10.1. IKTen erabileraren pertzepzioa Euskadiko biztanlerian
Arartekoaren e-partaidetzari eta IKTak eskuratzeari buruzko inkestan honakoa galdetu zen, txosten berezi honen esparruan: “Zure bizitzako zein alderdi hobetu dira neurri handiagoan Interneten eta IKTen erabilerari esker?” Inkesta egin zuten biztanleen % 35,5ek (bat-bateko erantzuna) dio bere gizarte-harremanak eta senide eta lagunekin komunikatzeko erraztasunak hobetu direla eta pertsona gehiago ezagutzen dituztela IKTei esker.
% 31,8ren esanetan, Internet eta IKTak erabiltzeari esker informazio gehiago eskuratu dezake, bai arintasunaren ikuspegitik, bai eskuratzen duen informazioaren erraztasun eta kopuruaren ikuspegitik.
Bestalde, % 15,1ek dio IKTen erabilerak bere lan-egoera hobetzen lagundu diola, hau da, zereginak sinpletzen, komunikazioa hobetzen eta abar lagundu diola.
Inkesta egin duten pertsonen % 6,2k dio hobetu egin dela beren prestakuntza-maila eta lagundu egin diela ikasketetan, alderdi horietan nabaritu dutelarik teknologien erabileraren onurarik handiena.
Bestetik, inkestako datuak aztertuz gero, datu benetan bitxia ikus dezakegu:
Euskadin Internet erabiltzen duten biztanleen % 13,5ek uste du Internet edo IKTak erabiltzeak ez diola hobekuntza zehatzik eragin beren bizitzako alderdi batean ere.
Ondorioz, biztanle batzuen ustez, Internet eta bestelako teknologiak erabiltzen dituzten arren, ez dute hobekuntzarik ikusten beren bizitzako eremu desberdinetan (profesionala, pertsonala eta abar). Kapitulu honen sarreran adierazi den bezala, teknologien eta gure bizitzako alderdiren baten hobekuntza edo erabilgarritasun zuzen batekin harremanik ez badago, eskuratze-etena eragin daiteke.
10.1.1. IKTen generoa eta erabilera-pertzepzioa
Generoaren aldagaia eta IKTen erabileraren pertzepzioa gurutzatuz gero irteten den emaitza aztertzen badugu, gizon gehiagok esaten dute IKTek informazioa eskuratzen lagundu diela (% 65,4, emakumeek erregistratutako % 28,2ren aldean) eta biztanleriaren bat-bateko erantzunak batu dituzten gainerako alderdi edo eremuetan, emakumeek erabileraren ondorioz eragin positiboa edo hobekuntza jaso izana aitortzen dute (gizonek baino gehiago).
Hurrengo grafikoan ikus daitekeenez, emakumeek IKTen erabileraren eragin positiboagoa antzematen dute gizonek baino honako alderdietan: gizarte-harremanak, lan-egoeraren hobekuntza, tramiteak egiteko eta ezagutza berriak eskuratzeko denbora gutxiago, prestakuntzaren eta ikasketen hobekuntzak, baita enpleguaren bilaketa ere.
Datu horiek beste adierazle batekin osatzen dira, informazio argia emanez:
Euskadiko emakumezko Internet-erabiltzaileen % 11,9k pentsatzen du Internet eta IKTak erabiltzeak ez duela bere bizitzako alderdi bat ere hobetu. Datu hori % 15,1ekoa da gizonezkoen kasuan. Ondorioz, kopuru horiek ikusita, argi dago gaur egun emakumeek gizonek baino neurri handiagoan ikusten dutela IKTen eragin positiboa.
Hori abiapuntu garrantzitsua da IKTen erabileran eta sarbidean genero-eten digitala ezabatzeko lan egiten jarraitu ahal izateko.
(66. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, Interneten eta teknologia berrien erabilerari esker beren bizitzan hobetu diren alderdien eta sexuen arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
10.1.2. IKTen adina eta erabilera-pertzepzioa
Adinaren eta IKTen erabilera-pertzepzioaren arteko harremanak berresten du pertsonarik gazteenak direla IKTen erabileraren eragin handiena jasaten dutenak beren bizitzako alderdi edo eremu desberdinen hobekuntzan.
