8. Etorkizunak eta kultura aniztasuna
Aurrekariak
Atal honetan Arartekoaren jarduketetako batzuk jaso ditugu, etorkinen eskubideei eragiten dietenak, etorkinak EAEko administrazio publikoen politiken xede diren aldetik. Halaber, immigrazioaren eta atzerritarren eskubideen inguruko berritasun adierazgarrienak aipatuko ditugu. Azkenik, eskubideen egoeraren balorazioa aurkeztuko dugu.
Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokiaren datuen arabera, 2014ko urtarrilaren 1eko behin-behineko erroldatze kopuruek erakusten dute EAEn 140.917 atzerritar egon direla erroldatuta, 2013an baino %5,3 gutxiago. EAEn atzerritarren kopuruak behera egin du bigarren urtez jarraian eta atzerritarrak biztanle guztien %6,4 dira, Estatuko batez bestekoa (%10,7) baino portzentaje txikiagoa.
EAEn, oro har, gizonezko atzerritarren portzentajea (%50,7) apur bat handiagoa da emakumezkoena baino (%49,3.) Baina baliteke diferentziak egotea kontuan hartzen badira azken urteotan nazionalizatu diren atzerritarrak: emakumeak gehiago dira, egoitzaren bidez nazionalitatea eskuratzeko erraztasun handiagoa dutelako latinoamerikarrek eta horien artean emakumeak direlako nagusi.
Latinoamerikako jatorria dutenak dira talderik handiena, gero Europar Komunitatekoak eta Magrebeko etorkinak. Nazionalitateei dagokienez, jatorri askotako etorkinak daude; marokoarrak dira ugarienak, hain zuzen atzerritar guztien %13, eta ondoren errumaniarrak, %12,1. Eustat - Euskal Estatistika Erakundearen arabera, atzerrian jaio eta 2014an Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsonak 182.846 dira, biztanleria osoaren %8,4. Espainian, berriz, %13,4ko proportzioa dago.
Hona datu garrantzitsu bat: Euskadiko etorkinei esker Euskadiko biztanle galerari buelta eman ahal izan diogu orain arte. Galera hori hurrengo urteetan handia izango dela aurreikusten da, kontuan izanik 2014-2064 aldirako Eustaten proiekzioak eta Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) proiekzioak.
Azkenik, Ikuspegik eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emandako datuen arabera, atzerritarrak autoktonoak baino okerrago daude lan faltagatik eta oinarrizko beharrizanei aurre egiteko diru-sarrera faltagatik. Familia- eta gizarte-sarerik gabe, gogorrago jasaten dute krisiaren eragina. Ume atzerritarrek nozitzen dituzte zailtasunik handienak.
1. Arloa kopurutan
Jasotzen ditugun kexek Arartekoaren lan arlo guztiei eragiten diete, etorkinen beharrizanek eta zailtasunek zerbitzu eta prestazio publiko guztiekin dutelako zerikusia. Batez ere, gizarteratze, hezkuntza, etxebizitza, osasun eta segurtasun arloei eragiten diete. Haur eta Nerabeen Bulegoari dagozkion kexak ere hartu ditugu; zehazki, bakarrik dauden adingabe atzerritarren zailtasunen ingurukoak. Haren txostena geure egiten dugu. Baina arlo honi berariaz esleitu zaizkion kexak 12 dira, eta honela sailkatzen dira:
• Erroldatzea 5
• Herritarren eskubideak 3
• Administrazioaren funtzionamendua
eta administrazio prozedura 2
• Bereizkeria 1
• Berdintasuna eta ekintza positiboak 1
2. Kexarik aipagarrienak
1.1. EAEko administrazio publikoen jarduketen inguruan jaso diren kexak
2.1.1. Erroldatzea
Aurten ere hainbat kexa jaso dugu erroldan inskribatzeko eskaerei ezetza eman zaielako. Azpimarratu behar ditugu Sestaoko Udalari dagozkion kexak. Horien ondorioz zenbait ebazpen eman ziren 2013an, eta hasieran ez ziren onartu:
• Arartekoaren 2013ko irailaren 6ko Ebazpena. Horren bidez Sestaoko Udalari gomendatzen zaio erroldari lotutako hainbat praktika legezkotasunera egoki ditzan.
• Arartekoaren 2013ko azaroaren 21eko Ebazpena. Horren bidez Sestaoko Udalari gomendatzen zaio kexagilea eta haren familia bizi diren helbidean errolda ditzan.
Arartekoak ofiziozko jarduketa bat hasi zuen, geroago aipatuko duguna, Arartekoak udalerrian egindako esku-hartze batzuen ondorioz, bai erroldako inskripzioa, bai biziberritze prozesua zein herritarren segurtasunaren inguruko zenbait kontu zirela eta. Esku-hartze horretan ari ginela, aurreko ebazpenak onartu zirela jakin genuen. Aurten beste ebazpen bat igorri diogu udal horri, 2014ko martxoaren 31ko Ebazpena, kexagilea benetan bizi den helbidean errolda dezan, eta Sestaoko Udalak onartu egin du gomendio hori.
2.1.2. Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) azkentzea, ezkontideak edo ezkontzaren pareko lotura duten bikotekideak elkarrekin bizi direla ez frogatzeagatik
Kexa ugari jaso ditugu Diru-sarrerak bermatzeko errentari buruzko 147/2010 Dekretuaren 5.1.a) artikuluaren aplikazioa dela eta.
