3. Giza eskubideak defendatzen dituzten erakundeen inguruko jarduerak
3.1. Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXIX. Jardunaldiak
Urteko txosten honen IV. kapituluaren 4. atalean osorik azalduta dagoenez, EHUren Uda Ikastaroen XXXIII. edizioan, irailaren 9 eta 10ean, Arartekoak antolatutako ikastaro hau egin zen Gasteizko Montehermoso jauregian: Familiak eta beraien beharrak eta erronkak oraingo gizarte- eta ekonomia-egoeran: botere publikoen erantzuna
Edizio horren barruan egin ziren, halaber, Estatu osoko Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXIX. Jardunaldiak.
Foro horrek urtero biltzen ditu autonomia erkidegoetako defendatzaileak eta Espainiako defentsa-erakundea, honako xede hau lortzeko: esperientziak eta ideiak trukatzea eta defentsa-erakunde guztien jarduera eta helburuekin zerikusia duten alderdiez eztabaidatzea, baita gai eta arazo komunak jorratzea ere.
Herriaren defendatzaileek honako ADIERAZPENA >onartu zuten familiei laguntzeko politika publikoak jorratu diren jardunaldi horietan:
Herriaren Defendatzailea, Andaluziako Herriaren Defendatzailea, Aragoiko Justicia, Diputado del Común, Procurador del Común, Kataluniako Síndic de Greuges, Valentziako Erkidegoko Síndic de Greuges, Valedor do Pobo, Nafarroako Arartekoa eta EAEko Arartekoa Gasteizen bildu dira XXIX. Koordinazio Jardunaldietan, “Familiak eta beraien beharrak eta erronkak oraingo gizarte- eta ekonomia-egoeran: botere publikoen erantzuna” gaia jorratzekoetan, eta adierazpen hau jendaurrean aurkeztu nahi dute.
Familiak askotarikoak dira morfologiari dagokionez eta berezko eginkizun esklusibo batzuk garatzen dituzte, beste gizarte-sistema eta -erkidego batzuez ordezten zailak direnak. Familia lehen mailako afektu eta harremanen egoitza da, baita eragile sozializatzaile nagusia ere, eta norberaren garapenari eta erkidegoaren eraikuntzari modu erabakigarrian laguntzen die. Konstituzioak 39.1. artikuluan, autonomia- estatutuek beren testuetan eta Europar Batasunaren Funtsezko Eskubideen Gutunak 33. artikuluan balio hori eta haren esklusibotasuna aitortzen dituzte eta botere publikoak familiaren babes soziala, ekonomikoa eta juridikoa ziurtatzera hertsatzen dituzte.
1.Europako testuinguruko herrialdeekin alderatzen duen begirada batek agerian jartzen du Espainian familiak babesteko gastua txikiagoa dela, eskuragarri dauden azken datuen arabera BPGdren % 1,51 baitzen, Europako batez bestekoa % 2,26 izanik. Familia-politikek Espainian gutxienez Europako batez bestekora heltzen diren ekonomia- eta aurrekontu-baliabideak eduki beharko lituzkete.
2.Familiek, haien konfigurazioa eta osaera edozein direla ere, premia komun batzuk dauzkate. Hiru arlo hauek hartzen dituzte barne: a) seme-alaben hezierari eta familia barneko zaintzari lotutako kostuei aurre egiteko baliabideak; b) familia-erantzukizunak bateratzeko denbora eta zerbitzuak; c) informazioa, orientazioa eta aholkuak guraso-gaitasuna modu egokian garatzeko. Politika publikoek hiru arlo horietako premiak behar bezala bete behar dituzte.
3.Kostuak konpentsatzera bideratutako politikek, nagusiki zerga-politiken eta zuzeneko transferentzia ekonomikoen bidez egikaritutakoek, gizarte-errealitate berriak (bai askotariko familia-ereduak bai seme-alabak zaintzeko ereduak) aintzat hartu behar dituzte eta adingabeen, ezgaitasunen bat duten pertsonen eta mendetasuna duten pertsonen arreta modu erabakigarriago batean babestu behar dute.
4.Lanbidea eta familiako bizitza bateratzeari eta haurren eta zainketak behar dituzten pertsonen zaintzan eta arretan erantzunkidetasunari dagokienez, gure aburuz, herri-administrazioek kontrataziorako sorospen zuzenak edo zeharkakoak, lan-merkatura itzultzeko pizgarriak eta trebakuntza- eta birziklatze-jardunak onartzen jarraitu behar dute. Horrez gain, emakumeak lan- merkatuan sartzearen eta gizonek familia-erantzukizunetan aktiboki parte hartzearen alde egiten duten arau-aldaketetan sakontzeari eutsi behar zaio.
