11.2. Euskal gizartearen partaidetza IKTen bidez
Atal honetan aztertuko dugu euskal gizarteak nola parte hartzen duen, txosten berezi honen esparruan e-partaidetzari eta IKTak eskuratzeari buruz egindako inkestan planteatutako gai desberdinen erantzunen bidez.
Horretarako, partaidetza horren ezaugarriak zeintzuk diren azalduko dizkiguten aldagai nagusiak aztertuko ditugu:
(88. irudia)
Euskal gizartearen IKTen bidezko partaidetza
Txosten berezi honetan orain arte egin dugun bezala, aldagai horiek eten digitala sortzen duten beste faktore batzuekin gurutzatu dira. Eta azterketa horri esker, estatistikoki esanguratsuenak diren eta komentatu behar diren datuak atera ahal izan ditugu, inkesta honen lagina osatzen duten gizarte-multzo eta talde desberdinek hiritarren partaidetza nola bizi duten ulertzeko.
11.2.1. Hiritarren partaidetzarako arrazoiak
Zein arrazoi dauka hiritarrak Euskadiko eremu sozial eta publikoan parte hartzeko? Galdera honi erantzuten saiatzeko, honako galdera egin zitzaien hiritarrei: “Zergatik parte hartzen duzu zure inguruan edo eremu publikoan?
Bat-batean erantzun zitekeen galdera zenez, 5 erantzun-talde edo –motatan batu ditugu erantzunak. Hori horrela, inkesta egin duten Internet-erabiltzaileen % 48k adierazi du onura pertsonala lortzeko parte hartzen duela. Bestalde, % 28,6k dio besteei lagundu edo onurak ematea dela parte hartzeko arrazoia eta % 24,7k erabilgarri sentitzeko parte hartzen du.
Inkesta egin duten biztanleen % 27k soilik aitortu du erabakiak hartzeko orduan parte hartzeko asmoz parte hartu duela.
(89. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, beren inguruan edo eremu publikoan parte hartzeko arrazoien arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Zehaztasunez aztertuta, eta galdera honen erantzunak txosten berezi honetan zehar jorratu ditugun eten digitaleko aldagai nagusi batzuekin gurutzatuz gero, datu interesgarriak ondorioztatzen dira.
Sexuaren aldagaiarekin gurutzatuta, emakumeek gizonek baino neurri handiagoan aitortu dute onura pertsonalak eskuratzeko parte hartzen dutela, % 54,1ek aipatu baitu arrazoi hori, gizonen % 42,1en aldean.
Parte hartzeko arrazoi gisa erabilgarritasunaren sentimendua aipatu duten gizon eta emakumeen portzentajea da beste kontraste esanguratsu bat, % 35,1 eta % 14,2ko portzentajeekin, hurrenez hurren.
Adinaren aldagaiarekin gurutzatuta, bestalde, desberdintasun garrantzitsuak ikus ditzakegu Euskadiko eremu sozial eta publikoan parte hartzeko arrazoien artean. Horrenbestez, onura pertsonala eskuratzeko parte hartzen dutenek portzentaje altuagoak erregistratzen dituzte adin-tarteetan gora egin ahala. Ildo horretatik, 16 eta 34 urte bitarteko biztanleen % 47,8k dio hori dela parte hartzeko arrazoia, baina datua % 54,8ra igotzen da 55 urte edo goragoko pertsonen kasuan.
Aitzitik, erabakietan parte hartzeko arrazoiaren eta adinaren arteko harremanak honako eskema jarraitzen du: zenbat eta gazteagoa, orduan eta pisu gehiago du erabakietan parte hartzeko arrazoiak. Ondorioz, 16 eta 34 urte bitarteko biztanleen % 32,3k adierazi du kausa hori dela parte hartzeko arrazoia eta 55 urte edo goragoko pertsonen kasuan portzentaje hori % 21,3ra jaisten da (11 puntuko aldea adin-tarte bien artean).
