauzkagun tarteak baliatzeko, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunaren ikuspegitik bateratzerako behar diren betekizunak biltzen baititu. Gure erakundetik araudia zentzu horretan aldatzea edo egokitzea sustatzera deitu nahi dugu; izan ere, tamaina horretako ekimenak bidea emango luke familia eta lana bateratzen laguntzea bilatzen duten holako neurriei lege estaldura emateko eta, aldi berean, alferreko interpretazio zalantzak saihestu eta Eusko Legebiltzarraren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 2ko 4/2005 Legearen agindua argi babestu eta osatuko luke, herri-administrazioetako langileen lan baldintzei buruzko arauetan, emakumeen eta gizonen familia, lana eta norberaren bizitza bateratzea errazteari begira, lan denbora malgutu eta berrantolatzeko neurriak sar litezen.
• Gurasoen erantzukizun partekatua bikote bananduetan
Bukatzeko, 2010ean Arartekoaren 1/2010 Gomendio orokorra, urriaren 15ekoa, banandutako bikoteetako erantzukizun partekatuari buruzkoa ere eman dugu. Bertan, herri-botereei eskatu diegu, zeinek bere eskumenen neurrian, behar diren lege aldaketak premiatu ditzatela, banantze eta dibortzio kasuetan, aukerarik desiragarriena seme-alaba komunen zaintza guraso bien ardura izatea izan dadin, gurasoen erantzukizun partekatuko araubidean, lehentasunez adingabeen interesa babestuz betiere. Azpimarratu nahi dugu arlo horretan emakumeen eta gizonen berdintasuna ez dela lortuko oraingo automatismo judiziala bukarazten ez bada, seme-alaben zaintza mekanikoki amei (ama biologikoei bikotekide lesbianen kasuan) ematen baitie; beraz, erakunde honetan defendatzen dugun jarrera genero ikuspegi zorrotzari lotzen zaio. Edonola ere, berriz adierazi nahi dugu oso garrantzitsua dela holako gaietan adingabearen interesa gailentzea beti gurasoetako edozeinen interesaren gainetik.
IV.4. Arlotik bultzatutako ofiziozko jarduketak
Familia homoparentalei buruzko gomendio orokorrari dagokionez, ofiziozko jarduketa bati ekin diogu, Espainiako Herriaren Defentsariaren aurrean -hari buruz xeheago hitz egin dugu LGBT pertsonentzako arretari buruzko kapitulu honexetako atalean -; haren bidez, egungo erregistroko jarduketak berrikustea bultza dezala eskatu diogu erakunde horri, lagundutako ugalketa teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legeko 7. artikuluan gai honek daukan legezko eraketaren anbiguotasuna dela-eta, ez direlako bateratuak eta, gure iritziz, zenbait kasutan emakumezko bi diren ezkontideentzat bereizkeria egoerak sortzeko bidea ematen dutelako: hori dela-eta, gure ustez konstituzio mailako arazo baten aurrean gaude, eta erakunde eskudunek konpondu behar dute.
IV.5. Arlo horretan giza eskubideak bultzatzeko foro, jardunaldi eta jarduketetako parte hartzea
• Arloan eskubideak bultzatzeko jarduketak: 2010eko udako ikastaroa
Arestian adierazi dugunez, 2010 honetan Arartekoak urtero antolatzen duen udako ikastaroa lanbidea eta familiako bizitza bateratzeari buruzkoa izan da. Ikasturteak "Lana, familia eta norberaren bizitza bateragarri egiten laguntzeko politika publikoak berriz aztertzeko bidean" izan zuen izena; unibertsitate eremutik iritsitako adituak, gaiari buruzko profesional adituak eta familiei laguntzeko politikaren arloan lan egiten duten pertsonak bildu zituen eta 2010eko uztailaren 9an izan zen, Donostiako Miramar jauregian. Txosten honetako VIII.2 kapituluan xeheago hitz egin dugu programari eta haren edukiari buruz.
Edonola ere, hemen azpimarratu nahi dugu gure udako ikastarorako gai hori hautatzeko arrazoia honakoa izan zela: gure ustez, Arartekoa bezalako erakunde batek gai izan behar du gizarte eskaera gero eta handiagoari ahotsa emateko; ahots horiek konponbideak eskatzen dituzte egunerokotasunaren errealitate zailarentzat, eta errealitate horren ezaugarrietako bat lan produktiboa eta norberarentzako eta beste pertsonentzako arreta eta zaintza bateragarri bihurtzeko egin beharreko ahalegin handia da. Haiek bateragarri egitea askotan zaila da eta, ez gutxitan, ezinezkoa pertsona askorentzat, batez ere emakumeentzat. Udako ikastaroan agerian utzi zen batez ere herritar talderik ahulenek ere, hala nola haurrek, edo mendekotasun egoeran dauden pertsonek, edo gaixotasuna edo minusbaliotasuna pairatzen duten pertsonek, baita adinekoek ere, maiz haiek ordezten baitute langileek nekez bete dezaketen arreta eta zaintzako eginkizun hori, nozitzen dituztela bere premia guztiak bateratzeko prestatuta ez dagoen gizartearen ondorioak.
Hortaz, Ararteko erakundetik, udako ikastaro horren bidez, eztabaida sustatu beharra azpimarratu nahi izan dugu, egungo egoera aldatzeko abiarazi behar liratekeen tresna guztiak mahai gainean jartzeko.
• Parte hartzea foro eta jardunaldietan
Azpimarratu nahi dugu arartekoak, 2010eko azaroan, Azkoitiko Forumak antolatutako lana eta familia bateratzeari buruzko jardunaldietan parte hartu zuela, "Posible da bateratzea gure gizarte ereduan?" izeneko hitzaldia emanez. Azkoitiko Udalaren ekimena izan zen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoa Aurrerra-ren laguntza izan zuen.
V. Kexarik aipagarrienak
V.1. Lanbidea eta familiako bizitza bateratzea
Atal honen hasieran aipatu dugunez, lanbidea eta familiako bizitza bateratzea gai nagusietako bat da familiei buruz jaso ditugun kexetan. Gai horri lotutako kexek honakoak ukitzen dituzte: bateratzearentzako laguntza ekonomikoen eremua; herri-administrazioek adingabe, adineko eta mendeko pertsonei arreta eta zaintza emateko eskaintzen dituzten zerbitzu publikoen eremua; eta funtzio publikoaren eremua. Azken horri dagokionez, langile publikoek bultzatutako kexak iristen dira eta haietan euren lan harremanetako bateratzeari lotutako eskubideak galdegiten dituzte. Jarraian, jasotako kexetan agertu diren konturik esanguratsuenetako batzuk azpimarratuko ditugu.
• Bateratzerako laguntza ekonomikoak
Bateratzeari bideratutako laguntza ekonomikoei buruzko kexei dagokienez, kontu batzuk behin eta berriz salatzen dira erakunde honen aurrean, hala nola langile autonomoentzat laguntzarik ez egotea eta familia gurasobakarrek behar beste babesik ez edukitzea. Arazo horiek Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzari helarazi dizkiogu. Maiz errepikatu diren beste salaketa batzuk 2009an Eusko Legebiltzarrarentzat egindako urteko txostenean adierazi genituen, besteak beste, partekatutako zaintza kasuetan laguntzarik ezin jasotzea eta emakumeentzako eta gizonentzako laguntzen arteko desberdintasuna; haiei buruz hitz egin dugu 2009an Eusko Legebiltzarrarentzat egindako txosteneko emakumeen berdintasunari eta osotasunari buruzko atalean (247. orrialdea), araudi biak 2010eko ekaina arte egon dira indarrean. Arazo horiek biak lana eta familia bateratzeko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 77/2010 Dekretu berrian gaiari emandako arauketa berriak konpondu ditu. Halaber, lege horretan mendekotasuneko egoeran dauden senideentzako laguntzei buruzko arauketa ere aldatu da; horren arabera, egun, pertsona horiek eguneko egoitza batera doazenean ere, senideak zaintzeko lanaldi murrizketagatiko laguntzei hel dakieke, hura eguneko egoitzara joan arren. Eusko Legebiltzarrarentzako 2009ko txosteneko gizarte ekintza arloari buruzko atalean ere hitz egin genuen azken arazo horretaz (51. orrialdean). Kasu horietan guztietan, atseginez ikusi dugunez, bateratzerako laguntzak arautzen dituen dekretu berriak erakunde honek defendatutako tesiak egin ditu bere.
• Lanaldi murrizketak eta funtzio publikoan lanaldi araubidean aldaketak eskatzea seme-alaba adingabeak zaintzeko
Zenbait herri-administraziotako langileek behin eta berriz agertu digute bateratzeko eskubidearen irismenari buruzko arazoa, bateratzea gauzatu ahal izateko, ohiko lanaldi edo egutegi araubidea aldatzen duen lanaldi murrizketako ordutegia edo egutegia ezarri ahal izateko egindako eskabideei dagokienez. Halako kasuetan, emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoari dagokionez, ez dago xedapenak gauzatzeko modua argitzen duen berariazko legezko xedapenik. Kexa horiek modu bateratuan ebatzi ahal izateko, Arartekoaren 5/2010 Gomendio orokorra, abenduaren 28koa, familia, lana eta norberaren bizitza bateratzeko neurri gisa lanaldia murrizteko eta egokitzeko edo aldatzeko eskabideak bideratzeari buruzkoa ematea erabaki dugu (hari buruz atal honetan bertan, IV.3 epigrafean, hitz egingo dugu xeheago); bertan agerian utzi dugu arazo honek Konstituzioko 14. artikuluari lotutako konstituzio dimentsioa daukala.
V.2. Familia gurasobakarrak udal kiroldegiak ordaintzeko tarifetan aintzat ez hartzea
Azken urteotan tokiko erakundeek, udal kirol instalazioen erabiltzaileak diren kideak dituzten familiei lagundu asmoz, familia ordainketak sortu dituzte, ekipamendu horiek erabili ahal izatea merkeagoa gerta dakien. Ikusi dugunez, ordea, tarifa horiek jasotzen dituzten beherapenek ez dakarte onurarik familia eredu guztientzat, kide kopuru jakin bat duten familientzat baino ez baitira eskuragarriak; hori dela-eta, familia gurasobakarrentzat beherapen horrek ez dakar onurarik. Arazoa udal bateko kiroldegiaren erabiltzaile batek utzi zuen agerian. Gure esku-hartzean, familientzako hobarietan familia bateko kide guztiak, guztira kiroldegiaren erabiltzaile bi baino ez badira ere, udal kiroldegiaren erabiltzaileak diren kasua ere jasotzea komeni dela defendatu genuen. Zentzu horretan, eta tokiko erakundeek udal kiroldegien erabiltzaileei ordaintzea dagokien tarifak finkatzeko duten ahalmena kaltetu gabe, hobaridun tarifak ezartzerakoan, ardurapean seme-alaba bakarra duten familia gurasobakarrentzat ere hobaridun tarifa horri heltzea interesgarria izateko, beste parametro batzuetan oinarritzea komeni dela adierazi genuen. Horri dagokionez, gaztigatu genuen familia gurasobakarrak ahultasuneko egoera berezian daudela eta Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak babes berezia onartzen diela. Zegokion udala, udal kiroldegiaren tarifen asmo ona defendatu arren, 2011rako kiroldegiaren tarifak berrikusteko prozesuaren esparruan erakunde honek egindako proposamenari heltzearen alde agertu zen.
V.3. Familia ugariak eta OHZ
Egun familia ugariek ez daukate hobari askorik; haien artean, azpimarratu behar dugu Ondasun Higiezinen gaineko Zerga arautzen duten hiru foru arauek, antzeko modu oso lasaian, ahalmena ematen dietela euren lurralde historikoko tokiko erakundeei, OHZ arautzeko ordenantzen bidez, familia ugarietako kide diren subjektu pasiboen alde zerga horren kuotaren %90 arteko hobariak ezarri ahal izateko. Horren arabera, udalaren zerga ordenantzaren bidez, ondasun higiezinen mota eta ezaugarriak, hobariaren iraupena, haren urteko zenbatekoa eta hobariaren gainerako alderdi substantibo eta formalak, beste zerga hobariekiko bateragarritasunerako baldintzak barne, zehaztuko dira. Hola, tokiko erakundeek, dagokion foru arauak ezarritako zergaren kuotaren %90eko mugaren barruan, familia ugariei zenbait hobari onartzen dizkiete zerga horren barruan. Eskubidea onartutakoan, hura eragin duten inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean hobariari eustea da ohikoena. Tokiko erakunde askok, ordea, euren zerga ordenantzetan, aplikatzeko modu zailagoak sartu dituzte, tokiko erakundeari hobaria urtero eskatzeko eskatzen baitiete familiei, familiaren osaketan hobaria onartzeko baldintzei eragiten dien aldaketarik gertatu ez dela egiaztatzeko bide gisa. Gure ustez, familientzat hura izapidetzea errazagoa eta ez hain nekeza izateko, halako hobariak onartzeko lege automatismoko tresnak lehenetsi behar dira, hobaria jasotzeko betekizunak betetzen direla ziurtatzeko, familien inguruabarretan egondako edozein aldaketaren berri emateko betebeharra ezarriz.
VI. Ondorioak
Arlo honetan 2010ean egindako lanaren aipagarriena honakoa izan da:
• Antzemandako arazo nagusiak:
Lehenbizi, adierazi nahi dugu Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzari zenbait kontu helarazi dizkiogula, gure ustez laster familiei laguntzeko jarduketa publikoek haiek lehenetsi behar dituztelako:
- Lanbidea eta familiako bizitza bateratzea langile autonomoentzat: gure ustez beharrezkoa da langile mota horrentzako laguntza ekonomikoari ere heltzea, egun indarrean dagoen legedian ez baitute bateratzerako laguntzari lotutako estaldurarik.
- Familia ugariak eta seme-alabengatiko laguntzak: uste dugu familia horientzako laguntza ekonomikoa gehiago bultzatu behar dela; horretarako laguntza zuzenak ez ezik, zerga tresnak gehiago darabiltzaten neurriak baliatu behar dira. Horri begira, Jaurlaritzak arloan eskumena duten erakundeak koordinatzea eskatzen dugu.
- Seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoak arautzen duen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuko laguntzak eskatzeko epeengatik agertutako arazoak: gure inguruko beste herri batzuetan gertatzen den bezala, dekretu horretan jasotako seme-alabengatiko laguntzak aktibatzeko, eskabidea epe preklusiboetan egin beharrik gabe, tresna automatikoak ezartzea komeni dela uste dugu.
- Guraso bakarreko familiak eta babes berezia: gure ustez komenigarria da neurriak abiaraztea seme-alabak dauzkaten familia gurasobakarrak familia ugariekin egiatan parekatzeko, estatuko legedian xedatzen den bezala.
- Bateratzeko arazoak kooperatibetan: gai honetan dagoen lege hutsunearen arazoa konpondu behar da, zenbait kooperatibatako langile bazkideek lanbidea eta familiako bizitza bateratzeari dagokionez euren lan eskubideak onartuak izateko dauzkaten zailtasunei aurre egiteko.
- Adingabeak eta genero indarkeria: gure ustez genero indarkeria dagoen familien baitako adingabeen egoerari berariaz heldu behar zaio.
• Familientzako arretaren arloari eragiten dioten gomendio orokorrak:
Bestalde, 2010 honetan familiak zuzenean ukitzen dituzten hiru gomendio orokor eman ditugu:
Arartekoaren 4/2010 Gomendio orokorra, abenduaren 23koa, familia homoparentalei eta sexu bereko bikote eta ezkontideei oztopo formalak kentzeari buruzkoa; bertan, familia gurasobakarrei eta bikotekide eta ezkontide homosexualei dagokienez, sumatu dugunez oraindik dirauten zenbait administrazio oztopo formalak desagerraraztea gomendatzen zaie euskal administrazio guztiei; batez ere gizarte eta lege errealitate berrira egokitu ez diren ereduetan oinarritutako inprimakiak betetzeari dagozkio. Halaber, Eusko Jaurlaritzari gomendatu diogu lagundutako ugalketako teknikak burutzen dituzten osasun zentroetan legeari buruzko argibide batzuk zabal ditzala. Argibide horiek batez ere halako tekniken bidez elkarrekin seme-alaba izan nahi duten ezkontide lesbianei eragiten diete eta, beraz, osasun zentroek emakume horiei jakinarazi behar liekete zer neurri behar diren, adopzio prozesura jo gabe, jaiotzerakoan ama biologikoaren emaztearen amatasuna legez ezartzeko.
Arartekoaren 5/2010 Gomendio orokorra, abenduaren 28koa, familia, lana eta norberaren bizitza bateratzeko neurri gisa lanaldia murrizteko eta egokitzeko edo aldatzeko eskabideak bideratzeari buruzkoa. Gomendio horren bidez, –Eusko Legebiltzarraren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 2ko 4/2005 Legearen agindua betez, herri-administrazioetako langileen lan baldintzak arautzeko legeek lan denbora malgutzeko eta berrantolatzeko neurriak jaso ditzaten– dei egin nahi dugu funtzio publikoari buruzko araudiaren aldaketa edo egokitzapena bultza dadin, lanbidea eta familiako bizitza bateratzea erraztea bilatzen duten neurriei lege estaldura nahikoa emateko, eta hola egun zenbait kasutan agertzen diren interpretazioari buruzko zalantzak argitzeko.
Arartekoaren 1/2010 Gomendio orokorra, urriaren 15ekoa, banandutako bikoteetako erantzukizun partekatuari buruzkoa. Bertan, herri-botereei eskatu diegu, zeinek bere eskumenen neurrian, behar diren lege aldaketak premiatu ditzatela, banantze eta dibortzio kasuetan, aukerarik desiragarriena seme-alaba komunen zaintza guraso bien ardura izatea izan dadin, gurasoen erantzukizun partekatuko araubidean, lehentasunez adingabeen interesa babestuz betiere. Azpimarratu nahi genuke, erakunde honek defendatzen duen jarrera familientzako tratamenduan emakumeen eta gizonen berdintasuna aintzat hartu beharretik sortzen dela. Arlo honetan hori ez da lortuko oraingo automatismo judiziala bukarazten ez bada, seme-alaben zaintza mekanikoki amei ematen baitie, horrek dakarren egitate biologikoagatik.
• Arartekoaren lanbidea eta familiako bizitza bateratzeari buruzko udako ikastaroa:
Arartekoak 2010eko uztailean antolatutako udako ikastaroa lanbidea eta familiako bizitza bateratzeari buruzkoa izan da, gure ustez gizarteak gero eta gehiago eskatzen dituelako pertsona askori lana eta familiarentzako arreta bateratzeak dakarzkien zailtasunetan laguntzeko neurriak. Ikasturteak "Lana, familia eta norberaren bizitza bateragarri egiten laguntzeko politika publikoak berriz aztertzeko bidean" izan zuen izena eta unibertsitate eremutik iritsitako adituak, gaiari buruzko profesional adituak eta familiei laguntzeko politikaren arloan lan egiten duten pertsonak bildu zituen.
• Kexarik aipagarrienak:
Erakundearen arlo horri lotuta jasotako kexen artean, lanbidea eta familiako bizitza bateratzeari buruzkoak azpimarratu nahi izan ditugu, bai horretarako laguntza ekonomikoengatik sortzen diren arazoei dagokienez, bai langile publikoen lan eskubideen irismenari lotutakoei dagokienez. Beste kexa batzuk ere esanguratsuak dira; besteak beste, udal kiroldegiak erabili ahal izateko familientzat sortzen diren hobari ekonomikoetan familia gurasobakarren egoera ere aintzat hartu behar dela, eta zenbait udalek familia ugariei Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) ordaintzeko onartzen dizkieten zerga hobariak gutxieneko automatismo batez sortu ahal izatea komeni dela, familia horiek onuradunak izateko eskabideak urtero betetzea eskatzen duten betekizun formalak ezartzeak haien eraginkortasuna murriztu ez dezan.
2. Emakumeen berdintasuna eta osotasuna
I. Aurrekariak
Konstituzioko 14. artikuluak berdintasunaren eta sexuaren ziozko diskriminaziorik ezaren printzipioa ezartzen du. Konstituzio-arau bereko 9.2 artikuluak, berriz, bene-benetako berdintasun gisa ulertzen du hori, eta formalki aldarrikatutako berdintasun xede hori betetzea galarazten duten oztopoak kentzera behartzen ditu botere publikoak. Arartekoak pertsonen eskubideak aldezteko dituen egitekoen artean dago emakumeen eta gizonen berdintasuna aldeztea. Horretarako, euskal botere publikoei eskatzen die har ditzatela beharrezko neurriak berdintasun hori bene-benetakoa izan dadin. Erakunde hau emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egiten ari den lanean ikusten dugu oraindik ere gure gizarteko eremu askotan desberdintasuna dela nagusi, nahiz eta orokortu egin den sexuaren ziozko berdintasun-printzipioaren aintzatespen formala.
Gainera, gure gizartean gaur egun oraindik ere emakume askok jasaten dute pertsonen eskubideen zapalkuntza handiena, indarkeria matxistaren ondoriozkoa alegia, emakumeen biziaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurka baitoa. Erakunde honentzat, kezka nagusia da hori, eta, ondorioz, arlo honetan egiten dugun lanaren zati handi bat hartzen du. Hala, gure eginkizunen barruan, zalantzarik gabe, erabateko lehentasuna dute indarkeria matxista erauzteko borrokak eta ahaleginak.
Arartekoari legez egotzitako eskumenen esparruan, batez ere gure eginkizun nagusia da euskal administrazio publikoak kontrolatzea, berdintasunerako eskubidea eta sexuaren ziozko bereizkeriarik ez jasateko eskubidea zapal ez daitezen. Nolanahi ere, gero eta garrantzi handiagoa hatzen ari da administrazio horiei exijitzea abiaraz ditzatela benetako berdintasuna lortzeko ekintza espezifikoak, lehen aipaturiko Konstituzioko aurreikuspenak garatuz gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako lege berrietan ezarri diren parametroekin bat etorriz.
Bestalde, administrazio publikoen jarduna zorrotz kontrolatzeaz harago, arlo honen jardueraren xede da, gero eta gehiago, emakumeentzat eta gizonentzat benetan berdintasunezkoa eta bidezkoa izango den gizarte bat sustatzea eta bultzatzea. Gure sustapen-jarduketen bidez, honako hau lortu nahi dugu: instantzia publiko eta sozial guztiek egin dezatela emakumeen gizarte-protagonismoaren eta erabateko herritartasun aktiboaren alde, bazterrera utzita oraindik ere emakumeak gizonen aldean gutxiesten dituzten inertzia kultural eta sozialak.
Hainbat esparru eta arlotan sortzen dira emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloari eragiten dioten gaiak. Beraz, beharrezkoa da, gure jarduketa guztietan genero-ikuspuntua kontuan hartzea. Atal honetan azalduko ditugun jarduerak zeharkako ikuspegi horren emaitza dira, bai eta gai jakin batzuetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan jorratzen ditugun ekintza espezifikoena ere; hala ofiziozko jarraipena egiten dugun auzietan nola bultzatzen edo sustatzen ditugun auzietan eta herritarren kexen bidez sortzen direnetan.
Arlo honetako lana hiru ardatz hauen inguruan eratu da, hirurak ere funtsezko helburuak erakunde honentzat: emakumeen aurkako indarkeria erauztea, sexuaren ziozko bereizkeria desagerraraztea eta gizarte-eremu guztietan lortzea bene-benetako berdintasuna.
II. Arloa kopurutan
2010. urtean, arlo honi esleitutako 12 kexa izapidetu ditu Arartekoak, hau da, jasotako kexa guztien %0,97. Kexa horiek azpiarlotan banatzen dira, era honetara:
EMAKUMEEN BERDINTASUNA ETA OSOTASUNA | 12 |
Emakumeen aurkako indarkeria matxista | 6 |
Emakumeen aurkako bereizkeria | 5 |
Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa | 1 |
Ikus daitekeen bezala, emakumeen berdintasunerako eta osotasunerako arloa ez da nabarmentzen, beste arlo batzuekin konparatuz gero, herritarrek kexa asko jarri dituztelako. Gure iritziz, horrek erakusten du herritarrak ados samar daudela administrazio publikoek esku hartzen duten auzietan sexuaren ziozko bereizkeriarik ezaren printzipioa betetzeari dagokionez egin ohi duten kudeaketarekin. Egia da hori har daitekeela administrazio-jarduketak berdintasun formalaren printzipioari dagokionez oro har zuzenak direla erakusten duen adierazletzat, baina beharrezkoa da, orobat, agerian jartzea gaur egun emakumeentzat bene-benetako berdintasuna lortzea dela administrazio publikoek aurre egin beharreko erronkarik handiena. Horrek berekin dakar helburu hori lortzeko neurri espezifikoak martxan jartzea, eta, kasu askotan, ekintza positiboko neurriak ezartzea. Beraz, erakunde publikoek landu beharreko lan-arloa askoz ere konplexuagoa da, eta, askotan, modu sotilagoan heldu behar izaten zaio; halakoak ez egitea edo agertzea ez da hain nabarmena herritarrentzat administrazioaren kontrako salaketak aurkezteko orduan. Halako kasuetan, zailagoa da betebeharrak ez direla bete egoztea. Horren ondorioz, Arartekoak, pertsonen eskubideak aldezten dituen erakunde gisa, horretaz jabetu behar du, eta arreta berezia jarri errealitate horri. Jabetze horren emaitza dira emakumeen berdintasunerako eta osotasunerako arloak egindako jarduketetako asko. Ez dira soilik herritarren eskabideei emandako erantzunak, baizik eta ofiziozko jarduketen edo eskubideen sustapenaren lan-esparruan egindako jarduketak dira. Beraz, ez dira jasota geratzen herritarren kexei buruzko datuetan.
Bestalde, aurten jasotako kexen artean, emakumeen aurkako indarkeria matxistarekin loturikoak nabarmentzen dira proportzioan. Guztira 6 izan dira, arloan jasotako kexa guztien erdiak. Datu hori esanguratsua da erakunde honentzat; izan ere, aurreko urteetako datuez oso bestelakoa da, arlo honen gaineko kexarik ez baitzegoen ia bat ere. Aurrerago emango dugu indarkeria matxistaren inguruan planteatu diren gai nagusien berri, baina aurreratu dezakegu kasu guztietan kexak indarkeria matxista pairatu duten emakumeek aurkeztu dituztela eta ez daudela ados laguntza emateko eskumena duten administrazio publikoek emandako erantzunarekin.
Azkenik, nabarmendu nahi dugu batez ere emakumeei eragiten dieten kexa batzuk ez zaizkiola arlo honi atxiki; izan ere, berez beste arlo batzuetan kokatzen dira, eta, beraz, ez dira jasotzen lehen aipaturiko kopuruetan. Alabaina, horrek ez du ezkutatu behar kexa horietan planteatutako gaiek emakumeen egoerarako duten garrantzia; izan ere, kasu askotan agerian jartzen dute emakumeek oraindik ere bazterketa estrukturala pairatzen dutela. Horixe gertatzen da, esate baterako, familiei laguntzeko arloari atxikitako kexa askorekin, batez ere lana eta familia bateratzeari dagokionez, bai eta funtzio publikoaren, gizarte-ekintzaren edo adinekoen arloei atxikitako kexekin ere. Sistematika arrazoiengatik, arlo horiei dagozkien epigrafeetan azalduko dugu zenbaterainoko irismena izan duten –hor esandakoari gagozkio–; dena dela, saiatuko gara behar bezala nabarmentzen planteatzen diren auziek emakumeentzat izan dezaketen garrantzi berezia.
III. Araudia eta gizarte-testuingurua
2010. urtean ez da nabarmentzeko moduko lege-erreformarik egin emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eremuan. Horrek ez du esan nahi erabat garatzen eta aplikatzen direnik Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko berdintasunari buruzko legeetan jasotako aurreikuspenak.
• Hala, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Eusko Legebiltzarraren otsailaren 18ko 4/2005 Legeari dagokionez, zer garatu asko dago oraindik, eta beste batzuk oraindik ez dira bakean aplikatzen. Batez ere atentzioa eman digutenen artean, honako hauek nabarmendu behar ditugu:
- Publizitatea kontrolatzeko organoa: Beste urte batez, ikusten dugu oraindik ez dela guztiz garatu aipaturiko legeko 27. artikuluan ezarritakoa, hau da, ez dela sortu publizitatea kontrolatuko duen eta komunikabideek igorritako edukien kode etikoak bermatuko dituen organo bat. Begira organoa behin-behinekoa da oraindik ere, Emakundek jakinarazi digunez, harik eta komunikabideek ematen dituzten publizitate-edukiei buruzko kode etikoak lantzeko prozesua amaitzen den arte. Nolanahi ere, adierazi digute horretarako funtsezkoa dela ETIBko Berdintasunerako Plana amaitzea. Horrekin, ezarrita geratuko da organo horren eginkizunak erabat garatzeko oinarrien zati handi bat.
- Genero-indarkeria jasaten duten emakumeen harrerarako baliabideak: horiek araututa daude irailaren 11ko 148/2007 Dekretuan, etxeko eremuan tratu txarren biktima diren emakumeen harrerarako baliabideak arautzekoan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak (Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza) egindako 2009. urteko egoerari buruzko txostenean, "EAEn genero indarkeriaren biktima diren emakumeak" izenekoan, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden harrera-baliabide guztien berri ematen da (85. orria eta hurrengoak). Nolanahi ere, egiazta dezakegu oraindik badaudela garatu beharreko zenbait eremu dekretu horren esparruan; besteak beste, sendatzeko eta gizarteratzeko intentsitate handiko zentro esperimental bat sortzea. Horretarako eskumena Eusko Jaurlaritzak du.
- Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasunerako Legean ezarritako ekintza positiboko neurriak: eremu asko daude garatzeko oraindik ikuspuntu horretatik, eta erakunde honentzat, administrazio publikoek berdintasunaren gaineko lege-xedapenak betetzen dituztela kontrolatzeko parametro bat da hori. Alde horretatik, aurrerantzean ere administrazioei exijituko diegu susta ditzatela era horretako ekintzak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oraindik bene-benetakoa ez den eremuetan, emakumeek gizonen aldean jasaten duten bazterketa amai dadin laguntzeko. Kontrolatzen zaila den administrazio-jarduera da, baina gisa honetako ekintzak dira, gure iritziz, administrazio publikoen lehenengo erronka, batez ere gai jakin batzuetan, hala nola: lana eskuratzea, familia-erantzukizun partekatua, kultura, kirola eta jaiak.
- Gainerakoan, ia erabat martxan daude Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasunerako Legean ezarritako administrazio-neurriak. Hori, legearen betetze formalaren ikuspuntutik, oso positiboa da.
- Berdintasunerako planei dagokienez, jadanik legeak ezarritako plan gehienak buruturik, euskal administrazioentzako arazo nagusia da plan horietako aurreikuspenak betetzea eta lehenengo emaitzak ebaluatu ostean hobetzeko ondorioak ateratzea.
• Emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa aplikatzeari dagokionez, lege honen edukia erabat zeharkakoa da, eta, horren aplikazioari dagokionez, lana eta familia bateratzeko eskubideak Konstituzioan zer garrantzi duen aztertu dugu bereziki. Auzi horri dagokionez, ikus familiei laguntzeko arloari buruzko txosten honetako atala (III.1 kapitulua) eta administrazio publikoen zerbitzura aritzen diren langileei buruzkoa (II. kapitulua).
• Gainerakoan, uste dugu 2010. urtea, zoritxarrez, genero-indarkeriaren biktima diren emakume gehiago hil direlako geratu dela markatuta. Horren ondorioz, hainbatek proposatu dute Genero Indarkeriaren Kontrako Erabateko Babesari buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoa erreformatzea. Jabetzen gara zuhur hitz egin behar dela erreforma horiei buruz, baina ikusten dugu horren aplikazioa hainbat arazo ari dela sortzen, besteak beste gai hauei dagokienez: hainbat erabaki judizial; genero-indarkeriaren lege-kontzeptuaren ondoriozko aplikazio subjektiboaren eremua, bazter uzten baitu biktima diren zenbait emakume; adingabeen babesik eza; eta zenbait neurriren eraginkortasunik eza, esate baterako, urruntze-aginduarena. Uste dugu beharrezkoa dela gogoeta sakon bat eta azterketa objektibo eta zorrotz bat egitea genero-indarkeria jasaten duten emakumeei aplikatzen zaien justizia-sistemaren eraginkortasunaren inguruan, baita haien benetako babesaren inguruan ere. Alabaina, gure eskumen-esparrua erkidegoa den aldetik, emakumeei beharrezko eremu guztietan laguntzeko prestazioak eta baliabideak ematen dituzten beste administrazio publiko batzuen erantzuna aztertzea dagokigu. Alde horretatik, gure autonomia erkidegoan eztabaida sortzen ari da komeni ote den genero-indarkeria jasaten duten emakumeei laguntza osoa emateko lege bat izatea. Erakunde honetan uste dugu auzi hori legearen bitartez bideratzeari buruzko eztabaidak ezin duela ordezkatu gaur egungo baliabideak hobetzeko benetako asmoa, horrexek izan behar baitu arlo honen gaineko edozein erreforma egiteko arrazoia. Horretarako, beti ez da beharrezkoa legeak egitea; batzuetan, hobe izaten da tresna malguagoen bidez arautzea, hala nola unean-unean sortzen diren beharrei erantzun dinamikoagoa emateko moduko araudien bidez, bai eta neurri berriak ezarriz ere, jadanik aplikatu diren neurriei buruzko ebaluazioen emaitzak kontuan hartuta. Guztiarekin, uste dugu beharrezkoa dela eraginkorrak edo nahikoak ez diren irizpideak berrikusteko eta hobetzeko ekimenak babestea. Nolanahi ere, arlo honetako jardueren gainean ematen ditugun azalpenetan xehekiago azalduko ditugu gure iritziz zer berrikusi eta hobetu behar den Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek genero-indarkeriari ematen dioten erantzunari dagokionez.
IV. Jarduera-plana
2010. urteko jarduera-planaren esparruan, arlo honetan egindako jarduketa nagusien berri eman dugu, jarraian aipatuko ditugun epigrafeekin bat etorriz. Arlo honetan garatutako jarduketa nabarmenenak aipatzean, 2010. urtean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan Arartekoaren aztergai nagusiak zein izan diren azalduko dugu.
IV.1. Elkarteekin egindako bilerak
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eremuan ikuspegi desberdinekin lan egiten duten elkarteekin egindako bilera hauek nabarmendu behar ditugu.
a. Prostituzioan jarduten diren emakumeekin lan egiten duten elkarteak
Arartekoari kezka sortzen dio prostituzioan lan egiten duten emakumeen babesgabetasun-egoerak, eta, horren ondorioz, erabaki dugu beharrezkoa dela horren gaineko gogoeta egitea, erakunde publikoek emakume horien bizi-baldintzak hobetuko dituzten neurriak eta politikak aktibatzeko moduan hel diezaioten auziari, era horretara emakume horietako askok maiz izaten duten egoera zail eta ahul hori duintzeko eta arintzeko. Horretarako, egokia irizten diogu gaur egun emakume horien alde lan egiten duten elkarte guztiekin bilera bat egiteari, gaur egun eremu horretan zeresan handiagoa dutenen lana zuzenean ezagutzeko eta elkarte horiek zer eskatzen duten entzuteko. Modu horretara, gizartean bertan haztatuko dugu zein iritzi eta espektatiba dauden erakundeek prostituzioan jarduten duten emakumeen egoerari eman beharreko erantzunaren inguruan.
Bilera horretara Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarte hauetako ordezkariak joan ziren: Gizarterako, Arabako Hiesaren Kontrako Batzordea, Bizkaiko Hiesaren Aurkako Hiritar Batzordea, Arrats Elkartea eta Gipuzkoako Hies Kontrako Elkarte Hiritarra. Gainera, harremanetan egon gara Bizkaiko Askabide elkartearekin, bilerara inork etortzerik izan ez bazuen ere, eta gai honen inguruko informazioa trukatu dugu.
Bileran, batez ere, elkarte horiek hiru lurraldeetako bakoitzean prostituzioa nola ikusten duten aztertu genuen, ondoko alderdi hauei dagokienez:
• Prostituzioan jarduten diren pertsonen egoeran nagusiki zer arazo sumatzen diren: gaur egun betetzen ez diren eskaera eta behar konkretuak.
• Ados dauden edo ez pertsona horiei zuzenean edo zeharka eragiten dieten politika publikoekin (bai eta eremu horretan lan egiten duten elkarteek jasotzen duten laguntzarekin ere): udalen, aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren politikak.
• Zer jarrera duten auzi hori arautzeko beharraren inguruan. Zein bide izan daitezkeen arlo hori arautzeko.
Bileraren emaitzak oso aberatsak izan ziren, eta informazio eta iritzi truke bizia izan zen kontu askoren inguruan; alabaina, txosten honen mugak direla eta, ezin ditugu hemen xeheki jorratu.
Arartekoarentzat, Euskal Autonomia Erkidegoan prostituzioa zein egoeratan dagoen jakiteko lehen urratsa izan da. Asmoa da horren inguruan hurbileko ikuspegia izatea eta etorkizunean gai horri heltzeko modua izatea, auziari buruzko eztabaida publikoa sortuko duten beste tresna batzuen bitartez. Hala, 2011. urterako lantegi horretan sakontzen jarraitzeko asmoa dugu, eta, ziur asko, herritarren eztabaida foro bat antolatuko dugu horretarako.
b. Berdintasunerako Langileen Elkartea
Halaber, Euskal Herriko Berdintasunerako Langileen Elkartearekin egindako bilera nabarmendu behar dugu. Batez ere profesional horien lan-eremuari eragiten dioten eta Arartekoaren arlo honentzat zuzeneko interesa duten gaiei buruz eztabaidatu ahal izan dugu elkarte horrekin.
Besteak beste, honako gai hauetaz jardun genuen: emakumeentzako kirola sustatu behar dela; udal eremuan dutela lan egiteko eta sakontzeko aukera handiena, batez ere eremu horretan egiten baitute lan pertsona horiek; Euskal Herriko tradizio eta festetan emakumeek berdintasunez parte hartu behar dutela –hori ere bereziki udal eremuari eragiten dion kontua–; genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzen dieten pertsonak ez daudela trebatuta eta espezializatuta, eta hori, erakunde honek sumatu duenez, benetako arazoa dela emakume horiei ematen zaien laguntzari dagokionez; ikuspegi horrekin bat datoz elkarte horretako ordezkariak. Azken kontu horri dagokionez, aipatu genuen beharrezkoa dela berdintasunerako langileen eta gizarte-langileen artean komunikazio handiagoa izatea, halako moldez non genero-indarkeriaren biktimen gizarte-laguntzetan une oro ziurtatuko den genero-ikuspegia izatea, bereziki garrantzitsua baita hori arlo honetan.
Azkenik, bileran izan zirenek adierazi ziguten kezkatuta daudela gaur egun zenbait administrazio (batez ere udalak) generoarekin loturiko arloei edo unitateei atxikitako lanpostuak betetzeko eskatzen ari diren profilak direla eta. Salatu zuten eskatzen dituzten profilak urrundu egiten direla berdintasunerako langile gisa prestatu direnen prestakuntza espezifikotik, eta modu horretara hutsaldu egin litekeela genero unitate edo arlo horiek administrazio publikoetan duten eginkizuna. Bat etorri ginen salaketa hori zehaztu egin behar zela, behar bezala aztertzeko, eta, hala, Arartekoak 2011. urtean kontu horrekin loturiko jarduketaren bat planteatu ahal izateko.
c. Irungo eta Hondarribiko alardeetan emakumeek berdintasunez parte hartzearen alde lan egiten duten elkarteak
Arartekoak aukera izan du urtean hainbat bilera egiteko Hondarribiko Jaizkibel konpainiako ordezkariekin eta Irungo Alardezaleak elkarteko ordezkariekin. Bi elkarteak aritzen dira lanean Irungo eta Hondarribiko alardeetan emakumeek berdintasunez parte hartu ahal izateko. Harreman horietan irmoki eutsi diogu gatazka hori konpontzeko lan egiteko konpromisoari, Zuzenbide Estatuaren aginduak bete daitezen eta herri horietako jaietan emakumeek erabateko lekua izan dezaten, gizonezko herrikideek dituzten baldintza berberetan. Alde horretatik, Euskal Herriko jaietan emakume eta gizonen berdintasuna bermatzeari buruzko abenduaren 21eko gure 3/2010 gomendio orokorra nabarmendu behar dugu. Gomendio horretan, beste behin ere erakunde honek gai horren inguruan duen jarrera garbia agertzen da. Horri buruz xehekiago jardungo dugu aurrerago.
d. Genero indarkeriaren aurka lan egiten duten elkarteak
Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak eztabaida-talde bat sortu du genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko euskal lege bat egitea komeni den edo ez aurretiaz hausnartzeko, eta, horren harira, harremanetan jarri ahal izan gara gaur egun emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta borrokatzeko nahiz emakume horiei laguntzeko lan egiten duten hainbat talde eta elkarterekin. Testuinguru horretan, talde horien eskaerak eta kritikak entzun ahal izan ditugu, eta, oro har, adierazi dute laguntza-sistema ez dagoela behar bezain ondo koordinatuta; izan ere, ez dirudi hara jotzen duten biktimei espero duten erantzuna ematen dienik.
Elkarte horiek adierazitakoa nabarmenki bat dator erakunde honek gaur egun biktima horiei ematen zaien laguntza sozial, juridiko eta ekonomikoen sistemari buruz duen iritziarekin, auzi horren inguruan jaso ditugun kexak kontuan hartuta. Horiei buruz xehekiago jardungo dugu aurrerago. Batez ere, gabezia hauek hauteman dituzte: hainbat baliabide ez direla aski, ez dagoela koordinaziorik administrazio batzuen artean, indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzen dieten pertsonek ez dutela prestakuntza espezifikorik administrazio batzuetan, laguntza horren zenbait eremutan ez dagoela genero-ikuspunturik eta oso zurrunak direla prestazioen arauak, ez baitute uzten banan-banako erantzuna ematen arauetan jasotako premisekin nekez uztar daitezkeen baina hala ere laguntza publiko behar besteko bat merezi duten kasuetan. Aurrerago, 2010. urtean genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei ematen zaien laguntzaren inguruan jasotako kexez mintzatzean, kontu horiei buruzko ikuspegi zehatzagoa ematen saiatuko gara.
IV.2. Administrazioekin eta erakundeekin egindako bilerak
Arlo honi eragiten dioten auzietan funtzioak dituzten administrazio publikoekin egindako bileren artetik honako hauek nabarmendu nahi ditugu:
a. Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin (GIBZ) egindako bilera
2010. urteko azaroan, bilera bat egin dugu zuzendaritza horrekin. Bilera horretan, genero-indarkeriaren aurkako borrokan bi erakundeek egiten dituzten jarduerei buruzko informazioa trukatzeko asmoz, labur-labur azalduko ditugun gai hauek jorratu ditugu:
1. Arartekoaren eta GIBZren arteko harremanetarako etorkizuneko bidea: ondorioztatu genuen komeni dela bi erakundeen artean aldizkako bilera erregularragoak egitea.
2. Etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeentzako laguntza hobetzeko Erakunde arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean parte hartzeko Arartekoaren eskaera: GIBZri adierazi genion erakunde gisa parte hartu nahi genuela batzorde horretan, eta GIBZ erabat ados agertu zen. Beraz, Arartekoan erabaki genuen eskabide hori Emakundeko Zuzendaritzari formalki egitea.
3. Urteko datuen informazioa, Arartekoaren urteko txostenerako: bat etorri eginen zuzendaritza horrek EAEn genero-indarkeria jasaten duten emakumeen egoerari buruz urtero egingo duen txostena egokia dela Euskal Autonomia Erkidegoko egoeraren alderdirik nabarmenen berri urtero emateko. Horietan lehena 2009. urtekoa da, eta 2010. urtean argitaratu da, "Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak EAEn" izenburupean. Modu horretara, erabaki genuen etorkizunean, baliabideak aurrezteko helburuarekin, ez diegula datu gehiago eskatuko Eusko Jaurlaritzako Barne eta Justizia sailei, aurreko urteetan egin izan dugun bezala, baizik eta txosten horri lotuko gatzaizkio gure urteko txostenean, egoera horren berri ematen duten datu nagusiak azaltzeko orduan; aldi berean, datu horietatik abiatuko gara, hala badagokio eta eskura dugun informazio gehigarriaren argitan, egokitzat jotzen ditugun analisiak eta balorazioak egiteko.
4. Auziaren egoera, Genero Indarkeriaren Euskal Behatokiari dagokionez: GIBZk adierazi digu zein egoeratan dagoen behatokia sortzeko proiektua, eta iragarri du 2011. urterako eratuko dela.
5. Arartekoan jasotako kexen harira planteatutako arazoak: erakunde honetan jaso ditugun kexetan agertutako arazoetatik zer ondorio nagusi atera ditugun adierazi diogu GIBZri, eta bereziki honako hau jo dugu garrantzitsutzat:
• Genero-indarkeria jasan duten emakumeek etxebizitza eskuratzeari dagokionez:
– Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko urriaren 4ko Agindua berrikustea, genero-indarkeriaren biktima izandako emakumeentzat etxebizitzaren arloan ekintza positiboko neurriei buruzkoa.Eta berrikustea, hala aplikazio-eremuari dagokionez nola etxebizitza eskuratzeko eta esleitzeko betekizunei dagokienez, bai eta arau horrek etxebizitza eskuratzeko sortu dituen bideei dagokienez ere. Gaur egun, etxebizitza eskuratzeko bi bide jasotzen dira agindu horretan: kupo berezi baterako sarbide-sistema eta zuzeneko esleipena. Alabaina, genero-indarkeria jasan duten emakumeen etxebizitza-eskaera oso handia da, eta egiaz bide horiek ez dira batere eraginkorrak eskari horri erantzuteko. Hori horrela, planteatu genuen beharrezkoa dela agindu horretako irizpideak berrikustea eta Eusko Jaurlaritzarekin batera beste erakunde batzuk ere inplikatzea (batez ere udalak, eta aldian-aldian foru aldundiak) genero-indarkeria jasaten duten emakumeei etxebizitza emateko erantzukizunari dagokionez.
– Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzaren eta udalen arteko harremanak indartzea etxebizitzaren arloan, eta udalekin harremanetan egoteko bide protokolizatuak ezartzea. Genero-indarkeriaren esparruan, planteatu genuen beharrezkoa dela gogoeta hau egitea: zilegi ote den udalei eskatzea kasu jakin batzuetan eman diezaietela etxebizitza bat beren bizilagunei, baldin eta gizarte-beharretarako etxebizitza-poltsarik badute. Hala, genero-indarkeria jasaten duten emakumeentzat etxebizitza eskuratzeko ez da ezinbestekoa izango Etxebidek etxebizitza erabilgarriak izatea; izan ere, herri batzuetan ia ez dago bat ere, eta luze itxaron behar izaten da bat eskuratzeko; horren ondorioz, etxebizitza behar duten emakume asko izugarrizko ziurgabetasun-egoeran geratzen dira, eta adoregabetu egiten dira.
• Oinarrizko gizarte-zerbitzuak eta genero-ikuspuntua: hainbat arazo sumatu ditugu gizarte-zerbitzuek genero-indarkeria jasaten duten emakume batzuei hasieran eman dieten tratamenduari dagokionez, besteak beste laguntza eman dieten pertsonek ez dutelako emakume horiei eragiten dieten egoera bereziaren berri. Alde horretatik, uste dugu funtsezkoa dela etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeentzako laguntza hobetzeko Erakunde Arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordeak eginkizun aktiboa izatea gizarte-zerbitzuek genero-indarkeria jasaten duten emakumeekin egin dituzten jarduketei buruzko protokoloak udalei helarazteko.
• Sakabanaketa eta koordinaziorik eza erakundeen erantzunean: horrek atzerapena sortzen du biktimek behar duten informazio zehatza emateari dagokionez, eta, azken batean, erantzuna eraginkorra ez izatea dakar. Izan ere, kasu askotan, indarkeria jasaten duten emakumeak berandutu egiten dira egin beharreko jarduketak egiteko. Horren ondorioz, gainditu egiten dira biktimei prestazio jakin batzuen onuradun izateko legez eskatzen zaizkien epeak, eta, hala, ez dira betetzen betekizun objektiboak. Hori, azkenean, oztopoa da prestazio edo baliabide jakin batzuk esleitzeko.
• Erakundeen erantzun eskasa zalantzazko kasuetan edo judizialki onartu gabekoetan (salaketarik ez badago, tratu txar psikologikoak badira baina lesio fisikorik ez badago, denbora pasatu bada ebazpen judiziala, epaia edo babes-agindua eman zenetik...): kasu horietan, euskal administrazioek ematen duten prestazioa ez da nahikoa, ez eta egokia ere, nahiz eta beharra baden oraindik. Laguntzak lortzeko betekizunak biktimaren egoera ekonomikoari lotuegi daude, eta ez dute biderik ematen banan banako arreta emateko bereziki konplexuak diren eta arauetako egitatezko kasu jakin batzuetan nekez sartzekoak diren egoeretan.
• Lan egiteko beharra, emakume horiek ahalordetzeko eta lana lortzeko laguntza handiagoa emateko: uste dugu beharrezkoa dela zenbait kasutan ebaluatzea beharrezkoa ote den emakumeei gizarte-laguntzako neurri indartsuagoak ematea harrera-baliabideak erabiltzen ez dituzten emakumeei.
• Arazoak justiziaren eremuan:
- doako justizia eskuratzeko sistema berrikusi egin beharko litzateke genero-indarkeriaren kasuetan, kontuan hartuta halako kasuetan prozesu ugari izaten direla eta horrek gastu gehigarriak ekar ditzakeela biktimentzat.
- ofiziozko abokatuen jarduketak batzuetan erakusten du profesional horiek ez dutela prestakuntza espezifikorik eta genero-ikuspegirik.
- zenbait kasutan, ikusten da inplikazio publikoa ez dela aski biktimei laguntza eta orientabide juridikoa emateko.
b. Emakunderekin egindako bilera
2010. urteko urrian, bilera bat egin genuen Emakundeko Zuzendaritzarekin. Bilera horretan, bi erakundeek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez urtean egiten dituzten jarduerei buruzko informazioa trukatzeko eta erakundeen arteko lankidetza handiagoa sustatzeko helburuarekin, laburki azalduko ditugun ondoko gai hauek jorratu genituen:
1. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundearen egoera eta erakunde-loturari buruzko ikuspuntuak:
- kexa bat jaso genuen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean jasotako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Bulegoaren titulartasuna behin-behinekoa dela salatzeko, eta, horren harira, adierazi genuen horren berri izan nahi genuela. Emakundeko Zuzendaritzak adierazi zigun Eusko Jaurlaritzak Emakunderen barruko administrazio-zerbitzu bihurtu nahi duela defentsa-bulegoa, gaur egungo dituen eginkizun berberekin, baina izaera organikoa kenduta, titularra Emakundeko zuzendaria izateko moduan. Horretarako, asmoa da Eusko Legebiltzarrean 4/2005 Legea erreformatzeko ekimena abian jartzea, eta arlo hori garatzen duen gaur egungo araudia indargabetzea lege horretan. Salaketek gaur egungo tratamendu berbera izango dute aurrerantzean ere. Bat etorri ginen etorkizunean aldatu egin beharko dela Arartekoaren eta defentsa-bulegoaren arteko harremanak arautzen dituen gaur egungo hitzarmena, zuzendariak iragarritako erreformen ondorioz izan daitezkeen titulartasun berrietara egokitzeko.
- bi erakundeek jaso ditugun eta eskumen-arrazoiengatik batetik bestera bideratu diren kexen eta salaketen berri eman genuen (2010. urtean, batez ere lana eta familia bateratzearen ingurukoak izan dira, bai eta pertsona transexualek lanean pairatzen duten bereizkeriaren ingurukoak ere).
2. Arartekoak etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeentzako laguntza hobetzeko Erakunde arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean parte hartzea: Arartekoak batzorde horretan parte hartzeko nahia adierazi zuela eta, Emakundeko zuzendariak adierazi zuen ados zegoela batzordearen hurrengo bileran asmo horren berri emateko. Bilera hori 2010. urtea amaitu aurretik egingo da. Erabaki genuen Arartekoak eskabide formal bat egin behar zuela bere interesa justifikatzeko. Bestalde, genero-indarkeria jasaten duten emakumeak laguntzeko eta babesteko jarduketa publikoen nondik norakoak ezagutzeko, kontrolatzeko, iradokitzeko edo kasu konkretu batzuetan hobekuntzak proposatzeko egiten dugun esku-hartzeak bide ematen digu egoerari buruzko informazio eta ezagutza interesgarria eskuratzeko, gure ikuspegia eman ahal izateko genero-indarkeria jasaten duten emakumeentzako jarduketa publikoetan modu orokorragoan izan daitezkeen gabeziak edo arazoak konpontzeari begira. Modu horretara, uste dugu gure erakundea herritarrengandik gertu egoteak modua ematen digula kasu askotan ikuspuntu kritikoa izateko, eta horrek lagundu dezakeela hobetzen erakundeek genero-indarkeriaren inguruan ematen duten erantzuna, Erakunde arteko II. Akordioaren funtsezko helburua. Eskabide hori egin ostean, txosten hau ixtean erantzunaren zain geunden oraindik. Erantzun hori akordio hori sinatu duten erakundeek bermatu behar dute.
3. Arartekoko berdintasunerako arloan gaur egun kezka sortzen duten beste auzi batzuk eta erakunde-estrategia bateratuak aztertzeko komenigarritasuna:
• Kooperatibak eta lana eta familia bateratzea:
Ikusita arlo honetan hutsuneak daudela lege aldetik, sozietate kooperatibo garrantzitsu batek Arartekoan aurkeztutako kexa baten bitartez salatu duen moduan, proposatzen dugu Emakunde Eusko Jaurlaritzako erakunde eskudunekin harremanetan jartzea, aldian-aldian arau-ekimenak susta daitezen kooperatiben esparruan familia eta lana bateratzeko eskubideak aplikatzeari dagokionez lege aldetik dauden hutsuneak betetzeko. Emakundeko Zuzendaritzak adierazi digu beste kooperatiba bateko langileen salaketak ere ari direla jasotzen defentsa-bulegoan, eta horrek galarazi egin dezakeela kooperatiba horrek enpresa berdinzalearen bereizgarriari eustea. Hau da, badirudi arazoa zabala dela eta jorratu egin beharko litzatekeela. Nolanahi ere, txosten hau ixten ari ginenean, zain geunden oraindik Emakundek erantzun formala noiz emango Arartekoan arrazoi horrengatik irekitako espedientearen esparruan erakunde horri igorritako informazio-eskabideari.
• Begira organoaren eta 4/2005 Legean aurreikusitako kode etikoa prestatzeko lanen egoera:
Emakundeko zuzendaritzak azaldu du gaur egun organo hori 4/2005 Legera egokitzeko egoera iragankorrean dagoela. Hori aipatu dugu lehenago ere, arlo honen gizarte eta arau testuinguruaren berri ematean.
• Komunikabide publikoak eta emakumeen kirola:
Emakundeko Zuzendaritzari emakumezkoen saskibaloi-talde batek aurkeztutako kexa helarazi genion. Kexa horretan, salatu zuten komunikabide publikoek ez dietela behar besteko arretarik jartzen talde horren jarduerei. Ikusita EITBko zuzendaritza berriak ez zuela erantzun, hala eskatu bazitzaion ere, espedientea artxibatzea ebatzi zen. Nolanahi ere, egoki irizten diogu Emakundek gure ustez konpondu gabeko auzi hori azpimarratzea. Testuinguru horretan, zuzendariak adierazi zigun beste bilera bat egitekoak zirela EITBko zuzendariarekin eta bilera horretan galdetuko ziola gai horri buruz. Erantzunaren zain gaude oraindik.
• Emakumeek jaietan berdintasunez parte hartzea:
Emakundeko Zuzendaritzak adierazi digu erakunde horrek Irungo emakume-talde baten proposamena babesteko iniziatiba hartu duela, herri horretako topaketa-taldeak edo eztabaida- eta sentsibilizazio-sareak sustatzeko, oraindik ere emakumeak alardetik baztertzen dituztela-eta gizarte-kontzientziazioa lantzeko. Gai horri dagokionez, ikusita Euskal Herriko jai eta tradizioetan dagoen sexismoaren arazoa ez dela soilik alardeetan agertzen, baizik eta gizarte-erakundeen multzo bat hartzen duela, hala nola gastronomia elkarteak, Emakunderi planteatu genion komeni zela erakundeek gogoeta orokorrago bat egitea, gizarteari beste berdintasun-ikuspegi bat helarazteko emakumeen eta tradizioaren arteko harremanaren inguruan. Arartekoari dagokionez, aipatu behar dugu Euskal Autonomia Erkidegoko berdintasunari eta jaiei buruzko gomendio orokor bat egiteko konpromisoa hartu dugula.
• Prostituzioaren egoera Euskal Autonomia Erkidegoan:
Adierazi genuen Arartekoak gai hori jorratzea erabaki duela, beharrezko gizarte-eztabaida sortzeko. Emakundek adierazi zigun interesa dutela Arartekoak gai hori jorratzeko. Adierazi genien oraingoz bilera bat egin dugula prostituzioaren inguruan lan egiten duten Euskal Autonomia Erkidegoko talde guztiekin, eta aztertzen ari garela zein tresna izango diren egokienak gizartean eta erakundean eztabaida sorrarazteko.
• Emakumeen Gizarte Kontseilua:
Arartekoak Emakumeen Gizarte Kontseiluan parte hartzeko aukera planteatu du, kontuan hartuta gizarte-errealitatearen zuzeneko informazio-bide gisa herritarrek parte hartzeko organoak eta elkarteak sustatu nahi dituela erakundeak esku hartzen duen arloetan, lehendik daudenak bikoiztu gabe. Emakundeko Zuzendaritzak azaldu du gaur egun organo hori berrikusten ari direla eta soil-soilik gizarteak parte hartuko duen organo bat sustatu nahi dela, hau da, erakundeek parte hartuko ez duten organo bat. Hori oraindik eztabaidatzeko eta onesteko dago. Bitartean, kontu hori argitu arte, bidezkoa dirudi Arartekoak planteatutako ekimena atzeratzea.
IV.3. Ikuskapen-bisitak
Erakunde honetako langileek egin dituzten eta emakumeen berdintasun eta osotasunerako arloari eragiten dioten ikuskapen-bisitei dagokienez, erakunde honetako barne arloan egindakoak nabarmendu behar ditugu. Hala, komisarietara egindako bi bisitatan, genero-indarkeriaren biktimei ematen zaien polizia-laguntzari buruz galdetu genuen.
• Genero-indarkeria jasaten duten emakumeentzako polizia-laguntza:
Zehazki, 2010eko urriaren 21ean Donostiako Ertzaintzaren komisariara egin genuen bisitan, galdetu genuen genero-indarkeriaren biktimek erabiltzen al zuten Bortxa telefonoa, arriskuan dauden biktimentzako segurtasun-neurri gisa. Erantzun ziguten oro har biktimek ez dutela bide hori erabiltzen, eta baieztatu zuten ez zutela askorik baloratzen bide hori segurtasun-neurri gisa; izan ere, biktimek lehenago erabili ohi dute beren kasuaren jarraipena egiteko izendatu zaien agentearen zuzeneko telefonoa, zuzenean jo baitezakete harengana; eta hori, gure galderei erantzun zieten agenteen iritziz, hobea da.
Uste dugu beharrezkoa dela berriro ebaluatzea genero-indarkeriaren biktimen zenbait segurtasun-neurri, eta aldian-aldian horiek baino eraginkorragoak diren beste batzuk jartzea. Oro har, erakunde honetara jo duten eta Bortxa telefonoa esleitua duten emakumeek salatu dute bide horrek ez diela konfiantzarik ematen segurtasun-neurri gisa. Nolanahi ere, biktimei eskaintzen zaizkien segurtasun-neurrien benetako eraginkortasuna sakonki aztertu beharra dagoela erakusten duen etsenplu bat baizik ez da hori, kontuan hartuta emakume horiei konfiantza ere eman behar zaiela, beren autonomia pertsonala erabat garatzeko premisa gisa.
2010eko urriaren 22an Sestaoko Tokiko Poliziaren komisariara egin genuen bisitan, galdetu genuen ba ote duten protokolorik genero-indarkeria jasaten duten emakumeei laguntzeko. Erantzun ziguten ez dutela protokolo zehatzik, ez eta langile espezializaturik ere. Eremu horretan jasotako prestakuntzari dagokionez, kontsultatutako agenteek berek erantzun ziguten prestakuntza hori ez dela aski. Komisaria horretako polizien sexuari dagokionez, adierazi ziguten guztira 14 pertsona daudela, eta horietatik 12 gizonak direla eta 2 emakumeak. Hori guztia horrela, esan behar dugu agenteen adierazpenetatik ondorioztatu dugula komisaria horretan genero-indarkeriaren kasuetan egiten diren bideratzeak zuzenak direla printzipioz, baina emakume horiei laguntzeko baldintzak ez direla egokiak eta ez dituztela betetzen espezializazioaren eta jarduketa protokolizatuaren betebeharrak. Etsenplu horrek baliagarri gertatu behar du gogoeta hau egiteko: beharrezkoa dela tokiko botereei exijitzea printzipio horietara hobeto egokitu dezatela poliziaren esku-hartzeari dagokion eremu konkretu hau.
IV.4. Gomendio orokorren eta ezohiko txostenen jarraipena
Arartekoaren "Emakumeen kontrako indarkeriari erakundeek emandako erantzuna EAEn" izenburuko 2003. urteko ezohiko txostenaren jarraipenari dagokionez, nahiz eta txosten hori egin zenetik zenbat denbora igaro den kontuan hartuta edukietako batzuen balioa zehaztu behar dugun, oraindik ere garrantzitsuak dira txosten horretako gomendio nagusi batzuk, erabat indarrean baitaude oraindik. 2010. urtean arlo honetan egindako jarduketa-planari buruz atal honetan aipatzen ari garen jarduketa guztiak, genero-indarkeriaren ingurukoak, ezohiko txosten horretan jasotako gomendioen muinarekin bat etorriz egin dugun jarraipenaren parte dira; beraz, puntu honetan, errepikapenak saihesteko, egoki irizten diogu erreferentzia horiei lotzea.
IV.5. Gomendio orokor berrien aipamena
Hiru dira edukiagatik arlo honen zuzeneko interesguneari eragiten dioten 2010. urteko gomendio orokorrak: bat, erakunde honetako berdintasunerako arloak berak egina, eta beste biak, Arartekoko justiziaren eta funtzio publikoaren lan-arloen esparruak eginak.
• Hala, banandutako gurasoen erantzukizun partekatuari buruzko Arartekoaren urriaren 15eko 1/2010 gomendio orokorrarekin –erakunde honetako justizia-arloak egin zuen–, botere publikoei eskatu genien eska ditzatela, nork bere eskumenen neurrian, beharrezko lege-aldaketak banantze eta dibortzio kasuetan seme-alaben zaintza bi gurasoek izan dezaten errazteko, hautabide onena bezala. Hori gurasoen erantzukizun partekatuaren bidez egingo da, betiere haurren interesa babestuz beste ezer baino lehenago. Nabarmendu nahi dugu arlo honetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna soilik lortuko dela baldin eta seme-alaben zaintza mekanikoki amei (ama biologikoei, bikote lesbianen kasuan) ematen dien automatismo judiziala amaitzen bada. Beraz, erakunde honetan aldezten dugun jarrera genero-ikuspuntu zorrotzean oinarritzen da. Nolanahi ere, nabarmendu nahi dugu kontu hauetan garrantzitsua dela beti adingabearen nahia nagusitzea, guraso batek edo besteak duen interesaren aurretik.
• Bigarrenik, aipatzekoa da Arartekoaren abenduaren 21eko 3/2010 Gomendio orokorra –Arartekoko berdintasunerako arlo honek egina–, Euskal Herriko jaietan emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeari buruzkoa. Emakumeek tokian tokiko jai-ekintzetan parte hartzearen ondorioz, euskal herrietan sendo errotutako tradizioen adierazgarri baitira horiek denak, gatazka ugari sortu dira. Erakunde honek esku hartu du gatazka horietan, sexuaren ziozko berdintasun-printzipioari jarraiki konpontzeko helburuarekin. Nahiz eta esku-hartze horrek bide eman digun jadanik gure iritzia emateko, eragindako udal batzuei bidalitako ebazpen, gomendio eta adierazpenen bitartez, egokitzat jotzen dugu sortutako arazoari modu bateratuan heltzea eta gure ikuspuntua, bai eta horren ondoriozko gomendioak ere, euskal administrazio publikoei helaraztea. Tokiko botere publikoek, foru aldundiek eta administrazio autonomikoak, beren eskumenen esparruan, ezin diote bizkar eman gizartean gertatzen ari den eta Zuzenbideak sustatu nahi duen aurrerapen sozial ezin saihestuzkoari, aldaketari eta erabateko bilakaerari. Horregatik, beharrezkoa da ez laguntzea herritartasun-kontzeptu herren bat sendotzen jaiak emakumeentzat eta gizonentzat berdinak ez diren Euskal Herriko tokietan, beren babes esplizitu edo inplizituarekin, anbiguotasunarekin edo inhibizioarekin; izan ere, horrek ezin du lekurik eduki gure sistema demokratikoan, eta, zoritxarrez, gure gizartean jarrera arbuiagarriak elikatzen dituen oinarri ideologikoa da. Aldiz, erakunde honentzat bereziki garrantzitsua da erakunde publiko guztiak aktiboki eta irmoki inplikatzea, hinki-hankarik gabe eta indeterminaziorik gabe, Euskal Herri osoan emakumeentzako eta gizonentzako berdintasunezko jaiak sustatzeko.
• Azkenik, Arartekoaren abenduaren 28ko 5/2010 gomendio orokorra egin dugu, familia, lana eta norberaren bizitza bateratzeko neurri gisa lanaldia murrizteko eta moldatzeko edo aldatzeko eskaeren tratamenduari buruzkoa. Gomendio horretan gogorarazi dugu gure erkidegoaren esparruan oraindik ere behin-behinean aldatzeko dagoela Euskal Funtzio Publikoaren Legea. Hori, gure iritziz, erabateko aukera izan daiteke Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua garatzeko ditugun konfigurazio-tarte guztiak baliatzeko. Estatutuaren barruan sartuta daude jadanik familia eta lana bateratzeko beharrezko eskakizunak, emakumeen eta gizonen arteko bene-benetako berdintasunaren ikuspuntutik. Arartekoan animatu nahi dugu susta dadila, alde horretatik, araudiaren aldaketa edo egokitzapena. Izan ere, halako ekimen batekin, behar besteko estaldura juridikoa emango litzaieke familia eta lana bateratzen laguntzeko gisa horretako neurriei. Aldi berean, premiarik gabeko interpretazio-zalantzak saihestuko lirateke eta, gainera, nabarmen babestu eta osatuko luke Eusko Legebiltzarraren Jaurlaritzaren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako martxoaren 2ko 4/2005 Legearen agindua; izan ere, administrazio publikoetako langileen lan-baldintzei buruzko arauen barruan lanaldia malgutzeko eta berrantolatzeko neurriak sartuko lirateke, emakumeen eta gizonen familia, lana eta norberaren bizitza errazago bateratu ahal izateko.
IV.6. Arloan sustatutako ofiziozko jarduerak
Atal honetan, nabarmendu nahi dugu Arartekoak 2010. urteko abenduan ofiziozko jarduketa bat sustatu duela poliziak genero-indarkeriaren kasu batean izandako esku-hartzea ikertzeko; zehazki, Barakaldon senargai ohiak hil zuen gaztearen kasua ikertzeko. Jendartera hedatu ziren datuen artean, atentzioa eman zigun erasotzaileak bere biktimarengandik urruntzeko agindua zuela. Horrek –egia izatera– esan nahi du biktimak salaketa bat jarria zuela bere hiltzaile gertatu zenaren aurka. Gertaerak oso larriak direla eta, egoki iritzi genion ikerketa bat hasteari, zorigaiztoko amaiera hura gerta ez zedin aktibatu ziren neurriak behar bestekoak eta egokiak izan ote ziren argitzeko. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuarengana jo dugu, eta hainbat konturi buruzko informazioa eskatu diogu kasu honetan zegoen arriskuari buruzko polizia-balorazioa zein zen jakiteko. Halaber, emakume hori babesteko ezarri ziren segurtasun-neurriei buruzko informazioa eskatu diogu. Txosten hau ixtean, oraindik Eusko Jaurlaritzako Barne Sailaren erantzunaren zain geunden. Nolanahi ere, erakunde honentzat oso garrantzitsua da baldintzak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan halako gertaera dramatiko eta gaitzesgarririk gerta ez dadin beste emakume baten kontra. Horretarako, aztertu egin behar dugu non huts egin duen gure sistemak, baldin eta huts egin badu, poliziaren jarduketa esklusiboa gaindituta, eta kontuan hartuta, halaber, nola jardun duten gure justizia-sistemak ezarritako mekanismoek. Erabat sinetsita gaude gertakizunak argitzeko ahalegin hori euskal erakunde guztiek partekatuko duten erantzukizuna izango dela.
