3.6. Ikasle ijitoak
Sektorearen ezaugarriak
Aldi baterako edo sasoikako populazioa ez dugu hemen aztertuko, Arartekoak haiei buruzko txosten berezia egin baitzuen, Sasoikako langileen egoera Arabako mahats eta patata bilketan izenekoa, eta txosten honetako hurrengo azpikapituluan berariaz aztertuko dugulako. Beraz, populazio hori alde batera utziz, gure hezkuntza sisteman eskolatzen diren ikasle ijitoen kopurua kalkulatzea zaila da. Estimazio bat baino gehiago dago.
Horrela, zenbait urtez 2.700 inguru zirela uste izan da, baina adingabeko ijitoen edo nahitaez eskolatu beharreko adina duten ijitoen inguruko azken estimazioek kopuru hori sobera gainditzen dute (horra hor, adibidez, Ijitoen Idazkaritza Nagusia Fundazioak egindako estimazioa Ijitoak eta enplegua. Azterlan konparatua azterlanean, 2005ekoa, edo 2009ko Osasunean berdintasunerantz izeneko azterlanean erabilitakoa, EAEn 15 urtetik beherako ijito kopurua 4.258 dela baieztatzen duena). Nolanahi ere esan behar dugu datu horietan ez dela aintzat hartzen nahiko berria den fenomeno bat: gure artean Ekialdeko Europako gero eta etorkin gehiago daude (adibidez Errumaniatik etorriak), eta haietako asko ijito etniakoak dira.
Ikasle ijitoetako asko ezaugarri jakin batzuetako ikastetxeetan daude: bereziki Bizkaiko 15 ikastetxetan, Gipuzkoako 4 ikastetxetan eta Arabako 3 ikastetxetan daude.
EAEko hezkuntza-premia bereziei emandako erantzunari buruz 2001ean egin genuen txosten berezian, analisi eta gogoeta bide gisa, hain zuzen ere, eskolako emaitzen arteko ezberdintasunak (hau da, eskolako arrakasta-porrot tasak, kurtsoa errepikatzea, pilatutako atzerapena...) erkatu genituen, batez ere sozialki behartsuak diren pertsonak eskolatzen dituzten ikastetxeen eta gure erkidegoko ikastetxe guztien artean. Ezberdintasun handiak atzeman genituen, aurreko atalean azaldu dugunez.
Gerora, Arartekoak txosten horretan egin zituen gomendioei eginiko jarraipenean, Hezkuntza Sailak, bere erantzunetan, hezkuntza beharrizan bereziak zituzten ikasleen artean zenbait sektore berezitu zituen; haien artean ijitoak zeuden. Sektore honen egoera hobetzeko aurreikusitako edo bultzatutako jarduketak edo jardun ildoak azaldu zituen.
Beraz, txostenaren atal horretan (besteen osagarri dena), eskolatzeko adinean dauden ijito jatorriko populazioaren hezkuntza beharrizan berezien erantzuna aztertuko dugu.
Horretarako, kontuan izango ditugu, Hezkuntza Sailari egiten dizkiogun urteko jarraipenak eta informazio eskaerak ez ezik, ijitoen zenbait elkarterekin izandako harremana eta gure erkidegoan azken urteetan sortu diren ebaluazio edo plangintza tresnak, baita orain dela gutxi egindako azterlan batzuk ere (argitaratuak eta argitaratu gabeak). Adibidez:
– Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Lehen Euskal Plana.
– Plan horri buruzko ebaluazio txostena (2008koa).
– 2008-2011 denboraldirako II. Plana, oraindik indarrean dagoena.
– EAEn ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko programa bat egiteko oinarrizko dokumentua (IX. bertsioan, 2008koa).
– 2005-2006an egin zen "Ijito Herriaren egoera Euskal Autonomia Erkidegoan. Diagnostiko-txostena" izeneko ikerlana, 370 orrialdeko bertsioan, 2006ko azarokoa, oraindik ere argitaratu gabea.
– Ikasle ijitoen hezkuntzako normalizazioaren ebaluazioa lehen hezkuntzan, Ijitoen Idazkaritza Nagusia Fundazioak 2002an argitaratua.
– Dirua irabazteko asmorik gabeko erakundeei laguntzak emateko Hezkuntza Sailak eman dituen azken agindu eta ebazpenak, eskolaren eremuan ikasle ijitoei zuzendutako hezkuntza jardueretarako…
Nolanahi ere, adierazi behar dugu jarraipen bereziki zaila dela hau.
Aurrekariak
Gai honi buruz informazio zehatza eskatu genuenean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren lehenengo erantzunak hainbat ekimen aipatzen zituen; absentismoaren aurkako protokoloa, Bizkaian gizarte zerbitzuekin lankidetzan ezarritakoa; Iniciativa Gitana eta Kale dor Kayiko elkarteak bezalako erakundeekiko lankidetza-hitzarmenak; edo ikasle ijitoak eskolatzeko plan berria prestatzeko lan batzorde bat sortzea.
Informazio osagarria lortzeko egin genuen eskaeran, ekimen horiei eta ikasle horien banaketaz eskura zeuden datuei buruzko zehaztapen bat besterik ez genuen eskatu (lurralde, sare eta bestelakoen arabera). Horren guztiaren berri (2001-2002 ikasturteko datuak eta informazioa) eman genuen urte hartako txostenean (2003ko txosten arrunta).
Bestalde, 2005eko txostenean eskura genituen azken datuak jaso genituen, 2003-2004 ikasturtekoak:
ARABA | BIZKAIA | GIPUZKOA | GUZTIRA | % | |
Lehen Hezkuntzako ikasleak. Ikastetxe publikoak | 314 | 1.200 | 273 | 1.787 | 70 |
Bigarren Hezkuntzako ikasleak. Ikastetxe publikoak | 73 | 300 | 113 | 486 | 19 |
Ikastetxe itunduetako ikasleak | 40 | 130 | 117 | 287 | 11 |
GUZTIRA | 427 | 1.630 | 503 | 2.560 | 100 |
Ikasturte horretan ikasle ijitoak zituzten ikastetxeei dagokienez, orduan emandako datuek 199 ikastetxe aipatzen zituzten, baina ikasle horien proportzioak oso desberdinak ziren ikastetxe batzuen eta besteen artean.