Ikasketa-mailari erreparatuz gero, aldagaien gurutzaketak datu bereziki interesgarria ematen digu. Parte hartzeko arrazoia erabakietan esku hartu ahal izatea diren kasu gehiago ematen dira unibertsitate-ikasketak dituzten biztanleen artean, lehen edo bigarren hezkuntzako ikasketa-maila duten pertsonen artean baino. Gurutzaketa honetan portzentajerik baxuena erregistratzen duen taldea bigarren hezkuntzako ikasketak dituen biztanleria da, % 24,1ekin, unibertsitate-ikasketak dituzten biztanleek erregistratutako ia % 30en aldean.
Emaitzak lanbidearen arabera banatuz gero, inkesta egin duten biztanleek bat-batean emandako bi arrazoietan alde esanguratsuak daude.
Hori horrela, etxeko andreak (% 86,1) eta jarduerarik edo lanik gabe dauden pertsonak (% 75,3) dira parte hartzeko arrazoi gisa onura pertsonala eskuratzea hautatu dutenen portzentajerik altuenak erregistratzen dituzten profilak.
Bestalde, beren kontura lan egiten duten pertsonek erregistratu dituzte portzentajerik altuenak, grafikoan ikus daitekeen bezala, gainerakoak laguntzeko arrazoietan (% 56,9) eta erabakietan parte hartzeko arrazoietan (% 52,2), gainerako taldeekin alde nabarmenak dituztelarik.
Aipatzekoa da, era berean, jarduerarik edo lanik gabe dauden pertsonen % 6,1ek soilik aipatzen duela erabakietan esku hartzea dela bere parte hartzeko arrazoia.
Etorkinei dagokienez, % 45,4k dio besteak laguntzeko parte hartzen duela, hau da, etorkinak ez diren biztanleek baino % 17 gehiagok (% 27,7), azken horiek neurri handiagoan erabiltzen baitute onura pertsonala eskuratzeko (% 49,5).
Partaidetzaren kontzeptu hau, onura kolektiboa sortzeko orientatuta, ezgaitasun aitorturen bat duen biztanleengan ere ageri da. Hori horrela, ezgaitasun aitorturen bat duten biztanleen % 42,5ek adierazi du gainerakoei onurak eskuratzeko parte hartzeko duela eta portzentaje hori % 27,6ra jaisten da ezgaitasun aitorturik ez duten pertsonen kasuan.
Halaber, erabilgarri sentitzeko parte hartzen dutenak ere errotuago daude ezgaitasunen bat duten biztanleen artean (% 52,3, ezgaitasun aitorturik ez daukaten pertsonek erregistratutako % 23,8ren aldean).
(90. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, beren inguruan edo eremu publikoan parte hartzeko arrazoien eta lanbidearen arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Erabakietan esku hartzeko partaidetza, bestalde, baxuagoa da ezgaitasunen bat duten biztanleen artean (% 19,1, ezgaitasun aitorturik ez daukaten eta arrazoi hori aukeratu duten biztanleen % 27,5en aldean).
Bestalde, parte hartzeko arrazoiak eta Internet erabiltzeko maiztasunak ere harreman bat dutela ematen du. Erabilera zenbat eta maizago izan, orduan eta gehiago aitortzen da besteentzako onurak eskuratu nahi direla eta erabakietan esku hartu nahi dela parte hartzeko orduan.
Erabilera-maiztasunean mugitzen garen eta Interneten erabilera esporadikoagoa egiten duten pertsona-taldeengana hurbiltzen garen heinean, igo egiten da eremu sozial eta publikoan parte hartzeko arrazoi gisa onura pertsonala identifikatu duten pertsonen portzentajea.
(91. irudia)
Internet erabiltzen duten pertsonak, beren inguruan edo eremu publikoan parte hartzeko arrazoien eta erabilera-maiztasunaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
11.2.2. Partaidetzaren erabilgarritasunaren pertzepzioa hiritarren eskutik
Euskadiko eremu sozial edo publikoan noizbait parte hartu duten hiritarrek duten pertzepzioari buruzko azterketan, noizbait parte hartzea erabaki duen biztanleria zein sentsazioarekin geratu den nabarmendu nahi da. Partaidetza hori erabilgarria izan dela sentitu ahal dute?
