1. Nazioarteko esparru arautzailea
Nazioarte mailan, ezgaitasunaren alorreko erreferentziako esparru politikoa finkatu egin da Nazio Batuen testuinguruan arau uniforme batzuk aldarrikatzearen ondotik. Bertan, giza eskubideen ikuspegitik ezgaitasuna aintzat hartzearen ezaugarria egonkortuz joan da pixkanaka.
Kontzeptuaren aldetik, araudiaren bilakaerak aldaketa adierazgarria ekarri du irisgarritasun politiketara; horrela, pertsonak "ezgaitutzat" hartzetik, inguruneak "ezgailetzat" hartzera igaro da.
1.1. Nazio Batuen Erakundea
Gizarte ereduaren esparruan, azpimarratzekoak dira hurrengo une garrantzitsuak Nazio Batuek adierazitako ekimenetan:
"Aukera Berdintasunari buruzko Arau Bateratuak Ezgaitasunen bat duten Pertsonentzat", 1993ko abenduaren 20ko 48/96 Ebazpenean bildutakoak. Ebazpen horren artikuluetan ezarri egiten da zeintzuk diren parte-hartze berdintasunerako betekizunak, berdintasun hori zein eremutan gauzatu behar den, burutzapen neurriak eta ikuskapen mekanismoak.
Txosten honen esparruan, aipatzekoa da ebazpen horren 5. artikulua. Bertan, sarbide aukerak arautzerakoan, zera finkatzen da:
"Estatuek aitortu egin behar dute sarbide aukeren garrantzi orokorra, gizartearen maila guztietan aukera berdintasuna lortzeko prozesuaren barruan. Edozein eratako ezgaitasunen bat duten pertsonentzat, Estatuek zera egin behar dute: a) ekintza programak finkatzea ingurune fisikoa irisgarria izan dadin, eta b) neurriak hartzea informaziorako eta komunikaziorako irisgarritasuna bermatzea aldera".
Bestalde, 2001eko azaroaren 30ean, Nazio Batuen Biltzar Nagusiak nazioarteko hitzarmena sustatzea erabaki zuen, horren bitartez ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak eta duintasuna babestu eta sustatzeko, eta horrek, lehen adierazi dugun moduan, garrantzia eduki zuen Ezgaitasunen bat duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Nazioarteko Konbentzioan, 2006ko abenduaren 13koa eta gure herrialdean 2008ko maiatzaren 3an indarrean jarri zena. Konbentzioak ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak defendatu eta bermatzen ditu bizitzaren eremu guztietan (hezkuntza, osasuna, lana, kultura, aisialdia, gizarte parte-hartzea eta parte-hartze ekonomikoa...), irisgarritasuna erakutsiz testuinguru hauetako bakoitzaren zeharkako elementu gisa.
Tresna berri honek ondorio garrantzitsuak eduki ditu ezgaitasunen bat duten pertsonentzat. Ondorio nagusien artean, azpimarratzekoak dira herritar talde honen "ikuspena" Nazio Batuen giza eskubideen babes sistemaren barruan, ezgaitasuna giza eskubideen gai bat bezala nahitaez hartu beharra eta pertsona hauen eskubideak defendatzerakoan tresna juridiko loteslea edukitzea.
Konbentzioaren 9. artikuluak zera zehazten du irisgarritasunari buruz:
"1. Ezgaitasunen bat duten pertsonak askatasunez bizi ahal izan daitezen eta bizitzaren alderdi guztietan erabateko parte-hartzea eduki ahal izan dezaten, Alderdi diren Estatuek neurri egokiak hartuko dituzte ezgaitasunen bat duten pertsonak ingurune fisikora, garraiora, informaziora eta komunikazioetara –informazioaren eta komunikazioaren sistema eta teknologikoetara barne– gainerakoen baldintza berdinetan iristen direla ziurtatzeko. Halaber, jendeari irekitako edo erabilera publikoa duten beste zerbitzu eta instalazio batzuetarako sarbidea ziurtatuko da, bai hiri inguruneetan, bai landa izaerakoetan. Neurri horiek, irisgarritasun oztopoak eta mugak identifikatzea eta deuseztatzea barne hartuko dutenak, aplikatu egingo zaizkie, besteak beste, hauei:
a) Eraikinak, bide publikoak, garraioa eta bestelako kanpo eta barruko instalazioak, adibidez ikastetxeak, etxebizitzak, osasunaren alorreko instalazioak eta lantokiak.
b) Informazio, komunikazio eta bestelako zerbitzuak, zerbitzu elektronikoak eta larrialdikoak barne.
