III. ZATIA. KUDEATZAILEEN ETA ERAGILEEN JARDUERA PROGRAMAK
1. Trenbide sistema
Jarraian, EAEko trenbide sare ezberdinetako administratzaile eta eragile diren agente ezberdinek garraio azpiegituretan eta material mugikorrean irisgarritasuna sustatu eta hobetzeko dituzten programak azalduko dira.
1.1. ADIF
– Irisgarritasun plana: bidaiarien geltokietan irisgarritasuna osorik hobetzea dakarren programa; horretarako, sarbideak, eraikinak eta nasak egokitzeko lanak burutzen dira.
– Nasak egokitzeko plana: nasa-ibilgailua-nasa multzoaren irisgarritasuna hobetzeko programa; horretarako, nasak luzatu, areagotu eta zabaltzeko lanak gauzatzen dira.
– Zirkulazioan segurtasuna edukitzeko plana: Programa honek berekin darama hondatutako trenbide-pasaguneak ordezkatzea eta irristaden aurkako kautxuarekin egindako beste batzuk jartzea.
– Ezgaitasunen bat duten pertsonei arreta emateko berariazko zerbitzuak jartzea: Zerbitzu hauek: ATENDO, euskal hiriburuetako tren geltokietan jada ageri dena, eta DIALOGA, entzumen urrituei informaziora eta komunikaziora iristea errazteko sortua. Azken zerbitzu hau ez dago oraindik EAEko geltokietan.
1.2. Renfe
– Material mugikorra modernizatzeko plana. Renfe 2014: CIVIA unitateak eskuratzea; horiek irisgarriak dira erabat nasak egokiturik egonez gero.
– Lankidetza hitzarmena unibertsitateekin eta Ikerkuntza zentroekin: lan eremu ezberdinetan berrikuntzaren aldeko ikerkuntza ildoak sustatzea da helburua, eta horien artean irisgarritasuna ere egongo da.
1.3. FEVE
FEVEren Plan Estrategikoa 2009-2012 delakoaren inspirazio diren printzipioen barruan sartuta daude irisgarritasunaren hobekuntzarekin uztartutako programak:
– Geltokiak eta geralekuak modernizatzeko plana; bere helburuak hauek dira:
• Bidaiariaren zirkulazioaren kalitatea hobetzeko proposamena.
• Herritarrei emandako zerbitzuaren hobekuntza.
• Arkitektura-oztopoak ezabatzea.
• Ekipamenduen irisgarritasunerako egokitzapenak egitea.
– Irisgarritasun plana material mugikorrean; horrek unitate mugikor berriak erostea dakar, irisgarritasuna errazteko sistema berrienak daramatzatenak hain zuzen. Halaber, geltoki batzuetan nasak areagotzeko jarduerak egitea dakar.
– Jarduera plana 2013: 2013. urtean erabat irisgarriak izango diren instalazioak edukitzera zuzendutako esku-hartze multzoa da.
• Iristeko arrapalak instalatzea.
• Ikusmen urrituentzat egokitutako ibilbideak definitzea.
• Zoladurak bereiztea erliebeen eta kontraste kromatikoaren bitartez.
• Komunen egokitzapena.
• Argi mailak hobetzea eta seinaleztapen bisuala eta akustikoa sartzea.
– Lankidetza hitzarmenak autonomia erkidegoekin, FEVEk horietan ekipamenduak eta instalazioak hobetzeko konpromisoa hartu badu.
1.4. ETS
EuskoTrenen Plan Estrategikoa XXI delakoak hainbat jarduera biltzen ditu, eta horien helburua bere eskumenpeko trenbide zerbitzuetan erabateko irisgarritasuna hobetzea da (ekipamenduetan eta material mugikorrean).
Gaur egun, ETSren trenbide trazatua bitan zatitzeko asmo handiko plan batean murgilduta dago, eta horrek linea lurperatzeko jarduerak, instalazioen berriztatze osoa eta geltoki berrien eraikuntza ekarriko du. Horrela, zera dugu:
– Modernizaziorako eta irisgarritasuna hobetzeko plana geltokietan. Horrek sarbideen eta mugikortasunaren hobekuntza darama berekin ekipamenduen barrualdean.
– Trenbide-pasaguneak ezabatzea eta horietan segurtasuna areagotzea: bai lineak lurperatzeko jarduerak egitearen ondorioz horiek udalerrietatik igarotzen direnean, bai igogailuak instalatzearen eta lurpeko edo gaineko pasabideen eraikuntzaren bitartez nasen arteko joan-etorriak egiteko.