Datuek garbi erakusten zuten ikasle ijitoen eskolatzea:
– Funtsean ikastetxe publikoetan egiten zela (guztizko ikasleen %89).
– Erabat murrizten zela Bigarren Hezkuntzan.
– Bereziki zentro gutxi batzuetan kontzentratzen zela: 15 Bizkaian, 4 Gipuzkoan eta 3 Araban.
Geroko erantzunetan, Sailak nabarmendu du kezkagarriena ez dela ikasle horien kokapena, beren eskola-arrakastaren indize baxuak baizik. Bestalde, eskola-arrakasta lortzeko dituzten zailtasunak detektatzen eta zailtasun horiek gainditzeko bideak ezartzen saiatu direla adierazi du.
Ildo horretan, adibidez, 2006. urteko erantzunetan ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko hartutako zenbait neurri aipatu zituen; ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko plana prestatzeko oinarrizko agiri bat egitea, edo irakasleak ijitoen eta hiru lurraldeetako hezkuntzaren gainean trebatzeko ikastaroak, irakasleekiko lan saioak ijitoen kulturaren gaineko material interaktiboak dituen CDa aurkeztuta, etab.
Aurrekari horiek kontuan hartuta, Sailari egin dizkiogun azken bi informazio eskaeretan, ikasleen banaketari buruzko datuak osatze aldera, honakoak galdetu dizkiogu, zehazki:
– Ea datu gaurkoturik badagoen ikasle horien eskolako emaitzen inguruan: Lehen Hezkuntza gainditu dutenen tasak; errepikatze tasak; eskola-graduatua lortu dutenen tasak; 16 urte bete baino lehen edo DBH amaitu baino lehen ikasketak uzten dituztenen tasak…
– Zer programa edo laguntza bideratzen ari diren biztanle talde honen berariazko premiei emandako erantzuna hobetzeko eta zer eragin izaten ari den eskola-emaitzen hobekuntzan.
Eskolako emaitzak ezagutzea eta laguntza programa edo jarduketen benetako eragina jakitea funtsezkoa iruditzen zaigu lortutako aurrerapenak eta hartu beharreko erronkak baloratu ahal izateko.
Jarraipen bide hau, ordea, erabat ezinezkoa izan da, Sailak informazio egokia eskaintzeko edo jasotzeko jarri dituen trabengatik. Horrela, gure jarraipen espedienteei emandako erantzunek inoiz ez dute eskolako emaitzei buruzko daturik ematen, eta egiten ari diren programei, proiektuei, ekimenei eta abarrekoei buruzko informazio kualitatiboak izan ohi dira. Adibidez, hauei buruz:
– Absentismoa prebenitzeko programak.
– Batzordeak, hainbat zerbitzutako pertsonek osatutakoak, gutxienez azken hiru ikasturteetan funtzionatu du eta ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko planaren lehen proposamena egin zuen.
– Egiteko hau eta Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako EAEko Planean kokatutako beste batzuk garatzeko EAEn jarduketa horietaz arduratuko den pertsona bat edukitzea, edo kolaboratzaile talde bat Bizkaian eta Araban askotariko eginkizunekin (ikastetxeetan esku hartzea, trebakuntza proposamenak, materialak prestatzea, etab.).
– Ikaskuntza Erkidegoak edo Eskolako Laguntza eta Indartze Proiektuak bezalako proiektuak sustatzea.
– Ijitoen erakunde edota elkarteen proiektuak diruz laguntzea, beste ikastetxe batzuekin lankidetzan jardun dezaten. Jarduteko lerro horri buruz, 2007an, sailak aurreratu zuen jarduteko eremua apurka-apurka handitu nahi zuen, urte hartako 840 ikasleetatik Euskal Autonomia Erkidegoko ikasle ijito guztiengana iristeko, 2.700 ikasle inguru zirelakoan. Nolanahi ere, erakundeentzako laguntzen azken bi deialdien datuek erakusten dute programa hauetarako bideratutako diru-zenbatekoak nabarmen murriztu direla (2010eko ekitaldirako 484.321,60 euro izan ziren, eta 2009ko ekitaldirako 729.400 euro), baita diruz lagundutako erakunde edo programen kopuruan: 2010eko ebazpenaren arabera, hiru erakundek bakarrik jaso zuten laguntza: Gao Lacho Drom Araban; Kale dor Kayiko Bizkaian eta Gipuzkoan; Iniciativa Gitana Bizkaian.
Ikasle hauek eskolatzeari buruzko datu kuantitatiborik ez dagoenez gero (ikastetxeetan nola dauden banatuta edo daukaten eskola-arrakastaren tasak), hori justifikatzeko esaten da ezinezkoa dela datu horiek edukitzea, ikasle ijitoa izatea ez baita inongo datu-basetan agertzen den ezaugarria. Ildo horretan, erantzunen batean adierazi da "aurkako jarduketek ukitutako pertsonen funtsezko eskubideak urratuko lituzkete". Bitxia bada ere, aurreko ikasturteetan datu horiek bageneuzkan, eta idazki berean Sailak datuak edo estimazioak ematen ditu komenigarria deritzonean (adibidez, azaltzeko zenbat ikasle ijitorengana iristen den diruz lagundutako erakundeen arreta: 500 ikasle haur eta lehen hezkuntzako mailetan, 15 ikastetxetan; bigarren hezkuntzako 340 ikasle inguru, 42 ikastetxetan eskolatuak).
Batzuetan jasotzen dena elkarteen balorazioa da. Adibidez, balorazio positiboak egiten dira: eskolatzea (geroz eta erregularragoa eta luzeagoa), bigarren hezkuntzan sartzea (motela baina etengabe)... Baina hobetu beharra ere aitortzen da: "Martxan jarritako neurriak gorabehera, badakigu emaitzak ez direla oraindik oso onak eta lanean jarraitu beharra daukagula ikasle ijitoek eskola-arrakasta lortzeko, euskara komunitate horretan ere bultzatzeko, eta familiek eta irakasleek kultur arteko ekintzako egitasmoetan esku hartzeko. Lan hori guztia uneon lantzen dihardugun Ikasle Ijitoen Eskolatzea Hobetzeko Planaren bidez aurrera eraman nahi dugu…".