2. Alderdi diren Estatuek, halaber, neurri egokiak hartuko dituzte honetarako:
a) Instalazioen edo jendeari irekitako edo erabilera publikoko zerbitzuen irisgarritasunari buruzko gutxieneko arauak eta jarraibideak garatu, aldarrikatu eta aplikatzen direla ikuskatzeko.
b) Jendeari irekitako edo erabilera publikoko instalazio eta zerbitzuak ematen dituzten erakunde pribatuek ezgaitasunen bat duten pertsonentzako irisgarritasun alderdi guztiak aintzat hartzen dituztela bermatzeko.
c) Ezgaitasunen bat duten pertsonek aurre egin beharreko irisgarritasun arazoetan esku hartzen duten pertsona guztiei prestakuntza eskaintzeko.
d) Eraikinei eta jendeari irekitako beste instalazio batzuei Braille moduan idatzitako eta irakurketa eta ulermen errazeko formatuetan idatzitako seinaleztapena emateko.
e) Giza laguntzako edo animalia eta bitarteko laguntzako moduak eskaintzeko, gidak, irakurleak eta zeinu hizkuntzaren interprete profesionalak barne. Horren bitartez, jendeari irekitako eraikinetara eta beste instalazio batzuetara sartzea erraztu behar da.
f) Ezgaitasunen bat duten pertsonei laguntza eta babesa emateko beste modu egoki batzuk sustatzeko, horren bitartez informaziora iristen direla bermatzeko.
g) Ezgaitasunen bat duten pertsonak informazio eta komunikazio sistema eta teknologia berrietara iristen direla sustatzeko, Internet barne.
h) Etapa goiztiar batean informazio eta komunikazioaren sistema eta teknologia irisgarrien diseinua, garapena, ekoizpena eta banaketa sustatzeko, sistema eta teknologia horiek irisgarriak izan daitezen ahalik eta kostu txikienean".
1.2. Europako Kontseilua
Testuinguru europarrean, azpimarratu egin behar dira Europako Kontseiluak ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideen alde bideratutako ekimen hauek:
– 1992. urtean, elbarritasunen bat duten pertsonak gizarteratzeari buruzko politika koherente bati buruzko gomendioa onetsi zen.
– 1993. urtean, irisgarritasunaren gaiko printzipio eta gidalerroei buruzko gida bat landu zen.
– 1996. urtean, Gutun Sozial Europarrak jaso egin zuen ezgaitasunen bat duten pertsonek autonomiarako, gizarteratzeko eta komunitatearen bizitzan parte hartzeko eskubidea dutela, horretarako komunikazio eta mugikortasun oztopoak gainditzera zuzendutako neurriak hartuz nahiz pertsona horiei garraioetara, etxebizitzara eta kultura eta aisialdi jardueretara iristea erraztuz.
– 2001. urtean, Tomarreko Ebazpenaren bitartez, Europako Kontseiluak irisgarritasun unibertsalaren filosofia gain hartu zuen (ResAP Ebazpena (2001)1.) honi buruz: "eraikitako ingurunearen esparruan lan egiten duen lanbide multzoaren prestakuntza programetan ideia unibertsalaren printzipioak sartzea".
1.3. Europar Batasuna
Europar Batasunaren esparruan hurrengo testuak aipatu beharko lirateke:
– 1996. urtean, abenduaren 20ko Kontseiluaren baitan bildutako Europar Batasunaren Kontseiluaren, Gobernuetako ordezkarien eta Estatu kideen Ebazpena egin zen. Ebazpen hori elbarritasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunari buruzkoa izan zen (EEAO 97/01/13) eta azpimarratu egin zuen beharrezkoa zela ezgaitasunen bat duten pertsonei erabateko herritar izatera iristea galarazten zieten oztopoak deuseztatzea.