Araudiak dioenez, ezkontideek edo ezkontzaren pareko lotura duten bikotekideek elkarrekin bizi behar dute prestazio ekonomikoa jaso ahal izateko. Kontua da bikotea atzerritarra denean zenbait baldintza bete behar dituela Estatuan sartzeko eta bertan bizi izateko eskubidea erabili ahal izateko, eta baimen administratiboa behar duela; hau da, familia be-
rrelkartzea ez dago familiaren esku, hemengo bikoteen kasuan bezala. Familiaren berrelkartze hori bi urteko epean burutzen ez bada, DSBE prestazioa azkendu egiten da.
Oro har atzerritarrei dagozkien kexak jaso dira, baina baita espainiarrei edo egoitzaren bidez Espainiako nazionalitatea eskuratu duten eta ezkontidea beste Estatu batean daukaten pertsonei dagozkienak ere. Azken horien egoera are larriagoa da: ez dute bizikidetza unitate berezia osatzen eta ez zaie ezta bi urterako prestaziorik ere ematen, etorkinei ematen zaien bezala.
Atzerritarrei, Espainian sartu eta bertan bizi ahal izateko, betetzen errazak ez diren baldintzak ezartzen dizkiete bai urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoak, atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoak, bere aldaketekin, bai otsailaren 16ko 240/2007 Errege Dekretuak, Europar Batasuneko estatuetako herritarrak eta Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioan parte hartzen duten beste estatu batzuetakoak Espainian sartzeari, askatasunez ibiltzeari eta bizi izateari buruzkoak.
Arartekoak Lanbideri adierazi dion moduan, etorkinek (edo nazioarteko babes edo aterpea ukatu zaien eskatzaileek) osatutako bizikidetza unitateen kasuan, ezkontideak ezin badira elkartu (ez dituztelako betetzen araudian ezarritako baldintzak, edo Estatuko Administrazio Orokorrak ez duelako onartu berrelkartzeko eskaera), edukirik gabe utz daiteke DSBErako eskubidea, euren zaurgarritasun egoerarekin zerikusirik ez duen eta ezin bete duten baldintza bat eskatzen zaienean.
Bestalde, egitatez bananduta luzaroan egon diren bikoteak izaten dira batzuetan. Egitatez bananduta dauden pertsonek beste herrialde batean izan badute azken helbidea elkarrekin, edo beste ezkontidea non bizi den ez badakite edo hura beste herrialde batean badago, zailtasunak izaten dituzte banantzea formalizatzeko edo dibortziatzeko. Beraz, horrelako kasuetan ezin da pentsatu ezkontza edo harreman normalizatua dagoenik.
2.1.3. Federazioan izena emateko zailtasunak
Aurten kexa bat jaso dugu adingabe atzerritarrek federazioetan sartzeko izandako arazoengatik. Azken urteetan Arartekoak gai horretan esku hartu izan du noizbehinka, adingaberen bati federazio bateko lizentzia lortzeko egoera administratibo erregularrean egotea eskatu diotela jakin duenean. Arartekoak bere iritzia azaldu izan du, hots, garrantzitsua dela adingabeei kirolean aritzeko bideak ematea, behar bezala garatu eta gizarteratu daitezen. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak irizpena eman zuen. Bertan adierazi zuen ados zegoela Arartekoak agertutako irizpideekin, eta adingabeak federatzeko behar ziren lizentziak eman zitzala agindu zion federazioari. Ez zegoen lege babesik, haren iritziz, Espainiako federazio batek aurretiaz emandako baimena edukitzea eskatzeko, autonomia erkidegoko edo lurralde-eremu txikiagoko lehiaketetan parte hartu nahi zuten adingabe atzerritarrek eskatutako lizentzietarako.
2.2. Txostenaren beste atal batzuetan aipatzen ditugun jarduketak
Segurtasun arlokoak nabarmendu behar ditugu. Arlo horretan, San Frantzisko auzoan poliziak egindako identifikaziorako kontrola aipatzen dugu aurten, bai eta Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean delitugintzari aurrea hartzeko egindako planaren gaineko ofiziozko jarduketa ere; plan horretan gazte magrebtarren eta beste kolektibo batzuetako pertsonen identifikazioak egin ziren. Atal berean aipatzen dugu, halaber, oraindik detektatzen ari dela administrazioek ez dituztela betetzen prebentzio eta kontrol mekanismoak, polizia agenteei eragin ahal dieten bereizkeriazko jarduketei dagokienez.
Gainera, atzerritarrei bizileku zituzten eraikin abandonatuak utzarazi izanari buruz jasotako kexak aipatzen ditugu. Auzi hori bukatutzat eman dugu, Bilboko Udala prest agertu delako aldez aurreko planifikazioa egitera, arazoaren alderdi soziala eta Arartekoaren 2013ko abenduaren 11ko Ebazpenean jasotako gainerako gomendioak aintzat hartuko dituena.
Osasun arloan, berriz, osasun laguntza jasotzeko eskubidea aitortzearen inguruko kexak jaso ditugu. Arlo horretan azaltzen dugu zer nolako zailtasunak jasaten ari diren egoera administratibo irregularrean dauden eta urtebeteko erroldatze aldiaren baldintza betetzen ez duten pertsonak. Hango eta hemengo agenteak ari dira aplikatzen apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua, EAEko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretua eta indarreko araudiaren interpretaziorako jarraibideak. Ondorioz nahasmendua sortu da, eta ezezkoa ematen ari zaie laguntzarako eskubidea duten pertsonei, txostenaren atal horretan azaltzen dugun moduan.