Hobetzeko beharrizan hori, adibidez, honela islatzen da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburuaren 2009ko azaroaren 11ko aginduaren sarreran, dirua irabazteko asmorik gabeko erakundeei ikasle ijitoei zuzendutako hezkuntza jarduerak egiteko deialdia luzatzen diena:
"Hezkuntza sistemak estrategia eta baliabide nahikoak izan behar ditu ikasle ijitoek eskolako arrakasta lortzeko ijito ez direnen aukera berak izan ditzaten. (…)
Umeak adin jakin batzuetan eskolatze hutsak ez du haien arteko berdintasuna bermatzen hezkuntzan.
Azken urteetan haien eskolatzean aurrerapen handiak egin dira, baina haien eskola-arrakasta ez dago gure erkidegoko ikasle gehienen maila berean.
Eskolako "arrakastako" aukerak gizarte bazterketa edo oztopo batzuek zailtzen dituzte, Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Euskal Planak aitortzen duenez...".
Gai hauetako batzuei buruz, sailaren erantzunak alde batera utzita, hobetutako errealitate batzuen zein beste errealitate kezkagarri batzuen berri ere izan dugu. Izan ere, datu orokor eguneraturik ez daukagun arren, errealitate honen hurbilpen partzialak badauzkagu, baita EAEri buruzko azterlan edo txostenak ere (edo izaera orokorragoak dutenak, baina beren laginetan gure erkidegoko ikastetxeak edo familia ijitoak sartzen dituztenak). Izan ere, Arartekoak berak absentismoari, eskola-arrakastari eta eskola porrotari zein curriculumeko materialetan ijito herria aintzat hartzeari buruzko datu berriak eskuratu ditu, eta errealitate kezkagarriak erakusten dituzte. Adibide gisa, honako hauek aipa ditzakegu:
– Arabako sasoikako biztanleriaren eskolatzearen errealitatea, Arartekoak aztertua eta txosten honetako hurrengo atalean islatua.
– Ijitoen hezkuntzako normalkuntzari buruzko zenbait azterlanetan, Ijitoen Idazkaritza Nagusia Fundazioak jakitera eman dituenak, arazo nagusiak aztertzen dira: eskolatzea, eskolako errutinak, ikasteko ohiturak, lortutako maila akademikoa, gizarte elkarreragina hezkuntzaren testuinguruan eta ikastetxean bizi den kultur artekotasuna.
– Kale dor Kayiko elkarteak jaso dituen datuak, urtez urte eskolatzea eta emaitza onak dakartzatenak eta saritzen dituztenak, jardunbide egokiaren adibide gisa baloratu behar direnak ekitaldi publikoetan.
– Elkarte honek berak sustatutako lan berria, "Curriculumeko materialetan ijito herria aintzat hartzeari" buruzkoa.
– "Ijito Herriaren egoera Euskal Autonomia Erkidegoan" izeneko diagnostiko-txostena, 3. kapituluan, hezkuntzari buruzkoan...
Datu guztien arabera, biztanle talde hori da, hain zuzen, eskola inklusioa eta eskola-arrakasta lortzeko zailtasun handienak dituenetako bat eta, beraz, berariazko arreta eskaini behar zaio.
Orain dela gutxi, Arartekoak berak aparteko txosten bat argitaratu zuen, adingabekoei balioak transmititzeari buruzkoa, errealitate gordin hau berriro ere agerian uzten duena: eskolatutako ijitoek oraindik ere gaitzespen maila handia pairatzen dute beraien ikaskideen aldetik: hain zuzen ere, txostenaren datuen arabera, gaitzespen mailarik altuena bizi duen ikasle sektorea da.
Funtsezko arazoak
Hezkuntza beharrizan berezi eta berariazkoei buruzko aurreko ataletan, Arartekoak nabarmendutako 10 arazo funtsezkoak aipatu dira dagoeneko. Beraz, ez dugu haiei buruz luze jardungo, nahiz eta asko (edo denak) errealitate honetan aplikatu ahal diren.
Hemen nahiago dugu gai horri buruz "EAEn ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko programa bat egiteko oinarrizko dokumentuan" jaso zen informazioa berreskuratzea eta aprobetxatzea. Horretarako, dokumentuaren IX. bertsioa erabiliko eta laburtuko da, bereziki 2. atala ("Eskolatzearen egungo egoera") eta 3. atala ("Gainditu beharreko oztopoak"). Oraindik nahiko berria da dokumentu hau (2008), ez oso ezaguna, eta sektorearen beraren ekarpenekin egina.
"– ESKOLATZEAREN EGUNGO EGOERA
Ikasle ijitoen gaur egungo egoera deskribatzerakoan, azken urteetan egindako zenbait aurrerapen ikusiko ditugu, baina oraindik zailtasun askorekin.
Aurrerapenen artean, ondokoak nabarmendu ahal ditugu:
• Ia erabateko eskolatzea lortu da nahitaezko eskolatzearen tarte handi batean. Haur eta lehen hezkuntzako eskolatze indizeak nahiko handiak dira, eta poliki-poliki bigarren hezkuntzan ematen ari dira.
• Ikasle batzuek bigarren hezkuntza graduatuarekin amaitzen dute eta batzuek derrigorrezko hezkuntzaren ondoko ikasketak egiten dituzte. Oraindik ez dira portzentaje altua, baina urtez urte gehiago dira eta gainerakoentzat eredugarri dira.
• Familia ijitoek gero eta interes handiagoa dute beren seme-alaben hezkuntzan. Eskolaren eta familien arteko hurbilketa gertatzen ari da, eta familiek gero eta inplikazio handiagoa dute hezkuntza prozesuan. Prozesu honetan, familia ijitoak eta haien elkarteak eragile ezinbestekoa dira ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko orduan.
• Zenbait ikastetxetan, irakasleak, prestakuntzan eta ikasle ijitoen eskolatzeari, inklusioari eta abarrei buruzko gogoetan oinarrituta, ikasle hauek eskola-arrakasta izan behar dutela planteatzen ari dira, eta familiekiko harremana elkarrekin jardun beharra kontuan izanik lantzea planteatzen ari dira. Batzuetan ikastetxe osoak egiten du gogoeta eta, beste batzuetan, gehienetan, irakasle batzuek bakarrik.
Hauek dira zailtasunik larrienak:
• Hezkuntza etapa guztiak arrakastaz gainditzen dituzten ikasleak gutxi dira. Goiko mailetan ikasle ijito gutxi daude (DBHko 2. zikloan, batxilergoan, prestakuntza zikloetan...).
