10.4. Bazterkeria digitalaren arriskuen pertzepzioa
Eskuratze-eten digitalaren azterketan jorratzen diren alderdien barruan, erabilera, abantaila eta onuren pertzepzioa lantzeaz gain, Internet erabiltzen duten pertsonek egun IKTak ez erabiltzearen arrisku eta desabantailei buruz duten pertzepzioa zein den jakitea ere garrantzitsua da.
“Zure ustez, zeintzuk dira egun IKTrik ez erabiltzearen desabantaila nagusiak?” galderari bat-bateko erantzuna ematean, Internet erabiltzen duten biztanleen % 30ak uste du informazio-falta dela. Rankingean agertzen den bigarren desabantaila zaharkitua geratzea edo egunean ez egotea da (% 25). Internauten % 11,6k uste du Internet edo IKTak ez erabiltzearen arriskurik handiena gizartean isolatuta geratzeko aukera dela eta % 10,4k dio desabantailarik handiena erakundeetan egin beharreko tramiteetan galtzen den denbora dela.
Grafikoan ikus daitekeen bezala, Internet erabiltzen duten biztanleek ez dute uste IKTen erabilera-faltak desabantaila handiak eragiten dituenik lan-prestakuntza profesional hobea edo lan-merkatura sartzeko zailtasun handiak bezalako alderdietan.
Bestalde, inkesta egin duten Internet-erabiltzaileen % 11,1ek uste du IKTak ez erabiltzeak ez duela inolako desabantailarik eragiten. Hau da, Euskadin Internet eta IKTak erabiltzen dituzten biztanleen portzentaje batek uste du gaur egun ez dutela hainbeste erabilgarritasun edo balio, ez erabiltzea desabantaila bat izan dadin.
(74. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, galdera honi emandako bat-bateko erantzunaren arabera: “Zure ustez, zeintzuk dira gaur egun teknologia berriak ez erabiltzearen desabantaila nagusiak?” (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Internet ez erabiltzeak ez duela desabantailarik eragiten adierazi duten pertsona horiek zeintzuk diren zehatzago aztertuz gero, txostenean zehar erabili ditugun aldagaien (adina, sexua, ikasketa-maila, habitataren tamaina eta abar) araberako profila zehaztu ahalko dugu:
(75. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, galdera honi emandako bat-bateko erantzunaren arabera: “Zure ustez, zeintzuk dira gaur egun teknologia berriak ez erabiltzearen desabantaila nagusiak?” “Ez dago desabantailarik” erantzunaren portzentajerik esanguratsuenak, 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Grafikoan ikus daitekeen bezala, sarbide- eta erabilera-etenetan ahulenak diren gizarte-multzo eta taldeak dira IKTak erabiltzen hastean zailtasun gehien dutenak erabilera hori beren bizitzako alderdi edo eremu jakin batzuen desabantailarekin lotzeko orduan.
IKTak ez erabili edo eskuratzearen ondoriozko arriskuen pertzepzioa aztertzen jarraitzeko asmoz, honako galdera egin zaie inkesta bete duten pertsonei: “Zure ustez pertsona edo talde batzuek IKTak erabiltzeko duten ezintasuna gizartean baztertuta egoteko arrazoi izan liteke?”.
Internet erabiltzen duten biztanleen % 56,5ek uste du IKTak erabiltzeko ezintasuna gizartean baztertzeko arrazoia izan daitekeela
Galdera hori eten digitala eragiten duten aldagai nagusietako batzuekin (adina, sexua, ikasketa-maila, lanbidea, eta abar) gurutzatzean ikus dezakegunez, IKTak erabiltzeko ezintasunak gizartean baztertuta egoteko aukera gehiago eragiten duela neurri handiagoan adierazi duten Internet-erabiltzaileak honako dira: emakumeak (% 59,5), 55 urte edo goragoko pertsonak (% 59,7), unibertsitate-ikasketadun pertsonak (% 67,9), etxeko andreak (% 65), etorkinak (% 65,5), ezgaitasun aitorturen bat duten pertsonak (% 60,3) eta Euskadiko hiriburu handietan (100.000 biztanletik gora) bizi diren pertsonak (% 53,8).
Euskadiko Internet-erabiltzaileen iritzia jasotzeko orduan erabilitako hirugarren ikuspegia zera izan zen, IKTak zerbitzu publiko zehatz batean sartuz gero gizartearen artean desberdintasunak sor litezkeen galdetzea. Horretarako, herritarren eskubide bat aipatu zen zuzenean, partaidetzarako eskubidea, hain zuzen ere.
Honako galdera egin zen: “Zure ustez IKTak partaidetza-prozesuetan sartzea gizartean baztertuta geratzeko faktore berri bat bihur liteke, pertsona edo talde batzuek ez dakitelako edo ezin dituztelako erabili?” Internet erabiltzen duten biztanleen % 68,4k erantzun zuen baietz.
Hau da, Euskadin Internet erabiltzen duten biztanle askok (% 70 inguru) uste du IKTen erabilera- eta sarbide-eten digitala existitzen den artean, partaidetza-prozesuetan IKTak sartuz gero gizarte-desberdintasunak areagotu egin daitezkeela.
Erantzun honen bidez adierazitako arriskuak are zentzu gehiago hartuko luke zerbitzu jakin batzuk (kasu honetan partaidetzarekin lotutakoak) IKTen sarbide eta erabilera eskatzen duten bitartekoen bidez soilik eskainiko balira.
Eten digitala jasateko arrisku gehien duten gizarte-multzo eta talde jakin batzuen erantzuna aztertzen badugu, IKTak partaidetza-prozesuetan sartzea gizarte-bazterkeria eragiten duen faktore berri bat izan daitekeela (pertsona edo talde batzuek tresna horiek erabiltzen ez dakiten edo ezin duten artean) erantzun duten etorkin, ezgaitasunen bat duten pertsona, etxeko andre, 55 urte edo goragoko pertsona eta emakumeen portzentajea handiagoa da inkesta egin duten Internet-erabiltzaileen batez bestekoa baino (% 68,4).
Grafiko honetan, galdera honi baietz erantzun dioten Internet-erabiltzaileen batez bestekoa eta gizarte-multzo eta talde batzuetan erregistratutako portzentajeak alderatu dira:
(76. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, “Zure ustez teknologia berriak partaidetza-prozesuetan sartzea gizartean baztertuta geratzeko faktore berri bihur liteke (...)?” galderaren erantzunen arabera. Baiezko erantzunen portzentajerik esanguratsuenak, 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.