8. Jarduera ekonomikoaren antolamendua
1. Arloa kopurutan
2014. urtean arlo honetan 42 kexa jaso dira, hau da, erakunde honek ekitaldian zehar jaso dituen kexa guztien arteko 1,91.
Ukitutako administrazioei erreparatuz gero, honela sailka genitzake kexak:
• Autonomia Erkidegoko administrazio orokorra (Eusko Jaurlaritza) 12
• Foru administrazioa 5
Azpi arloei erreparatzen badiegu:
• Finantza-erakundeak eta aseguru-etxeak 16
• Merkataritza, turismoa eta kontsumoa 10
• Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta industria 6
• Administrazioaren funtzionamendua eta administrazioaren prozedura 4
• Telefonia zerbitzuak 4
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta industria
Ekitaldi honetan, eta azpi arlo honi dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoan Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sustatzeko Sailak angula arrantzeko lizentzia berriak eman ez dituelako jaso ditugun kexak azpimarratu behar dira.
Ildo horretatik, 2002. urtean aingirari buruzko Itsasoa Aztertzeko Nazioarteko Kontseiluak irizpide zientifiko bat ezarri zuen, eta, haren arabera, aintziraren populazioa segurtasun muga biologikoetatik at dago eta egiten den arrantza ez da iraunkorra.
Hori dela eta, 2007. urtean Ministroen Kontseilu Europarrak aingira populazioa berreskuratzeko neurri batzuk ezarri zituen 1100/2007 Araudian (Europako Kontseilua).
Araudi horrek estatu kide guztiak behartzen ditu aingira berreskuratzeko beren kudeaketa planak egitera, eskualde eta tokiko inguruabarren arabera.
Horren harira, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Foru Aldundiekin batera, aingira arrantzaleen eta zientifiko adituen lankidetza izanik, Euskal Autonomia Erkidegoan aingira europarra berreskuratzeko kudeaketa plana idatzi du, 2008ko abenduan.
Plan horretan, espezie honen egoerari buruzko azterlan eta diagnostiko zehatza egin ondoren, hainbat neurri ezarri dira aingiraren arrantza kudeatzeari buruz. Hona hemen:
“• Lizentziak igortzeko kontrol zorrotza: aurreko arrantza garaian lizentzia eduki duten eta berau berritzeko eskatzen duten arrantzaleei lizentzia berria eman ahalko zaie, soilik baldin eta aurreko lizentzia eta harrapakinen koadernoa entregatu badituzte, behar bezala beteta eta epe barruan.
• Arrantzaleko eta eguneko 2 kg aingirako muga ezartzea bi arrantza modalitateetan (lurretik eta itsasontzitik) eta arro guztietarako.
• Arrantza garaia azaroaren 15etik urtarrilaren 31ra mugatzea.
• Barbadun, Urumea eta Oiartzun erreken arroa aingiren erreserba etengabe aitortzea, baita Iñurritza (Oria) erreka, sarreratik hondartzari kalterik eragin gabe, eta Andrakas erreka (Butroe) ere, ubide osoan zehar ezingo delarik aingira eta angularik harrapatu.”
Azkenik, proiektu honetan jarraipen eta ikerketa plan bat ere badago, eta, bertan, proposatutako kudeaketa neurrien eraginkortasuna eta neurri horiek helburuak betetzeko orduan ematen duten laguntza zehaztu eta ebaluatuko dira.
2.2. Merkataritza, turismoa eta kontsumoa
Hainbat kontsulta jaso ditugu konpainia pribatuek ematen dituzten zerbitzuen jardueraren zioz. Pertsonentzako oso garrantzitsuak diren zerbitzu orokor eta publikoei buruz ari gara, adibidez, energia hornidura, gas hornidura eta telefonia zerbitzua, denak ere enpresa pribatuen kudeaketa sistema desberdinen bidez ematen direnak. Izaera pribatua dutenez ezin dugu gai honetan esku hartu, baina, edonola ere, erakunde honen ustez kudeaketa horrek ez luke eragin behar prestazio hori ematean oinarrizko eskubideak galtzerik edo urratzerik.
Horrenbestez, pertsona interesdunei kasuan kasu planteatutako gaiari buruzko informazio interesgarria eman diegu, eta, horrez gain, jakinarazi diegu Kontsumitzailearentzako Informazioko Udal Bulegoak eta Kontsumobide direla honelako kexak tramitatu behar dituztenak. Izan ere, legez, gaur egun, jarduerak antolamendu juridikora egokitzen ote diren aztertu baino ezin dugu egin.