IV.7. Arloak giza eskubideen gaineko parte-hartze foroetan, jardunaldietan eta beste sustapen-jarduera batzuetan izandako parte-hartzea
Hala arartekoak nola haren albokoak arlo honi dagozkion hainbat jardunaldi eta foro publikotan hartu dute parte. Parte-hartze horien berri zehatzagoa izateko, ikus txosten honetako VIII. Kapitulua; izan ere, biek egindako jardueren berri ematen da hor.
IV.8. Iritzi artikuluak eta hedapen-jarduerak
• 2010eko azaroaren 25erako, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunerako, Arartekoak erakunde-adierazpen bat egin zuen. Adierazpen horretan, irmoki gaitzetsi genuen emakumeen aurkako indarkeriaren gizarteko gaitz arbuiagarri hori, oraindik ere demokraziaren oinarriak ahultzen baititu. Adierazpen horretan adierazi genuen sexismoaren edozein adierazpenen aurrean tolerantzia izpirik ez erakustea dela ideologia matxistaren aurkako prebentzio bakarra, eta horretarako aurretiaz neurri sendoak ezarri behar direla, gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna ziurtatuko duten neurriak. Halaber, adierazi genuen etengabe ebaluatu behar dela indarkeria jasan eta salatu dutenei erakundeek ematen dizkieten erantzunen multzo zabala, hartzaileen iritzia kontuan hartuta. Bestalde, adierazi genuen beharrezkoa dela genero-indarkeriaren kasuetan banan banako erantzuna ematea. Horrez gain, planteatu genuen beharrezkoa dela bitarteko egoki eta espezializatuak jartzea emakume etorkinei arreta emateko; izan ere, biktimen artean gailendu egiten dira etorkinak. Halaber, adierazi genuen adingabeak askotan indarkeria-mota horren bigarren mailako biktima izaten direla eta premiazkoa dela ondo babestea.
• Bestalde, hori ere azaroaren 25eko egunaren harira, iritzi artikulu bat bidali genuen prentsara, argitara zezaten. Artikulu hori luzeagoa da, eta xeheki garatzen dira azaldu berri ditugun ideiak.
• Halaber, nabarmendu nahi dugu Bizkaiko Caritasen Bihotzez aldizkariak arartekoari egindako elkarrizketa. Emakumeen eta gizonen berdintasunarekin loturiko kontuei buruzkoa da elkarrizketa, eta bertan argi azaltzen da erakundeak zer iritzi duen emakumeen eta gizonen berdintasunarekin loturiko gaiei dagokienez. Horrez gain, arlo honetako gure lanaren oinarri diren zenbait ideia eta printzipio garatzen dira.
V. Kexarik aipagarrienak
V.1. Genero-indarkeria
Arloan jasotako kexa-kopuruari buruzko epigrafean adierazi dugun bezala, lehenik eta behin nabarmendu behar dugu horietatik erdiak genero-indarkeria jasan duten emakumeentzako laguntzarekin loturiko administrazio-jarduketen zioz jarri direla. 2010. urtean izapidetutako genero-indarkeriaren espedienteetan hainbat arazo planteatu dira. Horien aipamen labur eta zehatza egin dugu lehen, Eusko Jaurlaritzako GIBZrekin izandako bileraren berri eman dugunean (ikus atal honetako 4.2.1 epigrafea). Ondoren, sumatutako eta lehen aipatutako arazoak nabarmenkiago agerian jartzen dituen kasu bat azalduko dugu:
• Erakundeek erantzunik ez ematea kasu bati, araudietan ezarritako babespeko egoerekin uztartzen zaila dela eta: Emakume gazte bat etorri zen erakunde honetara, genero-indarkeriaren biktima bera. Erasotzailea haren ezkontide ohia eta haren seme bakar eta adingabearen aita zen. Semea gaur egun amarekin bizi da. Erasotzaileak oraindik ere etengabe mehatxatzen du emakumea. Toxikomania eta gaixotasun mentalaren sintomak dauzka, eta emakumearengandik urruntzeko agindua du. Beraz, semea bisitatzeko eskubidea Eusko Jaurlaritzaren topaleku batean gauzatzen du. Emakumea bere bikotekide ohiaren jabetzako etxebizitzan bizi daiteke, hala ezarri baita ebazpen judizial batean. Poliziaren zenbait segurtasun-neurri dauzka, hala nola Bortxa telefonoa eta noizean behingo zaintza. Hala ere, segurtasunik eza sumatzen du, senar ohiaren etxebizitzan bizi dela eta. Izan ere, horrek bere onetik ateratzen du eta areagotu egiten zaio emakumearen aurkako oldarkortasuna; haren etxearen inguruan indarkeria-ekintzak eginez adierazten du hori (pintaketak, erasoak atarian, haren etxearen sarrailan eta postontzian, bai eta hainbat mehatxu ere). Arrazoi horregatik, kontuan hartuta emakume horrek lan egonkorra duela, nahiz eta soldata murriztua duen bere seme txikiaren kargu egiteko lanaldia murriztua duenez gero, beste bizileku bat lortu nahi du, Etxebidera joz eta alokairuko etxebizitza bat eskatuz. Onartu zaio genero-indarkeriaren biktimentzako kupo berezian sartzea (genero-indarkeriaren biktima izandako emakumeentzat etxebizitzaren arloan ekintza positiboko neurriak ezartzeari buruzko 2006ko urriaren 4ko Aginduan jasoa), baina horrek ez du haren arazoa konponduko. Izan ere, ez zaio etxebizitzarik egokitu bera bizi den lurraldean dauden sustapen urrietan. Emakume horrek ez du inolako diru-laguntzarik jasotzen, haren soldata hilean 1.000 euro baino zertxobait gehixeago delako, baina prozesu-gastu handiak ditu, haren senar ohiaren jarrera mehatxatzaileak eragindako etengabeko salaketen ondorioz ireki diren prozesu judizial ugariengatik, bai eta hark (gurasoek ekonomikoki laguntzen dute) emakumearen kontra abiarazten dituen ekintza judizialengatik ere.
Arartekora jo zuenean, emakume horrek adierazi zigun erabateko desengainua hartu zuela, inon ere ez zuelako laguntza publikorik jaso: ez du lortu alokairuko babes ofizialeko etxebizitzarik; ezin da izan doako justiziaren onuraduna (burutzeke dituen 9tik gora auziei dagozkien prozesu-gastuen zorra erakutsi zigun, 7.000 eurotik gorakoa); ez du laguntzarik jasotzen lana eta familia bateratzeko, lanaldia behar beste murriztu ez duelako; ez dago ados oinarrizko gizarte-zerbitzuek emandako tratuarekin eta laguntzarekin, irizten baitiote ez duela inolako laguntzarik behar; gure iritziz, horrek erakusten du ez dagoela kasu honetan gertatzen den genero-indarkeriaren ikuspuntu espezifikoa. Horri gehitu behar zaio berriki iraungi dela erasotzaileak zeukan urruntze-agindua, eta ezin izan dela judizialki berritu, prozesu-arrazoiengatik, nahiz eta Ertzaintzak berak bere balorazioan adierazi duen badela arriskua kasu honetan. Gainera, kexaren sustatzaileak kontatu du inoiz ez diotela eskaini harrera-baliabiderik hala behar izan duenean, eta, beraz, horrek eragotzi egiten dio alokairuko babes ofizialeko etxebizitza bat lortzea zuzeneko esleipenaren bidetik. Aukera hori lehen aipaturiko 2006ko urriaren 4ko Aginduak jasotzen du.
Esku hartzeko, eragindako hainbat administraziorekin harremanetan jarri gara, hala nola oinarrizko gizarte zerbitzuekin, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailarekin, Biktimei Laguntzeko Zerbitzuarekin, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailarekin eta Ertzaintzarekin. Gainera, kasu honen berri zehatza eman diogu Eusko Jaurlaritzako GIBZri, zuzendaritza hori ere lanean ari baita pertsona horri irtenbideak eskaintzeko. Nolanahi ere, txosten hau ixtean egoera berean zegoen dena, eta emakume horrek ez du ikusten bere egoera konpontzeko modurik. Bestalde, nekez exiji dakieke administrazioei bestela jarduteko; izan ere, haiek, printzipioz, kasu honetako inguruabarrak arautzen dituzten arauen arabera jardun dute.
Kasu hau, gure iritziz, guztiz da adierazgarria, ondo erakusten baitu erakundeen erantzuteko sistemak ezin diela erantzun babesa merezi duten baina gure erantzun-ereduan lekurik aurkitzen ez duten egoerei. Planteatutako kexaren hondoko arazoek honako hau erakusten dute: ez direla eraginkorrak babes-araudi batzuk (hala nola doako justiziari buruzko araudia, etxebizitza eskuratzeko araudia eta familiei laguntzeko araudia) genero-indarkeriaren kasuetan; oinarrizko gizarte-zerbitzuak ez daudela prestatuta genero-indarkeriaren kasuetarako; erakundeen erantzuna barreiatuta dagoela eta ez dagoela administrazioen arteko koordinaziorik kasuari oro har heltzeko; zer disfuntzio sor daitezkeen prozesu judizialen esparruan; eta urruntze-aginduak ez direla eraginkorrak, kasu honetan kaltetuak uste baitu bere erasotzaileak sistematikoki urratzen duela.
Genero-indarkeriaren inguruan jasotako gainerako kexek, nahiz eta ñabardurak eransten dituzten (etxebizitzaren arloan ekintza positiboko neurriak aplikatzeko bi urte igaro behar izatearen arazoa, nahiz eta babes-agindua indarrean egon; genero-ikuspegirik ez izatea genero-indarkeriaren biktima den emakume adineko bati emandako laguntzaren kasuan; segurtasun-neurriak harrera-baliabide batzuetan, eta abar), indartu egiten dituzte azaldutako kasuaren inguruan agertu berri ditugun ondorioak; eta horrek sendotu egiten du gure ideia, hau da, ezinbestekoa dela berriz pentsatzea, ikuspegi orokor batekin, genero-indarkeria jasaten duten emakumeentzat sortu ditugun laguntza-neurrien sistemaren alderdi horiek. Ildo berean, etorkinen alde lan egiten duten erakundeek kritikatu egin dute genero-indarkeria jasaten duten emakumeei ematen zaien laguntza-sistema. Erakunde horiekin biltzeko aukera izan dugu, erakunde honek atzerritarren arloaren barruan garatzen duen lan-esparruan. Bilera horien edukiaren aipamen zehatzagoa aurki daiteke III. kapitulu honetan bertan, etorkinei buruzko atalean. Emakume talde horren berezitasunak, bereziki ahulak baitira, merezi du genero-indarkeriaren biktimentzako laguntzaren arloan eginkizunak dituzten administrazio publikoen arreta berezia; hasteko, administrazioekiko harremanetan itzulpen-zerbitzua emateko beharra dute. Halaber, horri buruz jardun dugu etorkinen arretarako atalean, txosten honetako III. kapituluan bertan.
V.2. Emakumeen parte-hartzea Irungo eta Hondarribiko alardeetan
Oso azaletik aipatu nahi ditugu emakumeek alardetan berdintasunez parte hartzeko erakunde-konpromisorik ez dutela-eta Irungo eta Hondarribiko udalen aurka jasotako kexak. Zehazki, planteatu digute bi udalek uko egin diotela beren herrietan eskuorri batzuk zabaltzeari. Eskuorri horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak banatu ditu lurralde horretako udal guztietan, Gipuzkoako jaietan emakumeek berdintasunez parte hartzearen inguruan gizartea sentsibilizatzeko. Horrez gainera, salatu dute Hondarribiko Udalak ez duela lagundu Jaizkibel konpainia ageriko egin eta jaietan normal integratzen laguntzeko kaleko entsegu-ordutegiak emateko orduan, alardearen aurretik eskuarki egiten diren konpainia guztien entseguetan. Kasu horietan, udal horiei gogorarazi diegu beharrezko neurriak ezarri behar dituztela jaietan emakumeen eta gizonen erabateko berdintasuna lortzeko. Alde horretatik, uste dugu oso garrantzitsua dela Euskal Herriko jaietan emakume eta gizonen berdintasuna bermatzeko Arartekoaren abenduaren 21eko 3/2010 Gomendio orokorrean –lehen aipatu dugu– jasotako gomendioak onartzea eta aplikatzea. 2011. urtean begiratuko dugu eragindako udal guztiek ezarri ote duten.
V.3. Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko ekintza positiboak
Azkenik, bi kexa aipatuko ditugu, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan administrazio publikoek egindako bereizkeriarekin eta ekintza positiboekin loturikoak. Horien oinarri juridikoa honako lege hauek dira: Konstituzioko 14. eta 9.2 artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Estatuko berdintasunari buruzko legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea, eta Emakumeen eta Gizonen arteko Benetako Berdintasunerako 3/2007 Lege Organikoa.
• Emakumeek herriko historian izan duten betekizuna ikusezin bihurtzen duten udal panelak. Herri bateko bizilagunek adierazi digute beharbada emakumeak baztertu egin dituela Udalak, argazkiz eta testuz osatutako herriko historiari buruzko panel batzuk jendartera hedatzeko egin dituen jarduketetan. Izan ere, horietan soil-soilik herriko gizonen balioa nabarmentzen da, itsasoko gizon gisa, eta ez dira inola ere aipatzen emakumeek herri horretako historian egindako ekarpenen balioa eta merituak. Gure esku-hartzearen xedea hauxe izan da: argitzea udal horrek kontuan hartu ote duen emakumeek herriko historian eta garapen ekonomiko, kultural eta sozialean izan duten betekizuna ageriko egiteko beharra. Horretarako, uste dugu beharrezkoa dela ahalegin gehigarri bat egitea material egokiak bilatzeko eta oro har isildu den historia hori agertzeko edukiak lantzeko. Alde horretatik, beharrezkoa da ekintza positiboak egitea, bereziki emakumeak ageriko egiteko, haien kontakizuna sistematikoki ezkutatu baita historian. Emakumeak historian etengabe bihurtu izan dira ikusezin, eta, gaur egun jakinik emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak gure gizarteari nolako kaltea egiten dion, erauzi egin behar dugu. Horretarako, beharrezkoa da botere publikoek beren-beregi aipatzea emakumeek gure historian egin dituzten ekarpenak; izan ere, nahiz eta urte askoan ezkutuan egon diren, erabakigarriak izan dira gure gizartea garatzeko. Gizonek ekarritako balioak soilik aipatzeak isildu egiten du biztanleen beste erdiek, emakumeek, gaur egun garena izateko egin duten ekarpen baliozkoa. Gaur egun ebaluatzen ari gara gai horren inguruan zer ebazpen atera, baina kezkatu egiten gaitu Udalak ez onartzea bene-benetako berdintasuna lortzeko oinarri diren postulatuak, hau da, beharrezkoa dela "emandako errealitateaz" harago joatea, hori ere sorkuntza ideologiko bat dela ulertuta, eta zalantzan jarri behar dela, benetan berdintasunezkoa den "errealitate berri" bat lortzeko.
• Enplegurako prestakuntza lortzeko emakumeen aldeko ekintza positiboak egitearen aurkako salaketa Bestalde, gizon gazte batek kexa bat aurkeztu digu Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren aurka, emakumeei lehentasuna ematen dielako enplegurako prestakuntza-ikastaro batzuetan sartzeko. Haren iritziz, baztertu egiten dute, gizonezkoa den aldetik. Kexa aztertuta, ondorioztatu dugu jarduketa hori erabat zuzena dela. Izan ere, ez dago bereizkeriarik, baizik eta ekintza positiboko kasu bat da, eta badago justifikazio objektibo eta arrazoizko bat tratu desberdina emateko. Oso garrantzitsua iritzi diogu kexa horren sustatzaileari xeheki eta argiro azaltzeari zergatik diren gisa horretako neurriak guztiz zuzenbidearen araberakoak. Izan ere, uste dugu beharrezkoa dela lan pedagogiko bat egitea, herritar guztiek uler dezaten zein den ekintza positiboen zentzua; hau da, beharrezko eta bidezko tresna dela, abiapuntuko bidegabekeria indargabetzeko; kasu honetan, modu aktiboan sustatuta historian zehar hainbat arlotan, hala nola emakumeak lana eskuratzeko orduan, baztertu diren taldeen berdintasuna.
VI. Ondorioak
2010. urtean arlo honetan egindako lanari dagokionez, honako hau nabarmentzen da batez ere:
• Genero-indarkeria
Erakundeek genero-indarkeriaren kasuetan ematen duten erantzunarekin loturiko gaiei buruzko kexak ugaritu egin dira, eta, gainera, aurten areagotu egin da gisa honetako indarkeria jasaten duten emakumeen heriotza-kopurua. Horren ondorioz, emakume horiei arreta eta laguntza emateko gure sistemaren gabeziei buruzko gogoeta egin dugu. Arlo hori kontrolatzeko gure lanetik atera ditugun ondoriorik nabarmenenak honako hauek dira:
Babes-arau batzuk ez direla eraginkorrak eta ez direla nahikoak (hala nola doako justiziari buruzko araudia, etxebizitza eskuratzeko araudia eta familiei laguntzeko araudia) genero-indarkeriaren kasuetan; oinarrizko zenbait gizarte-zerbitzuk eta tokiko zenbait poliziak ez dutela prestakuntza espezializaturik genero-indarkeriaren kasuetarako; erakundeen erantzuna barreiatuta dagoela eta ez dagoela administrazioen arteko koordinaziorik kasu bakoitzari oro har heltzeko; zer disfuntzio sor daitezkeen prozesu judizialen esparruan gisa honetako indarkeria jasaten duten emakumeentzat eta haien seme-alabentzat; urruntze-aginduak ez direla eraginkorrak eta horrek galarazi egiten duela zenbait kasuren berezitasunak kontuan hartuta laguntza pertsonalizatu eta egokitua ematea, eta arrazoi horrengatik ez zaiela ematen nahi den babesa; beharrezkoa dela emakume etorkinei arreta berezia ematea, arlo honetan ahulagoak direlako.
Lan-eremu horri dagokionez, harremanetan egon gara Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzarekin (GIBZ), bai eta genero-indarkeria jasaten duten emakumeei laguntza ematen dieten elkarteekin ere. Horiei gure gogoetak helarazteko aukera izan dugu, eta gai horren inguruko ikuspuntuak eta iritziak trukatu ditugu.
Dena dela, garrantzitsutzat jo dugu, genero-indarkeria jasaten duten emakumeentzako laguntza hobetzen modu eraginkor eta zuzenagoan laguntzeko helburuarekin, Arartekoak parte hartu ahal izatea etxeko tratu txarrak eta sexu-erasoak jasaten dituzten emakumeentzako laguntza hobetzeko Erakunde arteko II. Akordioaren Jarraipen Batzordean. Horretarako, formalki eskatu dugu batzordean sartzea, eta gaur egun akordio hori sinatu duten alderdien erantzunaren zain gaude.
Azkenik, erakundeek Barakaldoko emakume bati eman zioten erantzuna ikertzeko sustatu dugun ofiziozko jarduketa nabarmendu nahi dugu. Izan ere, senargai ohiak hil zuen, urruntze-agindua bazuen ere, 2010. urteko abenduan. 2011. urtean ezagutu ahalko ditugu ikerketa horren emaitzak, eta hortik ondorioak atera nahi ditugu, Euskal Autonomia Erkidegoan berriro halako gertaera dramatiko eta gaitzesgarririk ez gertatzeko oinarriak ezartzeko.
• Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari eragiten dioten kontuei buruzko gomendio orokorrak
Hiru gomendio orokor egin ditugu lan-arlo honen intereseko gaiaren inguruan:
Arartekoaren urriaren 15eko 1/2010 Gomendio orokorra –erakunde honetako justizia-arloak egina–, banandutako gurasoen erantzukizun partekatuari buruzkoa. Horren bidez, botere publikoei eskatu genien eska ditzatela, nork bere eskumenen neurrian, beharrezko lege-aldaketak banantze eta dibortzio kasuetan seme-alaben zaintza bi gurasoek izan dezaten errazteko, hautabide onena bezala. Hori gurasoen erantzukizun partekatuaren bidez egingo da, betiere haurren interesa babestuz beste ezer baino lehenago. Nabarmendu nahi dugu erakunde honetan aldezten dugun jarrera genero-ikuspuntu zorrotzean oinarritzen dela. Izan ere, arlo honetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna soilik lortuko da baldin eta egitate biologikoa dela-eta seme-alaben zaintza mekanikoki amei ematen dien automatismo judiziala amaitzen bada.
Arartekoaren abenduaren 21eko 3/2010 Gomendio orokorra –Arartekoko berdintasunerako arlo honek egina–, Euskal Herriko jaietan emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeari buruzkoa. Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko jai-ekintzetan parte hartzeagatik sortutako gatazkek bide eman digute gure iritzia emateko, eragindako udal batzuei bidalitako ebazpen, gomendio eta adierazpenen bitartez. 2010. urtean komenigarritzat jo dugu planteatutako arazoari modu bateratuan heltzea eta gure ikuspuntua, bai eta horren ondoriozko gomendioa ere, euskal administrazio publikoei helaraztea. Horietan agerian uzten dugu gure iritziz beharrezkoa dela tokiko botere publikoek, foru aldundiak eta administrazio autonomikoak, nork bere eskumenen esparruan, ez laguntzea herritartasun-kontzeptu herren bat sendotzen jaiak emakumeentzat eta gizonentzat berdinak ez diren Euskal Herriko tokietan, beren babes esplizitu edo inplizituarekin, anbiguotasunarekin edo inhibizioarekin. Erakunde honentzat bereziki garrantzitsua da erakunde publiko guztiak aktiboki eta irmoki inplikatzea, hinki-hankarik gabe eta indeterminaziorik gabe, Euskal Herri osoan emakumeentzako eta gizonentzako berdintasunezko jaiak sustatzeko.
Arartekoaren abenduaren 28ko 5/2010 Gomendio orokorra, familia, lana eta norberaren bizitza bateratzeko neurri gisa lanaldia murrizteko eta moldatzeko edo aldatzeko eskaeren tratamenduari buruzkoa, Arartekoko funtzio publikoaren arloak egina. Gomendio horrekin, funtzio publikoaren arloko araudia aldatu edo egokitzea bultzatu nahi dugu –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Eusko Legebiltzarraren martxoaren 2ko 4/2005 Legean agindutakoa betez, hau da, administrazio publikoetako langileen lan-baldintzei buruzko arauen barruan lanaldia malgutzeko eta berrantolatzeko neurriak sartuz, emakumeen eta gizonen bizitza, familia eta lana bateratzea errazteko–, behar besteko estaldura juridikoa emateko familia eta lana bateratzen lagunduko duten neurriei, eta, hala, gaur egun zenbait kasutan sortzen diren interpretazio-zalantzak argitzeko.
• Elkarteekin egindako bilerak (batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan prostituzioan jarduten diren emakumeen arazoei erakundeek ematen dieten erantzunaren inguruan)
Urtean zehar emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin loturiko hainbat eremutan lan egiten duten talde eta elkarteekin bildu gara. Bilera horien artetik, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan prostituzioan aritzen diren emakumeekin lan egiten duten elkarte guztiekin egindakoa nabarmendu nahi dugu. Bilera horretan, aukera izan dugu haztatzeko zer iritzi duten arlo horretan lan egiten dutenek Euskal Autonomia Erkidegoan bereziki ahulak diren pertsonen eskariei eta beharrei erakundeek ematen dieten erantzunaren inguruan. Lehen hurbilketa horretatik ondorioztatu ahal izan dugu beharrezkoa dela eztabaida hau sortzea: beharrezkoa dela euskal botere publikoak inplikatzea, emakume horien bizi-baldintza zailak hobetzeko erantzunak emateko. Arrazoi horrengatik, erabaki dugu 2011. urtean Arartekoan lanean jarraitzea gai honen inguruan. Horretarako, tresna berriak eratuko ditugu, eta, horien artean, ziur asko herritarrek parte hartzeko foro bat antolatuko dugu, Euskal Autonomia Erkidegoan prostituzioan aritzen diren emakumeen egoerari buruz jarduteko.
• Kexa aipagarrienak
Azkenik, arlo honetako kexen harira planteatu diren gairik nabarmenen artean, aipatu nahi dugu ekintza positiboek zer irismen eta zer muga dituzten, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lor dezaketela. Garrantzitsu irizten diogu botere publikoak arlo honetan jarrera proaktiboa izateko beharraz jabetzea, eta, horren ondorioz, emakumeek historian izan duten baztertze-egoera indargabetuko duten neurriak bultzatzea, eremu guztietan benetan errealitate berdinzale bat lortzeko modu bakar gisa. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloaren gaur egungo erronka handiena da jarduera publiko guztiek genero-ikuspegia izatea, desberdintasuna sumatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, behar bezala zuzentzeko, emakumeen aldeko ekintza positiboak abian jarrita. Horrek tokian tokiko kultur jarduerei ere eragiten die. Esate baterako, herri bateko historia zabaltzeko antolatu diren ekintzen eta argitaratu diren materialen kasua, arlo honetan jasotako kexei buruzko atalean aipaturikoa.
3. Ezintasunen bat duten pertsonak
I. Aurrekariak
Ezintasunen bat duten pertsonek beti izan dute leku nabarmena gure erakundean; izan ere, talde horrek oztopo handiak ditu bere eskubideak baliatzeko. Erakunde honek urte hauetan egin dituen jarduketa ugarietan, hauxe izan da lehenengo helburua: gizartea sentikorrago egitea talde horrek dituen benetako beharren inguruan, bene-benetakoa izan dadin bereizkeriarik ez jasateko eta aukera berberak izateko duten eskubidea.
Beharrezkoa da onartzea pertsona horiek eskubideen benetako subjektu direla eta gainerako herritarrek dituzten aukera berberak dituztela. Desberdintasuna errespetatzen bada eta desberdintasun hori aniztasunaren eta giza izaeraren parte gisa onartzen bada lortuko da pertsona horiek bene-benetan gizarteratzea. Horregatik da denon lana, gizartearena oro har eta botere publikoena bereziki, gehiago lortu nahi izatea eta pentsamoldeak eta paradigmak aldatzearen alde egitea gure hiriak diseinatzeko orduan, gizarte-baliabideak antolatzeko orduan, aisialdia eta kirola eratzeko orduan, gure harreman pertsonalak irudikatzeko eta gauzatzeko orduan. Gizakiaren funtzionaltasun askotarikoek izan behar dute aldaketa horren gidari, errespetua eta gure gaitasun ugariekiko begirunea oinarri direla.
Premisa horretatik abiatuz, gure gizartean arlo horretan gertatzen ari diren aurrerapen handiak sustatzen laguntzeko asmoz heltzen dio Arartekoak bere ardurapeko lan horri, oraindik egiteko asko dagoela jakinik. Gure lanaren lagin garrantzitsu bat kapitulu hau irakurrita ikus daiteke. Izan ere, modu bateratuan saiatu gara biltzen erakunde honek ekitaldi honetan egin duen jarduera, hala aurkeztutako banakako kexak izapidetzean lortu duen emaitzari dagokionez nola erakunde honek proposatu dituen eta botere publikoen jarduketa-esparru guztiei eragiten dieten jarduketei dagokienez.
II. Araudi-testuingurua
2009. urteko ekitaldian, atal honetan nabarmendu genuen Espainiako Estatuan 2008ko maiatzaren 3an indarrean sartu zela NBEk 2006ko abenduaren 13an onetsitako Ezgaitasunen bat duten Pertsonen Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioa. Hala, adierazi genuen Konbentzioak aldaketa handia ekarri zuela ezgaitasuna tratatzeko moduari dagokionez; izan ere, gainditu egin zen errehabilitazio-eredua, gizarte-ereduaren premisetan inspiratuta. Itunak, formalki, oinarrizko eskubideen eremura aldatzen ditu ezintasunen bat duten pertsonak gizarteratzeko politikak. Horregatik, beharrezkoa da jarduketa publiko guztietan zeharka heltzea talde horri eragiten dioten eskubideei.
Nahiz eta Konbentzioa indarrean sartu zenetik gure ordenamendu juridikoaren parte den, beharrezkoa da hainbat doikuntza eta aldaketa egitea ezintasunen bat duten pertsonei eragiten dieten arau batzuetan, aplikatzeko orduan kontraesanik ez izateko eta Konbentzioak jasotzen dituen eskubideak benetan bermatu ahal izateko.
Horri dagokionez, esan dezakegu txosten hau idazten amaitu genuenean Diputatuen Kontseiluan izapidetzen ari zirela Ezintasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioaren inguruko araudia ezartzeko lege-proiektua.
Aurrez ikusi diren arau-egokitzapenak hainbat dira. Batetik, zenbait aldaketa egin dira aukera-berdintasunari, bereizkeriarik ezari eta ezintasunen bat daukaten pertsonen irisgarritasun unibertsalari buruzko abenduaren 2ko 51/2003 Legean; alde horretatik, nabarmendu behar da Konbentzioan ezintasunen bat duten pertsonen inguruan egin den legezko definizioaren arabera doitu dela. Bestetik, osasunaren arloan, pertsonek osasun-administrazioekiko harremanetan bereizkeriarik ez pairatzeko kausa gisa gehitu da ezgaitasuna. Azkenik, enpleguaren arloan, lan-eskaintza publikoan dauden lanpostu hutsak gordetzeko kupoa gehitzea aurreikusi du, bai eta pizgarriak ematea ere, lan-merkatu arruntean ezintasunen bat duten pertsonen kontratazioa sustatzeko.
Espero dugu arau hori legegintzaldi honetan onartzea; izan ere, lorpen handia litzateke, baldin eta Konbentzioa inspiratu duen sistema egoki jasotzen bada gure ordenamendu juridikoan.
Bestalde, adierazi behar dugu Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaian ezintasunen bat duten pertsonen parte hartzerako eta bizi-kalitaterako Plana (2010-2013) onetsi duela. Horren helburua da ezintasunen bat duten pertsonak eta haien familiak laguntzen eta sustatzen dituzten pertsonen, erakundeen eta entitateen jarduketa hobetzea.
Azkenik, adierazi behar dugu Diputatuen Kontseiluaren osoko bilkurak mozio bat onetsi duela, aho batez, eta, horren bidez, Estatuko Gobernuari eskatu diotela aurkez dezala, sei hilabeteko epean, proposamen bat Kode Zibila eta Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legea (aurrerantzean JHL) aldatzeko, bizilagunen erkidegoetan etxebizitzen eta gune partekatuen irisgarritasuna bermatzeko. Ekimen horren helburua da Kode Zibileko 569, 585 eta 1936. artikuluak erreformatzea, zortasunei eragiten baitiete eta arkitektura-oztopoak kentzea zaildu baitezakete. Halaber, JHL aldatu asmo da; izan ere, gaur egun galarazi egiten du oztopoak kentzeko obrak egitea, mugatu egiten baitu erkidegoa ordaintzera behartuta dagoen gehieneko gastua; zehazki, gastu arrunten hiru hilabeteri dagokion zenbatekoa da muga hori. Halaber, eskatu diote alda dezala bizilagunen erkidegoetan berriztapenak onartzeko gehiengoen adostasuna izateko beharra.
III. Jarduera-plana
Erakunde honek ezintasunen bat duten pertsonen elkarteekin egin dituen bilerak etengabeak izan dira ekitaldi honetan, bai planteatutako kexak izapidetzearen ondorioz, bai haien lankidetza eskatu dugulako proposatutako ezohiko txostenak egiteko, bai elkarteek eurek eskatu dutelako.
Alde horretatik, Ezintasunen bat duten Arabako Elkarteen Plataformarekin egindako bilera nabarmendu behar dugu. Plataforma hori honako elkarte hauek osatzen dute:
- Araba Down, down sindromea duten pertsonak erabat gizarteratzeko.
- Arabako Gorrak, Arabako gorren elkartea.
- Arazoak, Arabako autismo eta beste garapen-nahaste orokor batzuen elkartea.
- Aresbi, arantza bifidoa dutenen Arabako elkartea.
- Aspace, Arabako elbarritasun zerebralaren eta antzeko gaitzen elkartea.
- Aspasor, Arabako gorren familien eta lagunen elkartea.
- Atece, hartutako kalte zerebralaren Arabako elkartea.
- Eginaren Eginez, gutxitasun fisikoa duten pertsonen Arabako elkartea.
- Ezgaitasun Taldea.
- Itxaropena, ikusmen-urritasuna duten pertsonen Arabako elkartea.
Topaketa horretan, oro har talde horri eragiten dioten gaiez hitz egin genuen, baina aipaturiko plataformak bi kontu hauen inguruan sakondu nahi izan zuen batez ere: ezintasunen bat duten pertsonek lan publikoa eskuratu ahal izateaz eta ezgaitasun psikikoa duten pertsonek babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu ahal izateaz. Hala, Arartekoak konpromisoa hartu zuen 2003. urtean aurkeztu zuen ezohiko txostenaren jarraipena egiteko. Hain zuzen ere, txosten hori ezintasunen bat duten pertsonen laneratzeari buruzkoa zen, eta, zehazki, lan-eskaintza publikoetan ezintasunen bat duten pertsonen sarbidea bermatzeko ezarritako erreserba-kuotak zenbateraino betetzen ziren aztertzen zen. Aipaturiko ezohiko txosten horretan, ahalegina egin zen xeheki aztertzeko zenbateraino aplikatu ziren lana sustatzeko neurriak gure erkidegoan, eta beste testuinguru batzuetako neurriekin konparatu ziren. Halaber, ezintasunen bat duten pertsonen lanaren kalitatea aztertu zen, bai eta kontratatutako pertsonen eta enpresa kontratatzaileen ezaugarriak ere, lan-munduan sartzea errazten edo zailtzen duten faktoreak zein diren aztertzeko. Hori guztia oinarritzat hartuta, beharrezko neurriak proposatu ziren, azken batean taldearen bizi-kalitate hobe bat bermatzeko.
Bestalde, Euskal Gorrak elkartearekin egin genuen bilera aipatu behar dugu. Elkarte hori EAEko pertsona gor helduen 6 elkartek osatzen dute:
– Bizkaian, APSBB (Bilboko eta Bizkaiko pertsona gorren elkartea) eta ASB (Basauriko pertsona gorren elkartea) daude.
– Gipuzkoan, ASG-GGE (Gipuzkoako pertsona gorren elkartea) eta Gainditzen (Tolosaldea-Goierriko pertsona gorren elkartea).
– Araban, Arabako Gorrak elkartea dago (Arabako pertsona gorren elkartea).
Taldeak arazo hauek planteatu zituen: gaur egun oraindik komunikatzeko oztopo handiak aurkitzen dituztela gizarteko eremu gehienetan. Alde horretatik, beste hainbat konturen artean, adierazi ziguten zeinu-mintzairako interpreterik ez dagoela lanbide-heziketako prestakuntza-zikloetan, komunikatzeko oztopoak dituztela osasun arloan eta EITB euskal erakunde publikoak ez duela betetzen irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea. Kontu horietako gehienak dagozkien administrazioekin jorratu ditu erakunde honek ekitaldi honetan, eta horren emaitzak hurrengo atalean azalduko ditugu.
Bestalde, aipatu behar dugu elkartearekin konpromiso bat hartu dugula, Arartekoko instalazioak entzumen-urritasuna duten pertsonen beharretara egokitzeko. Horretarako, jendeari arreta emateko gure bulegoetako komunikaziorako eskuragarritasuna optimizatzen saiatuko gara, begizta batzuk instalatuta eta bulego horietako arduradunei oinarrizko jarraibide batzuk emanda, entzumen-urritasuna duten pertsonei ematen dieten arreta hobetzeko.
Halaber, erakunde honek dei egin zien Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako ezgaitasun fisikoa duten pertsonen elkarteetako arduradunei, jasotzen ari ziren kexa ugarien edukia aztertzeko. Hain zuzen ere, kexa horietan salatzen zen 2010eko urtarrilaren 1ean Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren azken aldaketa sartu zela indarrean, ezgaitasunaren ziozko salbuespenari eragiten ziona. Horren berri labur eta zehatz emango dugu hurrengo atalean. Bilerara erakunde hauetako ordezkariak etorri ziren: FEKOOR (gutxitasun fisikoa edota organikoa duten pertsonen Bizkaiko federazioa)), ELKARTU (gutxitasun fisikoa duten pertsonen Gipuzkoako federazioa) eta EGINAREN EGINEZ (gutxitasun fisikoa duten pertsonen Arabako elkartea), eta modu zehatzean azaldu ahal izan zuten zergatik ez zeuden ados zerga horretan sartutako aldaketarekin.
Azkenik, eskerrak eman behar dizkiegu aipaturiko elkarte horiei, bai eta EDEKA elbarrituen ordezkarien euskal koordinatzaileari eta ONCE fundazioari ere, EAEko garraio publikoaren sistemaren irisgarritasunari buruzko ezohiko txostena egiteko lankidetzan jardun dutelako eta parte hartu dutelako. Horien ekarpena erabakigarria izan da gaur egungo egoeraren diagnostiko zehatza egiteko. Egindako landa-lanari esker eskuratutako datuetatik, bai eta dagozkion eragileek eta administrazioek emandako informaziotik ere, esan dezakegu, laburpen gisa, honako hau izan dela berriki argitaratutako txosten horretan lortutako azken emaitza:
Irisgarritasun unibertsalak berekin dakar hiriguneak, eraikinak, garraio-sistemak, komunikazioa eta zerbitzuak irisgarriak izatea; horiek oinarrizko elementuak dira pertsonen berdintasuna eta haien eskubideekiko errespetua bermatzeko. Garraio-sistemen irisgarritasun unibertsalari esker, herritar guztiek modu aktiboan parte har dezakete, aukera berberekin, gizarte- eta ekonomia-bizitzan.
Aldi berean, irisgarritasun unibertsalak berekin dakar denontzako diseinuaren estrategia. Horretarako, beharrezkoa da onartzeak gizarte osoak egokitu behar duela bere kideen aniztasunera. Horregatik, ezintasunen bat duten pertsonek mugitzeko gaitasun erabatekoa izateko moduan bideratu behar da estrategia hori; horretarako, beharrezkoa da garraio-zerbitzu unibertsal bat ematea, pertsona guztiei beren kasa eta berdintasun-baldintzetan moldatzeko modua emango diena.
EAEn, irisgarritasunaren arloko esparru juridikoa irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak ekarria da. Legeak zehaztutako esku-hartze esparruetan aplikatzekoak diren baldintza teknikoak lege hori garatzen duten bi dekretuetan ezarri dira: apirilaren 11ko 68/2000 Dekretua, hiriguneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onetsi dituena, eta uztailaren 10eko 126/2001 Dekretua, garraiobideen irisgarritasun-baldintzei buruzko arauak onetsi dituena.
Legea indarrean sartu zenetik, asko aurreratu da garraiobideetan irisgarritasun-baldintza teknikoak ezartzeari dagokionez. Nolanahi ere, txosten honetan egindako diagnostikoak bide ematen du ondorioztatzeko gaur egun oso nabarmenak direla garraiobideen erabilera unibertsala baldintzatzen duten gabeziak.
Horri dagokionez, esan dezakegu EAEko tren-garraioa ia-ia iritsiezina dela. Lortutako datuak eztabaidaezinak dira: Irisgarritasun fisikoari dagokionez, oinezkoentzat diren azpiegituretako inguruneen %78 iritsiezinak dira; halaxe dira geltokien %78 ere; eta kasuen %83etan ez da bermatzen kaletik nasara oinezkoentzako bidea izango denik.
Azken urteetan esku-hartze ugari egin dira, eta gaur egun ere jarduketa asko ari dira egiten, baina tren-sistemak oraindik ere irisgarritasun-gabezia estruktural handiak ditu. Beraz, oraindik inbertsio asko egin behar da zerbitzu horien erabilera unibertsala bermatzeko.
Errepide bidezko sistemen irisgarritasunari dagokionez, esan daiteke autobus-terminal nagusien egoera ez dela oso ona, ez eta autonomia erkidego osoko geltokiena ere. Halaber, oraindik ez da lortu erabateko irisgarritasuna hiriarteko eta ibilbide luzeko autobusetan. Ondore horietarako, erabakigarria izango da errepide bidezko bidaiarientzako linea erregularren emakida berritu ahala –luze gabe egitea aurreikusten da– eragileei ezarriko zaizkien baldintza teknikoak betetzea.
Komunikazioan irisgarritasuna bermatuko duten neurri teknikoak ezartzea konpondu gabeko kontua da autonomia erkidegoko garraio-sistema osoan, bai eta irisgarritasun fisikoaren ikuspuntutik emaitza hobea duten sistemetan ere, hala nola metroan eta tranbian. Garraio-sistemetan informazioa eta komunikazioa eskuratzea bermatzen duten elementurik ez izateak galarazi egiten du ikusmen eta entzumen urrituek garraio publikoa beren kasa erabili ahal izatea.
Azkenik, nabarmendu behar dugu beharrezkoa dela tokiko administrazioek oinezkoentzako ibilbideak eta garraio-azpiegituretarako sarbideak egokitzea, ziurrak eta irisgarriak izan daitezen.
Kontuan izan behar da oso garrantzitsua dela joan-etorrien kate osoan bermatzea irisgarritasuna, jatorritik helmugara, zenbat etapa egin diren eta zer garraio-modu erabili den alde batera utzita.
IV. Kexarik aipagarrienak
Atal honetan arloz arlo azaldu ditugun kexen bidez, ikuspegi orokor bat eman nahi dugu aurkeztutako kexen banaketaren inguruan –kasu gehienetan, ezintasunen bat duten pertsonek edo haien familiakoek aurkeztu dituzte–, garbi gera dadin zeharkakoak direla gure iritzipean jarri diren auziak, eta, ikus daitekeen bezala, erakunde honetako lan-arlo gehienak hartzen dituztela. Gainera, modu horretan, are nabarmenago gertatzen da ezintasunen bat edo irisgarritasun-arazoren bat duten pertsonek gaur egun oraindik era guztietako oztopoak aurkitzen dituztela, hau da, hirigintzakoak eta arkitekturakoak, sozialak, kulturalak eta kolektiboak.
Hirigintza-jarduketen inguruko kexak nabarmendu dira gehien, gizarte-zerbitzuen inguruko kexekin batera, gainerako arloetan aurkeztutako kexekin konparatuz gero.
IV.1. Hirigintzako irisgarritasuna
Ingurune fisikoa edo hirigunea irisgarriak ez direla eta, oraindik ere ezintasunen bat duten pertsonek erreklamazioak jartzen dituzte erakunde honetan.
Adibide gisa, hizpidera ekarri nahi dugu Bizkaiko elkarte batek Bilboko Mazarredo kalean egiten ari ziren urbanizazio-obrak zirela-eta aurkeztutako kexa. Kexaren idazkian jakinarazi zutenez, hasieran obra horren bidez igogailu bat jartzeko asmoa zuten, Mazarredo kalea Abandoibarra inguruarekin komunikatzeko, eta, modu horretara, irisgarritasunari buruzko araudian jasotako aurreikuspenak betetzeko. Alabaina, babes-hesiak kendu zituztenean, ikusi zuten ez zutela igogailurik ipini. Hala, harremanetan jarri ziren obrako arduradunekin (BILBAO RIA 2000), eta baieztatu ahal izan zuten ez zutela instalatu jartzekoa zuten igogailua, nahikotzat jo zutelako Mazarredo kalean Izozaki pasabidearen parean dagoen igogailua.
Elkarte horrek salatu egin zuen BILBAO RIA 2000 sozietatearen jarduketa; izan ere, elkartearen ustez, irisgarritasuna hobetzeko obra horietan igogailua kentzeak nabarmen urratzen du araudia, eta mugatu egiten du hirigunearen erabilera, mugitzeko arazo gehien duten pertsonentzat mugatu ere. Halaber, argudiatu zuten Izozaki pasabidean, 500 bat metrotara, igogailua izatea ez dela arrazoia irisgarritasunari buruzko araudia ez betetzeko, areago kontuan hartuta gertuago Mazarredoko eta Guggenheimeko eskailerak daudela (190 eta 250 metrotara hurrenez hurren), eta horregatik ez dietela utzi eskailerak egiteari alde horretan egin diren urbanizazio-obra berrietan.
Arartekoa aspaldi ari da erreklamatzen administrazio publikoei, eta bereziki udalei, analisi sakon bat egin dezatela irtenbide teknikoak instalatzeko hautabideen inguruan, hiriguneen irisgarritasun-arazoak konpontzeko. Behin eta berriz esan dugu beharrezkoa dela herritar guztiek baldintza berberetan erabil ditzaketen instalazioak lehenestea, ezintasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunerako eta bereizkeriarik ez jasateko printzipioak betetzeko.
Asmo horrekin jo genuen Bilboko Udalera, eta, azkenean, erabaki zuten hasieran onetsitako urbanizazio-prozesuan aurreikusita zegoen igogailua ipintzea.
Bestalde, aipatzekoak dira mugikortasun urrituko pertsonek erabilera publikoko eraikinetara, hala nola udal bulegoetara, gizarte-etxeetara, osasun-zentroetara, ikastetxeetara eta gizarte-zerbitzuetara joateko dituzten zailtasunak direla-eta jaso ditugun salaketak.
2010. urtean, udal titulartasuneko eraikin bat inauguratu da, Bilboko Alondegia. Bertan, jarduera fisikorako gune ugari daude, bai eta aisialdirako beste zenbait zerbitzu ere, hala nola zine-aretoak, erakustaretoak, tabernak eta jatetxeak. Alabaina, ezin eztabaidatuzkoa bada ere eraikuntza berriko eraikin horrek indarrean dagoen irisgarritasunari buruzko araudia bete behar duela, Gutxitasun Fisikoa duten Bizkaiko Pertsonen Elkarteak erakunde honetara jo zuen, eraikin horretako aparkalekuan arkitektura-oztopoak daudela salatzeko.
Horri dagokionez, adierazi zuten eraikineko lurpeko parkingean badaudela mugikortasun urrituko pertsonentzat gordetako aparkalekuak, igogailuetara sartzeko ateen ondoan kokatuak eta ondo seinaleztatuak. Nolanahi ere, bide publikora irteteko solairuan, garaje horrek dituen hiru sarbideetatik bitan, eskailerak daude igogailua gelditzen den lekuaren eta kalearen artean, eta irteera horiek (Iparragirre kalera eta Urkixo Zumarkalea kalera ematen dute) iritsiezinak dira. Elkarteak adierazi zuen, egindako ikuskapen-bisitan egiaztatu zutenez, hasiera batean ez dirudiela eragozpenik dagoenik 0 kotan igogailuak instalatzeko.
Erakunde honek egindako lehen eskaerari emandako erantzunean, Bilboko Udalak argudiatu zuen Urkixo Zumarkalea eta Iparragirre kaleetara joateko igogailuak ez direla kalearen sestrara iristen eraikina ondare historiko eta artistikoko elementu gisa babestuta dagoelako; ondorioz, bere hartan utzi behar dira jatorrizko eraikineko fatxadak eta lehenengo horma-arteak, eta horien forjaketek irteera baten sestrarekin baizik ez dute egiten bat.
Kontuan hartuta irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20 /1997 Legeko 3.1 c) artikuluak behartu egiten duela Euskal Autonomia Erkidegoko ondare historiko-artistikoa lege horrek ezarritako irisgarritasun-irizpideetara pixkanaka egokitzera eta Urkixo Zumarkalean kokatutako igogailua bat datorrela hango zapaldarekin, berriro ere tokiko erakunde horretara jo genuen, eta eskatu genien azter zezatela zein neurri ezar daitezkeen eraikineko aparkalekuko bi irteeretan sumatutako irisgarritasun-arazoak konpontzeko.
Azken eskaera horri erantzunez, Bilboko Udalak jakinarazi zigun igogailuak instalatu dituen merkataritzako sozietateak proiektu bat aurkeztu duela, eta proiektu horretan Urkixo zumarkalera ematen duen igogailua egokitzea aurreikusi dela, kalearen sestrara iritsi ahal izateko. Egokitzapen hori ez bada bideragarria, eskailera horiek gainditzeko plataforma jasotzaileak instalatzea planteatuko da.
Bestalde, nabarmendu nahi dugu ezintasunen bat duten pertsonen aisialdiari ere eragiten diola denontzako diseinua kontzeptuaren esanahiak, eta maiz ikusten ditugula printzipio hori ez betetzen ez duten adibide garbiak denbora-pasako instalazio ugaritan. Zine-areto berriak Irisgarritasuna Sustatzeko Legean ezarritakoa betez diseinatzen dira, eta, aurrez ezarritako kanonei jarraituz, aretoetako lehen ilara gurpil-aulkian dabiltzan pertsonentzat gordetzen da, eserleku guztiak kenduta. Begien bistakoa da hori eginda arauan ezarritakoa betetzen dela; izan ere, gisa horretako esparruetan hainbat leku gordetzera behartzen du legeak. Alabaina, harago jo behar dugu, eta kontu horren inguruko gogoeta egin, era honetara: ezintasunen bat duten pertsonek zergatik ez duten eskubiderik, baldintza berberetan, aretoan non jarri erabakitzeko, edo zergatik ezin diren aretora lagunekin joan edo egon.
Gauza bera gertatzen da futbol-zelaietan eta saskibaloiko estadioetan, eta abar. Berriki, ama batek gure erakundean salatu du bere 11 urteko semea –gurpil-aulkian dabil eta oso gogoko ditu futbola eta saskibaloia– eskuarki joaten dela estadioetara eta ezin dela bere lagunekin eseri; izan ere, gurpil-aulkian dabiltzanak berariaz haientzat egokitutako guneetan jartzera behartzen dituzte.
Irisgarritasun unibertsalaren eta denontzako diseinuaren printzipioen arabera, inguruneak erantzun egin behar die aniztasunari eta herritar guztien beharrizanei, eta ez da soilik talde jakin batzuen behar berezietara egokitu behar.
Atxiloketa-zentroen irisgarritasuna
Beste urte batez, erakunde honetako ordezkari batzuek bisitatutako komisarietako gela orokor batzuen irisgarritasunaz jardun behar dugu. Bisita horiek "Kalabozoak. Ertzaintzaren eta udalen atxiloketa egoitzak" ezohiko txostenean egindako gomendioak zenbateraino bete diren ikusteko egiten ari garen jarduketen esparruan egin ditugu.
Ekitaldi honetan bisitatutako atxiloketa-egoitzetan –Sestaoko Udaltzaingoa eta Donostiako eta Arkauteko Ertzaintza– ikusi ahal izan dugu hala komunak nola ziegak behar bezala egokituta daudela. Beharrezkoa da zehaztea Sestaoko Udaltzaingoaren komisarian jendeari arreta emateko mahaia ez dela irisgarria mugikortasun urrituko pertsonentzat.
Bestalde, egiaztatu ahal izan dugu ikuskatutako egoitza guztietan dagoela aukera zeinu-mintzairako interprete bat izateko. Nolanahi ere, komisaria horiek ez dute beharrezko komunikazio-sistemarik ikusmen-urritasuna duten pertsonen irisgarritasun-arazoak arintzeko.
Eskakizun txikiko egoitzen irisgarritasuna
Azkenik, gizarte-baliabideei dagokienez, erakunde honetako kideek eskakizun txikiko egoitzak irisgarriak diren ikusteko egindako ikuskapenetan atzemandako hainbat kontu aipatu nahi ditugu. Hala, honako hau adieraz dezakegu:
- Hontza egoitza, Bilboko San Antongo zubian kokaturikoa: Ekipamenduaren irisgarritasunari buruz, adierazi behar dugu eraikinaren sarrera irisgarria dela baina logelak eta komunak ez daudela egokituta. Ohatzeak dauden geletara sartzeko, eskailerak daude, eta eraikineko igogailua ezin dute erabili zerbitzuaren erabiltzaileek, karga-jasogailua delako. Halaber, eraikinak gabezia nabarmenak ditu ikusmen eta entzumen urriko pertsonen irisgarritasun-arazoak arintzeko sistemei dagokienez.
- Onartu eguneko zentroa, Bilboko Errekalde kalean kokatutakoa: Egoitzako sarrera ez da irisgarria, eta ez dago aurreikusita logela eta komunak egokitzea ere. Gainera, ez du ikusmen eta entzumen urriko pertsonen irisgarritasun-arazoak arintzeko sistemetako bat ere.
- Gasteizko Betoño egoitza-zentroa: Baliabide horrek ez ditu betetzen oinarrizko irisgarritasun-baldintzak. Eraikineko sarrera irisgarria da, baina logelak eta komunak ez daude egokituta eta ez du ikusmen eta entzumen urriko pertsonen irisgarritasun-arazoak arintzeko sistemetako bat ere.
- Loiolaetxea elkartea, Donostian kokatua, Ategorrietako Galtzada Zaharra kalean: Ez ditu betetzen irisgarritasun-baldintzak. Eraikineko sarrera ez da irisgarria. Eraikineko garajean badu sarrera irisgarri bat. Egoitzak hiru solairu ditu, eta ez dauka igogailurik. Logelak eta komunak ez daude egokituta eta ez du ikusmen eta entzumen urriko pertsonen irisgarritasun-arazoak arintzeko sistemetako bat ere.
- Neguko Aterpea egoitza, Donostiako Zorroagan kokatua: Ezgaitasun fisikoa duten pertsonentzako irisgarritasun-baldintzak betetzen ditu, baina ez entzumen eta ikusmen urriko pertsonentzat beharrezkoak diren irisgarritasun-baldintzak.
- RAIS egoitza (Lan-munduan eta gizartean txertatzen laguntzeko sarea), Donostiako San Bartolome kalean kokatua: Eraikina 2008. urtean berriztatu zuten, irisgarritasunari buruzko arauan ezarritako baldintzekin bat etorriz, eta, beraz, ez dago arkitektura-oztoporik instalazioan. Alabaina, ez du ikusmen eta entzumen urriko pertsonen irisgarritasun-arazoak arintzeko sistemetako bat ere.
IV.2. Hezkuntza
Atal honi dagokionez, oraindik ere kexak jasotzen ditugu, eta horiek agerian uzten dute komeni dela zehaztea noraino heltzen den hezkuntza-administrazioaren erantzukizuna ikasleek hezkuntza-premia bereziak dituztenean eta premia horiei erantzuteko fisioterapeuten eta halako profesionalen laguntza behar denean.
Jakina denez, hezkuntza-sisteman "Curriculumerako sarbide-egokitzapenak" izenekoan kokatzen da laguntza espezializatua, hau da, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen eskolatze egoki eta normalerako pentsatua dago, eta premia horiek direla-eta hezkuntza-curriculumean sartzeko zailtasunak direnean ematen da. Era horretara, curriculumean sartzeko hezkuntza-premia horiei egoki erantzungo zaiela ziurtatzeko helburua beteta, hezkuntza-eremutik kanpo geratzen da ikasleek izan ditzaketen bestelako premietarako laguntza. Hala gertatzen da, esate baterako, osasun-arloko premiekin; izan ere, prestazio hori ematen da, baldin eta errehabilitazioa prozesu patologiko batekin zuzenean lotuta badago eta patologia hori osasun-sistema publikoan tratatzen ari badira.
Baina, esan dugun bezala, badirudi familiek ez dutela beti informazio argi eta zehatza horri dagokionez.
Zoritxarrez, zeinu-mintzairako interpreteen beharrarekin loturiko kexak ere izan dira. Baliabide hori, kexa moduan planteatutako kasuetan, ezinbestekoa zen lanbide-heziketako hezkuntza-zikloetako irakaskuntzetan erabat sartu ahal izatea bermatzeko.
Hezkuntza-arduradunen erreakzio onari esker, ondo konpondu ahal izan dira planteatutako kasuak, baina uste dugu ezin onartuzkoa dela gisa honetako premiak urtez urte errepikatzea eta gutxieneko bat aurreikusita ez egotea.
IV.3. Funtzio publikoa
Atal honi dagokionez, bereziki nabarmendu nahi dugu kupoak edo plaza-erreserbak ezar litezkeela ezintasunen bat duten pertsonen alde. Horri dagokionez, azpimarratu behar dugu halako kupoak ezartzeko beharrezkoa dela beti estaldura juridikoa izatea, eta aplikazio zehatza egin behar dela horrek berekin dakartzan aukeretan, hala helmuga hautatzeko fasean lehentasunak ezartzeari dagokionez nola lanpostuak eta ingurunea bertan lan egin behar duten pertsonen premietara egokitzeari dagokionez.
IV.4. Ogasuna
Zergei buruzko araudiak zerga-onurak ezartzen ditu (salbuespenak, hobariak, murrizketak...). Horien bidez, batetik konpentsatu egin nahi dira ezgaituren bat duten familiak, gastu handiagoa egin behar izaten baitute, eta, bestetik, familia horiei eragiten dien ahalmen ekonomiko txikiagoari erantzun asmo zaio. Alabaina, onura horien aplikazioa ezin da egon interpretazio formalisten baitan; aitzitik, une oro interpretazio finalistak aldeztu behar dira, ezgaitasuna duten pertsonei onura horiek baliatzeko modua emateko, baldin eta horretarako oinarrizko betekizunak betetzen badituzte.
Hala, esate baterako, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko arauek, BEZaren tasa erabat txikituak jasotzen dituzte, %4koak. Tasa horiek, besteak beste, ezintasunen bat duten pertsonek erosten dituzten ibilgailuei aplikatzen zaizkie. Nolanahi ere, onura hori lortzeko eskuratzaileak eskaera bat aurkeztu behar du, eta Administrazioak aurrez onartu egin behar dio.
Betekizun formal hori oinarritzat hartuta, Gipuzkoako Foru Ogasunak ezetsi egin zuen %55eko ezgaitasuna zuen emakume baten eskaria. Emakume horrek gidatzeko behar zituen egokitzapen tekniko guztiak zituen ibilgailu bat erosi zuen. Erreklamatzaileak BEZaren tasa erabat txikitua (%4) aplikatzeko eskabidea aurkeztu zuen, ibilgailua jadanik matrikulatuta zeukala.
Alabaina, autoa matrikulatu zuen egunean, kaltetuak betetzen zituen BEZaren tasa erabat txikitua aplikatzeko betekizun oinarrizko edo konfiguratzaile guztiak; izan ere, %55eko ezgaitasuna onartua zitzaion, eta ibilgailua haren ohiko garraiorako zen. Horregatik, Foru Ogasun horri eskatu genion berrikus zezala aplikatutako irizpidea.
Administrazioak aurrez onura onartzea betekizun formal bat da, eta ezinbesteko baldintza da murrizketa onartzeko, baina horrek ez du galarazten zerga ordaindu eta ibilgailua matrikulatu ostean aurkeztea eskaera, betiere ez bada preskribatu bidegabeki ordaindutako sarrera erreklamatzeko eskubidea.
Azkenik, Foru Ogasunak onartu zuen kexa, eta kaltetuari bidegabeki ordaindutako zenbatekoa itzuli zion.
Tokiko zergen esparruan, adierazi behar da ibilgailuen zergapetzea dela oraindik ere ezintasunen bat duten pertsonek sustatzen dituzten kexa askoren arrazoia. Hala, 2010. urtean ezintasunen bat duten pertsonen elkarte nagusiek eta mugikortasun urritua duten banako askok adierazi digute ez daudela inola ere ados Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergari (TMIZ) eragin dion ezgaitasunaren ziozko salbuespena murriztu izanarekin.
Zerga horri egindako azken aldaketan, 2009. urtean egin eta 2010eko urtarrilaren 1ean indarrean sartu zen hartan, hiru lurralde historikoetan mugatu zen salbuespen hori, eta, horren arabera, betekizun hauek bete behar dira:
• Ibilgailuak betiere 14 zaldi baino gutxiagoko potentzia fiskala izatea. Hainbat ibilgailu izanez gero, eskaera eta salbuespena soilik horietako batentzat izango da.
• Autoa ezintasunen bat duen pertsona baten izenean matrikulatuta egotea eta haren erabilera esklusiborako izatea. Nolanahi ere, gidaria ezgaitasuna duen pertsona hori bera izan daiteke edo ez.
• Ezintasunen bat duten pertsona horiek mugikortasun urrituko gabezia-egoeran izatea, baldin eta onartutako elbarritasun-maila %65etik beherakoa bada. Elbarritasun-maila %65ekoa edo handiagoa bada, ez da galdatuko mugikortasunik eza egiaztatzea.
Beren beregi erabili zen arrazoia, behintzat Gipuzkoako Lurralde Historikoko abenduaren 23ko 4/2009 Foru Arauaren kasuan, honako hau izan zen: artikulu hori berridatzi egin zela, aplikazioa neurtzeko asmoz, soil-soilik automobilei eta ezgaitasun larriagoa edo mugikortasun-arazo larriagoak zituzten pertsonentzat aplikagarri izateko moduan.
Alabaina, kaltetuek kexa helarazi ziguten, salbuespena nolakoa zen kontuan hartuta mugitzeko arazo larriak dituzten pertsonak ere ez direlako onuradun gertatzen ari.
Talde hori ez zegoen ados egindako aldaketarekin, arrazoi hauengatik:
Lehenik eta behin, ezintasunen bat duten pertsonen sustapenaren alde lan egiten duten elkarteei ez zitzaielako jakinarazi salbuespenaren irismena aldatu asmo zela, eta ez zitzaielako jakinarazi nola ezarri asmo zen ere. Horren ondorioz, ezin izan zuten parte hartu eta beren iritzi kualifikatua eman, ezintasunen bat duten pertsonak garraiatzeko ibilgailuek bete behar dituzten ezaugarriei dagokienez.
Halaber, harridura adierazi zuten, salbuespena ez dutelako mugatu lurralde erkidean egindako arau-aldaketa baten ondorioz.
Bigarrenik, gutxiegi iritzi zioten salbuespena lortu ahal izateko foru arauak ezarritako 14 zaldi fiskalen mugari.
Mugitzeko arazo larriak dituzten edo gurpil-aulkian dabiltzan pertsona batzuek ibilgailua erosi eta kasu askotan egokitu ere egin behar izan zuten gurpil-aulkiarekin edo behar dituzten lagungarri teknikoekin sartu ahal izateko eta gidatu ahal izateko. Ibilgailu horiek leku asko izan behar dute barruan, eta sabai garaiak izan behar dituzte. Horretarako, ibilgailuen tipologia bat hautatu behar dute: ibilgailu misto moldagarriak, furgoi edo furgoneta txikiak, monobolumenak eta abar. Eta horien potentzia fiskala foru arau guztietan gehieneko muga gisa ezarritako 14 zaldi horietatik gorakoa da.
Horren aurreko arauak, 2009ko abenduaren 31ra arte indarrean egon zenak, ez zuen mugarik ezartzen ibilgailuaren potentzia fiskalari dagokionez. Azken erreforma horren aurreko idazkuntzan ere, 2003. urtearen amaierara arte indarrean egon zen hartan, 2010. urterako ezarritakoak baino onuragarriagoak ezarri ziren potentzia fiskalaren mugak. Izan ere, %65eko edo gehiagoko ezgaitasuna duten pertsonak garraiatzeko ibilgailuek 17 zaldi fiskaletik beherako potentzia izan zezaketen.
Aurretiazko egoera hori kontuan hartuta, ezintasunen bat duten pertsonek azken urteotan beren garraio-premietara eta unean-unean indarrean egon den salbuespen horren gaineko araudira egokitzen diren ibilgailuak eskuratu dituzte, salbuespen hori bere hartan utziko zutelakoan.
Azkenean, planteatu dute ezintasunen bat duten pertsonen mugikortasun-eskariak baloratzeko orduan, kontuan hartu behar dela mugikortasun urriko kideren bat duten familietan ohikoena ez dela familiak hainbat ibilgailu izatea, bat ezgaitasuna duen pertsonaren erabilera esklusiborako eta gainerakoak familiako beste kideen mugikortasun-beharretarako. Aitzitik, ibilgailu bakar bat izatea da normalena, eta horrekin erantzutea familia-unitateko kide guztien garraio-beharrei. Horregatik, proposatu zuten halako familien garraio-beharra familia ugarien mugitzeko beharra tratatzen den moduan jorratzea.
Hiru foru aldundiek aldeztu zuten salbuespen hori taxutzeko erabateko eskumena zutela. Alabaina, salbuespen horren irismena berrikustea erabaki zuten; izan ere, mugitzeko arazo gehien dutenek, gurpil-aulkian dabiltzan pertsonek, ezin dute beti salbuespen hori lortu, nahiz eta batez ere talde horri lagundu nahi izan zaion arautze berriarekin.
2011ko urtarrilaren 1ean, arau hauek sartu dira indarrean: Bizkaian, abenduaren 22ko 4/2010 Foru Araua, 2011rako zergen arloko neurriak onartu dituena; Araban, abenduaren 20ko 15/2010 Foru Araua, 2011. urterako zergen arloko neurriei buruzkoa; eta Gipuzkoan, abenduaren 20ko 3/2010 Foru Araua, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergari buruzko uztailaren 5eko 14/1989 Foru Araua aldatzen duena. Horietan kontuan hartu dira mugitzeko gurpil-aulkia behar duten ezgaituek ibilgailu egokituak erosteko dituzten zailtasunak, eta, ondorioz, ibilgailu horiei ez die eragingo 14 zaldi-potentzia fiskalaren mugak.
Hala, doikuntza hori egin ostean, TMIZren salbuespena lortzeko muga hauek jarri dira:
"e) Mugitzeko eragozpenak dituzten pertsonentzako ibilgailuak, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Ibilgailuen Araudi Orokorreko II. eranskineko A letran adierazitakoak, baldin eta desgaitasuna duen pertsona baten izenean matrikulatuta badaude.
Halaber, salbuetsita daude ezindu baten izenean matrikulatutako 14 zerga zalditik beherako ibilgailuak, ezinduak erabiltzeko baizik ez direnak. Salbuespen hau inguruabar horiek hala irauten duten artean aplikatuko da, eta aplikatu ere urrituek eurek gidatzen dituzten ibilgailuei zein haiek garraiatzeko erabiltzen direnei aplikatuko zaie.
Aurreko bi paragrafoetan ezarritako salbuespenak ezin dira aplikatu batera, hots, onuradun bati ez zaio bat baizik aplikatuko, ibilgailu bat baino gehiago eduki arren.
Idatz-zati honetan xedatutakoaren ondoriotarako, hauexek hartuko dira desgaitasuna duten pertsonatzat:
a’) %33 eta %65 bitarteko desgaitasun-gradua onartuta dutela mugitzeko gaitasuna murriztuta daukaten pertsonak; halakotzat joko dira minusbaliotasun gradua aintzatetsi, adierazi eta kalifikatzeari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren III. eranskineko baremoko A, B edo C letretan adierazitako egoeretako batean daudenak eta baremo horretako D, E, F, G edo H letran 7 puntu edo gehiago dituztenak.
b’) %65eko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonak.
Aurreko a’) eta b’) letretan sartuta dauden pertsonen artean, 1971/1999 Errege Dekretuko III. eranskin gisa agertzen den baremoan A letrako mugitu ezintasunaren egoeran daudenei, ez zaie aplikatuko 14 zerga zaldien muga, baldin eta ibilgailua gurpil-aulkiekin erabiltzeko egokituta badago".
Nolanahi ere, aipatu behar da Gipuzkoako eta Arabako araudiek beste kasu bat gehitu diotela salbuespen horri: guraso-ahalaren, tutoretzaren edo kuradoretzaren zioz beren kargura %65eko edo gehiagoko elbarritasuna duen pertsonaren bat dutela egiaztatzen duten titularren ibilgailuak.
IV.5. Herrizaingoa
Atal honetan, ezgaitasun-txartelaren titular diren mugikortasun urriko pertsona batzuek aurkeztutako kexak aipatu behar ditugu. Hain zuzen ere, salatu dute zailtasunak izaten dituztela ibilgailua aparkatzeko, bai haientzat gordetako aparkalekuak aski ez direlako, bai hainbat erabiltzailek bidegabeki erabiltzen dituztelako leku horiek, eta are aparkatzeko txartelak ere.
IV.6. Osasuna
Arlo honetan, alboko esklerosi amiotrofikoa zuen erabiltzaile batek aurkeztutako kexa aipatu behar dugu. Kexa horretan, adierazi zuen beharrezkoa zela prestazioen katalogoan agertzen ez zen finantzaketa-eredu bat izatea.
Ikuspegi juridikotik, zuzena zen prestazioa ukatu izana, haren eskabidea ezetsi zuen epaiak berretsi zuen bezala. Hori kontuan hartuta, Arartekoak pentsatu zuen beste ikuspegi batetik, ezintasunen bat edo gaixotasun kronikoren bat duten pertsonentzako laguntza sustatzearen ikuspegitik, botere publikoek kontuan izan behar dutela pertsona horien egoera; izan ere, haien prozesuak bereziak direnez eta zenbaitetan prozesu horiek gutxiago nagusitzen direnez, ez zaie beti erantzuten haien beharrei. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailari helarazi genion pertsona horrek planteatu zigun arazoa, kontuan har zezan, Prestazio, Aseguramendu eta Finantzaketa Batzordean parte hartzen duen administrazio gisa. Batzorde horretan ordezkatuta daude autonomia erkidegoak.