– Geltoki berrien eraikuntza: bai trenbide trazatua bitan zatitzeko jarduerak gauzatzearen ondorioz, bai herriguneei edukiera handiko garraio zerbitzu bat zuzkitzea beharrezkoa izateagatik. Geltoki berriak erabateko irisgarritasuna bermatuko duten sistema berrienak edukiko dituzten ekipamenduak dira.
1.5. EuskoTren
– Material mugikorra berritzeko plana: Unitate berriak sartzeko ateetan integratutako arrapala erdi-automatikoez zuzkituta daude, eta ohartarazpen akustikoak eta argi seinaleak ere badituzte zentzumen ezgaitasunen bat dutenentzat eta ikusmen edo entzumen urrituentzat.
– Autosalmentako makina berriak instalatzeko plana; horiek garaiera egokian edukiko dute ordainketa egiteko zirrikitua, eta zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonei egokiturik egongo dira.
1.6. Iraunkortasunaren aldeko enpresen foroa
Erreferentzia den ekimen gisa, azpimarratzekoa da iraunkortasunaren aldeko trenbide enpresen foroa eratu izana. Bertan, trenbide eragileak eta kudeatzaileak sartzen dira, eta trenbide bidezko garraioan irisgarritasunari bakarrik zuzendutako lan ildoa du.
2006ko azaroaren 30ean, Ingurumenaren Biltzar Nazionalean –Garapen Iraunkorraren Gailurra–, Trenbide Enpresen Adierazpena Iraunkortasunaren Alde izenekoa sinatu zen eta haren ondorioz sortu zen, Renferen ekimenez, Iraunkortasunaren Aldeko Enpresen Foroa. Trenbideen sektorean beren jarduna garatzen duen erakunde publikoen eta pribatuen multzoa da, eta haien oinarrizko xedea "Trenbide Enpresen Adierazpena Iraunkortasunaren Alde" delakoaren edukiak eta administrazioan eta iritzi publikoan jarduera horien aldeko izango den iritzi egoera bat sortzera zuzendutako jarduerak garatzea da.
Irisgarritasun taldea bidaiariak trenbidez garraiatzeko enpresa eragileetako eta trenbide azpiegiturak eraiki eta kudeatzen dituzten erakunde publikoetako profesional adituez eratuta dago.
EAEko trenbide erakundeak foro horretan ageri dira.
Laneko 5 azpitalde dago: bidesari makinak eta elementuak, material mugikorra, hustubideak, zoladurak eta tren-nasarako sarbidea.
Gehiago jakiteko: www.ferrocarrilsostenible.es.
2. Sistema metropolitarra
Diagnostiko txostenetik ondorioztatzen den moduan, metroaren sistemako irisgarritasun gabezia nagusiak pilatu egiten dira zentzumen ezgaitasunen bat duten pertsonen komunikazio beharrak asetzean. Zentzu honetan, Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) jarduera programa zuzendu egin da espresuki gabezia horiek konpontzera:
– Autosalmentako makina berriak instalatzeko plana: helburua 2010. urtearen amaierarako gutxienez makina egokitu bat egotea da atondo bakoitzeko.
– Material mugikorra berritzeko plana: unitate berriak erosi dira, eta horiek erabiltzailearentzako informazio eta komunikazio sistemetan dauden azken aurrerapenak sartzen dituzte, irisgarritasun unibertsalaren betekizunak betetzen direla bermatuz. Tren berri horiek aukera ematen dute ibilbidean zehar emandako informazioa aginte postu batetik kontrolatzeko eta ez gidariaren kabinatik, unitate zaharragoetan gertatzen zen moduan. Honek erraztu egiten du zerbitzuan egon daitezkeen arazoen berri erabiltzaileari ematea. Momentuz, ez da UT berriak sartzea aurreikusi.
Bestalde, Bilboko metroa zabaltzeak (3. linea), 2. eta 3. barrutiak hirigunearekin lotuko dituena, aukera emango du garraio sistema honen eragin eremua zabaltzeko eta geltoki berrien irisgarritasun baldintzak hobetzeko.
3. Tranbia sistema
EAEko tranbien ezaugarria da irisgarritasun unibertsalaren printzipioak eta manuak neurri handi batean betetzen dituztela.
