14. Informatzeko eta ezagutzeko teknologiak eta datuak babestea
3 Ezintasunen bat duten pertsonak
Ingurumena hobetzeko sistema
Arartekoaren eguneroko lanak, pertsonen edozein jarduerak bezalaxe, inguruari eragiten dio, eta alderantziz, eta ingurumen-inpaktuak sortzen ditu; horretaz jabetuta, 2011. urtean Ingurumena Kudeatzeko Sistema bat ezartzea erabaki genuen, Ekoscan arauari jarraiki. Kudeatzeko sistema horren bitartez, apurka-apurka kutsadura prebenitzeko neurriak barneratuz joan gara urteotan, gure erakundea kudeatzeko beste faktore bat balitz bezala. Horri esker, ingurumen arloan dugun portaera hobetu dugu egunetik egunera.
Ingurumena kudeatzeko sistema hori abenduan ikuskatu du kanpoko erakunde ziurtagiri-emaile batek. Hori egin ostean, IHOBEren (Eusko Jaurlaritzaren Ingurumeneko Elkarte Publikoa) ziurtagiria lortu dugu, zeinak egiaztatzen baitu ingurumena kudeatzeko gure sistemak betetzen dituela elkarte horrek bultzaturiko Ekoscan arauko irizpideak.
Gure erakundeak ingurumenaren kudeaketa hobetzeaz harago, honatx orain arte ingurumen arloan erdietsi ditugun lorpen nagusiak:
•Paperean inprimatutako argitalpenak gutxitu ditugu, aleak banatzerakoan zentzuz jokatuz eta horiek editatzeko baliabide digitalak gehiago erabiliz. Ohiko txostenean erabilitako paper kopurua %96 murriztu da.
•Erabiltzen dugun paperaren % 100ek Europako ekoetiketa du, baita iturri mistoen FSC etiketa ere. Beraz, bai paperaren jatorrian, bai hori ekoiztean ere, ingurumenezko baldintza zorrotzak hartu dira kontuan.
•Erabili eta botatzeko plastikozko 3.800 edalontzi gutxiago kontsumitzen ditugu eta botilako ur gehienaren ordez, txorrotako ura edaten dugu.
•Garbiketa eta argitalpen zerbitzuak kontratatzean ere ingurumen arloko irizpideak gehitzen hasi gara.
Arartekoaren argitalpenak hobetzea
Arartekoak formatu elektronikoarekin lan egitearen alde egin du apustu, bere argitalpen guztiak hedatzeko formatu onena eta erreferentea hori delakoan. Hala eginez gero, nabigagarria izango da atal guztietan, eta bilatzaile baten laguntzarekin nahi den informazioa aurkitu ahalko da, esteka bidezko sarrerekin, pasahitza edo administrazioak, araudia eta halako erreferentziak sartuta. Horrek bide ematen du webguneko arlo jakin batzuk beste web gune batzuekin, beste erakunde batzuekin eta abarrekin lotzeko.
Web guneari erantsitako formatu elektroniko berri hori hainbat euskarritan kontsulta eta deskarga daiteke: pdf-n, eta baita formatu irekietan ere: html, xml, csv; horiei esker, errazago erabil daiteke web orrialdeko datu irekien ataletik abiatuta, eta, modu horretan, herritarrek libreki berrerabili ahal izango dituzte.
Hain zuzen ere, berrerabiltzeko aukera horren informazioa emateko, creative commons lizentzia erantsi da Arartekoaren ondoz ondoko edizio eta argitalpenetan. Lizentzia horrekin, txosten horiek berrerabiltzeko aukera ematen da.
Paperezko formatua kendu egin da argitalpen guztietan (ohiko txostenean izan ezik; horrentzat, oso ale-kopuru mugatua mantentzen da, erakusgarri gisa).
Erabaki horiek Arartekoak orain duen filosofian biltzen dira, hau da, bere onurarako zein beste erakundeen onurarako informazioa berriz erabiltzea erraztea eta baliabideak herritarrekin partekatzea.