• Eskolatzea gero eta erregularragoa eta luzeagoa den arren, hezkuntza sisteman eta gizartean oro har benetako integrazioa zailtzen dituzten ikastetxeetan gertatzen da: euskalduntzea bermatzen ez duten ereduak, emaitza akademiko txarrak dituzten ikastetxeak, bigarren hezkuntzan espazio segregatuak...
• Ikastetxeetan ijitoen eta ijito ez direnen artean dauden harreman positiboak ez dira kalean ere gertatzen. Ikasgelan, patioan, jantokian eta abarretan sortzen diren harreman pertsonalak ez dira umeen eta nerabeen bizitzan ere ematen ikastetxetik kanpo. Eskolan edo institutuan elkarrekin egoten dira, baina kanpoan ez dute ia harremanik izaten elkarrekin.
• Ikasle ijitoak bigarren hezkuntzako zentroetan sartzean, alde bietatik beldurra eta gaitzespena piztu dira, bigarren hezkuntza lehen hezkuntzako zentrotik kanpo dagoenean. Era berean, orain arte, institutuetako irakasleek eta ijito ez diren ikasleek aurreiritziak eta konfiantza eza dauzkate ikastetxe hauetan sartzen ari diren nerabe ijitoen aurrean.
• Bigarren hezkuntzan oraindik ere asistentzia irregularra eta eskolako absentismoa handiak dira.
• Ijito helduen maila akademikoa oso txikia da. Horregatik, eta laneratzeko benetako aukerak ematen dituzten trebakuntza prozesuen eskaintza gutxi daudelako, helduen hezkuntzako zentroetan parte hartze txikia izaten dute eta prestakuntza akademikoak ematen dituen aukerak ez dituzte baloratzen. Horrenbestez, seme-alabak eskolatzeko prozesuan laguntza familiarra emateko zailtasunak daude.
– GAINDITU BEHARREKO OZTOPOAK
Oro har, ikasle ijitoen aurrerapena galarazten duten dinamikak ez ezagutzeagatik eta haiei buruz gogoeta ez egiteagatik, deskribatu ditugun zailtasunak faktore indibidual edo familiarrei egotzi ohi zaizkie, adibidez, motibazio edo interes eza edo bestelako defizitak. Arazoak haienak eta haien familiarenak direla ematen da aditzera, teorian gainerako pertsonen aukera berberak dituztelakoan. Baina egoera hau ijitoek ingurunearekin, gainerako pertsonekin, erakundeekin etab (eta alderantziz) duten harremanaren emaitza da. Harreman horiek oztopoak sortu dituzte zenbait eremutan eta, zehazki, hezkuntzan. Oztopo hauek eskolako arrakasta zailtzen dute. Pertsona hauek aurki ditzaketen oztopoak ezagutu behar ditugu, egoera eraldatzea eta gainditzea ahalbideratzen duten klabeak planteatzeko. Besteak beste oztopo hauek aipatu behar ditugu:
1. Ikaskuntzarako eta elkarbizitzarako oztopoak.
2. Kultur ezberdintasunekin zerikusia duten oztopoak.
3. Familiaren eta eskolaren arteko harremanarekin zerikusia duten oztopoak.
4. Baliabideekin zerikusia duten oztopoak.
1. Ikaskuntzarako eta elkarbizitzarako oztopoak
• Ikasle ijitoek ikasteko dituzten aukerei edo interesari buruz eskola sistemak gaur arte izan dituen espektatiba txikiak.
• Ikasle ijitoei buruz izan den ikuspegia, defizita azpimarratuz, eta ez gaitasunak.
• Curriculuma gehiegi egokitu zaio testuinguruari (soziala, familiarra, etab) ikasle ijitoentzat hezkuntzako planteamenduak egiterakoan. Horregatik, minimoen curriculuma garatu da, gaur egungo egoera gainditzen laguntzen duen maximoen curriculuma prestatu beharrean.
• Ikasgela barruan dauden harreman guztiek nolabaiteko ikaskuntza sortzen dutela kontuan ez izatea.
• Asistentzia irregularra edo epe luzeko absentismoa gertatuz gero harrera ez planeatzea.
• Familiek eskolarekiko duten espektatiba txikia, emaitza ezagatik, arrakasta ereduengatik, gaur egungo gizartean beharrezkoak diren ikaskuntzen informazioagatik etab.
• Familiek etxean ez daukate baliabide akademikorik, adibidez, entziklopediak edo liburuak.
• Lehen hezkuntzatik bigarren hezkuntzara igarotzean eta bigarren hezkuntzan zehar ez da jarraipenik egiten.
2. Kultur ezberdintasunekin zerikusia duten oztopoak
• Batzuek besteen balioak, ohiturak, eta dinamikak ez ulertzea.
• Pertsona jakin batzuen portaera negatiboak ijito guztiei leporatzea.
• Ikasle ijitoen presentzia irakaskuntzaren kalitatea murriztearekin eta gatazkak areagotzearekin erlazionatzea.
• Ikastetxean ijitoen historia, hizkuntza eta kultura ez egotea.
• Eskolan ijito heldurik ez egotea.
3. Familiaren eta eskolaren arteko harremanarekin zerikusia duten oztopoak
• Ikastetxeak familiekin duen harremana idatziz izatea.
• Familiek seme-alaben hezkuntza prozesuan zer esan gutxi dutela uste izatea.
• Ijitoen familiek eskolako testuingurua ez ezagutzea, eta haiei informazioa helarazteko kanal ezberdinak eta egokiak ez egotea.
• Ikastetxeetako prestakuntza eta parte hartze instantzietan ijito heldurik ez egotea, egotekotan, eta eskolen eta familia ijitoen artean ia harremanik ez egotea.
4. Baliabideekin zerikusia duten oztopoak
• Eskolatik kanpo, familia ijitoen eguneroko ingurunean, ikaskuntza akademikoak eta instrumentalak egiteko aukera eza.
• Familia ijitoek diru gutxi dute euren seme-alaben ikasketak ordaintzeko.
• Ikastetxeek edo familiek ez dakite ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko programa eta jarduketak abian jartzeko helburuarekin erakundeek egiten dituzten ahaleginen berri.
• Dauden baliabideak ez dira optimizatzen eta koordinatzen".
Hobetzeko proposamenak
Hemen ere gure txostenean hezkuntza beharrizan bereziei egin genituen 21 gomendioak, txosten honetako aurreko ataletan gogora ekarri ditugunak, berriro aipa genitzake.