ETS-EuskoTran-en zerbitzu sortak erabiltzailearekiko hainbat konpromiso biltzen ditu, horien artean hauek:
– Tranbietan kanpoko eta barruko erabateko irisgarritasuna bermatzea.
– Geralekuetan eta ibilgailuetan informazioa erabat irisgarria dela erraztea.
– Ezgaitasun fisikoren bat duten pertsonen eskura jartzea kasuan kasuko neurri egokiak, baliabide bisual eta akustikoekin lagun diezaieten.
Agente eskumendunekin edukitako elkarrizketetatik ezin izan da egiaztatu irisgarritasunaren alorreko hobekuntzak gauzatu direnik tranbia sistemetan eragiketaren une honetan.
Gaur egun, azterketapean dauden jarduerek tranbia linea berrien burutzapen proiektuak eta jada existitzen den tranbia azpiegituraren zabalkundea hartzen dituzte. Horien artean, hauek aipa daitezke:
– Bilboko tranbiaren sarea zabaltzea, Basurtu-Errekalde tartean.
– Vitoria-Gasteizko tranbia sarea zabaltzea Forondako aireporturantz.
– Tranbia proiektu berriak Barakaldon, Leioan (EHU) eta Deba Garaian.
4. Errepide sistemak
4.1. Zerbitzu erregularrak (autobusa)
Errepidetiko EAEko garraio publikoko zerbitzu erregularretan aurreikusitako jarduerak beren izaera eta eremu geografikoa gorabehera xehatzen dira.
4.1.1. Hiri zerbitzuak
EAEko hiri zerbitzua kalitate erreferente bat da estatu mailako zerbitzuan, izan ere, azken urteotan, D-bus eta TUVISA bezalako enpresa eragileei sariak eta aitorpenak egin zaizkie. Irisgarritasunaren mailan, oso adierazgarriak dira eskuratutako aurrerapausoak, nahiz eta oraindik gainditu beharreko oztopoak dauden.
Donostia
Autobus geltokietan irisgarritasuna hobetzeko jarduerak egiten ari dira, Irisgarritasun eta Garraioko Plan Zuzendariaren (2004) gomendioen ondotik.
Esku-hartzeak oinarrizko bi irizpide aintzat hartuz egiten dira: segurtasuna eta eskaria.
– Bazterbideak kentzea.
– Espaloiak zabaldu eta beheratzea.
– Espaloi aurrerabideak instalatzea.
– Txorkoak ezabatzea bidaiariak igo eta jaistea errazteko.
Bilbo
– Flota berriztatzeko programa: arrapala automatikoa eta eskuzkoa duten oin baxuko ibilgailu berriak sartzea. Ez dago denbora horizonte zehatzik flota erabat egokitzeko, izan ere, aurrekontua edukitzearen baldintzapean dago.
– Errutinazko eta prebentzioko mantentze programa zorrotzak hartzea, erabateko irisgarritasuna baldintzatzen duten gertaerak murrizteko.
– Pixkanaka espaloi plataformak (aurrerabideak) instalatzea autobusa hurbiltzeko zailtasun gehien duten geralekuetan.
Vitoria-Gasteiz
– Espaloi plataformak finkatzea (aurrerabideak), autobusak geltokira hurbiltzen direla errazteko.
– Mugikortasun Iraunkorraren eta Hiriko Espazio Publikoaren Planean irisgarritasuna hobetzeko bildu diren ekimenak ezartzea.
4.1.2. Hiri arteko zerbitzuak
Euskal Autonomia Erkidegoan errepidetik bidaiariak garraiatzeko linea erregularren administrazio emakiden indarraldia amaitu egiten da 2012. urtean. Ondorioz, gai honetan eskumendun diren EAEko lurralde administrazioak lagapen kontratu berriak lizitatzen hasi dira, eta emandako zerbitzuen kalitatean hobekuntza kualitatiboak sartuko dira. Hobekuntza horien artetik hauek azpimarra daitezke nagusiki:
– Derrigorrez bete behar dira irisgarritasun baldintzak material mugikorrean.
– Gidarien prestakuntza behar bereziko bidaiariak tratatzeko.
– Hobari / zigor sistema bat finkatzea, emandako zerbitzuen fidagarritasuna eta kalitatea gorabehera.
Ondorioz, emakiden mapa berritzea inflexio puntu bat izan behar da errepidetik bidaiariak garraiatzen dituen hiri arteko zerbitzuen emakidari dagokionez.