Adierazle hau oso garrantzitsua da, aurreko esperientziek era esanguratsuan zehazten baitu etorkizuneko esperientzietako motibazio- eta inplikazio-maila. Bestela esanda, eta txosten berezi honen esparruan adituekin izandako eztabaida-taldeetan eskuratutako ondorio batzuk berreskuratuz, partaidetzan egondako esperientzia zapuztuek eragin handia dute lurraldearen kultura partaidea sustatzeko orduan.
Honako galdera egitean: “Zein neurritan iruditu zaizu erabilgarria zuretzat edo gainerako hiritarrentzat zure partaidetza?”, inkesta egin duten biztanleen % 34k baloratu du bere partaidetza oso erabilgarria edo nahiko erabilgarria izan dela (datu erantsia).
Aitzitik, biztanleen % 33,6k uste du bere partaidetza ez dela oso erabilgarria izan eta % 25,9k dio, zuzenean, partaidetza horrek ez duela inolako eraginik izan.
(92. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, beren partaidetzaren erabilgarritasunaren (pertsonala edo kolektiboa) pertzepzioaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Grafikoan ikus daitekeen bezala, inkesta egiten duten biztanleen % 59,5ek adierazi du bere partaidetza ez dela oso erabilgarria izan edo ez duela eraginik izan.
Ikuspegi operatibotik erreparatuta, portzentaje horrek hiritarren partaidetza-esperientzia arrakastatsuak sortzeko beharrizanari buruzko alarma piztu lezake, ahalik eta gardentasun handiena bermatuz eta hiritarrei beren partaidetzak duen eragin edo balioaren jakitun izateko modua ahalbidetuz. Gomendioen kapituluan azalduko da gai hau zehatzago.
Partaidetzaren erabilgarritasuna inkesta egin duten biztanleen sexuaren aldagaiaren arabera nola baloratzen den aztertuta, datuak antzekoak dira eta ez da gap handirik antzeman bi taldeen pertzepzioen artean. Hori horrela, emakumeen % 34,7k uste du eremu sozial eta publikoan duen partaidetza oso erabilgarria edo nahiko erabilgarria dela eta portzentaje hori % 33,4koa da gizonen kasuan. Bestetik, oso erabilgarritzat jotzen diren kasuak aztertuz gero, emakumeen % 3,6k soilik uste du hala dela eta gizonen kasuan % 7,6k.
Adinari erreparatuz gero, partaidetza pertsonala oso erabilgarri edo nahiko erabilgarri gisa ulertzen duten kasuak igo egiten dira adin-tarteetan gora egin ahala. Hori horrela, 16-34 urteko biztanleen % 28,8k uste du bere partaidetza oso erabilgarria edo nahiko erabilgarria dela, portzentaje hori % 34,9ra igotzen da 35-54 urteko biztanleen kasuan, eta % 47,4ra 55 urte edo goragoko biztanleen kasuan.
Hau da, beste ondorio batzuen artean, inkesta egin duten 16-34 urte bitarteko biztanleen (Euskadiko Internet-erabiltzaileak) % 67,9k uste du bere partaidetza ez dela oso erabilgarria izan edo ez duela eraginik izan, erabilgarritasunari edo eraginari erreparatuz gero.
Ikasketa-mailaren arabera, erabilgarritasunaren pertzepzioa (oso erabilgarria + nahiko erabilgarria) altuagoa da ikasketa-maila altuagoak dauzkaten biztanleen artean. Lehen hezkuntzako ikasketak dauzkaten herritarren artean dugu adibiderik argiena. Ikasketa-maila hori daukan biztanleen % 43,8k uste du bere partaidetza ez dela oso erabilgarria eta % 19,3k dio ez duela eraginik izan. Unibertsitate-ikasketak dituzten biztanleen artean, aitzitik, % % 40,1ek uste du bere partaidetza oso erabilgarria edo nahiko erabilgarria izan dela eta % 27,6k adierazi du ez dela oso erabilgarria izan.