– 2000. urtean, Batzordeak Kontseiluari, Europako Parlamentuari, Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari egindako Jakinarazpena onetsi zen: "Ezgaitasunen bat duten pertsonentzako oztoporik edukiko ez duen Europarantz". Brusela, 2000. urteko maiatzaren 12a (BATZ. 2000 – 284 amaiera, EEAOn argitaratu ez zena). Jakinarazpenak azpimarratu egiten zuen Europar Batasunak trakzio elementu gisa zuen papera, estatu kideen arteko lankidetza bultzatzeko, trukea sustatzeko eta egungo oztopoak deuseztatzera eramango duten praktika onenen garapenerako.
Batzordeak koordinazio handiagoa defendatzen du hurrengo esparruen artean: enplegua, hezkuntza, lanbide heziketa, garraioa, barne merkatua, informazioaren gizartea, teknologia berriak eta kontsumitzaileen politika. Halaber, jarduteko ildo estrategiko batzuekin jarraitu beharreko ibilbidea finkatzen du: mugikortasunaren eta irisgarritasunaren hobekuntzarantz; guztion zerbitzura dagoen informazioaren gizarte baterantz; laguntza teknologiei dagokienez garapen gehiago edukiko duen merkatu komunerantz.
Bestalde, jakinarazpen honekin lortu nahi diren helburuak hauek dira:
• Mugikortasunaren alde egitea herritartasunaren osagai den heinean.
• Irisgarritasunaren gaian, sektore arteko politiken gabeziak estaltzea.
• Ezgaitasunen bat duten pertsonei informazioaren gizartean sartzea ahalbidetzea.
• Laguntza teknologien merkatua hobetzea.
• Merkatuan, ezgaitasunen bat duten kontsumitzaileen eskubideak eta interesak babestea.
– Urte horretan bertan, Kontseiluaren 2000/78/EE Zuzentaraua onetsi zen, 2000ko azaroaren 27koa, enpleguan eta lanbidean tratu berdintasunerako esparru orokorra finkatzeari buruzkoa. Bereizkeriaren aurkako arau bat da, laneko irisgarritasun fisikoko gaiei buruzkoa.
2003. urtean "Ezgaitasunen bat duten Pertsonen Urte Europarrak" sortutako bultzada baliatuz, Batzordeak emaitza horiek aprobetxatu nahi izan zituen urte anitzeko ekintza plan bat ezartzearen bitartez. Ekintza plan honen helburua hau da: 2010. urtea baino lehen, ezgaitasunaren dimentsioa sartzea eragindako politika komunitarioetan eta ekintza zehatzak aplikatzea oinarrizko eremuetan. Horrela, ezgaitasunen bat duten pertsonen integrazio ekonomikoa eta gizarteratzea hobetuko dira (Batzordeak Kontseiluari, Europako Parlamentuari, Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari urriaren 30ean egindako Jakinarazpena: "Aukera berdintasuna ezgaitasunen bat duten pertsonentzat: ekintza plan europar bat" (BATZ 2003-650 amaiera, aldizkari ofizialean argitaratu ez zena).
– 2006. urtean, Ministroen Batzordeak Rec(2006)5 Gomendioa onetsi zuen Estatu kideentzat. Gomendio hori Europako Kontseiluaren Ekintza Planari buruzkoa zen, ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak sustatzeko eta haien parte-hartzea erabatekoa izateko gizartean: ezgaitasunen bat duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea Europan 2006-2015.
– 2008. urtean, Kontseiluaren 2008ko martxoaren 17ko 2008/C75/01 Ebazpenak, Europar Batasunean ezgaitasunen bat duten pertsonen egoerari buruzkoa, gonbitea luzatzen die Estatu kideei eta Batzordeari zera berma dezaten: ezgaitasunen bat duten pertsonentzako irisgarritasuna; lan merkatuan duten parte-hartzea areagotzea, enplegu malguko planak, laneratze aktiboa eta laguntza teknologiak eta laguntza pertsonala erabiltzea bezalako neurri positiboak konbinatzearen bitartez; herritar guztiak informazioaren gizartean sartzen direla sustatzea, esparru digitalean sartzeari buruzko Rigako Adierazpenarekin bat etorriz, informazio eta komunikazioko teknologia irisgarriak garatuz eta ezgaitasunen bat duten pertsonentzako laguntza teknologien bitartez.