Izapidetutako kexei dagokienez, aurreko urteetan bezala, helburua, funtsean, honakoa izan da: pertsona interesdunen desadostasuna adieraztea, Eusko Jaurlaritzan kontsumo eta
turismo arloetan jorratzen diren prozedura eta artxiboekiko, ez denean jaso administrazioak ez arau hausterik egin duenik.
Bestalde, Euskadiko Merkatari, Ostalaritza eta Zerbitzu Enpresen Elkarteen Konfederazioak (Euskaldendak) planteatutako gaiak aipatu behar ditugu. Horren harira, Arartekoak, elkarte horrekin izan zuen bileran, zuzenean ezagutu ahal izan zituen talde horren kezkak, gure autonomia erkidegoan merkataritza ordutegien araubidea aldatzeko aukerari dagokionez. Aukera hori, izan ere, aurrekontu egonkortasuna eta lehiakortasunaren sustapena bermatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Dekretua onartzean ezarri zen eta Eusko Jaurlaritza behartu egingo luke merkatariei beren saltokiak igandeetan irekitzeko baimena ematera. Horrek, Euskaldendak elkartearen ustez, kalte larriak eragingo lizkioke txikizkako merkataritzari.
Era berean, gaur egun udalerri desberdinetan igandeetan merkataritza establezimenduak irekitzeari buruzko indarreko araudia urratzen ari direla salatu dute. Horren harira, aipatu elkartearen esanetan, EAEko saltokien ordutegiei buruzko otsailaren 22ko 33/2005 Dekretuaren arabera, txikizkako salmentako establezimenduek, salmentarako 400 metro karratuko azalera baino gehiago badute, beren merkataritza jarduera gara dezakete gehienez zortzi igande edo jaiegunetan, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako urteko igande eta jaiegun guztietatik.
Hala ere, Euskaldendak jakinarazi duenez, saltoki askok irekitzen dituzte beren ateak igandeetan, baldintza horiek urratuz. Horrenbestez, adierazi dutenez Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailera jo dute eta indarreko araudia betetzen ote den kontrolatzeko eskatu dute. Jaso duten informazioaren arabera, ez dago aurreikusita ikuskariek igandeetan esku hartzerik. Hau da, merkatarien eta herritarren erantzukizuna da araua betetzen ote den kontrolatzea, horretarako salaketa egokiak jarriz.
Elkarteak egindako gogoeten artean gaur egun merkatariek krisi ekonomiko honen ondorioz jasaten ari diren zailtasunei buruzkoak ere azaltzen dira. Diru sarreretan jaitsiera bortitza pairatu duten arren, autonomoak direnez ez daukate eskubiderik Lanbiden aurreikusitako prestazioak jasotzeko.
Txosten hau ixtean, bada, gai horiek guztiak dagozkien administrazioekin lantzen ari gara.
Bestalde, artisau batek aurkeztu zigun kexa aipatu beharra dugu. Artisauak hainbat zailtasun planteatu zizkigun, Bizkaiko hainbat udalerritan garatzen diren aldizkako azoka eta ferietan saltokiak esleitzeko prozesuetan berdintasun baldintzetan parte hartzeko. Kexagileak udal horietako azoketan artisau gisa parte hartzeko bere eskaera kontuan hartzeko eskatu zuen. Halaber, adierazi zigunez ez zuen inolako erantzunik jaso eta ezin izan zuen saltokirik lortu. Horrez gain, ez zuen jakin zeintzuk ziren parte hartzeko baldintzak.
Gai honi buruz egin dugun azterketan egiaztatu ahal izan dugunez, udalak aldizkako azokak antolatzean Txikizkako Merkataritzaren Antolamenduari buruzko urtarrilaren 15eko 7/1996 Legean eta salmenta ibiltaria arautzen duen otsailaren 26ko 199/2010 Errege Dekretuan jasotako aurreikuspenak betetzeko eskatzen du. Udalek bete behar dituzten kontrol neurrien artean sartzen da, bada, baimena emateko prozedura publikoa izatea eta haren tramitazioa sarbide eta partaidetza irizpide argi, erraz, objektibo eta aurreikusgarrien arabera garatzea. Saltokiak aukeratzerako orduan bete egin behar dira publizitatearen, gardentasunaren eta norgehiagokaren printzipioak eta ez da ezarri behar beharrezkoa ez den, neurrigabea den edo bereizkeriarik eragiten duen baldintzarik. Sarbide muga horien barruan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/CE Zuzentarauak, barne merkatuko zerbitzuei buruzkoak, aurretiaz administrazio erregistroetan aldi jakin batez izena emanda egon beharra eskatzeko debekua aipatzen du.