Entzumen-urritasuna duten pertsonek osasun-laguntza jasotzeko osasun-zentroek duten irisgarritasunari dagokionez, Administrazioak jakinarazi zigun 2009an lan-talde bat eratu zela, arazo hori urriaren 23ko 27/2007 Legeak ezartzen dituen premisekin aztertzeko; hain zuzen ere, lege horrek espainierazko zeinu-mintzairak aintzatesten ditu, eta arautu egiten ditu gorren, entzuteko ezgaitasuna dutenen eta gor-itsuen ahozko komunikaziorako laguntza bitartekoak, Espainiako zeinu-mintzairak aitortzen dituen eta entzuteko ezgaitasuna duten, eta gor-mutuak diren pertsona gorren ahozko komunikaziorako bitartekoak. Espero zuten luze gabe egin ahal izatea horren inguruko proposamenak. Horren inguruko erantzunik lortu ez genuenez, 2010. urteko irailean ostera jo genuen Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailera, egindako jarduketen gaineko behar beste informazio lortzeko asmoz. Txosten hau idazten amaitu genuenean horren gaineko erantzuna jaso gabe geunden oraindik.
IV.7. Gizarte zerbitzuak
Arlo honetan, pertsona batek ezgaitasun fisikoa duten pertsonentzako foru titulartasuneko gizarte-baliabide bati esker jasotako laguntzaren inguruan izapidetu genuen kexa aipatu behar dugu. Erakunde honek informazioa eskatu zion foru sailari, eta sail horrek bere erantzunean zalantzan jarri zuen kasu hori ikuskatzeko eskumena ote zuen.
Sail horrek alegatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzen dituen martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuak aldundiei ematen diela gizarte-egoitza eta -zerbitzuak ikuskatzeko eta kontrolatzeko eskumena, betiere Euskal Autonomia Erkidegoak betekizun material, funtzional eta pertsonalei dagokienez arautu baditu, eta eskumen horren barruan ez direla sartzen araututa ez dauden beste zerbitzuak, hala nola ezintasunen bat duten pertsonentzako egoitzak.
Erakunde honetan ez gatoz bat horrekin, eta hala adierazi genuen gure bigarren idazkian, aurrerago aipatuko ditugun argudioekin. Alabaina, Aldundiak bere hartan eutsi dio bere jarrerari.
Egia da Euskal Autonomia Erkidegoak ez daukala hori araututa eta ondo legoke Eusko Jaurlaritzak halako araudi bat onartzea (Arartekoak berariaz eskatuko du). Alabaina, uste dugu horrek ez duela galarazi behar erakundearen jarduna, hau da, egiaztatzea betetzen direla zerbitzuaren erabiltzaileen eskubideak, bai eta zerbitzua emateko ezarritako printzipioak, helburuak eta baldintzak ere. Alderdi horiek denak jasota daude Foru Sailaren aginduan, haren mendeko erakunde bati ematen dion zerbitzua kudeatzeari buruzkoan. Gainera, erakunde horretako egitura organikoari buruzko araudiak dagokion foru sailaren titularraren esku uzten du erakundearen jardueraren zuzendaritza estrategikoa, ebaluazioa eta emaitzen kontrola. Halaber, Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legeak foru organoei ematen die ikuskatzeko eskumena (41. artikulua). Hori guztia adierazi genion Foru Sailari. Espedientea izapidetzen ari dira.
Ezgaitasun-maila onartzearen inguruko beste kasu batzuk ere izan ditugu. Horietako bat ez zegoen ados onartu zioten mailarekin. Foru aldundiek, ezgaitasun-maila baloratzeko, abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretua aplikatzen dute, ezgaitasun-maila aitortu, deklaratu eta sailkatzeko prozedura finkatzen baitu. Arau horretan, halako balorazioetan aplikatzen den baremo edo tresna teknikoa ezartzen da. Beraz, legez ezarritako neurketa-tresna bat modu objektiboan aplikatzearen ondorio da emaitza. Horregatik, erakunde honen eskumenetik kanpo dagoen kontu tekniko-mediko bat da.
Bestalde, aipatu behar dugu ofiziozko jarduketa bat hasi dugula %65eko edo gehiagoko ezgaitasuna duten pertsonei eragiten dien arazo baten inguruan, zehazki diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazio ekonomikoaren inguruan.
Arartekoak proposamen bat egin dio Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeko 9.2.a) artikuluari dagokionez. Proposamen horretan, honako hau kontuan hartzeko eskatzen da: pentsioduntzat hartu ahal izatea %65eko edo gehiagoko ezgaitasun-maila duen 18 urtetik gorako seme edo alaba baten ardura duten pertsona kausatzaileak. Ezgaitasun-maila handia (%65etik gorakoa) duten pertsonen hainbat kexa jaso ditugu. Pertsona horiek beren familiarekin bizi dira, eta aitak jasotzen du errenta. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren "pentsio-osagarria" eskatu zuten, baina ukatu egin zieten, pentsio publiko baten titular ez izateagatik. Argudio hori bat dator aipaturiko legearekin.
Gaur egun, manu horrek salbuespenezko bizikidetza-unitatetzat hartzen ditu "zahartzaro, baliaezintasun edo alarguntasuneko ordaindutakoaren araberakoak diren edo horren araberakoak ez diren pentsioen onuradunak, baita haien ezkontidea edo haiekin ezkontzaren antzeko harreman iraunkor baten bidez batutako pertsona eta ekonomikoki haien mende dauden pertsonak ere". Seme edo alabaren baten ardura dutenentzako laguntza Gizarte Segurantzak ematen badu ere, ez da pentsiotzat hartzen. Alabaina, Sailaren 2008ko abenduaren 30eko zirkularraren arabera –1/2009 zirkularrean aipatzen da–, Sailak uste du besteak beste honako hauek osatzen dutela bizikidetza-unitatea: "%65etik gorako baliaezintasun-maila duen 23 urtetik gorako seme edo alaba baten ardura izateagatiko prestazioa jasotzen duten pertsonak, baldin eta ezgaitasuna duen pertsona bada prestazioaren titularra". Beraz, bi baldintza ezarri dira: prestazioaren titularra izatea eta 23 urte baino gehiago izatea.
Titulartasunari dagokionez, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorrak 182.2 artikuluan honako hau ezartzen du: "Epaiketa baten bidez desgaitutzat jo ez diren 18 urtetik gorako seme-alabak, jarduteko gaitasuna izaten jarraitzen dutenak, euren gurasoei arrazoi horregatik legozkiekeen laguntzen onuradun dira". Horrekin bat etorriz, pertsona horiek prestazioaren titulartasuna eska dezakete. Adinari dagokionez, uste dugu aplikagarri izan daitekeela Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeko 16.d) artikulua. Horren arabera, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea 18 urtetik aurrera izango da (esaten baterako, kotizatzen ez duen baliaezintasunagatiko pentsioaren hartzaileen kasuan).
Arazoa sortzen da legez ezgaituta daudela-eta pentsioaren titular izan ezin diren pertsonekin. Kasu horretan, uste dugu pentsioaren titular den gurasoa ezgaitasuna duen semearen edo alabaren ordezkaritzan dela hala, eta semea edo alaba dela prestazioaren azken kausatzailea eta hartzailea. Horregatik, titular izatean ematen den tratu bera eman beharko litzateke kasu honetan. Kontrakoa legezko ezgaitasun-egoera dela-eta bereizkeriaz jardutea litzateke. Gainera, uste dugu prestazio hori, ondore hauetarako, kotizatzen ez duen baliaezintasunagatiko pentsioaren antzekoa dela. Beraz, ez litzateke beste tratu bat eman behar. Oraindik ez daukagu Sailaren erantzunik.
Bestalde, adierazi nahi dugu adinekoei buruzko gaiak aztertzen diren atalean erakunde honetan ofizioz hasitako jarduera baten berri ematen dela. Jarduera hark Arabako Foru Aldundiaren baiezko erantzuna jaso zuen, hau da, familia barruan mendeko pertsonak zaintzeko laguntzan ezartzen zen kenketa ez egitea familia berean pertsona batek baino gehiagok prestazio hori jasotzen duenean.
Azkenik, atal honetan beharrezkoa da jakinarazi ziguten kontu hau aipatzea: joan den ekainetik aurrera, ONCE Espainiako Itsuen Elkarteak, ikusteko arazo larriak dituzten pertsonak "mugikortasuna, eguneroko bizitza eta ikusmena errehabilitatzeko" programak zuzentzeaz eta betearazteaz arduratzen denak, soil-soilik erakunde horretako kideei ematen die zerbitzu hori.
ONCEko kide izateko, baldintza hauek bete behar dira:
• Espainiako nazionalitatea izatea;
• bi begietan ikusmen-baldintza hauetako bat behintzat izatea: 0,1eko edo gutxiagoko ikusmen-zolitasuna izatea (Weckerren eskalako 1/10) zuzenketa optiko onenarekin edo 10 graduko edo gutxiagoko ikus-eremu murriztuan.
Beraz, neurri horrek "mugikortasuna, eguneroko bizitza eta ikusmena errehabilitatzeko" programatik kanpo uzten ditu etorkinak eta erakunde horrek ezarritako baremoetatik beherako ikusmen-urritasuna duten pertsona guztiak.
Horren ondorioz, ofiziozko espediente bat ireki dugu –gaur egun izapidetzen ari gara–, administrazioek estatuko erakundearen laguntza falta hori arintzeko zer neurri ezarri dituzten jakiteko asmoz.
IV.8. Etxebizitza
Halaber, ekitaldi honetan, ezintasunen bat duten hainbat pertsonaren kexak jaso ditugu, babes publikoko etxebizitzen esleipendun suertatu badira ere ikusi dutelako beren etxebizitzak ez daudela egokituta irisgarritasunari buruzko araudiak ezarritako eran. Aurten, merezi du aipatzea babespeko etxebizitza baten esleipendunak salatutako kasu bat. Etxebizitza eman ziotenetik sei hilabete igaro zirelarik, artean ezin zuen erabat gozatu bere etxebizitza, ez baitzen instalatu jabekideen erkidego osoarentzako igogailua. Arartekoak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzarekin hainbat kudeaketa egin ostean, igogailua martxan jarri zen, eta konponduta geratu zen kexaren sustatzaileak salatutako gabezia larri hori.
Bestalde, ikusi dugu ugaritu egin direla kontsultak eta kexak mugikortasun urritu iraunkorra duten pertsonentzako etxebizitza egokituen kupoan sartu ahal izateko ezintasunen bat duten pertsonek aurkeztu beharreko agiriei dagokienez. Hain zuzen ere, agiri horiek Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan aurkeztu behar dituzte. Halako kasuetan, gure lana erregistro horretan izena emateko eskabidearen izapidetze-egoera egiaztatzea izan da, eta, beharrezkoa izan denean, adieraztea zer agiri aurkeztu behar diren eskatzaileei etxebizitza babestua lehentasunez eskuratzeko mekanismo horretan sartzeko modua emango dien ezgaitasun-mota egiaztatzeko.
V. Ondorioak
V.1. Ezintasunen bat duten Pertsonen Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioa indarrean sartu denetik, horko arauak bete beharrekoak dira. Alabaina, segurtasun juridikoko arrazoiengatik eta kontraesanik ez izateko, beharrezkoa da konbentzio horrek biltzen dituen eta gure ordenamendu juridikoa osatzen duten lege-xedapenei eragiten dieten gaiak doitzea. Nolanahi ere, erakunde honen lanak konbentzio hori betetzen dela zaintzea izan behar du. Horretarako, botere publikoek zuzentzen dituzten jarduketak kontrolatuko ditu, eta, hala badagokio, egoki iritzitako proposamenak egingo ditu, beharrezko aldaketak eragiteko eta gure zuzenbide positiboan benetan ezartzeko.
V.2. Ingurune fisikoaren edo hirigunearen eta eraikinen irisgarritasuna dela eta, oraindik ere ezintasunen bat duten pertsonek erreklamazioak jartzen dituzte erakunde honetan. Urtero ari gara erreklamatzen administrazio publikoei, eta bereziki udalei, analisi sakon bat egin dezatela irtenbide teknikoak instalatzeko hautabideen inguruan, hiriguneen irisgarritasun-arazoak konpontzeko. Behin eta berriz esan dugu beharrezkoa dela herritar guztiek baldintza berberetan erabil ditzaketen instalazioei ematea lehentasuna, ezintasunen bat duten pertsonen aukera-berdintasunerako eta bereizkeriarik ez jasateko printzipioak betetzeko.
Asko aurreratu bada ere, garraio publikoaren irisgarritasun unibertsala da ezintasunen bat duten pertsonen aldarrikapen nagusietako bat, eta erronka handi bat, Euskal Autonomia Erkidegoan garraio publikoko zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresetako eragileek aurre egin beharrekoa. Hori guztia egiaztatu ahal izan dugu erakunde honek EAEko garraio publikoaren sistemaren irisgarritasunari buruz egin duen txosten-diagnostikoan.
V.3. Baldintza berberetan emango den hezkuntza eta prestakuntza da sistemaren beste oinarrizko zutabeetako bat ezintasunen bat duten pertsonak erabat eta aktiboki gizartera daitezen. Nolanahi ere, hezkuntza-errealitateak asko falta du helburu hori lortzeko; hala egiaztatu dugu, esate baterako, lanbide-heziketako prestakuntza-zikloetako irakaskuntzetan zeinu-mintzairako interpreterik ez dagoela-eta gorrek aurkeztutako erreklamazioetan.
V.4. Zergei buruzko araudiak zerga-onurak ezartzen ditu (salbuespenak, hobariak, murrizketak...). Horien bidez, batetik konpentsatu egin nahi dira ezgaituren bat duten familiak, gastu handiagoa egin behar izaten baitute, eta, bestetik, familia horiei eragiten dien ahalmen ekonomiko txikiagoari erantzun asmo zaio. Alabaina, gaur-gaurkoz dauden onuren aplikazioa kasu askotan interpretazio formalisten baitan dago. Horri dagokionez, uste dugu une oro interpretazio finalistak aldeztu behar direla, ezgaitasuna duten pertsonei onura horietaz baliatzeko modua emateko, baldin eta horretarako oinarrizko betekizunak betetzen badituzte.
V.5. Gure erkidegoko gizarte-politikan ikusten da azken urteotan asko aurreratu dela, baina, hala ere, ezintasunen bat duten pertsonek oraindik ere oztopo handiak izaten dituzte laguntzak eta prestazioak eskuratzeko. Egiaztatu ahal izan dugu arauetan jasotzen ez diren egoerak sortzen direla, gizarte-baliabideak falta direla taldearen behar espezifikoei egoki erantzuteko edo lehendik dauden baliabideak egokitu gabe daudela.
V.6. Azkenik, adierazi nahi dugu oraindik ere Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeko daudela komunikazioaren irisgarritasuna bermatuko duten neurri teknikoak. Hala egiaztatu ahal izan dugu garraio publikoko sistemaren irisgarritasunari buruzko azterlanean. Hain zuzen ere, hor ikusten da ez dagoela baliabiderik bat ere komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatzeko. Halaber, egiaztatu ahal izan dugu ez dagoela informazioa eta komunikazioa errazteko baliabide teknikorik eraikin publikoetako arreta-guneak dauden lekuetan, hezkuntza, osasun eta gizarte baliabideetarako sarreretan. Horregatik, uste dugu erabakigarria dela botere publikoen jarduketen bidez irisgarritasun-baldintzak ezartzea komunikazioan, ikusmen- eta entzumen-urritasuna dutenen bereizkeriarik ez jasateko eskubidea bene-benetakoa izango dela ziurtatzeko eta pertsona horiek gainerakoek dituzten aukera berberez gozatu ahal izateko.
4. Gaixo kronikoak
I. Aurrekariak
Gaixo kronikoek berariazko premiak izaten dituzte, eta horiek euskal herri-administrazioek artatu behar dituzte ezinbestean. Iraupen luzeko gaixotasunak direnez eta, oro har, motel egiten dutenez aurrera, sendagarriak direnak ez bezalako tratamendu edo zaintzetan oinarritutako arreta behar izaten dute batez ere, pertsona horien bizi kalitatea bermatzen duen arreta soziosanitarioan oinarritutakoak gehienbat, autonomia eta zaintza sustatuz, narriadura prebenituz eta tratuen eta aukeren berdintasuna eskainiz.
II. Arloa kopurutan
Pertsona horiei dagozkien kexarik gehienak Osasun arloa izapidetzen dira. Soilik kexaren zioak gaixo kronikoa izatearekin lotura estua duenean edo gertaera horrek kexa konpontzeko berebiziko garrantzia duenean, berariazko arloaren eremuaren barruan sartzen da. Hala, aurten guztira 4 kexa ezarri zaizkio arlo horri, eta honako banaketa hau du azpiarlotan:
Gaixo kronikoak | 1 |
Berdintasuna eta ekintza positiboak gaixo kronikoentzat | 1 |
Ukituriko administrazioa: Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza).
Buruko gaixotasunak edo nahasmenduak dituzten pertsonak | 3 |
Buruko gaixotasunak edo nahasmenduak dituzten pertsonentzako diskriminazioa | 1 |
Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio-prozedura | 1 |
Berdintasuna eta ekintza positiboak buruko gaixotasunak edo gaitzak dituzten pertsonentzat | 1 |
Ukituriko administrazioa: Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza) eta foru administrazioa.
Hauxe da arloaren kexen estatistika informazioa abenduaren 31n.
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | |
Gaixo kronikoak | 1 | 0 | 1 | 0 | 1 |
Buruko gaixotasunak edo nahasmenduak dituzten pertsonak | 3 | 2 | 1 | 1 | 0 |
III. Arau eta gizarte testuinguruari buruzko gai nagusiak
III.1. Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko estrategia
Aurten, 2009. urteko gure txostenean aipatzen genituen gaixo kronikoen arretarako estrategia-taldeak eginiko jardueren emaitzak jakin ahal izan ditugu (II.11 atala).
Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak tresna bat onetsi du pertsona horiei eskainitako arreta hobetzeko, hain zuzen ere Euskadin kronikotasunaren erronkari aurre egiteko estrategia.
Dokumentuak bost politika ezarri ditu; izan ere, politika horietan aurrera egin nahi da abiarazitako 14 proiektu estrategikoen bidez:
• Biztanleen osasunaren ikuspegia.
• Gaixo kronikoen sustapena eta prebentzioa.
• Pazientearen erantzukizuna eta autonomia.
• Laguntza jarraipena gaixotasun kronikoentzat.
• Jarduketa eraginkorrak, pazientearen beharrei egokituak.
Sailak uste du proposaturiko helburuak lortzeko planteaturiko egitura-eraldaketa 2-5 urte inguruko epealdian gauzatuko dela. Eraldaketa hori gehienbat bi lan arlotan burutuko da, eta aurrerapen biomedikoak duen garrantzi bera eman nahi zaie:
• Informazioaren arloko aurrerapen teknologikoak.
• Zerbitzuen antolakuntzaren aurrerapenak.
Horretarako, Sailak onartzen du informazio eta komunikazioaren teknologietan (IKTak) inbertitu behar dela, baita pazienteek euren gaixotasuna kudeatzeko duten trebakuntza bultzatu eta lehen mailako, ospitaleko eta gizarteko arretako zaintzak txertatu ere.
Sistemaren ardatza pertsona, haren ingurua, osasuna eta beharrak izatea proposatzen du estrategia berriak, arreta soilik gaixotasunean jarri beharrean
Ondoren, jarraipen egokia egin beharko geniekeen zenbait proiektu estrategiko nabarmenduko dugu:
• Pazienteen hezkuntza eta autozaintza (liderrak trebatuz eta pazienteak trebakuntzarako prestatuz).
• Paziente kronikoen elkarteei laguntzea (diru-laguntzen deialdiak eginez eta diru-laguntzak emanez, informazioa eskuratzeko modua hobetzeko eta kideek elkar laguntzeko eta elkarri eragiteko moduak sustatzeko teknologia berriak hartu eta erabil ditzaten), pazienteen komunitate birtualak sortze aldera. Hala, 2010ean, Osasun eta Kontsumo sailburuaren 2010eko uztailaren 13ko Agindua onetsi da. Horren bidez, Euskadin gaixoen eta familien bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak egin dituzten irabazteko asmorik gabeko gizarte ekimeneko erakundeentzako laguntzen deialdia egin da, baita Osasun sailburuordearen 2010eko azaroaren 9ko ebazpena ere, laguntza horiek emateari buruzkoa.
• Historia kliniko bateratua. Aurreikuspenen arabera, historia kliniko bakar unibertsala ezarriko da 2011ko amaierarako, pazienteari tratamendu osoa eskaintzeko, zehaztapen klinikoa handitzeko eta medikuek historial klinikoa argitzeko ematen duten denbora murrizteko.
• Erizaintzako gaitasun aurreratuak. 300 erizain trebatzea planteatzen da eginkizun berrietan, gaixotasun kroniko konplexua duten pazienteen betebeharren arreta osoa lortzeko 2013. urtera arte.
III.2. Arreta soziosanitarioa
Arreta soziosanitarioaren arretaren eremuan bereziki jaso dezaketen taldeetako bat dira gaixo kronikoak, hain zuzen Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean zehazturiko arreta: osasun arazo larriak edo muga funtzioak edo gizartean baztertuak izateko arriskuan daudela-eta aldi baterako osasun eta gizarte arreta behar duten pertsonentzat dira, arreta koordinatua eta egonkorra behar dutenentzat, arretari jarraipena ematearen printzipioari lotua.
Aurreko atalean aipatzen genuen kronikotasunari buruzko dokumentuak laguntza soziosanitarioa dakar bere proiektu estrategikoetako baten gisa. Hala, hiru helburu handi planteatzen dira:
• "Gizarte- eta osasun-zerbitzuak garatzea, gizarte- eta osasun-koordinazioa Lehen Mailako Arretaren mailan sustatuz, diziplinarteko taldeen bidez, etengabeko laguntzaren barne sartzen den arreta baten berme gisa, etxea zainketak hornitzeko leku nagusitzat joaz, eta gizarte- eta osasun-baliabideen garapena sustatuz eta homogeneizatuz, hiru Lurralde Historikoetan.
• Gizarte- eta osasun-gunea koordinatzeko sistemak eta egiturak hobetzea, gizarte- eta osasun-zerbitzuen katalogoak zehazten dituen baterako araudi-esparru bat izatea sustatuz, eta gizarte- eta osasun-izaerako zerbitzuak finantzatzeko hitzarmen-eredu berri bat sortuz.
• Pertsonenganako arreta hobetzeko sistemaren kudeaketa hobetzea, gizarte- eta osasun-koordinazioan inplikatutako guztien prestaketaren eta sentsibilizazioaren bidez, eta konpartitutako informazio-sistema bat ezarriz".
Osasun eta Kontsumo Sailak, helburu estrategiko horiek abiarazteko, lurralde historiko bakoitzarentzako eragiketa-plan egokia garatzeko proposamena du.
Egiaztatu ahal izan dugunez, 2010ean abian jarri da Ricardo Berminghan Ospitaleko Ortogeriatri Unitate bat Matia Fundazioaren eskutik, eta bertara bideratzen dira pazienteak Donostia Ospitaletik.
2010ean, Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Kontseilua ez da jardunean izan. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Gizarte Gaietarako Sailak Kontseilua araupetzeko egin duen dekretu proiektuak Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Organoaren oniritzia jaso du[1] –Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta EUDELek eratua 2010eko ekainean–, baita Euskadiko Ekonomi eta Gizarte Arazoetarako Kontseiluaren irizpena ere, urte bereko abenduan.
Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta EUDELek 2003ko urtarrilaren 30ean izenpeturiko hitzarmena ordeztuko du, non koordinazio organoaren funtzionamenduaren oinarrizko printzipioak eta atazak ezartzen baitziren, eta arau-lerruna emango die bertan planteaturiko gaiei, arestian esandako Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen 46.6. artikuluan ezarritakoak betez.
Osasun eta Kontsumo Sailak emandako informazioaren arabera, gizarte-osasun txosten zabala egitea hartu du bere gain sail horrek. Txosten horretan, arloaren egoera aztertu eta zenbait proposamen ematen da. Jakitera eman zaigun azken zirriborroa 2010eko abendukoa da, eta arreta soziosanitarioaren eta koordinazioaren egungo ereduari buruzko azterketa dakar (arau-eremua, arreta jaso dezaketen biztanleak, EAEn dauden baliabideak eta finantzazioa); gainera, zenbait ildo estrategiko planteatzen du, funtsean hauek ardatz hartuta: zerbitzu soziosanitarioak garatu beharra, eremu soziosanitarioko jarduketen koordinazioa indartzea, horrelako arreta estaltzeko beharrezko lankidetza-hitzarmenak zehaztea eta arlo horretako trebakuntza, ikerketa eta berrikuntza sustatzea.
Tresna berri horretan, Lehen Mailako Arreta Soziosanitarioa garatzearen aldeko apustua egiten da; izan ere, diziplinarteko taldeen bidez, osotasunean emango zaie erantzuna pazienteen beharrei, eta etxea zaintzaren hornitzaile nagusitzat sartu ahal izango da.
Aldundiekin eta EUDELekin adosturiko dokumentua izango da azken emaitza, zeren eta haien esku utzi baita dokumentua, hura aztertu eta ekarpenak egin ditzaten.
III.3. EAEko osasun mentaleko estrategia 2010
Osasun eta Kontsumo Sailak, 2010ean, behin betiko onetsi du EAEko osasun mentaleko estrategia, eta bere egin du Euskadiko Osasun Mentalaren Kontseilu Aholku-emaileak iaz eginiko dokumentua. 2009ari dagokion gure ohiko txostenean, Kontseilu Aholku-emaileak planteaturiko estrategia aztertu genuen, eta hura gauzatzeko, Osasun Ministerioaren Osasun Mentaleko Estrategia Nazionalaren jarraibideak bete ziren, eta jarraitu nahi ditugun zenbait jarduketa nabarmendu genituen.
III.4. Integrazioa-sektorizazioa arreta psikiatrikoan Bizkaian
Iazko gure txostenean aurreratu genuenez, Osasun eta Kontsumo Sailak aurreikuspen bat egin zuen: arreta psikiatrikoaren integrazioa sustatzea Bizkaian zerbitzuen antolaketa berri bat sortuta, non Bizkaiko hiru ospitale psikiatrikoak (Bermeoko, Zamudioko eta Zaldibarko ospitaleak) eta lurralde bereko ospitalez kanpoko buruko osasunaren antolaketa biltzen ziren.
Ezarritakoarekin bat etorriz, 2010eko otsailaren 17an, Osakidetzako Administrazio Kontseiluak Bizkaiko osasunaren arloan Bizkaiko osasun mentalaren sarea izeneko osasun zerbitzuen erakundea sortzeko erabakia hartu zuen. Gainera, horren bidez, Bermeoko Ospitaleko, Zaldibarko Ospitaleko, Zamudioko Ospitaleko eta Bizkaiko Ospitalez Kanpoko Osasun Mentaleko osasun zerbitzuen erakundeak kendu dira.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak Eusko Legebiltzarraren egoitzan Bizkaiko buruko osasunaren sareari buruz eginiko galderari emandako idatzizko erantzunean (09/10/05/03/2342-12610) eskaini duen informazioaren arabera, 2011ko amaierarako 153 plaza gehiago izatea aurreikusten da ospitaleratzearen aukerako baliabideetan (eguneko ospitaleratzea eta gizarteko asertzio-tratamendua) eta 50 plaza gizarte-osasuneko eremuaren egoitzako baliabideetan (eguneko zentroak, babesturiko pisuak eta egoitza txikiak). Ondorioz, ospitaleko oheen kopurua jaitsi da: 462 ohe 2010eko abenduan eta 443 ohe 2011ko abendurako. Erantzunean, gainera, Bizkaiko osasun mentaleko sarearen osasun pertsonala ere aipatzen da. 318 profesional ospitalez kanpoko sarean eta 920 ospitalekoan.
IV. Jarduera-plana
Jarraian, erakundeak 2010ean eginiko jarduketa nagusiak azalduko ditugu.
IV.1. Gaixotasun kronikoa eta ezintasun organikoa duten pertsonak
2010eko irailaren 30ean, bilera bat egin genuen elkarte hauekin:
• ALCER (giltzurrun-gutxiegitasun kronikoa eta giltzurruna transplantatua duten pertsonak).
• ATCORE (gaixotasun kardiobaskularrak eta biriketako gaixotasunak dituztenak eta transplantea jaso dutenak).
• EGUTE (hezur-muinaren gaixotasuna eta transplantea dutenak).
• RENACER (gaixotasun eta transplante hepatikoa duten pertsonak).
Ondoren azalduko direnak izan ziren jorraturiko gai nagusiak:
• Gaixo kronikoek ezintasunaren eta ezintasun organikoaren arloarekiko duten tokia.
• Haien mugak ikusezinak izatea eta, ondorioz, erakundeen laguntzarik eza.
• Osasun zerbitzuen koordinaziorik eza patologiarekin zerikusirik ez duten egoeretan arreta ematean (traumatologiako ospitaleko larrialdiak, etab.).
• Lehen mailako arreta zentroetan errezetak emateko edo informazioa eskuratzeko bestelako kudeaketetarako dauden zailtasunak zentroa aipaturiko ospitaleari atxikita ez dagoenean (bertan ari da tratamendua jasotzen gaixotasun kronikoagatik). Historia kliniko bateratua ez burutzean eragina duten eta ikusi diren arazoak.
• Gaixo horiek haiei dagozkien politiketan parte hartzea errazteko osasun sisteman dauden mekanismo gutxi.
• Laneratzeko eta baja epealdi luzeen ondotik berriz lanean hasteko zailtasunak.
• Hezkuntza arloko egokitzapenak:
a) Unibertsitate azterlanetan emandako urteko kredituen kopurua zehazteko malgutasuna sustatu beharra, horrelako gaixotasunak dituztenen berezko mugei egokitzeko.
b) DBH hasi baino lehen ikasturte bat baino gehiago errepikatzeko aukera.
• Enplegu, trebakuntza eta Gizarte Segurantzaren arloko neurrien proposamena.
Ikus dezakegunez, zenbait egoera planteatzen dute, eta horiek nabarmentzea beharrezkotzat jotzen du Estrategiak, gaixo kronikoen arreta hobetzeko: ezintasuna kontuan hartzea (9. proiektu estrategikoa), beste gaixotasun batzuk dituztela kontuan hartzea, integraturiko plan farmakoterapikoen beharra (12. proiektu estrategikoa), gaixoek sisteman duten partaidetza handiagoa izatea, besteak beste.
IV.2. Linfedema primarioak eta sekundarioak dituzten pertsonak
Sistema linfikatiko eskas baten agerpena da linfedema, baita horren ondoriozko linfaren garraioko atzerapena edota fluxua ere. Kasurik gehienetan, gaitz kronikoa, itzulezina eta progresiboa da. Hona hemen gaixoek pairatu behar dituzten zenbait sintoma: gorputza handitzea, etengabeko arazoak sistema linfatikoarekin, ukituriko gorputz-atalen deformazioa eta gizentzea, mina, nekea, bihotzerrea eta larruazala gorritzea eta hauskortasuna, ukimena galtzea, zelulitisa, fibrosia, mikosia edo asimetria. Erabilitako tratamenduaren egokitasunaren eta osotasunaren araberakoa da pertsona horien bizi-kalitatearen hobekuntza.
Gaixotasun Kronikoen Errehabilitazioa Hobetzeko 2007-2009ko Proiektuan lehentasunez eragin beharreko patologietako baten gisa ezarri zen mastektomiaren ondoko linfedema, ezintasunean eragin handiagoa duelako eta erantzun hobea ematen dielako errehabilitazio neurriei. Proiektuan adierazi zenez, linfedema terapia fisiko konplexuko gaixotasun kronikoa da, prebentzioan, autokontroleko neurrietan, larruazalaren zaintzan, eskuzko drainaketa fisikoan, elastikotasun txikiko bendajeetan eta kinesiterapian oinarritua. Bereziki azpimarratzen da fisioterapeuta adituek eginiko drainatze linfatikoa, garrantzizkoa baita. Beste etiologia eta kokapen batzuetako lindefemek, tratamendu egokia erabiliz gero, nabarmen hobera egiten dutela ere aipatzen zen; hala ere, sareko profesionalek gutxi ezagutzen eta erabiltzen duten baliabidea dela ohartarazi zuten.
2010eko otsailaren 18an bilera izan genuen ADELPRISE Elkartearekin (Lindefema Primarioak eta Sekundarioak dituzten pertsonen elkartea). Honako behar hauek planteatu zizkiguten: ospitaletan linfedema unitateak sortzea, osasun profesionalak espezializatzea, diagnostiko goiztiarra bultzatzea, gaixoak espezialistengana bideratzea, prestazioak eta tratamenduak hobetzea eta arlo horretako trebakuntza eta ikerketa sustatzea. Zenbait pertsonak patologia dutela ez jakitearen inguruko kezka ere azaldu zen; ondorioz, ez dute tratamendurik jasotzen.
Patologia linfatikoei buruz erakundean egin izan genuen aurretiazko azterlana eta elkarteak emandako informazioa zirela-eta, ofiziozko espedientea egin zen, non bost arlori buruzko informazioa eskatzen genion osasun administrazio egokiari –Osakidetza–. Arlo horietako bakoitza Osakidetzak landu zituen idatzizko erantzunean, eta Elkarteari helarazi zitzaion. Elkarteak, bere ekimenaz, une honetan erkatuta[2] dauka hori guztia ukituriko pertsonekin, emandako informazioa pertsona horien eguneroko esperientziari erabat lotzen ez zaiola iritzita:
a) Linfedemen prebentzioan eta tratamenduan diharduten espezialistak. Linfedemaren arreta berrantolatzeko eginiko urratsen barruan errehabilitazioko espezialista arduradun bat ezarri da lurraldeko; drainatze linfatikoko fisioterapeuta adituak izango ditu, aurreikusita zegoen lez.
Jasotako informazioaren arabera, ondoren agertzen direnak dira espezialista taldeak:
• Errehabilitazioko sendagile bat eta fisioterapeuta adituak (zehaztu gabe) Donostiako Ospitalean (Gipuzkoa).
• Patologian esperientzia duten bi errehabilitatzaile eta arloan trebaturiko fisioterapeutak Basurtuko Ospitalean (Bizkaia).
• Berariazko trebakuntza duten medikuak eta eskuzko drainatze linfatikoko fisioterapeuta adituen taldea Gurutzetako Ospitalean (Bizkaia).
• Eskuzko drainatze linfatikoan Vodder metodoaren arabera trebaturiko bost fisioterapeuta Galdakaoko Ospitalean (Bizkaia).
• Esperientzia duen errehabilitatzaile bat, fisioterapeuta aditu bat eta teknikan esperientzia duten gainerako fisioterapeutak (zehaztu gabe) San Eloi Ospitalean (Bizkaia).
• Sendagile errehabilitatzaile bat eta zerbitzuko fisioterapeutak, teknikan trebatuak, Santiago Ospitalean (Araba).
• Errehabilitazio zerbitzuan berariazko trebakuntza izatea eta linfedemaren errehabilitazioko fisioterapeuta aditu bat Txagorritxu Ospitalean (Araba), baita bertan trebaturiko fisioterapeuta-talde bat ere.
b) Eskuzko drainatze linfatikoa: Drainatzearen preskripzioa emateko irizpideak, osasun publikoak estalitako urteko saioak, hura egiten duten espezialistak.
Esan digutenez, trinkotze-bendajearekin eta eskuzko drainatzearekin tartekaturiko presoterapiarekin batera, eskuzko drainatze linfatikoa da linfedemaren tratamenduko teknikarik garrantzitsuenetako bat da. Eskuzko drainatze linfatikoaren preskripzioa ematen da patologia hau tratatzen den Osakidetzako zentro guztietan, betiere teknikan berariaz trebaturiko fisioterapeuta adituek emana. Kasuan kasuko errehabilitazioko espezialistak agindutako saio kopurua burutu behar da, betiere paziente bakoitzaren ezaugarrien eta bilakaera klinikoaren arabera.
c) Patologiaren tratamenduan sare publikoko errehabilitazio zerbitzuko profesionalen trebakuntza praktikoaren inguruan azken urteetan izandako aurrerapenak eta hura detektatzea eta lehen mailako arretan duen tratamendua.
Esan digutenez, ospitaletako fisioterapeutek eskainitako trebakuntza iraunkorreko jardueretan hartu dute parte, eta zentroetako errehabilitatzaileek eguneratze-jarduketak burutzen dituzte argitaraturiko ebidentzia zientifikoaren arabera.
d) Patologiaren diagnosiaren egoera.
Jakitera eman digutenez, Linfologiako Nazioarteko Sozietatearen 2009ko Adostasun Agirian patologiari buruz bildutako diagnosiaren gaineko irizpideak betetzen ditu Osakidetzak, eta ezaugarri klinikoak eta pazienteen azterketa lehenesten dira patologiaren diagnosiaren parametro garrantzitsuen gisa. Ohartarazi dutenez, ordea, zenbait inguruabar klinikok nahasmendua eragin lezakete hala nola obesitate morbidoa, zainetako gutxiegitasuna, traumatismoa edo infekzio errepikakorrak. Alde baterako linfedema bat dagoenean, hurreko linfatikoak oztopatu edo inbaditu ditzakeen erraietako tumorea baztertu behar da.
Zehatzago esateko, linfedemaren diagnostikoa argi ez dagoenean, diagnosirako tresna garrantzitsua dugu linfografia isotopikoa –linfoeszintigrafia edo linfangioeszintigrafia (LAS) ere deritzona–, medikuntza nuklearreko zerbitzuen mendekoa.
Diagnosirako beste tresna batzuk dira erresonantzia magnetiko angiografikoa, erresonantzia magnetiko linfografikoa, ordenagailu bidezko tomografia, ultrasonografia eta mikrolinfangiografia fluoreszentea.
Geneen mutazio txikia duten sindrome hereditarioen kopuru mugatua zehazteko proba genetikoak dira diagnosirako beste kategoria bat.
Azkenik, berebiziko zuhurtziaz eta patologia motaren arabera erabili beharreko diagnosirako beste bitarteko bat biopsia da.
e) Trinkotze-neurrien, gorputzeko benden eta krema espezifikoen finantzazio maila.
Emandako argibideen arabera, Osasun eta Kontsumo Sailaren prestazio ortoprotesikoen pentzura egiten da finantzazioa patologia honetan erabilitako presoterapia jantziei dagokienez, material ortoprotesikoen katalogo orokorrak dakarrenez (901.etik 920.erainoko kodeak). Finantzazioak Osasun Sistema Nazionalaren zerbitzuen zorro komunean ezarritako irizpideak betetzen ditu; izan ere, produktu horien guztien finantzazioa dago ezarrita zorro horretan, erabiltzailearen pentzura diren 30 euroak izan ezik. Ez dago ezarritako finantzaziorik duen krema espezifikorik. Ospitaleratze-aldian erabiltzen diren zenbait material, gorputzetako bendak adibidez, ospitalean ematen dira.
f) Ukituriko pertsonei ematen zaien informazioa, gaixotasuna gara ez dadin eta elefantiasi edo linfagiosarkoma kasuak galarazteko zaintzei buruzkoa; informazio foiletoak, kanpainak eta arlo horretan bultzaturiko proiektuak.
Jakinarazi digunez, errehabilitazio zerbitzu bakoitzak, patologia tratatzearekin batera, espezialistaren azterketa eskatzeko detektatu beharreko alarma seinaleei eta aurrezaintzari buruzko informazioa ematen die pazienteei eta trebatu egiten ditu.
Nork bere burua zaintzeko neurrien inguruko prestakuntza ematen zaie: larruazala, garbiketa, hidratazioa, odola ateratzearen inguruko prebentzio neurriak, manikurak, lorezaintzako lanak eta bestelakoak.
Ebakuntza ondoko egoerari dagokionez, erizaintzako pertsonalak nork bere burua zaintzen irakatsi ohi die, linfedemaren aurrezaintzako neurriei buruzko gida idatzia eta sorbaldako artikulazioen mugikortasunerako burutu beharreko ariketak ematen dizkie, etab.
g) Linfedemaren eta terapia konbinatuen aurrezaintzako jarduketen protokoloaren eta egituraketaren egoera, proiektuan ezarritakoaren arabera.
Jakinarazi digutenez, honako hauek biltzen ditu ebidentzia zientifikorik onenari egokituriko kalitate irizpideak erabiliz eginiko linfedemaren errehabilitazioak:
• Esku-hartze goiztiarra lehenengo 24-48 orduetan, nork bere burua zaintzeko osasun hezkuntza barne delarik, eta sorbaldako artikulazioen mugikortasuna erraztuz.
• Linfedema agertzen bada, esku-hartze terapeutiko konbinatua, betiere fisioterapeuta adituaren eskuzko drainatzea, trinkotze-benda eta eskuzko drainatzea duen presoterapia konbinatua barne direla.
• Errehabilitazio zerbitzuan trebakuntza espezifikoa eta ospitalean linfedemaren errehabilitazioan aditua den fisioterapeuta izatea.
• Kontsultan sartzeko modu arautua ezartzea sintomak berriz ere azaltzen badira.
Lanaren antolaketari dagokionez, jakinarazi digutenez, drainatze linfatikoa ordubeteko saioetan aplikatzen da, 2-4 asteko epealdian (salbuespen klinikoak izan ezik). Presoterapia 30 minutuko saioetan aplikatzen da drainatze linfatikoarekin batera. Patologiaren tratamendua ospitalean edo osasun etxeetan egiten da, baliabideen arabera. Aplikatzeko fisioterapeutaren denbora asko behar duen teknika da, eta ospitalez kanpoko jardueran zailagoa da hura antolatzea.
V.3. Agenesiak jotako adingabeak
Jaiotzetik organo bat edo horren zati bat ez edukitzea da agenesia, gehienbat oinarrizko ehunik ezak eta gorputz-atalaren garapenik ezak sortua oro har. Bizitzarekin bateragarriak diren agenesiei dagokienez, hala nola goiko edo beheko gorputz-atalekoetan, ezinbestekoa da ortopedia eta errehabilitazio tratamendua.
Agenesiak dituzten haurrei dagozkien arazoen xehetasunen berri izateko, harremanetan jarri ginen Haur-protesien Erabiltzaileen Elkartearekin (AUPI).
Patologia horri dagokionez, galdera bat (09/10/05/03/1290-7385) izapidetu zen Eusko Legebiltzarraren egoitzan erantzun idatzia jasotzeko.
Euskadiko osasun sistemak adingabe horiei ematen dien arretari buruz idatzizko erantzunean bildutako balorazioa abiapuntu hartuta, egoki iritzi genion erantzuna erkatzeari. Erkaketa eginda, elkarteak eman zizkigun datuak helarazi genizkion Osasun eta Kontsumo Sailari.
Osasun Administrazioaren aldetik jaso genuen erantzuna ikusita, komenigarritzat jo genuen bilera bat bultzatzea. Alde batetik, osasun sistema publikoaren hainbat aldetatik aurreikusitako erantzun orokorraren berri izan zezakeen haur-protesien erabiltzaileen elkarteak (AUPI), eta bestetik haien seme-alaben arretan elkarteko kideek dituzten zailtasunak entzun ahal izango zizkion Osakidetzak elkarteari.
Bilera baliagarria izan zen, zeren eta Administrazioak funtsean Eusko Legebiltzarraren erantzunean bildutako agenesien arretarako jarraibideak erkatzeko modua izan baitzuen, eta jarraibide horien funtzionamenduari buruz elkarteko ordezkariek zuzenean izan zuten horien berri, ukituriko pertsonak diren aldetik.
Funtsean, egungo jakintza mailarekin bat ez datozen agenesien balorazioak izaten dira batzuetan, eta horixe da arazoa. Horren ondorioz, aurreikusitako arretari buruzko inolako informaziorik gabe irteten dira haurraren senideak ospitaletik (protesia, errehabilitazioa, etab.).
Osakidetzak eta elkarteak izandako bilerak direla-eta, egungo funtzionamenduaren zenbait egokitzapen aztertu beharra baloratu zen, arazoarekin jaiotzen diren haur guztiek agenesiari buruzko hasierako balorazioa izan dezaten, baita errehabilitazio plan bat ere, hain zuzen hainbat arrazoi tarteko gaur beti egiten ez den jarraipen bat bideratuko duena.
Osakidetzak konpromiso hauek hartu zituen bere gain:
• Elkarteak planteaturiko egoerak galarazteko modua aztertzea, zehazkiago, ospitaleko alta ematean dagoen informaziorik eza.
• Erreferentzia zerbitzu bat izateko aukera aztertzea.
• Errehabilitazio plan bat planteatzea, egun ez dagoen jarraipenarekin; izan ere, errehabilitatzaileek eurek horren falta sumatzen dute, arreta hobeagoa lortze aldera (gurasoak Bartzelonara joan ohi dira, ia soilik protesia berritzeko).
Harremanoi esker, lankidetzarako dinamika bati ekiteko modua izan da AUPI elkartearen eta Osakidetzaren artean; informazioa guraso guztien eskura izateko lagungarria izan daiteke.
IV.4. Hartutako kalte zerebralak edota bestelako gaixotasun neurologikoak dituzten pertsonak
Gaixotasun neurologikoen errehabilitazioaren arloko arazoen inguruan izan genuen jarduketa aipatu genuen iaz, baita hartutako kalte zerebralak dituzten pertsonen tratamendu neuropsikologiko osoa bermatu beharra ere.
Gure jarduera, gehienbat, Euskal Herriko Justizia Auzitegi Gorenak ezartzen duen doktrina kontuan hartu beharraren ingurukoa izan zen, errekuperazio neuropsikikorako errehabilitazio tratamendua jaso dezaketen pazienteek errehabilitazioa ahalbidetzeko edo, hori ezean, arreta pribatuan eginiko gastuak itzul dakizkien.
Osasun eta Kontsumo Sailaren erantzunak luze jo badu ere, esan behar dugu pozik gaudela errehabilitazio neuro-psikologikoa Euskadiko Osasun Sistemaren zerbitzuko prestazio gisa sartu izanagatik.
Zerbitzu berri hori bi neurritan gauzatu da bi lurralde ezberdinetan, non-eta hornitzaileak ere ezberdinak diren:
• Gipuzkoako Lurralde Historikoa. Osasuneko Lurralde Zuzendaritzak osasun hitzarmen bat ezarri du Aita Mennirekin. Izan ere, Sailak jakinarazi digunez, ospe, eraginkortasun eta egiaztaturiko kalitate handiko zentro espezifikoa dauka. Osasun Administrazioak adierazi digunez, harturiko kalte zerebral traumatikoak dituzten pazienteak zentro horretara bideratu ahal izango dira 2011n, eta diru publikoaz finantzatuko dira. Erantsi dutenez, indikazio-deribazio protokolo bat ezarri da, non, lehenik eta behin, gaitz traumatologikoak dituzten pazienteak sartu diren, eta denboraren joan-etorriarekin, bestelako jarraibideak gehitu dira, gehienbat jatorri baskularrekoak. Pertsonarik gazteenei eragiten dien jarraibidea aukeratu da. Aipatu dutenez, jarraibidea pixkanaka sartzeak bideragarritasun ekonomikoa eta emaitzen kontrol hobea ahalbidetzen ditu.
• Bizkaiko Lurralde Historikoan, Osakidetzak, zerbitzuen hornitzailea den aldetik, Gorlizko Ospitalea aukeratu du errehabilitazio neuro-psikologikorako erreferentziako zentrotzat, zeren eta tradizio handikoa baita, errehabilitaziorako helburu argia baitu eta haren baitan horrelako unitate bat bultzatzeko baldintzarik onenak betetzen baititu. Erantsi dutenez, zentroa ezartzeko eta garatzeko, edozein zerbitzuren moduan, aurrekontuen baliagarritasunaren mendean egon beharra dago. Beraz, Gipuzkoan bezala, pixkanaka joango da finkatuz eta garatuz.
Sailak azaldu zigunez, hainbat dira errehabilitaziorako tratamendua jaso dezaketen gaitz neurologikoak eta hainbat jatorritakoak (traumatologikoak, neurologikoak, endekapenezkoak, baskularrak, tumoralak, infekziosoak, etab.); hainbat urtetatik hona, zerbitzu publikoek –Osakidetzak gehienbat– eta zentro pribatu itunduek eskainitako terapia mota hori hobetzeko planak ezarri dira. Argitu zigunez, bitarteko terapeutiko horiek hainbat espezialitate mediko hartzen dituzte (neurologia, neurokirurgia, errehabilitazio-fisioterapia, psikologia-psikiatria, etab.), eta hainbat laguntza-eremutan ematen dira (lehen mailako arreta, akutuen ospitalea, egonaldi ertain eta luzeko ospitaleak, buruko osasuna, etab.).
Harturiko kalte zerebralei dagokienez eta Sailak jakinarazitakoaren arabera, gehienbat traumatismo kraneo-enzefalikoek edo buruko isuri baskular akutuek eragindakoak dira. Gainera, hainbat espezialitate eta tresna lantzen ari ziren tresnen laguntza integrazio nahikorik izan gabe. Administrazio honek onartu zuenez, hartutako kalte zerebralen tratamenduak emaitza hobeak lortzen ditu errehabilitazio neuro-psikologikoko zentro integratuetan integratu gabeko hainbat tresnatatik landutako betiko tratamenduak baino, eta halaxe dela frogatu du ebidentzia zientifikoak. Hori dela-eta, komenigarria zen errehabilitazio neuro-psikologikoa prestazio bereizitzat hartzea, "zerbitzu integratu"aren ikuspegitik hartuta.
Osasun eta Kontsumo Sailak tratamendu neuropsikologiko hori pixkanaka sartzeko iragarritako urratsak 2011n bete ahal izatea espero dugu.
IV.5. Buruko osasun arazoak dituzten pertsonak
Arartekoak honako gai honi buruzko tailer tematiko honetan hartu du parte: Giza eskubideen egitura nazionalek buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eskubideen sustapenean duten eginkizuna. Tailer hori Estatuko Herriaren Defendatzaileak bultzatu du eta Europako Kontseiluaren eta Europako Batzordearen laguntza izan du Peer to peer II. Proiektuaren eremuan. Proiektuaren xedea horrelako egitura nazionalen sare aktibo, independente eta ez judizialak ezartzea da. Nazioarteko eztabaida-gune horretan, Europako herriaren defendatzaileen ordezkariak izan ziren, baita Munduko Osasunaren Erakundea, Europako Kontseilua, Europako Giza Eskubideen Auzitegia eta arloko hainbat aditu.
Erakunde horiek beren lanean dituzten esperientzien, jakintzaren, jardun onaren eta oztopo nagusien bateratze-lana egin ondoren, honako honen aplikazioa jorratu zen bereziki buruko osasunaren eremuan: Ezinduen eskubideei buruzko konbentzioa.
Eztabaidagai izan ziren bereziki delikatuak diren arloak hala nola ospitaleratzea eta nahi ez diren tratamenduak, hertsazko bestelako metodoen erabilera (isolatzea eta eustea) edo pazientearen intimitatea nabarmen sartzea dakarten tratamenduak.
Gai horren gainean, Konstituzio Auzitegiaren (KA) 201Oeko abenduaren 2ko Epaia aipatu nahi dugu hemen. Epai horren bidez Konstituzioaren kontrakotzat jotzen dira Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 763.1 artikuluko hainbat tarteki, hain zuzen osasun mentaleko establezimenduetan behartuta sartzearekin lotutakoak, izan ere, neurri hori, askatasuna kentzekoa denez gero, lege organikoz bakarrik arautu daiteke.
Konstituzioaren aurkakotzat jo izanda ere, ez da baliogabetzat jo testu hori, Konstituzio Auzitegiaren iritziz, "baliogabetzeak legerian hutsune bat sortuko lukeelako, eta hori ez delako batere komenigarria, are gehiago horren eduki materiala zalantzan jarri ez bada". Hala ere, auzitegi horrexek zera eskatu dio legegintzako botereari: ahalik eta azkarren arautu dezala, lege organiko baten bitartez, nahasmendu psikikoagatik inor bere borondatearen kontra barneratzeko neurria.
Tailer tematikoko edukiei berriro helduz, espetxeetako osasuna eta osasun sistema nazionalen arteko beharrezko koordinazioa ere azpimarratu zen, edo ezinbesteko gizarteratze-laneratzearen sustapena eta buruko gaitzak dituztenen partaidetza.
Ondorio gisa esan dezagun, oro har eta printzipio, postulatu eta gomendio ugari eman badira ere eta hitzarmen eta konbentzio lotesleak onetsi badira ere (berez, bermeen nazioarteko sistema osatzen dute buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eskubideei dagokienez), onarpen horiek praktikan jartzeko defizit nabarmena dagoela ikusten da. Horretarako, osasun mentalaren arloan lan egiteko modu aktiboagoa proposatu beharko diogu geure buruari eskubide horiek babesteko eginkizuna dugun erakundeok.
Bestalde, 2010eko urriaren 28an, Bizkaiko gaixo psikikoen eta senideen elkartearen (AVIFES) zentro berria inauguratu zen, eta bertan izan zen erakundeko pertsonala. Zentro iristerraza da, 150 metro koadro ingurukoa, Santutxuko erdialdean kokatua. Informazio, orientazio eta aholkularitza lanak betetzeko sortu da. Jakin badakigunez, norberaren autonomiaren, bizi-kalitatearen eta taldearen komunitatean txertatzearen alde egiten du lan elkarteak 1986tik hona, eta gaixo mental eta senideentzako harrera-programa bat, laguntza eta informazioa ditu, haien gaixotasunari dagozkion gaien inguruko gizarte, osasun, ekonomiaren arloko bitartekoak helarazteko eta aholkuak emateko.
2010ean, Bilbo udalerrian etxerik ez dutenentzako arreta psikiatrikoko programa bat abiarazi da, Osasun eta Kontsumo Sailaren Bizkaiko Lurralde Zuzendaritzaren eta Bilboko Udalaren Gizarte Ekintza Arloaren arteko koordinazioaren emaitza. Bilbo udalerrian bizi diren gaixotasun larria duten etxerik gabeko pertsona eta adinekoentzako programa da, hain zuzen ere arreta jaso ez duten edo osasun mental publikoko sarearekin loturarik ez duten pertsonentzat.
V. Beste kexa espediente batzuen azterketa
Jarraian, urtearen barruan izapideturiko zenbait kexa-espedienteren berri emango dugu, berebiziko garrantzia dutelako:
V.1. 84 urteko pertsona bat agertu zaigu, mendekotasuna eta 2010etik honako hondar-hemiparesia duena, baita likido asko edanarazi eta behin eta berriz agertzen zaizkion arnas gaitzak ere, baina osasun publikoak esleituriko xurgatzaile kopurua nahikoa ez zela adierazi zuen.
Aurreko txostenetan adierazia dugunez, gernu-inkontinentziarako xurgatzaileen kopuru estandar bat ezartzeak, oro har, ez luke eragozpen izan behar, gure ustez, kopuru handiagoa emateko nahikoa egiaztatuta dagoen kasuetan.
V.2. Bizkarrezur-muineko gaitza dela-eta, tetraparesia du hamaika hilabeteko haur batek, eta bizi ahal izateko, arnasgailu mekanikoa, gastrostomia-zunda bat eta mikziorako zundatzea behar ditu. Amak planteatu digunez, zaintzarako eginkizun nagusietan, etxez etxeko laguntza zerbitzuko profesionalen laguntza behar du, eta profesional horiek osasun arloko trebakuntza izango dute.
Erakunde honek eginiko galderari emandako erantzunean, Osakidetzak aitortu zuenez, erabateko mendekotasuna zuen haurrak arnasa hartzearen, jatearen eta higienea mantentzearen inguruan. Ondorioz, erabat lan neketsua zen gurasoentzat eta, beraz, zeharo justifikatuta zegoen erizaintzako euskarria jasotzea ordutegi partzialean, eguneko zenbait ordutan. Laguntzak –gehitu zuen– familiaren egoera hobetuko luke, bereziki beste alabari arreta emateko. Jakinarazi zigunez, antzeko inguruabarretan, Lehen Mailako Arreta Zerbitzuen edo Osasun Lurralde Zuzendaritzaren bidez eskaintzen da laguntza hori, baina kasu jakin horretan, familiak Errenteriako Udalera jo duenez gero eta udalak eskaturiko laguntza eman duenez gero, konponbide zuzena hartu zela irizten zioten.
Udalak premia larriaren aurrean, erantzukizunez jokatuta, eskainitako laguntzak –guztira lau ordu eta erdi astean– ez du galarazi behar Osakidetzak horrelako kasuetarako aurreikusitako erizaintzako euskarria ematea behar bezalako jarraipena izateko xedeaz. Horrenbestez, uste sendoa dugu modu normalizatuan abiaraztea zerbitzua.
V.3. Bermeoko Ospitale Psikiatrikoan egoitza duen gizon batek irtenaldiak ditu hilean lau egunetan gutxi gorabehera, eta erroldatuta ez egoteak dakarzkion arazoez galdetu zigun. Bizkaiko Foru Aldundiko Babes Erakundearekin harremanetan jarrita, gizarte laguntzaileak berretsi egin zigun pertsona hori ez zegoela erroldatuta, zeren eta, printzipioz, ospitaleak ez baitzuen uzten egoiliarrak erroldatzen. Jakinarazi zigunez, hainbat gestio egiten ari dira arazoari konponbidea emateko. Erroldatuta ez egoteak gure ustez gizarteratze-prozesuan dakartzan oztopoen berri eman genien, baita zenbait zerbitzu eta baliabide publiko eskuratzeko ere (udal, foru eta autonomia mailako arau ugari dago, eta horietan guztietan exijitzen denez, ezinbesteko beharkizuna da udal erroldan izena emanda egotea edo erroldan antzinatasun jakin bat izatea zenbait prestazio publiko eskuratzeko, etab.). Bi hilabeteko epea baino lehen konpondu zen arazoa, eta eskatzailea zentro psikiatrikoan zegoen erroldatuta.
V.4. Orain ere kexak biltzen ari gara erakundeek osasun mentalaren arloko bitarteko egiturei laguntzarik ez ematearen edo nahikoa laguntza ez ematearen inguruan: ospitaleak edo eguneko zentroak, tailerrak, prebentzio programak, osasuna eta errehabilitazioa sustatzea, komunitate terapeutikoak, babesturiko pisuak, lan-zentroak, klubak... Behin eta berriz adierazi dugunez, ospitale psikiatrikoetan dauden edo zeuden pertsonen desinstituzionalizatzeko prozesuak egiteko ezinbesteko tresnak ziren, baita osasun mentaleko zentroetan edo egonaldi laburreko ospitaleratze-unitateetan eginiko jarduketak osatzeko ere.
V.5. Beste kasu batean, bizitza autonomoa galarazten zion gaixotasuna zeukan kexa aurkeztu zuenak, eta laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea iraungi zela ikusi zuen, zeren eta koinata kontratatu baitzuen, senarraren arreba. Horrenbestez, ordaindu behar ez ziren prestazioak itzultzeko prozedura hasi zen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak behar bezala aplikatua zuen bere araudia, zehazkiago, prestazioa arautzen duen uztailaren 21eko 25/2009 Foru Dekreturen 16. artikulua. Horren bidez, beharkizun hau ezarri da: laguntzaile pertsonalak ahaidetasunik ez izatea onuradunarekin (ez dago laugarren mailatik gorako ahaidetasunik odolkidetasuna, afinitatea edo adopzioa dela-eta).
Hala ere, zenbait gomendio helarazi genizkion foru erakundeari, beharkizun hori kentzea sustatzeko, zeren eta, gure ustez, beharkizunak zekarren bazterketak ez baitzuen lege babesik (ez dago ezarrita Mendekotasunaren Legearen ezein epigrafetan, eta ez dago xedaturik arlo horretan erreferentziakoa den ezein errege dekretu, ministerio agindu edo estatu mailako ebazpenetan).
Ondoko hauei buruzko baterako interpretazioa egin da: Mendekotasunaren Legearen 18 eta 14.4. artikuluak, mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileen Gizarte Segurantza araupetzen duen Dekretua, eta 25/2009 Foru Dekretuaren 14 d) artikulua. Horietatik ondoriozta daitekeenez, soilik galarazten zaie laguntza pertsonalaren prestazio ekonomikoa mendekotasuna duen pertsonarekin bizi diren senideei (hirugarren mailako ahaidetasunera arte), zeren eta, hala denean, soilik PECEF jaso baitezakete. Ez zen halakoa aztergai dugun kasua.
Mendekotasuna duen pertsona bat zaintzeko kontratatu zen pertsona. Ñabardura hori bereziki hartu behar da aintzat, horrelako arreta motan ezinbestekoa baita kontrataturiko pertsonarenganako ahalik eta konfiantzarik handiena izatea. Interesa duenak eta senarrak iritzi zioten koinata zela (gizonaren arreba) laguntza pertsonalerako lanak egiteko pertsonarik egokiena eta berme gehien ematen ziena. Pertsona hori ez zen bizi mendekotasuna zuen pertsonarekin eta, beraz, ez zen bidezkoa familian zaintza-lanak betetzeko pertzepzioa jasotzea.
Gure ustez, senidea izateak ez luke galarazi behar pertsonak laguntzaile pertsonalaren lanbide-jarduera betetzea, eta ez luke eragin behar jarduera hori egiteko gaitasuna edo egokitasuna gutxiestea.
Langileak, kasu bakoitzean, exijituriko lanerako baldintzak betetzea eta jarduera edo lanbidea betetzeko prestakuntza egiaztatzea izango litzateke egokia, gure aburuz.
Kontrataturiko pertsona senidea izateak ezin pentsaraz diezaguke iuris et de iure soldatapeko profesionala ez izatea.
Ez dugu ulertzen zergatik baztertzen diren arau horren aplikazio subjektiboaren eremutik laugarren gradurainoko ahaidetasuna duten senideak.
Bazterketa horren atzean, beharbada, senideen abusu edo iruzurren gaineko beldurra egon daiteke, lanbide-jarduera hori bete ez duten senideak izan litezkeelakoan. Egokitzat eta komenigarritzat jotzen dugu Administrazioak iruzurra galarazteko eta iruzurrari aurre egiteko bideak bultzatzeko nahia izatea. Baina, ikus daitekeenez, iuris tantum presuntzioa da, hots, kontrako froga onartzen du, eta gehienbat kontrataturikoa soldatapeko langilea dela egiaztatzen duten zenbait beharkizun betetzean gauzatzen da. Inguruabar hauez ari gara: langilearekin ez bizitzea, haren pentzura ez egotea, Gizarte Segurantzaren erregimenean alta emanda egotea eta haren kuotak egunean izatea eta lan-kontratua edukitzea. Horiek guztiak bete dira kasu honetan.
VI. Ondorioak
Euskadin kronikotasunaren erronkari aurreko egiteko estrategia berria, gure ustez, tresna baliagarria da Osasun eta Kontsumo Sailak gaixo kronikoentzako arretan eta Arartekoak hartutako konpromisoak jarraitzeko epe ertainerako planteaturiko helburuak ezartze aldera.
Estrategiaren 9. proiektuak dakarrenez, soilik hobetu daiteke sistema lehen mailako arreta, ospitaleak eta gizarte zerbitzuak independenteak direla kontuan hartzen bada. EAEn arreta soziosanitarioaren jarraibideak egiteko zirriborroan edo esparru-agirian ere islatu da ildo beretik jardun beharra; izan ere, agiri hori laster onestekotan dira.
Nolanahi ere, aztergai dugun moduko hain talde heterogeneoak dakarren arazoa, dudarik gabe, gizarte-osasuneko arazoa da. Halaxe egiaztatu ahal izan dugu osasun mentaleko arazoak dituztenek edo senideek erakunde honen aurrean planteaturiko gaietan nahiz ezintasun organikoa (giltzurrun-gutxiegitasun kronikoa dutenak, giltzurruna transplantatuta dutenak, gaixotasun kardiobaskularrak edo biriketakoak dituztenak, hezur-muin edo gibelaren gaixotasunak dituztenak), linfedema primarioa edo sekundarioak, agenesiak edo gaixotasun neurologikoak dituztenek aurkezturikoetan.
Erakunde honek beste tresna bat betetzearen inguruko jarraipena ere egin beharko du: EAEko osasun mentaleko estrategia 2010. Izan ere, horren berri eman genuen 2009ko gure txostenean.
Gaixo kronikoen eskubideak sustatzearen arloan ohartarazi genuenez, laguntza emateko elkarteen lana oso eraginkorra da eta, gainera, solaskide baliagarriak izateko modua ematen digu haiek dituzten eragozpen nagusien berri izateko. Horrek erraztu egiten digu euskal administrazioetan dugun zeregina: zailtasun horien eta hobetzeko proposamenen berri ematea.
[1] Aurten bertan onetsi da Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Organoaren martxoaren 30eko 101/2010 Dekretua. Dekretu horrek organoaren funtzioak, eraketa eta funtzionamendurako oinarrizko jarraibideak araupetzen ditu, Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 44. artikuluan aplikatzeko eta garatzeko.
[2] Galdera-sorta bat prestatuz eta bere bazkideen artean zabalduz. Galdera-sorta horrek tratamenduari, diagnostikoari eta jasotako finantzaketari buruzko 18 galdera dauzka.
5. Espetxeratuak
I. Aurrekariak
Askatasunik gabe dauden pertsonen arreta beti izan da Arartekoaren kezka-arloetako bat, eta esparru horretan azterlanak egin ditu, baita adierazpen publikoak eta haren administraziopean dauden administrazio-jardunaren esparru guztiekin lotutako ekimenak ere. Hala ere, arreta publikoaren gune diren kolektibo sozialen artean, espetxeratuta dauden pertsonen kasua da beren ahultasun-egoera jarduera publikoaren ondorio zuzena den bakarra, zigor-betearazpenaren ondoriozkoa, hain zuzen, eta erakunde honek ezin du esparru horretan bere kontrola formalki gauzatu. Izan ere, arlo horretako eskumena, Autonomia Estatutuan jasota dagoen arren, oraindik ez zaio transferitu Eusko Jaurlaritzari.
Hala ere, administrazioaren jardueraren beste alderdi batzuek eragina dute espetxeratuen bizitza-baldintzetan, edo marjinaltasuna-delinkuentzia-kartzela arteko gurpil zoroa hausten saiatzen dira, gure espetxeetako pertsona gehienak gurpil zoro horretan murgilduta egoten baitira, eta kartzelatik igarotzeko esperientzia, faktore desozializatzaile gisa, ez dago, inola ere, horretatik bereizirik. Osasuna, prestakuntza, ongizate soziala, gizarteratzea eta laneratzeari buruz ari gara. Administrazioek, baliabide horien bidez, ahaleginak egin behar dituzte, berriro sozializatzea lortzen ez bada ere, gutxienez, ahal den neurrian, zigor-betearazpenaren ondorio desozializatzaileak murrizteko.
Jarduera horiek euskal administrazioen zerbitzuen sare normalizatuari dagozkio eta Arartekoak eskumenak dauzka esparru horretan; eta, horrenbestez, horien kontrolean eta sustapenean gauzatzen du, funtsean, bere lana erakunde honek presoak gizarteratzeko helburuarekin, gizarteratzea bultzatzeko helburua duen ekintza plan bati jarraiki.
Arartekoaren aurrean kasu zehatzekin lotuta aurkeztu diren kexei dagokienez, aurten guztiak izan dira gai hauei buruzkoak: lekualdaketak, zehapenak, helmugak, gradu-atzerakadak eta espetxeko onurak ukatzea. Arlo horiek guztiak espetxeen administrazioaren eskumen esklusibokoak dira, eta, ondorioz, estatu mailako herriaren defentsariari bidali behar izan diogu. Hala eta guztiz ere, gaiaren inguruan borondate onez gestio batzuk egin ditugu kasuan kasuko espetxeen zuzendaritzekin, baita Herrizaingo Sailaren menpe dagoen Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren aurrean ere.
II. Araudi testuingurua eta soziala
II.1. Espetxeen arloan eskumenak osoki eskuratzeko beharra
Txosten hau bukatu den unean, Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan 1.403 pertsona daude guztira. 1.266 gizon eta 137 emakume. Horien laurdena ia behin-behineko espetxealdian daude eta heren bat atzerritarrak dira. Zigorra betetzeko kartzela bakarra Langraiz Okakoa da. Bertan daude atxilotu gehienak (700 inguru). Gainerakoak antzera banatuta daude Basauri eta Martuteneko prebentzio zentroetan. Bestalde, Euskaditik kanpoko kartzeletan espetxeratuta dauden euskal herritarren kopurua antzekoa da.
Gure azken txostenetan behin baino gehiagotan azpimarratu dugu espetxeen arloko eskumenak oraindik ez zaizkiola Eusko Jaurlaritzari transferitu, transferitzea nahi den arren, baina ez du oztopo izan behar euskal administrazioek Legearen esparruan ahal duten guztia egin dezaten kudeatzen duten zerbitzuen sare normalizatuak pertsona horiek barne har ditzan. Justizia eta Herri Administrazio Sailak interesa agertu du esparru horretako eskumena ahal beste bultzatzeko, hura osatzen duten arlo bakoitzean zehazki lan eginez.