Baina nahiago dugu aurreko epigrafean erabilitako dokumentua aprobetxatzen jarraitzea. Izan ere, dokumentu horretako 5. kapituluan funtsezko zazpi helburu jarri dira, gure erkidegoan ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko.
Dokumentuak, 7 helburu horietako bakoitzari buruzko justifikazio arrazoitua eskaintzen du eta egin beharreko ekintza sorta (batzuetan oso luzea) proposatzen du. Gure txostenaren ezaugarriak kontuan izanik, hemen 7 helburuen izenak bakarrik jasoko ditugu:
"1. Ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuak hobetzea eta aberastea.
2. Curriculuma kultur artekotasun klabean aberastea, ijitoen historia, kultura eta kultur erreferenteak sartuz, gure gizartearen parte diren aldetik.
3. Ijitoen familiekiko lankidetza eta haien partaidetza hobetzea hezkuntza komunitatearen barruan.
4. Ikastetxeetan ekintza positiboko proiektu inklusiboak egitea, ikasle ijitoen eskolako arrakasta eta kultur arteko bizikidetza hobetzeko.
5. Ezberdintasunak gainditzeko neurri osagarriak jartzea.
6. Emaitza akademiko txarrak dituzten ikastetxeetan eraldaketa prozesuak hastea, eskola-arrakasta lortzea mesedetzen dutenak.
7. Zerikusia duten eragile guztien prestakuntza sustatzea (irakasleak, aholkulariak, administrazioa, senideak, elkarteak etab)".
Oinarrizko dokumentuan jasotzen diren proposamen guztiak hobekuntza planak bilatzen dituen oinarrizko hiru helburuen zerbitzutan daude:
1) Eskola-arrakastan aurrera egitea, euskalduntzea areagotzea eta ikasle ijitoek eskolan urte gehiago ematea.
2) Gaur egungo gizartean beharrezkoak diren trebeziak garatzea.
3) Kultur arteko bizikidetza ikastetxeetan.
Jarraipenak
Lehenago esan dugunez, gai honi buruzko jarraipena ez da erraza izan, batez ere erakunde honentzat funtsezkoa den kontu batean: biztanle sektore honen eskolako arrakasta edo porrota, edo bestela esateko, gure hezkuntza sistema zein puntura arte den kapaz haien beharrizan bereziei erantzun egokia emateko: eskolaren arrakasta edo porrota biztanleri sektore honi dagokionez.
Hemen, azken bi urteetan eginiko jarraipenaren laburpen txiki bat egingo dugu. Bi urte hauetan, Hezkuntza Sailari bospasei konturi buruzko informazioa eskatu diogu:
a) Ikasle ijitoen kokapenari buruz eskura dauden datuak, lurraldeka eta sareka.
b) Datu gaurkotuak ikasle horien eskolako emaitzen inguruan: Lehen Hezkuntza gainditu dutenen tasak; errepikatze tasak; eskola-graduatua lortu dutenen tasak; 16 urte bete baino lehen edo DBH amaitu baino lehen ikasketak uzten dituztenen tasa.
c) Biztanle sektore honen berariazko beharrei emandako erantzuna eta eskolako emaitzen hobekuntzan duten eragina hobetzeko programak edo laguntzak.
d) Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako I. Euskal Planean sailak agindu zituen baina egin ez diren jarduketei buruzko informazioa.
e) Ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko programaren egoera.
f) Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako II. Euskal Planean aurreikusitako jarduketak martxan jartzeko aurreikuspenak, haiek betetzeko urratsak eman diren, bideratuko diren baliabideak eta betetzeko epeei buruzko aurreikuspenak.
– Sail horren erantzunetik (2009ko urtarrilean jasoa) ondoko elementu hauek nabarmendu behar ditugu:
a) Dauzkagun datuei buruz, esan behar dugu 2.700 ikasle inguruko estimazioa mantentzen dela, haietako %89a sare publikoan eskolatua.
b) Eskolako emaitzei dagokienez, ez daukate daturik baina espero dute ikasle ijitoak eskolatzea hobetzeko programa martxan jartzean edukiko dituztela.
c) Biztanle sektore honen beharrizan espezifikoen erantzuna hobetzeko egiten diren programa edo babesei dagokienez, sailaren erantzunean, hezkuntzako arreta ikasle guztien artean (eta batez ere gizarte sektore behartsuenen artean) hobetzea bilatzen duten zenbait programak aipatzeaz gain, zenbait jarduketa espezifiko aipatzen dira, ondoko eremu hauetan:
– irakasleen prestakuntza (Garatu programaren barruan);
– ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko ekipoa (pertsona gehiago edo gutxiagorekin eta dedikazio gehiago edo gutxiagorekin, lurralde bakoitzaren arabera);
– ikasle ijitoentzako hezkuntza jarduerak egiten dituzten erakundeentzako laguntzak (2008an 700.000 euro);
– ikasketa lizentzia;
– material espezifikoak egitea (CD bat argitaratzea; web gunea);
– ikasle ijitoen eskolatzea EAEn hobetzeko programa baten zirriborroa egitea.
d) Egin ez diren I. planeko jarduketei dagokienez, sailaren erantzunean azaltzen da oso zaila dela jarduketa batzuen burutze maila baloratzea (ez baitaukate ebaluaziorako adierazlerik). Gainera, azaldu dute egin ez diren jarduketetako batzuk egiten hasi direla, eta onartu du beste batzuk egin gabe geratu direla. Egin ez direnak eta, kasuren batean, ez egiteko arrazoiak, aipatu ditu.
e) Azkenik, eskolatzea hobetzeko programa egiteko faseari dagokionez, izandako atzerapena aitortzen da, zein fasetan dagoen aipatzen da (saileko zenbait helbidetara eta zenbait erakundetara bidalitako zirriborroa) eta 2009. urteko lehen hilabeteetako jardunaldi teknikoen aurreikuspena aipatzen da.
– Egin genion azken informazio eskaerari 2010eko otsailaren 22an erantzun zion Hezkuntza Sail berriak. Bertan zenbait gai aipatu zituen:
• Ijitoen elkarteekin egindako batzarrak.
• II. planaren berrikuspena, batez ere hezkuntzari dagokionez.
• Ijitoen eskolako emaitzei buruzko "datuak" eskuratzeko zailtasunak eta aukerak...