Azkenik, epigrafe honetan beharrezkoa da irisgarritasuna sustatzeko beste tresna batzuk aipatzea, horiek garrantzi berezia baitute garraioaren sektorean:
Trenaren bitartez egindako garraioa
Lehenik eta behin, Europako Parlamentuaren 2008/164/EE Zuzentaraua aipatu behar dugu, hain zuzen ere Elkarreragingarritasuneko Zehaztapen Teknikoari (EZT) buruzkoa mugikortasun urria duten pertsonen kasuan, Europan zeharreko ohiko trenbide sistemetan eta abiadura handikoetan (Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala, 2008ko martxoaren 7koa).
Material mugikorraren irisgarritasunari buruzko EZTak zera finkatzen du:
"Tren guztiek, gutxienez, mugikortasun urriko pertsonei egokituriko ate bat eduki beharko dute; ate horrek sistemaren bat eduki beharko du kotxearen eta nasaren arteko distantzia estaltzeko, betiere, distantzia horiek hurrengoen artean egonez gero:
Hutsune horizontala ≥ 75 mm
Hutsune bertikala ≥ 50mm".
Halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1371/2007 Erregelamenduak, urriaren 23koa, finkatu egiten ditu trenbideko nazioarteko bidaiarien eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren, eta hura zuzenean aplikatzekoa da Estatu espainiarrean.
Erregelamendu horrek, hamargarren oinarrian, bildu egiten ditu trenbidez egindako garraioak eduki behar dituen baldintzak ezintasunen bat duten pertsonen irisgarritasuna errazte aldera; horren bitartez aukera berdintasuna bermatuko da garraiobide hau erabiltzeko garaian (V. kapitulua, 19.etik 25.era bitarteko artikuluak).
Erregelamenduak ezarri egiten du bidaiariak trenbidez garraiatzeko zerbitzuak herritar guztientzako onuragarri izan behar direla. Horretarako, aurreikusi egiten du ezintasunen bat duten pertsonek eta ezintasunen batengatik, adinagatik edo beste edozein faktorerengatik mugikortasuna urriturik duten pertsonek eduki egin behar dituztela trenez bidaiatzerakoan gainerako herritarrek dituzten aukera baliokideak. Halaber, gainerako pertsonek duten eskubide berdina dute mugikortasun askatasunerako, aukeraketa askatasunerako eta bereizkeriarik ez jasateko. Hori dela eta, enpresa eragileek eta trenbide sareen administratzaileek bereizkeriarik gabeko irisgarritasun neurri batzuk finkatu behar dituzte talde honen garraioari aplikatze aldera, eta, horretarako, ezgaitasunen bat duten pertsonen eta mugikortasun urriko pertsonen ordezkari diren erakundeen parte-hartze aktiboa eduki behar dute.
Errepidetiko garraioa
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001. urteko azaroaren 20ko 2001/85/EE Zuzentaraua, gidariaren eserlekuaz gainera beste zortzi toki dituzten eta bidaiariak garraiatzeko erabiltzen diren ibilgailuei aplikatu beharreko xedapen bereziei buruzkoa. Horren bitartez, 70/156/EEE eta 97/27/EE zuzentarauak aldarazi ziren.
Besteak beste, zuzentarauak jaso egiten du gidarien betebeharra dela existitzen diren sistemak aktibatzea autobusaren zoruaren garaiera murrizteko.
Airetiko garraioa
1107/2006 EE Erregelamendua egin zen, airetiko garraioan ezgaitasunen bat duten pertsonen edo mugikortasun urria dutenen eskubideei buruzkoa (EBAO Ln, 204, argitaratua 2006ko uztailaren 26an).
Erregelamendu hau kokatu egiten da garraio publikoko modu guztietan bidaiarien eskubideak indartzeko plan bateratu baten baitan. Ezgaitasunagatik, adinagatik edo beste faktoreren batengatik mugikortasun urriko desabantaila jasaten duten pertsonek gainerako herritarrek airetiko garraioa erabiltzeko dituzten aukera berdinak eduki behar dituzte. Erregelamenduak betebeharrak finkatzen ditu ezgaitasunen bat duten pertsonei laguntzearen alorrean, eta betebehar horiek hegazkin konpainientzat nahiz aireportuen kudeatzaileentzat dira.