Etorkinek erabilgarritasunari buruz duten pertzepzioa bereziki esanguratsua da. % 61,9k uste du eremu sozial eta publikoetako partaidetza ez dela oso erabilgarria izan. Etorkinak ez diren biztanleen kasuan, portzentaje hori % 32,3ra murrizten da.
(93. irudia)
Internet erabiltzen duten 16 urtetik gorako pertsonak, beren partaidetzaren erabilgarritasunaren (pertsonala edo kolektiboa) pertzepzioaren eta etorkinen arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Adierazle hau ezgaitasunaren aldagaiarekin gurutzatuta ondorioztatu daitekeenez, ezgaitasun aitorturen bat duten biztanleen % 59,9k dio eremu sozial eta publikoetako partaidetza oso erabilgarria edo nahiko erabilgarria iruditzen zaiola. Portzentaje hori % 32,6koa da ezgaitasun aitorturik ez duten biztanleen kasuan, eta, beraz, datu horien interpretazioak erabilgarritasunaren pertzepzio altua iradokitzen du ezgaitasunen bat duten pertsonen taldean, beren partaidetzaren erabilgarritasunari dagokionez.
Deskribapen estatistikoa burutzeko, inkesta egin duten eta ezgaitasun aitorturen bat duten pertsonen % % 40,2k uste du bere partaidetza ez dela oso erabilgarria (pertsonalki edo taldearentzat), eta portzentaje hori % 60,7ra igotzen da ezgaitasunik aitortuta ez duten biztanleen kasuan.
Interneten erabileraren maiztasunak eragin handia dauka hiritarrek partaidetzaren erabilgarritasuna ulertzeko moduan. Beraz, bere partaidetza ez dela oso erabilgarria uste duen biztanleriaren portzentajeak Internet erabiltzen duten maiztasunaren arabera alderatuz gero, emaitza oso argia da:
(18. taula)
Partaidetzaren erabilgarritasunaren pertzepzioa
Interneten erabileraren maiztasuna | Bere partaidetzak erabilgarritasun pertsonal edo kolektibo urria duela uste duen biztanleriaren % |
Egunero (egun guztietan) | 29,9 |
Astero (aste guztietan, baina ez egun guztietan) | 52,1 |
Hilero (hilean gutxienez behin) | 84,4 |
Internet egunero erabiltzen duten biztanleen % 29,9k soilik uste du bere partaidetza ez dela oso erabilgarria (biztanleriaren batez bestekoaren azpitik, azken hori % 33,6ko delarik) eta pertsonen horien % 6,5ek uste du (Internet egunero erabiltzen dutenen artean) bere partaidetza oso erabilgarria dela (biztanleriaren batez bestekoaren gainetik, azken hori % 5,6koa izanik).
11.2.3. Partaidetza-itxaropenak, gehiago parte hartu nahiko zenuke? Online edo offline?
Gizarte baten partaidetzaren azterketa hainbat aurpegi dauzkan poliedro batekin alderatu daiteke, eta, bertan, ikuspegia non jartzen dugun, horrek lagunduko digu aztergaia alderdi batetik edo bestetik lantzen. Aztertu ditugu partaidetzarako arrazoiak, pertsonek beren partaidetza erabilgarria den, edo bestalde, eraginik ez duen ulertzeko moduan, eta jorratu dugu ea Interneten partaidetzaren eta erabileraren artean harremanik ote dagoen ere.
Baina hurrengo galdera ere aipatu beharrekoa da: Euskadiko hiritarrek gehiago parte hartu nahi al dute? Sarritan hitz egin izan da partaidetzaren ekosistemaz, partaidetza-kateen, partaidetza horren joan-etorrien, lurraldeko partaidetza-kulturaren eta abarren inguruko argudioak aipatuz. Baina, jendeak parte hartu nahi al du? Edo, bestela esanda, jendeak eremu sozial eta politikoetako partaidetza-mailan egiten duenaz gain, besterik egin nahi al du?