Gizarteratze arloan kexa asko izapidetu ditugu diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE), etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) eta gizarte larrialdietarako laguntzak (GLL) jasotzeko eskubidea dela eta. Hona kexen arrazoiak: prestazioak ukatu izana titularra izateko betekizunak ez betetzeagatik, eta prestazioak eten edo azkendu izana. Atzerritarrei berariaz eragiten dieten arrazoietariko bat da benetako egoitzaren betekizuna ez betetzea, hiru hilabete baino gehiago ematen badituzte kanpoan. Lanbidek prestazioak ukatu edo eten izan ditu, bai eta azkendu ere, norbait EAEtik kanpora irten dela jakin duenean, nahiz eta pertsona horrek Euskal Autonomia Erkidegoko erroldan inskribaturik segitzen zuela frogatu. 2014ko urtarrilean irizpidea malgutu egin zen: kanpoan hiru hilabete baino gehiago ematen zirenean soilik uzten zitzaion benetako egoitzaren betekizuna betetzeari. Arartekoak sarritan jakinarazi du bere iritzia, hots, norbait erroldan inskribaturik egotea nahikoa dela kasuan kasuko udalerrian benetan bizi dela uste izateko, eta, beraz, EAEtik kanpo 6 hilabete baino gutxiago emateak, erroldako inskripzioari eusten bazaio, ez duela benetako egoitzaren jarraitutasuna eteten eta ez duela esan nahi ohiko bizilekua aldatu denik.
Arartekoaren iritziz, bidaia egingo dela eta bidaiak zer gastu ekarriko dituen Lanbideri ez jakinaraztea prestazioen titularren eginbeharrak ez betetzea izan daiteke (DSBEri buruzko 147/2010 Dekretuaren 12.1 a, f, j edo 12.2.b artikuluak), baina ez dakar berekin benetako egoitzaren baldintza ez betetzea. Lanbidek onartu egin du azaldu diogun irizpidea.
Bestalde, Lanbidek erabaki izan du DSBE eta EPO prestazioetarako eskaerak artxibatzea eskatutako agiriak ez aurkezteagatik. Familia loturei buruzko agiriez edo jatorrizko herrialdeetako ondasunen ziurtagiriez ari gara. Atzerritarrek horrelako agiriak aurkezteko zailtasunak izaten dituzte, euren jatorrizko estatuei eskatu behar dizkietelako. Sorburuko herrialdeetako ondasunen ziurtagiriei dagokienez, herrialde horietako administrazioek funtzionamendu arau desberdinak izaten dituzte eta ez dituzte aitortzen, oro har, gure Administrazioak aitortzen dituen eskubide berak, gureak zuzenbidezko estatu demokratiko bati dagozkion bermeak ematen baititu. Gainera, herrialde batzuetan ezegonkortasun politikoak zenbait dokumentu ematea eragozten du. Hori dela eta, Lanbidek dokumentazio hori aurkeztu beharretik salbuesten ditu zenbait herrialdetako pertsonak eta errefuxiatu izaera onartuta daukatenak. Eskakizun horrek zalantza ugari eragiten ditu, dokumentazioaren eta datuen egiazkotasunarengatik, jatorrizko herrialdean baliabide ekonomikoak edukitzearen ustearen sendotasun faltagatik, edo berdintasun printzipioari dagokionez. Ildo horretan,
atzerritarrek EAEko Administrazio Publikotik eta euren jatorrizko herrialdeko Administraziotik jasotako agiriak aurkeztu behar dituzte ondasunik ez dutela frogatzeko, eta hemengo pertsonei, aldiz, EAEko Administrazio Publikoak emandako ziurtagiriak bakarrik eskatzen zaizkie ondasunik ez dutela egiaztatzeko, baina, logika berari jarraituz, baliteke azken horiek ere ondasunak edukitzea beste herrialde batean (adibidez, Frantzian).
Azkenik, Arartekoaren 2014ko abuztuaren 12ko Ebazpena aipatzen dugu. Horren bidez bukatutzat eman da Gasteizko Udalak ematen duen herritarren udal txartelaren bidezko janari prestazioa kudeatzeko moduaren aldaketagatik aurkezturiko kexen inguruan Arartekoak izan duen esku-hartzea.
Prestazio horren kudeaketan azken urteotan hainbat aldaketa egin dira, pertsona onuradunen autonomia murriztu dutenak. Bakarrik dauden gazte atzerritarrei bereziki eragin diete aldaketa horiek.
Onuradunek elikagaiak erosteko erabili behar dute prestazio horretako dirua. Prestazioa bere xederako erabiliko dela ziurtatzeko, hilean emandako diru kopurua adinako kreditua daukan txartela ematen diete onuradunei.
Aztergai dugun prestazioa elikadurarako laguntza da, eta gizarte jantokira joan ezin diren pertsonei ematen zaie. Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbidean ezarrita daukaten banakako laguntza planaren barruan beste jarduera batzuk egin behar dituzte eta horrek eragozten die gizarte jantokira joatea. Gizarte edo kultura arrazoiengatik gizarte jantokiko prestazioa komeni ez zaien pertsona edo familiei ere eman ahal zaie.
Gasteizko Udalean herritarren udal txartelaren bidez kudeatzen ari da elikadurarako prestazioa, eta Arartekoak uste du bide hori ez datorrela bat gizarte zerbitzuen arloko arau esparruarekin, ez gizarte zerbitzuetan indarrean dagoen laguntza ereduarekin, ez gizarte zerbitzuei buruzko araudian prestazio ekonomikoei ezarritako xedearekin, ezta erabiltzaileen eskubideetariko batzuekin ere, esate baterako autonomoa izateko eta parte hartzeko eskubidearekin.
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubide subjektiboa aitortu du, eta pertsonaren autonomia xede duen laguntzaren ikuspegi komunitarioa sendotu.