Edonola ere, udalek beren udalerrietan garatzen diren azoka eta merkatuetan parte hartzeko baldintzei buruzko informazio guztia erraztu eta hedatu behar dute. Hori guztia kontuan hartuta, hainbat ebazpen egin ditugu, jarraian azalduko dugun bezala, udalek salmenta ibiltaria arautzeko ordenantzak egokitu ditzaten erkidego legediaren eta haren ondorengo transposizioaren arabera bete beharreko sarbide irizpideetara eta saltokiak esleitzeko prozedurara, udaletako aldizkako azoka eta ferietan.
Arartekoaren ebazpena, 2014ko apirilaren 15ekoa. Horren bidez, Mungiako Udalari iradokitzen zaio udalerrian egiten diren noizbehinkako azoketan eta merkatuetan salmenta postuak eskuratzeko irizpideak eta esleitzeko prozedura zehaztu ditzala.
Arartekoaren ebazpena, 2014ko apirilaren 7koa. Horren bidez, Berangoko Udalari iradokitzen zaio udalerrian egiten diren noizbehinkako azoketan eta merkatuetan salmenta postuak eskuratzeko irizpideak eta esleitzeko prozedura zehaztu ditzala.
Arartekoaren ebazpena, 2014ko apirilaren 15ekoa. Horren bidez, Gernika-Lumoko Udalari iradokitzen zaio udalerrian egiten diren noizbehinkako azoketan eta merkatuetan salmenta postuak eskuratzeko irizpideak eta esleitzeko prozedura zehaztu ditzala.
2.3. Finantza-erakundeak eta aseguru-etxeak
Autonomia Erkidego honetako herritarrek finantza erakundeekin eta aseguru konpainiekin dituzten harremanetan sortzen zaizkien arazoen berri eman ohi digute, batez ere komisioak kobratzen direnean zerbitzu prestazioagatik edo zorpekoengatik, sinatutako hipoteka maileguen kontratuetan lurzoru klausulan mantentzeagatik eta abar.
Eremu hori, berez, ez da Arartekoaren jarduera arloan sartzen. Izan ere, finantza eta kreditu erakundeen jarduera kontrolatzea Arartekoa erakundea sortu eta arautzen duen otsailaren 27ko 3/1985 Legeak erakunde honi esleitzen dion eskumen eremutik kanpo dago; hala ere, pertsona horiei orientazioa eta informazioa ematen saiatzen gara, beren erreklamazio eta kexak organo eskudunen aurrean plantea ditzaten.
Kontsumitzailearentzako Informaziorako Udal Bulegoek eta Kontsumobidek orientazioa eman ohi diete pertsona horiei, zerbitzu horien erabiltzaile eta kontsumitzaile gisa dituzten eskubide eta betebeharrei buruz.
Edonola ere, kontuan hartu behar da banku erakundeek erreklamazioetarako barne zerbitzu bat dutela Espainiako Bankuaren Erreklamazio Zerbitzuan. Zerbitzu horrek, hain zuzen ere, erabiltzaileek banku erakundeen funtzionamenduagatik dituzten kexak ikuskatzen ditu. Zerbitzu horren ardura da, era berean, gehiegikeriazko jarduerarik gertatzen ez dela zaintzea eta une oro bankuen gaineko indarreko legedia betetzen dela bermatzea.
Halaber, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioko Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusiak aseguru kontratuekin eta pentsio planekin lotutako gaietako arazoak ebazteko mekanismo bat ezarri du. Auzitegiz kanpoko (hau da, epaitegiez besteko) eta doako prozedura da. Hala ere, ez ditu jorratzen aseguruaren eremuan sor daitezkeen arazo guztiak, eta, beraz, zerbitzu honek eskaintzen duen informazioa kontsultatzea komeni da bertara jo baino lehen.
Hala eta guztiz, kontuan hartu behar da Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak BGAEei buruzko fiskalizazio eskumen batzuk dituela.
Ebazpen horiek, EAEko organo batetik datozenez, Arartekoan aztertu daitezke. Hala, herritarrak kezkatuta daude krisi garai honetan ezingo direlako BGAEetan metatutako eskubideak erreskatatu. Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legeak BGAEen erreskatea gaitzen du, iraupen luzeko langabeziaren kasuetan. Hala ere, ez du erreskaterako aukerarik ahalbidetzen inguruabar hori ukitutako BGAE zehatza arautzen duten estatutuetan berariaz aurreikusita ez badago.