Ikuspuntu hori oso positiboki baloratzen dugu eta horrek zuzendu du, hain zuzen ere, Hezkuntza eta Osasun arloko eskumenak eskualdatzeko duela gutxi lortu den akordioa. Ezin da ahaztu, ordea, horrek bi arlo horietan lan egiten duten funtzionarioentzat dakartzan hobekuntzez haraindi, gauzak gutxi aldatu direla eskumenen "gune gogorra"ri dagokionez. Horiek, gizarteratzeko lanari dagokionez, honako hauek dira funtsean:
• Batetik, espetxeen sailkapen, helmuga eta barne-araubideetan eragina duten erabakiak hartzeko aukera ematen dutenak. Laguntza-izaera ez duten arren, esperientziak erakusten du erabakigarriak direla presoen ibilbidean beren zigorra betetzen duten bitartean, baita bere gizarteratze eta laneratze prozesuan babes erabakigarria jasotzeko aukeretarako ere.
• Bestetik, prozesu honek arrakasta izateko funtsezkoak diren hiru instantziaren artean lankidetza-esparrua ezartzen direnak: gizarte zibiletik laguntzen duten ekimenak, espetxeen arloko gizarte zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzaren zigor-betearazpenerako eta gizarteratzeko babes zerbitzuak.
Hortaz, eskumenen transferentzia, gure ustez, funtsezko baldintza da euskal administrazioa ahalik eta baldintzarik onenetan egon dadin arlo horretan politika koherentea autonomoki garatu ahal izateko.
II.2. Zigor-arloko eta espetxeetako araudia: une honetako oztopoak eta aukerak
II.2.1. Espetxeaz kanpoko babesa zigor-betearazpenerako eta gizarteratzerako
Askatasunik gabe dauden pertsonen egoera zehazten duen araudia, 1995eko Zigor Kodea onartu zenetik, praktikan, askatasuna kentzeko zigorra gehiago erabiltzea, zigorrak luzeagoak izatea eta zigorra gizarteratzea errazten duten bideen bitartez gauzatzeko aukerak mugatzea eragin duen politika kriminal baten bidez eratu da.
Azken horiei dagokienez, ordea, Legeak organo judizialei paper garrantzitsua egozten die zigor-betearazpenaren esparruan. Zehazki, erabakiak hartzen dituzte eta erabaki horiek hartzean, erabakigarria da preso baten ibilbidea eta perspektibei buruz daukaten informazioa. Eta hor, euskal administrazioek esku hartzeko aukera bikaina dute, zigor-betearazpenerako eta gizarteratzeko babes zerbitzuen bidez, hain zuzen.
Horren harira, Espetxeen arloko Lege Organiko Orokorrak honakoa xedatzen du:
"Concluido el tratamiento o próxima la libertad del interno, se emitirá un informe pronóstico final, en el que se manifestarán los resultados conseguidos por el tratamiento y un juicio de probabilidad sobre el comportamiento futuro del sujeto en libertad, que, en su caso, se tendrá en cuenta en el expediente para la concesión de la libertad condicional".
Egia da Espetxeen arloko araubideak txosten hori Tratamendu Batzordeak jaulki behar duela aurreikusten duela. Hala eta guztiz ere, ez da ulertu behar Zaintza-epaileak txosten bakarra duenik baldintzapeko askatasunaren gaineko erabakia hartzeko. Eta horixe ematen du ulertzera 1993an jada Zaintza-epaileen VII. Bileran hartu ziren erabakietako batek. Bertan, honakoa adierazten zen:
"Hacer presentes al Ministerio de Justicia e Interior la necesidad de dotar a los juzgados de Vigilancia de los equipos técnicos, de la infraestructura y los medios necesarios para el desempeño en buenas condiciones de una función que tan directamente afecta a la garantía de los derechos fundamentales".
Erabat onargarria da epaileak espetxeen administraziotik kanpoko iturrietara jotzea txostenak lortzeko, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoko 508. artikuluan aurrez ikusten denari jarraiki, alegia, Epaitegiak adituen aholkularitzaz baliatu ahalko dira. Madrilgo Espetxeratuen Zaintzako Epaitegiaren 2004ko urtarrilaren 14ko autoan jasotako argudioen arabera, eta bertan aipatzen dena jaso dugu interesgarria delako, gure ustez, arlo honetan funtzio jurisdikzionalean eskaini dezaketen laguntzari egozten dion rolari dagokionez:
"…aunque el pronóstico favorable de reinserción social debe ser efectuado por la Junta de Tratamiento del Centro Penitenciario, los informes por este órgano elaborados no pueden ser los únicos a tener en cuenta por el Juez, y a proceder a la valoración judicial de todos los informes que consten en el expediente penitenciario, sin tener que quedar sometidos por la valoración final que se haga de los mismos por parte de la Junta de Tratamiento. Lo contrario dejaría a este órgano jurisdiccional sin posibilidad de discrepar de la administración, por lo que su función constitucional del art. 117 C.E. de hacer "ejecutar lo juzgado" quedaría vulnerada. El juez no es un ‘corre ve y dile’, es un órgano jurisdiccional que dicta resoluciones. Se trataría de conceder el valor de material probatorio a todo el expediente administrativo-penitenciario.
Así como la posibilidad de que el Juez de Vigilancia Penitenciaria pueda solicitar de oficio los informes que considere convenientes a entidades u organismos públicos o privados que le permitan hacer la valoración del pronóstico final. Esta posibilidad se encuentra por aplicación analógica de la libertad condicional. El Código Penal de 1995 profundiza en la anterior regulación de la libertad condicional para insistir en que es posible el asesoramiento de los especialistas que considerase necesario a los efectos de realizar la valoración de pronóstico favorable o desvaforable de reinserción social. La nueva regulación penal hace desaparecer esta posibilidad en materia de libertad condicional. No obstante, es claro que volvemos al sistema anterior al C.P. del 95 en el que el Juez podía valorar de oficio, con los informes que considerase convenientes el requisito de ‘hacer una vida honrada en libertad’. Esta regulación, en comparación con la del C.P. 95 y la nueva, radica en una única diferencia: la sustitución de los términos con contenido moral (vida honrada) por otros más técnicos (pronóstico favorable). El resto continúa igual. De manera que el Juez de Vigilancia tiene la posibilidad de realizar esa valoración con independencia de la que se realice por la Administración penitenciaria, de lo contrario, no cumpliría la función del art. 117 C.E; y para ello, necesariamente, tiene que apoyarse en informes técnicos, que pueden ser penitenciarios o extrapenitenciarios. Un argumento más. El Juez en materia penal, de oficio, que no rogada como la justicia civil, tiene que tener la posibilidad de solicitar cuantas diligencias e informes considere convenientes a los efectos de fundamentación de sus resoluciones. Con fundamento legal tendríamos que acudir al ámbito civil en el que se permite al Juez, de oficio o a instancia de parte, que se practiquen las pruebas sobre hechos relevantes si las pruebas existentes hubieran sido insuficientes para dictar la resolución final (Art. 435.2 LEC). El carácter supletorio del derecho civil respecto de los diferentes ámbitos del ordenamiento permitiria esta posibilidad".
Ohar horien arabera baloratu behar dira, gure ustez, batetik, Eusko Jaurlaritzak gizarteratzerako babesaren arloan adibidez eskaintzen dituenen antzeko zerbitzuek egiten duten lanak zeregin jurisdikzionalerako duen garrantzia, eta, bestetik, horren zentzua horien lana oinarritzen duen Hitzarmenaren esparruan. Hitzarmen hori Eusko Jaurlaritzak 1994ko apirilean Justizia Ministerioarekin sinatu zuena da. Hitzarmenaren Hirugarren Klausulako 6. zenbakian, bere ekintza-esparrua honakoa dela ezartzen du:
"Potenciación de la labor de asistencia social y de las prestaciones sociales, dirigidas a los/as internos/as y liberados/as y a los familiares de unos/as y otros/as. Las actividades de este área comprenden en concreto:
a) Información y asesoramiento a los/as internos/as sobre los recursos existentes en materia de servicios sociales y canalización de las demandas recibidas a los servicios correspondientes.
b) Colaboración en la realización de informes de base precisos para documentar las diferentes decisiones a adoptar durante el proceso de tratamiento de los/as internos/as, los cambios de situación jurídica y/o penitenciaria, el seguimiento de los/as liberados/as condicionales o la concesión de determinadas prestaciones sociales.
c) Atención a los/as internos/as en general, priorizando los siguientes colectivos: Población toxicómana, mujeres, jóvenes. Referente a la población toxicómana, el modelo de intervención será mediante la integración en programas comunes en los que se incluya la derivación a la comunidad terapéutica por aplicación del artículo 57.1 del Reglamento penitenciario [actual 182 RP].
d) Atención asistencial a familiares de los recluidos/as, dentro de las competencias atribuidas por el Estatuto de Autonomía de la Comunidad Autónoma del País Vasco.
e) Seguimiento y apoyo a los/as liberados/as condicionales que lo requieran, en concreto septuagenarios/as y enfermos/as terminales".
II.2.2. Administrazio zentrala eta autonomikoaren arteko lankidetza ezinbestekoa da
Azaldutako araudi esparruaren arabera, gure ustez, beharrezkoa da bi administrazioen arteko koordinaziorako irizpideak ezartzea, batek zein besteak gizarteratzearen esparruan dauzkaten baliabideei ahalik eta errendimendu handiena ateratzeko, baita epaileei eta auzitegiei arlo horretan laguntzeko gaitasunari dagokionez ere. Gure ustez, irizpide horiek jarraibide gisa balio behar dute, halaber, behin betiko eskualdaketa gauzatu baino lehen berriz plantea litekeen eskumenen edozein eskualdaketa partzialerako.
Zentzu horretan, eta espetxeen arloko sailkapenaren esparruan proposamenak egin eta erabakiak hartzeko gaitasunak Estatu Zentralaren eskumen diren bitartean, arrazoizkoa dirudi Espetxeen arloko Gizarte Zerbitzuei (Barne Ministerioaren menpekoak izanik) Espetxeen arloko Araubidearekin (EA) lotutako betearazpen alderdien kudeaketa, eta, zehazki, ondorengo esparru hauetako kasuen jarraipena eta txostenak:
• Erregimen irekiko modalitateetarako aukera ematen duten sailkapen proposamenak, eta askatasunik gabeko pertsonaren laneratze eta gizarteratze ibilbidearen araubide esparrua zehaztea.
o EA 100.2 artikuluaren bidez. Horrek araubide arrunta eta araubide irekiaren berezko alderdiak barne hartzen ditu, tratamendu programa espezifiko batean oinarrituz.
o EA 117. art., bigarren graduko sailkapena duten pertsona zigortuentzako programa espezializatuak gauzatzeko araubide neurriei buruzkoa. Sailkapen horrek kartzelatik kanpoko instituzio batera irtetea dakar.
o EA 82 art.: araubide irekiko modalitate murriztua, bereziki azpimarratuz haren akonpainamendua bere gain hartzen duen erakunde baten laguntzarekin lana aurkitzeko aukeren arloa.
o EA 83. art., araubide ireki zabala, kanpoan lana edo prestakuntza jarduera duten pertsonentzat pentsatuta dagoena.
o 86.4. art., gaua zentroan igarotzea ekiditen duen erregimen irekia. Hori kasuan kasuko pertsona aipatzen den tokian lokalizatzeko gailu telematikoen bidezko kontrolari esker egin daiteke.
o EA 182. art., hirugarren gradua, hainbat adikzio uzteko programak betetzera zuzenduta dagoena.
• Baldintzapeko askatasun proposamenak
• Gizartearentzat Lan Egitea.
Eusko Jaurlaritzaren Zigor-betearazpenerako eta gizarteratzeko laguntza zerbitzuek (ZGLZ) beren gain hartuko lukete, proposatutako irizpide horren arabera, Zigor Kodean aurreikusten diren kondena-etendurekin lotuta epaileek eskatzen dituzten txostenen eta jarraipenaren funtzioa, baita segurtasun neurrien jarraipena eta betearazpenaren planak ere, eta, bereziki, osasun mentaleko arazoak dauzkaten pertsonei aplikatzen zaizkienak. Zeregin hori bateratu egiten da atxilotuari laguntzeko zerbitzuek gauzatzen dutenarekin, epaitegiek haren egoera osotasunean ezagutzea lortzen laguntzeko. Azken finean, epaitegiek horrekin lotuta hartzen dituzten erabakiek, batetik, zigor arloko erantzukizunak betetzea, eta,
bestetik, gizarteratzea lortzeko beharrezkoak diren prozesuei heltzeko lana, modu ezin hobean barne hartzea ahalbidetzea da helburua.
Horretarako, beharrezkoa da honako zeregin hauek gauzatzea:
• Organo Judizialei dagokienez:
o Auzitegi eta epaitegiei informazioa ematea epaitutako pertsonaren egoera pertsonalari, familiakoari, sozialari, lan-arlokoari eta sanitarioari buruz, bai epaiketa iritsi bitartean haren egoeraren gainean hartzen diren erabakiei begira, bai zigorrak eta segurtasun neurriak gauzatzeari dagokionez.
o Askatasuna kentzekoa ez den zigor bat aplikatzeko proposamenaren esparruan, gizarteratzeko lan bat egitea proposatzea, pertsona bakoitzaren kartzela eta zigor egoera osotasunean jasoz.
o Epaitegiei informazioa ematea behin-behineko espetxealdian dauden pertsonak kartzelatik ateratzeko dauden baliabide sozialei buruz, baita berriro ere delituak gauzatzea prebenitzen laguntzen duten neurrien berri ematea ere, eta behin-behineko askatasunean gizarteratzeko planak hastea ahalbidetzea.
o Instrukzio fasean aurreneurrizko espetxealdia dekretatu edo mantentzearekin lotutako erabakiak oinarritzeko balio duten txosten sozialak.
o Etenaldien eta segurtasun neurrien arloko eskumena duen organo judizialak ezarritako exijentziak nola betetzen diren ikusteko jarraipena egitea.
o Kasuan kasuko zigorra edo segurtasun neurria, askatasuna kentzekoa ez dena, betetzeari dagokionez, laneko planari buruzko ahozko epaiketarako txosten-proposamenak egitea.
o Neurri alternatiboa betetzearekin lotuta, hasierako txostenak egitea, baita bi edo hiru hilez behingo jarraipen txostenak eta betetzearekin lotutako jazoeren txostenak ere.
o Neurria bukatzen denean, txostenak egitea.
o Epaitegietako atxilotuen liburuaren eguneroko kontrola.
o Prozesuak hala eskatzen duenean, etenaldien baldintzak aldatzeko proposamenak egitea.
o Aurrekariak baliogabetzeko tramitazioan laguntzea.
o Etengabeko harremana eragile judizialekin, funtzionarioekin eta epaileekin.
o Epaitegiei baliabide sozialei buruzko informazioa eta aholkularitza eskaintzea.
• Auzitaratutako pertsonei dagokienez
o Harrerako motibazio-elkarrizketak ziegetan, kartzelan edo SCJren bulegoetan.
o Egoera pertsonalaren inguruko informazioa biltzea.
o Zigortutako edo segurtasun neurria ezarri zaion pertsonari laneratze prozesuan laguntzea.
o Plan pertsonalak egitea eta, kasuan kasu, pertsonari bere gizarteratze prozesuan laguntzeko lana gauzatzen duen sozietate zibilaren erakundeekin koordinatzea.
o Tratamendu, harrera edo babes baliabideak besterentzea.
o Beharrezkoa den maiztasunarekin, elkarrizketen bidez jarraipena egitea.
o Familiarekin harremanetan jartzea eta familia-mapa egitea. Familiei babesa eta informazioa eskaintzea kasuan kasuko pertsonari prozesuan laguntzeko.
o Interesdunak edo abokatuek eskatuta, eta harekin egiten den lan orokorraren barruan, ekimen propioko txostenak egitea.
o EAEren barruan nahiz kanpoan kausak eta prozedurak bilatzea.
o Kartzela egoera penalaren ikuspegi orokorra eta horren arabera proposamenak egitea.
o Harreman Kontratua sinatzea eta interesdunak baimena ematea koordinazio errekurtsodunetarako.
o Zerbitzu normalizatuen sarearekin lotuta, laneratze elementuak barne hartzea.
o ZGLZn jarraipen esklusiboak tratamendu terapeutikoa beharrezkoa ez denean.
o Bisitak etxean gaixotasun kasuetan.
o Bisitak kartzelan.
• Baliabide soziosanitarioei dagokienez (interesdunaren berariazko baimena izanez gero):
o Zerbitzuen sarearen etengabeko ezagutza eguneratua.
o Etengabeko koordinazioa tratamendu programekin eta pertsonekin lotutako zerbitzuekin, puntuala nahitaezko kasuetan, hilerokoa, oro har.
o Arlo soziosanitarioa eta judizialaren arteko bitartekotza.
o Jarraipen bisitak tratamendu eta babes zentroetan.
• Abokatuei dagokienez:
o Koordinazioa lantzen ari diren kausen abokatu erantzuleekin.
o Arreta eskaintzen zaien pertsonen abokatuen eskaerari jarraiki, txostenak egitea.
II.3. Euskal administrazioen lana askatasunik gabeko pertsonen gizarteratze eta laneratze prozesuetan
II.3.1. Krisia eta baliabideen berrantolaketa
Azken urtean zehar, euskal administrazioek presoen bazterketa sozialari aurre egiteko erabiltzen zuten sisteman aldaketak antzeman dira: batetik, krisi ekonomikoaren ondorioz, funtsak murriztu egin dira; eta, bestetik, lan hori gauzatzen zuten erakunde sozialen aldeko diru-laguntzak berrantolatu egin dira, gizarteratze eta laneratze prozesuak laguntza-jardueren gainetik lehenesteko.
Defentsa bulego honek gestioak egin ditu zuzentarau berri horiek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten preso askok diru-laguntza bidezko sistema horren bitartez jasotzen zuten arretan. Eta, berriro ere, aldarrikatu behar dugu ekimen sozialeko erakundeek egiten duten lana. Gaur egun espetxeen arloko arreta sozialak maila guztietan dauzkan hutsuneak betetzen dituzte. Are gehiago, gure ustez, gure kartzeletako egoera jasangaitza izango litzateke haien langileen (boluntarioen –gehien-gehienak izanik– nahiz profesionalen) konpromisorik gabe.
Gogoan izan behar dugu kolektibo honen ahuleziak ezaugarri eta maila askotakoak direla. Hala ere, ahultasun horri aurre egiteko beharra, krisiaren ondorioz, hain zuzen ere, areagotu egin da. Orotariko diru-laguntzei buruz ari gara: prestakuntza lan-arloko ikastaroak, arropa eta oinetakoak edukitzeko oinarrizko beharrei erantzutea, atzerrian dauden senideekin edo terapia-taldeekin harremanetan jartzea, familia edo gizarte babesik ez duten hirugarren graduko pertsonentzako pisuak, etab. Aipatu ditugun gestioen artean, gailentzekoak dira uztailean azken alderdi horrekin lotuta gauzatu genituenak, Gasteizko Hiesaren Kontrako Batzordeak kudeatzen dituen gizarteratze pisuen jarraitutasuna ahalbidetu baitzuten; izan ere, horietako batzuk ixteko arriskuan egon ziren funtsen murrizketen ondorioz. Horren harira, eskertzekoa da Langraiz Okako kartzelaren zuzendaritzaren lankidetza, baita Eusko Jaurlaritzaren Justizia sailburuorde zen Jose Manuel Finezen laguntza ere, haren esku-hartzea erabakigarria izan baitzen hori lortzeko.
II.3.2. Gure botere publikoek gizarteratze eta laneratze ibilbideen esparruan jarduteko aukerak eta erronkak
Justizia eta Herri Administrazio Sailak jarraitu duen politikaren inguruan egiten dugun balorazioa, gizarteratze eta laneratze ibilbideei garrantzi berezia (eta eskuragarri dauden baliabideak) emateari dagokionez, erabat positiboa da. Euskal administrazioek kasuan kasuko pertsona lehen aipatu dugun marjinazio-gurpilean sartzea baldintzatu duten faktoreetan modu integralean eragiteko biderik aproposena dela uste dugu.
Ondorioen atalean, ordea, horrekin lotuta kontuan hartu behar diren eta horrekin lotuta dagoeneko gauzatzen diren jarraipenetatik nahiz arlo horretan ibilbide ziurtatua duten erakunde eta profesionalek helarazi dizkiguten hausnarketetatik ondorioztatutako alderdi batzuk aipatu ditugu.
III. Ekintza planean aurreikusitako beste jarduera batzuk
III.1. Bilerak elkarteekin
Hiru lurralde historikoetan bilerak egin ditugu presoak gizarteratzen lan egiten duten ekimen sozialeko erakundeekin, baita hiru Elkargoetako Espetxeetako Laguntza Txandako abokatu arduradunekin ere.
Urtero egiten ditugun topaketa horien bidez, batzuek eta besteek gauzatzen ditugun jardueren inguruko informazioa trukatzeko espazio egonkor bat sortu nahi dugu, urte osoan zehar, gure esku-hartzea eskatzen denean, kasu zehatz batzuekin lotuta izaten ditugun kontaktuez gain. Bestalde, azaldu dizkiguten kezken bidez, zuzenean jakin dezakegu zein den gure kartzelen egoeraren bilakaera.
III.2. Bilerak administrazioekin
III.2.1. Fiskaltza
Goi Fiskaltzarekin eta probintziako Buruzagitzekin batzartu gara erakunde honek gauzatu dituen eta goian aipatu ditugun esku-hartzeen berri emateko, baita legerian aurreikusten diren segurtasun neurrien eta zigorrak betetzeko modalitate desberdinen aplikazioaren inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko ere. Kartzeletan osasun mentalari arreta eskaintzearen arazoari arreta berezia eskaini zitzaion.
III.2.2. Espetxeetako Idazkaritza Nagusia
Idazkaritza Nagusiarekin eta haren taldearekin batzartu ginen lehen aipatu ditugun zuzeneko kudeaketa lana gauzatu ahal izateko lankidetza-bideak mantentzeko, baita kexen jatorri nagusi diren gai batzuei buruz eztabaidatzeko ere. Zehazki, ondorengo gai hauek eztabaidatu ziren:
• Euskadirako zehazten den kartzela-eredua, osasun eta hezkuntza arloan eskumenak bereganatu ondoren.
• Idazkaritza nagusiaren menpeko Espetxeen arloko Gizarte Zerbitzuen eta Eusko Jaurlaritzak zigor-betearazpenaren eta gizarteratzearen arloan gure Erkidegoan epaitegietan eskuragarri jartzen dituenen arteko lankidetza.
• EAEko pertsonak Euskaditik urrun dauden kartzeletara lekualdatzea eta bidaltzea.
• Lankidetza administrazioen baliabideen eta gizarte zibileko baliabideen artean, zigorra kartzelatik kanpo betetzeko modalitateak ahalbidetu eta bultzatzeko, 3. nahiz 2. graduei dagokienez.
• Gizartearentzat Lan Egiteko Zigorra hedatzeko plana.
• Gaixotasun larriagatik kartzelatik ateratzeko baliabideak.
• Arartekoaren txosten berezia kartzeletan osasun mentalarentzat arreta eskaintzeko baliabideei buruz.
• Kartzelan dauden senideak bisitatzera doazen pertsonen erregistroak eta miaketak.
III.2.3. Eusko Jaurlaritza-Justizia Sailburuordetza
Urte osoan zehar Sailburuordetzarekin zigor-betearazpenaren arloan (besteak beste) etengabe mantentzen dugun kontaktuaz gain, aurten bi erakundeen ordezkaritzek egin duten bileran, Idazkaritza Nagusiarekin egin den bileran eztabaidatu diren gai berei buruz mintzatzeko espazio bat egon da, eta, bereziki, espetxeen arloko eskumenak partzialki bereganatzeko perspektibak planteatzen dituen erronkei buruz eztabaidatu da, gizarteratze eta laneratze ibilbideei dagokienez, batik bat. Ondorioen atalean, gai honen inguruan egin dugun hausnarketaren puntu nagusiak islatzen dira.
III.3. Txosten berezia: osasun mentala kartzeletan
Askatasunik gabe uzteko zigorra jaso duten pertsonen osasun mentalari eta arreta psikiatrikoari buruzko txosten berezia lantzeko prozesuan aurrerapausoak eman dira. Horren inguruko ezaugarriak gure azken txostenean aipatu genituen eta aurten aurkeztuko dugu.
IV. Ondorioak
IV.1. Positiboki baloratzen dugu kartzelen arloan hasi den transferentzia prozesua. Gure ustez, Jaurlaritzari funtsezko erronka bi planteatzen zaizkio une honetan:
• lehenbailehen burutzea eskumenak bereganatzeko prozesua sailkapenen, helmugen eta kartzelen barruko erregimenaren arloan.
• bitartean, administrazio zentrala eta autonomikoaren artean lankidetzan aritzeko irizpideak adostea. Horren bidez, mesfidantzak gainditu ondoren, zigor-betearazpenaren arloan indarrean dagoen araudiak eskaintzen dizkien aukerak ahal beste aprobetxatzen saiatu ahalko da, txostenak landuko dira eta presoei arreta psikosoziala eskainiko zaie. Zentzu horretan, arrazoizkoa dirudi Eusko Jaurlaritzaren zigor-betearazpenerako eta gizarteratzeko babes zerbitzuak epaile eta auzitegiei jakinaraztea eta babesa ematea kondenak eteteari eta Zigor Kodea aplikatuz ezarritako segurtasun neurriei dagokienez; Espetxeen arloko Gizarte Zerbitzuak, berriz, Idazkaritza Nagusiaren menpe daudenez, funtzio horiek Espetxeen arloko Araudia betetzearekin lotutako alderdietan lan egingo lukete, eta, bereziki, esparru hauetan: sailkapen proposamenak, baldintzapeko askatasuna eta gizartearentzat lan egitea.
IV.2. Justizia eta Herri Administrazio Sailak gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideen alde apustu egitea erabaki ona dela uste dugu. Azken finean, helburua da zigor sistemaren esku-hartzeak, hobeto gizarteratzen laguntzen ez badu, behintzat, kartzelatik irtetean kasuan kasuko pertsona Legea errespetatuz bizi ahal izateko aukerak negatiboki baldintzatzea ekiditea. Horren harira, honakoa azpimarratu nahi dugu:
• Esparru horretan, agintaritza autonomikoen eta estatukoen arteko lankidetza funtsezkoa da, baita administrazioen eta esparru horretan lan egiten duen ekimen sozialeko erakunde-sare zabalaren arteko komunikazioa hobetzea ere; izan ere, gure ustez, erakunde-sare hori gure herrialdeko aktiborik handienetako bat da elkartasunaren arloan. Gure ustez, ezinbestekoa da erakunde horiek espetxeen arloko gizarteratze-esparruan duten esperientzia eta prestakuntza kontuan hartzea eta aprobetxatzea, baita haien parte-hartzeak berez duen balioa ere, gizarteratze eta laneratze prozesuak diseinatu eta laguntzeko, gizartea zigor-betearazpenaren arloan erantzule izatea bultzatzeko. Horren ondorioz, arlo horretan hartzen diren erabakiek bi alderdiri eskaini behar diete arreta:
o Erakunde horiek espetxeen arloko instantzien aurrean esku hartzea, azken horiek baitira kartzelen esparruan sailkapena eta tratamenduarekin lotutako erabakiak hartzen dituztenak. Zentzu horretan, beharrezkoa da elkarteen parte-hartzea barne hartzen duten Espetxeen arloko Tokiko Kontseiluek garrantzi handiagoa izatea sailkapenetan nahiz gizarteratze prozesuetan, kartzelak urtean behin informazioa jasotzeko egiten duen bilera soil batera mugatuta egon beharrean. DAT (Drogazaletasunen Arretarako Taldeak) direlakoen inguruan egiten dugun balorazioa positiboagoa da: hilean behin batzartzen dira eta informalki funtzionatzen dute, kartzelen eta gobernuz kanpoko erakundeen arteko talde misto gisa. Bertan, pertsonei buruz hitz egiten da funtsean, baita kasuan kasuko ibilbide espezifikoetarako araubide eta tratamendu neurririk aproposenei buruz ere. Parte-hartze eredu horrek, gainera, elkarteek tratatzen diren prozesu pertsonalentzako laguntzarako ekimenak planteatzean lan zorrotza egitera eramaten ditu.
o Eskatzen duten erakundeei zentzu horretan funtzioak esleitzeko prozesuaren gardentasuna.
• Programaren diseinuak eta jarraipenak banakakoa izan behar du; izan ere, zigor-betearazpenaren eragina jasotzen duten pertsona guztiek ez baitituzte bazterketa maila berak izaten eta ez dute laguntza maila bera behar izaten bazterketari aurre egitea funtsezkoa den esparruetan: lanekoa edo prestakuntza mailakoa nahiz erreferentziazko inguru familiar edo sozialean integratzea, kasuan kasuko delituaren ondorioz behar duen tratamendu espezifikoa nahiz delitua gauzatzera eraman duten faktoreak edo gabeziak.
• Pertsona bati ibilbide horretan laguntzean, emaitza ona lortzeko, kontuan hartu behar da laguntza (laneko aukerak, prestakuntza, terapia...) espetxearen esparruan ematen dela eta bertan, askatasun egoeran ez bezalako baldintza desberdinetan dagoela. Hori dela eta, lana eraginkorra izateko, gure ustez, erabakigarria izango da honako faktore hauek, besteak beste, lortzen duten garrantzia:
o Esku-hartzea kartzelan bertan hasteko beharra; askatasunik gabeko pertsonen eta presoei laguntzen dieten erakundeen arteko lotura sortzea, funtsezko gai batzuk lantzen joateko, adibidez, erantzukizuna onartzea eta delitua gauzatzera eraman duten arrazoietan sakontzea: drogazaletasuna, familia, bizimodua, abilezia sozialak eta komunikatiboak, ezagutza pertsonala, osasun mentala. Horrez gain, beharrezkoa da migrazioaren ondoriozko arazoak kontuan hartzea (paperik gabe ezin lanik lortu).
o Presoak prozesuaren benetako protagonistak izan daitezen, ezinbestekoa da prozesua berez onuragarria dela ulertzea, hobetzea aukeratzea libreki, eta kontuan hartu gabe zigorra askatasun gehiagorekin bete ahalko dutela. Ibilbideak, ondorioz, kasu bakoitzean prozesuaren une egokian proposatu behar dira, alegia, lan arloan laguntzeko beharrezkoa da arlo pertsonaleko oinarriak ongi jarrita egotea. Bestela, laguntza ekimen guztien oinarri diren autonomia eta kongruentzia printzipioak arriskuan jartzen dira.
• Administrazio zentralarekiko koordinazioaz gain, ezinbestekoa da alor horretan esku hartzeko aukera eta erantzukizunak dituzten euskal administrazioen arteko koordinazio egokia lortzea:
o Batetik, Eusko Jaurlaritzaren Sailen artean, eta, bereziki, Justizia eta Herri Administrazio Saila, Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila eta Osasun Sailari dagokienez.
o Bestetik, autonomia erkidegoko gobernua eta foru eta udal agintaritzen artean. Horiek gizarte ongizaterako arloen bidez gizarte zibilak arlo honetan lan egitea ahalbidetu duten diru-laguntzen zati handi bat beren gain hartu dute tradizionalki. Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko koordinazio falta, aurten ere, erakunde honek azken txostenetan gailendu duen premia bati behar bezala erantzun ez izanaren faktoreetako bat izan da. Premia hori honakoa da: gaixotasun larriak edo sendaezinak dauzkaten presoak, espetxeen arloko administrazioak behin-behineko askatasuna ematen dienean baina ezin direnean atera kanpoan ez daukatelako laguntzarik, eta, ondorioz, duten aukera bakarra kartzelan hiltzea denean.
IV.3. Arreta psikiatriko aproposa jaso ez izana espetxeen sistemaren hutsune handietako bat da. Hori are larriagoa da askatasunik gabeko pertsona askok izaten dituztelako patologia dualak. Lehenago aipatu ditugun zuzeneko gestioetako batzuk bereziki larriak ziren kasu batzuei laguntza ematera bideratuta egon dira.
Aurten ere, berriz esan behar dugu beharrezkoa dela azterketa sakon bat egitea eta esparru honetan lan egiten duten erakundeek konpromiso handiagoa hartzea. Hori dela eta, Arartekoak 2011n txosten berezi bat aurkeztuko du arazo horiei erantzuna emateko beharrezkoak diren ekimen ofizial eta sozialak sustatzeari buruz.
6. Gizartean baztertuta edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonak
I. Aurrekariak
Nabarmena da gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsona kopurua langabeziaren hazkundeagatik eta lan prekarietateagatik hazi egin dela; hori dela-eta, langileek soldata baxuagoak jasotzen dituzte eta pentsioak kobratzen dituztenek ez dute euren egoera hobetu. Bestalde, premia biziko gaien prezioek altu diraute eta, beraz, oinarrizko premiei (janaria, bizilekua, jantziak, berokuntza...) aurre egiteko gastuak ere handiak dira.
Egungo krisialdiak batez ere talde ahulenak kaltetu ditu: kualifikazio urriko langileak, ardurapean adingabeak dauzkaten familia gurasobakarrak, etorkinak, gutxiengo etnikoetako kideak, behin-behineko kontratupeko pertsonak, pentsio txikiko pentsiodunak, besteak beste. Lanik eta diru-sarrerarik ezak, denboran luzatuz gero, gizarte bazterketako prozesuak larriagotzen ditu eta, hortaz, sarrerak bermatzeko sistema bat izatea oso ona da.
Aurten eztabaida kezkagarria egon da gizarte laguntzak jasotzeko balizko iruzurrari buruz, eta komunikabideetan hedapen handia izan du. Eztabaida horretan gizarte bazterketaren zioei buruzko azterketa serioa falta izan da; izan ere, gizarte, politika eta ekonomia osagaia daukate, eta haien erroek ez dute zerikusirik gizarte babesa eskatzen duten pertsonekin. Eztabaida horiek gizarte erabaki eta politiketan daukaten eragina dela-eta, iruzurraren aurkako ekintzei buruzko adierazpenetan azterketa zorrotzagoa egin behar da, administrazio espedientea osatzen duten betekizun batzuk betetzeko zenbait agiri ez aurkeztearen eta pertsona asko bizi duten egiazko txirotasun egoeraren artean bereizi behar da, haien duintasuna eta eskubideak errespetatzeko.
Zentzu horretan garrantzitsua da gogoratzea txirotasunari eta gizarte desberdintasunari buruzko inkesten emaitzak eta haien bilakaera. Azkena 2008ko datuei zegokien, zehazki, lehenengo seihilekoari; urte hartan krisi finantzarioa lehertu baino lehenagokoa da, beraz. Inkesta hark txirotasun tasen eta ongizate ezaren jaitsiera prozesuan bilakaera ona erakutsi zuen, eta salbuespen bakarra zegoen: mantentze txirotasunaren zenbait adierazleri dagokiena. Zioen artean, besteak beste, txirotasun arriskuko pertsonen erabat oinarrizko premiak betetzeko gastuaren –esaterako, etxebizitzarako gastua- eta guztizko gastuaren arteko proportzioa zegoen. Inkestan, txirotasun eta prekarietate egoerak gerarazteko prozesuan eta, zehazki, metaketako txirotasun tasaren jaitsieran, funtsezko elementua oinarrizko errenta eta gizarte behar larrietarako laguntzako ekintzek egiazko txirotasuneko arriskuko taldeengan izandako eragina jotzen zen funtsezko elementu. (2009ko Pobreziari eta gizarte desberdintasunari buruzko inkesta)
Sarrerak Bermatzeko Errenta eta beste zenbait laguntza bezalako prestazioak funtsezkoak dira txirotasuna gerarazteko. Halaber, garrantzitsua da laneratze programak abiaraztea ahalik eta pertsona gehien laneratu ahal izateko.
Bestalde, gogoratu behar da gizarte bazterketa larriko egoeran dauden pertsona guztiak ez direla prestazio horien titularrak. Ikusiko dugunez, laguntzak emateko zenbait betekizun bete behar dira, hala nola bizileku independentea izatea edo erroldan gutxieneko antzinatasuna izatea, eta hori dela-eta pertsona askok ez dituzte haiek eskuratu. Era berean, bazterketa prozesuek, aurreratuta daudenean, erakunde eta zerbitzu publikoetatik erabat banantzea dakarte. Arloko jarduketa planari buruzko 4. atalean, etxerik gabeko pertsonen egoera aipatuko dugu, etxerik gabeko eta gizarte bazterketa larriko egoerako pertsonei buruzko txosten bereziaren jarraipenean.
II. Arloa kopurutan
Aurten kexa asko jaso ditugu prestazio ekonomikoak eten direlako, betekizunak ez betetzeagatik prestazioak ukatu direlako edo jasotako kopuruak itzultzeko eskatu delako. Kexa askok araudian aurreikusitako izapideak betetzeari Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Komunaren 30/1992 Legean xedatutako eskubide eta bermeei buruzkoak dira, baita gizarte ahultasuneko egoerei buruzkoak ere.
III. Lege testuingurua eta politika publikoak
Atal honetan Gizarte zerbitzuen Euskal Sistemaren eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren legediaren garapenari buruzko zenbait kontu eta arlorako interesa duten beste politika publiko batzuk jasoko ditugu.
Gizarte zerbitzuen Euskal Sistema
Gizarte zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legeak eskumen araubidea ezarri eta prestazio eta zerbitzuen katalogoa zehazten du. Ondoren prestazio eta zerbitzu zorroa arautzea aurreikusten du, baita Gizarte zerbitzuen plan estrategikoa onartzea ere, zeinek Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko Gizarte zerbitzuen mapa jasoko baitu. Etorkizuneko prestazio eta zerbitzu zorroak zerbitzuak eta prestazioak eskuratzeko betekizun zehatzak, ezaugarriak eta finantzabideak ezarriko ditu. Txosten hau ixteko orduan, oraindik ez dira onartu ez Gizarte zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzu zorroa ez beste tresna estrategikoak ere. Erabiltzaileek katalogoan aurreikusitako ez doako prestazio eta zerbitzuen finantzazioan izan behar duten parte hartze ekonomikoaren arautzea ere ez da onartu. Tresna horiek funtsezkoak dira Gizarte zerbitzuen Euskal Sisteman eta lurralde osoan behar besteko eta antzeko arreta aplikatzeko bermean aurrera egiteko. Espero dugu 2011n dagokien administrazioen artean haiek onartzeko behar den adostasuna lortuko dela.
Gizarte zerbitzuen Erakunde arteko Organoa (martxoaren 30eko 101/2010 Dekretua), eta Goi Ikuskaritza (Gizarte zerbitzuen arloko Goi Ikuskaritzari buruzko irailaren 14ko 238/2010 Dekretua) arautzen dituen arautegia onartu egin da.
Aurten Arartekoak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko oinarrizko gizarte zerbitzuen egoerari buruzko txosten berezia egin du. Txostenak oinarrizko gizarte zerbitzuen funtzionamendua aztertu eta esleitutako helburuak betetzeko dauden zailtasun eta arazoei antzeman die. Haien egoeraren balorazio orokorra egin eta administrazio eskudunei gomendioak egin dizkie, zortzi arlotan egituratuta: gomendio orokorrak; kontzeptu, lege eta antolakuntza esparruei lotutako gomendioak; zonakatzeari buruzko gomendioak; zerbitzuak eskuratzeko prozedurei buruzkoak; langileei buruzkoak; banakako eta familiako esku-hartzeari buruzkoak; erabiltzaileen eskubideei eta zerbitzuen kalitatearen neurketari buruzkoak; bukatzeko, oinarrizko zerbitzuek komunitatean izan beharreko engaiamenduari eta bigarren mailako arreta sarea koordinatzeari buruzko gomendioak. "Euskal Autonomia Erkidegoko oinarrizko gizarte zerbitzuen egoera" txosten berezia.
Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema
2009ko urtarrilaren 1ean Sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legea sartu zen indarrean. Lege hori garatu egin behar da eta, zentzu horretan, 2010ean Eusko Jaurlaritzak arautegi bi onartu ditu: 2/2010 Dekretua, urtarrilaren 12koa, etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriari buruzkoa eta 147/10 Dekretua, maiatzaren 25ekoa, Gizarteratzeko diru-sarrerak bermatzekoa. Egiteke dago beste dekretu garrantzitsu bat, gizarte behar larrietarako laguntzei buruzkoa, laster eginda egotea espero dena, baita gizarteratzeko hitzarmenak arautuko dituena ere. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak pertsona langabetuak edota diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak kontratatzeko laguntzak ematen jarraitzen du (Enplegu eta Gizarte gaietako sailburuaren 2009ko azaroaren 25eko Agindua, 2010eko urriaren 22ko Aginduak aldatua).
Beste prestazio batzuk
Arabako Foru Aldundiak gizarteratze ibilbideetan parte hartzen duten pertsonentzako laguntza ekonomikoak deitzen jarraitu du (ALHAO, 2010-2-10). Laguntza horiek lan prestakuntzarako joan-etorriek eragindako gastuak, joan-etorri horiek egiten dituen eskatzailearen mendeko pertsonen arretarakoak eta gidabaimena lortzekoak estaltzen ditu. Halaber, Aldundi horrek beste laguntza ekonomiko mota baterako deialdia egin du, 2009an lanbide arteko soldataren azpiko errenta jaso zuten pertsonen baldintzak eta bizi kalitatea hobetzeko (ALHAO, 2010-7-16).
Prestazio hori, batez ere, 45 urtez gorako alargunentzat da. Gainera, laguntza hori bateragarria da abenduaren 14ko 39/2006 Legetik (LAAD) eratorritako prestazioekin eta ez da ondorio horietarako zenbatzen.
Jarraian, euren interesagatik azpimarratu nahi ditugun zenbait politika publiko aipatuko ditugu.
Europar Batasuna
2010a txirotasunaren eta gizarte bazterketaren aurkako borrokaren europar urtea izan da. Bertan Europan, munduko eskualderik oparoenetakoa izan arren, jende asko bizi den txirotasun eta gizarte bazterketako egoera ikusarazi da. 2010eko abenduaren 6an Europar Batasuneko Kontseiluak Adierazpen bateratua sinatu du. Hartan, txirotasuna eta gizarte bazterketa murrizteko eta Europar Batasuneko balioak eta "2010eko abenduaren 16an Batzordeak Europar Parlamentuari, Kontseiluari eta Ekonomia eta Gizarte Batzordeari eta Eskualdeen Batzordeari egindako komunikatua. Txirotasunaren eta gizarte bazterketaren aurkako Europar Plataforma, gizarte eta lurralde kohesiorako europar esparrua" SEC (2010) 1564 azkena izenekoan aurreikusitako tresnak sustatzeko konpromisoa hartu du.
Komunikatu hori oso garrantzitsua da Europar Batasunak hurrengo urteetan izango dituen erronkak ezartzen dituelako: gizarte bazterketa borrokatzea eta gizarte justizia eta oinarrizko eskubideak sustatzea. Europar Batasuneko Estatu kideetan bizi den txirotasun eta bazterketa egoeraren azterketa egin eta hura borrokatzeko neurriak eta tresnak eta konpromiso politiko handiagoa aurreikusten ditu.
Abenduaren 16 hartan, tresnetako bat abiarazi zen, 2020 Estrategian jasotako Txirotasunaren aurka Borrokatzeko Plataforma, hain zuzen ere.
Plataforma horren helburuak behar diren aldaketak sustatzea eta proposatutako erronkak gauzatzea dira. Ongizatearen Estatua sendotzeko ekintzak aurreikusten dira; izan ere, gizarte babesari, osasunari, hezkuntzari, etxebizitzari, familia kontziliazioari eta lan gaikuntzari buruzko neurriak jasotzen ditu. Komunikatuak aintzat hartzen ditu etnia edo generoagatiko bereizkeria pairatzen duten pertsonen egoera eta, besteak beste, osasun mentaleko arazoak pairatu edo etxerik gabe dauden pertsonak. Estatu kideek, beraz, Europar Batasuneko txirotasuna eta gizarte bazterketa borrokatzeko nazioko erreforma programen barruan eta Europar 2020 Estrategia (zeinek, besteak beste, txirotasun eta bazterketa egoeran 20.000.000 lagun gutxiago egotea aurreikusten baitu) betez jardun behar dute. Programok Batzordeak ebaluatuko ditu.
Euskadi
Berrikuntza Estatuko Enplegu Zerbitzuak egiten zituen eginkizun eta zerbitzuei dagozkien eskuduntzak transferitzea izan da.
Eginkizun hori Lanbideren bidez beteko da, 2011ko urtarrilaren 1az geroztik.
Eusko Jaurlaritzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardueren hastapena arautu du (abenduaren 28ko 354/2010 Legea).
Aurreikusita dago Eusko Jaurlaritzak 2011n, Lanbideren bidez, Diru-sarrerak bermatzeko errentari eta Etxebizitzako prestazio osagarriari dagozkion espedienteak izapidetzeko eta ebazteko lana bere gain hartzea. Orain arte, lan hori Foru Aldundiek betetzen dute. Horren bidez, lan eskaintza laguntza horiek jasotzen dituztenei lotuago egotea nahi da. Aldaketa horretarako, ordea, aipatu 18/2008 Legea aldatu behar da, eta txosten hau idazten amaitzeko unean haren legebiltzarreko izapidetzea egiteke dago. Legearen aldaketa indarrean sartzen denean, hiritarrek ez dute aurrerantzean bizi diren udaleko edo auzoko oinarrizko gizarte zerbitzuetara jo beharko; aitzitik, Lanbide-Euskal enplegu zerbitzuaren bulegoa izango da prestazio sistema horretan eta lan jardueran sartzeko atea. Lanbidek osorik izapidetuko ditu espedienteak, herritarren eskabideak jasotzen direnetik haiei buruz ebatzi eta eskatzaileei zuzenean ordaindu arte. Aldaketa horrek prestazio horien eskatzaile eta onuradunentzat ahalik eta ondorio txikienak izan behar ditu; horregatik, oso garrantzitsua da egingo den modua. Laguntza horien xedea pertsonen oinarrizko premiei aurre egitea da, horregatik, atzerapenek ondorio oso larriak dauzkate familientzat.
Aurten, berrikuntzen artean, duten garrantziagatik, arlo soziosanitarioan egondako aurrerapen batzuk azpimarratu nahi ditugu. Araban, Abegia, egoitza arretako zentroa abiarazi da; droga kontsumoari lotutako arazo mentalak dauzkaten pertsonentzako arreta osoko osasun zerbitzua da. Gizarte euskarri egokirik izan gabe patologia anizkuna duten pertsonentzat da.
Bizkaian, Bilbo udalerrian, Etxerik gabeko pertsonentzako arreta psikiatrikoko programa abiarazi da, Eusko Jaurlaritzaren, Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Bilboko Udalaren arteko hitzarmenaren ondoren. Programa, Bilbo udalerrian bizi izanda, gaitz mental larria duten etxerik gabeko pertsona adindunentzat da, arretarik jaso ez badute edo osasun mentaleko sare publikoarekiko loturarik ez badaukate. Osasun mentaleko arazoak dauzkaten etxerik gabeko pertsonentzako arretako lehenagoko esperientzia batetik dator; hartan, Bizitegi elkarteak, Bermeoko eta Begoñako Ospitaleek parte hartu zuten. Programak honakoak aurreikusten ditu: osasun eta gizarte esparruetatik egin beharreko jarduketak, erabili beharreko baliabideak, ebaluazioa eta bideratzeko agiriak eta programak aurrera egiteko behar diren beste tresna batzuk.
Bukatzeko, aipatuko dugu aurten Bilboko Udalak etxerik gabeko pertsonen egoera eta haien premiak aztertu dituela, bizileku bazterketa larriko egoeran dauden pertsonen errealitatearen irudia eratzeko xedez. Azterketarako, 2010eko ekainaren 15eko gauean zenbaketa bat egin zen kalean zenbat lagun bizi ziren jakiteko.
IV. Jarduera-plana
Arartekoak populazio horri eragiten dioten honako jarduketak burutu ditu. Alde batetik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailera jo eta egoera batzuei buruz daukan iritzia helarazi dio; izan ere, egoera horiek ez zuten jasotzen behar zuten arreta. Halaber, jakinarazi dio foru aldundiek, araudia aplikatzerakoan, zenbait interpretazio desberdin eman dizkiotela. Bestalde, etxerik gabeko pertsonei arreta ematen dieten programak bisitatu ditu, etxerik gabeko eta gizarte bazterketa larriko egoerako pertsonen egoerari buruzko txosten bereziari jarraipena egiteko, eta iritzi artikulu bat egin du txirotasuna desagerrarazteko egunaren karietara.
1) Iaz aipatu genuen Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailera jo genuela proposatzeko konpentsazio pentsioak, zenbait kasutan, pentsiotzat jo ahal izatea, hola 18/2008 Legeko 9.2.a) artikuluan sartzeko. Era horretan, jasotzen dituztenak –batez ere emakumeak dira- elkarbizitza unitatetzat jo litezke eta DBEko "pentsio osagarria" izenekoa eskura lezakete. Sail horrek, ordea, ez zuen proposamena onartu, ez baita Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta arautzeko 147/2010 Dekretuan sartu.
2) Sail berari beste proposamen bat egin diogu, hura ere 18/2008 Legeko 9.2.a) artikuluari lotua. Proposamena honako zentzuan egin da: %65etik gorako ezgaitasunen bat duen 18 urtez gorako seme-alabaren arduragatiko prestazioaren kausatzailea artikulu horren ondorioetarako pentsioduntzat jo ahal izatea. Ezintasunen bat duten pertsonen arloari buruzko atalera jotzen dugu, bertan azaltzen baita proposamena.
3) DBEko "pentsio osagarria"ren onuradunei trataera desberdina ematen zitzaiela ulertzeagatik ere jo dugu Sailera. Jasotako kexa pentsiodun batek, haren ezkontideak eta semeak osatutako familiari zegokion. Aita pentsiodunak eta amak elkarbizitza unitatea osatzen zuten, 18/2008 Legeko 9.2.a) artikulua, eta pentsio osagarria jasotzen zuten. Semea lanean ibilia zen eta, beraz, lanagatiko diru-sarrerak jaso eta ez zuen elkarbizitza unitate hura osatzen.
Semeak lan egiteari utzi eta langabezia subsidioa, DBE baino txikiagoa, jaso zuenean, ulertu zen ekonomikoki gurasoen mendekoa zela eta, beraz, elkarbizitza unitate bera osatzen zuela. Hola, baliabideen zenbaketan pentsioa eta subsidioa hartzen ziren aintzat, eta bien batura baliabideei ezarritako muga gainditzen zuen. Horren ondorioz, gurasoek pentsio osagarriengatik jasotako zenbatekoak jaso behar ez zirela ebatzi da eta itzuli behar izan dituzte. Sailari helarazi diogu ez daukala zentzurik pentsiodunen elkarbizitza unitate batean, seme-alabak lanagatiko sarrerak jasotzen baditu –zein ere den haren zenbatekoa- haiek ez zenbatzeak, seme-alabak ez duelako gurasoen elkarbizitza unitatea osatzen; seme-alaba horrek beste edozein jatorritako DBE baino diru-sarrera handiagoak jasotzen baditu haiek ere ez zenbatzeak. Eta seme-alaba berberak langabezia subsidioa –zein lan egin izanari eta egoera horregatik kotizatu izanari lotuta baitago- jasotzen badu diru-sarrera horiek zenbatzeak, DBE baino txikiagoa izateagatik gurasoen elkarbizitza unitatea osatzen duelako. Honako proposamena helarazi diogu: halako egoeretan elkarbizitza unitatetzat jotzen jarraitzea, baina elkarbizitza unitate horren baliabideak zenbatzean seme-alabaren diru-sarrerak aintzat ez hartzea. Horri dagokionez ere erantzunaren zain gaude.
4) Ofiziozko jarduketa bati ekin diogu Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak iragarri duelako Enplegu Zerbitzu Publikoan izena eman ez duten pertsonei Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitza Osagarria etengo dizkiela.
Bukatzeko, jakinarazi nahi dugu 2010eko martxoaren 3an Gizarteratzeko Zuzendaritzarekin bildu ginela eta bertan bazterketaren aurka borrokatzeko zenbait tresna arautzeko legediaren aplikazioari buruzko zenbait gai kezkagarri jakinarazi genizkiola. Jarduketa horietako batzuk etorkinen eta kultura gutxiengoen arloetan jorratu dira. Beste batzuk honakoak dira: DBE prestazioaren onuradunak elkarbizitza unitate bitara mugatzea, mugaketa hori dela-eta egoera bereziak elkarbizitza unitatetzat jotzeak ekarri duen hobekuntzak hobekuntza izateari utz baitiezaioke; enplegu babestuan lan egiten duten pertsonen soldata aintzat hartzea; zigorra betetzen egonda zigor sailkapenaren arabera zenbait askatasun maila izateagatik gizarteratze eta laneratze prozesuetan sar litezkeen arren haietatik kanpo uzten diten pertsonen egoera; familia eta lana kontziliatzeko premiak; eten prozeduretan entzunaldiko izapidearen eta etetea ebatzi ahal izateko zioetako proportzionaltasun printzipioaren garrantzia, eta zehapen prozesuaren aldean daukan aldea, etete prozesura baino hobea izan baitaiteke; gizarteratzeko hitzarmenean adostutako konpromisoak eta haiek haustea arautzeko esparru objektibo baten garrantzia, hura baita eskubidearen etetea edo azkentzea ebazteko aurreikusitako zioetako bat, baita lekuaren edo esku hartzen duen gizarte langilearen arabera alde handirik ez egotearen garrantzia ere; bizilekuaren errealitatea, erroldako erregistroaren bidez ez ezik, beste frogabide batzuen bidez egiaztatu ahal izatea, besteak beste.
Etxerik gabeko pertsonei arreta ematen dieten programa eta zentroei egindako bisitei dagokienez, guztira 7 programa bisitatu ditugu hiru lurralde historikoetan. Zentro horiek, gauez edo egunez, etxerik gabeko pertsonak hartzen dituzte. Bisitetan arduradunekin bildu, zentroa ikuskatu eta erabiltzaileak elkarrizketatu ditugu. Datuak fitxetan jaso ditugu eta haien bidez baliabideen artean erkatu eta arretaren bilakaera egiaztatu ahalko da Datuetan azpiegitura eta instalazioak, erabiltzaileentzako arreta, informazioa eta prebentzioa, zentroaren proiektua eta dauden erregistroak, eta zentroko langileak eta kudeaketa modalitatea jasotzen ziren. Jasotako informazioak bidea ematen du "Etxerik gabe eta bazterkeria larrian dauden pertsonen premiei emandako erantzuna" izeneko txosten bereziaren jarraipena egiten segitzeko.
Garrantzitsua da aipatzea oraindik ez dela etxerik gabeko pertsonentzako zentroak arautzeko legedia onartu eta, beraz, zentro horiek bete beharreko ezaugarri teknikoak eta betekizunak zehaztu gabe daudela.
Jarraian, honako kontuei buruz jasotako informazioa laburbilduko dugu. Informazio hori ugaria eta balio handikoa izen zen:
a) Arreta soziosanitarioa
Bilbon 2010ean etxerik gabeko pertsonentzako arreta psikiatrikoko programa abiarazi da, politika publikoei buruzko atalean aipatu dugun bezala. Programa hori 2010ean hasi da eta balorazio ona egiten dugu. Osasun mentaleko arazoak dauzkaten pertsonentzat da, zein ere den haren jatorrizko nazioa,edo administrazio egoera, edo erroldan erregistratuta egon zein ez.
Iaz Bilbon beste aurrerapen bat egin zen, Elejabarri aterpeko susperraldi unitatea abiarazi baitzen; oraindik gabezia batzuk daude, hala nola: plaza gehiago behar izatea, asteburuetan sartzea edo suspertzen jarraitzeko beste aukerarik ez daukatenean egonaldia luzatzeko aukera. Hontzan ere 4 plaza dauzkate susperraldia behar duten pertsonentzat baina gaueko egoitza da.
Gasteizen gizarte larrialdietarako zerbitzuaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arteko protokoloa dago osasun mentaleko arazoak dauzkaten pertsonei arreta emateko. Gizarte larrialdietarako zerbitzuak aldian aldiko laguntza ematen die Foru Aldundiak arreta eman behar dien mendekotasun egoerako pertsonei (izapidetutako kexei buruzko atalera jotzen dugu, haietako batzuk koordinazio soziosanitarioari buruzkoak direlako).
Arestian aipatu dugun Armentiako egoitzak –Abegiak– patologia anizkunak dauzkaten gaizoei ematen die arreta. Osasun mentaleko arazoak dauzkaten pertsonentzako zentro bat zabaltzea ere dago aurreikusita.
Donostian jarduteko protokoloak falta dira osasun mentaleko arazoak edota mendekotasunak dauzkaten etxerik gabeko pertsonei arreta emateko jarraibide argiak emateko, baina gizarte eta osasun arloko langileen artean lankidetza dago talde horri arreta eman ahal izateko.
b) Ezaugarriak
Bilbon, diotenez, baliabideetara jotzen ari diren pertsonak hondatuago daude. Gehienek osasun mentaleko tratamenduari jarraitzen diote. Baliabideetan atzerritar asko daude. Haien egoeren artean aldeak daude, batzuetan arazo bakarra bizileku bazterkeria eta baliabide ekonomikorik eza da. Halaber, gazte atzerritar gehiago daude. Gehienak gizonezkoak dira, emakumeak askoz gutxiago dira. Hontzara (mendekotasun arazoak izanda gizarte bereizkeria egoeran dauden pertsonentzako gaueko egoitza da) doazenen batez besteko adina 40 urtekoa da eta gehienak bertokoak dira.
Gasteizen, diotenez, halako baliabideetara jotzen duten gehienak gizonezkoak dira; atzerritarrak %50 baino gutxiago dira; pertsona batzuek mendekotasunak dauzkate, baina substantzia toxikoak hartzen dituzten pertsonak gutxitu egin dira; batez beste 35 eta 55 urte bitartekoak dira, gehienak erroldatuta daude, pasadizokoak ere badaude baina eguneko egoitzara doazenak gutxiago dira.
Donostian, diotenez, gehienak 30 urtez gorako gizonezkoak dira. Erabiltzaileen erdiak atzerritarrak dira eta halako baliabidetara jotzen duten bertoko pertsonak baino gazteagoak dira. Pertsona haietako batzuek osasun mentaleko arazoak dauzkate baina ez dute tratamendu egokirik jasotzen euren gaixotasunari jarraipena egiteko baldintza egokirik ez daukatelako. Bestalde, jabetu dira bigarren belaunaldiko pertsonak ere etxerik gabeko pertsonentzako baliabideen erabiltzaileak direla.
c) Osasun arreta eta gizarteratzeko programak jasotzea
Bilbon etxerik gabeko lagunek bermatuta daukate osasun arreta eta gizarteratzeko programak jasotzea. Bilboko Udalaren protokoloak gizarte erakunde batek gizarte laguntasuna ematea eta prestazio ekonomikoak eskatzeko aukera aurreikusten ditu. Zenbait zailtasun dauzkate, besteak beste, pertsona batzuek autonomia helburuak lortzeko zailtasun handiak dauzkatela.
Gasteizen etxerik gabeko lagunek osasun arreta jasotzen dute eta gizarteratzeko ibilbideak hasteko eta burutzeko jarraibideak aldez aurretik daude ezarrita. Ibilbide horiek Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuak koordinatzen ditu. Aurten erroldan erregistratzeko jarduketa protokoloa ere onartu dute.
Donostian ohiko pertsonak udal erroldan erregistratu eta osasun arreta jaso dezakete, baina ez dago aurreikusita prestazio ekonomikoak izapidetzea eta diotenez arazoak daude etxerik gabeko pertsonek gizarteratzeko prozesuei eki diezaieten, ez dagoelako ez eskakizun urriko egoitzarik (neguko dispositiboa izan ezik) ez plaza nahikorik premiei erreta osoa emateko programetan, gehienak haiek izan arren. Beste arazoetako bat zigor-aurrekariak dauzkaten atzerritarren egoera da, ezin baitute ez bizitzeko ez lan egiteko baimenik lortu, eta horrek haien autonomia eta gizarteratzea zailtzen ditu.
d) Oinarrizko premiak asetzea
Bilbon, diotenez, otordu kopuruak eta jantokietako ordutegiak handitu dituzte. Oraindik mugak daude, otordu bat eta gosaria baino ez daudelako bermatuta.
Aterpeko plazak handitu dira baina ez da nahikoa, batez ere neguko dispositiboari dagokionez.
Jantziari dagokionez, arazoak daude zenbait neurrirekin, emakumeentzako arroparekin eta oinetakoekin. Era berean, diotenez, txartela berriz eskatzeko ezarritako hiru hilabeteko epea, batzuetan, gehiegizkoa da.
Gasteizen ez da sumatu janariari, jantziari edo aterpeari buruzko arazorik.
Donostian oraindik agertzen dute hondartzakoak ez diren udal dutxak behar direla. Kontsignen garrantzia eta premia ere bai. Janariari dagokionez, Caritasek jantoki bi kudeatzen ditu eta udal aterpean janaria ematen da, baina horrek ez du ahalbidetzen pertsona guztiek egunero janari beroa izatea eta ogitartekoetara jo behar izaten dute. Neguan bai Neguko Aterpean bai Hotzaldian gosariak eta gauean otamen beroa ematen dituzte. Jantziari dagokionez ez dute arazorik atzematen.
e) Baliabide berrien premia
Bilbon, diotenez, osasun mentaleko arazoak dauzkaten emakumeentzako pisuak behar dira. Baita kontsignak eta garbiketa zerbitzua, eguneko egoitzak asteburuetan eta patologia anizkunak dauzkaten pertsonentzako egoitza egokiak ere.
Gasteizen behar diren baliabide berriei dagokienez, diotenez gizarteratzeko enpresak garrantzitsuak dira pertsona horiek laneratzen laguntzeko.
Donostian eskakizun txikiko egoitzetan ez dago plaza nahikorik neguan izan ezik, Caritasek kudeatzen duen Aterpea eta udal aterpea baino ez baitaude urte osoan zabalik. Baliabide horiek gizarteratzeko programei ekitea ahalbidetzen dute.
f) Bizi arriskuko egoerak
Bilbon osasun mentalarekin koordinatuta bizi arriskuko egoeretarako prozedura bat dago aurreikusita.
Gasteizen kaleko taldea udal baliabideetan, hala nola neguko aterpe dispositiboan, sartzeko lan egiten ari da.
g) Gai komunak
Prestazio ekonomikoak jasotzeko etxe bakoitzeko elkarbizitza unitate bitara mugatzeak bizileku egokia aurkitzeko arazo izugarriak dauzkaten pertsona horien autonomia prozesuak zailtzen ditu.
Garrantzitsua da, ekimen publikokoak ez ezik, ekimen pribatuko baliabideak eta zentroak egotea, eskakizun txikikoak eta eskakizun handiagokoak, pertsona horien prozesuetara hobeto egokitzea ahalbidetzen dutelako, prozesu horiek ez baitira linealak, eta pertsona bakoitzaren premietara hobeto egokitzen direlako.
V. Taldeari eragiten dioten kexak
Jarraian, aurten izapidetutako kexa batzuk aipatuko ditugu. Kexok gizarteratzeko tresnei, Administrazioaren funtzionamenduari eta gizarte zerbitzuek darabilten administrazio prozedurari, agertzen diren ahultasun egoerei eta arreta soziosanitarioari, erroldan erregistratzeari, bereizkeriari eta tratu desegokiei lotutako arazoei, eta elkarbizitza arazoei buruzkoak dira.
V.1. Diru-sarrerak Bermatzeko Sistema
2010ean Arartekoak izapidetu dituen kexak batez ere prestazio ekonomikoen –besteak beste, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) bere modalitate guztietan, Etxebizitza Prestazio Osagarria (BPO) eta gizarte larrialdietarako laguntzak (GLL)– onuradunak izateko pertsonek bete behar dituzten betekizunei buruzkoak dira.
Pertsona askok ezin dute frogatu bizileku egokia edukitzea, prezioa edo jabeak jartzen dituen baldintzak direla-eta ezin duelako etxebizitzarik alokatu, eta horregatik zenbait bide garatu dira, hala nola etxebizitza berean zenbait gela alokatzea edo berrakuratzeak.
Bizileku independentea frogatzeko zailtasunei buruzko kexak jaso ditugu. Beste kexa batzuk gertatu dira prestazioa izapidetzea ukatu delako, helbide berean udal erroldan erregistratutako pertsona gehiago egoteagatik etxebizitza bizi ez arren, edo etxebizitzak bizigarritasun baldintzak betetzen ez dituen kasuak. Beste kexa batzuk etxebizitza berean sarrerak mugatzeari buruzkoak dira; hots, etxebizitza berean zenbait elkarbizitza unitate daudenean, dauzkaten diru-sarreren guztizko baturak ezin du zenbateko jakin bat gainditu.
Udal gizarte zerbitzuek egiaztatzen dute ea pertsonaren bizilekuak DBE eta, hala balegokio, BPO eskuratzea ahalbidetzen dion. Pertsonek etxebizitzaren okupazioaren egiaztagiria aurkeztu behar dute eta, besteak beste, honakoak egiaztatzen dira: etxebizitzak bizigarritasun baldintzak betetzen dituen, udal erroldan helbide horretan erregistratuta dauden pertsonak eta etxebizitzan bizi direnen diru-sarrerak eta ondare ondasunak.
Kexak aztertzerakoan, haiek eragin dituen jarduketak dagokion legedian (Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko Legea) lekurik daukan balioesten dugu.
Aurkitzen dugun arazoetako bat oinarrizko udal gizarte zerbitzuen eta Foru Aldundien artean araua interpretatzeko dauden aldeak dira. Lehenengoek izapideak egiteko eta ebazpena proposatzeko eskumena daukate; bigarrenek, DBE eta BPO onartzeko, ukatzeko eta, behar balitz, berrikusteko, aldatzeko, eteteko eta azkentzeko eskumena.
Etxebizitzaren okupazioaren egiaztagiri batzuek lurralde batzuetan balio izateak eta beste batzuetan ez izateak –esaterako, gela kontratua edo etxebizitzak zenbait bizigarritasun baldintza betetzeko eskakizuna edo etxebizitzan elkarrekin bizi diren elkarbizitza unitateen diru-sarrerek zenbateko jakin batzuk gainditu ezina–, kexak ekarri ditu lurraldearen arabera. Etxebizitza bakoitzeko DBE prestazioaren onuradunak gehienez elkarbizitza unitate bi izatea mugatzen duen egungo xedapenak egoera argitu du, baina, bestalde, pertsona askoren egoera konpondu gabe geratu da, etxebizitzen prezioak direla-eta, elkarbizitza unitate bi baino gehiagorekin bizi direlako.
Beste kexa batzuen zioa honakoa izan da: udal erroldan bizileku berean pertsona batzuk daudenean, etxebizitzan bizi ez arren, DBE izapidetzeko zailtasunak daude. Udal erroldan ofizioz baja emateko prozedura 6 hilabetez luza daiteke, eta beraz, pertsona horiek beste etxebizitza bat bilatzea hautatu dute, horrek dakartzan zailtasunekin, erroldako baja gertatzen ez den bitartean ez delako DBE eskabidea izapidetzen.
Aurten ikusi dugu, kasu honetan ere lurralde batzuetan besteetan baino gehiago, zenbait betekizun eskatzen direla, hala nola jatorrizko herrian ondasun higiezinik ez edukitzea frogatu beharra eta banantzea, dibortzioa edo mantenu-pentsioen eskaera frogatu beharra. Betekizun horiek eragin handia daukate etorkinengan eta, beraz, talde horri dagozkion jarduketak jasotzen dituen txosteneko atalera jotzen dugu, hots, etorkinen arlora.
Bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonek gabezia ekonomiko eta pertsonal larrietako zenbait errealitate bizi dituzte; hortaz, ahultasun egoera bakoitzak arreta eta balorazio egokiak jaso behar ditu. Kasu batzuetan lortu ezinak diren agiri batzuk eskatzeak arautegian xedatutako betekizunak betetzeko eskakizunarekin nahastu dezake. Oinarrizko gizarte zerbitzuen proposamena eta gizarte txostena, beraz, oso garrantzitsuak dira, espedientea azaltzen eta justifikatzen dutelako. Edonola ere, txosten horiek zorroztasun handiz eta egoera pertsonal eta ekonomikoari buruzko datu objektiboekin prestatu behar dira, muturreko egoeretan arreta antzekoa izan ahal izateko.
Prestazioa ukatzeari buruzko kasuak ere agertu zaizkigu. Haietako batean, elkarbizitza unitate batek prestazioak jasotzen zituen eta bere etxean beste pertsona bati ematen zion abegia. 147/2010 Dekretuak xedatzen duenez, abegi-unitateak bere oinarrizko gastuei aurre egiteko beste baliabide eduki behar ditu eta, beraz, ezingo dute DBE jaso (5.3 art.). Beste kasu batean, eskatzaileak, bere aitarekin batera, kontu baten titularkidea zelako, baliabide zenbaketa gainditzeagatik ukatu zen. Zenbateko hori ez zegokiola adierazi arren, kontu horretan zegoen zenbatekoaren legezko %50 zenbatu zitzaion.