Ondorio gisa adierazi genuen Udalaren esku dagoela, antolaketarako duen autonomia baliatuz, prestazioa emateko modua erabakitzea eta herritarren udal txartelaren bitartez kudeatzea, baina jokabide hori ez datorrela bat Euskadin eratuz joan den eta Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean jasorik dagoen laguntza ereduarekin. Duela berrogei urte baino gehiagotik Gasteizko Udalak garatu duen gizarte politikaren ildotik ere aldentzen da.
2.3. Atzerritarren estatutu juridikoari buruz jasotako kexak
Herriaren Defendatzaileari igorri dizkiogu kexa horiek, bera baita erakunde eskuduna. Kexa askotan salatu da nazionalitatea ukatu dela eskatzaileak gizalegezko portaera ez frogatzeagatik edo Espainian zenbateraino gizarteratu den behar bezala ez justifikatzeagatik, eta izapideen atzerapena ere salatu izan da. Azken kontu horri dagokionez, Herriaren Defendatzaileak hainbat gomendio egin ditu Gorte Nagusientzako urteko txostenetan. Justizia Ministerioak kudeaketarako mandatua sinatu du Espainiako Jabetza eta Merkataritza Erregistratzaileen Elkargoarekin, eta horrek bizkortu egin du espedienteen ebazpena. Aurten atzerapena detektatu da zin egiteko izapidean, eta Justizia Ministerioak adierazi du arazo horretarako konponbidearen bila ari dela.
Azkenik, kontsultak jaso ditugu atzerritarren egoera administratiboari buruz, familiak berrelkartzeari buruz eta Espainian sartzeko bete behar diren baldintzei buruz.
3. Araudi eta gizarte testuingurua
Gure ingurune hurbilenean hartutako erabaki batzuk, politikoak eta araugintzakoak, jaso ditugu atal honetan, eragina izan baitute egoera ahulena duten atzerritarrengan. Badakigu, ordea, ez direla hemen jaso egoera ahul guztiak.
3.1. Barneratze zentroak
Aurten onetsi da atzerritarrentzako barneratze zentroen funtzionamenduari eta barne araubideari buruzko erregelamendua.
Gainera, Barne Ministerioak zirkular hau eman du: 6/2014 Zirkularra, atzerritarrak barneratze zentroetan sar daitezela eskatzeko irizpideei buruzkoa.
3.2. Bereizkeriaren eta jokabide arrazisten
aurka borrokatzeko jarduketak
Beste albiste garrantzitsu bat daukagu: berretsi egin da Ziberdelinkuentziari buruzko Hitzarmenari erantsitako protokoloa, informatika sistemen bidezko egintza arrazista eta xenofoboak zigortzekoa.
Ildo horretan aipatu beharra dago fiskaltza espezializatuak jarri direla abian, Barne Ministerioak gorroto delituen erregistroa sortu duela eta Gorroto eta Bereizkeria Delituen
Biktimen Kontseilua eratu dela. Azpimarratzekoa da, halaber, 10/1995 Lege Organikoaren erreformaren proiektua, 2013ko irailaren 20koa. Portaera zigorgarrien kopurua handitu eta delitu horiengatiko kondenak gogortu egiten ditu.
Euskadin ERA BEREAN SAREA sortu da, arraza, etnia edo nazionalitatea, sexu joera eta identitatea edota genero identitatea direla-eta egiten diren bereizkerien kontra borrokatzea helburu duena. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatu du ekimen hori, arlo horretan diharduten hainbat gizarte erakunderekin elkarlanean. Sareak informaziorako eta aholkularitzarako mekanismoak eta tresnak eskainiko ditu, nork bere eskubideak baliatu ahal izateko, eta tratu berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren aldeko politika publikoak sustatuko ditu.
3.3. Asilorako eskubidea
Aurten, CEAR-Euskadik bultzatuta, giza eskubideen behaketarako misioa egin da Melillako hiri autonomoan etorkinen egoerari buruzko informazioa biltzeko, eta emaitza gisa “Amaierarik gabeko bidea: emakume-aztarnak hegoaldeko mugaldean” izenburuko txostena aurkeztu zuen urrian CEAR-Euskadik Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideetarako Batzordean.
Melillara “balizko errefuxiatu” moduan heltzen diren baina asiloa eskatzeko aukerarik ez duten pertsonez ari da txostena, eta batez ere emakumeen egoerari erreparatzen dio; gehienek sexu abusuak jasan dituzte euren migrazio bidean, eta emakume-trafikoaren biktimak izango dira, Europan prostituzioan aritzera behartuko dituzte eta. Melillan Etorkinentzako Aldi Baterako Egoitzan pilatuta bizi diren pertsonen egoera ere salatzen du txostenak.
3.4. Bizikidetza eta gizarteratzea
Berritasun gisa, aurten jarrera populista xenofoboak plazaratu dira Euskadiko eztabaida publikoan, eta atzerritarrei eragiten dieten politika publikoetan jarri dute arreta.
Beste alde batetik, dibertsitatearen eta bizikidetzaren balioa nabarmentzen duten adierazpen instituzionalak egin dituzte bai Eusko Jaurlaritzak bai hainbat udalek. Horietariko batzuetan, gainera, mugak kudeatzeko politika aldatu beharraz hausnartzeko deia ere egin da. Kulturartekotasuna, atzerritarren gizarteratzea eta haien eskubideen defentsa sustatzeko askotariko estrategiak erabiltzen jarraitu da bai autonomia erkidegoan bai toki eremuan.
