3. Material mugikorra
Oin baxuko autobusak bihurtu dira, egun, ezinbesteko elementu hiri garraioan erabateko irisgarritasuna sustatzeko.
Plataforma baxuko ibilgailuak irisgarriak dira erabat mugikortasun urriko pertsonentzat, batez ere gurpil aulkien erabiltzaile direnentzat. Beharrezkoa da bi maniobra osagarri behar bezala gauzatzea: lehenengoak, "kneeling" esaten zaiona (belaunikatzea), aukera ematen du ibilgailua albo batetik makurtzeko espaloirantz. Bigarrenak haren barrualdean instalaturik dagoen eta atzera egiten duen arrapala zabaltzeko gailua martxan jartzen du, eta derrigorrezkoa da sarbidea bermatzeko mugikortasun urriko pertsonaren erabateko segurtasun eta autonomiarekin.
Oin baxuko ibilgailuak EAEn erabiltzen dira hiri zerbitzu ia guztiak emateko eta neurri batean baita hiri arteko lurralde zerbitzuak emateko ere –EAE barruko joan-etorriak–.
Aldiz, oin altuko ibilgailuen ezaugarria da plataformara eta sotora iristeko mailak edukitzea, eta horiek ohikoak dira ibilbide ertain eta luzeko hiri arteko zerbitzuak emateko (eskualde artekoak). Zerbitzu horiek, beharrezkoa denez bidaiarientzat gauzak eta maletak garraiatzea, eskatu egiten dute toki osagarria hornitzea.
Gurpil aulkien erabiltzaileak ontziratu eta haietatik irteteko, beharrezkoa da nasaren eta plataformaren arteko erlazioan dagoen garaiera gainditzea ahalbidetuko duen plataforma igotzailea erabiltzea.
3.1. Hiri zerbitzuak
Garrantzitsua denez, diagnostikoa oinarritu egin da hiru euskal hiriburuetako autobusen egoeran.
Jarraian datorren taulak, toki administrazioek eta haien kasuan kasuko hiri garraioko eragileek emandako datuetatik abiatuz landutakoa, islatu egiten du zein den udal flota bakoitzaren egungo egokitzapen maila.
Hirikoak | Flota | Irisgarriak | % |
Bilbo | 152 | 138 | %91[28] |
Donostia | 122 | 122 | %100 |
Vitoria-Gasteiz | 79 | 79 | %100 |
Iturria: geuk egina.
Udal flotetara gehitzen diren autobus berri guztiak oin baxukoak dira.
Hiri flotetako autobusek geldialdia jakinarazteko sistema akustikoa dute (SIO)[29] eta hori aktibatu egiten da Cyberpass agintearen bitartez. Hala eta guztiz ere, bai Donostian, bai Vitoria-Gasteizen, sistema desaktibatuta dago eta ikusmen urrituak hala eskatzen duenean bakarrik aktibatzen da.
Hirietako parke mugikorren irisgarritasun gabezia nagusiek EAEn zerikusia dute zentzumen ezgaitasuna duten pertsonentzako komunikazio irisgarritasunarekin. Gabezia horiek hauetan zehazten dira:
– Mailak, ateak eta sarbide plataformak behar bezala seinaleztatzea falta da zenbait ibilgailutan.
– Ukimen elementuak dituzten gida barrak falta dira, ikusmen urrituei eserlekuak topatzea errazteko.
– Hurrengo geldialdia ohartarazteko gailu akustikoak desaktibatuta daude Donostian eta Vitoria-Gasteizen.
[28] Egokitu gabeko autobusen banaketa Bilbon banatu egiten da erreserbaren eta zerbitzuaren artean, biztanleriari ekarritako eragina ahalik eta gehien murrizten saiatuz. Hainbat unitateko lineei esleitzen zaizkie; horrela, oin baxuko autobus eskaerarik egongo balitz, geralekuan itxaron beharreko denbora laburragoa litzateke.