Arartekoaren e-partaidetzari eta IKTak eskuratzeari buruzko inkestak zuzenean galdetzen dien biztanleei honakoa: ”Partaidetza-maila altuagoa eduki nahi zenuke Euskadiko eremu sozial eta publikoan, zure foru aldundian edo udalean?”.
Biztanleen % 37,4 adierazi du gehiago parte hartu nahiko lukeela. Bestalde, inkesta egin dutenen % 60,6k baieztatu du ez lukeela partaidetza-maila altuagorik izan nahi eremu sozial eta publikoan
(94. irudia)
Internet-erabiltzaileak, Euskadiko eremu sozial eta publikoan, beren foru aldundian edo udalean izan nahiko luketen partaidetza-altuagoaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
A priori erantzunak ez zuen oso pozgarria ematen, nahiz eta honelako txosten berezi baten esparruan, gure lurraldean gertatzen ari den egoera bat loratzeko aukera gisa interpretatu behar den, eta agiri honetan bertan jasotako gomendioen bidez esku hartu behar den.
Galdera honetan eskuratutako emaitzak txostenean zehar erabilitako ikerketa-aldagai nagusiekin gurutzatuta, oso informazio interesgarria dugu: inkesta egin duten biztanleen sexuaren aldagaiaren arabera, gehiago parte hartzeko interesik ez duten emakumeen portzentajea altuagoa da gizonena baino (% 62,4, % 58,8ren aldean, hurrenez hurren).
Adin-tarteei erreparatuz gero, biztanleriarik gazteena (16-34 urte) da neurri handiagoan esaten duena (% 44,9) gehiago parte hartu nahiko lukeela. Bestalde, 55 urte edo goragokoen taldean, adin-tarte horretako pertsonen % 65,2k dio ez lukeela gehiago parte hartu nahi bere inguruko bizitza sozial eta politikoan.
Jarduerarekiko edo lanbidearekiko harremanaren arabera, ikasleak (% 47,2) eta beren konturako langileak (% 41,8) dira eremu sozial eta publikoan gehiago parte hartzeko interes altuena dutenak. Bestalde, inkesta egin duten erretiratuak (% 66) eta besteren konturako langileak (% 63,2) dira neurri handiagoan aitortu dutenak ez dutela beren partaidetza-maila igo nahi.
Estatistiko esangura gehien duen datua etorkinena da. Talde honen % 75,1ek erantzun du neurri handiagoan parte hartu nahiko lukeela Euskadiko bizitza sozial eta politikoan. Portzentaje horrek bikoiztu egiten duten etorkinak ez diren biztanleengan erregistratutakoa (% 36,1).
(95. irudia)
16 urtetik gorako Internet-erabiltzaileak, Euskadiko eremu sozial eta publikoan, beren foru aldundian edo udalean izan nahiko luketen partaidetza-altuagoaren eta etorkinen arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Bestetik, ezgaitasunen bat duten biztanleen % 33,7k (biztanleriaren batez bestekoa baino 3,7 puntu gutxiago) aitortu du gehiago parte hartu nahiko lukeela, eta, bestalde, % 63,8k erantzun du ez duela partaidetza-maila altuagoa izan nahi bere inguruko gai sozial edo publikoetan.
Eta gehiago parte hartu nahiko luketela dioten pertsona horiek guztiek, zein bide nahiago dute? Online aritu dira edo offline bitartekoak nahiago dituzte?
Gai hau jorratzeko, honakoa galdetu zitzaien biztanleei: “Nahiago al zenuke partaidetza hori Interneten bidez edo partaidetza-espazio fisikoen bidez (hau da, aurrez aurre) egitea?”.
Inkesta egin zuten biztanleen % 39,9k aitortu zuen nahiko zuela Internet erabili eta % 28,6k, berriz, aurrezko aurreko bitartekoak lehenetsi zituen. Portzentaje horiez gain, biztanleriaren % 24,1ek nahiago du bi modu horien konbinazioa (Internet+aurrez aurre), eta % 6,2k aitortu du ez diola ardura modu bat edo bestela erabiltzeak.