Eskolatutako biztanleriaren sektore honetan eragina duten programa edo proiektuei dagokienez, ondoko hauek aztertu dira:
• PROA lagungoa (%40ko gehikuntzarekin zerikusia duten zentroetan).
• PROA errefortzua (12 zentro; haietako 7 ikasle ijitoekin).
• Erakundeei laguntzak emateko agindua, haien diru-zenbatekoa eta jarraipena.
• Hizkuntz errefortzuko irakasleak edo kultur artekotasuneko arduradunak direnak.
• Ikasle ijitoen eskolatzean laguntzen duten pertsonak (Araban 1 eta Bizkaian 2).
• Ikaskuntza komunitateen babesa (haietako 5 ikasle ijitoekin).
• Irakasleen prestakuntzako mintegi eta ikastaro espezifikoak. Etab.
Ikasle ijitoak eskolatzea hobetzeko planari dagokionez eta Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako II. Euskal Planean aipatutako jarduketei dagokienez, onetsi diren edo ez gorabehera eta haien garapen maila gorabehera, egiten ari diren jarduketa batzuk aipatu dira. Zehazki: zentroei laguntzea, ekintza positibo eta inklusiboko proiektuak hasteko edo finkatzeko; eskolako eremuan ikasle ijitoei eta haien familiei zuzendutako hezkuntza proiektuen garapenerako, erakundeentzako laguntzen deialdiak egitea; familiekin sentsibilizazio ekintzak egitea, ume ijitoak ahalik eta goizen eredu elebidunetan eskolatzea sustatzeko; ikasle ijitoen arrakasta zailtzen dituzten oztopoei buruz gogoeta egiteko eta hobekuntza proposamenak diseinatzeko lan-saioak; eskola-porrota duten ikasle ijito asko dituzten ikastetxeak detektatzea; eskola-porrota duten ikasle ijito asko dituzten ikastetxeak eraldatzeko prozesuak diseinatzea; ikastetxeetatik senideen prestakuntza bultzatzea; irakasleen prestakuntza eta sentsibilizazio ekintzak egitea; hezkuntza eremu formalean ijitoen kultura ikusgarri egiten duten materialak hedatzea...
Funtsezko datuak – adierazleak
Lehenago ere esan dugu datuak eduki behar genituzkeela (adibidez, eskolatzeari buruzkoak edo eskolako emaitzei buruzkoak), jakin ahal izateko gure hezkuntza sistema zein punturaino den benetan inklusiboa edo zein neurritan eskaintzen dien erantzun egokia ikasle ijitoei. Baita bide arruntetatik eskuratzeko zailtasunei buruz ere.
Eduki, ez daukagu eskolatze mailari buruzko datu fidagarririk ere, adibidez ikasleen sexuaren eta adinaren arabera edo haien ikastetxeen ezaugarrien arabera (sarea, etapak, eredua, etab.) sailkatuak.
Zentzu horretan, oraindik ere uste dugu beharrezkoa dela aurrerapenak edo atzerakadak ezagutzea eta baloratzea ahalbideratzen duten datu edo estimazio fidagarriak edukitzea. Adibidez, eskolako arrakastaren eta porrotaren datuak edo estimazioak; ez dira zertan ikasle bakoitzaren mailan kalkulatu behar, baina zentro bakoitzean bildu ahalko lirateke. Datu horiek, zalantzarik gabe, eboluzioaren adierazle egokiak izango lirateke, baita abian dauden programen eraginkortasuna ebaluatzeko edo baloratzeko ere.
Ez gara beharrizan hori planteatzen dugun bakarrak. Europak Kontseiluak ere planteatu du, eta Nazio Batuen Umeen Eskubideen Batzordeak berak behin baino gehiagotan aipatu du. Adibidez, batzordeak Espainiari 2002. urtean eginiko adierazpenetan Espainiari 1994. urtean egindako gomendio berak errepikatu zituen, umeen egoerari buruzko datuen bilketa hobetu beharrari buruz, Espainiak ondokoa egin zezan:
"Konbentzioak barruan hartzen dituen eremu guztietan 18 urtetik beherako biztanle guztiei buruzko datuak biltzeko eta sistematikoki banakatutako datuak analizatzeko mekanismoa hobetzea, talde zaurgarrienei (hau da, ume ijitoei, familia migratzaileetako seme-alabei, heldurik gabe dauden ume migratzaileei eta ekonomikoki eta sozialki behartsuak diren familietako seme-alabei) arreta berezia emanez;
Datu eta adierazle horiek modu eraginkorrean erabiltzea, Konbentzioa aplikatzeko eta gainbegiratzeko politikak eta programak formulatzeko eta ebaluatzeko".
Batzuetan, zeharka, baditugu hezkuntza etapa bat amaitu duten edo arrakastaz gainditu duten ume ijitoen gaineko datu batzuk. Elkarte batzuek (hala nola Gao Lacho Drom Araban edo Kale dor Kayiko bereziki Bizkaian) datu hauek eduki ohi dituzte. Baina, nolanahi ere, elkarteek esku hartzen duten ikastetxeei buruzkoak bakarrik izaten dira datu horiek.
Ikus ditzagun, adibidez, geuk jasotako datuak, Kale dor Kayiko elkarteak antolatu zuen aitortza eta sari banaketako ekitaldian, 2010eko ekainaren 22an, Deustuko Unibertsitateko Auditorioan:
– Derrigorrezkoak ez diren mailetan (batxilergoa eta lanbide heziketa) bost sari banatu ziren: lau mutili eta neska bati.
– DBHn, 12 aitortza egin ziren (etapa amaitzeagatik, 5 mutili eta 7 neskari) eta 10 sari banatu ziren (eskolako graduatua eskuratzeagatik, 3 mutili eta 7 neskari), 20 bat zentrotakoak (16 publiko eta 4 pribatu).
– Lehen hezkuntzan, 19 aitortza egin ziren (14 neska eta 5 mutil) eta 14 sari banatu (9-10 neska; 5-4 mutil).
Datu horiek eskolatzeko adinean dauden ijito guztien adierazgarri dira? Biztanleria osoaren zein portzentaje islatzen dute? Ezin dugu jakin, ez modu fidagarrian behintzat. Zenbait joera ulertzeko erabil ditzakegu dena den, adibidez:
– Eskolatuta dagoen eta arrakasta duen biztanleriaren murrizpena adinak gora egin ahala (murrizpen hau bereziki esanguratsua da derrigorrezkoak ez diren mailetan).
