10.2. Bizi-kalitatea, ongizatea eta IKTak
Aurreko atalean aztertu dugu Internet erabiltzen duten pertsonek zein mailatan lotzen duten haren erabilera IKTek beren bizitzako alderdi edo eremu batzuk hobetzeko duten ahalmenarekin.
Azterketa hori zehazteko asmoz, e-partaidetzari eta IKTak eskuratzeari buruzko inkestan IKTek bizi-kalitatean eta gizarte-ongizatean izan dezaketen eraginarekin lotutako hainbat esaldi aipatu zaizkie inkesta egin dutenei. Erantzuna zenbakizko balio bat da, 0tik 10era bitartean: 0 ez nago bat ere ados-10 guztiz ados nago.
Taula honetan esaldirik esanguratsuenak eta horietako bakoitzean eskuratutako batez besteko balioa islatu dira.
(13. taula)
IKTen erabileraren bidez bizi-kalitatean eta gizarte-ongizatean hobetutako alderdiak
IKTen erabileraren bidez bizi-kalitatean eta gizarte-ongizatean hobetutako alderdiak | Batez besteko balioa51 |
IKTek nire bizi-kalitatea hobetu dute | 6,4 |
IKTei esker nire hiri edo lurraldeko bizitza sozial eta politikoan parte har dezaket | 5,3 |
Herritarrek erakundeetan duten partaidetza areagotzen lagundu dute | 6,3 |
IKTek nire osasuna hobetu dute | 2,8 |
IKTek aukera gehiago eskaintzen didate lan-merkatuan | 6,2 |
Erakundeak herritarrengana hurbiltzen lagundu dute | 6,5 |
Herritarren eskubideak hobeto defendatu eta ezagutzen laguntzen dute | 6,1 |
Eusko Jaurlaritzak ematen dituen gizarte-zerbitzuak hobetzen lagundu dute | 5,5 |
Gizarteko desberdintasunak murrizten lagundu dute | 4,4 |
Osakidetzak emandako osasun-zerbitzuen kalitatea hobetu dute | 5,5 |
Iturria: Arartekoaren 2012ko e-partaidetzari eta IKTak eskuratzeari buruzko inkesta.
“IKTek nire bizi-kalitatea hobetu dute”.
Taulan ikus daitekeen bezala, biztanleriak batez beste 6,4 puntu eman dizkio IKTek bizi-kalitatea hobetzen lagundu dutela dioen baieztapenari. Maiztasunen banaketari erreparatuz gero, zehaztasun handiagoa lortzen dugu eta, ikus dezakegunez, Internet erabiltzen duten biztanleen % 68,5 ados edo oso ados dago esaldi horrekin.
“IKTei esker nire hiri edo lurraldeko bizitza sozial eta politikoan parte har dezaket”.
Batez besteko puntuazioa 5,3 puntukoa da. Maiztasunen banaketaren arabera, Internet erabiltzen duten biztanleen % 51,3 ados edo oso ados dago esaldi horrekin. Hau da, Internet-erabiltzaileen erdiak baino gehiagok uste du IKTek bere testuinguruko alderdi sozial eta publikoetan parte hartzeko aukerak eskaintzen dituztela. Era berean, nabarmentzekoa da biztanleriaren % 31 ez dagoela ados edo bat ere ados baieztapen horrekin.
“Herritarrek erakundeetan duten partaidetza areagotzen lagundu dute”.
Baieztapen horrek are gehiago sakontzen du Internet-erabiltzaileek Internetek herritarren partaidetza areagotzeko duen erabilera edo ahalmenari buruz duten pertzepzioa, nahiz eta, kasu honetan, askoz gehiago jorratzen den administrazio publikoen bidez eremu publikoan parte hartzeko aukera.
Batez besteko puntuazioa 6,3koa da (0-10 eskalan) eta, ondorioz, biztanleria ados dago baieztapen horrekin, nahiz eta erantzunaren zehaztasunak maiztasunen banaketan ikus daitezkeen: Internet erabiltzen duten pertsonen % 62,8 ados edo oso ados dago Internetek herritarrek erakundeetan duten partaidetza areagotu duela dioen baieztapenarekin eta ikuspegi negatiboa, aldiz, hau da, ados edo bat ere ados ez daudenena, % 14,3koa da Internet-erabiltzaileen artean.
“IKTek nire osasuna hobetu dute”.
Baieztapen horrek batez beste 2,8 puntu eskuratu zituen. Beraz, inkesta egin duen biztanleria ez dago bat ere ados baieztapenarekin. Maiztasunen banaketaren azterketa irmoa da: Internet erabiltzen duten biztanleen % 64,9 ez dago ados edo bat ere ados esaldi honekin eta ia % 19 ez da ez ados, ez kontra. Kopuru horien arabera, internautek ez omen dute oso argi ikusten IKTen erabilerak eragin positibo zuzena izan duenik euren osasun-egoeran. Berez, % 14,9k soilik adierazi du baieztapen horrekin ados edo oso ados dagoela.
“IKTek aukera gehiago eskaintzen didate lan-merkatuan”.