Bizikidetza sustatzen duten eta herritarrak bizikidetzaren errealitateaz sentikortzen dituzten programak garatzen jarraitu da. Esate baterako, Bizilagunak programa, hemengo pertsonak eta familiak atzerritarrekin elkartzen dituena mahaiaren inguruan bazkari batean; zurrumurruen aurkako programa, etorkinen aurka batzuetan sortzen diren estereotipo faltsuak gezurtatzeko tresnak zabaltzen dituena; toki eremuan komunitateko integrazioaren eta immigrazioaren arloko langileak kontratatzea; kultura arteko esku hartze komunitariorako proiektuak; Europako Kontseiluak sustatutako programak, hala nola “Intercultural Cities” izenekoa edo Deli proiektua, orientazioa eta aholkuak emateko Europako proiektuak, tresnak eskaintzen dituztenak kultura arteko ikuspegia errazago txertatzeko tokiko politiketan eta agente pribatu zein publikoei dagokienez, gizarteratzea, ekintzailetza eta jarduera ekonomikoaren sorkuntza sustatzeko; dibertsitatearen balioa agerian jartzen duten eta kultura desberdinetako pertsonen arteko bizikidetza eta elkar ezagutzea ahalbidetzen dituzten ekimenak.
3.5. Osasunerako eskubidea
Aurten, Espainiako Gobernuak arauz kanpoko egoera administratiboan dauden etorkinei osasun laguntza murrizteko hartutako neurrien kontra agertu dira bai Europako Kontseilua bai Nazio Batuak. Gizatasun arrazoiez gainera, erakunde horiek murrizketaren ondorioak aipatu dituzte: larrialdietako zerbitzuen kostua handitzea, diagnostikoa atzeratu eta patologiak larriagotzea, eta gaixotasunen prebentzio, zaintza eta kontrolerako programek atzera egitea, osasun publikoaren kalterako. Laguntzarako eskubidea aitortzen den kasuetan ere laguntza ukatu izan dela salatu da, bidegabeko fakturazioa egin dela, besteak beste.
Konstituzio Auzitegiak berriro azpimarratu du (Euskal Autonomia Erkidegoari zegokionez aurretik egin zuen bezala) Konstituzioan garrantzi berezia ematen zaiola osasunerako eta osotasun fisikorako eskubideari eta komeni dela gizarte osoaren osasunaren kontrako arriskuak ezabatzea, eta erantsi du hori guztia ezin dela albora utzi “zehaztu ezin izan den balizko aurrezpen ekonomiko baten aitzakian”.
Bere iritzia agertu du otsailaren 25eko 8/2013 Foru Legearen etetea kentzen duen Autoan. Lege horrek Nafarroako osasun sistema publikoko doako osasun laguntzarako eskubidea aitortzen die Nafarroan bizi diren pertsonei, eta Espainiako Gobernuak errekurtsoa jarri zion (auziaren zenbakia: 7089-2013).
Azkenik, EAEko Fiskaltza Nagusiak gutxienez bi ablazio kasu detektatu ditu EAEn 2013. urtean. Horrek protokoloak abiarazi ditu, eta Emakundek eta Osasun Sailak beste ekimen batzuk jarri dituzte martxan (jarduteko gidak, Mali, Ginea, Nigeria, Mauritania eta beste herrialde batzuetako etorkinekin harremanetan ari diren profesionalen prestakuntza...) arrisku egoerak ekiteko eta jada ablazioa eginda dagoen kasuetan esku hartzeko.
3.6. Epai azpimarragarriak
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak,2014ko azaroaren 17ko 748/2013 Epaian, baietsi egin du Euskal Herriko Kontseilu Ebangelikoak eta Espainiako Erlijio Erakunde Ebangelikoen Federazioak jarritako errekurtsoa eta deusez deklaratu du Bilboko Udalak 2013ko irailaren 25eko osoko bilkuran hartutako erabaki bat. Errekurritutako erabaki horrek behin betiko onetsi zuen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) aldaketa bat egitea, erlijio zentroen kokapenerako antolamendu-arauak ezartzeko.
Auzitegiak aztertu du, lehenengo eta behin, zenbaterainoko defizita dagoen, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen 108. artikuluan, herritarrek parte hartzeko programari buruzkoan, eskatzen denari dagokionez, bai eta 8.1 artikuluko eskakizunari dagokionez ere; horrek, hirigintzako antolamendurako printzipioen artean, pertsona fisiko edo juridikoen era guztietako parte-hartzea jasotzen du. Aurrekoak eragina du egiturazko antolamenduko edozein planeamendu-figura, tartean HAPO, egiteko, aldatzeko edo berraztertzeko orduan. Ondorioz, egiturazko antolamendua ukitzen duen aldaketa egiten bada Plan Orokorrean, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legearen 108. artikulua ere bete behar da. Epaiak, halaber, Espainiako Batzorde Islamikoak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa beraren aurka jarritako 745/2013 errekurtsoa aipatzen du. Ekainaren 27ko 365/2014 Epaiak ezetsi egin zuen errekurtso hori.
4. Jarduketa planaren barruko beste esku-hartze batzuk
4.1. Ofiziozko jarduerak
Gorago azaldu dugunez, ofiziozko jarduketa hasi genuen, Arartekoak Sestaoko Udalari dagokionez azken urteotan egindako esku-hartze batzuei lotuta, erroldako inskripzioa, herriaren biziberritzea eta herritarren segurtasunaren inguruko kontuak zirela eta.
Arartekoak ofiziozko jarduketa hori bukatu du ebazpen bat emanez, zeinaren bidez amaitutzat jotzen baita Sestaoko Udalak udal erroldaren kudeaketaren, biziberritze-prozesuaren eta herritarren segurtasunarekin lotutako zenbait gairen esparruan egindako jarduketei buruzko ofiziozko esku-hartzea.