Gipuzkoa
– Autobusen geltoki intermodal berria Donostian. Beste ekipamendu batzuk ere proiektatu dira edo gauzatzen ari dira Eibar, Tolosa, Irun, Beasain eta Zumarraga udalerrietan.
– Foru Aldundiaren laguntzak mantentzea flota modernizatzeko eta haren irisgarritasuna hobetzeko.
– Pixkanaka, geltokiko informazio sistemak sartzea (SIO), ikusmen urrituei zuzenduta.
– Geralekuetan segurtasuna egokitu eta hobetzea. Ekintza hau eskari gehienekoetan hasi da egiten.
– Foru markesinaren modelo propioa hartzea.
– Eskaripean zerbitzuak ezartzea, landa eremuetan, biztanleria bolumen gutxiko udalerrietan, eta abarretan bizi diren mugikortasun urriko pertsonen garraio konponbide bezala.
– Lurraldebusen webgunearen bitartez emandako informazioa hobetzea.
Bizkaia
– Errepidetiko Garraioaren Irisgarritasunaren Plan Estrategikoa (BGIPE) lantzea; bertan, Bizkaibusen zerbitzuen irisgarritasun diagnostikoa egiten da eta jarduera ildoak ezartzen dira ibilgailuak eta geralekuak pixkanaka egokitzeko.
– SIG batez (Informazio Geografikoko Sistema) hornitutako web ingurune baten zerbitzu bat jartzea; horrek aukera ematen du ibilgailuek zerbitzuan zehar duten kokaleku zehatza zein den jakiteko eta, horrekin batera, linearen informazio zehatza eskuratzeko aukera ere ematen du (zerbitzu egokituak, geraleku irisgarriak, eta abar).
Araba
– Vitoria-Gasteizko autobus geltoki intermodal berria.
– Eragileekin programa-kontratuak adostu izanak aukera eman du garraio zerbitzuak modernizatzeko; hori pixkanaka ibilgailu egokituak eta garraioko teknologia berriak sartzearen bitartez egin da. Eskakizunaren oinarrian gutxienez ibilgailu egokitu bat edukitzea egon da ibilbide / emakidadun bakoitzeko. Gehieneko antzinatasun eskakizuna 8 urtekoa izan da.
– Lankidetza hitzarmenak finkatu dira udalekin markesinaren eredu bakarra instalatzeko Arabako Foru Aldundiaren finantzazioarekin.
– Arabako Garraioaren Lurralde Agintaritza eratzeko prozesua martxan jarri da; horrek bidaiarien hiri arteko zerbitzuei buruzko jarduerak integratzeko eta koordinatzeko aukera emango du.
4.1.3. Ibilbide luzeko zerbitzuak
Ezin izan da informazio zehatzik bildu linea hauen irisgarritasuna sustatzeko eta hobetzeko egon daitezkeen jarduera planen gainean.
4.2. Taxi zerbitzua
Elkarrizketen prozesuak iraun bitartean, kontsultatu diren iturriek ez dute informazio fidagarririk eta alderagarririk eman lurralde mailan.
5. Airetiko sistema
EAEko aireportuek, ezgaitasuna duten pertsonei arreta emateko AENAren berariazko zerbitzua edukitzeaz gain, jarduera ezberdinak egin dituzte edo egingo direla aurreikusi dute, beren instalazioetako irisgarritasun baldintzak hobetze aldera.
Bilbo
Esku-hartze multzo batean murgilduta daude, eta haiek gauzatzeko zenbatetsi den epea 2011. urtearen hasieran amaitzen da. Esku-hartzeak hauetan zehazten dira:
– Komunen egokitzapena terminalean (tokia areagotzea), irteeretan eta iritsieretan.
– Arrapalak eta igogailuak irisgarritasun araudiari egokitzea.
– Igogailu eta arrapala mekaniko berriak instalatzea iritsieren zonaldean.
– Informazio mahaiak eta ezgaitasunen bat duten pertsonei laguntzeko puntuak egokitzea "T Moduko" sistemekin.
Donostia
– Terminalean, komunak eta erabiltzaileek itxaroteko eremuak egokitzea (irteerak, iritsierak eta atondoa).
Vitoria-Gasteiz
– Terminalaren eraikinaren alboko zoladuraren berriztatze osoa.
– Indukzio magnetikoko begiztak instalatzea ("T Modua") informazio puntuan; horrela, entzumen urrituek erabat eskuratu ahalko dute ahozko informazioa.