Hori horrela, grafikoan ikus daitekeen bezala, Euskadiko 16 eta 34 urte bitarteko Internet-erabiltzaileen % 7,2k soilik uste du IKTen erabilerak hobekuntza edo eragin positiboa izan duela bere bizitzako alderdiren batean eta portzentaje hori gora doa adin-tarteetan gora egin ahala, 55 urte edo gorakoen artean % 19,4ra iritsiz.
Erronka handia daukagu oraindik aurretik. Izan ere, IKTak erabiltzen dituzten 55 urte edo goragoko biztanleen % 50ek ez du lotura zuzenik ikusten horiek erabiltzearen eta beren bizitzako alderdi edo eremuen hobekuntzaren artean.
(67. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, Internet eta teknologia berrien erabilerari esker beren bizitzako alderdi bat ere hobetu ez dela diotenak, adin-taldeen arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Ranking honetan islatzen da biztanleriak eragin edo hobekuntza gehien zein alderditan antzeman duen, adin-taldeen arabera.
Biztanleriak IKTen erabilera-hobekuntzan antzeman dituen hiru eremu nagusien rankingean (adin-taldeen arabera) aipatzekoa da ez dela aurkitu zuzenean gizarte-ongizatearekin edo enplegua bilatzeko laguntza edo hobekuntzarekin nahiz ikasketa edota prestakuntzako laguntzarekin lotutako oinarrizko alderdirik.
Hori horrela, nabarmena da, era berean, 55 urte edo goragoko biztanleen % 11,7k diola IKTak gehien hobetu dituen alderdi nagusiak aisia eta entretenimendua izan direla. Portzentaje hau biztanleria gaztean erregistratukoa baino askoz altuagoa da: 35-54 urteko biztanleen % 1,7 eta 16-34 urte bitartekoen % 4,1.
(68. irudia)
IKTek beren bizitzan duten eraginaren rankinga
10.1.3. IKTen erabileraren pertzepzioa eta ikasketa-maila
Ikasketa-mailak eragin argia dauka IKTen erabileraren eta bizitzako alderdi edo eremu jakin batzuen hobekuntzaren arteko harremana ulertzeko moduan.
Arartekoaren e-partaidetzari eta IKTak eskuratzeari buruzko inkestako datuen arabera, ikasketa-maila zenbat eta altuagoa izan, orduan eta biztanle gehiagok uste du IKTen erabilerak hobekuntza zuzenak ematen dizkiola bere bizitzako hainbat alderditan. Hori horrela, unibertsitate-ikasketak dituzten Internet-erabiltzaileen % 8k soilik dio Internet eta IKTen erabilerak bere bizitzako alderdiren bat hobetu duela, bigarren hezkuntzako ikasketak dituzten pertsonen kasuan portzentaje hori % 17,3koa da, eta lehen hezkuntzako ikasketak dituzten Internet-erabiltzaileen artean % 18,6koa.
Interneten erabiltzaileek adinaren arabera antzeman dituzten hobekuntzak alderatuz gero, datu esanguratsu bat ikus dezakegu. Lan-egoeraren hobekuntzarekin (zereginak sinplifikatzea, komunikazioa hobetzea eta abar) eta lana bilatzeko hobekuntzekin lotutako alderdiei buruz ari gara.
(69. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, Internet eta teknologia berrien erabilerari esker beren bizitzako alderdiren bat hobetu dutenak, ikasketa-mailaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Unibertsitate-ikasketak dituzten Internet-erabiltzaileen % 24,7k uste du Internet erabiltzeari esker bere lan-egoera hobetu egin dela. Bestalde, portzentaje hori % 10era murrizten da bigarren hezkuntzako ikasketak dituzten erabiltzaileen kasuan eta % 1,3ra lehen hezkuntzako ikasketak dituzten pertsonen kasuan.
Era berean, unibertsitate-ikasketak dituzten erabiltzaileen % 3,3k uste du Internet eta IKTen erabilerak lana bilatzen lagundu diela, eta bigaren hezkuntzako ikasketak dituzten Internet-erabiltzaileen kasuan kopuru hori % 0,8ra jaisten da. Lehen hezkuntzako ikasketak dituzten pertsonen kasuan, profil hori duen eta inkesta egin duen pertsona batek ere ez du aitortu IKTen erabileraren eta lana bilatzeko hobekuntzen artean harremanik dagoenik.