Ebazpen horretan berriro azpimarratzen dugu zein den udal erroldako inskripzioari buruzko legezko araubidea. Udal errolda administrazio erregistroa da, Udalaren ardurapean dago, eta udalerrian benetan bizi diren pertsona guztiak inskribatzea du helburu. Udalek gai horretan esku hartzeko dituzten mekanismoak, ordea, udalerri jakin batean egiaz bizi diren herritar guztien zerrenda erregistroan jaso dadin lortzeko soil-soilik balia daitezke. Izapideek legezko prozedura bete behar dute, eta ebazpenean, nahitaez, zuzenbidezko oinarriak azaldu behar dira, inskripzioa ukatzen bada. Ebazpena idatziz eman behar da, eta behar bezala jakinarazi behar zaio interesdunari.
Sestaoko biziberritze prozesuari dagokionez, gogorarazten dugu indarrean dirautela Arartekoaren 2006ko azaroaren 6ko Ebazpenean emandako gomendioek.
Ohartarazten dugu Sestaoko herriaren beharrizanak hainbat arlotakoak direla. Hirigintza eta etxebizitza arloez gainera,
biztanleriaren zati handi bat gizarte egoera ahulean dago (hainbat arrazoi tarteko, besteak beste luzaroko langabea izatea edo laneratzeko zailtasunak dituzten gutxiengo etnikoetako kidea izatea), eta gizarteratzen lagunduko dioten gizarte politiken beharra du. Hobekuntzak gorabehera, adierazten dugu egindako jarduketak ez direla aski Sestaoko gizarte, hirigintza eta ekonomia egoerari aurre egiteko, eta, beraz, berriro heldu behar zaiola erakunde arteko itunari, Sestaoko eraldatze sozial eta ekonomikoa ekarriko duten politika publikoak proposatzeko, euren hornidura ekonomikoarekin, eta Nerbioi Itsasadarraren Ezkerraldeko gizarte, lan eta ekonomia garapenean parte hartzen duten eragile publiko eta pribatu guztiek parte har dezaten lortzeko.
Igorri zitzaigun informaziotik ondorioztatu genuen, halaber, ez zitzaizkiola Udaltzaingoari emanPoliziaren jarduera eta praktiketako berme sistemari buruzko urriaren 28ko 7/2011 Gomendio Orokorraren VI. atalean aipatu genituen prebentzio mekanismoak.
Azkenik, berriz ere esan genuen immigrazioa, oro har, delitugintzarekin, herritarren segurtasunik ezarekin eta bizikidetzaren narriadurarekin lotzen duten diskurtso publikoen aurka geundela, eta beharrezkotzat jo genuen udalerrian herritarren segurtasunaren inguruan sor daitezkeen arazoei erantzun planifikatu eta koordinatua ematea.
4.2. Bilerak
Aurten bilerak egin ditugu hainbat udaletako immigrazio arloko teknikariekin. Euren udalerrietan egiten dituzten jarduketen berri eman digute: nola egiten dieten harrera atzerritarrei eta nola bideratzen dituzten atzerritarren gizarteratzea eta hemengo biztanleekiko harremanak. Udal batzuek kultura arteko programetan parte hartzen dute Europako beste udalerri batzuekin batera. Getxoko Udalak, hain zuzen, Europako Kontseiluak sustatutako Kultura Arteko Hirien Sarean (KAHS) parte hartzen du. Europako Kontseiluak programa hori sustatzen du kulturartekotasunaren aldeko konpromisoa daukaten hirien sarea sortzeko xedearekin. Bilboko eta Donostiako udalak ere sareko partaideak dira.
Getxoko Udalak, bestalde, DELI proiektua sustatu du. Hori ere Europako Kontseiluaren ekimena da, eta dibertsitatea kudeatzeko esparru bat garatu du, dibertsitatearen onuraren kontzeptuan oinarritua, hau da, dibertsitatea gizarte, ekonomia eta kultura garapenaren iturritzat hartzen duena, eta tresnak eskaintzen dituena onura hori jaso dadin politika publikoetan, kontratazioetan eta eragile publiko zein pribatuen gainerako jarduketetan, kalitate-kudeaketaren estandarretan edo etorkinen jabetzako ETE-ei laguntzeko toki politiketan, bai eta etorkinen ekintzailetza sustatzeko ere.
Horrez gain, aurten bilerak izan ditugu Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Biltzen Integraziorako eta Kultura Arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzuarekin. Berak adierazi digu abian jarri dela ERA BEREAN sarea, gorago aipatutakoa, eta bereizkeriaren aurka eta tratu berdintasunaren alde lan egingo duela.
Gizarte erakundeei dagokienez, CEARekin bilerak izan ditugu etorkin gazteentzako programari buruz (HEMEN plataforma). Erakunde horrek azaldu digu zer nolako zailtasunak dituzten etorkin gazteek egoitza baimena eskuratzeko eta mantentzeko eta bizimodu duinerako baliabide ekonomikoak lortzeko, zailtasunak daudelako erroldan inskribatzeko, bizilekua izateko edo osasun txartela eskuratzeko. Munduko Medikuekin ere bildu gara, eta erakunde horrek jakinarazi digu pertsona batzuek oraindik ere zailtasunak dituztela osasun laguntza jasotzeko.
5. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
5.1. Krisi ekonomiko eta finantzarioaren eragina oso gogorra izan da hainbat etxetan, baina are gogorragoa izan da kide asko langabezian dituzten edota inolako diru-sarrerarik jasotzen ez duten etorkinen etxeetan. Azterketek erakutsi dutenez, etorkinen egoera ahulagoa da hemengo familiekin alderatuta, batez ere guraso bakarreko familietan. Adingabe atzerritarren txirotasun gero eta agerikoagoa inguruabar guztiz kezkagarria da.