[29] SIO Sistema: Ahozko informazio sistema.
3.2. Lurraldeko hiri arteko zerbitzuak (EAE barruan)
Jarraian datorren taulak hiri arteko garraio flotetan egokiturik dagoen egungo ibilgailu zerrenda islatzen du, probintzietako aldundiek emandako datuak gorabehera.
Hiri arteko zerbitzuak | Flota | Irisgarriak | % | |
Bizkaibus | Bizkaia (BFA) | 309 | 281 | %91 |
Lurraldebus | Gipuzkoa (GFA) | 198 | 154 | %78 |
Araba[30] (AFA) | 58 | 25 | %43 |
Iturria: geuk egina.
Azken urteotan, foru administrazioek lagundu egin dute modu adierazgarrian eragile pribatuen material mugikorra modernizatzen eta, ondorioz, garraio zerbitzuen irisgarritasuna osorik hobetzen, bai programa-kontratuen bitartez (AFA), bai ibilgailuak erosteko laguntza lerro berariazkoak jarriz (GFA, BFA).
Hala eta guztiz ere, oztopo nagusia oin altuko ibilgailu oso zaharrak agertzea da, beren jardunaren mugan, edo, bestela, arrapala matxuraturik duten plataforma baxuko autobusak egotea (irisgarritasunik gabeko egoeran).
Euskal Autonomia Erkidegoko erabilera orokorreko linea erregularren emakida mapa berritzeak, 2012. urtetik aurrera, balio izan behar du funtsezko palanka gisa jarduteko material mugikorraren irisgarritasunaren hobekuntza osoan. Gauzak horrela, enpresa emakidadun berriek bete egin beharko dute irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudia. Eskakizun hori beren beregi eta araudiak finkatu bezala jasoko da emakidaren baldintza agirietan. Inolako zalantzarik gabe, inguruabar horrek foru flotak egokitu beharra ekarriko du.
Halaber, idatz zati honetan hiri zerbitzuetarako xehatutako komunikazio irisgarritasuneko gabeziak aplikatu behar dira.
[30] Arabaren kasu berezian, azpimarratzekoa da zera: lurraldeko zerbitzuak ematen dituzten hiri inguruko autobus flotez gain, bada taxi flota bat eskaera gorabehera hiri arteko garraio zerbitzua ematen duena lurraldeko kuadrilletan eta 9 plaza bitarteko ibilgailuak dituena..
3.3. Ibilbide luzeko zerbitzuak (eskualde artekoak)
Gaur egun, ez dago daturik Estatuaren eskumeneko ibilbide luzeko flotaren egokitzapen mailan. Aitzitik, kontsultatutako iturri ezberdinek ziurtatu egiten dute orokorrean EAEn jatorria edo destinoa duten eskualde arteko garraio zerbitzuak ematen dituzten autobusak ez direla irisgarriak.
Estatuko emakiden mapa, ustiatzeko luzapenak ematen badira salbu, aldatu egin behar da nabarmen 2012. urtetik aurrera, eta egungo emakiden %55ek denbora indarraldia amaituko dute. Esleipen berriak lizitatzeko baldintza teknikoen agiriek exijitu egin behar dute indarrean dagoen irisgarritasun araudia betetzea, errepidetiko hiri arteko garraioko zerbitzu erregularrak irisgarri jarriz.
Zerbitzu hauek bete beharreko berariazko baldintzak hauek dira:
– Irisgarritasuna beren gurpil aulkian bidaiatzen duten pertsonentzat, eta baita beharrezko baliabideak ere aulkian doan erabiltzailea ibilgailura iritsi ahal izan dadin.
– Lokuzio eta testuak ibilgailuaren barrualdean, bidaiariak jakinaren gainean jartzea beharrezkoa denean.
– Doako tokia gordetzea tresnentzat, laguntza teknikoentzat, eta abarrentzat.