5.Era berean, beharrezkotzat jotzen da bateratzea errazten duten zerbitzuen eskaintza nahiko bat bultzatzea:
0 eta 3 urte bitartean dauzkaten haurren arretarako zerbitzuak eta mendeko pertsonentzako hurbiltasun-zerbitzuan. Halaber, laneko eta aisialdiko ordutegiak aztertu beharko lirateke hobeto arrazionalizatzeko.
6.Europako zuzentarauen ildotik eta beren seme-alaben hezkuntzan eta garapen integralean duten erantzukizuna egikaritzeko orientazioa bilatzen duten gurasoen eskaerei erantzunez, ezinbestekoa da gurasotasun positiboko neurrietan aurrera egitea, haien ezarketa handituz, familia eta eskolaren arteko elkarlana are gehiago sustatuz eta guraso-erantzukizunak modu egokian gauzatzeko prozedura eraginkorren erabileran aurrera eginez.
7.Frogagarria da familia-moten aniztasuna gero eta zabalagoa dela. Aniztasun horrek behar diren onarpena eta errespetua aurkitu behar ditu legezko tipifikazioan, agiri ofizialetan eta ikastetxeetako curriculumean eta diskurtsoan. Era berean, ahultasuna edo babesgabetasuna sor dezakeen inguruabarren batean dauden familia-motei (guraso bakarreko familiak, familia etorkinak, familia homoparentalak, etnia ijitoko familiak, etab.) berdintasunerako eta bereizkeria ez jasateko daukaten eskubidea bermatzeko neurri eraginkorrak antolatu behar dira.
8.Laguntza sozioekonomikoa funtsezkoa da espainiarrek jasaten duten krisi larriaren ondorioz gizarte- bazterketako arriskuan edo egoera latzean dauden familia guztientzat. Zentzu horretan, gure iritziz, botere publiko eskudunek Espainian bizitza duin bati lotutako premiak betetzea helburu duen eta gizarteratzeari eta laneratzeari lotuta dagoen prestazio ekonomiko bat egotea ahalbidetu behar dute. Prestazio horietarako eskubidearen onarpenari buruzko ebazpenak laster eta legez ezarritako epeen barruan eman behar dira. Bestalde, politika publikoen lehentasuna haur-pobrezia eta pobrezia energetikoa ezabatzea izan behar da; horretarako, neurri eta tresna eraginkorrak prestatu behar dituzte.
9.Gure ustez, etxebizitza duin eta egoki bat edukitzeko konstituzio-eskubidea babesteko eta bermatzeko mekanismoak indartu behar dira, bereziki egoitza-irtenbide egoki bat eskuratzeko aukeratik baztertuta dauden familiei eta seme-alabak dituzten familiei dagokienez, etxebizitza hutsen kopurua murriztuz, alokairua sustatuz eta herritarrak beren ohiko etxebizitzen utzarazpenen aurka babestuz. Halaber, herriaren defentsa erakundeok bigarren aukerako lege baten onarpena babesten dugu; lege horrek utzarazteko aukera murrizten duten mugak barne hartuko lituzke, gainzorpetze edo kaudimen- gabeziako kasuetan betiko gizarte-bazterketa saiheste aldera.
10.Gure aburuz, ahultasun- edo arrisku-egoeran dauden eta adingabeak dituzten familientzako laguntzak bereziki aipatu behar dira. Zehazki, hauetaz ari gara:
a) pobrezia-egoeran dauden eta adingabeak ardurapean dituzten familiak; b) seme-alabekin gatazkak dituzten familiak; esparru horretan familia- bitartekaritza gehiago sustatzeko eskatzen dugu, baita familia-elkarguneen zerbitzuen arauketa autonomiko bat ere, nolanahi ere haurrak edo nerabeak eragin diezaiokeen erabakiak hartzeko parte hartzen duela bermatuta egon dadin;
c) genero-indarkeriaren eraginpean dauden adingabeak; haientzat berezko nortasuna daukaten biktimatzat jotzeko eskatzen dugu.
11.Autonomia mugatuta daukaten eta bizitza autonomo bat garatzeko laguntza pertsonalak edo materialak behar dituzten pertsonak bizi diren familiei dagokienez, sistema desberdinak harmonizatzeko eta koordinatzeko neurriak hartu behar dira, gainjartzeak, bikoiztasunak eta gabeziak edo estaldura-eskasiak saiheste aldera. Pertsona eta familia horientzat, Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema gizarte-estatuaren funtsezko euskarri bat da, eta alferrik galdu behar ez den gizarte-erdiespen bat ere bai. Gure iritziz, pertsona horiek beren etxeetan mantentzera bideratutako tresna eta neurri guztiak orobat indartu eta zabaldu behar dira.
3.2. Nazioarteko harremanak
Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioaren urteko Batzarra
Arartekoaren ondokoak Ombudsmanen Nazioarteko Federazioaren (FIO) XIX. Batzar Nagusian eta Kongresuan parte hartu zuen, Mexiko hirian, 2014ko urriaren 1etik 3ra. Aurten, giza eskubideak babesteko eskualdeetako sistemak hartu dira gaitzat.