(96. irudia)
16 urtetik gorako Internet-erabiltzaileak, Interneten bidezko edo aurrezko aurreko partaidetza-lehentasunaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Inkesta egin duten pertsonen sexuaren aldagaiaren araberako azterketari jarraiki, gizon (% 34,6) baino emakume (% 45,4) gehiagok baieztatu du gehiago parte hartu beharko balukete, Interneten bidez egingo luketela.
Adin-tarteen arabera, eta aurreikus daitekeen bezala, jenderik gazteena (16-34 urte) da neurri handiagoan nahigo duena Interneten bidez parte hartzea (% 43,7), eta 55 urte eta goragokoek nahiago dituzte, bestalde, aurrez aurreko bitartekoak (adin-tarte horretako % 44,4k aukeratuko luke aurrez aurreko modalitatea).
Lanbidearen eta partaidetzarako aukeratutako katearen (online edo offline) harremanari dagokionez, estatistikei jarraiki ikasleak (% 62) eta beren konturako langileak (% 51,1) dira neurri handiagoan aukeratzen dutenak Interneten bidez parte hartzea.
Aitzitik, jarduerarik edo lanik gabe dauden pertsonak (% 43,8) eta besteren konturako langileak (% 35,1) dira neurri handiagoan aitortzen dutenak aurrez aurreko modalitateen bidezko partaidetza nahiago dutela. Etxeko andreak (% 48,5) dira bi modalitateen konbinazioa (Internet + aurrez aurre) nahiago dutenak parte hartzeko orduan.
Etorkinen % 49k nahiago du formula mistoa (aurrez aurre + Internet), % 28,4k, bestetik, Internet lehenesten du, eta, azkenik, % 18k aurrez aurreko modalitatea aukeratu du.
(97. irudia)
16 urtetik gorako Internet-erabiltzaileak, Internet bidezko edo aurrez aurrezko partaidetza-lehentasunaren eta adinaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.
Era berean, ezgaitasun aitorturen bat duten biztanleek nahiago dute aurrez aurreko eta Internet bidezko modalitateen konbinazioaz baliatu (% 53). % 31,2k nahiago luke Interneten bidez egin eta % 5ek soilik aukeratu du aurrez aurreko katea. Inkesta egin duten eta ezgaitasunen bat duten pertsonen % 10,8k erantzun du gaiaren araberakoa dela erabiliko lukeen modalitatea (online edo offline), hau da, partaidetzaren helburuaren arabera sistema bat edo bestea hautatuko luke.
Interneten erabileraren maiztasunak eta partaidetza-kateak ere harremana omen dute. Internet zenbat eta maizago erabili, orduan eta gehiago nahigo da Internet eremu sozial eta publikoetan parte hartzeko. Horrenbestez, Internet egunero erabiltzen duten biztanleen % 44,9k aukeratu du Internet parte hartzeko, eta sarearen erabilera esporadikoa egiten duten (hilean gutxienez behin) eta beren inguruan parte hartzeko Internet erabiltzen duten pertsonen portzentajea % 16,4koa da, hau da, 28 puntu baino gehiagoko gap nabarmena dago.
Bestalde, Interneti eta IKTei buruzko ezagutza-maila altuagoa ere bat dator Interneten bidez parte hartzeko interes handiagoarekin. Internet eta IKTei buruzko ezagutza-maila aditua duten pertsonen % 60 inguruk adierazi du modalitate hori (Internet) dela bere ustez parte hartzeko aukerarik egokiena. Aitzitik, oinarrizko ezagutza-maila duten pertsonek nahiago dute aurrezko aurreko partaidetza (% 38,3) eta konbinatua (% 24,1), Internet nahiago duten % 32,5en aldean.
(98. irudia)
16 urtetik gorako Internet-erabiltzaileak, Internet edo aurrez aurreko partaidetza-lehentasunaren eta Internet eta IKTei buruzko ezagutza-mailaren arabera (%), 2012
Guk egina Arartekoaren IKTak eskuratzeari eta e-parte hartzeari buruzko inkestaren datuak oinarri izanda, 2012.