Beste kasu batean, atseginez ikusi genuen Administrazioak DBE eskabide batean partekatutako zaintzaren ondorioak hartu zituela aintzat. Seme-alabak hil erdiz zeuzkan aita bat zen. Haiek berarekin erroldatuta egon ez arren, amaren bizilekuan erroldatuta baitzeuden, Administrazioak egitatearen errealitatea izan zuen aintzat, ebazpen judizial bat betez. Hola, eskatzaileari legokiokeen DBEren zenbatekoa kalkulatzerakoan, kontuan hartu zen hilean 15 egunez elkarbizitza unitatean haren seme-alabak ere sartzen zirela.
Honakoa ere aurkeztu zaigu: langabezia subsidioa jasotzea bateraezina izatea lanbide arteko gutxieneko soldataren %75 baino handiagoa den beste edozein laguntza prestaziorekin (LGS; Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra onartzen duen ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretua).
Jasotako langabezia subsidioa DBErekin azken horren mugaraino osatzen zuen pertsona baten kasua agertu zitzaigun. Gainera, etxebizitza prestazio osagarria jasotzen zuen. Autonomia prestazio bi horiek batera LGSren %75 gainditzen zuten. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (Lan eta Immigrazio Ministerioaren mendekoa) haren berri izan zuenean, subsidioa eten eta, gainera, kopuru bat itzultzeko eskatu zion, jaso behar ez zela jaso zuelakoan). Hori guztia aipatu legea aplikatuz.
Ikuspuntu juridikotik ebazpenak zuzena zirudien arren, pentsatu genuen hark talka egiten zuela Konstituzio Auzitegiak abenduaren 11ko 230/2002 ebazpenean adierazitakoarekin; gure iritziz, ebazpena hemen aipatutakoaren ezaugarriekin antza daukan egoera bati buruz eman zen: kotizazio gabeko pentsioak (estatu mailakoak) autonomia erkidegoen funtsetatik datozen laguntzekin osatu ahal edo ezin izateko aukera da. Ebazpen horretan, Konstituzio Auzitegiak haren alde ebatzi zuen.
Aipatu legea aplikatuz agindutako etete horren ondorioak nabarmentzeko modukoak dira, batez ere 52 urte edo gehiago dauzkatenentzat. Alde batetik, langabezia subsidioa jasotzeari utziz gero Gizarte Segurantzari kotizatzeari ere uzten zaio, eta horrek osasun arretarako eskubidean eta etorkizuneko erretiro pentsioan ondorio kaltegarriak dauzka. Bestetik, subsidioa eteteak EAEren gainean utz lezake gizarte laguntzaren zenbateko osoa.
Estatuko Administrazio Orokorreko erakunde baten jarduketa zenez gero, kasua herriaren defentsariari igorri zitzaion, Konstituzio Auzitegiaren ebazpenari buruzko txostenarekin batera. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari ere haren berri eman zitzaion, sail hark araututako prestazioari eragiten ziolako.
Beste espediente bat izapidetzen ere jarraitu da. Haren sorburua prestazio ekonomikoak arautzeko legedietan elkarbizitza unitatearen kontzeptua zenbait modu desberdinetan ulertzean eta hortik erator daitezkeen ondorioetan datza. Kontzeptu hori garrantzitsua da baliabide ekonomikoen zenbaketa elkarbizitza unitatea osatzen duten kideen artean egiten delako. Kasu honetan Kotizazio Gabeko Pentsioa (KGP) eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) dira. Lehenengoan, unitatea etxean bizi diren pertsona guztiek osatzen dute; bigarrenean, ez da beti horrela. Agertutako kasua KGP bat jasotzen duen pertsona bati dagokio. Bere etxean aldi baterako DBE bat jasotzen zuen beste pertsona bat hartu zuen eta, bere ardurapean adingabe bat zeukanez gero, unitate berezia osatzen zuen. Elkarbizitza horrek ez zion azkenari eragiten, ez ziolako aldatzen elkarbizitza unitate bereziko egoera. KGPren titularrarengan, ordea, eragin handia zeukan, familia edo elkarbizitza unitatea aldatzen ziolako eta, batez ere, diru-sarrera zenbakarriak aldatzen zizkiolako. Zenbaketa berriarekin, haren baliabideak handitu eta ezarritako muga gainditzen zen. Hori dela-eta, pentsioa eten eta, gainera, jaso behar ez zirenak eskatu zitzaizkion.
V.2. Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura
Beste kexa zio batzuk Administrazioak erabakia hartzeko funtzionamenduari eta prozedurari dagozkie. Esaterako, DBE jasotzea eteteari, prestazioen eskabideei eta haiek izapidetzeko atzerapenei, jaso behar ez zela jasotako kopuruak itzultzeko prozedurei, zehapen prozedurari edo baliabideak ebazteari buruzko kexak.
DBE jasotzea eteteak, kasu askotan pertsonak edo familiak jasotzen duen diru-sarrera bakarra izanda, ondorio larriak dauzka, batez ere haren ardurapean haurrak dauden kasuetan.
Jasotako kexek diotenez, pertsonak prestazioa eten zaiola jakin du, edo diru-sarrera egin ez zaiolako edo prestaziorako eskubidea eteten dion ebazpena ordaintzeko egunean bertan jakinarazi zaiolako. Jasotako beste kaxa batzuetan erreklamaziogilek diote ez dutela bete eteteko egozten zaien zioa.
Erakunde honek maiz adierazi du zer garrantzitsuak diren entzunaldiko izapidea, arrazoibide egokia eta administrazio prozedura orori Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutako arauak derrigorrez aplikatzea.
Egungo Diru-sarrerak Bermatzeko errentaren 2010eko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuak, 53 eta 55 arteko artikuluetan prozedura arau komunak xedatzen ditu prestaziorako eskubidea aldatzeko, eteteko eta azkentzeko kasuetarako. 53.2 artikuluak, beren-beregi, honela dio: "Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea aldatzeko, eteteko edo azkentzeko prozedura hasitakoan, ofiziozko prozedura bat bada, hasiera eman zaiola jakinaraziko zaio titularrari adierazitako bizilekura igorrita, prozedurak oinarri dituen arrazoiak eta izan ditzakeen ondorio ekonomikoak adieraziz, baita ebazteko eta jakinarazteko epea eta 55. artikuluan ezarritako epean esanbidezko ebazpenik ezak izan ditzakeen ondorioak ere, eta hori guztia interesdunek egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten".
Aurten jaso dugun kexa batean etetea burutzeko modua salatzen zen; izan ere, ez zen lehenagoko entzunaldirik egin eta oinarria udaltzaingoak egindako txostena zen, zein beste agiri publiko batek, erroldako erregistroak, gezurtatzen baitzuen. Administrazioak prestazioa ordaintzeari berrekin zionean, ez zituen era berean ordaintzeke zeuden hilabeteak ordaindu eta, beraz, Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko 18/2008 Legeko 27. artikuluak xedatzen duena gogorarazi behar izan genion: "... Prestazioa mantentzea ebazten bada, prestazioa etenda egon den bitartean jaso ez dituen zenbatekoak jasotzeko eskubidea onartuko zaio prestazioaren titularrari". Beraz, bereizi behar dira etetea ebazteko zioak dauden kasuak, zeinetan prestazioa etetea eragin zuten arrazoiak amaitu eta hurrengo egunetik sortu behar baita, eta etetea ebazteko batere arrazoirik egon ez zen kasuak.
Jaso ditugun zenbait kexatan prestazioa eteteko zioa "enplegurako prest ez egotea, enplegu-eskatzaile gisa etengabe inskribatuta ez egotea edo enplegu egoki bati uko egitea" izan zen (147/2010 Dekretuko 43.2.d art.). Kasuren batean lan bati uko egin zitzaion, Auzolan programaren baitan, arrazoi justifikaturik gabe eta hark ekar zitzakeen ondorioak jakinarazi ondoren. Kexen beste arrazoien artean, ezarritako epean elkarbizitza unitatean edo baliabide mailan egondako aldaketak ez jakinarazteagatik etetea egon da.
Arrazoi horiek eragindako eteteek hilabete bat baino ezin dute iraun lehen aldiz gertatzen direnean, 147/2010 Dekretuko 45.2 artikuluaren arabera, baina xedapen hori ez da kasu guztietan bete. Jasotako kexetan ez da entzunaldirik eman eta lehenago pertsonari ez zaio eskatu enplegu zerbitzuan erregistratzeko edo etengabe inskribatuta egoteko, eta ez da aukerarik eman prestazioaren etetea ebatzi aurretik konpontzeko. Erakunde honek gogorarazi du zehapen prozedura bat dagoela, pertsona batek arauren bat hausten duen kasuetan erabili behar dela, eta haietan xedatutakoa ez dela prestaziorako eskubidea etetea.
Jaso behar ez zirela jaso ziren zenbatekoak itzultzeari dagokionez, pertsona baten kasua agertu zitzaigun: DBEren onuraduna zen, baina Aldundiak %30 kentzen zion jaso behar ez zela jaso zuen zenbateko bat itzuli behar zuelako. Zorra Administrazioa jasotzen zuen prestazioaren zenbatekoa murrizten edo eteten atzeratu zelako gertatu zen, interesdunak behin-behineko lana aurkitu zuela jakinarazi zuenean. Itzuli beharra ez zen zalantzan jarri, baina interesdunak eskatu zuen bere prestazioa ehuneko txikiagoan murrizteko, %30ek desoreka handia zekarkiolako bere familia ekonomiari. Administrazioak ukatu egin zion, ehuneko hori arauan xedatutakoa zela argudiatuz. Egia da 147/2010 Dekretuko 57.4 artikuluak adierazten duela ehuneko hori dela halako egoeretan gehienez ken daitekeena. Administrazioari, ordea, eskatu zaio alegatutako inguruabarrak aintzat har ditzala ehuneko txikiagoa aplikatzeko.
Ikusi dugunez, administrazio batzuek ebazpen berean jakinarazten dituzte DBEren etetea eta euren ustez jaso behar ez zirela jasotako zenbatekoak itzuli beharra. Hura arautzen duen legediaren arabera, jaso behar ez zirela jasotako prestazioak itzuli behar izateko berariazko administrazio prozedura izapidetu behar da, eta bertan dagokion pertsonari behar bezala jakinarazi behar zaizkio gertaerak, entzunaldiko izapidea eman eta behar bezala arrazoitutako ebazpena eman (147/2010 Dekretuko 56. art. eta hurrengoak). Alderdi hori gogorarazi zaio Administrazioari.
Administrazio batzuetan ikusi dugu atzerapen handiegia dagoela DBE eteteko errekurtsoak ebazteko. Administrazio prozeduraren legeak epeak adierazten ditu isiltasuna dela-eta ezetsitzat jo ahal izateko eta auzibidea hasi ahal izateko, baina hala ere garrantzitsua da errekurtsoaren ebazpena epe egokiaren barruan adieraztea, dagokion pertsonaren oinarrizko premiak ase ahal izateari eragiten diolako eta garrantzitsua delako hark administrazioaren erabakiaren arrazoiak eta legezko zioak argi ezagutzea. Gertatzen dena da administrazioek, euren lana arintzeko, prestazioak ukatzeko edo eteteko ebazpenetarako inprimakiak darabiltzatela, eta bertan zioak oso orokorrak dira eta ez dute argibide nahikorik ematen.
Beste kexa batzuen zioa DBE prestazioaren eskabidea ez izapidetzea da. Halako kasuetan pertsonak gizarte zerbitzuetara jo du prestazioa eskatzera eta ez ditu agiri guztiak eman; hortaz, ez zaio espedientea izapidetzen, gainerako agiriak aurkeztu arte. Gerora, haiek aurkezten direnean, horrek espedienteak azkar izapidetzen laguntzen du. Hala ere, pertsonak agiriak aurkezteko zailtasunak badauzka eta atzeratzen bada, nahasmena ekar dezake, ea eskabidea izapidetu den ala ez; hortaz, gomendagarria da pertsonak eskabidea gizarte zerbitzuetan aurkezten duenean, hari kopia bat ematea eta, agiriren bat falta badu, hura aurkezteko eskatu eta, agiria eman ezean, eskabideari amore eman diola ebatziko dela jakinaraztea. Horrekin Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 1103 atalean xedatutakoa betetzen da.
Kexatzeko beste arrazoi bat DBE eskaera bat ebazteko atzerapena izan zen. 18/2008 Legeko 62.2 artikuluak ebazteko hilabete biko epea ezarri eta, eransten duenez, erantzunik ezean, hura baiezkoa izango da DBE eta BPOrako. Agertutako kasuan, epe hori oso gainditu zen ebazpenik eman gabe. Interesdunak atzerapena salatu eta isiltasunaren zentzuari alegazioa egin zion, baina ez zuen erantzunik jaso. Askoz geroago, eskabidea ezesten zuen ebazpena eman zen.
Gure aburuz, ebazpen hori ez zen zuzenbidearen araberakoa, balioestekoa izan behar zuelako, 62.2 artikuluan xedatutakoaren arabera ez ezik, Administrazio Prozeduraren 30/1992 Legeko 42 eta 43. artikuluen arabera ere bai. Horren arabera, epea amaitutakoan eman beharreko ebazpenak administrazioaren isiltasunak dakarren balizko ekintzaren bidez gertatutako baiespena baieztatu behar zuelako.
Administrazioak ulertzen bazuen interesdunak ez zituela DBD jasotzeko betekizun guztiak betetzen –kasu honetan ez dugu alderdi hori zalantzan jartzen–, 30/1992 Legea aplikatu behar zuen. Hola, uste bazen ekintza erabateko deuseztasunean edo deuseztagarritasunean erortzen zela (62.1 eta 63.1 artikuluak), ofizioz ekintza berraztertzeko prozedurari ekin behar zitzaion (102. eta hurrengo artikuluak). Hasi ondoren ere, haren egikaritzea eten zezakeen (104. art.).
Jasotako beste kexetako bat elkarbizitzari buruzko oinarrizko araudia hausteagatik egoitza baliabideetatik kanporatzeari buruzkoa da. Kanporatze horretarako emandako arrazoia bertan bizi direnen, hezitzaileen eta baliabidearen arduradunen arteko elkarbizitza ona babestea eta esparru fisiko-afektibo harmoniatsua mantentzea izan da. Arartekoak lehenago ere adierazi du zer garrantzitsua den zigortzeko jarduera arautzen duten arauen eta printzipioen arabera (otsailaren 20ko 2/1998 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzkoa) jokatzea.
Prozeduraren bermea bete behar da, izapidetzeko eta zigortzeko faseen arteko bereizketa egon, behin-behineko neurriak aurreikusi eta pertsonen eskubideak errespetatu behar dira. Besteak beste, egozten zaizkien gertaerak, gertaera horiek ekar ditzaketen arau hausteak eta ezar lekizkiekeen zehapenak, izapidegilea nor den, zigorra jartzeko eskumena daukan agintaria zein den eta eskumen hori ematen duen araua ezagutzeko eskubidea daukate. Alegazioak egiteko eta ordenamendu juridikoak defentsarako onartzen dituen bitarteko egokiak erabiltzeko eskubidea ere badaukate. Prozedura amaitzen duen ebazpenak aurka egin ahal izateko dagozkion errekurtsoak jaso behar ditu eta jakinarazpen pertsonalari buruz dauden arauak bete behar dira. Bukatzeko, garrantzitsua da zehapena jartzeko jarraituko zaion prozedura arautzeko arautegia egotea eta erabiltzaileek jaso ditzaketen zehapenak aurretiaz ezagutzea. Zehapenek arau haustea dakarten egitateen proportzioko berekoak izan behar dute. Kanporatuz gero, garrantzitsua da pertsona uzten den egoera aintzat hartzea eta bizi arriskuko egoerak saihestea. Neguan abiarazten diren neurriak (eskakizun urriko egoitza baliabideak) oso onak dira muturreko egoerak ekiditeko.
Aurten jasotako zenbait kexa herri-administrazioek jaso behar ez zirela jasotako zenbatekoak itzultzeko egindako eskaerari buruzkoak dira. Eskatzen diren zenbatekoak oso handiak dira eta horregatik herri-administrazio guztietara jo dugu adierazteko oso garrantzitsua dela edozein irregulartasuni ahalik eta lasterren igartzea, ahultasun ekonomoko egoeran dauden pertsona eta familientzat zorra pilatzeak dakartzan ondorioengatik. Halaber, garrantzitsua deritzegu, eta hala adierazi dugu, zenbatekoak itzuli beharra ebazteko ezarritako prozedura betetzeari eta, bereziki, zenbatekoa itzuli behar izateko arrazoia jakinarazteko argitasuna eta xehetasuna zaintzeari, itzuli beharreko zenbatekoa, jaso behar ez zela jasotako zenbatekoa zein datatatik itzuli behar den eta espedienteari eragiten dioten gainerako inguruabarrak, hala nola pertsonen entzutea eta ebazpenari jarri ahal zaizkion errekurtsoak, argitzeari (147/2010 Dekretuko 56. artikulutik 58.era).
Kexetako batek zioenez, zenbatekoa itzultzeko prozedurari udaltzaingoaren txosten batean oinarrituta eki zitzaion. Arartekoak administrazio eskudunari, besteak beste, funtzionario publiko batek egindako txostenen froga beteko balioaren azterketa helarazi zitzaion. Froga beteko balioa izateko eskatutako formaltasunak bete behar dira. Froga beteko izaera hori herri-administrazioak dauzkan datuak edo funtzionarioak "in situ" egiaztatutako egitate objektiboak daudela islatzen duten agirietarako mugatuta geratu behar da. Kasu horri dagokionez, herri-administrazioak ez zeuzkan txostenak zekartzan datuak. Eraginkortasuna ezaugarri hori ez daukaten egitateetara hedatzerakoan egileari adierazitakoa sinetsarazi dioten elementuak edo frogak eskatu behar dira. Froga betea ez da eduki litzaketen interpretazio edo balio-judizioetara ere hedatzen. Beraz, funtzionarioak euren objektibotasunagatik zuzenean antzeman diezaiekeen egitateak, eta haietatik zuzenean ondoriozta daitezkeenak edo aktan bertan jaso behar diren frogabideen bidez egiaztatutakoak bereizi behar dira. Arartekoaren iritziz, prestazio ekonomikoak etenarazten eta, kasu batzuetan, deuseztarazten ari diren txostenak eta jaso behar ez zirela jasotako zenbatekoen itzulpena gehiago eta hobeto arautu behar dira. Komeni litzateke balizko edukia aurreikustea, ziurtasun presuntzioa dakarten puntu guztiak berariaz zehaztuz, eta haiek garatzeko prozedura finkatzea. Era berean, haien fidagarritasuna ahalbidetzeko gutxieneko baldintza objektibo eta subjektiboak eduki behar lituzkete, haien artean gezurtatzeko aukera; alegia, subjektu pasiboa lehenago, ezinezkoa ez bada, entzuna izan ahal izatea, eta haren edukiari aurka egin ahal izatea. Bestelako frogabideak, hala nola lekukoen adierazpenak, erabiltzen badira, dagozkion berme guztiak bete behar dituzte: interesdunari jakinarazteko aukera egon behar da eta hark gezurtatzeko aukera izan behar du, egozketa-froga berme guztiekin lortu behar delako.
V.3. Gizarte ahultasuneko egoerak
Jasotzen ditugun kexetako asko gizarte ahultasuneko egoeran dauden pertsonei dagozkie. Kexatzen dira jasotzen duten soldatarekin ezin dietelako gastu arruntei aurre egin: etxebizitzaren alokairua edo hipoteka, horniketak (elektrizitatea, gasa...) eta elikagaiak. Haien ardurapean adingabeak dauzkate edo mantenu-pentsioa ordaindu behar dute baina ez dute diru-sarrera nahikorik gastuei aurre egiteko eta ezin dira gizarte laguntzen onuradunak izan.
Helarazten dizkiguten beste ahultasun egoera batzuetan, pertsonek, osasun mentaleko arrazoiengatik, ezin dituzte bete oinarrizko gizarte zerbitzuek jakinarazten dizkieten betekizunak, hala nola, etxebizitza bilatzea edo eskatutako agiriak aurkeztea. Pertsona horiek laguntza terapeutiko handia behar dute eta euren bizitzako erabaki guztiei eragiten dien laguntza eskatzen dute. Gizarte zerbitzuentzat zaila da behar horiek asetzea, osasun mentalari dagokion alderdiagatik eta, hain zuzen ere, oinarrizko gizarte zerbitzuek burutzen duten eginkizunetako bat pertsonen autonomiaren alde egitea delako.
V.4. Erroldan inskribatzeko zailtasunak
Aurten kexa gutxiago jaso dugu agiri batzuk, hala nola alokairu kontratua, ezin aurkezteak erroldan inskribatzeko eragindako zailtasunei buruz, eta haietako gehienak konpondu egin dira, arauak erroldako datuetan udalean, zein ere den etxebizitza okupatzeko titulua, benetan bizi ohi den biztanle kopurua islatu behar dela eskatzen duela gogorarazi dugunean. Antzemandako arazoek zenbait udaletan bizi diren etxerik gabeko pertsonei edo, egoitza zentroei dagokienez, haietan bizi diren adingabe edo helduei eragiten diete. Aurten Gasteizko Udalak jarduteko protokolo bat onartu du bizileku bazterketa egoeran dauden pertsonak erroldatzeko.
V.5. Arreta soziosanitarioa
Osasun arazoak izanda, mendekotasun egoera onartu zaien eta gainera gizarte eta bizileku bazterketa egoera larrian dauden pertsonei dagokienez, eskuduntza arazo bat dago: ea arreta eman behar dien administrazioa udala ala Foru Aldundia den. Pertsona horiek gizarte larrialdiko baliabideetan egon daitezke. Garrantzitsua da administrazioen artean koordinazio egokia egotea pertsonek behar duten arreta jaso ahal izateko. Zenbait kexa jaso dugu egoera hori dela-eta, baita Gasteizko Udalak mendekotasuna onartu zaien pertsonei arreta ez ematea erabaki duelako, gizarte bazterketa larriko egoeran egon arren.
V.6. Bereizkeria edo tratu desegokia
Kexa batzuen arrazoia gizarte zerbitzuen erabiltzaileek jasotzen duten tratua da. Kexa horietan pertsonek adierazten dutenez, gizarte zerbitzuek begirunerik gabe tratatu ditu edo zalantzan jarri ditu DBE eskabidea aurkezteagatik. Kexa horiek atzerritarrei eragin diete eta, beraz, etorkinen arloari buruzko atalari lotzen gatzaizkio.
V.7. Elkarbizitza arazoak
Kexa mota honek ezaugarri komuna dauka: auzokide komunitatean pertsonaren batek edo batzuek euren auzokideentzat gizabidezkoa ez den jokabidea daukate, hala nola zaratak, kolpeak, etab. Arazo korapilatsuak izan ohi dira, elkarbizitza hutsari orokorrean osasun mentalarekin eta gizarte bazterketarekin zerikusia duten beste alderdi batzuk gehitu behar zaizkiolako. Horrek esan nahi du udal oinarrizko gizarte zerbitzuak ere maiz nahastuta daudela, gizarte horien erabiltzaileak izan ohi direlako.
Arartekoak honakoa aztertzen du: administrazioak auzokoen salaketen aurrean izandako esku-hartzea eta ea esku-hartze horrek kontuan izan duen zailtasunak dauzkaten pertsonak direla eta, beraz, osasun mentaleko zerbitzu batera bideratu edo, kasu oso larrietan, ezgaitzeko prozesua hasi beharra egon daitekeela.
Arartekoak ezin die heldu banakoen arteko harremanei buruzko arazoei eta ezin ditu epaitu pertsonen osotasunaren aurkako hutsegiteak edo delituak. Kontu horiek auzitegien eskumenekoak dira. Arartekoak gauza bakarra egiaztatzen du: ea ordena publikoko indarrak deitutakoan bertaratu diren eta ea udalak auzoko gatazka horiei arreta emateko zerbitzurik daukan, edo gizarte zerbitzuek euren lana burutu duten, gizarteratzeko gizarte esku-hartzea jasotzen duten pertsonak izan ohi direlako.
Aurten izapidetutako kexetan, administrazioen jarduketak egokiak izan dira; izan ere, ahaleginak egiten ari dira, ez bakarrik ordena publikoaren ikuspegitik, auzoko elkarbizitza hobetzeko.
VI. Ondorioak
Jarraian, arloari dagozkion kontuen artean, euren interesagatik 2011n jarraipen berezia behar duten kontuak azpimarratuko ditugu.
1. Gizarte zerbitzuen euskal sistemak eta Diru-sarrerak bermatzeko sistemak tresnak behar dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko prestazioak eta zerbitzuak homogeneoki garatu ahal izateko. Haietako batzuk onartzeke daude oraindik.
2. Enplegu politiken transferentzia aukera ona da prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten pertsonen enplegua pizteko, pertsona bakoitzaren egoera eta inguruabar pertsonalak alde batera utzi gabe; hots, gizarteratzeko ibilbide pertsonalak eta talde guztien, hala nola emakumeen, familien, gutxiengo etnikoen kideen, eta abarren inguruabarrak.
3. Bazterketaren zioei buruzko azterketa eta eztabaida publikoa falta da, Europar Batasuneko milioika pertsonei eragiten dien errealitatea delako, 2010ean, txirotasunaren eta gizarte bazterketaren aurkako europar urtean agerian geratu denez. Iruzurraren aurkako borrokako protokoloei buruzko informazioak, eta herri-administrazioek hura saihesteko daramatzaten jarduketek, bizirauteko arazoak izanda eskubideen, hala nola bizi duinerako eskubidearen jabe diren herritarrak estigmatizatzea ekidin behar dute.
4. Etxerik gabeko pertsonek gizarte eta osasun baliabide eta baliabide soziosanitario ugariak eta ibilbide malguak behar dituzten, gizarteratzeko prozesuak ez direlako linealak. Arreta duina ematen duten betekizun txikienetako baliabideak eta konpromiso zorrotzagoak eta laguntasun pertsonalizatua dauzkaten beste batzuk, edo kudeaketa publiko eta pribatuko baliabide ondo koordinatuak egotea ona da eta egoera aniztasunari egokitzen zaio.
5. Prestazio ekonomikoak kudeatzen dituzten administrazioek haien izapidetzean aurreikusitako arauak eta administrazio prozedura arautzen duen legedian xedatutako bermeak eta eskubideak bete behar dituzte, entzute eta berdintasuneko printzipioa betetzeko arreta berezia jarriz. Eteteko zioak arrazoituak izan behar dira eta ez da egokia zehapen prozeduraren ordez etete prozedura erabiltzea, xede desberdinak dauzkatelako.
6. Krisialdi egoeran herri-administrazioek abiarazitako neurriak funtsezkoak dira, bai bazterketa larriko prozesuak saihesteko bai pertsonek enplegua lortzeko aukerak eta enpleguaren hazkundea hobetzeko.
7. Ijitoak eta beste gutxiengo kultural batzuk
I. Aurrekariak
Ararteko erakundearen lan-eremuetako bat ijitoei dagokiena da. Ijito herria gutxiengo kultural bat da eta hala aitortu zaie, aitorpen horrek berarekin dakartzan eskubideekin eta konpromisoekin. Hori dela eta, euren nortasun kulturala babesten eta sustatzen duten, euren gizarte-egoera eta egoera ekonomikoa hobetzen dituzten eta bazterkeriaren aurka eraginkorrak diren neurriak ezartzen dituzten politika publikoak beharrezkoak dira. Euren ekarpen kulturala aitortzea elementu garrantzitsua da. Hori sustatzeko gauzatu daitezkeen jardueren artean, pairatzen duten estigmatizazioaren kontrako borroka dago. Oraindik ere ijitoen irudi negatiboa existitzen da eta horrek diskriminatzaileak diren egoerak sortzen ditu. Bazterkeriaren aurkako borroka, arrazistak eta xenofoboak diren jardueren salaketa eta gaitzespena eta euren parte-hartze politikoaren, sozialaren eta ekonomikoaren aldeko neurriak abian jartzea funtsezkoak dira.
2010. urtea urte samingarria izan da ijitoen komunitatearentzat. Izan ere, berriro ere bizi izan dute kideek Frantziako zenbait herritan jasan duten gutxiespena. Horrek ez du ondoriorik izan ziurrenik Frantzia ez delako izan kanpamentuak desegin eta ijitoak kanporatu dituen herrialde bakarra, Italiak edo Alemaniak ere horrelakoak egin baitituzte. Frantziako gobernuaren alegazioek, hau da, Europar Batasuneko kide den estatu bateko pertsonak ezin direla izan karga ekonomiko bat beste estatu batentzat; Europar Batasuna Errumania eta Bulgariarekin atxikitzea ahalbidetu zuten akordioek 7 urteko luzapena ezarri izanak joan-etorri askea baimendu aurretik eta luzapen hori oraindik amaitu ez dela edo kanporatze espedienteak banan-banan aztertu izanak eta kanporaketak borondatezkoak izan direla ezin dute ahaztu arazi kanporatze kolektiboak izan direla –debekatuta daudenak– eta etniak eragindako jarduera baztertzaileak izan direla –ijitoak besterik ez dira kanporatu, beste etnia batzuetakoak edo Europar Batasunera azken urteetan atxiki diren estatu kideetakoak ez–.
Beraz, ijitoenganako gaitzespena errealitate bat da oraindik ere, herri horren aurrerapena galarazten duena.
Europar Batasuneko herrialde batekoak diren ijitoen etorrera hainbat erronka mahaigaineratzen ditu. Izan ere, joan-etorri askerako eta askatasunez bizitzeko eskubideak erkidegoko herritar gisa gauzatzen dituzte. Aurrera egiteko aukerak eta haien eta euren seme-alaben bizi-baldintzak hobetzea ahalbidetzen duen tratu hobea topatzeko helburuarekin bidaiatzen duten pertsonak dira. Europar Batasunak zenbait agiri, ebazpen eta jakinarazpen egin ditu eta konpromisoak eta tresnak (egitura-funtsak eta aurreatxikitzeko funtsak) adostu ditu. Horrek Europan ugaria den gutxiengo kulturalaren beharrez arduratzen dela erakusten du. Ijito herriak gaur egungo gizarte teknologikoan desabantaila sozial handia pairatzen du eta horri aurre egin behar zaio euren gizarteratzea eta lanean integratzea bultzatzeko.
Ijitoen arazoek honekin daukate zerikusia: osasun arloko desberdintasuna, laneko diskriminazioa, segregazioa, eskola uztea edo eskola-porrota, egokia den bizitokia lortzeko zailtasunak, infraetxea eta jasotzen duten tratua. Arazo horiek euren eskubideak gauzatzea galarazten diete.
Botere publikoek ez dituzte herri horren beharrak aintzat hartu pasa den mendeko 70eko hamarkadara arte. Hortik aurrera, herri horrek pairatu duen bidegabekeria aitortzen duten eta hori luzatu ez dadila konpromisoa jasotzen duten printzipioak eta hitzarmenak adostu dira, gutunak aldarrikatu dira eta gomendioak proposatu dira.
Esku-hartze publikoak euren kideen egoera hobetu du, hala nola, politika eraginkorrak abian jartzeak eta duintasunez bizi ahal izateko funtsezkoa den erakundeen buruzagitzak.
II. Arloa kopurutan
Jaso ditugun kexak ijitoek eta ijito familiek etxebizitza topatzeko dauzkaten zailtasunekin erlazionatuta daude, bai eta alokairuak luzatzen ez direlako edo prekarioko harremanak direla-eta etxebizitzetatik kanporatzearekin ere. Kexatzeko beste arrazoietako batzuk dira zenbait familia infraetxe egoeran bizi direla, bai eta abandonatutako eraikinetan edo enpresatan bizi diren eta erkidegokoak diren pertsonen egonlekuak ere.
Arrazoiak gizartearen gaitzespena eta bizikidetza arazoak dira. Azken horiek oso kezkagarriak dira abian jartzen diren edo abian jarri daitezkeen politika publikoetan eragina baitaukate.
Kexatzeko beste arrazoi bat da euskal gizarte zerbitzuen sisteman sartzeko dauzkaten zailtasunak, erroldan izena emateko zailtasunak, ijitoak diren ikasleentzako laguntzak urritzea eta, Eusko Jaurlaritzaren esku, etxebizitzak esleitzeko irizpide murriztaileak.
III. Arauketa testuingurua eta politika publikoak
Epigrafe honetan ijito herrian eragina duten araudien eta politika publikoen zenbait berritasun jaso ditugu.
Europar Batasuna
Aurten Europako agendan etnia horrengan eragina duen Europako estrategia gehitu da.
Europako Batzordeak eta Espainiako Osasun eta Gizarte Politika Ministerioak antolatu duten Ijito Populazioaren aldeko Jardunei eta Politikei buruzko Europako II. Goi Bilera egin da. Goi bilera horrekin batera Europako Parlamentuak, 2010eko martxoaren 25eko ebazpena eman zuen. Horren bidez, beste kontu batzuen artean, ijito populazioari zuzendutako Europako estrategia eta plana egiteko eskatzen zaio Batzordeari.
2010eko ekainaren 17an ijito herria gizarteratzeko Europako Plataformaren hirugarren bilera egin zen. Plataformaren bileren helburua da elkarlana eta ijito herria gizarteratzekoan arrakastatsuak izan diren jardunen eta politiken inguruko esperientzien trukea sustatzea.
Goi bileran bi agiri aurkeztu ziren: Europan Ijito Herria Gizarteratzeari eta Ekonomikoki Integratzeari buruzko Komunikatua eta ijitoak gizarteratzeko EBren tresnak eta politikak gauzatzearen gaineko aurrerapen txostena.
2010eko irailaren 9ko Europako Parlamentuaren ebazpena ere aipatu nahi dugu, ijitoen egoerari eta Europar Batasunean joan-etorri askeari buruzkoa.
Ebazpen horretan parlamentuak haren kexak adierazi zuen, herritar ijitoak mendebaldeko Balkanetara nahitaez aberriratzeari dagokionez eta gizarteratze proiektuetarako finantzazio egokiaren beharra agerian jarri zuen.
Azkenik, garrantzitsua da aipatzea Europar Batasuneko kontsultarako organoaren ebazpena, hau da, Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen (EEGAB) 2010eko irailaren 16ko ebazpena Europar Batasunean ijitoen egoerari buruzkoa; bertan ijito herriaren aurkako jarduera baztertzaileak gaitzesten dira. Azpimarratzen da batzordeak Europar Batasuneko pertsonek askatasunez joan-etorrian ibiltzeko eta bizitzeko daukaten eskubidearen alde egin duela. Horrez gain, etorkinen eta gutxiengoen aldeko integrazio politiken aldekoa da, zehazki ijitoei dagokienez. Zentzu horretan, Europar Batasunak erantzun egokia topatzeko duen ardura eta horretarako Itun berriak Europar Batasunari ematen dion eskumena gogorarazi ditu. EEGABek azpimarratu zuen, ijitoen integrazioa, lehenik eta behin, eragindako estatu kideen eskumenekoa dela. Hala eta guztiz ere, EBak arazo horri Europa mailan aurre egiteko ardura dauka. Ebazpenak EBren Batzordearen deialdia errepikatzen du "Estatu kideentzako osoa eta sinesgarria den estrategia adostu dezala. Estrategia hori ijitoen komunitateen parte-hartzearekin eratu behar da, finantzazio aproposarekin eta planteatzen dituen erronka handiei egokitua".
Estatua
Aurten ijito herriaren garapenerako akzio plana 2010-2012 onartu da.
Modu berean, diskriminazioaren biktimei laguntzeko zerbitzu Sare bat martxan jarri da, Berdintasun Ministerioaren Berdintasunezko tratua eta Jatorriko Arraza edo Etniaren ondoriozko diskriminaziorik eza sustatzeko Kontseiluak, beste erakunde batzuekin elkarlanean, bultzatu duena.
Euskal Herria
Euskal Herrian Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Gizarte Partaidetzarako Kontseilua aipatzea garrantzitsua da, bai eta Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Gizarte Partaidetzarako II. Plana 2008-2011 ere.
Baliabide horiek ijitoen beharrei egokituak dauden tresnak eta neurriak izatea ahalbidetzen dute.
Beharrezkoa den adostasuna biltzen duten eta ijitoen parte-hartzea errespetatzen duten proposamenen diseinuan eta eratzean aurreratu da. Neurri horiek gauzatu ahal izateko konpromiso politikoak eta finantzarioak behar dira. I. Planaren ebaluazioak agerian jarri zuen adostutako neurri guztiak ez zirela martxan jarri eta hori oso garrantzitsua den kontua da 2003.urtean hasitako prozesuan esku-hartzen duten agenteen konfiantza mantentze aldera eta ijitoen egoerak Euskal Herrian hobera eta aurrera egin dezan ezarritako helburuak lortzeko.
IV. Jarduera-plana
Burutu ditugun jardueren artean hauxe da bat: Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari ijitoen populazioa modu garrantzitsuan eragiten dion arazoa jakinarazi diogu, hau da, etxebizitza lortzeko zailtasuna. Hori dela eta, bizitoki egokia eduki ahal izateko askotan geratzen zaien aukera bakarra etxebizitza bat (maiz infraetxe egoeran) edo lokal bat erostea da. Arazoa da etxebizitza bat erosteak diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea agortzen duela eta, noizean behin, modu bidegabean jasotako zenbatekoak itzuli behar izatea eragiten duela. Normalean, erosketa berriak ez du esan nahi familiaren egoera ekonomikoa hobetu denik, hortaz, kasu bakoitzean baloratu beharko litzateke etxebizitza bat edukitzeak zer nolako egonkortasuna ematen dion familiari, gizarteratze prozesuan aurrera egin ahal izateko. Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea agortzeak eta prestazioen itzultzea eskatzeak familia horretako kideen gizarteratzeari kalte egin ahal dio. Zentzu horretan, honen falta sumatzen da: kolektibo batzuen kasuan esku-hartze sozialak kontuan hartu beharko lituzke pertsona jakin batzuen behar eta egoera sozial zehatzak eta epe ertainean eta epe luzean esku-hartze sozialak barne hartzen dituen abantailen ikuspegi zabalagoa eduki beharko luke.
2010. urtean hainbat bilera izan ditugu, horien artean: Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten emakume ijitoekin, Ijitoen Batzordeko idazkariarekin eta Eusko Jaurlaritzako Biltzen zerbitzuarekin Errumaniako ijitoen egonlekuei buruzkoa. Bilera horien xedea erakundearen funtzioen berri ematea izan da, bai eta ijitoen beharrak eta zailtasunak eta Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Gizarte Partaidetzarako II. Planean proposatutako neurriak betetzea daukan garrantzia agerian jartzea ere.
V. Kexarik aipagarrienak
V.1. Etxebizitza beharra
Ijitoek eta ijito familiek oso arazo larria daukate egokia den bizitokia eskuratzeko. Sustapen publikoko programei esker ijito askok etxebizitza bat daukate. Bizitokia pertsonen funtsezko behar bat da, adingabeen hezkuntza egokia eta pertsonen garapena ahalbidetzen dituena. Aurten Bizigune programak alokairuaren luzapena ukatu izanagatik hainbat kexa jaso ditugu. Programa horren helburua zen merkatuan ez zeuden baina hutsik zeuden etxebizitzei erabilera ematea, eraberritu nahi zituztelako edo jabeak ez zirelako fidatzen alokairu kontratuek sortzen duten ziurgabetasunarekin eta haren jabetzakoa den etxebizitzaren errentarien jokamoldearekin. Etxebizitza horiek Eusko Jaurlaritzak alokatzen zizkien Etxebide izenekoan izena emanda zuten pertsonei eta alokairuko etxebizitza eskatzen zutenei.
Etxebizitzaren alokairua luzatzeko gehienezko epea 5 urtekoa da. Auzotarren kexek eta, zenbait kasutan, etxebizitzan narriadurak egoteak etxebizitzaren alokairuak 5 urte baino gehiago luzatzea eragotzi dute. Hori dela eta, zenbait familien egoerak okerrera egin du eta bizitokia etxebizitzako zerbitzu publikoaren esku-hartzerik gabe bilatu behar izan dute.
V.2. Auzotarren gaitzespena
2009ko txostenean kexa hau aipatu genuen: auzotarren gaitzespenagatik familia bati erroldan izena ematea, Trapagarango Bailarako auzo batean integratzeko, ukatu zioten.
Arartekoaren ebazpena, 2009ko martxoaren 30ekoa. Horren bidez, Trapagarango Udalari gomendatzen zaio udal erroldan inskribatuta egotearen ziurtagiria eman dezala, familia bateko kide guztiak udalerriko biztanle gisa onar ditzala, familiak errentan hartuta duen etxebizitza okupatzeko jarduerak kudeatzen parte har dezala eta gizarte bizikidetasun normalizatua susta dezala.
Ijito familia bati errentamendu erregimenean etxebizitza bat esleitzeko erabakiak auzokoen arbuioa eta, familia etxebizitzan bizi ez zedin, erroldan izena emateko ukoa eragin zituen.
Familia horrek udal erroldan izena eman zuen baina euren egoera ez dago normalizatua oraindik ere auzotarren gaitzespena pairatzen baitute. 2010. urtean zehar haien etxebizitzatik gertu gaitzespen hori erakusten zuten pankartak eta hormetan pintadak egon dira. Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Gizarte Partaidetzarako Batzordearen erakunde sozialek udalari zegozkion neurriak hartzeko eskatu zioten, hau da, udal taldeek, garbiketa zerbitzuek eta, beharrezkoa izanez gero, Udaltzaingoak, pankartak kentzeko edo hormetako pintadak garbitzeko. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak zenbait pankarta kendu zituen arren, aurtengo udazkenean, familiari arbuioa erakusteko zenbait pintada bertan jarraitzen zuten, zehatz-mehatz, Frantziako gobernuaren immigrazio politiken aldekoak. Hori oso larria da. Modu berean, familiaren aurka jazotako gertakariak eta haren lekualdatzea Zugaztietako auzora ikertzen dituen prozedura judizialak irekita jarraitzen du.
Jasotzen ditugun kexetako batzuek ijitoak ez diren auzotarren eta ijitoak diren auzotarren artean gertatzen diren bizikidetzako zailtasunak dituzte hizpide. Auzotarren arteko bizikidetza aurrera eramateko zailtasunak hizpide zuen kexa-espediente batean, tirabira horiek ijito familiaren kaleratzearekin amaitu ziren. Espediente bat ireki dugu, izapidetzen ari dena, etxebizitza esleitzeko eta kaleratzeko erabilitako prozedurari dagokionez. Izan ere, emakume batek eta lau seme-alaba adingabek osatzen duten familia hori, une honetan, infraetxe egoeran bizi da.
Pertsonek auzotasun egokian eta segurtasunez bizitzeko daukaten eskubidea, bizitoki egokian bizitzeko daukaten eskubidearekin bateratu behar da. Bizikidetza zailtasunen arrazoiak ezagutzea garrantzitsua da, bai eta ikuspuntu sozialetik, eskubideen berdintasunarekin eta arbuiatutako taldeen sustapenarekin, horri aurre egitea ere.
Aurten hainbat kexek erakutsi digute ijito familien egoera, bizitoki egokia izateko funtsezko beharraren asebetetzeari dagokionez, okerrera egin duela eta horrek Arartekoa kezkatzen du.
V.3. Infraetxea
Erandion bizi diren auzotar batzuk, horien artean, ijitoak diren familien kolektibo bat, euren higiezinen narriadura egoeraren berri eman digute.
Sustatzaile pribatu batek eta Erandioko Udalak sinatu duten hitzarmen baten bitartez, eremu horretan hirigintza biziberritzeko jarduera bat aurreikusi da. Xedatutako jardueretako bat etxebizitza berriak eraikitzean datza, auzotarrei ostatu emango zaiela bermatze aldera.
Arazoa da higiezinen sektorearen krisiak hirigintzako hitzarmenean xedatutako epearen barruan etxebizitzak eraikitzea oztopatzen ari dela. Arartekoak biziberritze prozesu horren egoerari eta familia horien gaur egungo etxebizitzen egoerari buruzko informazioa eskatu du.
V.4. Hondatutako guneetako jarduerak
Aurten, Arartekoak Abanto Zierbenako Santa Juliana auzoak pairatzen duen gizarte- eta hirigintza-narriaduraren gaineko esku-hartzea amaitu du. Arartekoaren ebazpena 2010eko irailaren 20koa. Horren bidez, auzotar talde batek aurkeztu zuen erreklamazioaren gaineko esku-hartzea amaitutzat jotzen da. Erreklamazioak Abanto Zierbenako Santa Juliana auzoak jasaten duen narriadura egoera, gizarteari zein hirigintzari dagokionez, zuen hizpide.
Ararteko erakundetik ebazpen bat bidali diegu administrazio eskudunei (Udala, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila eta, zehazten den heinean, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila). Horren bidez, auzo horretan esku-hartzeari lehentasuna emateko eskatu genien, azken urteetan auzoak jasaten duen narriadura egoera, gizarteari zein hirigintzari dagokionez, konpontze aldera. Horretarako, administrazio eskudunek plan zehatz bat ezarri behar dute gizarte eta hirigintza aldetik esku hartzeko neurrien inguruan. Plan horrek atal espezifiko bat izan behar du auzune horretako legezko okupatzaileei berriro bizilekua emateari dagokionez; gainera, Santa Juliana auzoan sortu diren bizikidetza arazoak konpondu behar ditu, lehen egin ditugun gogoetak kontuan hartuta. Interesgarria da, halaber, organo egonkor bat sortzea, auzotarrei parte hartzeko modua emango dieten formulak ezarriko dituzten neurrien plangintza eta jarraipen koordinatua egiteko. Nolanahi ere, beharrezko bideak sortu behar dira bizilagunei informazioa emateko eta parte hartzeko modua emateko auzoa hirigintza aldetik biziberritzeko aurreikusi diren neurrien inguruan, lursailen jabeak inplikatuko dituzten eskubideen eta betebeharren inguruan eta, bereziki, etxebizitzen legezko okupatzaileei berriro bizilekua emateko eskubidearen edukiaren inguruan.
Denbora igaro den arren, aipagarria den aurrerapenik ez da gertatu. Auzoaren egoerak kexen izapidetzeak eragiten ditu oraindik ere, azkenak erroldan izena ematearen ukapena dela-eta.
- Sestaoko Txabarri, Urbinaga, Rivas-Simondrogas eta Los Baños auzoak
Eremu hori, gizarteari zein hirigintzari dagokionez, biziberritzeko prozesua ez da amaitu, beraz, informazioa eskatu dugu Arartekoak egindako gomendioak betetzen ote diren jakiteko. Gomendio horiek Arartekoaren ebazpenean egin ziren, 2006ko azaroaren 6koa. Horren bidez, Sestaoko Udalari, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailari eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Udal Harremanetako eta Hirigintzako Departamentuari jakinarazi zaizkie Sestao birgaitzeko prozesuari buruzko ondorioak eta gomendioak.
Planaren gauzatzeari dagokionez, Arartekoaren jarraipenaren helburua zen, funtsean, ostatu ematerakoan erabili behar ziren zenbait irizpide ikuskatzea: familiak behar ekonomiko larriaren arabera identifikatzea, etnia jakin batekoak direla azpimarratzea eta Sestaon ostatu emateko benetan 15 urte bertan bizi izan direla egiaztatzeko beharra; modu berean, herritarren segurtasun arazoak eta bizikidetza soziala ere (gomendioak: 3.-"Plan Zuzentzailearen Berrazterketa"; 4.-"Eraitsitako edo eraitsiko diren eraikinetan bizi ziren pertsonei ostatu emateko eskubidea bermatzea"; eta 5.-"Udal etxebizitzen erabilera egokia eta herritarren segurtasuna bermatzea").
Sestaoko Udalak 2007ko urrian plan zuzentzailearen eguneratzea egin zuen. Bertan, familia batzuei bizilekua Sestaotik kanpo emateko proposamena mantendu zuen, "baliabide gutxi edo gizarte arazoak dituzten pertsonen kontzentrazioa txikiagotzeko", irizpide batzuk oinarri hartuta. Irizpideok, adibidez, oinarrizko errentaren jasotzailea izatea, ijitoa izatea edo familia gatazkatsukoa izatea dira. Planaren eguneratzean, helburu estrategiko hori mantendu zen. Hori dela eta, planak honako hau aurreikusi zuen: %80an oinarrizko errenta jasotzen duten pertsonen lekualdatzea –93 lekualdatzeke daude–; horietako %50 gutxienez ijito familiak izan daitezela eta %10, berriz, inguruan arazo garrantzitsuak eragiten dituzten familiak.
Arartekoak aipatu ebazpeneko 3. gomendioan hauxe adierazi zuen: "Zonalde horietan agertzen den gizarte arazoa ezin da alde batera utzi, are gehiago lurzoruari emango zaion erabilera hirirako azpiegitura berriak egitea edota etxebizitza normalak eraikitzea izango bada gehienak higiezin merkatuan saltzeko".
15 urteko erroldatzea egiaztatzeko baldintzari dagokionez, gehienez ere hiru urtekoa eskatzeko proposatu genuen, babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedurekin analogia izateagatik. Prozedurok Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2004ko abuztuaren 21eko aginduan daude araututa.
Labur esanda, aurreikusitako irizpideak berrikustea proposatzen genuen, Simondrogas inguruan bizi ziren legezko pertsona okupatzaile guztiei bizilekua emango zaiela bermatzeko (4. gomendioa).
Jarraipenean jakin dugu Sestao Berri 2010 elkarteak, ostatua ematearen arloan, esku-hartze sozialeko plana aurrera daramala, hainbat faserekin, horien artean: ostatu ematearen jarraipena, Ari-Txabarri-El Sol eremuaren gizarte eta hirigintza biziberritze-plana, eraikinen hiri-birgaitzea barne hartzen duena –etxebizitzak eta gizarte esparrua komunitatea garatze aldera– eta Sestaoko udal etxebizitzen alokairuen kudeaketa programa, esku-hartze sozialeko programa barruan daukana.
Bidalitako informazioaren arabera, erakundeen arteko lankidetza mantentzen da, Sestaoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri lan eta Garraio Sailaren artean eta hori oso positiboa da. Aurreikuspena zen lankidetzan aurrera egitea eta eraginkorragoak diren kudeaketa bideak ezartzea, etxebizitza eskatzaileen erregistroaren arloan –Etxebide−, bai eta birgaitzeko laguntzen zentralizazioaren arloan −Etxelaguntza– ere.
Ostatua emateko jarraitzen ari diren irizpideei dagokienez, helarazitako informazioarekin ezin dugu jakin zenbat ijito familiengan eragina izan duen eta zenbat familiari eman dioten ostatua Sestaotik kanpo. Emandako irizpideek hainbat talderen baldintzekin zerikusia dute, adina, osasuna, familiarekiko mendekotasun psiko-soziala, haurrak eta nerabeak, eta ez dago jasota Sestaoko Udaleko erroldan aldez aurretik epe jakin batean zehar izena emanda zeudela egiaztatu behar zutenik. Bidalitako informazioan zehazten denaren arabera, ostatua eman den kasuen % 98an adostasuna egon da, ehuneko altua da eta positiboki baloratzen da. Ostatu emate horiek Sestaon zein beste udalerri batzuetan gertatu dira, nahiz eta Sestaotik kanpo egin direnen portzentajea altuagoa izan.
Modu berean, jakinarazi dute Vega Nueva kaleko 6. eta 8. zenbakiko etxebizitzak erortzeko zorian zeudela eta bertan bizi ziren 37 titularrekin desjabetu aurreko akordioak sinatu zirela. Horrek birkokatzea ahalbidetu zuen.
Rivas kaleko 66. eta 68. zenbakietan bizi ziren pertsonengan eragina izan zuten jarduerei dagokienez, lurra sailkatzeko proiektua onartu zenean indarrean zegoen araudiak ez zuen aintzatesten ostatu emateko eskubidea. Arcelor Mittal izenekoak jarraitu zuen lurra sailkatzeko proiektua Sestao Berri elkartearen sorrera baino lehen onartu zen. Elkarte hori izan zen eragindako pertsonekin akordioak lortu zituena. Hala eta guztiz ere, Sestaoko Udalak dioenaren arabera, Sestao Berrik etxebizitzetan bizitzen jarraitzen zuten pertsonen kanporatzean esku hartu du eta hori dena erraztu du. Pertsona horiei ostatu eman behar izan zaie.
Modu berean, Fundación Secretariado Gitano fundazioarekin eta Iniciativa Gitana elkartearekin sinatutako akordioen eta auzo-elkarteekin egiten dituzten elkarrizketen berri eman dute. Sestao Berri elkartearen eta Sestaoko Udalaren artean dagoen lankidetza hitzarmenaren berri eman du ere. Hitzarmen horrek esku-hartze sozialean eragina dauka, udaleko oinarrizko gizarte zerbitzuen erabiltzaile diren pertsonei dagokienez. Pertsona berak Sestao Berri elkarteak garatzen duen esku-hartze sozialaren arrazoia dira ere.
Aurreikuspenei dagokienez, Sestao Berri erakundearen esku-hartzea 2013. urtera arte mantentzen da, honako helburu honekin: ostatu ematearen kudeaketa, jarduera eremu berrien kudeaketaren inguruko azterketa, hala nola, Eje Ballonti eta Vega Galindo; birgaitzearen kudeaketa, guztiz birgaitu beharreko 25 eraikinen promozioa eta zatika Ari, Txabarri eta El Solen, bai eta eremu horretan lankidetza publiko-pribatuko jarduerak sustatzea ere; alokairuaren kudeaketa, autonomia zein tokiko mailan Sestaoko alokairu aukeraren kudeaketa, bai eta zuzkidura-lurzoruan alokairuko etxebizitzen promozioaren hasiera ere; prestakuntza eta lana kudeatzea, eremu horretan gizartea eta ekonomia biziberritzeko; eta leihatila bakarra eta etxebizitza zerbitzuak jartzea tokiko eta autonomia erkidegoko administraziorako.
Bestalde, aurten, barne eremuan gauzatu diren bisitetako bat Sestaoko polizia-etxera egindakoa izan da. Bisitan antzeman ahal izan zen udaltzain kopuruak gora egin zuela eta esku-hartzeek, berriz, behera egin zutela; horietako gehienak, elkarbizitzan arazoak egoteagatik izandakoak ziren. Gizartearen giroari dagokionez, arazoek jarraitzen dutela baina aurrerapenak egiten ari direla diote. Baita zenbait eremu behatzeko Ertzaintzarekin koordinazioa mantentzen dutela ere. Elementu berritzaile gisa elkarbizitzako 12 agente kontratatu dituztela adierazi dute.
Arartekoak Sestaoko Udalari jakinarazi dio jasotako informazioa modu positiboan baloratzen duela, erakundeak 2011. urtean zehar egiten duen jarraipenaren kaltetan izan gabe.
VI. Ondorioak
Ondoren, arlo honetan eragina duten gaiak azpimarratu ditugu, zehazki, interesgarriak direlako 2011. urtean jarraipen berezia egitea eskatzen dutenak.
1. Euskal Autonomia Erkidegoak parte-hartze organo bat dauka bai eta jarduteko plan bat ere, Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Gizarte Partaidetzarako II. Plana 2008-2011. Tresna horiek gizartearen parte-hartzea ahalbidetzen dute eta gure erkidegoan ijitoen egoera hobe dadila beharrezkoak diren neurriak abian jartzea aurreikusten dute. Plana betetzeak lehentasuna eduki behar du.
2. Politika publikoek gutxiengo kulturalak babesteko onartutako konpromisoak errespetatu behar dituzte.
3. Etxebizitza lortzeko zailtasunak ijito herriaren eskubideen gauzatzea mugatzen du.
4. Populazioari ijitoek euren eskubideak berdintasunez gauzatzeko dauzkaten zailtasunen berri ematera eta sentsibilizatzera zuzenduta dauden neurrien falta sumatzen da.
5. Ijitoen egonlekuak saihestera zuzendutako jarduera publikoek pertsonen egoera eta beharrak aintzat hartu behar dituzte eta ez bakarrik herritarren segurtasuna.
6. Premiazkoa da gizarteari ohartaraztea norbanakoa dela egiten dituen jardueren arduraduna, baina ez ijito herria eta are gutxiago ume ijitoak. Gizartearen gaitzespenak, laneko diskriminazioak, eskola eta bizitoki bereizketak ijitoen bazterkeria soziala eragiten dute.
7. Gizarteari zein hirigintzari dagokienez, narriadura jasaten duten auzoetan, populazioaren beharrei osotasunez eta koordinazioarekin erantzuten dieten herri-administrazioen jarduera publikoak beharrezkoak eta positiboak dira populazioarentzat.
8. Etorkinak
I. Aurrekariak
Krisi ekonomikoaren ondorioz, langabeziak gora egin du atzerritarren artean; izan ere, etorkinen lanpostuak eraikuntza eta antzeko sektore ekonomikoekin lotuta daude, baita aldi baterako kontratuekin eta etorkinak lan egin ohi duten sektore eta kontratu-modalitateekin ere. Krisiak gehiago eragin die gizonei eta herritar talde zaurgarrienei, adibidez, gazte atzerritarrei eta gure artean denbora gutxi daramaten pertsonei.
Krisi egoerak herrialde askori eragiten die, bai aberatsei, bai txiroei. Herrialde txiroetan, krisiaz gain, hondamendi naturalak eta gerra-gatazkak ere izaten dituzte eta horrek migrazioak eragiten ditu. Herrialde horien Estatu mugakideek migrazio-fluxuak kontrolatzeko ezartzen dituzten politiken ondorioz mugak ixten dira, eta horrek irismen handi eta larriko krisi humanitarioak eragiten ditu.
2010ean EAEn etorkinak 139.229 izan dira guztira; horietako 71.952 gizonezkoak dira eta 67.277 emakumezkoak, herritarren %6,4 dira osotara. 2010eko datuak. Iturria: Immigrazioaren Euskal Behatokia, Ikuspegi. Atzerritarren kopuruak eskasa izaten jarraitzen du beste autonomia erkidego batzuekin eta Estatuarekin alderatuta. Atzerritarrak Espainian 4.791.23 dira guztira, alegia, biztanle guztien %12,1 (Madrilen %16), Lan eta Immigrazio Ministerioaren Urtekariak jasotzen duenaren arabera.
Eustat-Euskal Estatistika Erakundearen arabera, EAEko migrazio saldoa azken urteotan positiboa izan da, eta datuek azken urtean egoiliar etorkin berrien %43 beste autonomia erkidego batzuetatik etorriak direla azpimarratzen dute.
Estatuko Fiskaltza Orokorraren 2009ko memorian adierazten da urte horretan 5.099 pertsona kanporatu direla, alegia, 2008an baino gutxiago; izan ere, urte horretan 6.281 pertsona kanporatu zituzten.
Administrazio egoera irregularrean dauden pertsonak Estatuan 1.000.000 inguru direla (EAEn 35.000 inguru) kalkula daiteke, udal errolden zifrak eta baliozko bizileku-txartela edo erregistroko ziurtagiria daukaten atzerritarren datuak kontuan hartuz gero. Pertsona horiek lan eta egoitza baimena lortuko dute 3 edo 4 urteko epean. Baztertzea larriago bihurtzea ekiditeko, garrantzitsua da gizarte ekintzako programetan sar daitezela beren migrazio proiektuaren hasieratik.
"Atzerriko immigrazioaren inguruko jarrerak eta pertzepzioak. 2010eko ekaina" Ikuspegi Barometroaren konklusio batzuk oso kezkagarriak dira; izan ere, datuek azken urteotan euskal herritarren jarrera gogortu dela adierazten dute, alegia, "kritikoagoa dela eta atzerritarrekin apur bat estuagoa".
Barometro honek planteatzen du euskal herritarrek etorkinen inguruko estereotipo faltsu eta aurreiritzi jakin batzuk izaten jarraitzen dutela, aurreko urteetan bezalatsu. Estereotipo eta aurreiritzi horiek, dirudienez, autonomoak dira zati batean benetako gertakizunekin alderatuta. Bereziki kezkagarria da herritarrek etorkinen eta segurtasunaren arteko harremanari buruz duten iritzia. Euskal herritarrek aurreko urteetan baino onginahi gutxiagorekin epaitzen dute immigrazioaren funtzionalitate ekonomikoa eta eragin negatiboen ehunekoak areagotu dira. "Atzerritarren etorrerak sortzen dituen kezka eta errezelo gehienak euskal gizartearen ongizate-mailari eusteko gaitasunarekin daude loturik".
II. Arloa kopurutan
Jaso ditugun kexak, nagusiki, lotuta daude atzerritarrek zerbitzuak eta prestazio publikoak eskuratzeko dauzkaten zailtasunekin. Eta, horren harira, azpimarratzekoa da aurten zailtasun horiek areagotu egin direla. Horrez gain, aurkeztutako kexak etorkinek beren eskubideak baliatzearekin ere lotuta daude, adibidez, dokumentazioa eskuratu eta mantentzearekin edo dagozkien egitateak erregistro zibiletan eta Zentralean inskribatzearekin. Immigranteek aurkezten dituzten kexa guztiak ez dira esparru honetan soilik islatzen, beste esparru batzuetan ere aurki baitaitezke, adibidez, Herrizaingoan, Etxebizitzan, Osasun arloan...
Lan arloko politika aktiboak Euskal Autonomia Erkidegora transferitu direnez, aukera ona izan daiteke etorkinen sektorea laneratzeko, egungo krisiaren eragina nabarmen jasaten ari dira eta. Hizkuntza ofizialak ikastea, gaitasunak hobetzea eta laneko orientazioa, besteak beste, indartu behar diren politika publikoak dira, eta are garrantzitsuagoa da pairatzen ari garen egungo krisi egoeran. Arartekoak, ondorioz, adi aztertuko ditu Euskal Enplegu Zerbitzura sartzeko baldintzak; izan ere, ez dituzte egoerarik zaurgarrienean dauden pertsonak baztertu behar, hala nola atzerritarrak. Immigranteek zerbitzu publikoak bertako pertsonen baldintza berberetan eta inolako diskriminaziorik gabe eskuratzea funtsezko baldintza da etorkinak integratu ahal izateko.
Arartekoa asko kezkatzen du etorkinen inguruko iritzi publikoak. Azterlanen emaitzen arabera, etorkinen eragin ekonomiko eta kulturalen inguruko "sinesmenek" eragin nabarmena dute herritarrek immigrazioari eta abian jarri beharko liratekeen immigrazio politikei buruz duten iritzian, hau da, horiek immigranteak herrialdera sartu eta geratzearen inguruko politikek zorrotzagoak ala arinagoak izan beharko luketen pentsarazten diete.
Immigrazioari eta migrazio politikari buruzko eztabaida publikoa komunikabideek ematen duten informazioak baldintzatzen du, baita egiaztatutako datuetan oinarritzen ez diren sinesmen kolektibo jakin batzuek ere. Migrazioaren eragin ekonomiko, sozial eta kulturalen inguruko txosten zorrotzak lantzea, analisietan gehiago sakontzea eta datuak publikoki ezagutzera ematea, agian, lagungarri izan liteke analisi serioetan oinarrituta ez dauden sinesmenak eta gaizki-ulertuak desagerrarazteko.
Beharrezkoa izango litzateke kontseilu bat edo bestelako ikus-entzunezko organo bat egotea, edo, bestela, kode deontologikoak, aholkularitza batzordeak eta/edo araudi bat egotea ikus-entzunezkoaren arlorako eta pertsona guztien eskubideak eta askatasunak errespetatzen laguntzeko eta immigranteen jatorri nazionala edo etniaren ondoriozko estigmatizazioa ekiditeko.
Beharrezkoa da bizikidetza eta errespetua sustatzeko diskurtso berriak lantzea, baita desberdintasunak balioesteko eta arrazismo eta xenofobiatik urrundutako herri bat eraikitzeko, adibidez, honako ekimenak proposatutakoari jarraiki: "Living Together: Arrazakeria eta Xenofobiaren kontrako Herritar Europarrak", dekalogoa eta azken txostena, konparaziozkoa eta barne-hartzailea, Proiektua [JLS/FRC/036).
III. Arauketa testuingurua eta politika publikoak
Epigrafe honetan, atzerritarrei eta immigrazio politikei eragiten dieten arau arloko nobedade batzuk jaso ditugu.
Apirilaren 5ean indarrean sartu da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EE) 810/2009 Erregelamendua, 2009ko uztailaren 13koa, bisatuei buruzko Kode komunitario bat ezartzen duena (bisatuen Kodea). Erregelamendu horrek Estatu kideetako lurraldeetatik ibiltzeko eta egonaldi laburretarako bisatuak jaulkitzeko prozedurak eta baldintzak ezartzen ditu. Horrez gain, Estatu kideen lurraldeetan dauden aireportuetako nazioarteko zirkulazio eremuetatik igarotzeko aireportuetarako iraganbideko bisatu bat edukitzera behartuta dauden herrialdeak zerrendatzen ditu, eta bisatu horiek jaulkitzeko prozedurak eta baldintzak zein diren ere ezartzen du.
2010eko abenduan Europako Parlamentuak ezezkoa eman dio baimen bakarraren zuzentarau proposamenari. Askatasun Zibilen, Justiziaren eta Barne-arazoen Batzorde parlamentarioak proposamena onartu egin zuen, eta Parlamentuak eta Justizia eta Barne Kontseiluak elkarrekin hartutako erabaki bidez onetsi behar zen. Zuzentarau horrek prozedura bakarra ezartzen zuen lan- eta egoitza-baimena emateko, eta zuzenbide esparru bera ere ezartzen zuen, immigranteei dagokienez. Esparru horretatik kanpo uzten zituen, besteak beste, aldi baterako langileak, lekualdatuak, hirugarren herrialdeetako enpresek lekualdatutako langileak eta kontratu bidez zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetakoak. Beraz, langile horiek eskubide gutxiago izango zituzten; izan ere, ez lirateke arautuko zuzentarau horrek ezartzen dituen eskubideen arabera, lege-testu espezifikoen edo beren jatorriko herrialdeetako laneko legeen arabera baizik, eta horien gehiengoak ez dauzka Europar Batasunean dauden berme berak. Horrez gain, pentsioak kobratzeko tokiari buruzko mugak ezartzeko aukera ere aurrez ikusten zuen, baita beste familia-prestazio eta onura sozial batzuei dagokienez ere. Horrenbestez, aurrez ikusten zen araudiak ez zituen langile etorkinen eskubideak langile immigrante guztien eta haien familien eskubideen babesari buruzko Nazio Batuen 1990eko Hitzarmenean bezala jasotzen, ezta Europako Kontseiluaren 1977ko Langile immigranteei buruzko Hitzarmenean bezala ere, lana, gizarte segurantza eta etxebizitzarekin lotutako baldintzei dagokienez.
Kode Penalari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duen ekainaren 22ko 5/2010 Lege Organikoaren nobedadeen artean, aipatzekoa da gai hauei buruzko arauak jaso direla: askatasuna kentzeko zigorra, egoera irregularrean dauden herritar atzerritarren kasuan, herrialdetik kanporatzeko zigorrarekin ordezkatzea; gizakien salerosketa delituari buruzko titulu espezifiko bat sortzea; herritar atzerritarren eskubideen kontrako delituen aldaketa eta langileen immigrazio klandestinoaren delitua kentzea.
Nobedade garrantzitsua da gizakien salerosketa delitu independente gisa tratatzea eta delitu hori legez kanpoko trafikoa edo pertsonen immigrazio klandestinotik bereizitako delitu gisa tratatzea. Bereizketa hori atzerritarrek Espainian dauzkaten eskubide eta askatasunei eta etorkinen gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa erreformatzen duen 2/2009 Lege Organikoak jada onartu zuen; izan ere, migrazio politika arautzen duten printzipioetako batean printzipio berri bat sartu zuen: gizakien salerosketaren jazarpena (2 bis art., 2. h idatz-zatia)], hain zuzen. Legeak gizakien salerosketaren biktimak babesteko erregimen bat barne hartzen du, Varsoviano Hitzarmeneko 10. artikuluan biktimak identifikatzeko sistemari buruz jasotzen dena aplikatzen du eta aipatutako Hitzarmenak eta 2004/81/EE Zuzentarauak aurrez ikusten duten hausnarketa epea barne hartzen du. Emakumeen salerosketaren biktimek 30 eguneko hausnarketa-epea daukate agintaritzei lagundu nahi dieten erabakitzeko. Laguntzea onartzen badute eta salaketa jartzen badute, egoitza baimena lortuko dutela aurrez ikusten da.
Beste instrumentu batzuk, adibidez, Gizakien Salerosketaren Kontrako Plan Integrala, Berdintasun Ministerioarena, oso garrantzitsuak dira biktimak osoki babestea posible izan dadin. Biktimen berreskurapen psikologikoari eta haien babes integralari (askotan, babesak haien inguru familiarra ere barne hartu beharko luke) lehentasuna eman behar zaie, hartara, delitu horien ikerketa hobetzen lagunduko litzateke eta.
