3. Donostiako aireportua
Donostiako aireportua Hondarribian kokatzen da, Donostiatik 22 km-ra. Funtsean, Estatu mailako trafiko erregularrari zerbitzua ematen dio, eta baita nazioartekoari ere. 2009. urtean, 314.262 bidaiari izatera iritsi zen.
Iturria: aena.es.
Gaur egun, Madril eta Bartzelona destinotzat duten hegaldiak egiten dira bertan. Aireportuaren kudeatzaileak, erakundeetako arduradunekin batera, saiatzen ari dira aspalditik hona destino eskaintza areagotzen, airetiko eragile berriak iristearen bitartez.
Azpiegitura gipuzkoarraren arduradunek bilerak egiten dituzte aldizka ELKARTUrekin –Ezgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Gipuzkoako Federazio Koordinatzailea–, eta horiei esker mugikortasun urriko pertsonei eskainitako laguntza eta zerbitzuan, airetiko garraioan mugikortasun urriko pertsonei laguntza emateari buruzko erregelamendu europarra aplikatzearen ondotik, sortutako arazo zerrenda berraztertzeko aukera dute.
3.1. Kanpoko irisgarritasuna
Aireportuko beste azpiegitura batzuetan gertatzen den moduan, hiriburutik urrun kokatzeak eragin egiten du hartara iristeko bitarteko motorizatuak erabili behar izatea.
Gaur egun, terminalera zuzenean iritsi daiteke ibilgailu partikularraren bitartez eta taxi zerbitzuaren bitartez. Autobusen linea erregularrak geraleku bat zuen terminalaren eraikinaren alboan, baina jada ez da azpiegiturara sartzen.
Geralekua kanpoaldera atera da, espaloirik gabeko ingurune batera, ibilgailuen trafiko biziko galtzada batera, ingurumarietan semaforoz araututako oinezkoentzako pasabiderik gabeko batera. Inguruabar hori arrisku larria da instalazioetatik autobusez irteten diren edo hartara autobusez iristen diren aireportuaren erabiltzaile guztientzat, are gehiago erabiltzaile horiek ezgaitasunen bat badute edo mugikortasuna urriturik badute.
Autobus geltokitik ibilgailuen aparkalekuraino doan oinezko ibilbidea ibilgarria da, baina ez du gidatzeko elementurik –bideratzeko zerrendak– ikusmen urrituentzat.
Aparkalekutik mugikortasun urriko pertsonentzako topalekuraino, terminalaren sarreran kokatzen dena, ibilbideak zailtasunak ageri ditu, ibietan oztopo-zutoinak daudelako eta zoladurak irregulartasunak ageri dituelako. Aurretiko tartean bezala, hemen ere ez dago ukimen zerrendarik ikusmen urritua behar bezala bideratzeko.
Orain dela gutxi terminaleko aparkalekua zabaltzeko lanak egin dira. Gaur egun sei plaza dago gordeta mugikortasun urriko pertsonentzat dauden 233en artean, eta horrek irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudiak finkatutako irizpideak betetzen ditu (plaza bat 40 plazako edo zatiki baliokidea).
3.2. Barruko irisgarritasuna
Atondoa eta bidaiariak eta haiekin doazenak egoteko eremuak oztopoetatik libre daude joan-etorriak egiteko. Hegazkinetik jaisten denetik terminalaren eraikinera sartzen den arte dagoen oinezko ibilbidea egiteko modukoa da eta oztopoetatik libre dago. Ez ibilbide honek, ez barruko atondoak, ez du ukimen-zerrendarik ikusmen urrituak orientatzeko puntu interesgarrietarantz.
Terminalak megafonia zerbitzua eta informazio teleadierazgailuak ditu, eta horiek hegaldien irteera eta iritsiera iragartzen dute, gerta daitekeen beste edozein inguruabarren berri ematearekin batera.
Azpimarratu beharreko beste alderdi batzuk hauek dira:
– Informaziorako mahaia egokituta dago, baina fakturaziokoak ez.
– Altzariak ez daude egokiturik. Mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako berariazko erreserbarik ez du, ezta euskarri iskiatiko osagarririk ere, bidaiariak eta haiekin batera doazenak egoteko eremu ezberdinetan.
– Terminalean eta irteeren eremuan komun egokituak daude.