Esaldi horri batez beste 6,2 puntu eman dizkio Internet erabiltzen duen biztanleriak. Inkesta egin duten pertsonak ados daude IKTek (horien erabilerak, gaitasun digitalek) lan-merkatuan aukera gehiago ematen dietela dioen esaldiarekin. Hori horrela, internauten % 61,1ek baieztatzen du ados edo oso ados dagoela baieztapen horrekin eta % 18,9k aitortzen du ez dagoela ados edo bat ere ados.
“Erakundeak herritarrengana hurbiltzen lagundu dute”.
Esaldi honek oso puntuazioa altua lortu du, 6,5 hain zuzen ere. Internet erabiltzen duten pertsonen % 67,3 ados edo oso ados dago baieztapen horrekin, IKTak sartzean erakundeak modernizatu egin direlako eta horrek erakunde publikoak eta herritarrak gehiago hurbildu dituelako. Bestalde, inkesta egin duten internauten % 13,3k aitortzen du ez dagoela ados edo bat ere ados esaldi horrekin.
“Herritarren eskubideak hobeto defendatu eta ezagutzen laguntzen dute”.
Inkesta egin duten Internet-erabiltzaileen ia % 60k baieztatzen du ados edo oso ados dagoela baieztapen horrekin eta % 15,1ek soilik dio ez dagoela ados edo bat ere ados. Zenbaki orokorrei erreparatuz gero, baieztapen horrek batez beste 6,1 puntu lortu ditu eta horrek agerian uzten du internautek argi daukatela informazio gehiago eskuratu eta komunikazio berrietara jotzeko aukera tresna erabilgarria izan daitekeela herritarren eskubideak hobeto ezagutzeko eta eskubideak defendatzeko formula berriak bilatu edo daudenak indartzeko.
“Eusko Jaurlaritzak ematen dituen gizarte-zerbitzuak hobetzen laguntzen dute”.
Baieztapen horrek 5,5 puntu eskuratu ditu, hau da, balorazio-eskalan “ez ados, ez kontra” egongo lirateke. Nahiz eta inkesta egin duten biztanleen % 45ek baieztatzen duen ados edo oso ados dagoela esaldi horrekin, gainerako % 55a gainontzeko kategorietan banatzen da (ez ados, bat ere ados, ez ados ez kontra, ez daki/ez du erantzun) eta pertsona ugari (% 32) daude “ez ados, ez kontra” eta “ez daki/ez du erantzun” artean. Informazio horrek nahasia eman dezakeen arren, inkesta egiten duten biztanleek esaldi horri buruzko ezagutza-falta dutela iradoki lezake.
“Gizarteko desberdintasunak murrizten lagundu dute”.
Inkesta egin duen biztanleria ez da esaldi horrekin ados agertu. 0tik 10erako eskalan 4,4 puntu dituela, datuei jarraiki biztanleriaren % 30 soilik dago ados IKTek gizarte-desberdintasunak murrizten lagundu dutela dioen baieztapenarekin. Aitzitik, % 43,2k dio ez dagoela ados edo bat ere ados baieztapen honekin, % 22k dio ez dagoela ez ados, ez kontra, eta % 4,4k ez daki edo ez du erantzun. Argi dago, beraz, bazterkeria digitaleko arriskuen pertzepzioari buruzko hurrengo atalean zehatzago aztertuko dugun bezala, biztanleria, gaur egun, ez dagoela ados IKTek gizarte-desberdintasunak murriztea lortu dutela dioen baieztapenarekin.
“Osakidetzak emandako osasun-zerbitzuen kalitatea hobetu dute”.
5,5eko puntuazioarekin, balorazioen taularen erdian kokatzen da, hau da, “ez ados, ez kontra”. Maiztasunen banaketari buruzko azterketari erreparatuz gero, hobeto jakin dezakegu inkesta egin duten biztanleek zein neurritan uste duten IKTen erabilerak Osakidetzak emandako osasun-zerbitzuen kalitatea hobetu duela. Hori horrela, internauten % 49,4k aitortu du baieztapen horrekin ados dagoela eta % 23,2k dio kontrakoa (ez dagoela ados edo bat ere ados).
Kasu honetan, berriz ere, erabaki sendorik gabe (ez daki/ez du erantzun, ez ados, ez kontra) dauden pertsonak asko dira (% 27,3). Baieztapen horren balorazioa ikusita, esan liteke jendeak ez dakiela IKTek zerbitzu hori zein neurritan hobetu duten. Ondoren, partaidetza-etenari buruzko azterketaren kapituluan, zehatzago jorratuko dugu ea biztanleriak zein neurritan ezagutzen dituen administrazioaren webguneak, zein neurritan erabiltzen dituen edo nola baloratzen dituen.
51 Batez besteko balorazioa, 0tik 10era: 0=ez nago bat ere ados eta 10=guztiz ados nago. Balioen interpretazioa: 0, 1 eta 2=ez nago bat ere ados, 3 eta 4=ez nago ados, 5=ez ados, ez kontra, 6 eta 7=ados, 8, 9 eta 10=oso ados.