Biltzar horrexetan, Emakumeen defendatzaileen FIOren sarea elkartu zen, Arartekoa parte-hartzaile zela, eta Federazioaren XIX. Biltzar Orokorra egin zen, non emakumeek politikan duten partaidetza aztertu baitzen. Arartekoa Zuzendaritza Batzordeko partaide da, espainiar Estatuko herriaren defendatzaileen ordezkari gisa. Topaketa hori baliatuz, Julia Hernández aukeratu zuten sare horren Europako koordinatzaile.
FIOk bere baitan hartzen ditu Iberoamerikako edo Latinoamerikako herrialdeetako herriaren defentsa-erakundeak, Espainia, Mexiko eta Argentinako autonomia erkidegoetako edo estatuko defentsa-erakundeekin batera.
Rainbow Has proiektuaren konferentzia Bruselan
Azaroaren 18an Rainbow Has proiektuan ateratako ondorioak eztabaidatzeko konferentzia europarra izan da Bruselan, Europar Batasunerako Euskadiko Ordezkaritzan. Europako Batzordeak babestu eta diruz lagundutako proiektua da. Bi urtean landu da, Arartekoaren edo euskal herritarren defendatzailearen zuzendaritzapean.
Rainbow Has proiektuaren helburua adingabe homosexual edota transexualen oinarrizko eskubideak babestea da, baita bi amak edo bi aitak osatutako familia homoparentalen seme-alabenak ere. Eskubide horiek babestu eta bermatzeko, aniztasun afektibo eta sexuala bultzatzen du, ikastetxeetan gertatzen den bullying edo eraso homofoboari aurre egiten dio eta hezkuntza-komunitatearen, administrazio publikoen, gizarte elkarteen eta GKEen estamentuetan oinarritutako sareak sortzen ditu.
Rainbow Has proiektuan Europar Batasuneko 8 herrialdetako (Alemania, Belgika, Bulgaria, Espainia, Holanda, Italia, Polonia eta Erresuma Batua) 12 erakundek parte hartzen dute. Azterlanak, mintegiak eta bilerak egin dituzte aipatutako haur eta nerabe horien egoerari buruzko diagnostiko zehatzak edukitzeko, proposamenak eta gomendioak aurkezteko eta lankidetzarako sare sendoak sortzeko.
Europar Batasunerako Euskadiko Ordezkaritzak Bruselan dituen bulegoetan egin da konferentzia europarra eta Rainbow Has proiektuan parte hartzen duten erakundeen ordezkariek parte hartu dute: unibertsitate desberdinetako adituak, Europako Parlamentuko LGBT Intergroup kideak, ILGAko kideak (International lesbian, gay, bisexual, trans and intersex association) eta NELFAkoak (familia homoparentalen federazio europarra). Europako arartekoaren bulegoko ordezkariak, europarlamentariak eta erakunde eta GKE desberdinetako kideak ere ez dira faltako.
Euskal Herriko arartekoa den Iñigo Lamarcak inauguratu du konferentzia. Rainbow Has proiektuaren bost lan ildoen emaitzak eztabaidatu dituzte bertan, eta jardute onaren hiru adibide jarri dituzte: Eusko Jaurlaritza, Cambridgeko Comberton College Academy eta Peterborougheko Voyager School.
Txostenaren ondorioak Bulgaria, Espainia, Polonia, Italia eta Erresuma Batuan egindako azterlan kualitatiboetan oinarritzen dira. 130 familiak, irakasleek eta haurrek parte hartu dute azterlan horietan. Mintegiak egin ziren Europako bederatzi hiritan eta erakunde publikoak, ikerketa zentroak, giza eskubideen erakundeak, LGBT erakundeak eta familiak ordezkatzen zituzten 200 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten. Ikerketari esker, ikastetxeek, erakunde publikoek eta GKEek bultzatutako jardute onaren 22 kasu identifikatu dituzte.
Hakamada Iwao kasuari buruzko apelazioak
Hakamada Iwaoren kasuari buruzko kanpainaren barruan -Gipuzkoako Amnesty International taldeak bultzatu du-, beste herrialde batzuetako Amnesty Internationaleko taldeekin koordinatuta, Arartekoak hilero zenbait apelazio bidali dizkie Japoniako agintari batzuei (Justiziako ministroari, lehen ministroari, fiskal nagusiari eta espetxeko zuzendariari) eta Hakamada Iwaogatik duen kezka agertu die. Hakamada Iwaok 78 urte ditu orain, eta horietatik azkeneko 44ak espetxean igaro zituen, heriotzaren zain. Heriotza korridorean denbora luzeena zeraman pertsona izango zen, ziur aski.
Aurtengo martxoan, zorionez, Iwao Hakamada aldi baterako libre utzi dute Japonian, Shizuokako Barrutiko Gorteak epaiketa berri bat egiteko eskaera onartu eta gero.