– Iraupen eta arrakasta maila, nesketan askozaz handiagoa dena mutiletan baino.
Argi dago datu horietako batzuek aurrerapenak erakusten dituztela beste garai batzuen aldean, baina ezin dugu baloratu hobekuntza zenbaterainokoa izan den, ezta ere –eta hori garrantzitsuagoa da– zer dagoen oraindik hobetzeko.
Argi-itzalak erakundeen erantzunean
Azken urteetan, erakundeak beren erantzunaren zati handi bat Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako I. Euskal Planaren bidez eta gero II. Planaren bidez artikulatzen saiatu dira (II. plana Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2009ko otsailaren 24ko bilkuran onartu zen eta oraindik ere indarrean dago).
Plan baten eta bestearen artean, logikoa denez, ebaluazioa egiteko esfortzua egin zen, lortu ziren helburuak jakiteko edo garatu ez ziren jarduketa lerroen berri jakiteko. Horrela, hezkuntza arloari dagokionez, Kontseiluaren osoko bilkuran aurkeztu zen ebaluazio txostenaren zirriborroak (2008ko ekainaren 19an) ondoko hauek aipatu zituen egin gabeko ekintza gisa:
"– Ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko plana egitea.
– Curriculuma berrikustea, ijitoei buruzko erreferentzia esplizituak kultur arteko klabean sartuz.
– Ijito asko dauzkaten ikastetxeetan ijito hezkuntzaren presentzia indartzeko ekintzak.
– Ikastetxeetan ekintza positiboko proiektuak egitea, ikasle ijitoen arrakasta eta kultur arteko bizikidetza hobetzeko, berritzeguneen eta hezkuntzako ikuskaritzaren jarraipenarekin eta babesarekin.
– Ikasketak babesteko bekak kudeatzea errazteko neurri osagarriak orokortzea.
– Ikastetxeetatik senideen prestakuntza bultzatzea, eskola orduetan eta eskola orduetatik kanpo.
– Ikastetxeak eraldatzeko bideak sustatzea, esku hartzeko proiektu globalen bidez, ikaskuntza komunitateen bidez, teknologia berrien bidezko ikaskuntzen bidez eta bestelakoen bidez.
– Seme-alabak eredu elebidunetan dauzkaten pertsonen prestakuntza bultzatzea, oinarrizko euskara ikas dezaten".
Dokumentu horretan bertan, analisi gisa, adierazi zen helburuak lortzeko programatu ziren 18 jarduketetatik 9 garatu zirela (batez ere ekintza positiboko neurrietakoak, senideen prestakuntzakoak eta ikasle ijito asko dauzkaten ikastetxeen eraldaketakoak) eta beste 9etan ez zela ekintzarik egin.
Lorpenen artean ondoko ezaugarri hauek nabarmendu behar ditugu:
"– Prestakuntza ekintzak eta irakasleak sentsibilizatzeko ekintzak egiten jarraitzen da. Nobedade garrantzitsu bat: ijitoen kultura ikusgarri egiten duten eta erreferente ijitoak islatzen dituzten materialak egiteko azterlanen lizentzia martxan jarri da.
– Erakundeentzako laguntza deialdi garrantzitsu bat martxan jarri da, eskolaren eremuan hezkuntza proiektuak garatzeko, ikasle ijitoei zuzenduak.
– Ikastetxeei baliabideak eman zaizkie deialdi orokor baten bidez, hizkuntza sendotzeko irakasleak sartzeko, eskola lagungoko programak ezartzeko etab.
– ‘Ghetto’ izaerako ikastetxeak eraldatzeko prozesuak hasi dira; halere, oraindik emaitzak ez dakizkigu".
Erdietsi ez diren lorpenetan edo alderdi negatiboetan hauek daude:
"– Ikasle ijitoen eskolatzea hobetzeko plana, aurreikusitako jarduketetatik garrantzitsuenetako bat, ez da martxan jarri.
– Ez da ekimen esanguratsurik egin ijito helduek prestakuntza prozesuetan parte hartzea sustatzeko eta babesteko helburuarekin.
– Ez da jarduketarik egin ikastetxeak eraldatzeko bideak sustatzeko, esku hartzeko proiektu globalen bidez, ikaskuntza komunitateen bidez, teknologia berrien bidezko ikaskuntzen bidez eta bestelakoen bidez".
Adingabekoen ikuspegia. Familia ijitoen ikuspegia
Urte hauetan zehar, Arartekoaren erakundeak ijitoen herriko elkarteekin kontaktu asko izan ditu, bai Arartekoaren ekimenez, bai haien kexak kudeatzeko. Haien arazoak eta balorazioak zuzenean ezagutzeko modua dugu hau; interesgarria da betiere.
Gainera, beste informazio iturri bat daukagu, oso ezaguna ez dena: "Ijito herriaren egoera EAEn" izeneko diagnostiko-txostena, Ikusbide elkarteak egina, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak 2005ean adjudikatutako kontratuaren bidez.
Txosten horretan, oraindik ere argitaratu ez dena, EAEn bizi diren 571 familiatako 2.353 ijitoren iritziak jaso ziren. Familia horietako gehien-gehienetan adingabekoak bizi ziren. Gainera, kapitulu oso bat (hirugarrena) hezkuntzari buruzkoa da.
Hona hemen datu eta informazio batzuk laburbilduta, geure txostenaren helburuarentzat baliagarri izan daitezkeelakoan.
Datuek ondokoa erakusten dute, besteak beste:
– Adingabekoen presentzia eta, horrenbestez, eskolatzearen beharrizanak askozaz ere handiagoak dira ijitoen familietan biztanleria orokorrean baino (ijitoen %34,7 15 urtetik beherakoak dira; biztanleria orokorrean, %11,9).
– Ijitoen bi herenek ez dute ikasketarik, ezta lehen hezkuntzakoak ere (biztanleria orokorrean, %5). Ezberdintasunak aintzat hartzen dugun edozein maila edo etapatan deigarriak dira: adibidez, ijitoen %0,29ak ditu unibertsitateko ikasketak, eta biztanleria orokorrean, %20,59ak. Horrek erakusten digu azken hamarkadatan hezkuntzan sartzeko ezberdintasun handiak izan direla, poliki-poliki zuzentzen ari badira ere.