Kartzela-zigorra arindu eta isun bihurtzea edo komunitatearen mesederako lanen bidez ordezkatzea ere aurrez ikusten du ikus-entzunezko materialaren salmenta, "top manta" delakoa, txikizkakoa denean edo mozkin ekonomikoa txikia denean. Bigarren Xedapen Iragankorrean berrikuspen erregimena ezartzen da. Erregimenak ez du epaiak berrikustea aurreikusten zigorra betetzea etenda dagoenean, etetea atzera botatzen denean berrikusteari kalterik egin gabe eta etendako zigorra betetzeari ekin baino lehen. Zigorra jaso duen pertsona baldintzapeko askatasun aldian badago edo zigorra gauzatu bada edo etenda badago ere ez, nahiz eta epaiaren beste adierazpen batzuk gauzatzeke egon, baita guztiz gauzatu direnak ere. Aurreikuspen horren ondorioz, dagoeneko kondenatuak izan diren eta zigor-aurrekariak dauzkaten atzerritarrek zailtasunak dauzkate beren egoera administratiboa erregularizatzeko, horretarako beharrezkoa delako sustraitzeagatiko egoitza-baimena eskatzea. Beste alde batetik, BOEn argitaratu eta hilabete batzuetara indarrean sartu denez, prozesu bat martxan zeukaten pertsonek eragozpen ugari izan dituzte, izan ere, zigor arloko lege mesedegarrien atzeraeragin printzipioa alegatu behar izan dute (EKren 9.3 art. eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 15.1. art.).
Atzerritarrek Espainian dauzkaten eskubide eta askatasunei eta etorkinen gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoa erreformatzen duen 2/2009 Lege Organikoak hori garatuko zuen erregelamendua 6 hilabeteko epean onestea aurreikusten zuen. Aipatutako epea aspaldi igaro zen arren, erregelamendua ez da onetsi oraindik, eta, ondorioz, 2393/2004 EDak, abenduaren 30ekoak, onetsi zuen erregelamenduak indarrean jarraitzen du. Asiloa eta babes subsidiarioari buruzko Legearen erregelamendua ere ez da onartu.
Aurten, garrantzitsua da aipatzea Auzitegi Gorenaren 2010eko ekainaren 1eko Epaia, Europar Batasuneko eta Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Itunaren parte diren beste Estatu batzuetako herritarrak Espainiara sartu, askatasunez ibili eta bizitzeari buruzko otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuaren atal batzuk baliogabetzen dituena.
Epai horrek aldaketa bat eragin du pertsona askori aplikatzen zaien araubide juridikoan. Adibidez, espainiar herritarren arbasoei edo haien ezkontide edo bikotekide erregistratuari aplikatzen zaie, baita Batasuneko herritar gisa erregistratutako izatezko bikotekideari ere. Epai horrek, gainera, 21 urtetik gorako ondorengoek eta arbasoek lan egiteko eskubidea dutela ere onartu du, babes komunitariopean dagoen pertsona izateari kalterik egin gabe. Besteak beste, epai horrek honako alderdi hauei ere eragiten die: erregimen komunitarioa aplikatzen zaion pertsona bat Espainiatik kanporatzea erabakitzen denean boluntarioki irteteko epea emateko betebeharra; erregimen komunitarioak barne hartzen ez dituen senideak herrialdera sartu eta bertan bizi ahal izatea erraztea, herritar komunitarioarekin duten ahaidetasun-maila mugatu gabe, eta herritar komunitarioa hilez gero haren senidea bertan bizitzeko mugak.
Lan eta Immigrazio Ministerioak DGI/SGRJ/03/2010 instrukzioa xedatu du Auzitegi Gorenaren 2010eko ekainaren 1eko epaiaren aplikazioari buruz.
Instrukzioak jorratzen dituen gaietako bat aztertuko dugu, atzerritarren inguruko araubide komunitarioa herritar komunitario gisa erregistratutako izatezko bikotekideari aplikatzeari buruzkoa, hain zuzen. Instrukzio horrek baliogabetu egiten du DGI/SGRJ/03/2007 Instrukzioa. Arartekoak ofiziozko egintza bat gauzatu zuen instrukzio horri buruz (2007ko urteko txostena, II. kapitulua, lehentasunezko arreta behar duten kolektiboak, etorkinak). Epai horretatik aurrera, instrukzioan azaltzen den bezala, komunitateetan eta udaletan dauden bikote egonkorren erregistroak baliozkoak dira 240/2007 Errege Dekretuan aurrez ikusten diren ondorioetarako, epaiaren ostean indarrean sartu zen idazketan 2.b artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen direlako.
Honakoa beste araudi aipagarri bat da: Idazkariordetzaren 2010eko urriaren 14ko Ebazpena, Errefuxiatuentzako Arreta Zentroen Zerbitzu-karta onesten duena.
Immigrazioaren fenomenoari heltzen dioten politika publikoak oso garrantzitsuak dira gaur egungo eta etorkizuneko egoera zehazten dutelako eta haien bizitzaren eta hartzen dituen gizartearekiko dauzkaten harremanen funtsezko alderdiak arautzen dituztelako. Politika horiek Europar Batasunak eta Estatuak, autonomia erkidegoek eta udalek hartzen dituzte, alegia, etorkinak bizi diren tokietako agintaritzek. Ondoren, aurten hartu diren erabaki batzuk aipatuko ditugu.
Europar Batasuna
Batzordeak immigrazioa eta asiloari buruzko urteko txostena egin du. Bertan, estatu kideen lehentasunak ezartzen dira immigrazio legala eta integrazioari, immigrazio irregularrari, mugen babesari, asiloari eta jatorri eta iraganbideko herrialdeekiko lankidetzari buruz, Brusela, 6.5.2010COM (2010)214 azkena.
Batzordearen zorro berri bat sortzea aurrez ikusten da: justizia, oinarrizko eskubideak eta herritartasuna, eta eskumenak izango lituzke honako arlo hauetan: justizia zibila eta legegintza kontsumitzaileei buruz, baita oinarrizko eskubideei eta diskriminazioaren kontrako politikei dagokienez ere.
Aurten Zaragozako Deklarazioa onetsi da. Deklarazio horrek integrazio politikek eta kultura aniztasunak Europako garapen ekonomiko eta sozialerako daukaten garrantzia aintzatesten du. Deklarazio hori Zaragozan 2010eko apirilaren 15 eta 16an integrazioari buruz egin zen Ministerio Konferentzia europarraren esparruan onartu da. Deklarazioak onartzen du integrazio politikak oso tresna erabilgarriak direla diskriminazioaren kontra borrokatzeko.
Proposamenen artean, aipatzekoa da adierazle batzuk ezarri direla. Adierazleek integrazio politikaren esparru erabakigarrietan joera garrantzitsuak neurtu eta alderatzeko ematen duten aukera oso positiboa iruditzen zaigu. Adierazlearen zeregina da egoeraren ikuspegi orokor bat eskaintzea eta egoera aztertzeko aukera ematea, hau da, zer gertatzen ari den eta garrantzitsua den erakustea.
Horrez gain, aipatzekoa da Batzordeak Parlamentuari, Kontseiluari, Europako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari eta Eskualdeetako Lantaldeari jakinarazi diela herritar europarrentzako askatasun, segurtasun eta justizia espazio bat eta Stockholmeko programa bat martxan jartzeko ekintza plan bat garatzen ari direla.
Dokumentuak Europako eta beste herrialde batzuetako herritarrek Europar Batasunaren oinarrizko eskubideen gutunean onartzen diren oinarrizko eskubideak izango dituztela ziurtatzeko eta askatasun, segurtasun eta justizia espazioa gauzatzea ziurtatzeko lehentasunak ezartzen dira, eta horretarako, kooperaziorako beharrezkoak diren instrumentuak garatzen dira, honako hauek besteak beste: FRONTEX (Kanpoko mugetako kooperazio operatiboaren kudeaketarako Agentzia Europarra), Europol (Poliziaren Bulego Europarra), Eurojust (Kooperazio judizialaren batasuna), OLAF (Iruzurraren kontrako Bulego Europarra), SIS II eta VIS. Schengen-go bigarren belaunaldiko Informazio Sistema.
Horrez gain, haien jatorri diren herrialdeekin edo immigranteen iraganbide diren herrialdeekin lankidetzan aritzearen garrantziari ere erreferentzia egiten die. Jakinarazpenak bereziki aipatzen ditu asilorako eskubidea eta ez itzultzearen printzipioa. Horren harira, asilo europarraren sistema eratzea prozeduran babes-tasa berberak ezarri eta uniformeki tratatzeko eta elkar balioesteko garrantzitsua dela onartzen du. Horrez gain, aipatzekoa da Oinarrizko Eskubideen Agentzia Europarraren Txostena. Txostena 2010eko irailaren 13 eta 14an egin zen ministerio-konferentzian aurkeztu zen.
Estatua
Aurten oso polemikoa izan da Barne Ministerioaren urtarrilaren 25eko 1/2010 Zirkularra, Estatutik kanporatzea eragin dezaketen zehapen espedienteen tramitazioari buruzkoa. Zirkular horretan, identifikaziorako atxiloketei eta kanporatzeko lehentasunezko prozedurei egiten zaie erreferentzia.
Barne Ministerioak Herriaren Defentsariari argitu dio informazioa eskatu zuela eta aldez aurretiko oharrak bidali zituela (herriaren defentsariaren idazkia), 2/2009 Lege Organikoak ez duela barne hartzen atzerritartasun unitateen edo herritarren segurtasunerako unitateen bide publikoko jardunean inolako aldaketarik eragingo duen nobedaderik, eta, horren ondorioz, aplikagarriak diren lege aurreikuspenen arabera lan egiten jarraituko dutela, alegia, honako hauen arabera: Prozedura Kriminalaren Legea, Herritarren Segurtasun eta Babeserako Lege Organikoa eta Atzerritarren Eskubide eta Betebeharrei eta haien Gizarteratzeari buruzko Lege Organikoa. Horrez gain, haren erantzunaren arabera, Zirkularrak, "en ningún caso implica, ni lleva implícito, que la actividad policial se dirija al establecimiento de controles de identificación de manera sistemática o rutinaria, ni menos aun que se encamine hacia un colectivo concreto, como pueden serlo el de ciudadanos extranjeros en situación irregular. Es conocido, por lógica, que esta actividad preventiva policial es cambiante, y se elabora, planifica y ejecuta por las Fuerzas y cuerpos de Seguridad en función de las necesidades que se van planteando y previos análisis de inteligencia e información".
Nobedade gisa, aipatzekoa da 2010eko abenduaren 1ean hauteskunde-erroldan izena emateko epea ireki zela Europar Batasuneko, Norvegiako, Txileko, Kolonbiako, Ekuadorreko, Zeelanda Berriko, Paraguaiko eta Peruko herritarrentzat. Botoa eman ahal izatea herritarren oso eskubide garrantzitsua da.
Genero-indarkeriaren biktima diren emakume atzerritarrei dagokienez, azpimarratzekoa da biktima eta erasotzaile atzerritarren kopuruak oso altua izaten jarraitzen duela.
Garrantzitsua da azpimarratzea egoera irregularrean dauden emakume etorkinek salaketa bat jartzen badute, beren egoera administratibo irregularra agerian uzten dutela Segurtasun Gorputz eta Indarren aurrean.
Genero-indarkeriaren kontrako abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoak genero-indarkeriaren biktima diren edo izan diren emakumeei eskubide batzuk bermatzen dizkie, «haien jatorria edo erlijioa zeinahi izanda ere, eta haien egoera edo bestelako ezaugarri pertsonal edo sozialak kontuan hartu gabe» (17. art.).
Etorkinen artean Genero-indarkeriaren Arreta eta Prebentziorako Planak (2009-2012), Berdintasun Ministerioarenak, legearen aurreikuspen hori betetzeko helburua du, besteak beste. Aurten, SOS Racismo erakundeak, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin elkarlanean, Emakume etorkinak genero-indarkeriaren aurrean ahalduntzeko gida landu du.
Emakume atzerritarren kasuan, genero-indarkeriak ezaugarri bereziak dauzka; izan ere, egoera zaurgarriagoan daude, eta, ondorioz, konponbide bereziak behar dira. Beharrezkoa da informazio egokia eskuragarri egotea (eta interpretazio zerbitzuak). Horrez gain, kontuan hartu behar da, batetik, gizonarekiko eta beren familiarekiko nahiz hurbileko komunitatearekiko duten menpekotasuna, eta bestetik, komunitate horrek, batzuetan, ez diela babesik ematen. Emakumeen berdintasunari eta segurtasunari buruzko txosten honen atalean azaltzen dugun bezala, beharrezkoa da haien egoeraren ezaugarriei, babesaren ikuspuntuan oinarrituz, arreta egokiarekin heltzea.
Bukatzeko, diskriminazioaren kontrako borrokaren arloan, diskriminazioaren biktimei laguntzeko zerbitzu Sare bat martxan jarri da Berdintasunezko tratua eta Jatorriko Arraza edo Etniaren ondoriozko diskriminaziorik eza sustatzeko Kontseiluak, Berdintasun Ministerioaren barrukoak, beste erakunde batzuekin elkarlanean bultzatuta.
Euskal Herria
Euskal Herrian Immigrazioari buruzko III. Euskal Plana.
Aurten, nobedaderik garrantzitsuena atzerritarren arreta juridiko sozialerako zerbitzua, HELDU, kendu egin dela da. Erakunde honek ofiziozko espediente bati ekin dio gai horren inguruan, beherago aipatuko dugun bezala. Eusko Jaurlaritzak deribazio sistema berri bat ezartzea aurrez ikusten du. Erakunde berriak aurrez ikusten du atzerritartasunaren txandako abokatu bati bidaltzea, hori Etorkinentzako koordinazio eta Arreta Unitateek (UCAI) eta Biltzen zerbitzuak eskaera aztertu ondoren egingo da. Zerbitzu berriak laguntza espezializatua behar duten zenbait aholkularitza aurrez ikusten ditu.
Eusko Jaurlaritzak doako laguntza juridikoari buruzko Dekretu berri bat landuko duela iragarri du. Dekretua oso-oso garrantzitsua da ofizioko txanda eta txanda espezializatuak arautuko dituelako eta horiek neurri handi batean eragiten dietelako atzerritarrei, adibidez, genero-indarkeria, adingabeena eta atzerritartasunarena.
Aurten, Bilboko Udalak Tokiko Immigrazio Kontseilua eratzea onartu du. Kontseilu hori kontsulta eta parte-hartze organo bat da, immigrazio arloan lan egiten duten elkarte eta erakundeak barne hartzen ditu, baita Udalaren sailak ere.
Iaz aipatu genuen bezala, 2/2009 Lege berriak Autonomia Erkidegoei zenbait funtzio egozten zien; besteak beste, espainiar nazionalitatea emateko espedienteko integrazio soziala egiaztatzeko txostenak prestatzea, beren baimenak berritzeko eskaeretan edo iraupen luzeko egoitzarako eskaeretan adingabeak eskolatuta daudela ziurtatzen duten txostenak, edo egoitza baimentzeko edo baimena berritzeko prozeduretan ordena publikoari eragiteari buruzkoak; baita etorkinak integratzeko ahalegina ziurtatzeari buruzkoak ere, aldi baterako egoitzarako baimena berritzerakoan beste baldintza batzuen gabezia konpentsatzeko osagarri gisa. 2010ean ez da aurrerapauso garrantzitsurik eman arlo honetan.
Bukatzeko,dibertsitateari dagokionez, Arartekoak honako gomendio orokor bat egin zuen honako gai honi buruz: "Hilerrien zerbitzu publikoak erlijio-sinesmen desberdinetara egokitzea, eta, bereziki, komunitate musulmanera egokitzea".
2010ean ez dugu baloratu zentzu horretan aurrerapenik egon denik, iaz Derioko (Bizkaia) hilerriarekin lotuta aipatutakoa izan ezik.
Elkarteek otoitz egiteko lokalen lizentziak lortzeko zailtasunak helarazi dizkigute. Ekipamendu horiek normalean ez dira plangintza orokorrean aurrez ikusten, eta, ondorioz, baliteke udal baimena ez lortzea.
Lisboako Ituna indarrean sartu zenetik, Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideei buruzko Gutunak Europar Batasunaren Itunaren eta Europar Batasunaren Funtzionamenduaren Itunaren balio bera dauka. Gutunak Legearen aurreko berdintasuna ezartzen du (20. art.), baita diskriminaziorik eza (21. art.) eta kultura, erlijio eta hizkuntza dibertsitatea ere (22. art.).
Sinbolo erlijiosoen tratamenduak Europan oso gai polemikoa izaten jarraitzen du. Eztabaida konplexua da eskubide asko daudelako tartean: erlijio-, ideologia- eta iritzi-askatasunerako eskubidea, bizitza pribaturako eskubidea, segurtasunerako eskubidea, mugimendu-askatasunerako eskubidea... eta debekuak gizartean eta horiek erabiltzen dituzten emakumeengan dauzkan ondorio praktikoei buruzko oharrak.
Aurten eztabaida burka eta niqab-a debekatzeari buruzkoa izan da nagusiki. Frantziak 2010ean belo integralaren kontrako Legea onetsi du, eta udal batzuek, Lleida, Bartzelona eta Tarragonako udalek, adibidez, belo integrala debekatzen duten mozioak onartu dituzte.
IV. Jarduera-plana
Atal honetan, Arartekoak atzerritarren eskubideak defendatzeko egin dituen jarduerarik garrantzitsuenak jaso ditugu.
Arartekoa Herri Administrazioetako ordezkariekin bildu da etorkinek dituzten arazoekin lotuta dauzkan kezkak helarazteko, esparru horretan lan egiten duten elkarteekin ere bildu da, eta, horiek ere, etorkinek dauzkaten arazoak eta zailtasunak helarazi dizkie. Aurten, Arartekoa behin baino gehiagotan batzartu da Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailarekin eta jaso dituen kexa batzuen edukia helarazi dio, adibidez, prestazio sozialak eskuratzeko baldintzei buruzkoak, eta, bereziki, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eskuratzeko, eta Heldu zerbitzua kendu delako eta martxan jarri den eredu berriagatik. Herriaren Defentsariaren Bulegoarekin ere bildu da, eta etorkinek dauzkaten arazoen berri eman genien:
Arazo horiek ondorengoak dira:
- aurrekari penalak ofizioz baliogabetzearekin lotutakoak;
- Bilboko ertzaintzaren egoitzaren egokitasuna, arreta eskaintzen duten pertsonen eta tramitatzen dituzten espedienteen kopuruari dagokionez;
- Komunitatearen mesederako lanak egiteko zigorrak betetzean dauden atzerapenak;
- irizpide desberdinak daude gobernuaren ordezkaritza eta ordezkariordetzen artean, sustraitze eskaerarekin lotuta, kanporatzeko ebazpen bat dagoenean;
- egoitza-baimena ematea lortzeko baliabide ekonomikoen eskuragarritasunari buruzko balorazioan baremo ekonomiko argirik ez egotea, ezta irizpide argirik ere, interesdunek, baztertzearen kontra borrokatzeko organoetatik prestazioak jasotzen dituztela-eta, baliabide ekonomikoak dauzkatela egiaztatzen dutenean;
- baimenak berritzea ukatzea behar beste kotizazio daukatela frogatu ezin denean (egun kotizatu faltagatik edo lanaldi murriztuengatik), eta baimena aurreko prestazioen onuradun izateagatik eskuratzen deneko inkongruentzia;
- jatorriko herrialdeko beharrezko dokumentuen inguruko informazioaren garrantzia, agiriak iraungitzea eta beharrezkoak ez diren kostuak jasan behar izatea ekiditeko;
- aparteko arrazoien ondoriozko egoitza-baimena Madrilen ebazteak eragiten dituen eragozpenak;
- seme-alaba batzuei familia bateratzeko baimena ematea eta beste batzuei ez ematearen arazoa, erabiltzen diren iraunkortasun ekonomikoko baremoen ondorioz, ez baita kontuan hartzen familia bereko kideak banantzearen kaltea.
Immigrazioaren arloan lan egiten duten elkarteekin egindako bilerei dagokienez, azpimarratzekoa da etorkinen egoerak txarrera egin duela eta hori kezkagarria dela. Elkarteek immigranteek jasaten dituzten zailtasun eta arazo askoren berri eman ziguten. Batetik, Eusko Jaurlaritzaren politiken inguruko zalantzak eta ziurgabetasunak, Heldu itxi izana, Lanbide martxan jarri izana, bizikidetza unitateak bira soilik mugatu izana etxebizitza baten prestazio ekonomikoen hartzaile gisa. Diru-laguntzak murriztu izana elkarteetan eragiten ari zen ondorioak ere planteatu zituzten, baita laneko prestakuntza ikastaroetako eta hizkuntza ofizialen ikaskuntzaren mugak ere, ez baitago behar beste toki, eta Gasteizen bereziki, oso itxaron zerrenda luzeak eta prestakuntza hutsuneak daude.
Beste alde batetik, oso kritiko agertu ziren poliziaren jardunarekin eta poliziaren identifikazio-praktikekin, atxiloaldi luzeagoekin, atxiloketetan botatzen dituzten irainekin, konnotazio arrazista eta homofoboak dauzkaten adierazpenekin...
Era berean, kezkaturik agertu ziren etorkinak auzo eta ikastetxe jakin batzuetan pilatzen ari direlako, kohesio sozialeko ondorioengatik, atzerritarrekiko harremanen gaineko eraginengatik eta gizarte eta laneko sustapena lortzeko dauzkaten aukerengatik.
Horrez gain, elkarteak oso kritiko agertu ziren atzerritarrek kalean bizirauteko egiten dituzten gauzei ematen zaien erantzunengatik, adibidez, CDak eta DVDak eta beste objektu batzuk saltzea, sexu-zerbitzuak trukatzea, etab. jarduera horiek zigorrak jasotzen dituztelako ordena publikoaren ikuspuntutik, etorkin horien zaurgarritasun egoera kontuan hartu gabe.
Talderik zaurgarrienen egoera ere azpimarratu dute, alegia, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak, tutoretzagabetutako gazteak, etxerik gabeko atzerritarrak eta espetxeratutakoak edo preso ohiak. Pertsona horiek arreta sozial egokia eskatzen dute, ez ordena publikoko edo zehapen neurriak bakarrik.
Horrez gain, oso kritikoak izan ziren arduradun publikoek eta komunikabideek etorkinei buruz plazaratu dituzten diskurtsoekin, baita epaile batzuen jarrerarekin ere.
Helarazi zituzten arazoen laburpena Arartekoaren web gunean kontsulta daiteke, etorkinen atalean.
Aurten ofiziozko zenbait jarduera izapidetu ditugu atzerritarrei buruz, adibidez, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak etorkinentzako arreta juridiko-sozialerako zerbitzua, HELDU, desagerrarazi izanari buruz, nazionalitatearen eskaerarekin lotuta eta/edo egoitza baimen iraunkorrarekin lotuta, jatorri sahararreko pertsonei dagokienez, Autonomia Erkidegoen arteko koordinazio beharrei buruz eta adingabe atzerritarrekin lotutako prozeduren zenbait gabeziari buruz.
1. Heldu zerbitzua kendu izana:
Heldu programa 2002an jarri zen martxan. Prestazio hori Immigrazioari buruzko I. Euskal Planean (2003-2005) eta II. Euskal Planean aurrez ikusita zegoen. Heldu programa kendu egin da, baina ez da immigrazio plan berri bat onartu. Arartekoak 2010eko urriaren 1ean ebazpen bat eman zuen. Horren bidez, etorkinei arreta juridiko-soziala eskaintzeko Heldu programa kentzearen inguruan izan dugun esku-hartzea amaitu genuen. Bertan, erabakia egungo testuinguruan aztertu zen, eta, bereziki, EAEko Gizarte Zerbitzuen Sistemarekin lotuta.
Zerbitzuaren hartzaile nagusiak egoitza baimenik ez daukaten eta gure udalerrietakoren batean bizi diren etorkinak ziren. Baita babesik gabe dauden adingabeak, 18 eta 23 urteko gazte tutoretzagabetuak edo nolabaiteko neurriren bat dutenak eta Eusko Jaurlaritzaren gazteen justiziapean berreziketako zaintzapean daudenak ere; tratu txarren biktima diren emakume etorkinak eta haien familia unitatea..., oso kolektibo zaurgarriak dira eta hainbat zerbitzu publikoren arreta jasotzen dute (oinarriko gizarte zerbitzuak, adingabeen babeserako zerbitzuak, gazteen arloko justizia, genero-indarkeriaren biktimentzako arreta...).
Egungo Gizarte Zerbitzuen Legeak atzerritarrak ez ditu baztertzen, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zerbitzu eta prestazioak jasotzetik. Pertsona horiek arreta juridiko espezializatua behar dute beren egoera administratiboa normalizatu ahal izateko, horrek eragina dauka beren eskubideez baliatu ahal izateari dagokionez, eta horrek justifikatu egiten du atzerritarrei soilik arreta eskaintzeko laguntza juridikoko prestazio tekniko bat martxan jartzea. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzari adierazi genion, besteak beste, atzerritarrentzako arreta juridikoaren prestazioa, Heldu programa delakoa, bestelako modelo berririk martxan jarri gabe kentzeak ezinegona eragin duela erabiltzaileen artean nahiz etorkinei arreta eskaintzen dieten eragile sozial eta publikoen artean, eta ez zela positiboa. Halaber, beharrezkoa zen arreta maila kaltetzea ekiditea eta nola edo hala indartu behar dira martxan jarri diren behin-behineko neurriak. Horrez gain, aipatzekoa da prestatzen ari den eredu berrian ere prestazio hori mantendu behar dela; izan ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren oinarrizko helburu horiek erdiestera bideratuta dago, baita zaurgarritasun eta babesgabetasun maila oso altua daukaten pertsonen arretara ere.
Eredu berriaren diseinuarekin lotuta aurrerapausoak eman diren arren, oraindik goizegi da horien irismenaren balorazio bat egiteko. Arartekoak egoera irregularrean dauden etorkinentzako arreta juridikoaren gabezia eta/edo urritasunarekin lotutako kexak jasotzen jarraitzen du; hori dela eta, 2011n eredu berriaren jarraipena egingo dugu.
2. Sahararrek espainiar nazionalitatea eskatzea
Herriaren Defentsariarenera jo dugu Saharako pertsonen egoerarekin lotuta. Pertsona horiek Gasteizko Erregistro Zibilera joan ziren espainiar nazionalitatea eskatzeko. Dirudienez, Gasteizko Erregistro Zibilak presuntzio balio soilarekin espainiar nazionalitatearen adierazpen batzuk onartu zituen lehenago ere. Gero, horien ebazpena atzeratu egin zen eta, azkenean, tramitera ez onartzea erabaki da, Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiaren 2009ko otsailaren 27ko ebazpenaren ondorioz.
Herriaren Defentsaria nazionalitate espainiarra eskatzen duten sahararren egoerari erantzuteko beharrezkoak diren ekintzak bultzatzea egokia den ala ez erabakitzeko eskumena daukan erakundea da, hori dela eta, Justizia Ministerioak (eta Auzitegiek) gauzatzen dituen eta erakunde honen ustez berdintasunezkoa ez den tratua eragiten duten jarduera batzuen inguruan daukan iritzia agertu du Arartekoak, Mendebaldeko Saharatik etorritako pertsonek nazionalitate espainiarra eskuratzeari dagokionez.
2258/1976 Errege Dekretuak, abuztuaren 10ekoak, sahararrek espainiar nazionalitatea eskuratzeko aukerari buruzkoak, ez zituen Sahara espainiar lurraldea izan zen ala ez argitu nazionalitate espainiarra lortzera begira, eta ez zuen adierazten hango herritarrak espainiarrak diren ala ez. Araudi hori lurraldearen egoeraren eta sahararren etorkizunaren inguruan ziurgabetasun handia zegoen une gatazkatsu batean xedatu zen. Murriztailea izan zen bere aplikazio esparruagatik eta izan zuen epe laburragatik, eta, ondorioz, Espainian bizi ez ziren sahararrek ezin izan zioten araudiari heldu. Ikuspuntu konstituzionaletik ere, haren baliozkotasuna zalantzan jar daiteke.
Gobernuaren Ordezkariordetza batzuetan, egoitza baimen iraunkorra eman da abenduaren 30eko 2393/2004 Errege Dekretuaren 72.3 d) artikulua aplikatuz. Beste kasu batzuetan, ostera, inskripzio zedula bat eta egoitza baimen bat eman zaie. Kexa espediente batean adierazten denaren arabera, pertsona bati jatorrian espainiarra izateagatik egoitza baimen iraunkorra eman zitzaion eta gero, Gasteizko Erregistro Zibilean, espainiar nazionalitatea lortzea ukatu zioten. Hau da, Barne Ministerioarentzat jatorrian espainiarra izan zen, Justizia Ministerioarentzat, ordea, ez da espainiarra.
Auzitegi gorenak askotariko erantzunak eman ditu, planteatutako eskaeraren arabera, hau da, batzuetan, nazionalitatea ukatu da, beste batzuetan, jaiotzaren ziurtapena eman da, beste batzuetan, nazionalitatea berreskuratzea erabaki da, eta beste batzuetan, aberrigabetasun estatutua ukatu da. Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak ere askotariko erabakiak xedatu ditu.
Nazionalitatearen aitorpenak presuntzio hutseko balioa izatea bizilekuari dagokion Erregistro Zibileko Arduradunak erabakitzen du (Erregistro Zibilen Legeko 96.2. art. eta Erregistro Zibilaren Erregelamenduko 335. eta 338. art.), eta, ondorioz, saharar askok espedientea onartzen zuten Erregistro Zibiletara jo dute. Deklarazio horien inguruan errekurtsoak aurkeztu dira eta baliogabetzat jo dira (horren adibide da, besteak beste, Kordobako Erregistro Zibila). Erregistroen eta Notariotzaren Zuzendaritza Nagusiak instrukzio bat xedatu zuen 2007ko martxoaren 28an udal Erregistro Zibilen eskumenei buruz eta espainiar nazionalitatea presuntzio balio soilarekin aitortzearen inguruko gainerako arauei buruz, alegia, ustezko hauetan aplikatzen direnei buruz. Haren justifikazioan azaltzen denaren arabera, "espainiar nazionalitatea presuntzio balio soilarekin aitortzea lortzeari buruz Erregistro Zibil batzuen arduradunek izapidetu dituzten erregistro-espedienteen onespen irregular edo desegokia gauzatzen dutela ikusi da".
Marokok lurraldea okupatu zuen, baina ez zaio erantzun lurralde horretan jaio ziren eta beste nazionalitaterik ez daukaten pertsona horien egoerari, izan ere, ez dira ezta marokoarrak ere, eta nazionalitate sahararra ez da nazioartean baliozkotzat jotzen. 2258/1976 Dekretuaren aurreikuspen eta arauketa urriak eta sahararrak Kode Zibileko 22.1. artikuluan (herrialde iberoamerikarretako, Andorrako, Filipinetako, Ekuatore Gineako eta Portugaleko pertsonen edo sefardien nazionalitateei buruzkoan) jasotakoaren arabera ez aintzatesteak hainbat erantzun desberdin eragiten dituzte. Gure ustez, erantzun horiek urratu egiten dute segurtasun juridikoaren eta berdintasunaren printzipioa, eta, ondorioz, espedientearen helburua herritar horiek espainiar lurraldean jaio ziren ala ez argitzea zen. Horrenbestez, Kode Zibileko 18. artikuluan (naziokotasuna edukitzea) edo 22 2 a) artikuluan (urtebetez bizi izatea) xedatutakoaren arabera eskuratuko litzateke espainiar nazionalitatea, eta horixe gertatzen da, hain zuzen ere, espainiar nazionalitateari buruz emaitza horrekin izapidetu diren espediente batzuetan. Bestela, beharrezkoa izango litzateke beste xedapen batzuk ematea aplikatu beharreko araudia eta, batez ere, aplikazio esparru pertsonala argitzeko. Gure ustez, saharar batzuei nazionalitatea ematen eta ukatzen dieten ebazpenen arteko irizpide aldaketan ez dago desberdintasun objektibo, arrazoizko eta proportzionalik. Gainera, ohiturazko Nazioarteko Zuzenbideak aberrigabezia ekiditea beharrezkoa dela ezartzen du. Horrez gain, gai eztabaidagarria den arren, oro har, aberrigabezia kasuetan, Estatuak herritartasuna ematera behartuta daude. Gai horiei buruzko nazioarteko hitzarmen biak honakoak dira: Aberrigabeen Baldintzen Murrizketari buruzko 1961eko Konbentzioa, eta Nazionalitatearen gaiari buruzko Europako Konbentzioa. Bi itun horiek aberrigabezia ekiditeko arau espezifikoak ezartzen dituzte. Espainiak ez du hitzarmen horietako bat ere sinatu, baina, halere, erakunde honen ustez, ez da aberrigabezia aitortu behar (sahararrek espresuki eskatzen badute izan ezik), eta ez da nazionalitate espainiarra arrazoi horren ondorioz ukatzea justifikatu behar. Nazionalitate espainiarra eskatzen duten sahararrak ez dira aberrigabetzat jotzen, espainiartzat baizik, eta, ondorioz, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsaleko 15. artikulua aplikatu behar da, baita nazioarteko zuzenbidea ere, alegia, Estatuek aberrigabezia egoerak ekiditeko betebeharra dutela ezartzen duena.
Erakunde honen ustez, gai honek eztabaidetatik bereizirik egon behar du, hau da, ez da kontuan hartu behar garai batean sahararrek gainerako espainiarren tratamendu bera izan zuten ala ez, edo Espainiak azkenean bete egin behar izan dituela Nazio Batuen ebazpenak, Espainia 1975ean kolonia egitatea onartzera behartu zutenak. Espainia, gaur egun, Zuzenbide Estatu demokratiko bat da, eta, ondorioz, berdintasunaren eta justiziaren baloreak araubide juridikoko goi-balore gisa aplikatzen dira, Espainiako Konstituzioaren 1. artikuluaren arabera.
3. Bakarrik dauden adingabe etorkinak
Arartekoak 2006tik ofiziozko espediente bat irekirik dauka Herriaren Defentsariaren aurrean Autonomia Erkidegoen arteko koordinaziorako zailtasunekin eta dokumentazio eta aberriratze prozesuaren epeei eragiten dieten gai batzuk argitzeko beharrarekin lotuta. Herriaren Defentsariak erantzun digunaren arabera, Atzerritartasun eta Mugen Komisaria Nagusiak jakinarazi dio Bakarrik dauden Adingabe Etorkinen Erregistroan jaso diren datuen fidagarritasuna eta kalitatea aztertzen ari direla, abenduaren 30eko 2393/2004 Errege Dekretuaren 111 artikuluan araututakoaren arabera. Era berean, Bakarrik dauden Adingabe Etorkinen Erregistroari dagokionez, Adextra aplikazioaren azpi-fitxategian atalak aldatu eta berriak sartzeko lan egiten ari dira. Horrez gain, 2010ean Herriaren Defentsariak jakinarazi digu Etorkinen Integraziorako Zuzendaritza Nagusiak informazioa bidali diola bakarrik dauden adingabe etorkinak aberriratzeko prozedura garatzeko protokoloa prestatzeko lanei buruz.
Horrez gain, aurten ofiziozko beste espediente bat hasi dugu, eta Herriaren Defentsariari helarazi diogu, Gipuzkoako fiskaltzak adingabe etorkinen adina zehaztean jarraitzen duen prozedurari buruz. Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean gai hau xehetasun gehiagorekin jorratu genuen.
Bukatzeko, Arartekoak etorkinen eta haien eskubideen egoerari erreferentzia egiten dieten konferentzia eta ekitaldietan parte hartu du. Besteak beste, IIOaren "Gizarte politikak, diskriminazioa eta immigrazioa" Europako Konferentzian eta Asanblada Orokorrean parte hartu zuen, baita lehen mailako arretari buruzko XVII. Jardunaldietan ere. Horrez gain, komunikabideetan artikulu bat argitaratu du errefuxiatuaren nazioarteko eguna dela eta.
V. Batasunetik kanpoko etorkinek egoitza- eta lan-baimena lortzeko prozesuan dauzkaten zailtasunekin lotuta jaso ditugun kexak
Kasu horietan, kexak Herriaren Defentsariari bidali dizkiogu, horixe baita Estatuaren Administrazio Orokorraren egoera kontrolatzeko eskumena daukan erakundea. Hala ere, jaso ditugun kexa batzuk aipagarriak dira dela horien kopuruagatik, dela duten garrantziagatik nahiz interesgarritzat jotzen dugun kudeaketa- edo orientazio-lana gauzatu dugulako.
Jaso ditugun kexen artean, aipatzekoak dira Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzarekin lotutakoak. Egoera irregularrean egonik, horren ondorioz kanporatze-zehapena jaso duten eta errekurtso judiziala aurkeztu duten atzerritarren kexak jaso ditugu. Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzak kanporatze-zehapena ez du ezeztatu bide judizialean dagoelako, eta, ondorioz, pertsona horiek ezin izan dute sustraitzeagatiko egoitza- eta lan-baimena eskatu. Iazko txostenean, atal honetan, Estatuko Idazkaritzaren eta Immigrazio Arloaren iritzia jaso genuen Herriaren Defentsariak tramitatutako espedientean. Herriaren Defentsariak jakinarazi du espedientea irekita daukala oraindik; izan ere, Gobernuko Ordezkariordetzen artean oraindik ere desadostasunak daudela egiaztatu da berriro ere.
Jaso ditugun beste kexa batzuek diotenaren arabera, Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzak gazte tutoretzagabetuei egoitza ukatu egiten die laneko kontraturik edo kontratazio-konpromisorik aurkezten ez dutenean. Gazte horiek Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean egon dira eta, Gasteizko Udalaren eskutik, hezkuntza arloko laguntzak eta bestelako laguntzak barne hartzen dituen emantzipatzeko programa batean daude. Exijentzia hori Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeetan ez da aplikatzen, eta, ondorioz, Ordezkariordetzari azaldu genion jokabide horrek pertsona horiek, hain gazteak izanik (19 urte), administrazio egoera irregularrean egoteagatik desberdintasun eta zaurgarritasun egoeran uzten dituela, eta kontuan hartzekoa dela babes erakunde baten tutoretzapean egon direla eta gizarteratu eta laneratzeko prestakuntza programetan parte hartu dutela eta parte hartzen jarraitzen dutela.
Beste kexa batzuetan, aldiz, gurasoak edo gurasoek, egoitza-baimena izanik, zaintzapeko adingabeen egoitza-baimena eskatzen zuten kasuetan, behar besteko baliabide ekonomikoak ziurtatzeko exijentzia aipatzen zen.
Horrez gain, pertsona batek egindako kontsulta baten arabera, behin baino gehiagotan ukatu diote egoitza-baimena Schengen sistema informatikoan sartzeko debekua markatuta zuela eta. Bere datuak ezeztatzeko eskubideak erabiltzeko, Barne Ministerioaren Estatuko Idazkaritzaren menpeko Sirene España bulegora jo behar zuela jakinarazi genion. Datuen titularrak eskubide horiek kasuan kasuko erakundearen fitxategiko arduradunari idazki bat bidaliz erabili ditzake. Ezeztapen edo zuzentze eskubideak erabiltzea guztiz pertsonala da, eta, ondorioz, datuen titularrak zuzenean jo behar du kasuan kasuko erakundera, bere eskaera bidali eta jaso dela ziurtatzen duen edozein agiri erabili ahalko du, eta horrez gain, pasaportea edo dokumentazio pertsonalaren kopia aurkeztu behar da. Eskariari jaramon egiten ez baldin badiote, Datuak Babesteko Bulegora jo dezake.
Gai horri buruzko beste kexa batean, pertsona batek Arartekoari informazioa eskatu zion Administrazioari polizia nazionalak kanporatze-zehapen bat gauzatu izanagatik erantzukizunak eskatzeko aukerari buruz. Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle bat zen eta Gasteizen bizi zen bere familiarekin. Arazoa zen bere familia administrazio egoera erregularrean zegoen arren, berak ez zeukala egoitza-baimenik, eta, ondorioz, araudiak aurrez ikusten duenaren arabera, kanporatze-zehapena jaso dezake. Administrazioaren funtzionamendua arrunta izan zen, hau da, araudia zorrozki aplikatu zen. Hori dela eta, sustraiturik dagoen badago ere eta egoera irregularrean egon arren kanporatu ez diren pertsona asko daudela ulertzen badugu ere, araudiak horixe aurrez ikusten duela jakinarazi genion.
Horrez gain, Arartekoaren ebazpenaren xede izan zen epai bat aipatu nahi dugu: Arartekoaren ebazpena, 2007ko apirilaren 23koa.
Arartekoak arreta deitu zuen sustraitzeagatiko egoitza-baimenaren eskaeretan erabiltzen ari zen txosten sozialeko ereduaren inguruan, izan ere, Gobernuaren Ordezkariordetzak egoitza-baimenaren eskaera ez onartzea eragin zezakeen. Gure ustez, txosten sozialeko eredua ez zetorren bat araudian aipatzen zen edukiarekin, ezta Immigrazioaren Zuzendaritza Nagusiaren instrukzioekin ere, eta, horrez gain, haren edukia ez zetorren bat herritarraren eskaerarekin. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, 2010eko otsailaren 25eko epaian, errekurtsogileak sustraitzeagatiko egoitza-baimena eskuratzeko eskubidea dauka (Gobernu Ordezkariordetzak ukatu zion), nahiz eta Udalak txosten sozialean ez duen jaso laneko kontratu bat aurkeztetik salbuesten duen gomendioa, eta gomendio ezkutu eta inplizitu bat dagoela uler daitekeela adierazten du.
Foru Aldundiek, adingabe etorkinen tutore gisa, egoitza-baimenaren eskaera aurkeztean atzeratzen direla azaltzen duten kexak jaso ditugu. Gogoratu beharra dago 2/2009 Legeko 35.7 artikuluak adierazten duela ondorio guztietarako erregulartzat joko dela Espainian Herri Administrazio baten tutoretzapean edo, epaitegiaren ebazpen bidez, beste edozein erakunderen tutoretzapean dauden adingabeen egoitza. Horrez gain, tutoretza duen organismoak eskatuta, eta bere familiarekin itzultzea edo jatorriko herrialdera bueltatzea ezinezkoa dela ziurtatuta geratu ondoren, adingabeari egoitza-baimena eman behar zaio, eta horren eraginek atzera egingo dute adingabeen babeserako zerbitzuen zaintzapean jarri den unera arte.
Auzitegiek (eta horren harira, garrantzitsua da aipatzea Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren 2010eko irailaren 24ko epaia) eta adingabeen arloko eta atzerritartasuneko fiskalek (adingabeen arloko eta atzerritartasuneko fiskalen topaketaren ondorioak, Madril, 2010eko apirilaren 20a) interpretatzen dute ez dela bederatzi hilabeteko epea agortu behar egoitza-baimenaren eskaera aurkezteko.
Horrez gain, aurreko araudiaren interpretazioa eta aplikazioari buruzko kexak eta kontsultak jaso ditugu. Azpimarragarria da Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzak egoitza-baimena adingabeen babeserako zerbitzuen zaintzapean jarri den unerako eraginekin ematen duela.
Aurten, Arabako Lurralde Historikoan, etorkin adingabeek beren kabuz eskatu dute egoitza-baimena, eta Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzak ez zuen eskaera onartu, izan ere, ez zuen barne hartu tutoretza bereganatzeko agindua. 2/2009 Legeko 35.7 artikuluak aurrez ikusten du egoitza-baimena tutoretza daukan organismoak eskatuta eman dadila. Epea igarotzen uzten bada eta eskaera aurkezten ez bada, adingabeak eskaera bere kabuz aurkez dezake, izan ere, Administrazioaren aurrean jarduteko legitimazioa dauka, baita auzibidera jotzeko ere, bere interesak defendatzeko (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 30. artikulua eta Konstituzio Auzitegiaren 183/2008 eta 184/2008 epaiak, 2008ko abenduaren 22koa). Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzak, azkenean ere, egoitza-baimena eman die adingabe atzerritarrei eta aparteko baldintzen ondoriozko egoitza-baimena eman die tutoretzagabetutako adindunei. Kasu guztietan, tutoretza bereganatzearen ziurtagiria aurkeztu behar izan zuten, eta aplikatu behar bazen, erakunde babesleak proposatutako integrazio programetako parte-hartzeari buruzko txostenarekin lotutako gomendioa ere bai. Egoitzatik joan ziren eta adin nagusitasunera iristean erakunde babesle baten zaintzapean ez zeuden gazteek, ordea, ez zuten egoitza-baimena lortu, egonaldiaren ziurtagiria baino ezin izan baitzuen aurkeztu.
Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren 2010eko txostenean arazo hori aipatzen dugu, lurralde historiko horretan egoera babesgabean dauden haurrekin lotuta jaso ditugun kexei dagokienez. Atal honetan, haien dokumentazio prozesuari soilik eragiten dieten ekintzak aipatu ditugu eta Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenera jo dugu Arartekoak 2010ean egin dituen esku-hartzeei eta kexei buruzko analisi orokor bat egiteko.
VI. Kolektibo horrekin lotuta izapidetu ditugun kexak
VI.1. Udal errolda lortzeko zailtasunak
Udal errolda lortzea atzerritarrek daukaten eskubide bat da, beren egoera administratiboa irregularra den ala ez kontuan hartu gabe. Aurten kexa bat baino ez dugu jaso. Kexa aurkeztu duen pertsonak pasaportea zeukan, baita Batasuneko biztanle baten senide txartela ere, baina zailtasunak izan zituen erroldan izena emateko. Arazorik garrantzitsuena izan da ez diotela utzi izena ematen bizilekuak ez dituelako bizitzeko egokia izateko baldintzak betetzen, eta aipatzekoa da ere etxebizitzan bizi ez diren eta erroldan inskribatuta dauden pertsonak dauden kasuak, izan ere, kasu horietan beharrezkoa izaten da ofiziozko baja espediente bat hastea eta prozesua luzatu egiten da.
Atzerritarrek udalerriko erroldan izena ematea tramitatzeko dauzkaten arazoak bizileku egokia lortzeko zailtasunekin daude loturik nagusiki.
VI.2. Prestazio sozialak eta zerbitzu publikoak eskuratzeko zailtasunak
VI.2.1. Etxebizitza eskatzen duten pertsonen erregistroan bajan ematea
Elkarte batek gure esku-hartzea eskatu zuen bikote bat Etxebizitza eskatzen duten pertsonen Erregistroan Bajan ematearekin lotuta. Bikoteko kideetako bat etxeko langile gisa lan egiten zuen emakume immigrante bat da. Kexa sustatu duen elkarteak salatzen du bajaren ebazpena, behar beste diru-sarrera ez ziurtatzeagatik xedatu zena, bidegabea dela; izan ere, etxeko langileari ez zitzaion inola ere exijitu bere diru-sarrerak legearen arabera exijitzen diren prozedura-bermeekin ziurtatzeko.
Lehenengo informazio eskaera aurkeztu zuenetik, erakunde erreklamaziogileak aurkeztu zituen argudioak zuzenbidean oinarriturik zeudela ondorioztatu genuen eta horixe azaldu genion Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari, alegia, salatutako egintza eta haren oinarriak tratu berdintasunaren printzipioaren kontrakoak izan litezkeela eta zeharkako diskriminazio kasu bat izan litekeela, agian; izan ere, etxeko langile gisa lan egiten duten pertsonek etxebizitza babestu bat eskuratzeko oztopoak eragiten ditu, eta kontuan hartzekoa baita ogibide horretan lan egiten duten pertsona gehienak emakume etorkinak direla.
Hainbat gestio eta lankidetza eskaera egin ondoren, aipatutako sailak baja ebazpena berrikustea eta bikotea Etxebizitza eskatzen duten pertsonen Erregistroan etxebizitza babestua eskatzen duen bikote gisa mantentzea erabaki zuten.
VI.2.2. Etorkinei Bizikidetza Independenteko Unitate Ekonomikoa (BIUE) osatzen duten adin nagusiko kide guztiek jatorriko herrialdean dauzkaten ondasunen ziurtagiria aurkezteko exijentzia
Behin baino gehiagotan jaso ditugu arrazoi horrekin lotutako kexak, eta dokumentu ugari aurkeztu ondoren konpondu dira arazoak. Kasu batzuetan, ostera, diru-sarrerak bermatzeko errentaren prestazioa ukatu egin da etorkinak etxebizitza bat daukala ziurtatzen duen dokumentu bat aurkeztu duelako. Arartekoak Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailera jo du exijentzia berri hori nola interpretatu behar den galdetzeko; izan ere, 2009ko urteko txostenean adierazi genuen bezala, baldintza hori berria zen eta Bizkaian bakarrik ari zen aplikatzen.
Betekizun horrek eragiten duen arazoa da pertsona horiek askotariko egoeretan egoten direla eta hori bermeekin ziurtatzea zaila izaten dela. Dauden aukeren artean, aipatzekoak dira pertsona errefuxiatuak edo babes subsidiarioko neurrien xede direnak, edo tutoretzagabetutako gazteen kasuan edo pertsonak denbora luzea daramanean bere herrialdetik kanpo edo harekin ez daukanean inolako loturarik, eta horren ondorioz zailtasun asko dituenean lortzeko.
Herrialde horiek, askotan, ez dute izaten administrazio egitura finko bat, eta, ondorioz, zaila izaten da jaulkitako ziurtagiria gure araudiaren ondorioetarako egokia den ala ez baloratzea. Nolanahi ere, interesdunek, dokumentua baliozkoa izan dadin, dokumentua legezkotu eta itzuli behar izaten dute. Horrek oso kostu altuak eragiten ditu, interesdunek beren gain hartu ezin dituzten kostuak, alegia; eta are larriagoa da baliabide ekonomikorik ez edukitzearen ondorioz baztertuta dauden pertsonen kasuan. Bestalde, exijentzia horrek euskal herritarrei ere eragin beharko lieke, beste herrialde batzuetan ondasunak izan ditzakete eta, eta ez da erraza izaten horien berri izatea (esate baterako, Hendaian eraikinak eskuratzea).
Ondorioz, Administrazioari jakinarazi genion "baldintza hori exijitzeak eragiten dituen zailtasun eta arazo gehigarriak desberdintasun egoerak ekiditeko neurtu beharko liratekeela, baita pertsona horiei zama neurrigabea ekiditeko ere, ez baitu balio baliabide ekonomiko falta ziurtatzeko. Ez da kontuan hartzen Batasunetik kanpoko pertsonen immigrazioa, kasu gehienetan, arrazoi ekonomikoekin lotuta dagoela, alegia, beren jatorriko herrialdeetan lortu ezin dituzten aurrerapenak, soldata hobea edo lan egitea lortzeko aukera bat izan nahi duten pertsonak dira. Azterlanek ez dute islatzen etorkinek beren jatorriko herrialdeetan baliabide ekonomikoak dauzkatenik".
VI.2.3. Bizikidetza unitatea osatzen dela ziurtatzeko exijentzia
Herrialdean bizi ez den gurasoa edo ezkontidearen egoera ziurtatzeko zailtasunekin lotutako kexak jaso ditugu. Eusko Jaurlaritzari adierazi diogu garrantzitsua dela kasuan kasuko egoera desberdinak kontuan hartzea dokumentu bat exijitzeak ez dezan galarazi baldintzak materialki betetzen dituen pertsonak prestazioak lortu ahal izatea.
Aurten, interesdunekin harremanetan jarraitzen ez duten pertsonen (beste gurasoa, ezkontide ohia...) laguntza behar dutela-eta lortzen oso zaila den dokumenturen bat aurkeztu ez izanagatik prestazioak edo bekak tramitera onartu ez zaizkien etorkinen kexen kopurua areagotu egin da. Dokumentu bat exijitzeak baldintzak betetzen dituzten pertsonek prestazioak eskuratzea oztopa dezake, eta, ondorioz, egoera analizatu behar da, baita eskaera baztertzeko arrazoiak ere, zeharkako diskriminazio egoera batean bagaude ere.
VI.2.4. Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Menpekotasun Egoeran dauden Pertsonei Arreta Eskaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen ondoriozko prestazioak lortzeko, aldez aurretiko epe batean zehar bizileku erregularra ziurtatzeko exijentzia.
Jaso ditugun zenbait kexatan, pertsona atzerritarrei ukatu egin zaie menpekotasun deklarazioaren eskaera bost urtez administrazio egoera irregularrean egon izanaren baldintza ez dutelako ziurtatu eta, Legearen arabera, baldintza hori derrigorrezkoa delako.
Iaz jaso genuen kexa baten berri eman genuen. Bertan adierazten zenaren arabera, pertsona bati familia barruko zaintzarako prestazio ekonomikoa ukatu zioten. Bost urte baino gutxiagoko ume espainiar bat zeukan ama atzerritar bat zen eta ezin zuen ziurtatu bost urtez administrazio egoera erregularrean egon izana, eta horregatik ukatu zioten prestazioa. Amak nazionalitate espainiarra lortu zuen, baina ez zioten prestazioa eman, bost urtez benetan hemen bizi izan dela ziurtatu zuen arren. Gipuzkoako Foru Aldundiak mantendu egin zuen aldez aurretik 5 urtez administrazio egoera erregularrean egon izana ziurtatzeko exijentzia, eta ez zieten gure oharrei jaramonik egin, ez adingabe nazional bat zela azaltzen zutenei, ez ama ere nazionala zela adierazten zutenei.
VI.3. Diskriminazioa jasatearekin lotutako salaketak
Aurten zenbait kexa jaso ditugu oinarrizko gizarte zerbitzuek jaso duten tratuarekin lotuta, haien ustez, tratu desegokia izan baita. Kasu batean, Orioko Udaleko gizarte langile batek adierazi zuen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren eta Etxebizitzako Osagarriaren prestazioak eskatzeko tramitazioa atzeratu izanaren arrazoia zela ez zuela udalerriz aldatu behar, hobe zela esku-hartze soziala pertsona bizi zen aurreko udalerrian egoten jarraitu izana. Kexa itxi egin zen 2010eko irailean Udalak informazioa helarazi zionean eta prestazioak izapidetzeko asmoa zeukala adierazi zuenean. Urtearen bukaeran gaia berriro ireki behar izan dugu informazioa jaso dugulako eta, azkenean, eskaerak ez zirelako izapidetu. Espedientea berriro ireki dugu eta Udalari berriz eskatu diogu informazioa, presazko izaerarekin, prestazioen eskaeren tramitazio egoerari buruz. Gaia larria dela uste dugu, Arartekoan jasota dauden aurrekariak ikusirik.
Kexa bat bidali dugu Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak lokal batean diskriminaziozko esku-hartze batekin lotuta egin duen esku-hartzeari buruz, ez baitu erantzun, eskaera bidali zaion arren.
Horrez gain, Metro Bilbao erakundearen segurtasun langileen ustezko gehiegikeriazko jokabide batekin lotuta. Espedientea prozedura iraungi delako itxi zen arren, Eusko Jaurlaritzaren Garraio Zuzendaritzari informazio eskaera bat helarazi zion herritarrek segurtasun kameren edukia ikusi ahal izatearekin lotuta, eta Arartekoak Garraioen Zuzendaritzari jakinarazi zion kezkatuta dagoela ez dagoelako kamera horien bitartez eskuratutako informazioa erabiltzeko prozedura argi eta komun bat. Kasu horietan espedientea irekitzen duenak irudiak ikusten dituela erantzun ziguten, baita herritarrak, hala eskatzen badu, bideoak elkarrekin ikus ditzaketela ere.
VII. Kolektibo horri eragiten dioten eta Txosten honen beste kapitulu batzuetan jasotzen diren beste esku-hartze batzuk
Atzerritarrek erakunde honen lan-arlo bat baino gehiagoren inguruko kexak aurkeztu dizkigute. Atal honetan, etorkina izatea baldintza garrantzitsu gisa barne hartzen duten kexa batzuk azpimarratu ditugu.
Zentzu horretan, herrizaingo arloan azaltzen dugu zein izan den Arartekoaren esku-hartzea San Frantziskoko eremuan (Bilbon) jatorri atzerritarreko pertsonak tartean izanik poliziak gauzatu dituen ekintza batzuen inguruan, baita ofiziozko ekintza baten inguruan gauzatu duena ere. Kasu horretan, gaia Herriaren Defentsariari helarazi diogu, izan ere, etorkinen atxiloketak askotan luzatzen direla egiaztatu dugu. Arlo horren txostenean kexa asko jaso dira, urtero bezala, poliziaren ustezko neurrigabekeriei buruz, etorkinekin lotuta, eta poliziaren esku-hartzea baldintza horrekin lotuta dagoela azaldu ohi dute, eta egoera horiek antzeman eta ekiditeko eman ditugun gomendioetan aipatu ditugun prebentzio eta kontroleko mekanismoak ez direla betetzen ari adierazten da. Halaber, San Frantzisko auzoan (Bilbon), polizia nazionalak, udaltzaingoarekin elkarlanean, martxan jarri zuten mekanismo batean atzerritarrak identifikatzeko egintza bati erreferentzia egiten dion kexa bat tramitatzen hasi da.
Etxebizitza arloan kexek etxebizitza bat eskuratzea zaila dela-eta etxebizitza beharrari, beharraren ziurtapenari eta esleipen prozedurari egiten diete erreferentzia. Beste kexa batzuk, ostera, babes publikoko etxebizitzen alokairuari eta Hutsik dauden Etxebizitzen Programako (Bizigune) etxebizitzekin daude loturik.
Osasun arloan ofiziozko esku-hartze bati ekin diogu ospitaleen kostuaren fakturazioaren berri emateko beharrarekin lotuta.
VIII. Ondorioak
Ondoren, arlo honetako gaiak azpimarratu ditugu, zehazki, interesgarriak direlako 2011n jarraipen berezia egitea eskatzen dutenak.
1. 2010ean euskal immigrazio politikari eragiten dioten erabaki garrantzitsuak hartu dira, alegia, HELDU zerbitzua kendu da, eta ez da immigrazioari buruzko euskal plan berri bat onartu. Horrez gain, aurreko urteetan baino kexa gehiago jaso dira prestazioak ukatu eta bertan behera utzi izanari buruz, hala nola, diru-sarrerak bermatzeko errentari edo gizarte-larrialdietarako laguntzei buruz, eta, ez da ahaztu behar laguntza horiek arrisku egoeran edo gizartetik baztertuta dauden pertsonei ematen zaizkiela.
2. Aurten, aurreko urteetan bezala, Arartekoa kezkatzen duten kexa ugari jaso dira Herrizaingo Sailean. Kexa horiek poliziaren jardunari buruzkoak dira, atzerritarrekin daude loturik eta pertsona horiek jaso duten tratua haien jatorriarekin lotzen dute.
3. Azterlan zorrotzetan oinarrituta ez dagoen diskurtso sozial bat zabaldu da herritarren artean, alegia, immigrazioa delinkuentziarekin lotzen da eta zerbitzu publikoak eta prestazioak gehiegikeriaz eta iruzur gisa erabiltzen dutela esan ohi da. Diskurtso hori oso kezkagarria da instituzioek eta Herri Administrazioek immigrazioari eta integrazioari buruz prestatzen dituzten politika publikoei eragin ahal dielako, baita bizikidetzari eta gizarte kohesioari ere.
4. Atzerritarren garapena eta integrazioa zailtzen dituen elementu bat diskriminazioaren kontra borrokatzeko baliabide eraginkorrik ez dagoela da. Atzerritarrek jasaten dituzten diskriminazio eta behar ez bezalako tratuzko egoerak antzeman eta ziurtatzeko zailtasun ugari daude, eta, ondorioz, zigorrik gabe geratzen dira. Europar Batasunak diskriminazioaren kontrako hainbat instrumentu garatu ditu, diskriminazioa desagerraraztea ezinbestekotzat jotzen baitu Europaren garapenerako eta oinarrizko eskubideen gutuna benetan bete dadin. Kontseiluak diskriminazioaren biktimei laguntzeko zerbitzuen sarea martxan jarri du tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza bultzatzeko.
5. Atzerritarrek Espainian dauzkaten eskubide eta betebeharrei eta haien gizarteratzeari buruzko legea aplikatzeko arautegia ez da onartu oraindik, ezta Asilo eta Babes Subsidiariorako Legea aplikatzekoa ere. EAEn ez da onetsi Immigrazioari buruzko III. Euskal Plana ere. Tresna horiek oso garrantzitsuak dira atzerritarrek beren eskubideak erabili ahal izateari eragiten diotelako.
6. EAEn egoera administratibo irregularrean dauden etorkinak daude. Politika publikoek arreta berbera eskaini behar diete eskubide bat delako eta, horrez gain, integrazio politiketan aplikatzen den printzipio bat da. Hori dela eta, laneko gaitasunarekin eta beharrezkoa den babes sozialarekin lotuta, lanbide nahiz antzeko beste zerbitzu batzuk erabili ahal izateko baldintzak eta bermeak ezarri beharko lirateke. Pertsona horiek duintasunez bizi behar dute gure artean.
Garrantzitsua da gogoratzea –eta erakunde honek askotan gogorarazi duen gai bat da– egoera administratibo irregularrean egon arren, immigranteen ehuneko txiki batek soilik jasotzen duela azkenean benetan gauzatzen den kanporatze-zigorra. Errealitatearen eta immigrazio politiken arteko desdoikuntza hori pertsonen eskubideetan nahiz bizitzan ondorio larriak dituen baldintza bat da. Pertsonei arreta berdintasunez ematea zuzenbide humanitarioaren exijentzia bat da eta neurri egokia da egoera irregularrean dauden atzerritarrek 3 edo 4 urte igaro ondoren egoitza-baimena eskura dezaketela.
7. Politika publikoek atzerritarren behar eta egoeretara egokitu behar dute eta, besteak beste, honako alderdi hauek hartu behar dituzte kontuan: adina, generoa eta pertsona horien zaurgarritasun egoera, adibidez, adingabe edo gazteen kasuan, edo genero-indarkeriaren biktimen kasuan, edo jatorriko herrialdean jazarpena pairatu denean, edo gizakien salerosketaren biktima direnean, etab. Zehapen neurriak aplikatzen badira, behar bezala egokitu behar da giza eskubideak babestu eta errespetatzeko betebeharrekin eta nazioarteko konpromisoekin.
9. Lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta transexualak
I. Aurrekariak
Arartekoa erakundeak arlo honetan egiten duen lana pertsona lesbiana, gay, bisexual, transgenero eta transexualen eskubideak babestera dago zuzenduta; horretarako, 2010. urtean, zenbait jarduera egin ditugu helburuak honakoak izanda:
• euskal herri-administrazioek euren jarduera osoan sexu joera eta genero nortasunagatiko berdintasunarentzako eta bereizkeriarik ezarentzako erabateko begirunea txerta dezatela lortzea.
• euskal gizarte osoan, sexu joerari eta genero nortasunari dagokienez, aniztasuna baztertu gabe erabat errespetatzen duen kultura sustatzea.
• homofobia eta transfobia modu ororen aurka borrokatzea, Euskadin pertsona homosexualek, transexualek edo transgeneroek bizi duten egoeraren ezagupena zabalduz.
2010ean arlo horri lotutako kexa guztiak erakunde honen beste lan arlo materialetatik datoz, arlo horiei zegozkien kontuen esparruan agertu baitira; hori dela-eta, ez dugu aipatuko arlo horretako kexa kopururik. Talde horren eskubideak erabat txertatzeari dagokionez eta, batez ere, familia homoparentalei dagokienez, euskal administrazioen lanaren hobekuntza bultzatzen ahalegindu ez ezik, 2010ean gure jarduera nagusia LGBT pertsona taldearen eskubideak baztertu gabe errespetatzen dituen kultura hedatzea izan da.
II. Arau eta gizarte testuingurua
Azken urteotan talde horri dagokion esparru juridikoa erreformatu egin da pertsona horien eskubide zibilen erabateko parekatzea ezartzeko, bai sexu bereko pertsonak ezkontzeko aukerari, bai pertsona transexual edo transgeneroek euren genero nortasuna sentitzen duten sexura legez egokitzeko gaitasunari dagokionez. Hola, Euskal Herrian lehenengoa izatezko bikoteak arautzeko maiatzaren 7ko 2/2003 Legea izen zen, ondoren Kode Zibilaren erreforma, uztailaren 1eko 13/2005 Legearen bidez egina, zeinek ezkontzeko eskubideari dagokionez Kode Zibila aldatzen baitu, eta azkenik martxoaren 15eko 3/2007 Legea, zeinek pertsonen sexuari buruzko erregistroko aipamena zuzentzea arautzen baitu; hortaz, arau horiek LGBT kolektiboaren eskubide eredu berria ezartzeko lege oinarria bihurtu dira. Hala eta guztiz ere, zentzuzko denbora igaro arren, aipatu erreformek aplikatzeko hutsuneak eta gabeziak dauzkate, batez ere erregistroko kontuei dagokienez, bai legezko sexu aldaketari dagokionez, bai bikote homosexualen seme-alabak Erregistro Zibilean erregistratzeari dagokionez. Jarraian azalduko dugunez, gai horiek herri-administrazioak kontrolatzeko burutzen ditugun jarduketen zati handi bat hartu dute; hala ere, gai horiei buruz egin ditugun jarduketak, funtsean, baina ez bakarrik, Espainiako herriaren defentsariaren erakundeak gai horietan esku har dezala eskatzeko izan dira, gai horiek estatu eskumenari atxikita baitaude.
Halaber, arlo horri dagokionez aipatu behar dugu, 2010ean EAEn egondako berrikuntzarik azpimarragarriena honakoa izan dela: Euskal osasun-sistemak bere egin du pertsona transexualentzako osasun laguntza osoa, hots, sexua berrezartzeko kirurgia biltzen duena ere bai; lehenago, hura ez zen Osakidetzaren osasun prestazioetan sartzen, eta egun Gurutzetako Ospitalean xede horrekin sortutako unitate espezializatuak ematen du. Zalantza barik, hori aurrerapen handia izan da Euskadiko pertsona transexualentzat, sexua aldatzeko ebakuntza horiek egiteko ez baitute EAEtik kanpo joan behar. Hala ere, aurrerago, osasun arretari eta osasun prestazioei dagokienez, pertsona transexualen zenbait taldek helarazi dizkiguten aldarrikapenak ere aipatuko ditugu.
Egun, Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzak betetzen ditu, Gizarte eta Enplegu Gaietako Sailaren baitan, LGBT kolektiboari lotutako gobernu eginkizunak. Orain Zuzendaritza horri atxikita dago Berdindu, Gay, Lesbiana eta Transexualentzako Zerbitzua. Bestalde, jaurlaritzaren barruko eginkizun horien egituraketa berriari dagokionez ere zenbait aldaketa egon dira, jaurlaritza barruko antolakuntza aldaketa hutsak diren heinean, ordea, orain arte ez dugu ikusi kanpoko irismen aipagarria izan dutenik.
Era berean, 2010ean arlo horretan egindako lana bere testuinguruan kokatu behar da. Horretarako, batez ere LGBT eskubideen alde lan egiten duten taldeen salaketei eta, neurri txikiagoan, erakundean jaso dugun salaketa batzuei esker antzemandako arazoak aipatu behar ditugu. Arazo horien jatorria, funtsean, administrazioa lege errealitate berria aintzat hartzeko egokitu beharrean dago. Izan ere, errealitate berri hori 2005. urtekoa izan arren, ikusi dugunez erabat aplikagarria izateko egokitzapenak egin behar dira oraindik.
Azkenik, Arartekoa erakundean sinetsita gaude pertsona homosexual eta transexualen eskubideen aldeko kultura gizartean hedatzeko eta barneratzeko derrigorrez heldu behar zaiola haurtzarotik errealitate horren kontzientzia duen hezkuntza irmotasunez garatzeari, eta, halaber, haur, nerabe eta gazteei laguntza berezia eman behar zaiela, egun bestelako joera sexualak edo genero nortasunak gizarteratzeko oraindik dakartzaten bereizkeria edo arazoak paira ditzaketen neurrian. Hola, hezkuntza gure ahaleginak pilatzeko lan eremua dugu, batez ere datorren urteaz geroztik, eta horretarako xede horretara zuzendutako proiektuetan murgilduta gaude dagoeneko, jarraian azalduko dugunez.
III. Jarduera-plana
2010. urterako egindako jarduketa planaren esparruan, jarraian arloan burututako jarduketa nagusiak aipatuko ditugu, berehala emango ditugun epigrafeen arabera. Arlo horretan burututako jarduketa aipagarrienen aipua dela-eta, 2010an Arartekoak LGBT pertsonen eskubideak defendatzeari dagokionez izan dituen arreta gune nagusiak azpimarratuko ditugu:
III.1. Bilerak elkarteekin
• Bilerak LGBT eskubideen aldeko elkarteekin
LGBT pertsonen eskubideen alde lan egiten duten honako erakundeekin izan ditugu bilerak edo harremanak: Gehitu, Aldarte eta FELGTB. Elkarte horiekin landutako gaietatik bi azpimarratuko ditugu, une honetan gure erakundeak daukan lanean garrantzitsuenak deritzegulako:
- herri-administrazioei, bikote homosexualei seme-alabak dauzkaten familiak osatzeko eskubidea onartzen duen lege errealitatera erabat, baita alderdi formaletan ere, egokitzeko eskatu beharra
- adingabeei euren sexu joera eta genero nortasuna askatasunez eta erabat garatzeko babesa emateko estrategiari heltzeko garrantzia
Lehenengo kontuari dagokionez, eremu horretan antzemandako arazoak konpontzen ahalegintzeko gomendio orokor bat egin dugu; gai horri buruzko atal honetako III.4. epigrafean emango dugu haren berri. Adingabeen kontuari dagokionez, aurreratu dugunez, erakunde hau, lortutako zenbait informazio eta Arartekoak 2009an egindako "Adingabekoei balioak transmititzea" izeneko txosten bereziko emaitzak ikusita, bestelako sexu joera edo genero nortasuna duten haurrak, nerabeak eta gazteak erabat garatzearen aldeko hezkuntzaren esparruan eta, orokorrean, haurtzarotik LGBT pertsonen eskubideak erabat errespetatzen eta gizarteratzen duen herritar kultura eratu ahal izateko, irmotasunez lan egin beharrari heltzeko premiaz jabetu da. Jarraian, eremu horrexeri dagokionez lantzen ari garen proiektuak ere aipatuko ditugu.