2014ko otsailean, azkenean onartu da luzaro espero izan den Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/17/UE Zuzentaraua, kontsumitzaileekin bizitegi erabilerako ondasun higiezinetarako sinatzen diren kreditu-kontratuei buruzkoa. Horren bidez, aldatu egin dira 2008/48/CE eta 2013/36/UE Zuzentarauak eta 1093/2010 Araudia (UE). Zuzentarau horrek esparru komun bat ezartzen du Estatu kideetan kontsumorako kreditu-kontratuak arautzeko. Horiek hipotekaren edo bestelako bermeren baten bidez bermatzen dira, bizitegi erabilerako ondasun higiezinei baldin badagozkie.
Konstituzio Auzitegiaren 2014ko ekainaren 12ko 97/2014 Epaiak Konstituzioaren kontrakoa eta ezdeusa zela adierazi zuen, besteak beste, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 23.l.a) artikulua. Arau horrek, jakina denez, metatutako eskubide ekonomikoak erreskatatzeko gaitasuna ematen zuen, betiere lehenbiziko ekarpenak gutxienez 10 urteko antzinatasuna baldin bazuen.
2014ko uztailaren 4an, Ogasun eta Finantza sailburuordeak ebazpen bat eman zuen, Konstituzio Auzitegiaren epaia ezartzeko beharrezkoak ziren interpretazio-irizpideekin. Epai hori argitaratu aurretik beren ekarpenak egin zituzten pertsonen segurtasun juridikoa, egintzak mantentzeko printzipioa eta konfiantza nahiz uste ona bermatzeko asmoz, haien eskubideak zaintzeko ahaleginak egin dira eta lehen egindako ekarpenetara mugatu da gertakizun horrengatik erreskatatzeko aukera, Konstituzio Auzitegiaren ebazpena argitaratu eta gero.
3. Araudi eta gizarte-testuingurua
3. Araudi eta gizarte-testuingurua
3.1. Ekitaldi honetan erkidego mailan eta gai honetan egon den berrikuntza nabarmen gisa uztailaren 1eko 142/2014 Dekretua azpimarra genezake, Kontsumoko erreklamazio orriei eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kexa, erreklamazio eta salaketen arretarako prozedurari buruzkoa
Dekretu horrek indargabetu egiten du urtarrilaren 14ko 5/1997 Dekretua, erreklamazio orrien eredu bakarra eta bertan jasotako erreklamazioak tramitatzeko prozedura arautzen zituena. Dekretu berri honek, beraz, prozedura hobetu nahi du erreklamazioak administrazioan tramitatzeko orduan, erreklamazio orri baten bidez edo legez onartutako beste edozein eratan bideratutako salaketa oro kontuan hartuz, erreklamazioen tramitazio elektronikoa barne.
Bestalde, 142/2014 Dekretuak ikastetxe arautuak salbuetsi egiten ditu erreklamazio orriak izateko betebeharretik, eta, beraz, azken horiek hezkuntzarako eskubidea arautzen duen araudia bete beharko dute. Halaber, profesional liberalak ere salbuesten ditu, baldin eta Elkargo Profesional bateko kide izatea beharrezkoa bada beren jardueran aritzeko. Izan ere, elkargo horiek kontsumitzaile eta erabiltzaileen erreklamazioei erantzuteko leihatila propioak izan behar dituzte, beren kasuan kasuko araudiaren arabera.
Hala eta guztiz, kontsumoko erreklamazio orriak edukitzeko betebeharra ezartzen die jolas jarduerei eta ikuskizun publikoei.
Dekretuko 2. artikuluak kexaren figura sartzen du, honela zehaztuz: “kontsumitzaileak edo erabiltzaileak egindako adierazpena, kontsumitutako ondasuna edo emandako prestazioa desegokitzat jo delako, berau merkaturatu edo ematen duen pertsona fisiko edo juridikoari zuzendua, bere desadostasuna erakusteko, bestelako asmorik gabe.” Halaber, jarrera edo jarduera batekiko desadostasuna adierazteko aukera ere aurreikusten da, eta, 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, kexaren hartzaile den pertsona edo erakundeari jakinaraziko zaio, eta, hala badagokio, sektorea ikuskatu behar duen organo eskudunari, kasuan kasuko gaiaren arabera.
Dekretuko arrazoien azalpenean adierazi denez, berau onartu egin da, kontsumitzaileen babesa sustatzeko eta esperientzian antzemandako gabeziak zuzentzeko, kontsumoaren arloan pizten diren gatazka edo arazoei irtenbideak emateko mekanismo errazagoak ezartze aldera.
3.2. Bestalde, 2014ko martxoan, Estatuan martxoaren 27ko 3/2014 Legea onartu zen. Horren bidez, aldatu egin da Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Babesteko Lege Orokorraren testu bategina.