– Ez da egia familia ijitoek ez dutela hezkuntza baloratzen. Adibidez, laginaren %84,1ak uste du garrantzitsua dela ume ijitoak egunero eskolara joatea.
– %65,1ak konfiantza du maisu-maistrengan, baina %39,8ak uste du arazoak daudenean bakarrik deitzen dietela.
– Beraien ustez, aurreko urteetatik hona hobetu edo okertu diren gauzak aipatzeko eskatzen zaienean, hezkuntzan ikusten dituzte hobekuntza gehien (%85,6ak uste du gazte ijitoen hezkuntza mailak hobera egin duela), beste gauza batzuetan baino (osasuna, etxebizitza, lana lortzea...).
%85 horren ustez, zergatik hobetu da gazte ijitoen hezkuntza maila? Arrazoi ugari daude, pisu ezberdinarekin:
• Eskolara sarriago doaz (%65).
• Komunitate ijitoan hezkuntza maila handiagoa dago (%20).
• Ikastea beharrezkoa dela uste dute (%7).
• Ikastetxe gehiago daude eta hezkuntza jasotzea errazagoa da (%4).
• Integrazio eta berdintasun handiagoak daude (%4).
– Eskolan ijito herriaren historia eta kultura sartzearen aldeko iritzia dute gehienek (%88,4) baita beraien jatorrizko hizkuntza irakastearen aldekoa ere (%80,2)…
Eskolatzeko prozesuan izaten diren egoera problematikoei dagokienez, lauki hau oso esanguratsua da:
Nota txarrak | %34,3 |
Beren seme-alaben portaeraren ondorioz irakasleek arreta deitzea | %32,6 |
Eskolara gustura ez joatea | %32,4 |
Kurtsoa errepikatzea edo atzeratuta joatea (adinaren arabera) | %30,3 |
Irakasleren batek tratu bidegabea ematea edo arretarik ez ematea | %14,2 |
Ijitoekin bakarrik ibiltzen da | %11,9 |
Maila bereko edo maila altuagoetako ikaskideek jazartzen dute edo gaizki tratatzen dute | %11,2 |
Ikasleak ez du arreta pertsonalizaturik jasotzen | %11,2 |
Zaintzaileren edo irakasleren batek ez dio arreta egokia ematen | %10,09 |
Iturria: Ijito herriaren egoera EAEn, Ikusbide, 2006. Txosten argitaratu gabea.
Diagnostiko-txostenak beraien iritziak jasotzen ditu, eskolatzean dauden gatazkak gainditzeko beharrezkotzat jotzen dutenari buruz. Haien eskaerak hauei buruzkoak dira:
– Etxeko lanak egiteko laguntza (%80,7).
– Zentroetan ijitoen kultura ezagutzera ematea (%78,6).
– Maisu ijitoak edo eskolan lan egiten duten ijitoak egotea (%76,4).
– Atsedenaldietan jarduera gehiago egitea (%56,4).
Eta beharrizanik larrienen artean ondokoak nabarmendu behar ditugu:
– Materialak eskolak jarri beharko lituzke (%82,72).
– Eskolako babeseko bekak eskuratzea (%76,2).
– Kurtsoak gainditzeko eskolako errefortzua (%49).
Laburpen edo ondorio gisa
Kasu honetan, ondorio gisa, Europako Legebiltzarrak onetsitako agiri baten hitzak hartu nahi ditugu. Testua legebiltzarrean ordezkatuta dauden herrialde guztiei zuzenduta dago baina gure erkidegoan aplikatu ahal da. Europako Legebiltzarraren 2008ko urtarrilaren 31ko ebazpenaz ari gara, ijitoei buruzko europar estrategia bat finkatzeari buruzkoa.
Ebazpenaren testuak gai asko hartzen ditu barruan, noski. Hemen 14. atala bakarrik aipatuko dugu, hezkuntzari buruzkoa delako beren-beregi.
"Batzordeari eskatzen dio hezkuntzaren eremuan bazterketari aurre egiteko legeria sendotzeko aukerak azter ditzala, bazterketa desagerraraztean indarra eginez, eta ebazpen hau onesten denetik urtebeteko epean emaitzen berri eman dezala Legebiltzarrean. Errepikatzen da kalitatezko hezkuntza eskuratzerakoan berdintasuna lehentasuna izan beharko litzatekeela, ijitoentzako europar estrategia baten barruan. Batzordeari eskatzen dio estatu kideek ume ijitoak hezkuntza sistema normalizatuan txikitatik sartzeko egiten dituzten ekintzak finantzatzeko eta babesteko ahaleginak areagotu ditzala. Batzordeari eskatzen dio bigarren hezkuntzan eta goi mailako hezkuntzan (lanbide heziketa, helduen prestakuntza, ikaskuntza iraunkorra eta unibertsitateko heziketa barne) ijitoen aldeko ekintza positiboak bultzatzen dituzten programak babestu ditzala. Batzordeari eskatzen dio bereizketa gainditzeko eredu positiboak eta arrakasta-ereduak bultzatzen dituzten programen alde egin dezala (…)".
Aurreko atalean bereizketa arriskuei buruz edo sozialki behartsua den biztanleriari erantzuna hobetzeko neurriak hartu beharrari buruz (3.5) planteatu dugun guztia hemen errepika genezake, ijitoetako askoren egoerari aplikatuz.
Era berean, uste dugu haien egoerari hitzez hitz aplikatu ahal zaizkiela txosten honetako 5. kapituluan hezkuntza sistemari buruz egin genituen gomendio bereziak. Zehazki, beharrizan hauek planteatzen dituztenak:
– Egoera baztertzaileak galaraztea, horretarako neurririk egokienak hartuz.
– Politika konpentsatzaileak eta diskriminazio positiboko neurriak gehiago indartzea zailtasun gehien dituzten ikastetxeetan.
– Beharrizan bereziko egoeren detekzioa hobetzea eta esku hartze goiztiarra mesedetzea.
– Familiekin eta elkarteekin lankidetza mesedetzea.
– Gaur egun dauden planak, programak eta sektore hau hobetzeko baliabideak ebaluatzea.
– Lortzen ari diren eskolako emaitzen jarraipena egitea.
– Dibertsitatea mesedetzea, ez bakarrik ikasleena, baita ikastetxeetako lantalde profesionaletan ere.