Egoera horri aurre egiteko, bazterketarik gabeko politika publikoak behar dira, gurean bizi diren eta gizartetik baztertuta geratzeko arriskua duten pertsona guztiengana helduko direnak. Arauzko enplegua da zerga sistemei ekarpenak egitea eta gizarte babeserako sistemari eustea ahalbidetzen duena. Gurean bizi diren atzerritarrek lana lortzeko aurkitzen dituzten zailtasun administratiboek haien gizarte bazterketa eragiten dute, eta horrek ekarpen fiskala egitea eragozten die. Garrantzitsua litzateke azterketa eta hausnarketa egitea atzerritarrak arauz kanpoko egoera administratiboan egoteak dakartzan galerei buruz, zerga eta lan arloan nahiz etika eta gizarte arloan, eskubide-gabetzeagatik, bazterketa prozesuengatik eta gizarte loturarik ezagatik. Aldiz, atzerritarrek arlo fiskalean, lan arloan, gizartean edo kulturan parte hartzeak onura baino ez dakar.
Krisiaren eraginez zabaldutako ustea da baliabideak urriak direnean lehentasuna eman behar zaiela hemengo pertsonentzako bakarrik diren prestazio eta zerbitzu publikoei, atzerritarrak baztertuz; hau da, ezbaian jartzen da gizarte eskubideen balio unibertsala. Erakunde honen iritziz, gizarte eskubideek ezin dute inolako bereizketarik egin jatorrizko nazioaren arabera, horrek euren izaeraren kontra joko lukeelako, eta euren helburu nagusietako bat betetzeari utziko lioketelako: pertsona guztien gizarteratzea sustatzea eta guztien bizimodu duina bermatzea.
Gizarte babeserako sistemak gizarte bazterkeriari aurrea hartzen dio, pertsonarik behartsuenen bizimodua duintzen du, umeen pobrezia ekiditen du eta gure hirietako ekonomia biziberritzen du, zuzeneko eragina baitu barne produktu gordinean. Diru-sarrerak bermatzeko politikak gizarte ongizatearen maila igotzen du, eragina duelako bai lanik aurkitzen ez duten pertsonengan, baita soldata edo prestazio oso txikiak jasotzen dituzten pertsonen egoeran eta pentsioen hobekuntzan ere. Desberdintasun txikieneko gizarteek sortzen dute aberastasun gehien euren kideentzat.
Ildo horretan berriro esango dugu gizarte politiken oinarria izan behar dela zaurgarritasun egoera eta gizarte zailtasun edo beharrizana aintzat hartzea, alde batera utzita beste faktore batzuk, hala nola pertsonen jatorria eta egoera administratiboa. Etorkinak lan egitera etorri dira, baina gerta liteke gizarte egoera zailean aurkitzea lanik ezagatik edo osasun arazoengatik, besteak beste.
Hona datu garrantzitsu bat: aurten berriro jaitsi da gure erkidegoan bizi diren etorkinen kopurua, eta agian horrek esan nahi du ez dagoela lanik etorkinentzat; faktore hori erabakigarria eta funtsezkoa da biztanleria-mugimenduetarako, eta ezbaian jartzen du gizarte politika unibertsalen dei efektua deitutakoa.
“De facto” gurean bizi diren pertsonak dira. Espainian hiru urtean bizi izan direla frogatzen badute eta beste baldintza batzuk, hala nola lan egiteko aukera izatea, betetzen badituzte, orduan, atzerritarrei buruzko legeriaren arabera, euren egoera erregularizatu ahal izango dute. Horrelaxe egin dute Espainian arauz kanpo sartu diren etorkin gehienek. Eskubideen erabilera murrizten bazaie, ziurtatu gabe (ezinezkoa da eta) trataera horrek bultzatuko dituenik euren kabuz beste leku batera joatera, edo Estatuko Administrazio Orokorrak kanporatzeko prozedurari ekiten badio (eta kanporatze hori gauzatzen bada), ekidin zitezkeen egoeretara eta baztertze prozesuetara iritsiko dira.
5.2. Gizarte kohesiotik, bereizkeriaren aurkako borrokatik edo giza eskubide unibertsaletatik urruneko interesek bultzatutako usteak zabaltzen dituzten iritziek ezin diote neurria hartu biztanleria-mugimenduen eta kultura aniztasunaren konplexutasunari. XXI. mendeko erronka handiak daude fenomeno horren atzean: globalizazioa, finantza mugimenduak, herrialde osoak baztertzen dituen mundu ekonomia, sare kriminal handiak, klima aldaketa... Eta horrek guztiak badu eragina enpresen mozkinetan, pertsonen xedeetan edo nortasunetan, besteak beste. Hainbesteko konplexutasunera zintzotasunez hurbiltzeko, apal aitortu behar dugu ez dagoela hainbeste interes-gatazka eta eskubide-talkaren aurrean “konponbidea” eskainiko duen formula errazik.
Ondorioz, gardentasuna sustatuko duten jarduketa publikoak behar dira, gertaera sozialen gaineko ikerketa zorrotzak, giza eskubideen alde askatasunez diharduten erakundeak eta gertaerak egiaztatzen dituzten kazetari engaiatuak (besteak beste). Eztabaida serioak, ganorazkoak, giza eskubideen alde eta desberdintasun sozialen aurka egiten duenak, lekua kendu behar die gizartean alarma pizten duten iritzi baztertzaileei.