Lehen eta bigarren hezkuntzako ikasketak dituzten Internet-erabiltzaileek gizarte-harremanak aukeratu dituzte IKTen erabilerari esker gehien hobetu diren alderdi gisa (% 48,1 eta % 32,3, hurrenez hurren), unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonek informazioa eskuratzeko hobekuntzak kokatzen dituzte hobetutako alderdi edo eremuen rankingaren buruan (% 39,1) eta gizarte-sareak daude ondoren (% 34,1). Era berean, unibertsitate-ikasketak dituzten pertsonak dira Interneten eta IKTen erabileraren eragin handiagoa aitortu dutenak administrazioko tramite, kudeaketa eta erosketak egiteko orduan (% 12,7).
10.1.4. IKTen erabileraren pertzepzioa eta jarduerarekiko harremana
Internet erabiltzen duten biztanleek IKTen erabileraren gainean duten pertzepzioari buruzko lan-hipotesietako bat honakoa da: aldeak daudela lanaren edo jarduerekiko harremanaren arabera. Taula honetan ikusi ahal ditugu inkesta egin duten pertsonek (bat-bateko erantzuna) estatistikoki daturik esanguratsuenekin identifikatu dituzten alderdi edo eremu nagusietako batzuk. Horrela, alderdi horiek neurri handigoan zein profilek identifikatu dituzten (lanaren arabera) eta Interneten eta IKTen erabilerari esker hobekuntza handiagoa nortzuk antzematen duten jakin ahalko dugu.
(12. taula)
IKTen erabileraren pertzepzioa eta jarduerarekiko harremana
EREMUA50 | LANBIDEA | PORTZENTAJEA (%) |
Gizarte-harremanak, hobetu komunikatzen naiz senide eta lagunekin, jende gehiago ezagutzen dut | Ikaslea | % 66,7 |
Informaziorako sarbidea: kopuru handiagoa, errazago eta arinago | Erretiratua | % 41,3 |
Lan-egoera: zereginak sinplifikatzea, komunikazioa hobetzea, eta abar. | Norberaren konturako langilea | % 35,1 |
Tramite, kudeaketa eta erosketak egiteko denbora aurreztea | Norberaren konturako langilea | % 22 |
Ezagutza berriak hartzen ditut, nire kultura hedatzen dut | Etxeko andrea | % 24,6 |
Aisia eta entretenimendua | Erretiratua | % 15, |
Aztertu beharreko elementuak ematen dizkigun beste datu bat zera da: inkesta honen arabera, erretiratuak dira (lanbidearen arabera) IKTen erabilerak beren bizitzako alderdiren baten hobekuntzan duen eraginaren pertzepzio txikiena dutenak. Hori horrela, Internet erabiltzen duten erretiratuen % 14,7k uste du Internetek eta IKTek ez dutela beren bitzako alderdi edo eremurik hobetu. Errealitate honen bestelako kasua da Internet erabiltzen duten ikasleena: % 2,6k soilik uste du Internetek ez duela bere bizitzako alderdirik hobetu.
10.1.5. IKTen erabileraren pertzepzioa eta etorkinak
Internet erabiltzen duten etorkinen % 66,5ek uste du Internet eta IKTak erabiltzeari esker bere gizarte-harremanak hobetu ahal izan dituela (familia eta lagunekiko komunikazioa). Datu hau bereziki esanguratsua da, batez ere etorkinak ez direnekin alderatzen badugu, % 34,4k soilik uste baitu IKTek alderdi hori hobetzen lagundu diotela.
Aitzitik, horietako batek ere ez du uste Interneten erabilerak lana bilatzen edo lan-egoera hobetzen lagundu dionik.
Ezagutza berriak eskuratzea eta aisialdia eta entretenimendua hobetzea (% 12,8 eta % 9,4, hurrenez hurren) dira etorkinek IKTei esker gehien hobetu ahal izan dituzten alderdiak, etorkinak ez diren horiek baino neurri handiagoan.
Daturik esanguratsuenetako bat izan daiteke Espainian jaio diren Internet-erabiltzaileen % 14k uste duela Internetek ez diola hobekuntzarik eragin bere bizitzako alderdi edo eremu bateri ere, eta inkesta egin duten Internet-erabiltzaile etorkinen % 100ek dio beren bizitzako alderdiren bat hobetu edo lagundu diola.
10.1.6. IKTen erabileraren pertzepzioa eta ezgaitasuna
IKTek oraindik erronka handia dute aurretik, ezgaitasunen bat duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko aukera eta beharrizanaren moduan eta mailan.