Arau berri horren helburua da barne-zuzenbidera lekualdatzea 2011/83/UE. Zuzentaraua. Zuzentarau horrek bultzada berria eman dio Europako kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteari, eta kontsumitzaile-erabiltzaileen nahiz enpresarien segurtasun juridikoa indartu du, kontsumo-kontratuen Europako legerian zeuden desberdintasunak kenduz. Era berean, 3/2014 Legeak Europar Batasunaren Auzitegiaren (EBA) 2012ko ekainaren 14ko epaia bete du Espainiako Kreditu Bankuari buruzko C-618 auzian, eta hauxe onartu du: “Gehiegizko baldintzak erabat deusezak izango dira eta jarri ez direla ulertuko da. Horretarako, epaileak, aldeei entzun ondoren, deuseztzat joko ditu kontratuan ezarritako gehiegizko baldintzak, baina, hala ere, kontratu hori modu berean bete beharrekoa izango da aldeentzat, betiere baldintza horiek gabe mantendu badaiteke.”
Azkenik, EBAk, 2014ko uztailaren 17ko epaian, C-169/14 auzian, berriz agerian jarri du kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko asmoz Europar Batasuneko legeriak diseinatu duen sistemaren kontrakoa dela hipoteka betearazteko prozeduren sistema hori, epaile nazionalari ez baitio ematen betearazpen horiek baliogabetzeko aukerarik, eta haren esku-hartzea aukera bakar honetara mugatzen baitu: bere azken ebazpenean, kalte-ordain bat adostera, kontsumitzaileak jasan duen kalteagatik. Orobat, ebazpen horretan adierazten denez, Europar Batasunaren berme-sistemaren kontrakoa da betearazpen-prozeduran kaltetuak helegitea jartzerik ez izatea hipoteka-betearazpenari buruzko ebazpeneko autoaren kontra, baina horretarako ahalmena ematea, aldiz, hipoteka betearazleari.
3.3. Bestalde, 2014ko otsailean, azkenean, onartu egin da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014/14/UE Zuzentaraua, kontsumitzaileekin egoitza erabilerako ondasun higiezinetarako egindako kreditu kontratuei buruzkoa. Zuzentarau horren bidez, bada, aldatu egin dira 2008/48/CE eta 2013/36/UE Zuzentarauak eta 1093/2010 Araudia (EB). Zuzentarau horrek, hain zuzen ere, esparru komuna ezartzen du estatu kideetan kontsumorako kreditu kontratuak ezartzeko, hipoteka bidez edo bestelako bermeen bidez bermatuta, egoitza erabilerako ondasun higiezinei eragiten dienean.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
Eremu hori, berez, ez da Arartekoaren jarduera arloan sartzen. Izan ere, finantza eta kreditu erakundeen jarduera kontrolatzea Arartekoa erakundea sortu eta arautzen duen otsailaren 27ko 3/1985 Legeak erakunde honi esleitzen dion eskumen eremutik kanpo dago; hala ere, pertsona horiei orientazioa eta informazioa ematen saiatzen gara, beren erreklamazio eta kexak organo eskudunen aurrean plantea ditzaten.
1. Oro har, arlo honetan landu diren kexak gutxi izan dira. Hala ere, horien artean nabarmenak dira funtsezko gisa jotzen ditugun zerbitzuen erabiltzaileek planteatzen dituztenak, horien artean, gas eta elektrizitatearen hornidura edo telefonia zerbitzuak hizpide dituztenak. Nahiz eta zerbitzu horiek enpresa pribatuek ematen dituzten, administrazio publikoek betebeharra dute interes orokorreko zerbitzuen prestazioaren gaineko nahitaezko kontrol lanak egiteko.
Horren harira, planteatutako kasu gehienetan azaldu den gaiari buruzko araudi esparrua zein den jakinarazten dugu eta beren eskubideak defendatzeko zein erakundera jo dezaketen adierazten diegu.
2. Halaber, autonomia erkidego honetako herritarrek maiz azaltzen dizkigute finantza erakundeekin eta aseguru etxeekin harremanetan suertatzen zaizkien arazoak.
Egungo ekonomia eta finantza krisiaren testuingurua agerian geratu da herritarrek planteatzen dizkigunetan kontsulten edukian. Herritarrak kezkatuta daude banku erakundeek komisioaren zenbatekoa areagotu edo kobratuko dietelako ordura arte doan ematen zieten zerbitzu batengatik. Halaber, pertsona nagusiei adineko pertsona batek eskatzen duen inbertsio ezaugarrien araberakoak ez diren finantza produktuak saltzeak edo une honetan pentsio plan bat erreskatatu ezinak ere haserrea eragiten dute.