5.3. Oraindik ere nahasmena eta ezjakintasuna ditugu arauz kanpoko egoera administratiboa duten atzerritarrei dagozkien eskubideei buruz. Egoitzarako baimen administratiborik ez edukitzeak ez du esan nahi inolako eskubiderik ez edukitzea askatasunen Europan. Estatuan bizi diren pertsona guztiak, duten jatorria dutela, oinarrizko eskubideen jabe dira. Baimen administratiborik ez duenak ezin du lanik egin, horretan araudia oso argia da, baina eskubideak izaten jarraitzen du, bere egoera administratiboa gorabehera; besteak beste, benetako babes judizialerako eskubidea, egoitzaren bortxaezintasunerako eskubidea eta askatasunerako eskubidea. Gainera, atzerritarrek erroldan inskribatzeko eskubidea eta gizarte eskubide jakin batzuk dituzte. Eskubide horien murrizketak oso larriak dira, antolamendu juridikoa urratzen dutelako. Duintasunerako eskubidea ere badute, eta horrek bide ematen du eragiten dieten erabakietariko asko auzitan jartzeko. Prestazioen eta zerbitzu publikoen murrizketaz ari gara, esate baterako, osasun laguntzaren murrizketaz. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak are ahalegin handiagoa egin behar du (eskubideen aitorpenean, koordinazioan, informazioan...) pertsona bakar bat ere ez dadin geratu osasun laguntzarik gabe.
5.4. Funtsezkoa da arduradun politikoen jarduketak eta adierazpenak zorrotz lotzea zuzenbidezko Estatu demokratiko eta sozialari eusten dioten printzipioen arabera zehaztutako parametroei. Zehazki, hor ditugu legezkotasun printzipioa (Konstituzioaren 9.1 eta 103.1 artikuluak), oinarrizko eskubideen nagusitasuna (Konstituzioaren 10. artikulua eta I. titulua), gutxiengoen babesa (Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Itunaren
27. artikulua), berdintasunerako eta bereizkeriarik ez izateko eskubidea (Konstituzioaren 9.2 eta 14. artikuluak, Giza Eskubideei buruzko Europako Hitzarmenaren 14. artikulua eta Eskubide Zibil eta Politikoei buruzko Nazioarteko Itunaren 2.1 eta 26. artikuluak) eta balio demokratikoen sustapena eta defentsa. Balio horien defentsak aurrea hartzen die zenbait kolektiboren aurkako egintza arrazista, xenofobo edo laidogarriak eragin ditzaketen jokabideei, tratu desberdintasunari, jazarpenari edo kolektibo horietako kide bakoitzaren portaerarekin zerikusirik ez duen pertsekuzioari.
5.5. Kulturartekotasunak oinarri hauek ditu: pertsona guztien eskubide, betebehar eta aukera sozialen berdintasunaren alde apustu egitea; dibertsitatearen balioa aitortzea giza, gizarte, kultura eta ekonomia ikuspegietatik; immigrazioari eta dibertsitateari buruzko diskurtso positiboa eratzea; eta, batez ere, biztanle guztien elkarreragin sozial positiboa sustatzea, eta pertsona edo kolektiboenganako bereizkeriaren eta bazterkeriaren aurka borrokatzea. “Era berean” sarea edo zurrumurruen kontrako sarea bezalako ekimenak, toki eremuko gizarteratze eta kultura arteko programak, Europako Kontseiluarekin lankidetzan bultzatutako programak (Intercultural Cities, DELI) edo immigrazioaren eta bizikidetzaren aldeko Euskadiko itun soziala, besteak beste, oso positiboak dira, eginbehar horixe dutelako. Etorkinen eskubideen defentsa, bizikidetza, elkarrekiko harremanak eta bereizkeriaren aurkako borroka xede dituzten erakundeei laguntzea ere funtsezkoa da gizarte batua lortzeko, dibertsitatea onartuko duena eta pertsona guztien berdintasuna sustatuko duena.
5.6. Azkenik, giza eskubideetan duen eragina kontuan harturik, nahitaez aipatu behar da hegoaldeko mugako egoera. Aurten biderkatu egin dira Ceuta eta Melillako mugetan etorkinei sartzen ez uzteko poliziak egindako jarduketei buruzko salaketak. Kontzertinen instalazioa eta istiluen aurkako materialaren erabilera kritikatu dira, eta hesien gainetik salto eginda edo itsasoz Espainiako lurraldean sartzen ahalegintzen diren pertsonen bizia eta osotasun fisikoa arriskuan jarri dituzten jarduketa batzuk salatu dira, bai eta banakako prozedura administratiborik izapidetu gabe etorkinak atzera bota izana ere. Horrelako jarduketen bitartez atzerritarrei ez zaie uzten lurraldean sartzen nazioarteko babesaren bila. Hala, baliteke nazioarteko betebeharrak urratzen ari izatea, asilorako eskubidea, non-refoulement (itzulketarik ez) deritzon betebeharra, kanporatze kolektiboen debekua edota prozedura bermatzailerako eta errekurtso eraginkorrerako eskubidea direla-eta. Mota horretako jarduketei lege estaldura ematea, azpian dagoen giza arazo lazgarriaz gogoeta eta hausnarketa egin beharrean, ez dator bat Europako tradizio humanistarekin eta giza eskubide unibertsalen aitorpenarekin. Justizia, demokrazia, arrazionaltasuna, tolerantzia edo askatasuna bezalako balioak sustatzen dituen zibilizazio gisa Europak duen sinesgarritasunaren izenean bestelako erantzunak eman behar lirateke, Europa arauz kanpoko migrazioaren helmugarik arriskutsuena izan ez dadin, horixe adierazi baitu aurten Migrazioen Nazioarteko Erakundeak.