• Bilerak pertsona transexual eta transgeneroen eskubideen aldeko elkarteekin
2010ean zenbait bilera edo harreman izan ditugu pertsona transexualen eskubideen alde lan egiten duten honako elkarteekin: Transexualidad Euskadi; Errespetuz; eta Trans nortasunen despatologizazioaren aldeko espainiar estatuko sarea.
Elkarte horiekin landutako gaien artean honakoei deritzegu garrantzitsuenak: pertsona transexualen arazoak jasotzen duten osasun arretari dagokionez: desadostasuna sexuari buruzko aipamena erregistroan zuzentzeko legeak xedatutako lege betekizunekin; pertsona transexualei arreta osoa emateko legediaren edo araudiaren premia: legedi edo araudi horrek, osasun arazotik eta legezko nortasunaren ikuspegi zorrotzetik harago, haien bizitzako beste esparru eta alderdi batzuk ere era zabalagoan hartu beharko ditu aintzat; haien datu pertsonalak eta historia klinikoak babesteari lotutako arazoak; bereizkeriaren aurkako legediaren komenigarritasuna: legedi horrek pertsona transexual eta transgeneroen aurkako bereizketa desagerrarazteko berariazko tresnak eduki beharko ditu.
Egun gai horiei lotutako zenbait ekimen daude, esaterako, orokorrean bereizkeriarik ezari dagokionez, Tratu berdintasunerako eta bereizkeriarik ezerako Lege integralaren Estatuko aurreproiektua, eta ildo bereko zenbait autonomia esperientzia, pertsona transexualei berariaz lotuta (zentzu horretan, ikus, Nafarroan, genero nortasunagatik ez baztertzeari eta pertsona transexualen eskubideak onartzeari buruzko azaroaren 19ko 12/2009 Foru Legea). Gure ustez azken hori erreferentea izan daiteke Euskadirako; izan ere, interesgarria izan daiteke bertan, pertsona transexualen eskubideak arlo guztietan erabat errespetatzen direla eta haien premiei erabateko arreta ematen zaiela bermatzeko, mota horretako neurrien komenigarritasunari buruzko hausnarketari ekitea.
III.2. Bilerak administrazio eta erakundeekin
• Bilera Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikaren Zuzendaritzarekin
Bilera bat izan dugu zuzendaritza horrekin. Bertan, pertsona LGBTei buruz dauzkaten eginkizunak eta proiektuak azaldu dizkigute eta guk zenbait administrazio egoera zuzendu beharra helarazi diogu, egun oraindik ez dutelako familia homoparentalen eta haien seme-alaben errealitate legala jasotzen. Azken gai horri dagokionez, zuzendaritzari iragarri genion gomendio orokor bat emateko asmoa geneukala. Gomendioa azkenean 2010eko abenduan eman zen eta jarraian aipatuko dugu. Edonola ere, harreman arina izatea adostu dugu eta zuzendaritzak Arartekoa erakundearekin lankidetzan jardutearen aldeko jarrera argia daukala sumatu dugu. Gai batzuk lantzeke gelditu dira, hala nola joan den 2009an "Transgeneroen eta transexualen egoera Euskadin" izenburupean egin genuen txostenak dakartzan gomendioak gauzatzea. Horri buruz atal honetako III.3. epigrafean hitz egingo dugu
III.3. Gomendioen jarraipena eta txosten berezia
• Hasteko, epigrafe honetan joan den 2009an Donostiako Udalari, hiriko kirol instalakuntza guztiek euren aldageletan banakako dutxak eta aldagelak edukitzea lortzeko xedez, kiroldegietan aldagelak egokitzeko premiari buruz egindako gomendioa aipatu behar dugu. Helburua, edozein arrazoirengatik, beste pertsonen begien aurrean egon gabe intimitate nahikoz aldatu eta dutxatu nahi duen pertsona orok –eta hala gertatu ohi zaie aldaketa prozesua bukatu gabe duten pertsona transexualei– aukera hori izatea da (Arartekoaren ebazpena, 2009ko abuztuaren 19koa). Horren bidez, Donostiako Udalari gomendatzen zaio kirol ekipamenduetan esku har dezala, zentzuzko denbora tartean, udalerriko kirol instalazio guztiek banakako dutxak eta aldagelak izan ditzaten). Ebazpen hori betetzen eta onartzen den egiaztatzeko egindako jarraipenetik, ondorioztatu dugu udal horrek ez duela gure gomendioa bultzatu. Hala ere, Euskadin hori gertatzen den toki bakarra ez denez gero, 2010ean ebazpen horren zentzu bereko gomendio orokor bat emateko aukera aztertzen ari gara.
• 2009an "Transgeneroen eta transexualen egoera Euskadin" izenburupean egindako txosten bereziari dagokionez, pentsatu dugu 2010 honetan erakunde honek hari dagokionez egin beharreko lanak batez ere edukia ezagutarazteari heldu behar ziola, gizarte osoan hedatzen ahaleginduz. Horretarako, zenbait hitzaldi eman eta txostenaren aurkezpenak egin ditugu pertsona transexualen eskubideen alde lan egiten duten elkarteen. Bestalde, txostena 2009. urteko amai aldera egin zelan kontuan hartuta, pentsatu genuen goizegi zela herri-administrazioei bertan gomendatutako zenbait neurri gauzatu zitzatela eskatzeko, lehenbizi ezagutzeko eta barneratzeko eta ondoren gauzatzeko denbora behar baitute. Zentzu horretan, uste dugu neurri batzuk gauzatzeko eskatu aurretik talde horren eskubideak bultzatzeko gure lanari ekin behar diogula, gure proposamenak ezagutaraziz eta haien komenigarritasunaz konbentzituz, herri-botereak haren bidez ezarri ditugun helburuei atxikitzea lortzeko helburuz. 2010. urtea bukatutakoan, uste dugu administrazioei txosten horrek dakartzan gomendioek proposatutako zentzuan eskaera zehatzagoak egiten hasi ahal dela. Hori dela-eta, 2011n haiei jarraipen zehatzagoa egiten hasiko gara.
III.4. Gomendio orokor berrien aipamena
Arestian aurreratu dugunez, 2010 honetan, LGBT eskubideen eremuan lan egiten duten zenbait talde eta elkartek –testuinguru horretan, bereziki Aldarte taldea aipatu behar dugu– erakunde honi egindako salaketa baieztatu ahal izan dugu. Horren berri eman genuen erakunde honen 2009ko urteko txosteneko II. kapituluko 9. atalean. Haren bidez, agerian utzi zen familia homoparentalei eta bikote eta ezkontide homosexualei eragiten dieten zenbait administrazio oztopok dirauela.
Arrazoi horregatik eman dugu Arartekoaren abenduaren 23ko 4/2010 gomendio orokorra, familia homoparentalei eta sexu bereko bikote edo ezkontideei administrazio oztopo formalak kentzeari buruzkoa. Bertan gai biri heldu zaie:
• Administrazio oztopo formalak deuseztatzea
Alde batetik, sumatu dugunez familia homoparentalei eta bikote eta ezkontide homosexualei dagokienez oraindik dirauten zenbait oztopo formal zuzentzea lortu nahi du gomendioak. Batez ere errealitate sozial eta juridiko berrira egokitu ez diten ereduetan oinarritutako inprimakiak betetzeari dagozkio.
Gure ustez ezinbestekoa da administrazioen inertziak bukatzea eta bikotea edo familia homoparentala osatu duten pertsona homosexualentzat justifikaziorik gabeko zailtasunak ekar diezazkieketen egoera guztiak berraztertzea. Oztopo formal horien jatorria oso sakabanatuta dagoenez –izan ere, zenbait administrazio maila, erakunde eta euskal herri-administraziotatik, zerbitzu edo prestazio publikoak kudeatzen dituzten bestelako erakundetatik edo egiten duten jarduera burutzeko administrazioen baimena behar duten erakundeetatik datoz–, erabaki dugu komenigarria dela arazoari batera heltzea.
Hori dela-eta, euskal herri-administrazio guztiak deitzen ditugu izatezko bikote eta ezkontide homosexualei eta seme-alabak dauzkaten familia homoparentalei eragiten dieten inprimakiak edo beste edozein agiri formalki egokitzera, bikote, ezkontide edo familia horien errealitate pertsonalari berdintasunean erabateko lekua egingo dien formula sartuz. Halaber, euskal herri-administrazioei eskatzen diegu edozein zentro edo erakunderi jokabide bera eskatzeko, haien eskumeneko zerbitzu edo prestazioak kudeatzen badituzte edo jarduera baimendu behar badiete.
• Emakume biren arteko ezkontzen baitan lagunduriko ugalketaren ondoriozko seme-alabatasuna legez ezartzeko arazoak
Bestalde, emakumeen arteko ezkontzek daukaten legezko egoera anbiguoa baietsi dugu, ezkontza horien baitan lagunduriko ugalketako tekniken bidez jaiotako seme-alaben seme-alabatasuna ama biologikoaren emaztearen alde ezartzeari dagokionez. Anbiguotasun hori dela-eta, kasu batzuetan gerta daiteke emakume bien arteko ezkontzaren baitan teknika horien bidez jaiotako seme-alaben ama ez biologikoei amatasun hori legez ez onartzea, adopzio prozesura joz ez bada. Prozesu horri seme-alaba jaio ondoren ekin behar zaio eta denboraren batere premiarik gabe luzatzen du ama ez biologikoari dagokion seme-alabatasuna legez onartzea. Arazo horren jatorria lagunduriko ugalketari buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legeko 7. artikuluaren letran badago ere, pentsatu dugu Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak, kasu horietan, adopzio prozesura jo beharra saihestuko duen legeari buruzko informazioa heda dezakeela.
Horregatik, gomendioetako bat, berariaz, Eusko Jaurlaritzari zuzendu diogu. Hola, lagunduriko ugalketako teknikak burutzen dituzten osasun zentroetan batez ere teknika horien bidez seme-alaba izan nahi duten ezkontide lesbianei eragiten dien legeari buruzko informazioa hedatzea nahi dugu. Zehazki, uste dugu komeni dela jakinaraztea, jaiotzeko unean adopzio prozesura jo gabe amatasuna erabaki ahal izateko, erditu aurretik, ama biologikoaren emakume ezkontideak dagokion erregistro zibilean agertu behar duela erregistro zibileko epaile arduradunari formalki adierazteko jaio berriaren seme-alabatasuna onartu nahi duela.
III.5. Arlotik bultzatutako ofiziozko jarduketak
Emakume biren arteko ezkontzan lagunduriko ugalketaren bidez jaiotako seme-alabaren seme-alabatasuna ama ez biologikoaren alde erabakitzeari buruzko arazoari dagokionez, hain zuzen ere, lagunduriko ugalketari buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legean gai horren legezko eraketaren anbiguotasuna dela-eta, komenigarria iritzi diogu erregistroetako egungo praktikak berraztertzea sustatzen duen jarduketa bat bultzatzeari, ez direlako beti berdinak eta, gure iritziz, kasu batzuetan emakume bik osatutako ezkontzentzat bereizkeria sortzen ari direlako.
Hala ere, arazo horren azken funtsa legearen anbiguotasunean dagoenez, beti berdinak ez diren erregistroen interpretazioa eta praktika eraginez, eta erakunde honek Estatuaren eskumenekoa den gai horretan esku hartzeko legezko eskumenik ez daukanez, antzemandako arazo orokorra Espainiako herriaren defentsariari helaraztea erabaki dugu, hark ekiteko lege interpretazioa argitu ahal izateko egoki deritzen jarduketak, erregistro zibilen jarduketek, aipatu inguruabarretan jaiotako seme-alaben seme-alabatasuna erregistratzeari dagokionez, konstituzioko berdintasun printzipioarekin erabat bat datorren erregistroko praktika homogeneoa bermatzen dutela ziurtatzeko edo, bestela, gure iritziz garrantzi konstituzionala izan dezakeen arazoa konpontzeko irtenbide egokiak bila ditzan.
III.6. Arlo horretan giza eskubideak bultzatzeko foro, jardunaldi eta jarduketetako parte hartzea
• Parte hartzea zenbait foro eta jardunalditan
2010. urtean, Arartekoaren pertsona LGBTentzako arreta arlotik, LGBT eskubideei lotutako jarduerak edo jardunaldietan antolatzen dituzten zenbait forotan hartu dugu parte. Hola, "Transgeneroen eta transexualen egoera Euskadin" izeneko txosten berezia aurkezteko zenbait solasaldi eman dugu (Donostian, Gehitu elkartearen InfAsis zerbitzuak eta Gaztegehituk antolatutako jardunaldien esparruan); Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak Bilbon antolatutako "Generoak, sexualtasunak eta gorputzak" izeneko jardunaldietan ere parte hartu dugu.
Bestalde, arartekoak berak ere gai horri lotutako honako gertaeretan hartu du parte:
- 2010eko martxoan, Logroñon, Errioxako Unibertsitateak GYLDA taldearekin eta Logroñoko Udalarekin batera antolatutako Aniztasun afektibo sexualeko hezkuntzari buruzko I. jardunaldietan parte hartu zuen, "Aniztasun afektibo sexualaren babesa: defentsariaren eginkizuna" izeneko hitzaldia emanez. Jardunaldi horien helburua honakoa da: aniztasun afektibo sexualari eta zenbait hezkuntza testuingurutan daukan egoerari buruzko ezagupenak eguneratzea; ikastetxeetan homofobiak egun daukan errealitatea, dakartzan arazoak eta haientzako irtenbideak aztertzea; eta bertaratutako pertsonei aniztasun afektibo sexualak edozein hezkuntza testuingurutan jorratzeko baliabideak eta estrategiak ematea.
- Hil berean Jaengo Unibertsitatean eta Kordobako Unibertsitatean demokrazia eta gutxiengo sexualei buruzko hitzaldi bana eman zituen, unibertsitate bietako Nazioarteko Zuzenbide Publikoaren eta Zuzenbide Konstituzionalaren sailek gonbidatuta, Hans Ytterberg-ekin batera. Hans Ytterberg sexu joeragatiko bereizkeriarako herriaren defentsari suediarra izan zen eta egun gai horri buruzko Europa Kontseiluko Aditu Batzordeko batzordeburua da. Hitzaldi haietan arartekoak joera homosexualeko edo nortasun transexualeko pertsonen –batez ere nerabeen- giza duintasunerako oinarrizko eskubidearen onarpen eta babesaren egoera aztertu zuen, baita adingabeen balio sistemetan pertsona horien duintasunaren aurkako ideiek eta jarrerek irautea ere, Arartekoaren balioen transmisioari buruzko txosten bereziak agertu zuenez.
- 2010eko urrian, Bartzelonan, Bartzelonak LGBT taldearentzako udal planaren aurkezpenean parte hartu eta "European Rainbow Cities" izeneko homofobiaren aurkako toki politikei buruzko nazioarteko biltzarrera joan zen. Topaketa horren helburuak honakoak ziren: Europar Batasuneko homofobia eta transfobiari buruzko diagnostikoa egitea, homofobia eta transfobiaren aurkako tokiko politika publikoak hedatzea, homofobiaren aurkako tokiko politika publikoen erronka nagusiak identifikatzea eta toki administrazioen, adituen eta lesbiana, gay, trans eta bisexual (LGBT) elkarteen artean homofobia eta transfobiaren aurkako politika publikoei buruzko elkarrizketa sustatzea.
- 2010eko abenduan, Buenos Airesen, Federación Argentina de lesbianas, gays, bisexuales y transexuales-ek (FALGBT) antolatutako Elkarrizketa irekia: LGBT politika publikorantz Argentinan ekimenean parte hartu zuen. Elkarrizketa irekia foro bat da eta bertan lesbianek, gayek, bisexualek eta transexualek pairatzen duten bereizkeria gainditu ahal izateko politika publikoen inguruko ekimenei buruzko esperientziak partekatzen dira.
• Eskubideak sustatzeko beste jarduketa batzuk
Halaber azpimarratu nahi dugu Europar Batasunak onartu eta hautatutako proiektu batean parte hartu duela Arartekoa erakundeak; proiektu horren xedea haur, nerabe eta gazteen artean Europan homofobiaren aurka borrokatzeko eta homosexualen eskubideak erabat errespetatzen eta onartzen dituen kultura bultzatzeko testuak eta ikus-entzunezko materialak sortzea eta hedatzea da. Proiektuak Rainbow dauka izena (ingelesez proiektuaren zentzuaren siglak biltzen ditu: Rights Against INtolerance: Building an Open-minded World/ Intolerantziaren aurkako eskubideak: buru irekiko mundua eraikitzen) eta bertan Europako 7 herritako (Alemania, Belgika, Bulgaria, Espainia, Holanda, Itaila eta Erresuma Batua) hamar erakunde publiko eta pribatuk hartzen dute parte. 2010. urtean erakunde parte hartzaileekin batera proiektu horren oinarriak prestatu ditugu Europar Batzordeak (Justizia, Askatasun eta Segurtasunaren Zuzendaritzako Funtsezko Eskubideen eta Herritarren Zuzendaritza) sustatutako lehiaketa prozesura aurkeztu ahal izateko; azkenean Europar Batzordearen diru-laguntza jasotzeko hautatua izan da proiektua. Proiektua burutzeko epea (urte bikoa) 2011n hasiko da eta 2012a bukatu arte zabalduko da. Pertsona LGBTentzako arreta arloaren bidez parte hartuko dugu, proiektuaren fase guztietan, eta parte hartze hori Euskadin ere materialak hedatzera bideratuko da; horretarako, materialok gaztelaniara eta euskarara itzuliko ditugu. Erakunde honentzat, proiektuan parte hartzea aukera oso esanguratsua da datorren urteaz geroztik homofobia arbuiatu eta pertsona homosexualak erabat onartu eta errespetatzen dituen kultura adingabe, nerabe eta gazteen artean sustatzera berariaz bideratutako lan biziagoari heldu ahal izateko.
IV. Kexarik aipagarrienak
2010 honetan arlo honi dagozkion kexetan agertutako gaiak pertsona transexualen egoerari eta familia homoparentalei buruzkoak izan dira. Labur, kexa horietan agertutako gai nagusien berri emango dugu:
IV.1. Pertsona transexualentzako osasun laguntza
Batez ere euskal osasun sistemak prestazioa eskaini aurretik sexua berrezartzeko kirurgiagatik izandako gastuak ordaintzeari, egun jasotzen ez diren beste prestazio batzuk sartzeari eta pertsona transexualen osasun historietako datuak babesteari lotuta daude.
• Lehenengo kontuari dagokionez –2009ko urteko txostenean aipatu egin genuen–, uste dugu Eusko Jaurlaritzak behar bezala egin diela aurre sexua berrezartzeko kirurgia hori egiteko EAEtik kanpo joan zirenek sortutako gastuei Euskadin Osakidetzak hura eskaintzen ez zuenean. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren finantzazio hori behin-behinekoa izan da, ebakuntza horiek, aurreko urteetan aurreko Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila zenak egiten zuen bezala, zio horregatik izandako gastuak diruz laguntzeko deialdia sortuko zelakoan egin zituztenei agertutako arazoa konpontzeko.
• Egun jasotzen ez diren prestazioei, hala nola pertsona transexualen aldaketa prozesuaren bigarren mailako ezaugarriei eragiten dietenei –esaterako, gorputz atal batzuen depilazioa edo kirurgia estetikoa– dagokienez, gure ustez egun eskaintzen den prestazioak aldaketa prozesuaren oinarrizkoena estaltzen du, baina hala ere, etorkizunean eta neurri horiek altxor publikoari ekar diezaioketen proportzionaltasun ekonomikoaren printzipioa errespetatuz, beste prestazio horiek zamari heltzeko aukera aztertu behar litzateke, prestazio zuzenaren bidez izan, edo laguntza horien premia bermatzen duten betekizun ekonomiko batzuk betetzen dituzten pertsona transexualentzat jar litezkeen laguntzen bidez izan. Edonola ere, gure aburuz, pertsona horientzako arreta osoari buruzko etorkizuneko araudiaren esparru zabalagoan heldu beharko litzaioke horri.
• Azkenik, kasu batean Osakidetzan agertzen ziren datu pertsonalak aldatzeko eskaera agertu zitzaigun, pertsona horren historia klinikoan agertzen ziren datu guztiak pertsona horren sexu eta nortasun datuen aldaketara, erregistro zibilean zuzendu ziren bezala, egokitzeko xedez. Arazoa honakoa zen: Osakidetzarentzat ezinezkoa zen haren nortasun datuen aldaketaren aurreko laguntza jarduerari buruzko datuak aldatzea onartzea, historia klinikoak jasotzen duen ataleko egiazko osasun errealitatea jaso behar duelako. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren erantzunak argitu zuen, azkenean, pertsona horrekin beraren historia klinikoari dagozkion paper-zorroak zaintza berezian, holako egoerentzat baino erabiliko ez den armairu batean, gordeko direla adostu zela; pertsona horrek bezala, agertutako arazoarentzat egokia iritzi diogu irtenbideari.
IV.2. Erregistro Zibilaren aurreko arazoak sexu bereko ezkontideak erregistratzeari eta ezkontide lesbianen legezko seme-alabatasuna erabakitzeari dagokienez
Kexa bi azpimarratu nahi ditugu, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen errealitate berrira egokitzea erregistro zibilen funtzionamenduan sortzen ari den arazoak islatzen dituztelako; izan ere, haien garrantzia erabakigarria izan daiteke pertsonen eskubide zibilentzat:
• Kasu batean ezkondutako emakume bik salaketa jarri zuten euren ezkontza erregistratzerakoan, A ezkontidearen sexu lehenetsia gizonezkoa izanda, hura ez aldatzeagatik eragindako akatsa zuzendu zedin. Hola, emakume ezkontideetako bat gizonezko agertzen zen. Akatsari antzeman eta berehala zuzendu zen, baina pertsona horren sexua bazterreko ohar batez zuzenduz, eta horrek ez zuen emakume kaltetua ase. Kexa hori Espainiako herriaren defentsariari igorri genion, gaia gure eskumenetatik kanpo geratzen zelako. Duela gutxi jakin dugu arazoa konpondu egin dela, Justizia Ministerioak herri defentsariaren iradokizuna onartu duelako. Haren arabera, Erregistro Zibilaren Arautegiko 298.4 artikuluan akats formala dagoela aitortu behar da eta, dagokion txosteneko zuzenketa ebazpenean, arautegi horretako 307. artikuluan xedatzen denez, idazpen okerra deuseztatzeko eta, dena erregistroko orrira eramanez, ezkontide biak emakume agertuko diren beste batez ordezteko agindu. Halaber, jakinarazi digutenez herriaren defentsariak, akatsak zuzendu ahal izateko, erregistro zibilaren informatizazioak ematen dituen aukerak baliatuz, Erregistro Zibilaren Arautegia etorkizunean aldatzeko gomendioa ere eman du. Zentzu horretan, haren euskarria digitala izateak bidea ematen du hura segurtasun juridikoa murriztu gabe aldatzeko, euskarri analogikoarekin ezinezkoa zen moduan. Izan ere, erregistroaren egungo arautegia euskarri analogikoari begira dago pentsatuta.
• Aipatu nahi dugun beste kasua ezkondutako emakume bik lagunduriko ugalketa tekniken bidez jaiotako haurraren ama biologikoaren emazteari zegokion seme-alabatasuna erregistratzeko izan zituzten zailtasunei buruzkoa izan zen. Arestian xeheago hitz egin dugu kasu horretaz, azkenean herriaren defentsariaren aurrean ofiziozko jarduketari ekitea eta, besteak beste, arazo jakin horri buruz hitz egin zuen gomendio orokorra ematea erabaki genuelako. Dena dela, kasu jakin horretan, azkenean zegokion erregistro zibileko epaile arduradunak semearen semetasuna beste emakumearen alde erregistratzea onartzea ebatzi zuen, emakumea jaio aurretik erregistro zibileko arduradun horren aurrean formalki agertu ez arren. Arazoaren oinarria lagunduriko ugalketa teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legeko 7. artikuluko 3. idatz-zatia interpretatzeko modura birbideratzen da. Gure ustez interpretazio horrek Konstituzioko 14. artikuluan babestutako berdintasun printzipioaren araberakoa izan behar du eta ezin du sexu bereko pertsonen bereizkeriarik eragin halako kasuetan. Arazoaren azterketa sakonagoa egiteko Arartekoaren abenduaren 23ko 4/2010 gomendio orokorrera –familia homoparentalei eta sexu bereko bikote edo ezkontideei administrazio oztopo formalak kentzeari buruzkoa– jotzen dugu. Haren edukiari atal honetako arestiko III.4 epigrafean ere heldu zaio.
V. Ondorioak
Arlo honetan 2010ean egindako lanaren aipagarriena honakoa izan da:
1. Bultzatzeko lana
Arlo honetako lanaren zati handi batek pertsona LGBTen eskubideak bultzatzeko lanari heldu dio. Pertsona transexualen eskubideen aldeko esparru zehatzagoan zein, modu orokorragoan, LGBT taldearen alde lan egiten duten zenbait elkarterekin izandako bilera eta harremanetatik, ondorioztatu dugu egun pertsona horien eskubideen egoera hobetzeko arreta jartzerakoan gune nagusiak honako eremuak direla.
• Pertsona transexualei eragiten dieten kontuak:
-jasotzen duten osasun arretari buruzko arazoak; -desadostasuna sexuari buruzko aipamena erregistroan zuzentzeko legeak xedatutako lege betekizunekin; -pertsona transexualei arreta osoa emateko legediaren edo araudiaren premia: legedi edo araudi horrek, osasun arazotik eta legezko nortasunaren ikuspegi zorrotzetik harago, haien bizitzako beste esparru eta alderdi batzuk ere era zabalagoan hartu beharko ditu aintzat; -bereizkeriaren aurkako legediaren komenigarritasuna: legedi horrek pertsona transexual eta transgeneroen aurkako bereizkeria desagerrarazteko berariazko tresnak eduki beharko ditu.
• Gay eta lesbianen eskubideei eragiten dieten kontuak:
- herri-administrazioei, bikote homosexualei seme-alabak dauzkaten familiak osatzeko eskubidea onartzen duen lege errealitatera erabat, baita alderdi formaletan ere, egokitzeko eskatu beharra
- hezkuntza eta sentsibilizazio esparruan adingabeei euren sexu joera eta genero nortasuna askatasunez eta erabat garatzeko babesa emateko estrategiari heltzeko garrantzia
• Familia homoparentalek eta sexu bereko bikote eta ezkontideek dauzkaten administrazio oztopo formalei buruzko gomendioa
Zenbait administrazio jarduketa bikote eta ezkontide homosexualen eta familia homoparentalen errealitate juridiko eta sozial berrira formalki egokitzeko eskaera horri erantzuteko, hain zuzen ere, eman dugu Arartekoaren abenduaren 23ko 4/2010 gomendio orokorra, familia homoparentalei eta sexu bereko bikote edo ezkontideei administrazio oztopo formalak kentzeari buruzkoa. Bertan kontu biri heldu diegu:
- Alde batetik, hainbat prestazio eta zerbitzuren funtzionamenduan oztopo formalek dirautenez, juridikoki bikote eta ezkontide homosexualei onartutako errealitatea formalki jasotzen ez dutelako, mota orotako prestazioak eta zerbitzuak lortzeko, izatezko bikote eta ezkontide homosexualei eta seme-alabak dauzkaten familia homoparentalei eragiten dieten eskabideak, inprimakiak edo beste edozein agiri araztu eta egokitu beharra, bikote, ezkontide edo familia horien errealitate pertsonala berdintasunez erabat jasoko duen formula bat sartuz.
- Bestalde, lagunduriko ugalketa tekniken bidez jaiotako seme-alaben seme-alabatasuna erregistro zibilean ama biologikoaren emaztearen alde ezartzeari dagokionez, emakumezko ezkontideak dauden egoera anbiguoa dela-eta, sakoneko arazoa estatuko erakundeetan ebatzi behar bada ere, gure ustez, legezko egoera eta erregistro zibilen praktika argitzen ez diren heinean, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio nagusiak familia horien egoera hobetzen lagun dezake, lagunduriko ugalketa teknika horiek burutzen diren klinika eta zentroei jakinaraziz behar bezalako argibideak eman behar dituztela ezkontide biek espero duten seme-alabari dagokionez ama biologikoaren bikotearen amatasuna ezartzeko orduan emakume ezkontideek daukaten legezko egoera bereziari buruz.
• Herriaren defentsariaren aurreko ofiziozko jarduketa
Era berean, arazo berari dagokionez, egoki iritzi diogu orokorrean antzemandako arazoa herriaren defentsariari helarazteari, erakunde hark ekiteko lagunduriko ugalketari buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legean 7. artikuluaren lege interpretazioa argitu ahal izateko egoki deritzen jarduketak, erregistro zibilen jarduketek, aipatu inguruabarretan jaiotako seme-alaben seme-alabatasuna erregistratzeari dagokionez, konstituzioko berdintasun printzipioarekin erabat bat datorren erregistroko praktika homogeneoa bermatzen dutela ziurtatzeko edo, bestela, gure iritziz garrantzi konstituzionala izan dezakeen arazoa konpontzeko irtenbide egokiak bila ditzan.
• Pertsona transexualen egoerari buruzko txosten berezia
Bestalde, 2010ean "Transgeneroen eta transexualen egoera Euskadin" izeneko gure txosten bereziaren edukien ezagutza hedatzen jardun dugu. Gure ahalegina batez ere talde horren premiei buruzko sentsibilizazioari lotu zaio. Horretarako, solasaldien, aurkezpenen eta herri-administrazioekin egindako bileren bidez gure proposamenak eta gomendioak zabaldu eta ezagutarazi ditugu, herri-botereak haren bidez ezarri ditugun helburuei atxikitzeko xedez. 2010. urtea bukatutakoan, uste dugu administrazioei txosten horrek dakartzan gomendioek proposatutako zentzuan eskaera zehatzagoak egiten hasi ahal dela. Hori dela-eta, 2011n haiei jarraipen zehatzagoa egiten hasiko gara.
2. Kexa aipagarrienak
Pertsona LGBTen eskubideei dagokienez erakundean jaso ditugun kexa azpimarragarrienak, alde batetik, pertsona transexualek jasotzen dituzten osasun prestazioei lotutako kontuei buruzkoak eta, bestetik, erregistro zibilean sexu bereko ezkontideak eta emakumeen arteko ezkontzen baitan lagunduriko ugalketa tekniken bidez jaiotako seme-alaben seme-alabatasuna ama biologikoaren emaztearen alde erregistratzeko arazoak salatzen dituztenak izan dira.
Lehenengo kasuei dagokienez, gure esku-hartzeak agerian utzi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren administrazio jarduketak egokitu beharra.
Bigarren kontuari dagokionez, kexek agertu zizkiguten arazo zehatzak ondo konpondu dira hasieran, baina eremu horretan legearen zehaztugabetasunaren arazoak oraindik dirau, eta Estatuko erakundeek konstituzioaren ikuspegitik heldu beharko diote.
10. Adinekoak
I. Aurrekariak
Erakunde honetan, adineko pertsonak lehentasunezko kolektiboetako bat dira. Formalki, talde horretan 65 urtetik gorako pertsonak barne hartzen dira; baina, halere, bizitza-itxaropena luzatu egin denez, adineko pertsonen kolektiboa gero eta handiagoa da. Halaber, askotariko ezaugarriak ditu, eta, ondorioz, barne hartzen dituen behar eta eskaerak ere arras desberdinak dira. Adibidez, batetik, kolektiboko pertsona gazteenek osasuna eta autonomia pertsonala dute; hori dela eta, gizartean eta beren inguruan aktiboki parte hartzeko gaitasuna eta nahia dute. Beste alde batetik, ordea, arreta behar duten herritarrak ditugu; izan ere, normalean beren adinaren ondorioz, autonomia pertsonala mugatuta izaten dute.
Kapitulu honetan, 2010ean kolektibo heterogeneo honen inguruan ikusi ditugun alderdirik garrantzitsuenak laburbilduko ditugu.
II. Arloa kopurutan
2010ean 30 kexa jaso dira adineko pertsonen arloan. Alegia, erakundeak urte osoan zehar erregistratu dituen kexen %2,29.
Horien edukiari dagokionez, jasotako kexak honako gai hauei buruzkoak izan dira:
− Autonomia Pertsonalari buruzko Legearen aplikazioa 18
− Adineko pertsonentzako laguntza 10
− Administrazioaren funtzionamendua eta prozedura administratiboa 2
2010ean jaso eta kudeatutako kexen tramitazioaren xehetasunei dagokienez, aipatzekoa da 25 Foru Administraziori eta 6 Tokiko Administrazioari buruzkoak direla, eta txosten honi ekin diogunean honako egoera honetan daudela:
GUZTIRA | Izapidetzen | Amaituta | Jarduera okerra | Jarduera okerrik ez | Gerora ez dira onartu |
31 | 16 | 10 | 2 | 8 | 5 |
III. Araudi testuingurua eta soziala: Arartekoaren esku-hartzea adineko pertsonen eskubideen sustapenean
1. Adineko pertsonen parte-hartze soziala: zahartze aktiboa eta autonomia pertsonalaren sustapena
Herri-administrazioek gizarte-politikak lantzean adineko pertsonen kolektiboaren barruko dibertsitatea kontuan hartu behar dute, gizarte-politikak barne-hartzaileak izateko eta haien hartzaileen itxaropenei erantzuteko.
Zahartze aktiboa edo positiboaren kontzeptua garrantzia irabazten ari da. Kontzeptu horrek 65 urte bete ondoren ere herritarrek beren eskubideak aktiboki erabiltzea aldarrikatzen du.
Adineko pertsonen potentzial handia eta gizartean egin dezaketen ekarpen garrantzitsua mintzagai izan zuten EHUren Udako Ikastaroetan 2010ean, baita Innobasque erakundeak EAEko hiru hiriburuetan antolatu zuen word-kafe topaketa batean ere.
Ildo horretatik, aipatzekoa da Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaian Zahartze Aktiboa Sustatzeko Ekintza Plana onartu duela. Plan horren bidez, zahartze aktiboa sustatzen duten baldintzak sortu nahi dituzte honako hauen bidez: dauzkan onurak eta ongizate-bermeak ezagutzera emanez, estereotipo negatiboekin hautsiz, etengabeko prestakuntza eta aisi osasungarria sustatuz eta adineko pertsonek bizitzaren arlo guztietan parte hartzea bultzatuz.
Hiru lurralde historikoetan adineko pertsonen parte-hartzeari ematen zaion garrantzia ikusirik, adineko pertsonentzako foru kontseilu bat dago eta parte-hartze eta kontsulta organo gisa dihardu kolektibo horri eragiten dioten politika eta jardueren esparruan. Horrez gain, autonomia erkidego mailan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluaren barruan, adineko pertsonen batzorde iraunkor sektorial bat dago.
Gai hori interesgarria da ere Europako Batzordearentzat; izan ere, 2011n Berrikuntzarako Elkarte Europarra (BEE) eratu nahi du zahartze aktibo eta osasuntsuari buruz. BEE Europar Batasunaren "Berrikuntzaren aldeko Batasuna" estrategiaren barruko ekimena da, zehazki, Europa 2020 proiektuaren ekimenetako bat da. BEEren helburua adineko pertsonen bizitza-kalitatea hobetzea da, bizitza aktibo eta autonomoa izan dezaten, baita gizarte eta osasun zerbitzuen iraunkortasuna eta eraginkortasunaren alde jardutea ere. Horretarako, berrikuntza teknologikoak gero eta gehiago erabiltzen direla kontuan hartuz, horien aplikazioan kontzentratuko da eta, besteak beste, alderdi hauetan ere bai: osasunaren sustapena; prebentzioa, diagnostikoa eta tratamendu goiztiarrak; gizarte eta osasun zerbitzuek koordinatuki lan egitea; laguntzarako teknologiak erabiliz, bizitza autonomoa sustatzea. Une honetan, 2011ko urtarrilaren bukaeran gaudela, Europako Batzordea erakunde publiko eta pribatuen iritzia biltzen ari da Europan biztanleria zahartzeak dakartzan erronkei aurre egin ahal izateko berrikuntza areagotu ahal izateko moduei buruz. Datozen 30 urteetan, 65 urtetik gorako pertsonen kopurua Europan %40 areagotuko dela kalkulatzen da. Horrek erronka handiak planteatzen ditu, baita aukerak ere, eta nahitaez bideratu behar dira.
Argi dago bizitza duina eta herritar aktibo gisakoa izateko ezinbestekoa dela, besteak beste, horretarako beharrezkoa den gaitasun ekonomikoa izatea, hau da, adineko pertsonek diru-sarrera duinak izatea eta zamarik ez edukitzea. Kezkagarria da adineko pertsona askok –gurasoek– oraindik ere seme-alaba helduen arreta beren gain hartzen dutela haiek ez dutelako lanposturik aurkitzen edo hainbat arrazoiren ondorioz galdu dutelako eta krisi ekonomikoak larriagotu egin dituelako arrazoi horiek. Zentzu horretan, pertsona horietako asko familiaren babes ekonomiko bihurtu dira eta hori kaltegarria da beraientzat.
Autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzuei dagokienez, honako ebazpen honek pixka bat gehiago zehaztu du zein motatakoak diren zerbitzu horiek: Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiaren 2010eko azaroaren 4ko Ebazpena, I. menpekotasun-maila onartua duten pertsonen kasuan beharrezkoak diren zerbitzuen babes-mailak eta prestazio ekonomikoen zenbatekoak zehazteko irizpideei buruzkoa. Beraz, xedatutakoaren arabera: "autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzuak dira, eta Autonomia Sustatzeko eta Menpekotasunari Erantzuteko Sistemaren Lurralde Kontseiluko Batzorde Ordezkariak ondorengo alderdi hauen edukia garatuko du:
• Gaikuntza eta terapia okupazionala.
• Arreta goiztiarra.
• Estimulazio kognitiboa.
• Autonomia funtzionala sustatu, mantendu eta berreskuratzea.
• Gaikuntza psikosoziala adimen-gaixotasunak edo ezgaitasun intelektuala duten pertsonentzat.
• Laguntza pertsonalak eta zaintza egoitza berezietan (babespeko etxebizitza)".
Akordioak sustapen zerbitzuaren gutxieneko intentsitatea ezartzen du (ordutan), baita arreta goiztiarreko eta autonomia funtzionala sustatu, mantendu eta berreskuratzeko zerbitzuena ere batik bat.
2. Adineko pertsonen oinarrizko eskubideen babesarekin lotutako ohar batzuk
Adineko pertsonen oinarrizko eskubideen babesarekin lotuta, gero eta arreta handiagoa eskaintzen zaio tratu txarren egoerak prebenitu eta antzemateari; bereziki, tratu txar psikologikoei dagokienez, zailagoa baita antzematen. Zentzu horretan, beharrezkoa da esparru honetan politika publikoen jarduera areagotzea, eta, bereziki, gizarte eta osasun zerbitzuei dagokienez. Era berean, beharrezkoa da egoera horiek onartezintzat jotzeko kontzientziazioa bultzatzea, horrekin lotutako susmoren bat izan bezain laster, gizarte eta osasun zerbitzuei horren berri emateko. Duela gutxi plazaratu da adineko pertsonek tratu txarrak jasaten dituztela, eta, seguruenik, pertsona asko egongo dira egoera horretan, beren eskubideak urratuak direla, eta, sarritan, ez dira ezta konturatzen ere. Tratu txar psikologikoen kasuan, beharbada ez dira konturatzen, ez bata (adineko pertsona), ezta bestea ere (tratu txarrak ematen dituena, gehienetan haren senide eta zaindaria). Beste batzuetan, adineko pertsona horretaz konturatzen denean, zaila da bere egoeraz ohartzea, agian ez dakielako nola jo edo nola eskatu laguntza, edo beharbada ez delako gaiari buruz hitz egitera ausartzen jasan litzakeen ondorioengatik eta zaindariarekiko duen menpekotasunagatik.
Kasu batean, bilobak bere amonaren inguruko kezka agertu zigun. Amona beste etxe batean bizi zen, beste senide batzuekin. Adierazi zigunaren arabera, amona horrek etxeko egoeraren inguruko pertzepzio negatiboa agertu zuen (tratu desegokiarekin lotutako elementuak aipatuz, ikuspuntu psikologikotik); baina, ez zuen nahi familiatik kanpo adierazi, bere senideak zalantzan jartzea esan nahi baitzuen. Egoera kontuan hartuz, gaiari heltzeko modu eta bideen berri eman zitzaien. Beste kexa batean, berriz, adineko pertsona bat bere bikotekidearen tratu txarrak jasaten ari zela salatu zen.
Abenduan EAEn adinekoen aurkako tratu txarren prebalentziari buruzko azterlanaren emaitzen txosten interesgarri bat aurkeztu zen. Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren ekimenez egin da. Sakonean aztertutako kontuzko gai horren inguruko hurbilketa bat da.
Txostenak adierazten duenaren arabera, egoera horiek desagerrarazteko, honako alderdi hauetan lan egin behar da, besteak beste: gizartea kontzientziatzea, arloan esku hartzen duten profesionalen prestakuntza nahiz familia arloko zaindariena, egoera horiek prebenitzeko programa publikoak eta adineko pertsonekin lotutako esku-hartzea.
Arartekoak gai hau lehenago ere jorratu du; zehazki, 2009an lan hau argitaratu zuen: "Adinekoen Eskubideak eta Tratu Desegokiaren Prebentzioa", giza eskubideei buruzko "Juan San Martín" bildumaren barruan. Lan hori ikerketa-beka baten emaitza da. Lan horretan jaso diren ondorioetan, ezkutaturik jarraitzen duen arazo horri aurre egiteko iradokizunak egin dira.
Gure ustez, daukagun informazioari esker, neurri publikoak har daitezke arazo larri horren inguruan. Oso komenigarria izango litzateke Eusko Jaurlaritzak adineko pertsonen kontrako tratu txarren aurka borrokatzeko plan bat lantzea, eta, bertan, adineko pertsonek edozein esparrutan jasan litzaketen tratu txarrak prebenitu, antzeman eta erantzun eta tratatzeko neurriak barne hartzea.
Azpimarratu egin nahi ditugu Estatuko Fiskal Nagusiak duela gutxi egin dituen adierazpenak adineko pertsonen kontrako indarkeria, gehiegikeria eta tratu txarrei buruzko liburu baten aurkezpenean[3]. Cándido Conde Pumpidok esan zuen adineko pertsonen kolektiboak lehentasunezko tokia izan behar duela Justiziaren jardunean. Kolektibo horrek gehiegikeria eta diskriminazioa jasateko aukera gehiago duela gailendu zuen, baita Justiziak pertsona horiek babesteko espezializazio handiagoa behar duela ere. Bestalde, 2008tik adineko pertsonen eskubideak babesteko Aretoko Fiskala dagoela gogorarazi zuen.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoen aurkako tratu txarren prebalentziari buruzko azterlanaren emaitzen txosten bat aurkeztu zuen, eta azpimarratzekoa da kolektibo hori gutxi gorabehera milioi bat pertsonak osatzen dutela. Lan horren konklusioetan, kolektiboaren heterogeneotasuna aipatzen da, hau da, funtsean bi talde bereizten direla: batetik, autonomoak izaten jarraitzen dutenak, eta, bestetik, bizitzako oinarrizko egitekoak gauzatzeko laguntza behar dutenak. Azken horiek %20 inguru dira, eta inflexio-puntua 80 urteko mugan dago, gutxi gorabehera. Lagun eta senideekiko harremanen balioa ere azpimarratzen da, baita "etxean zahartu" nahi dutela ere. Horretarako, baliabide sozialen laguntza ezinbestekoa da, esaterako, eguneko zentroak eta urruneko laguntza. Era berean, politika sozialak diseinatzean kontuan hartu behar dira, besteak beste, honako alderdi hauek: generoa, bakarrik dagoen, zein inguru geografikotan bizi den, osasuna eta aisialdirako eta denbora librerako eskaintza.
Interesgarria da aipatzea NBEk 2006ko abenduaren 13an ezgaitasunak dauzkaten pertsonen eskubideei buruz onartu zuen Konbentzioa. Argi dago adinez zaharra izatea ezgaitasunak eragiten dituen arrazoi garrantzitsu bat dela, beti gertatzen ez bada ere. Egia da ere dibertsitate funtzional batzuek gizartean oztopo batzuk aurkitzen dituztela eta horien ondorioz, pertsona batzuek ezin dituztela oinarrizko eskubideak berdintasunez gozatu eta erabili, edo horretarako arazoak dauzkatela. Hori dela eta, konbentzioa ezintasunak dauzkaten adineko pertsonei ere aplika dakieke[4]. Konbentzioaren printzipio nagusia berdintasuna eta diskriminaziorik eza da. Zentzu horretan, bere helburua da ezgaitasunak dauzkaten pertsonek herritarrei onartzen zaizkien eskubideez berdintasunez gozatu eta erabili ahal izatea, ezgaitasunaren ondoriozko diskriminaziorik gabe, eta gizartean aktiboki parte hartzea sustatzea.
3. Adineko pertsonen menpekotasun egoerarako arreta
Ondoren, 2010ean EAEn Autonomia Pertsonala Sustatzeko eta Menpekotasun Egoeran dauden Pertsonen Arretarako abenduaren 14ko 39/2006 Legearen (APSL) ezarpenarekin lotuta egon diren nobedade nagusiak aipatuko ditugu:
3.1. Aurten, lege horretan jasotako prestazioen onuradun gisa sartu dira maila arineneko menpekotasun handia duten pertsonak (II. gradua, 1. maila).
3.2. 8/2010 Errege Lege Dekretuak, maiatzaren 20koak, defizit publikoa murrizteko ezohiko neurriak hartzeko denak, APSLk prestazioak eskuratzeko eskubidea gauzatzeko ezartzen zituen irizpideak aldatu ditu. 5. artikuluak ezeztatu egin du menpekotasunagatik ordaintzen den prestazioaren atzeraeragina, eskabidea aurkeztu zen egunera artekoa zena eta lege horren lehenengo azken xedapeneko bigarren idatz-zatian aurrez ikusten zena. Erabakitzeko gehienezko epea sei hilabetekoa dela xedatzen du.
Hortaz, prestazioak eskuratzeko eskubidea onuradunak kasuan kasuko prestazioa jasotzeko eskubidea daukala onartzen duen erabakia hartzen denetik hasiko da sortzen, edo, bestela, dagokion prestazioa eskuratzea berariaz onartzen duen erabakiaren berri eman gabe sei hilabeteko epea bete den egunaren biharamunetik.
Hala eta guztiz ere, aipatutako Errege Lege Dekretuko hirugarren xedapen iragankorrean aurreikusten denaren arabera, Errege Lege Dekretua indarrean sartu baino lehen (2010eko maiatzaren 25a) menpekotasun-egoera onartzeko eskatu duten pertsonei, III. gradua edo II. gradua onartzen bazaie, "APSLko Lehenengo azken xedapena aplikatuko zaie, eskaera aurkeztu zuten unean indarrean zegoen idazkeran".
3.3. Bizkaiko Foru Aldundiaren 93/2010 Foru Dekretua, uztailaren 20koa, Bizkaiko Foru Aldundiaren abenduaren 1eko 162/2009 Foru Dekretua aldatzen duena ere aipatzekoa da. Haren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak menpekotasun egoera aitortzeko prozedura arautu zuen eta Foru Dekretu horrek, eskubidearen eraginkortasunari dagokionez, maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Lege Dekretuaren bidez defizit publikoa murrizteko hartutako neurri berezia barne hartu zuen. Bizkaian, adibidez, eskabidea Bizkaiko Foru Aldundiaren erregistroan sartzen denetik menpekotasun-prestazioa balioesteko ebazpena egiteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango dela ezartzen da; baita menpekotasuna eta prestazioak aintzatesteko prozedura bereizia ezarri bada ere.
Arabako Foru Aldundiak, berriz, familian zaintza eskaintzeko arauketa aldatzen duen dekretua argitaratu dela aprobetxatuz, neurria barne hartu du. Dekretu hori beherago aipatuko dugu, 3.9 idatz-zatian, hain zuzen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, ordea, momentuz ez du aldaketa gauzatu.
3.4. Autonomia Sustatzeko eta Menpekotasunari Erantzuteko Sistemaren Lurralde Kontseiluak apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretuan ezartzen den Menpekotasuna Baloratzeko Baremoa (MBB) aldatzeko erabakia hartu du. Erabaki hori hemen argitaratu zen: 2010eko ekainaren 29ko Ebazpena, Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiarena. Menpekotasuna Baloratzeko Baremoa aplikatuz lortutako emaitzak baloratu ondoren, hobekuntza batzuk sartu nahi ditu menpekotasun egoera objektiboki behar bezala aztertzeko eta gradu eta mailen sailkapena ongi egiteko. Aldaketa hori oraindik ez da errege dekretu bidez onetsi; akordioak berak aurreikusten du errege dekretua argitaratzen denetik hamabi hilabetera sartuko dela indarrean.
3.5. Legea pixkanaka ezartzen joateko egutegiaren arabera, 2011ko urtarriletik aurrera, I. graduko eta 2. mailako menpekotasuna duten pertsonen eskubideak eraginkorrak izaten hasiko dira. Hori dela eta, 2010aren bukaeran, I. graduko menpekotasuna onartuta duten pertsonei dagozkien zerbitzuen babes mailak eta prestazio ekonomikoen zenbatekoa zehazteko irizpideei buruzko erabakia hartu da. Erabaki hori hemen argitaratu zen: 2010eko azaroaren 4ko Ebazpena, Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiarena. Talde horrentzat legean jasotako zerbitzu eta prestazio guztiak jasotzeko eskubidea onartzen du, egoitza-arreta eta laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa izan ezik.
Erabakiak zerbitzura lotutako prestazio ekonomikoak eskuratzeko gutxieneko baldintzak ezartzen ditu eta familia barruan zaintza jasotzeko prestazio ekonomikoa eskuratzeko betekizun eta baldintzen arauketan zehaztasun gehiago sartzen du, APSLn aldarrikatutako ezohikotasun izaera emateko. Alderdi horri dagokionez, aipatzekoa da Lurralde Kontseiluaren Akordioa, honen bidez argitaratu zena: 2010eko otsailaren 4ko Ebazpena, Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiarena, bigarren prestazio horren hobekuntzaren alde egitera zuzendua. Biek honako alderdi hauek jorratzen dituzte, besteak beste: zaindariaren egokitasuna bermatzeko baldintzak, zaintzen jarraitutasuna, etxebizitzaren irisgarritasun egokia eta zaintzen kalitatearen jarraipena.
3.6. Autonomia Sustatzeko eta Menpekotasunari Erantzuteko Sistemaren Lurralde Kontseiluaren beste erabaki aipagarri bat da menpekotasun egoera baloratzeko prozedura eta organoen arloan hartu duena. Gizarte Politika eta Kontsumoaren Idazkaritza Nagusiaren 2010eko otsailaren 4ko Ebazpenean erabaki hori argitaratu zen. Balorazio-organoen osaketaren inguruko irizpide komun batzuk jasotzen ditu, baita baremoa aplikatzen duten pertsona baloraziogileei eskatu ahal zaizkien ezagutzen deskripzioa ere. Horrez gain, erabakiak prozedurarako oinarrizko irizpide batzuk ere ezartzen ditu (deklaratutako menpekotasun graduak eta mailak baloratzeko berrikuspen epeak, osasunaren txostenaren ezaugarriak, balorazio prozesuetan kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzea, etab.).
3.7. Ekainaren 14ko 83/2010 Foru Dekretuaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak aldatu egin du 197/2008 Foru Dekretua, abenduaren 16koa, Inoren Laguntza Behar duten Pertsonak Ebaluatzeko Batzorde Teknikoa sortu eta arautzen duena. Haren edukia kontuan hartuz, aldaketa horrekin proposatzen den xedea arlo sozialean eratu diren informazio batzordeetako ordezkaritza eta parte-hartzearekin lotutako erantzukizunak behar bezala banatzea da.
3.8. Aurreko urteroko txostenetan Bizkaian zerbitzuarekin lotutako prestazioaren arauketa faltaren ondorio negatiboen berri eman genuen. Are gehiago, APSLn jasotzen ziren prestazio ekonomikoen artean, hiru lurralde historikoetan arautu gabe geratzen zen bakarra zen. Horren ondorioz, lehenago aipatu dugun bezala, espediente bat hasi eta tramitatu genuen ofizioz. Horrez gain, herritarrek kexa bat aurkeztu zuten xedapena onestea beharrezkoa dela adierazteko, baita omisioaren ondoriozko kalteak azpimarratzeko ere. Bukatzeko, aurten honakoa argitaratu da: 90/2010 Foru Dekretua, ekainaren 29koa, mendetasuna duten pertsonentzako Bizkaiko foru egoitzen zerbitzuari loturiko prestazio ekonomikoa arautzen duena.
Alabaina, dekretuak egoitzako arretaren ondoriozko gastuei aurre egiteko prestazioa soilik onartzen du, bai egonaldi iraunkorrean, bai aldi baterako daudenei dagokienez[5], eta, ondorioz, eguneko zentroekin lotutakoak ez ditu barne hartzen.
Prestazio hori jasotzea bateraezina da beste bi prestazioetako edozein jasotzearekin eta "menpekotasuna duten adineko pertsonentzako foru egoitza zerbitzua eskuratzea edo baliaezintasunak dauzkaten pertsonentzako foru egoitzen zerbitzu bateko zentroa lortzea ezinezkoa denean onartuko da (90/2010 Foru Dekretuaren 11. artikulua), baita kasuan kasuko pertsona Baliaezintasunak dauzkaten Pertsonentzako Zerbitzuan menpeko pertsonen arretarako zentro batean sartzeko itxaron zerrendan dagoenean ere".
3.9. Arabako Foru Aldundiak familia barruan zaintza jasotzeko prestazio ekonomikoa arautzen duen dekretu bat onetsi du. 40/2010 Foru Dekretua da, abuztuaren 3ko Diputatuen Kontseiluarena, urriaren 23ko 70/2007 Foru Dekretua baliogabetzen duena eta zenbait nobedade sartzen dituena, hala nola, berariaz salbuesten du prestazioa pertsona bat hil egiten denean Banakako Arreta Plana (BAP) egin baino lehen.
3.10. Bizkaiko Foru Aldundiak Zainduz programaren arauketa berria onetsi du (144/2010 Foru Dekretua, abenduaren 9koa). Foru programa hori udalekin sinatutako lankidetza hitzarmenen bidez gauzatzen da. Programaren helburu nagusia 60 urtetik gorako pertsonak, menpekoak direnak eta beren etxean bizi direnak, zaintzen dituzten pertsonentzako arreta eta babesa da eskaintzea da. Gure ustez, programa hau eraginkorra da eta menpekotasun egoeran dauden adineko pertsonen nahiz haien zaindarien bizitza-kalitatea hobetzen laguntzen du. Hala ere, araudia aldatu dela eta, zoritxarrez, ez da hedatu adingabeak diren eta menpekotasun egoeran dauden senideak dituzten familiak barne hartzeko.
3.11. Dirudienez, egokia da atal honetan aipatzea beste xedapen-multzo bat, nahiz eta ez dioten eragiten soilik menpekotasunaren babesari, zerbitzu sozialak oro har aipatzen direlako. Halere, zalantzarik gabe, eragina izango dute menpekotasun egoera dauden adineko pertsonen arretan, bai zerbitzu horien erabiltzaileen kasuan, bai onuradunen kasuan:
• 101/2010 Dekretua, martxoaren 30ekoa, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoarena.
• 238/2010 Dekretua, irailaren 14koa, Gizarte-zerbitzuetako Zerbitzu eta Zentroen Goi Ikuskaritzarena.
• 28/2010 Dekretua, uztailaren 15ekoa, Arabako Gizarte Zerbitzuen Lurralde Kontseilua eratzen duena eta 490/2010 Erabakia, uztailaren 27ko Diputatuen Kontseiluarena, Gizarte Zerbitzuetarako Arabako Lurralde Kontseilukideak izendatzen dituena.
3.12. Arlo fiskalean, menpekotasun egoeran dauden pertsonen arretarako zerbitzuei Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) tasa murriztua aplikatzea onartu da; hau da, egoitzei, eguneko eta gaueko zentroei, etxeko laguntzari eta telelaguntzari. Tasa murriztua aplikatzeko, zerbitzuak plaza itunduetan eman behar dira edo administrazio-lehiaketen ondoriozko prezioen bidez. Hortaz, %4ko BEZa aplikatzen da, %7a beharrean. (6/2010 Errege Lege Dekretua, apirilaren 9koa, ekonomia eta enplegua suspertzeko neurriei buruzkoa. 16. artikulua, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1002 Legeko 91.bi.2 artikulua aldatzen duena). Aldaketa hori hiru lurralde historikoetan BEZa arautzen duten foru arauetan jaso da.
147/2010 Dekretuak, maiatzaren 25ekoak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari buruzkoak, bereziki hartu ditu kontuan menpekotasun egoeran dauden pertsonak, eta gehienak adinekoak dira. 39/2006 Legearen ondoriozko prestazioak diru-sarrerak bermatzeko errenta lortzeko diru-sarreren kalkulutik baztertu ditu (21.1.b artikulua). Horrela, familia barruko zaintzarako prestazioa eta laguntzaile pertsonalarentzako prestazioa ez dira kontuan hartuko DBE eskatzen duen pertsonaren diru-sarrerak kalkulatzeko. Agindu berak kalkulu horretatik beste prestazio batzuk baztertu ditu eta, sarritan, prestazio horiek adineko pertsonekin lotuta egoten dira, adibidez: laguntza teknikoengatik jasotzen dituztenak, etxebizitza eskuratu edo berritzeko direnak eta hirugarren pertsonen laguntzaren ondoriozko diru-laguntza.
4. Adineko pertsonentzako arreta sozio-sanitarioa
Jakina denez, arreta soziosanitarioa honakoa da: osasun arazo larriak edo muga funtzionalak eta/edo gizartetik baztertuak izateko arriskuarekin lotutako arazoak direla eta, aldi berean osasun eta gizarte arreta koordinatua eta egonkorra behar duten pertsonei zuzendutako arreta jarraitua.
Esparru horretan arreta jasotzeko aukera gehiago dituzten kolektiboetako bat adineko pertsonak dira, menpekotasun egoeran egon daitezkeelako, gaixotasun somatiko kronikoak edota baliaezintzaileak jasan ditzaketelako, ospitalean alta jaso ostean ere, eriondo egon daitezke edo beren burua zaintzeko behar besteko autonomia gabe, edo gaixotasun terminalak izan ditzakete.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo Sailak EAEn arreta soziosanitarioaren zuzentarauak lantzeko Marko Agiriaren (2010eko abendua) azken zirriborroa ezagutzera eman du. Administrazio guztien adostasuna bateratzeko helburua duen tresna bat da. Hori dela eta, EUDELen ekarpenak jaso ditu, baita foru aldundienak ere. Behin betiko onetsi ondoren, ardatz bat eta gida bat eratuko dira gure komunitatearen esparru soziosanitarioan politika publikoak zehazteko.
Dokumentu horrek hainbat gai jorratzen ditu, adibidez, egungo arreta eta koordinazio soziosanitarioaren eredua, arreta hori jaso dezaketen pertsonak, EAEn herritarren behar soziosanitarioei erantzuteko dauden zentroak eta zerbitzuak, egiturak, organoak eta koordinazio protokoloak eta finantzaketa.
Adineko pertsonei dagokienez, agiriak ohar batzuk egiten ditu eta, besteak beste, ondoren laburbiltzen ditugun hauek:
• Laguntza-mailen arteko koordinazioa beharrezkoa da arreta jarraitua bermatzeko, egonaldi ertaineko ospitaleak eta baliabide soziosanitarioak eta sozialak modu programatuan erabiltzea ahalbidetzen du, akutuen ospitaleetan diru-sarrera desegokiak ekiditen laguntzen du eta ospitaleko larrialdi-zerbitzuen kontsulten kopurua murrizten du.
• Gipuzkoan gaixoen balorazioa egiteko erabiltzen den galdetegia oso erabilgarria da patologia kronikoak dauzkaten menpeko adinezko pertsonen beharrak baloratzeko, bai etxekoak, bai laguntza sanitarioa soziosanitarioa lotzearekin lotutakoak.
• Diziplina arteko ekipo soziosanitario komunitarioen garapen zailtasunak, etxez etxeko laguntza-zerbitzu publikoen mugak eta tarteko egituren garapen eskasak zaildu egiten dute pertsona horiek beren etxean geratu ahal izatea, eta ekidin daitezkeen ospitaleratzeak eragiten dituzten ahultasun egoerak eragiten dituzte.
• Patologia kronikoa duen adineko menpeko pertsonarentzako arreta ez da homogeneoa hiru lurraldeetan.
• Hiru lurralde historikoen artean desberdintasunak daude APSLn aipatzen diren baliabide sozialak eta zerbitzuak eskuratzeko baldintzei dagokienez.
• Menpekotasuna baloratzeko aurkeztu behar den informazio medikoa zama berezia eragiten ari da eskaera-egileen artean nahiz gizarte langileen eta medikuen artea; beharrezkotzat jotzen da gizarte eta osasun zerbitzuen artean telematikoki informazioa trukatzea ahalbidetzen duen prozesu bat diseinatzea.
• Laguntza-mailen arteko koordinazioa Gipuzkoan onarpen zentralizatuko zerbitzuaren bidez egiten da eta, gainera, pertsonak beren beharretarako egokiena den laguntza mailan kokatzea ahalbidetzen duen tresna bat erabiltzen du. Metodologia hori ez da gainerako lurralde historikoetan erabiltzen.
• Erabiltzaileak bi sistemen artean behar bezala igarotzea ahalbidetzen duten zirkuituak sortu eta malgutzea beharrezkoa dela ikusi da.
• Adineko pertsonen egoitzetan arreta sanitarioa finantzatzeko moduluak desberdinak dira hiru lurralde historikoetan.
Bukatzeko, aurten, Sanitate eta Kontsumo sailburuak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak Nazioarteko zientzia ezagutza eta ikerketa zentro bat sortuko duela menpeko pertsonentzat eta baliaezintasunak dauzkatenentzat [Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos legebiltzar taldeak "arreta soziosanitariorako zentroari" buruz egindako galderari erantzuna (09/10/05/03/1392-7839) eta Euzko Abertzaleak-Nacionalistas Vascos legebiltzar taldeak "atentzio soziosanitariorako zentroaren inguruan" egindako galderari erantzuna. (09/10/05/03/1084-6295)
Dioenez, ikerketa biomedikoko, arreta sozialeko eta gaixotasun neuro-degeneratiboak dauzkaten eta menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintza eta tratamendu berriak garatzeko zentro hori ezagutza polo bat izango da, eta haien bizitza-maila hobetzeko metodoen ikerketan ere arituko da. Sailburuak adierazi duenaren arabera, sailarteko ekimen bat da eta enpresen zerbitzura jarri nahi ditu EAEko unibertsitate- eta ikerketa-zentroak modu osasuntsuan zahartzera, gaixoaren autonomia lortzera, menpekotasunaren arretara eta arreta soziosanitariora bideratutako zerbitzuak eta produktuak garatzeko, erakundeentzat balorea sortzeko eta Euskadiko enpresa-sarea balioesteko.
Datorren urtean proiektuaren jarraipena egingo dugu.
Funtsezkoa da esparru soziosanitarioa garatzea eta herritarrengan positiboki eragiten duten eta, maila handi batean, adineko pertsonak ukitzen dituzten neurriak martxan jartzeko.
Aipatzekoak dira ekimen sanitario batzuk, honakoak, adibidez:
• Medikazioaren erabilpena optimizatzeko programa, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta EAEko farmazia-elkargo profesionalek sinatu duten hitzarmen baten bidez martxan jarri dena. Programa beren etxean bizi diren pertsona polimedikatuei zuzenduta dago. Farmaziak, medikuaren oharrak jarraituz, aldizka banakako medikazioa prestatzen du eta pilula-kutxetan medikazioa dosika banatuta prestatzen zaie. Horrek pertsona horientzako laguntza eragiten du, baita erabilera egokirako berme handiagoa ere.
• Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) beren etxean bizi diren adineko pertsonen arloan aplikatzeko ikerketa.
• Lehenengo laguntzako medikuen prestakuntza espezifikoa etxean bizi diren adineko pertsona kronikoak zaintzeko. Kontrol mediko hobea ahalbidetzen du eta ospitaleratzeak ekiditen ditu.
Era berean, beste ekimen sozial batzuk ere garrantzitsuak dira, adineko pertsonen inguruko pertzepzio soziala eta begirunea bultzatzen baitituzte, adibidez, belaunaldien arteko harremanak. Zentzu horretan, aipatzekoa da Gasteizko Udalak "Hiri Hezitzailea" programa dauka, eta bertan, eskola-ikasleei zuzendutako hainbat jarduera daude, eta horietako batzuk adineko pertsonek ematen dituzte.
5. Gizarte-zerbitzuak: egoitza-arreta eta arreta komunitarioa
Bi kexa jaso ditugu adineko pertsonei egoitza pribatu batean eman zaien arretarekin lotuta. Bi kasuak desberdinak dira, baina senide bat izan da kexa aurkeztu duena kasu bietan. Bertan, emandako arretarekiko desadostasuna agertzen zuten, eta azpimarratzekoa da arlo medikoei eragiten ziela. Era berean, Arabako foru aldundian ere erreklamazio bana aurkeztu zuten. Horietako batean, foru ikuskaritzako langileria zentrora joan zen gertatutakoaren xehetasunak jakiteko eta ikerketa bati ekin zitzaion. Ikerketa burutu ondoren, aldundiak ez zuen aurkitu administrazio-jokabide desegokirik iradokitzen zuen elementurik, eta, ondorioz, zehapen espedientea hasi zuen. Hala ere, aldundiak adierazi zigun zentroan ikuskapen-bisitak egiten jarraituko zuela laguntzaren kalitatea hobetzeko. Bestalde, aldundiak interesduna beste zentro batera lekualdatzeko eskaera hartu zuen eta zentro publiko batean plaza bat esleitu zion, eta interesduna pozik geratu zen. Aurkeztutako beste kasuan, ordea, foru aldundiak espedientea artxibatu egin zuen aurreko arrazoi berberaren ondorioz. Hala ere, erreklamaziogileak aurkeztu zituen elementu batzuk, gure ustez, argitu egin behar ziren. Hori dela eta, aldundiari dokumentazioa eskatu genion, gertatutakoa baloratu eta ulertu ahal izateko. Gaia aztertu ondoren, alderdi batzuen inguruko azalpen batzuk eskatu genituen, eta, une honetan, espedientea tramitatzen ari dira.
Horrez gain, jaso dugun kexa batean, interesdunak Bizkaiko Foru Aldundiak adineko menpeko pertsonentzako egoitza baten plazagatik ezarri duen prezioaren inguruko desadostasuna agertzen zuen. Erreklamaziogilearen ustez, prezioa gehiegizkoa zen. Espedientearen tramitazioa bertan behera utzi zen arren, erreklamaziogileak atzera egin zuelako, gestio batzuk egin ziren eta kasuaren hasierako analisia ere bai, baina ez zen inolako irregulartasun legalen susmorik aurkitu. Dena den, kasu hau abiapuntu gisa har dezakegu EAEko hiru aldundiek adineko pertsonentzako egoitzetako plazetarako ezartzen dituzten prezio publikoen artean dauden desberdintasunak aipatzeko. Nahitaezkoa da, erabat, Autonomia Erkidegoan prezio horiek homogeneizatzeko akordioa lortzea, edo, gutxienez, egungo desberdintasunak murriztea. Eusko Jaurlaritzak gizarte zerbitzuen erabiltzaileen ekarpen ekonomikoa (baterako ordainketa) arautzeko onartu behar duen dekretuak nahitaez heldu beharko dio gai horri, euskal gizarte zerbitzuen sistemari koherentzia eta batasuna emateko, Gizarte Zerbitzuen Legeak aldarrikatzen duen bezala.
Lege hori ekimen pribatuarekin itunak egiteari buruzkoa ere bada. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da Bizkaiko Foru Aldundiak lurralde horretako egoitza pribatuekin sinatu dituen itunen kopurua (90 erakunderekin) adineko menpeko pertsonei egoitza zerbitzu forala eskaintzeko.