Horrenbestez, IKTen erabilerari esker gehien hobetu diren bizitzako alderdi edo eremuak zeintzuk izan diren galdetzean, Internet erabiltzen duten eta ezgaitasunen bat duten pertsonen % 6,5ek soilik erantzun du IKTen erabilerak bere lan-egoera hobetzen lagundi diola, kopuru hori ezgaitasun aitorturik ez duten pertsonen kasuan % 15,5ekoa izanik.
Bestalde, Internet erabiltzen duten biztanleen ia % 16k dio IKTak erabiltzeari esker bere bizitzako alderdi edo eremuren bat hobetu dela.
Ezgaitasunen bat duten biztanleen artean IKTek beren bizitzan eragin positiboa izan dutela aitortzen dutenen kasuan, % 12,8k dio tramite, kudeaketa eta erosketetako erosotasuna izan dela antzemandako hobekuntza. % 16,6k, bestalde, IKTen erabilera bere prestakuntzaren hobekuntzarekin eta ikasketetako laguntzarekin lotzen du, eta % 5,8k dio Internet eta IKTen erabilerari esker askoz errazago bilatu ahal izan duela lana. Hiru alderdi edo eremu horietan, erregistratutako portzentajeak altuagoak dira ezgaitasun aitorturik ez duten biztanleen kasuan baino.
10.1.7. IKTen erabileraren pertzepzioa eta habitata
Habitataren (habitataren tamaina, biztanle-kopurua) eta IKTen erabilera-pertzepzioaren arteko harremanari buruzko azterketak islatzen duenez, ez dago alde handirik IKTen erabilerari esker biztanlerian hobetu diren alderdi edo arrazoien rankingean.
Aitzitik, estatistikako alderaketa bertikalak (alderdi edo eremu bakoitzaren azterketa, balioak habitataren tamainaren arabera alderatuta) informazio interesgarria ematen digu. Hori horrela, lan-egoera, gizarte-harreman eta lan-bilaketaren eremuetako hobekuntzak indar handiagoa dauka 10.000 biztanletik beherako habitatetan bizi diren Internet-erabiltzaileen artean (% 22,9, % % 40,2 eta % 3,9, hurrenez hurren), eta, bestalde, aisialdia edo ikasketetako laguntza bezalako alderdietako hobekuntza identifikatzen du sarriago habitat handietan bizi den biztanleriak (hiriburuak, 100.000 biztanletik gora) IKTen eragin positiboko alderdi gisa.
10.1.8. IKTen erabilera-maiztasuna, ezagutza eta erabilera-pertzepzioa
IKTen erabileraren pertzepzioa (onurak) ere Interneten erabileraren maiztasunarekin lotuta dagoela dirudi. Zenbat eta maizago erabili, orduan eta altuagoa da IKTen erabileraren pertzepzioa edo onura alderdi edo eremu desberdinetan.
Internet gutxienez hilean behin erabiltzen duen biztanleriaren % 33,2k ez du uste Interneten erabilerak bere bizitzako alderdi edo eremurik hobetu duenik. Portzentaje hori % 23,8ra murrizten da Internet astero baina ez egunero erabiltzen duten pertsonen kasuan. Internet egunero erabiltzen duten pertsonen artean % 10,4k soilik aitortzen du Internet erabiltzeak ez duela eragin positiborik izan bere bizitzako alderdi edo eremu batean ere.
Antzeko zerbait gertatzen da Interneten eta IKTen ezagutza-mailarekin. Ezagutza-maila zenbat eta altuagoa, orduan eta gehiago uste da teknologien erabilerak alderdi edo eremuren bat hobetu duela.
Kopuruei jarraiki, Internet eta IKTen gaineko oinarrizko ezagutzak dituztela dioten pertsonen % 19,5ek baieztatzen du Internetek ez duela bere bizitzako alderdi edo eremurik hobetu. Portzentaje hori % 3,2ra jaisten da IKT edo Interneten adituak omen diren erabiltzaileen kasuan.
Hurrengo grafikoan biztanleriaren balorazio eta alderdien alderaketa ikus daiteke, IKT eta Interneten gainean duten ezagutza-mailaren arabera:
(70. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, Internet eta teknologia berrien erabilerari esker bizitzan hobetu zaizkien alderdien eta Internet eta IKTei buruzko ezagutza-mailaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
50 Taula interpretatzeko adibidea: Internet erabiltzen duten ikasleen % 66,7 da IKTak beren gizarte-harremanak gehien hobetu dituela uste duen sektorea (lanaren arabera).