Eguneko zentro batera joateko garraiobide egokitua erabiltzearekin lotutako kexa bat jaso dugu. Garraioaren ordutegia aldatu zioten pertsona batek aurkeztu zuen kexa. Ordutegi berria zela eta, garraiobidea goizago igarotzen zen eta zentroko arreta aldia ordubete murrizten zuen. Familiak beste ibilbide bat egiten zuen ibilgailu bat proposatu zuen, baldin eta posible bazen eta plazak libre bazeuden, baina ez zen proposamena onartu. Gaia aldundian planteatu genuen eta erantzunaren zain gaude.
Horrez gain, menpeko gisa kalifikatuta ez zegoen adineko pertsona bat udal egoitza batera sartzearekin lotutako beste espediente bat ere izapidetu dugu. Donostiako Udalari egoitza ez den beste bizileku bat eskatu zion pertsona bat zen. Udalak bizileku komunitarioak eta tutoretzapeko apartamentuak dauzka adineko pertsonentzat, baina araudiak ez du hautatzeko aukerarik ematen. Hori dela eta, edozein zerbitzutan plaza libreak geratzen direnean, eman egiten dira itxaron zerrendaren ordenaren arabera. Kasu honetan, bizileku mota jakin bat aukeratu zuen. Gaia aztertu ondoren, ez zen lege-esparruko irregulartasunik antzeman.
6. Arartekoaren esku-hartzea adineko pertsonen zentroetan eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuan sortutako gatazken ondorioz
Aurreko urteetan adineko pertsonentzako egoitza batzuetan lan-arloan zeuden gatazka batzuen berri eman izan dugu. Egoitzak pribatuak ziren baina kudeaketa pribatukoak. Funtsean, bi egoitza buruz ari gara: Aldakonea, Donostian eta Ariznavarra, Gasteizen. Bi zentroetan, langileek laneko baldintzak hobetzea aldarrikatzeko greba egin dute, eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak grebaren ordutegian mantendu behar diren gutxieneko edo oinarrizko zerbitzuak zein diren zehazten du.
Egoera horiek oso korapilatsuak dira. Batetik, gatazka langileen eta laneko kontratua egin dien enpresaren arteko gatazka bat delako. Bestetik, gatazka, pribatua den arren, zentro publiko batean gertatu delako eta zuzenean eragiten dielako menpeko adineko pertsonei eta ezinbestekoa delako pertsona horiek behar bezala zainduta daudela ziurtatzea. Pertsona horiek ez dute zerikusirik gatazkaren jatorriarekin eta ezin dute konpontzen lagundu, baina zuzenean pairatzen dituzte grebaren ondorio negatiboak. Pertsona horien ahultasun egoera, bizitzako ekintzarik oinarrizkoenak egiteko eta bizirauteko ere laguntza behar dutenez, erakunde guztiek ahalegin berezia egin behar dute gatazkak egoitzetako pertsonengan ahalik eta eragin txikiena izan dezan eta arreta duina eta egokia jasotzen jarrai dezaten. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezartzen ditu, foru aldundiek kontrolerako ikuskapenak egiten dituzte eta Arartekoaren erakundeak esku hartzen du.
Aldakoneako egoitzari dagokionez, Arartekoak 2010eko otsailaren 9an Ebazpen bat onetsi zuen. Horren bidez, amaiera ematen zaio Arartekoak Donostiako "Aldakonea" adineko pertsonentzako egoitzaren grebarekin lotuta gauzatu duen esku-hartzeari. Ebazpen horretan, aurrekariak zehaztu ondoren, ohar batzuk egiten dira, eta, besteak beste, gizarte zerbitzuetako lan-arloko gatazkei buruzko araudia eta esparru horretako jurisprudentzia aztertzen dira. Ohar horiek baliozkoak dira antzeko beste zentro baten kasurako, Ariznavarrako egoitzarako, adibidez. Honako hauek dira:
a) Greba konstituzio-eskubide bat da (Espainiako Konstituzioko 28.2 art. –aurrerantzean EK–). Hala ere, beste eskubide batzuekin gertatzen den bezala, eskubide hori erabiltzeko mugak daude, eta, kasu honetan, grebaren zuzeneko eragina jasaten dutenek –adineko pertsonek– behar bezalako laguntza jasotzen duten eskubideagatik daude mugatuta; haien egoera kontuan hartu behar da. Hori guztia, lotuta dago haien osasun-eskubidearekin eta oinarrizko edo funtsezko arreta jasotzeko eskubidearekin. Hortaz, greba horretan, babestu beharreko bi eskubide kontrajarri ditugu: osasun-eskubidea eta egoitzen erabiltzaileek arreta jasotzeko duten eskubidea, baita langileen greba-eskubidea ere. Horrenbestez, bi eskubideen arteko oreka bilatu behar da.
Gogoan izan behar dugu adineko pertsonak direla alderik ahulena, sentikorrena eta zaurgarriena, eta, hala eta guztiz ere, haiek direla grebaren ondorioak zuzenean pairatzen dituztenak, beren etxean edo bizilekuan gertatzen baita.
Ez dugu greba-eskubidea arautzen duen lege organikorik. Konstituzio Auzitegiak behin baino gehiagotan azpimarratu du lege hori prestatu beharko litzatekeela. Bitartean, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretua aplikatzen jarraitzen da, alegia, gutxieneko zerbitzuak ezartzeko oinarri gisa hartzen dena. Konstituzio Auzitegiak epai bat baino gehiago eman du zerbitzu horiei eta dagozkien irizpideei buruz (bat aipatzearren, KAE 183/2006, ekainaren 19koa). Bertan, honakoa adierazten da:
• Greba egiten zen zerbitzuan grebaren eragina ezinbestean jasan behar da eta eragozpenak onartu egin behar dira.
• Gutxieneko zerbitzuek zerbitzuaren gutxieneko estaldura bermatu behar dute, baina ez da beharrezkoa izango ohiko errendimendu-maila lortzea, ezta normaltasunez funtzionatzea ziurtatzea ere. Horrela balitz, greba-eskubidea urratuko litzateke.
• Grebalariek egiten dituzten sakrifizioen eta zerbitzuaren erabiltzaileek pairatzen dituzten kalteen arteko proportzioak arrazoizkoa izan behar du.
• Langileek beren interesak grebaren bidez defendatzeko duten eskubideak atzera egiten du grebalariek pairatzen dutena baino kalte handiagoa eragiten denean edo eragin daitekeenean. "Herritarrek funtsezko prestazio horiek eskuratzeko duten eskubideak lehentasuna dauka greba-eskubidearen gainetik".
Auzitegi Gorenak ere irizpena eman du gai honen inguruan, eta, urriaren 22ko 6794/2007 epaian, aurrekoaz gain, honakoa adierazten du:
• Greba-eskubideak konstituzioak babesten dituen beste eskubide batzuetara moldatu behar du.
• Gutxieneko zerbitzuak honako alderdi hauek kontuan hartuz ezarri behar dira: hedapena (lurralde-mailan eta langileriari dagokionez), aurreikusten den iraupena, zerbitzuaren behar espezifikoak, babestutako ondasunak nolakoak diren, etab.
b) Laneko gatazka negoziazio kolektiboaren bidez ebatzi behar da. Hitzarmen kolektiboak langileen ordezkariek eta enpresaburuek adostutako akordioa dira, beren autonomiaren arabera (EK 37. art. eta Langileen Estatutuaren 82.1 art.). Autonomia horren ondorioz, kanpoko eragileek, gatazkako aldeekin lotuta ez daudenek, ezin dute esku hartu ez baldin badaukate bi aldeen oniritzia, aparteko kasuetan izan ezik.
c) Eusko Jaurlaritzak, zentro horretako gutxieneko zerbitzuak zehazterakoan, egoitzako pertsonen ahultasun eta menpekotasun egoera kontuan hartzen du. Horretarako, kontuan hartu beharko litzateke, halaber, menpekotasun maila handiko pertsonen kopurua zein den, baita grebaren iraupena ere. Era berean, gure ustez, zentro horietako grebek ospitaleetako grebek jasotzen duten tratua jaso beharko lukete gutxienez.
d) Foru aldundiak, egoitza-zerbitzuaren titular gisa:
• Egoitzetako pertsonek ahalik eta arretarik onena jasotzea ziurtatu behar dute, baita gatazkak ahalik eta eragin txikiena izatea, oinarrizko arreta eskaintzea eta eskubide guztiak errespetatzea bermatzea ere.
• Hori guztia ahalik eta zorrotzen betetzen dela ziurtatu behar du eta baldintzak betetzea exijitu behar du.
• Aldeek elkarrekin hitz egitea bultzatu behar du, espiritu konstruktiboarekin eta akordioa lortzera bideratuta hitz egitea, hain zuzen.
• Ituna lortzeko exijitzen diren baldintzek behar bezalako arreta lortzeko lagungarriak izan behar dute, baita zerbitzuan eragin negatiboa izan lezaketen
elementuak ahal beste murriztu ere. Langileriaren arloko kalitateari buruz ari gara. Kontratistak hori kontuan hartu behar du langileria kontratatzen duenean, Sektore Publikoko Kontratuen Legeko 102.1. artikuluaren arabera eta Gizarte Zerbitzuen Legeko 72. artikuluan aipatzen diren klausula sozialei jarraiki.
Eusko Jaurlaritzak Gizarte Zerbitzuen Legea garatu behar du, eta, testuinguruko honetan:
• Zerbitzuen kudeaketa kontratatzeari edo zeharkako kudeaketari dagokionez (71. ar. eta hurrengoak), ekintza-neurri positiboak eta laneko baldintzak hobetzera bideratutakoak kontuan hartu beharko lirateke (65.2.k.).
• Lehenbailehen sortzea, Gizarte Gaietako Euskal Kontseiluaren barruan, "gizarte zerbitzuen esparruan enpleguaren kalitatera eta informazioa eta prestakuntza hobetzera bideratutako sektore-kontseilua" (48.4. art.).
• Gizarte zerbitzuen zentro eta zerbitzuei exijitzen zaizkien baldintza materialak eta funtzionalak eta langileriarekin lotutakoak arautzen dituena (laugarren xedapen gehigarria), eta, bereziki, egoitza zerbitzuen kasuan. Horrek 41/1998 Dekretuaren barruko esku-hartzea eragiten du, eta gainditu egin da.
Funtsezkoa da eredu sozial iraunkorrari buruz hausnartzen jarraitzea, eta, zehazki, adineko pertsonentzako egoitzen kudeaketa-ereduei buruz. Horren harira, honako alderdi hauei heldu behar zaie: zerbitzuen kudeaketa, baterako ordainketa, zerbitzu horietan lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak, gatazkak prebenitzeko neurriak, etab.
Ebazpenaren bukaeran, aldundiei zerbitzuaren titular eta azken erantzule gisa dauzkaten betebeharrak gogorarazten dizkie, hau da, egoitzan dauden pertsonei behar bezalako arreta eskaintzea bermatu beharko dute eta gatazkak haiengan duen eragina murriztu behar dute; horrez gain, elkarrizketa bultzatu behar du gatazka konpontzea lortzeko eta egoitza-zerbitzu publikoen kudeaketaren kontratazio-baldintzetan irizpide eta baldintza sozial jakin batzuk barne hartu behar dituzte.
Ohar horiek baliozkoak dira kudeaketa pribatua duen beste edozein egoitza publikotako grebetarako.
Aldakoenako greba eragin zuen arrazoia da Gipuzkoan ez zela sinatu adineko pertsonen egoitzetako langileen hitzarmena 2009-2012 aldirako. 2010eko azaroaren 4an patronala eta sindikatu-ordezkari batzuen artean akordioa lortu zen negoziazio-mahaian. Sindikatuen ordezkariak, ordea, gutxiengoa ziren, eta, ondorioz, akordioa eragin mugatua duen hitzarmen bat da (sinatu dutenek eta ordezkatutako pertsonak barne hartzen ditu) edo estatutuz kanpoko Ituna da. Hori dela eta, Aldakonean grebak bere horretan jarraitu zuen. Hala ere, dirudienez, Itun horrek banakako atxikipen ugari izan ditu, hau da, horren eragina jasaten duten pertsona askok sinatu dute eta, horri esker, Aldakoneako greba abenduaren 29an bukatu zen. Akordioa Gipuzkoan egoitzetan, zentro soziosanitarioetan eta tutoretzapeko etxebizitzetan nahiz eguneko zentroetan adineko pertsonei arreta eskaintzearen arloan diharduten enpresek kontratatutako pertsonei aplikatzen zaie. Salbuetsita geratzen dira zuzenean Administrazio publikoaren menpe daudenak. Akordioak, besteak beste, enpleguaren egonkortasunari (enpresen langileen %85ek kontratu mugagabea izan behar du), gatazken ebazpenari (PRECOren artekaritza, Laneko Harremanen Kontseilua) eta zentro publikoetan enpresa aldatzen denean langileria subrogatzeari buruzko neurriak barne hartzen ditu.
Ariznavarrako egoitzaren kasuari dagokionez, aurten bisitak egiten jarraitu dugu egoitzako pertsonek, langileria greban egon arren, jasotzen duten arreta nolakoa den ikusteko. Gure ustez, ematen zaien arreta egokia da. Hala ere, nabaria da egoitzan dauden pertsonak nekatuta eta gogaitua daudela grebaren iraupenagatik. Bestalde, egoitzan gero eta pertsona gutxiago daude; izan ere, Arabako Aldundiak zentro horretan ez du pertsona gehiago sartzen jarraitu. Hortaz, urriaren 18an, azkeneko bisita egin genuenean, egoitzaren okupazioa ez zen %60ra heltzen (%59,29) eta eguneko zentroarena %20koa zen soilik. Langileria, ordea, berbera zen, baita ezarritako gutxieneko zerbitzuak ere. Hori dela eta, langileria eta egoitzako pertsonen ratioa altua izan da.
Urtearen bukaera aldera (2010eko abenduaren 16an), Ariznavarrako greba bukatu egin da enpresak eta sindikatuen akordioa edo ituna lortu dutelako. Haren indarraldia 2008ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra artekoa da eta, nagusiki, soldatekin dago lotuta.
Gasteizko San Prudentzio egoitzarekin lotutako kexa bat ere aurkeztu digute, bi solairu hutsik zeudelako. Kexa aurkeztu duen auzokide-elkartearen ustez, solairu horiek egokituz gero, foru aldundiaren egoitzen itxaron zerrenda asko arinduko litzateke. Zerrenda hori menpekotasun egoera dauden pertsonek soilik osatzen dute.
Egoitzaren titularrak Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia dira, plaza itunduak dauzka menpekotasun egoeran dauden pertsonentzat eta haien zaintza dagokio. Hala ere, antza denez, arazoa da, oro har, solairu horretako plazak ezin direla itundu adineko pertsonentzako egoitza-zerbitzu sozialei buruzko martxoaren 10eko 41/1998 Dekretura egokitu arte. Horrenbestez, udal eraikin horretan obra ugari egin behar dira, eta, zati batean, –zati horretan– foru-erabilerakoa izango litzateke hitzarmen bidez. Nolanahi ere, bi erakundeetara jo dugu (Gasteizko Udalera nahiz Arabako Foru Aldundira) eta informazioaren zain gaude.
Gizarte zerbitzuen eredu iraunkorrari buruz hausnartu behar dela eta, Gipuzkoako Aldundiak agiri bat argitaratu du Gipuzkoako gizarte zerbitzuen etorkizunerako ereduari buruz. Agiri hori hainbat erakundek egindako hausnarketa luze eta sakon baten emaitza da. Proposatzen den ereduaren arabera, gizarte zerbitzuak etorkizunerako inbertsioa dira eta osasuna edo hezkuntzaren antzeko gastu-itzulera duen jarduera-sektore bat dira. Agiriak eredua osatzen duten elementuak aipatzen ditu (pertsonan kontzentratutako ikuspegi komunitarioa, Administrazioaren rola, antolakuntza, finantzaketa eta gizarte zibilaren erantzunkidetasuna) eta 2020rako ezarritako helburua erdiesteko ekintzen ibilbidea deskribatzen du.
IV. Beste kexa espediente batzuen analisia
IV.1. Bizkaiko Foru Aldundiak erakunde honen proposamena onartu du, hau da, adineko pertsona batek prestazio ekonomikoa eskuratu ahal izatea familia barruan zaintza jasotzeko. Pertsona hori, jaioberritan, familia batean hartu zuten, baina adopzioa ez zen formalizatu. Bizitza osoa etxe berean igaro du, pertsona berberekin, eta harentzat bere familia dira. Nagusi bihurtu da eta etxean ematen dioten zaintza eta arreta behar ditu. Hori dela eta, prestazioa eskatu zuen, baina ukatu egin zioten, menpeko pertsonak eta zaindariak ez zutelako laugarren mailara arteko ahaidetasunik. Arartekoa kasu honetan erantzun positiboaren alde agertu zen; izan ere, haien arteko harremana familiarenaren parekoa da. Bizkaiko aldundiak, kasu berezia dela ulertu du eta Instrukzio bat atera du honen antzeko kasuetan ahaidetasun-baldintzatik salbuesteko.
IV.2. Prestazio horri dagokionez, Arabako aldundiak, Arartekoaren proposamenari jarraiki, familia barruko zaintzarako prestazioan egiten zuen murrizketa (%25ekoa) ezeztatu du. Etxe berean pertsona bat baino gehiago hartzen zenean aplikatzen zen (urriaren 23ko 70/2007 Foru Dekretuko 9.2. artikulua). Zenbait kasutan planteatu digute arauarekiko desadostasuna. Murrizketa horren eraginak aztertzean, zaindariek sarritan pertsona horiei arreta eskaintzeko zituzten zailtasunak ikusi genituen, baita murrizketak familiaren ekonomian zuen eragina ere. Planteatutako kasuan adingabeei eta gazteei buruzkoak ziren, baina murrizketa oro har aplikatzen da eta, ondorioz, adindunen kasuan ere aplikatzen da, eta horiek dira, hain zuzen ere, menpekoen gehiengoa. Ofiziozko esku-hartze batean, Arartekoak horren inguruko ohar batzuk helarazi zizkion aldundiari. Aldundiaren jarrera ulerkorra izan zen eta murrizketa kendu egin zuen herritarrei familiaren barruan zaintza eskaintzeagatiko prestazioaren arloan onetsi zen araudi berri batean (40/2010 Foru Dekretua, abuztuaren 3koa), aurrekoa ordezkatzen duena.
IV.3. Etxez etxeko laguntza zerbitzuarekin lotutako beste kasu bat planteatu ziguten. Kasu horretan, pertsona bat bere seme batekin bizi zen. Azken horrek zerbitzua eskatu zuen etxeko lanak egiteko. Hala ere, gizarte zerbitzuek kasuari heldu ziotenean, adineko pertsonarentzako arreta pertsonala eskaini zuten, eguneko zentroko zerbitzuarekin batera. Semeak erantzunarekiko desadostasuna agertu zuen. Gaia aztertu ondoren, eta udal ordenantza ikusirik, ez genuen inolako irregulartasunik antzeman, eskaera egilea bakarrik bizi ez denean etxea garbitzeko lanak salbuesten baitzituen, eta arreta eskaintzea onesten zen.
IV.4. Zenbait kexatan oinarrituz, Arabako Foru Aldundiaren etxez etxeko laguntza zerbitzuaren (ELZ) esleipenean, justifikatu gabeko atzerapena antzeman dugu. Aldundiari gaiaren berri eman ondoren, kexa horiek ebatzi egin dira azkenean interesdunei laguntza zerbitzua esleitu zaielako.
Arabako Foru Aldundiaren telelaguntza zerbitzuaren esleipeneko atzerapena salatzen zuten pertsonen kexek, ordea, ez dute emaitza bera lortu. Espediente horietan, menpeko adineko pertsonaren balorazioa honakoa zen: I. gradua, 2. maila, edo I. gradua, 1. maila. APSLn horrela baloratutako pertsonentzako aurreikusten diren zerbitzuak eta prestazioak jasotzeko eskubidea 2011ko urtarrilaren 1eraino edo 2013raino, hurrenez hurren, indarrean sartzen ez zen arren, gure uste, interesdunek 80 urte baino gehiago zutela eta, eta kontuan hartuz haien osasun egoera ahula dela, haien eskaerari Araban ezarritako babes-maila osagarriaren arabera erantzun zitekeen. Hori apirilaren 24ko 39/2007 Foru Dekretuko lehenengo xedapen iragankorreko 2. puntuan jasota dago.
Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak emakidaren kontrako erantzuna eman digu. Erantzun horretan, xedapen iragankor horren izaera diskrezionala ikusten da –"GOFEk telelaguntza zerbitzua 1 graduko menpekotasun mailarekin baloratutako pertsonei eman ahal izango die 39/2006 Legearen 14.6. artikuluan ezarritako lehentasun irizpideak aplikatuz"– eta Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legea aipatzen du, zerbitzua lehen mailako zerbitzu gisa katalogatzeari dagokionez, eta zerbitzu horren eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uzten duen eskumen-esparru berriari dagokionez.
Bigarren gaiari dagokionez, Administrazioari jakinarazi diogu, 12/2008 Legeko zazpigarren xedapen iragankorraren edukia ikusirik, erabiltzaileen ekarpen ekonomikoa arautzen duen dekretuari dagokionez, nahiz xedapenaren interpretazio analogikoa eginez, Euskal Gizarte Zerbitzuen Sistemaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroaren Dekretuari dagokionez, honakoa ondorioztatzen dugu: garapen-araudia onesten ez den bitartean, lege hori indarrean sartu ziren arloan indarrean zeuden araudiak aplikatu beharko dira.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eskainitako informazioaren arabera, telelaguntza zerbitzuaren kudeaketa ez du 2011ra arte bereganatuko[6].
Gizarte Zerbitzuen Legeko hirugarren xedapen gehigarriak xedatzen duenaren arabera, eskumenen banaketak eta horren ondoriozko finantzaketa-egokitzapenak ezin dute, inola ere, banaketa berria indarrean sartzerakoan dauden prestazio eta zerbitzuen intentsitatea eta estaldura mailak murriztu.
Gasteizko biztanleak harriturik ari dira ikusten I. mailako menpekotasun egoeran dauden pertsonei ukatu egiten zaiela menpekotasun egoera ez dauden beste pertsona batzuei ematen zaien zerbitzu bat (alegia, pertsona autonomoei ematen zaie, baina horien eskumena udalari dagokio) eta baldintzak betetzen dituzten arren, paradoxikoki, haiek ere betetzen dituztela.
Zaila da ustezko horiek ulertzea Euskal Gizarte Zerbitzuen Sistemaren garapen koherente eta orekatuaren ikuspuntutik, baita prestazio eta zerbitzuak berdintasun-irizpideen arabera eskuratzeko aukeraren ikuspuntutik.
Horrez gain, pertsona autonomo bati, I. graduko menpekotasuna izateagatik, telealarma zerbitzua jasotzeko eskubidea kendu ahal zaio. Horrek, zalantzarik gabe, 12/2008 Legeko 7. artikuluko f) idatz-zatian jasotako jarraitutasun printzipioa kolokan jarri ahalko luke ("...arretaren jarraitutasuna eta osotasuna bermatu beharko du, baita administrazio edo sistema bat baino gehiago barne hartzen dituenean ere"), eta Euskal Sistema printzipio horrek oinarritu beharko luke, edo lege horren inguruko ikuspegi komunitarioak, pertsonak beren ohiko bizilekuan mantentzeari lehentasuna emateko xedea duenak (14. artikulua).
IV.5. Etxez etxeko laguntza-zerbitzuak, esan dugun bezala, eragin handia dauka adineko pertsonen kolektiboan, eta arlo horretan ere Arabako herritarren kexa batzuk ere erregistratu ditugu. Kexa horiek arretaren kalitatearekin zeuden lotuta, baita gauzatu behar ziren zereginei edo egokitasunari edo zerbitzu hori ematen duen profesionalari buruz ere. Espediente horiek modu positiboan ebatzi dira Arabako Foru Aldundiaren langile erantzuleekin harremanetan jarri garenean. Egia esan, horrelako gertakizunak Administrazioak berak ebazten zituen lehen, eta ELZren jarraipen eta kontrol programa bat zeukan. Erregistratutako kexek argi erakusten dute beharrezkoa dela ezaugarri horiek dauzkan programa bat berreskuratzea.
ELZ jasotzeko eskaeren aurrean emandako erantzunaren inguruko kexak ere jaso ditugu, eta horien eskubidea ez zen eraginkorra APSLren pixkanakako aplikazioaren arabera. Kasu horietan, zerbitzua jasotzeko eskubidea onartzen zitzaien, baina puntuazio bat egokitu zitzaien zerbitzu hori eskaintzea posible izan arte baliabideen banaketa programan sartzea adosteko. Ustezko hori telelaguntza zerbitzuarekin lotuta aipatu duguna bezala tratatu dugu.
IV.6. 2010ean erregistratu ditugun kexa-espediente batzuetan, adineko pertsonek edo haien senideek desadostasuna agertzen zuten menpekotasunaren balorazioaren emaitzari buruz. Haien ustez, onartzen zaien menpekotasun gradua-maila dagokiena baino baxuagoa da. Kasu batzuetan, gradu-maila horren ondorioz, ezinezkoa zen prestazioak eskuratzeko eskubidea gauzatzea, legea pixkanaka aplikatzen joateko egutegiaren arabera.
Egia esan, ez daukagu gaitasunik edo balorazio-elementurik kasuan kasuko foru aldundiak baremoa nola aplikatu duen zalantzan jartzeko. Kasu horietan, interesdunei esaten diegu hilabeteko epean emaitza aurkaratzeko eskubidea dutela. Horretarako, berraztertze-errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, bi hilabeteko epean, edo, bestela, eskatzailearen osasunak okerrera egin duenean, kasua berrikusteko eska dezakeela jakinarazten diogu.
IV.7. Arabako Foru Aldundiak familiaren barruan zaintzak jasotzeko prestazioak jasotzeko eskaera bat ukatu izanarekin lotutako kexa bat erregistratu dugu. Menpekotasun egoera zegoen pertsona hil ostean egindako eskaera bat da eta atzeraeraginarekin onar zedila eskatzen zuen. Informazio eskaera bidali genuenetik denbora luzea igaro den arren, eta errekerimendua bidali badugu ere, momentuz ez dugu erantzunik jaso.
IV.8. 2008ko uztailean ofiziozko esku-hartze bat hasi genuen, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailari dagokionez, Bizkaian zerbitzuarekin lotutako prestazio ekonomikoa arautu ez izanaren arrazoiak zein diren jakiteko. Sailak zioenez, egoitzen sare foralak egoitzetako plaza iraunkorren eta behin-behinekoen eskaera guztiei erantzuteko adina baliabide zituen.
Eguneko zentroei dagokienez, foru erakundeak adierazitakoaren arabera, eremu jakin batzuetan egon litezkeen gabeziak, banakako diru-laguntzen deialdiekin osatzen dira. Laguntza horiek diru-laguntzak direla azpimarratu genion (horiek emateko, ezinbestekoa da kasuan kasuko ekitaldian kreditua eskuragarri egotea), APSLk barne hartzen duen zerbitzuarekin lotuta dagoen prestazioa, ordea, eskubide subjektibo bat da.
Baliaezintasunak dauzkaten pertsonentzako eguneko arretarako zentroei eta egoitzei dagokienez, aldundiak zioenaren arabera, lurraldeko plaza guzti-guztiak foralak dira, eta, ondorioz, lurralde horretan ez dago zerbitzu pribaturik. Horren harira, arreta lurralde historikotik kanpoko egoitza batean jaso litekeela planteatu genion (Arabak egoera hori barne hartu du).
Azkenik, aldundiak jakinarazi zigun araudi hori prestatzen hasi dela erantzukizun publikoko egoitza batean plaza bat esleitu bitartean egoitza batean, erregimen pribatuan, arreta jasotzen den aldiari aurre egiteko beharraren ondorioz.
Hala da, izapidetutako kexa batzuek erakusten zutenez, plaza esleitu arteko aldia gehiegizkoa izan daiteke batzuetan (bederatzi hilabete eta 26 egun, tramitatutako espediente batean, adibidez). Espediente horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzuarekin lotutako prestazioaren eskaera ezesteko eman zuen arrazoia honakoa izan zen: "ez dago eskatutako prestazio ekonomikoa oinarritzen duen araudirik".
Gure ustez, egokia izango zatekeen APSLko 17. artikuluak barne hartzen duen zerbitzuarekin lotutako prestazio ekonomikoa jasotzeko eskaera onartzea; izan ere, menpeko deklaratu den pertsonari dagokion eskubide subjektibo bat da (lege testuko 1. artikulua). Eskubide horrek ez luke egon behar derrigorrez bete beharreko lege-baldintza garatzen duen araudia existitzearen menpe.
Gure ondorioetan omisio horren ondorio negatiboak azpimarratu genituen, baita Bizkaian bizi diren pertsonei eragiten zaizkien kalteak eta, araudirik ez egotearen ondorioz, kasuan kasuko administrazio-prozedura argitzea ezintzen ari dela eta administratuari ziurgabetasun juridiko argia eragiten ari zaiola ere.
Foru erakundeari adierazi genion komenigarria zela araudi hori lehenbailehen onartzea. Araudia onartu bitartean, Foru Administrazioari proposatu genion araudi juridikoak eskaintzen dituen bideak aztertzeko, araudi faltak eragiten dituen kalteak arintzeko:
• Estatuko erreferentziazko xedapenak aplikatzeko aukera: APSLko 1.1, 4.1, 5.1, 14.3, 17.1 eta 28.6. artikuluak; 28.1. artikuluak 30/1992 Legera bidaltzen du orokorki, eta foru erakundearen jarduna bideratu eta horren menpe jarri ahal dugu, baita interesdunarentzat gutxieneko bermeen sistema bat ezarri ere (menpekotasuna daukan pertsona sare publikotik bapoko egoitza batean egoteagatik, adibidez, eragindako gastuak kontuan hartzeko abiapuntu gisa hartzeko data ezartzeko 57.3 baldintzaren arabera egintzen atzeraeragina); eta APSLko 20. artikulua, APSLren prestazio ekonomikoei buruzko Errege Dekretuek (7/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 11koa, 2008ko ekitaldirako prestazioena, eta 73/2009 Errege Dekretua, urtarrilaren 30ekoa, 2009ko ekitaldirako prestazioena) ezartzen dutenaren arabera zenbatu behar diren hileroko zenbatekoak kalkulatzeko.
• Herri-administrazioaren ondare-erantzukizunaren bide posiblea zerbitzu publikoen funtzionamendu normala edo ezohikoaren ondorioz. Hortaz, planteatu egin beharko litzateke ea erakunde kudeatzailea den 30/92 Legeko 139. artikuluari eta hurrengoei jarraiki eragin diren kalte-galeren erantzulea ote den. Aukera hori kontuan hartu ondoren, Administrazioak berak ofizioz ondare-erantzukizunaren prozedura hori hasteko aukera aztertu ahalko litzateke (legeko 142. artikulua), baita prozedura laburtuaren bidez bideratzea erabaki ere (143. artikulua), zerbitzu publikoaren funtzionamendua eta eragindako kaltearen arteko kausalitatea zalantzarik gabekoa dela ulertzen delako, baita kalteen balorazioa eta kalte-ordainaren zenbatekoaren kalkulua egiteko ere.
Bukatzeko, iradokizun bat egin genuen, alegia, onetsiko den araudiak xedapen iragankor bat jasotzea eta, bertan, atzeraeraginarekin jaso daitezela une horretara arte erantzunik jaso ez duten lehenagoko egoera guztiak.
II.3.8 atalean aurreratu dugun bezala, aurten argitaratu da 90/2010 Foru Dekretua, ekainaren 29koa, Bizkaian menpekotasunak dauzkaten pertsonentzako egoitza zerbitzu foralarekin lotutako prestazio ekonomikoa arautzen duena.
V. Ondorioak
Adineko pertsonen kolektiboa gero eta handiagoa da bizi-itxaropena areagotu egin delako. Horrez gain, oso talde heterogeneoa da; izan ere, batetik, autonomia pertsonala eta gizartean aktiboki esku hartzeko gai diren pertsonak barne hartzen ditu, eta, bestetik, autonomia pertsonala oso mugatuta duten menpeko pertsonak.
Zahartze aktibo eta salbagarria gero eta garrantzitsuagoa da, adineko pertsonek bizitza aktiboa eta autonomoa egitea sustatzen da, eta, horrela, pertsonen bizitza-kalitate hobea lortzeaz gain, gizarte zerbitzuen iraunkortasunerako ere mesedegarria da.
Horrenbestez, beharrezkoa da botere publikoek konpromisoa hartzea adineko pertsonen parte-hartze soziala sustatzeko eta autonomia pertsonala bultzatzeko.
Bizitza aktibo hori lortzeko, ezinbestekoa da diru-sarrera duinak izatea.
Bestalde, kezkagarriak dira adineko pertsonek jasaten dituzten tratu txar egoerak, bereziki, psikologikoak. Errealitate hori ez da guztiz azaleratu, eta, ondorioz, beharrezkoa da tratu txarrak prebenitu eta antzemateko neurriak hartzea. Eusko Jaurlaritzak adineko pertsonen kontrako tratu txarren kontra borrokatzeko plan bat prestatu beharko luke.
Bestalde, aipatzekoa da, 8/2010 Errege Dekretuan defizita murrizteko aurrez ikusten diren aparteko neurriei dagokienez, menpekotasunagatiko prestazioak eskuratzeko eskubidea sortzen den unea aldatu egin dela; izan ere, prestazioak onartzen dituen ebazpena ematen denetik aurrera sortuko dira, edo, berariazko ebazpenik ematen ez baldin bada, eskaera egiten denetik sei hilabetera.
Eskaera egiten den unetik eskubidea sortzen dela adierazten zuen xedapena ezeztatzen zuen neurri hori dagoeneko jaso da Arabako eta Bizkaiko aldundien foru dekretu banatan.
Aipatzekoa da, era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak konpondu egin duela zerbitzuarekin lotutako prestazioaren arauketa, eta aurreko urteetako txostenetan ere aipatu genituen kexa horien ondorio kaltegarriak.
Arretaren jarraitutasun printzipiora egokitutako aldi bereko arreta sanitario eta sozial koordinatua eta egonkorra izateko beharra bereziki garrantzitsua da adineko pertsonei dagokienez, eta, aipagarria da menpekoak diren adineko pertsonen kasua. Hori dela eta, oso interesgarria da EAEko arreta soziosanitarioko zuzentarauak lantzeko marko agiria.
Egoitzetako plazen prezio publikoarekiko desadostasuna agertzen zuten kexa batzuk direla eta, berriro ere azpimarratu da hiru foru aldundiek adineko pertsonentzako egoitzen plazetarako ezartzen dituzten prezio publikoen zenbatekoen arteko desberdintasunak. Prezio publiko horiek homogeneizatzeko joera izan beharko lukete, edo, gutxienez, aldea gutxitu beharko litzateke.
Titulartasun publikokoak izan arren kudeaketa pribatukoak diren adineko pertsonentzako egoitza zerbitzuetako lan-gatazkek, Aldakonea eta Ariznavarra egoitzetakoek, adibidez, argi adierazten dute beharrezkoa dela langileen greba-eskubidea eta egoitzetako adineko pertsonen osasunerako eta arreta zerbitzua jasotzeko eskubidea bateratzea.
Bukatzeko, aipatzekoa da, etxez etxeko laguntza zerbitzua eskaintzeari dagokionez, paradoxikoa dela, Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko eskumenen banaketa ikusirik, zerbitzua I. graduko menpekotasuna duten pertsonei ukatzea eta, halere, pertsona autonomoek zerbitzua jasotzea, nahiz eta horiei zuzendutako arreta udalaren eskumena den.
[3] "Violencia, abuso y maltrato de personas mayores. Perspectiva jurídico-penal y procesal".
[4] EQUIPO PORTAL MAYORES 2010. "La convención internacional de los derechos de las personas con discapacidad y su potencial aplicación a las personas mayores" Madril, Portal Mayores Txostenak, 105 zk..
[5] Zaindariak atsedenaldian edo oporraldian badago, urtero 30 egun naturalez gehienez ere; gainerako ustezkoetan urtero 3 hilabetez gehienez (edo lau hilabetez, aparteko kasuetan).
[6] Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, 49/2009 espedientearen esparruan, honakoa jakinarazi zigun: "gaur egun EAEko lurraldeetan ematen diren sistemen esparruan, desoreka handia dago prestazioen mailen, horiek eskuratzeko baldintzen eta prezio publikoen artean, telelaguntza sistemaren barruan. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen da analisi xehea egitea 2011n, Eusko Jaurlaritzaren titulartasunarekin, EAE osorako zerbitzu homogeneo bat eskaini ahal izateko".
11. Talde terroristen biktimak
I. Aurrekariak
Arartekoak beti sentsibilitate berezia azaldu du terrorismoaren biktimen aurrean eta erabateko kontrakotasuna adierazi du hilketen, estortsioaren eta mehatxuen bitartez giza eskubideen urraketa oso larriak eragin dituzten indarkeria terroristaren ekintza guztien aurrean. Hain zuzen ere, terrorismoaren indarkeriak ehunka pertsona hiltzea eragin du eta larriki urratu du atentatu terroristetan zaurituak, bahituak, pertsegituak eta estortsionatuak izan diren milaka herritarren osotasun fisiko eta moralerako eskubidea. Poliziak, militarrak, epaileak, presondegietako funtzionarioak, ordezkari politikoak, irakasleak, enpresariak eta bestelako lanbideak izateagatik heriotza mehatxu iraunkorrak jasan behar dituzten milaka herritarren askatasuna urratu da.
2010. urtean, Jean-Serge Nérin gendarmearen hilketa gaitzetsi beharra dago; ekintza terroristari erabateko gaitzespena adierazi behar zaio eta haren familiako kideei eta lagunei gure elkartasuna helarazi. Bestalde, azpimarratzekoa da urte honetan ez dela izan heriotza-biktima bat bera ere Espainiako lurraldean.
2010a oso urte positiboa izan da arlo arau-emaileari dagokionez, baita terrorismoaren biktimen aldeko botere publikoen beste ekintza batzuetan ere, gerora azalduko denari jarraiki.
II. Arloa kopurutan
Aurreko urteetan gertatu den bezala, oso gutxi dira terrorismoaren biktimen arloan izandako kexak, 3 baino ez, orotara jasotako kopuruaren %0,23 baino ez.
Guztiek zerikusia dute talde terroristen biktimekiko artapenean izandako arazoekin.
Urteko txostenaren idazkuntza itxitzat jo denean, hirurak ebazteke daude oraindik.
III. Legeen testuingurua eta politika publikoak
III.1. Terrorismoaren biktimek erabateko kalte ordainak jasotzeko eskubidea
Ekainaren 19ko 4/2008 Legearen zergatien azalpenean, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egitekoa delakoan, azpimarratzen da Erreparazio eskubideak "ekintza terroristen ondorioz nozitu dituzten kalte mota desberdinengatik biktimei ordaina emateko erabil daitezkeen neurri guztiak biltzen dituela". "Testuinguru horretan, arauak ezartzen duenez, eragindako kalteen erreparazioa egiteak zenbait neurri mota jaso ditzake: lehengoratzekoak, kalte-ordainak ematekoak, errehabilitatzekoak eta laguntza integrala zein morala ematekoak".
Aipatutako 4/2008 Legearen III. atalak biktimen babes eta artapen integralerako sistema arautzen du honako arloetan: osasun fisiko eta psikikoa, etxebizitza, kalte materialak, enplegua eta funtzio publikoa, irakaskuntza eta trebakuntza.
Legearen aurreikuspen askok beharrezkoa zuten araudiaren garapena eraginkorrak izateko. Hori dela eta, garrantzi berezia zuen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretua onartzeak, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duena.
Bestalde, Estatu mailan, beharrezkoa da aipatzea Terrorismoaren biktimen aitorpen eta babes integralerako Lege Proposamena. Memoria, duintasun, justizia eta egiaren ideiak garatzeaz gain, biktimen aitorpena eta erabateko laguntza bilatzen ditu. Horrek biktimek eskura dituzten laguntza, prestazio eta ohoreen hazkundea ekarriko du.
Azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuak Terrorismoaren biktimei laguntza integral emateko sistema garatzen duen ekainaren 19ko 4/2008 Legearen bigarren xedapen gehigarriaren aginteari erantzuten dio; Gobernuari ematen dio "lege honen edukiak aplikatzeko eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen arautzaile guztiak" egiteko.
Euskadiko Terrorismo Biktimekiko Erakundeen Arreta Arartekoaren ezohiko txostenean, IV gomendioan, erreparazioaren eskubideari lotuta, hauxe azpimarratzen zen: "erreparazioari dagozkion obligazio publikoetako batzuk 4/2008 Legearen arauzko garapena ahalik eta lasterren zehaztu behar da". Araudi honek aukera emango du dekretuak 4/2008 Legea arauz garatu beharrak baldintzatzen zituen terrorismoaren biktimen prestazio batzuei erantzuteko.
Terrorismoaren biktimei artapen integralerako sistema bat garatzeko, aipatutako dekretuan zehaztu dira:
– Kalte materialak ordaintzeko ekintzak.
– Kalte materialen prebentziorako ekintzak.
– Laguntza juridikoa.
– Osasun eta psikologia arloa.
– Hezkuntzaren arloa.
– Enplegu aktiborako politiken arloa.
– Funtzio publikoaren arloa.
– Etxebizitzaren arloa.
– Justifikatu beharreko ordainketak eta ezohiko laguntzak.
Beraz, dekretuak 4/2008 legearen artapen integralerako aurreikuspenak garatzen ditu, legeak xedatutako eskubideak gauzatzeko beharrezkoak diren baldintza eta prozedurak zehaztuz.
Diputatuen Kongresuan Terrorismoaren biktimen Aitorpen eta Babes integralerako Lege-proposamena izapidetzea terrorismoaren biktimen eskubideen arloko arauzko mugarri handietako bat da eta azken urteotan terrorismoaren biktimen elkarte eta fundazioek egin dituzten erreklamazio oso sentikor bati erantzuna ematen dio.
Interesgarria da arauzko testu honen gaineko ohar batzuk egitea:
– Parlamentuko talde guztiek adostutako lege-proposamena da [Sozialista, Popularra Kongresuan, Katalana (Convergència i Unió), Euskalduna (EAJ-PNV), Esquerra Republicana-Izquierda Unida-Iniciativa per Catalunya Verds eta talde mistoarena]: hori terrorismoaren aurrean irmotasun demokratikoaren irudi oso sinbolikoa da.
– Terrorismoaren biktimek euren elkarte eta fundazioen bitartez helarazitako aldarrikapenetako ugari kontuan izan ditu.
– Arauzko berrikuntza batzuk dakartza eta lehenagoko aurreikuspenak berrindartzen ditu. Horrela:
• Memoria, duintasun, justizia eta egiaren indarra ideietan oinarritzen da.
• Terrorismoaren biktimak giza eskubideen urraketak jasandako biktima gisa hartzen ditu.
• Terrorismoaren biktimen arretaren kontzepzio orokorra planteatzen du.
• 1960ko urtarrilaren 1etik aurrera izandako ekintza terrorista guztiei atzeraeragineko aplikazioa aurreikusten die.
• Legeari mehatxatuen irudia eransten dio.
• Lege honetan batzen ditu orain arteko aurreko legeetan modu bereizian araututa zetozen prestazioak.
• Biktimen intereserako material ugari arautzen ditu: kalte pertsonal eta materialen ordainketa; osasun artapena; lan eskubideak eta Gizarte Segurantza; terrorismoaren biktimei emandako ezohiko laguntzak; etxebizitza arloan izandako ekintzak; hezkuntzarako laguntzak; biktimen babesa prozesu judizialetan.
Nahiz eta hobetu litezkeen alderdiak egon litezkeen, arauzko testu ona da, terrorismoaren biktimen babesa indartuko duena.
II.2. Terrorismoaren biktimek partaidetza eskubidea
Erakunde honek idatzitako Euskadiko Terrorismo Biktimekiko Erakundeen Arreta izeneko txostenean, parte hartzeko eskubidearen garrantzia azpimarratzen zen, terrorismoaren biktimen eskubideetako bakoitzean islatzen den zeharkako eskubide gisa. Partaidetzaren printzipioak garrantzi berezia hartzen du Biktimen Erreparazio eskubidearekin batera.
4/2008 Legeak berak, 6. artikulua, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren sorkuntza aurreikusten du, era paritarioan osatu dela kontuan hartuta: alde batetik, euskal administrazio publikoak eta, bestetik, terrorismoaren biktimen elkarte eta fundazio euskaldunak eta elkarte bakezaleak.
2010. urte honetan, azpimarratzeko da Eusko Jaurlaritzak behingoz onartu duela 55/2010 Dekretua, otsailaren 23koa, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua sortzeko. Kontseiluaren helburua hau da: "terrorismoaren biktimen partaidetza bideratzea haiei eragiten dieten gai guztietan, bai eta administrazio publikoei arlo horretako politika zehatzak abiaraz ditzatela proposatzea ere".
Dekretuak kontseiluaren osaera, izendatzeko sistema, funtzionamendurako araubidea eta funtzioak xedatzen ditu. Apirilaren 14an Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua eratu zen. Organoaren presidentea Kriminologiaren Euskal Institutuaren zuzendaria da eta, administrazio publikoen bokal gisa honakoak ageri dira: Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua, Terrorismoaren Biktimen Laguntzarako zuzendaria, zuzendaritzaren alboko aholkularia eta Barakaldo eta Santurtziko alkateak, Eudelen ordezkari gisa. Gizarte zibilaren ordezkaritza Terrorismoaren biktimen elkarteetako hiru bokalek osatzen dute –Covite, Zaitu eta ACFSEVT–, Fernando Buesa Fundazioaren ordezkari bat –terrorismoaren biktima baten inguruan sortutako euskal fundazioen izenean– eta Gesto por la Paz taldeko kide bat, euskal talde bakezaleen izenean.
III.3. Memoriarako eskubidea
4/2008 Legearen 8.1. artikuluak, Terrorismoaren Biktimen Aitorpena eta Erreparazioa delakoak, hauxe dio: "euskal botere publikoek bakean eta askatasunean oinarritutako elkarbizitza lortzen eta biolentzia erabat eta errotik deslegitimatzen lagunduko duen memoria kolektiboa finka dadin sustatuko dute". Hori dela eta, aparteko atseginez jaso dugu euskal erakundeek Terrorismoaren Biktimen Memoriaren lehen eguna ezarri izana. Hautatutako data, azaroaren 10a, karga sinboliko handikoa da, hori baita ekintza terroristek zauriturik edo hildakorik eragin gabe gelditzen den urteko egun bakarra.
Data horretan Eusko Legebiltzarraren presidentziak terrorismoaren biktimen oroitzapenaren aldeko adierazpenak egin zituen. Adierazpena Ajuria-Enean irakurri zen ere, biktimek lehendakariarekin egindako ekitaldi batean; baita batzar nagusietan eta euskal udal ugariren osoko bilkuretan ere.
Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Eguna Arkauteko Ertzaintzaren akademian ospatu zen ere, 1985etik ekintza terroristetan hildako polizia autonomoaren hamabost kideei egindako omenaldi batekin.
Eguna Andoainen egindako ekitaldi batekin amaitu zen; Andoainek gertutik bizi izan du indarkeria terrorista, ETA, Triple A eta Batallón Vasco-Español taldeen zazpi biktima izan baititu.
III.4. Memoriarako eskubidea udal mailan
Udal mailan, herritarrengandik hurbilen dagoena izateagatik, arreta berezia eskaini behar zaio terrorismoaren biktimen memoria eskubidea gauzatzeari. Euskadin terrorismoaren biktimei erakundeek emandako arreta izenburuko txostenean, –erakunde honek egindakoa– hauxe adierazi zen: "Modu negatiboan baloratu beharra dago atentatu terroristarik izan ez duten edo herritarren artean terrorismoaren biktimarik ez daukaten udalerri askotan horiek omentzeko ekimenik egitea beharrezkotzat jo ez izana. Udal korporazioen konpromisoaren indar sinbolikoak, zalantza izpirik gabe, lagunduko luke terrorismoaren gaitzespen sozial eta politikoa lortzen."
Aipatutako txostenaren 23. zenbakia duen koadroan azaltzen da une hartan hamabost bat udalerrik baino ez zituztela antolatu terrorismoaren biktimen omenaldi eta aitorpenerako ekitaldiak; datuak kontraste handia eragiten zuen terrorismoaren atentatuetan hildakoak izandako euskal udalerrien kopuru handiarekin alderatuta.
Egoera horrek Arartekoari honako ekintza planteatzera eraman zuen, memoriaren eskubidearen gaineko gomendioa kontuan hartuta: "udalerri guztietan, biktima terrorista bat izandakoetan ezinbestean, terrorismoaren biktimen memoriarako kale edo eraikin publiko bat sortzea, era pertsonalizatuan eta parte-hartzailean, eta horrekin lotutako hezkuntza-jardueraren bat antolatzea urtero".
Zorionez, Terrorismoaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzaren lan eskergaren ondorioz, Memoriaren Maparen ekimenaren bitartez, udalerri ugari pixkanaka-pixkanaka azken urteetan hasi dira euren udal eremuan izandako biktimei omenaldiak egiten. Horrela, 2010. urtean zehar honako omenaldiak egin zaizkie terrorismoaren biktimei:
Otsailak 15 | Lasarte |
Maiatzak 7 | Zumarraga |
Maiatzak 28 | Markina |
Uztailak 10 | Getxo |
Uztailak 23 | Zumaia |
Uztailak 29 | Erandio |
Azaroak 10 | Andoain |
Azaroak 10 | Orio |
Azaroak 10 | Elburgo |
Azaroak 10 | Beasain |
Hain zuzen, 2010eko otsailaren 15ean, Lasarteko Udalak terrorismoaren biktimak omendu zituen, bereziki, udalerrian hil zituzten zortzi pertsonak, udalerri horretan izandako atentatuetan zauritu edo kaltetutako hiru pertsonak edo udalerritik kanpo atentatu terrorista bat izan zuten Lasarteko auzokideak. Omenaldian bi plaka ezarri zituzten udalaren sarreran.
Zumarragako Udalak, maiatzaren 7an, omenaldia eskaini zien ETAk hildako udalerriko lau biktimei eta plaka oroigarri bat ezarri zuen.
Markinako Udalak ere terrorismoaren biktimei omenaldi bat egin zien maiatzaren 28an.
Bere aldetik, Getxoko Udalak omenaldia egin zien uztailaren 10ean udalerri horretako ETA eta GAL taldeen ekintza terroristek eragindako 18 biktimei. Eskultura bat egin da terrorismoaren biktimak oroitzeko: Guztion etxea du izena.
Uztailaren 23an, Zumaiak omenaldia eskaini zien udalerri gipuzkoar horretako terrorismoaren bost biktimei. "In memoriam" leloa zuen plaka bat aurkeztu zen.
Uztailaren 29an, Erandioko Udalak udalerrian ETAk eragindako bi biktimak omendu zituen, bietako bat bi urteko mutiko bat.
Azkenik, Memoriaren Egunean lau omenaldi egin zituzten, horietako bat Andoainen: han lehendakariak eskultura bat inauguratu zuen, Askatasunari-A la libertad, terrorismoaren biktimei eskainia, ekintza terroristek eragindako zazpi biktimak gogoratuz.
Orioko Udalak, egun berean, Memoriaren Maparekin bat egin zuen: udalerriko biktimen omenez ezarritako plaka bat inauguratu zuen.
Elburgoko udalerri arabarrean eskultura bat inauguratu zuten azaroaren 10ean, Landederra eraikinaren ondoan, udalerri horretako terrorismoaren biktimei eskainia.
Memoriaren Egunarekin bat eginik, Beasaingo Udalak Gipuzkoako udalerri horretako biktimak omendu zituen.
Gainera, beste udalerri batzuetan urteko ekitaldiak antolatu zituzten, aurreko urteetako jarraipen gisa, Bilbon edo Zarautzen, besteak beste.
Amaitzeko, biktima indibidualentzako omenaldiak egin zituzten, familiako kide, lagun edo alderdi politikoetako edo erakundeetako ordezkariekin, hainbat euskal udalerritan.
III.5. Bakean eta askatasunean elkarbizitzeko eskubidea: Terrorismoaren deslegitimaziorako biktimen interesa hedabideen eta prebentzio terroristarako hezkuntzaren bitartez
Bakerako, askatasunerako eta elkarbizitzarako eskubidea 4/2008 Legearen 9. artikuluan azaltzen da, terrorismoaren deslegitimazio etiko, sozial eta politikoaren ideiari lotzen zaiona.
4/2008 Legeak berak, 9.3 artikuluaren b) eta d) ataletan botere publikoei agintzen die "hezkuntza sistemaren maila guztietan, bakerako eta giza eskubideen aldeko hezkuntza, baita balio demokratikoen sustapena ere, bultzatzeko".
Era berean, botere publikoei honakoa eskatzen zaie: "terrorismoaren etika, sozial eta politikoaren deslegitimaziorako neurri aktiboak hartzea, elkarbizitza integratzailerako arauak artikulatuz, Zuzenbide Estatuaren eta Estatu demokratikoaren legitimazio soziala babestuz eta sustatuz, gure askatasunen eta bakearen elkarbizitzarako berme gisa".
Nazioarteko arauek ere herritartasun demokratikoaren, partaidetzaren, kohesio sozialaren eta aniztasunaren errespetuaren garapenerako heziketaren potentzialitateen gaineko kontzientziazioaren helburua azpimarratzen dute.
Erakunde honi ardura berezia eragiten dio bakearen kulturan eta balioetan bultzatu beharreko hezkuntza, gai lehenetsia terrorismoaren biktimekiko erakundeen arretari buruzko txostenak eta balioen transmisioaren gaineko txostenak islatzen dituzten datuei begira. Ikerketa horretan aztertzen dira, besteak beste, nerabe euskaldunek terrorismoaren eta terrorismoaren biktimen aurrean duten jarrera, eta ekintza biolento edo terroristak justifikatu edo gaitzesten ez dituzten adinez beherakoen ehunekoari buruzko datu kezkagarriak ematen ditu.
Aurreko legealdian onartu zen Bakerako eta Giza Eskubideen Hezkuntzarako Euskal Plana (2008-2011), bakearen kultura sustatzeko asmoz, eta otsailaren 10eko 31/2009 Dekretuaren bitartez, Bakerako eta Giza Eskubideen Hezkuntzarako Aholku Kontseilua.
2010. urte honetan honakoa onartu da ere: Bizikidetza Demokratikoa eta Indarkeriaren Deslegitimazioa Plana (2008-2011), aipatutako Bakerako eta Giza Eskubideen Hezkuntzarako Planaren birformulazioa eragin duena.
Planak berak helburu gisa erakusten du herritarren jarrera orokorra aldatzeko aurrerapausoak ematea, askatasunean bizitzeko berme gisa sistema demokratikoa hartzeko asmoz. Era berean, aipatzen da planak jarraipena eman nahi diela, baita sistematizatu ere, bakerako eraginkorrak izan diren aurreko ekimenei. Nazioarteko erakundeek egindako gomendioak kontuan hartzen ditu eta bat dator Estatuko testuinguruarekin. Planaren oinarria Gobernuak arlo honetan egin dituen ekintzen sail arteko izaera da, baita bere erakunde arteko dimentsioa ere.
Bestalde eta kontuan hartuta terrorismoaren deslegitimazioan komunikabideek duten garrantzia, Eusko Jaurlaritzak eta EITBk akordio bat sinatu dute Bizikidetza Demokratikoa eta Indarkeriaren Deslegitimazioa Plana (2008-2011) garatzeko eta bultzatzeko, balioen sentsibilizazio kanpaina baten bitartez. Kanpainak plana sustatu nahi du telebistako spot, irratiko tarte, erreportaje, film eta indarkeriaren deslegitimazioan eta bizikidetza demokratikoan eragina duten ekintza edo gertakari esanguratsuen zabalkundearen bitartez.
III.6. Motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen eta sufrimendu bidegabeen biktimen txostenaren onarpena
Terrorismoaren biktimak giza eskubideen urraketak jasandako biktima gisa definitzen ditu legeak eta ezaugarri hori partekatzen dute eskubideen urraketa larriak jasan dituzten beste hainbat talderekin: Memoria Historikoaren legeak jasotako gertakarien biktimak, beste sufrimendu bidegabeen biktimak eta "Motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen eta sufrimendu bidegabeen biktimak" deituak.
Beharrezkoa da azaltzea, nahiz eta denak giza eskubideen urraketen biktimak izan, denak ez direla terrorismoaren biktimak; kategoria hori, legearen arabera, arauz hala definitzen direnek baino ez dute, zentzu hertsian. Beraz, biktima guztiek giza eskubideen urraketen biktimen ezaugarriak partekatzen dituzten arren, euren biktimizazioaren jatorria ez da bera, ezta aplika litezkeen ondorioak eta arauzko tratamendua ere.
Terrorismoaren biktimak ez badira ere, interes handikoa iruditzen zaigu aipatzea "Motibazio politikoko indarkeriak eragindako Giza Eskubideen Urraketen eta Sufrimendu Bidegabeen Biktimak Txostena" delakoaren onarpena.
Eusko Legebiltzarrak, 2007ko urriaren 5ean izandako Terrorismoaren Biktimei buruzko Bilkura Monografikoaren baitan, elkartasun instituzionala adierazi zien terrorismoaren biktimei eta euskal erakunde nagusien biktimekiko elkartasunaren konpromisoa indartzen duten 21 ebazpen onartu zituen. Ebazpen horien arteko lehenak erreferentzia egiten zion motibazio politikoa duen indarkeriatik eratorritako giza eskubideen urraketak jasandako beste biktimen errealitateari eta hitzez hitz azaltzen zuen:
"1. Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak kontrolatu gabeko taldeen, eskuin muturreko taldeen eta GALen terrorismoak eragindako biktimen gaineko ikerketa-txosten sakon eta zehatza egin dezala, arreta berezia jarriz biktimen identifikazioan eta indarrean dagoen legedian aitortzen diren eskubideen aitortza mailaren ikerketan.
2. 2. Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak motibazio politikoak eragindako giza eskubideen zapalketa jasan duten beste biktimen errealitatearen gaineko ikerketa-txosten sakon eta zehatza egin dezala, arreta berezia jarriz biktimen identifikazioan eta aitortza moral eta ordaintza egiteko beharrezko neurriak aztertzen.
3. Aipatutako lehenengo ikerketa-txostena 2008ko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko du Jaurlaritzak Terrorismoaren Biktimen lantaldearen aurrean.
4. 4. Aipatutako bigarren txostena, berriz, 2008ko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da Giza Eskubideen Batzordearen aurrean.
2008ko ekainaren 24an, Terrorismoaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzak Eusko Legebiltzarraren Giza Eskubideen Batzordearen baitan sortutako ponentzian aurkeztu zuen "Muturreko eskuinaren eta GAL kontrolik gabeko taldeek praktikatutako terrorismoaren biktimen errealitatea" delako txostena. Data berean, 2008ko ekainaren 24an, Herritarren Eskaera eta Giza Eskubideen Batzordean aurkeztu zen "Motibazio politikoa duen indarkeriazko testuinguru batean gertatutako giza eskubideen urraketen eta sufrimendu bidegabeen biktimak" delako txostena. Kasu bietan aurretik aipatutako agindu parlamentarioa betetzen zen.
Eztabaida, proposamen eta parte-hartze ugariren fruitu gisa, 2009ko abenduaren 22an, Herritarren Eskaera eta Giza Eskubideen Batzordeak aho batez onartu zuen ez-legezko proposamen bat honakoa zioena:
"Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Zuzendaritzari eta Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari eskatzen die lanean jarrai dezatela lehen pauso gisa 2008ko ekainean aurkeztu zen Motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktimei buruzko txostena delakoarekin. Txosten horrek aztertu beharko ditu Euskadin azken hamarkadetan indarkeriak eragin dituen giza eskubideen urraketek sortutako sufrimendu bidegabea, gaur arte kontuan hartua izan ez dena; horrela, biktima horiek aintzat hartzean ere egingo da aurrera. Aipatutako txostena Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren Batzordean aurkeztuko da, sei hilabete baino lehenago. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio aurkez dezala, data berean, erreparazioa egiteko lehenengo neurrien proposamena".
Agindu hori aintzat hartuta, aipatutako txostena egin da, biktimazioaren arloan garrantzitsutzat jotzen duguna, izan ere, bakerako eta bizikidetza demokratiko osorako aurrerapenari ekarpen bat egin baitiezaioke.
IV. Talde terroristen biktima izandako pertsonek aurkeztutako kexak
Lehenago esan dugu oso gutxi direla terrorismoaren biktimek aurkeztutako kexak. 2010. urtean hiru kexa baino ez ditugu jaso.
IV.1. 2009. urtean jaso ziren kexek: 4/2008 Legean aurreikusitako prestazioen desestimazioa planteatzen zuten eta, hala ere, ezin ziren indarrean jarri legearen arauzko garapena oraindik egin gabe zegoelako. 290/2010 Dekretuaren onarpena, azaroaren 9koa, dagoeneko aipatu duguna, legeak aurreikusitako prestazioetako batzuk zehaztu ahal izango ditu.
Gaia Terrorismoaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzari aurkeztu zitzaion, araudiaren arauzko garapenaren berri ez izatearen arriskuak beste biktimaren bati eskaera ezetsi ahal ziolako beldurrez. Zuzendaritzak jakinarazi digu, ofizioz, arauzko garapena ez izateagatik desestimazioa jaso zuten pertsona guztiei jakinarazi diela araudia onartu egin dela, ondo irizten baldin badiote, zuzendaritzaren aurrean eskaera egin dezaten berriz.
IV.2. 2010ean jasotako kexetako bik agerian uzten dute iragan mendeko 80ko hamarkadako urte gogorretan ekintza terroristek eragindako kalte materialekiko laguntzari dagokionez terrorismoaren biktimek ez dutela erantzunik jasotzen.
Kasuetako batean, familia batek planteatzen zuen 80ko hamarkadan ETAk egindako atentatu batean leherkari batek lau pertsona hil zituela, baita zauritu ugari eragin ere, eta gainera eraikinak kalte handiak jaso zituenez, erabat erauzi behar izan zutela. Eraikinaren jabea zen familiak kalte-ordainak jasotzeko eskaera bat egin zuen eta azaroaren 24ko 214/2002 Dekretuaren aplikazioaren bitartez ukatu egin zitzaien, eskaera egin zutenean indarrean baitzegoen eta dekretu hark arautzen zituen terrorismoaren biktimen laguntzak.
4/2008 Legeak eta 290/2010 Dekretuak ere ez diote erantzunik ematen egungo legea indarrean egon aurretik gertatutako ekintza terroristen bitartez kalte materialak jasan dituzten pertsonei.
Beste kexan Frantziako marka baten automobilen salmentarako lantegi emakidadun baten jabeak azaltzen du ETAren "interes frantses" deitutakoen kanpainaren ondorio gisa bost atentatu jasan zituela, bost leherkari jarri baitzizkioten: 1987ko uztailaren 22an, 1987ko urriaren 4an, 1988ko apirilaren 22an, 1995ko azaroaren 25ean eta 1995ko abenduaren 24ean. Lantegiaren aurkako ankerkeriak enpresaren egoera jasanezina egin zuen, zor ugari, salmenten jaitsiera eta lan-berrantolaketa ugari eraginik, langile ugari kaleratu behar izan baitzituen. Testuinguru horretan, Frantziako enpresak emakida kendu zion Bizkaiko lantegiari, azken atentatua gertatu eta bost hilabetera.
Zoritxarrez, indarrean dagoen araudiak ez du ematen egoera bidegabe hori konpon lezakeen erantzunik.
IV.3. Hirugarren kexak atentatuak zuzenean edo zeharka edo mehatxu terroristak sentitu edo jasan dituzten pertsonen egoera planteatzen du: pertsona horiek zauri edo kalte fisikoak ez ezik, kalte psikologikoak dituzte ere, ekintza horien ondorio gisa. Kasu askotan ez zen jasandako ekintza biolentoengatiko salaketarik egin poliziaren aurrean, eta ez zen ez laguntza medikorik ez teknikorik eskatu. Horietako pertsona askok "pertsekuzio indarkeria" delakoa jasaten duten taldeetako kideak dira eta urte ugari pasatu dituzte etsaitasunezko ingurune batean, eta denborak aurrera egin ahala euren kalte fisiko eta psikikoak okertu egin dira.
Kasu askotan pertsona horietako batzuek, atentatuak igaro eta urte ugarira, euren kalteak okerrago daudela ikusten dute eta ezgaitasun iraunkor, baliaezintasun gabeko lesioen edo baliaezintasun osoen aitorpenak jasotzeko hartzekodun bihurtzen dira; batzuk hiltzera iristen dira. Arazoa da bien arteko lotura kausal bat aurkitzea, dituzten eritasunak jasandako ekintza terroristek eragin zituztela argitzeko. Horretarako, Administrazioari eskatzen diote ziurtatu dezala lotura kausal hori egon badagoela.
Une honetan kexa izapidetzen ari dira Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzan.
V. Jarduera-planean aurreikusitako ekintzak
V.1. Elkarte eta fundazioekiko harremanak
Terrorismoaren biktimen elkarteek, terrorismoaren biktima bat oroitzeko sortutako fundazioek eta elkarte bakezaleek egindako ekintzei esker, gizarteratu egin dira terrorismoaren biktimen irudia, egoera eta aldarrikapenak, ezbairik gabe.
Arartekoaren erakundeak, Arartekoaren beraren, ondokoaren edo idazkari orokorraren bitartez, elkarte eta fundazio horietariko askok deitutako ekintza askotan parte hartu dute. Gainera, erakundeak UPV/EHUko Udako Ikastaroetako mahaietako bat moderatzen parte hartu du: Fernando Buesa Fundazioak antolatutakoa, zinema, literatura eta terrorismoaren biktimei buruzkoa
V.2. Administrazioekiko harremanak
2010. urtean zehar, Arartekoaren erakundeak hainbat bilera izan ditu Terrorismoaren Biktimen Laguntzarako Zuzendaritzarekin eta Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin, jasotako zenbait kexa, proiektu eta ekintzaz jarduteko, zuzendaritza horiek terrorismoaren biktimen alde egin dituztenez, batik bat.
Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzarekin elkarlanean jardun zuen Elkarbizitzarako Zinemaren 1. Erakustaldia delako ekitaldian: Bilbon izan zen 2010eko azaroaren 16,17,18 eta 19an.
V.3. Ikerketa bekak
2009ko abenduaren 10ean, Arartekoaren erakundeak ikerketa aplikaturako beka bat esleitu zion Asun Merinero Sierrari, "EAEko terrorismoaren biktimen memoria eta aitorpen sozialerako Eskubideak" izenburupean. Ikerketa lana 2010. urte osoan zehar garatu da eta 2011ko lehen seihilekoan amaitu eta argitaratua izango da.
Ikerketak nagusiki lau bloke jorratzen ditu:
– Memoria eskubidea Euskadiko terrorismoaren biktimei aplikatua.
– Memoriaren erabilera eta gain-erabilera Euskadiko terrorismoaren biktimen kasuan.
– Euskadiko terrorismoaren biktimak oroitzeko erakundeen ekimenen azterketa.
– Euskadiko memoria kolektiboa eraikitzeko gainerako arloak: Gizartea, hezkuntza eta kultura.
Ikerketa lan honek ekarpen eta ikuspegi oso interesgarriak emango dizkie biktimazioaren arloko printzipio garrantzitsuenei: Memoriarako eskubidea, eta nolabait osatuko du erakunde honek terrorismoaren biktimekiko erakundeen arretari buruz idatzitako txostena.
VI. Ondorioak
VI.1. 290/2010 Dekretuaren onarpenaren balioespen oso positiboa egiten dugu, terrorismoaren biktimei laguntza osorako sistema garatzen baitu eta 4/2008 legean xedatutako eskubideetako batzuk indarrean jarriko baititu.
VI.2. Terrorismoaren biktimen aitorpen eta babes osorako Estatuko legearen onarpena, biktimen erreparazioari dagokionez, mugarri garrantzitsua izango da.
VI.3. Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua sortu eta martxan jartzeak aukera emango du biktimen partaidetza bideratzeko euren interesekoak diren arlo eta esparru guztietan.
VI.4. Terrorismoaren biktimen memoriarako eskubidea indartu egin da azaroaren 10a Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Egun izendatzean eta 2010. urtean hamar bat udalerri euskaldunek Memoriaren Mapan sartzeko ahalegina egiteagatik.
VI.5. Indarkeria Deslegitimatzeko eta Elkarbizitza Demokratikorako planaren onarpena oso tresna garrantzitsua da balio baketsu eta demokratikoetan lan egiteko, batik bat hezkuntzaren arloan.
VI.6. "Motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen eta sufrimendu bidegabeen biktimak" txostenaren onarpena, legeak agindutakoari jarraiki, terrorismoaren biktimei buruz ez jardun arren zentzu hertsian, giza eskubideen urraketak jasandako beste biktima batzuk babesten ditu. Biktimizazioaren arloko txosten garrantzitsua da, bakerako eta elkarbizitza demokratiko osorako aurrerapausoa izan litekeena.