X. Kapitulua. Gomendioak
1. Trenbide sistema
EAEko trenbide zerbitzuen kalitatea hobetzeko eta ibilgailu pribatuarekin eta garraio publikoko beste modu batzuekin lehiatzeko gai izango den hautabide bihurtzeko, beharrezkoa da gaur egun garraio modu honen erabilera unibertsala baldintzatzen duten oztopoak gainditzea.
Orokorrean, eta egindako diagnostikoari jarraiki, zera uste da:
1. Udalek lehentasuna eman behar diete instalazioetako oinezkoen inguruneak egokitzera zuzendutako jarduerei.
2. Azpiegituraren kudeatzaileei (ADIF, FEVE, ETS) gomendatu egiten zaie:
– Nasa eta trenaren arteko erlazioan nahiz ibilgailu barruko joan-etorrian eta unitate mugikorrean emandako informazio eta zerbitzuetara iristerakoan erabat irisgarria izango den material mugikorra sar dezatela.
– Nasak egokitu ditzatela nasaren eta trenaren arteko erlazioa maila berdinean egiten dela bermatzeko.
– Oinezkoentzako trenbide-pasaguneak ezabatzeko plana egin dezatela, eta nasen artean joan-etorri unibertsala eta segurua bermatzeko sistema teknikoak instalatu edo eraiki ditzatela.
– Metal-kautxuzko trenbide-pasaguneak instala ditzatela, bestelako pasabiderik ez duten geltokietan.
– Geltokietara sartzeko ateak eta haren barruan daudenak automatiza ditzatela; sarbideetan, atondoetan eta nasetan arrapalak eta eskailerak egoki ditzatela.
– Instalazioetan komunikazio eta seinaleztapen sistemak ezarri eta hobetu ditzatela, horretarako ikusmen eta entzumen urrituentzako irisgarritasuna hobetzea ahalbidetuko duten teknologia berritzaileak eskuratuz.
– Ergonomia eta erosotasun baldintzak hobetu ditzatela irisgarritasun kate osoan zehar: altzariak, autosalmentako makinak, komunak, eta abar.
Txosten honetako I. eranskinean bildu diren laburpen fitxetan, oparotasunez xehatu dira ikuskatutako trenbide korridoreetako bakoitzean igarritako gabeziak eta une honetan gauzatzen ari diren jarduerak, proiektatu direnak edo azterlan fasean daudenak. Eskuratutako informazioari esker egin ahal izan den diagnostikotik abiatuta, kasuan kasuko berariazko gomendioak egin dira aztertutako linea bakoitzeko.
2. Sistema metropolitarra
Hiru jarduera ildo proposatu da Bilboko metroaren sisteman irisgarritasun baldintzak hobetzeko:
1. Bilboko Udalari gomendatu egiten zaio oztopoak ageri dituzten geltoki guztietako oinezko inguruneak egoki ditzala, bai geltokirantz abiatzea baldintzatzen duten oztopo fisikoak deuseztatuz, bai gida izango diren ukimen zerrendak jarriz. Horiek aukera emango dute oinezko ibilbidea eginez geltokietako atondoetara eramaten duten igogailu, arrapala eta eskaileretara iristeko.
2. Bizkaiko Garraio Partzuergoari gomendatu egiten zaio metroko igogailuen sarearen funtzionaltasuna areagotzen saiatzeko jarduerak gara ditzala, hain zuzen ere hurrengoen bitartez:
– Hiri sarean kokaturiko igogailuak topatzeko mapak lantzea, erabiltzaile guztientzat irisgarria izango den formatu batean diseinatuta.
– Mugikortasun urriko pertsonek erabilera lehentasuna dutela espresuki seinaleztatzea eta arautzea.
– Eraikuntza berriko geltokietan, igogailuen edukiera areagotzea.
3. Bizkaiko Garraio Partzuergoari gomendatu egiten zaio metroko instalazioetan teknologia berrietan oinarritzen diren gida sistemak ezar ditzala, horren bitartez ikusmen urrituen irisgarritasuna lortzen saiatzeko. Horretarako zera erraztu beharko da:
– Ukimen zoladura instalatzea, gida zerrendekin, igogailutik barruko atondoko elementu eta zerbitzuetara doan ibilbidean.
– Gida izango diren plakak instalatzea, Braille sisteman eta goi-erliebeko karaktereetan, nasara doazen eskailera eta iritsiera arrapaletan. Horiek ikusmen urrituak orientatuko dituzte hartu nahi duten noranzkorantz.
– Nasan berariazko seinaleztapena jartzea, ikusmen urrituei geldialdian jakitea ahalbidetzeko zein den metro unitate laburrenen urruneneko kokalekua.
– Ukimen zerrenden instalazioa, ikusmen urrituak orientatzeko unitate mugikorrera sartzeko atearen kokalekurantz.
3. Tranbia sistema
1. Vitoria-Gasteiz eta Bilboko udalei gomendatu egiten zaie geralekuetara iristeko oinezko inguruneak egoki ditzatela, zoladuran gida izango diren hankaz ukitzeko zerrendak instalatzearen bitartez.
Zentzu horretan, erakunde eta entitate eskumendunei eskatu egiten zaie teknologia berrietan oinarritutako gida sistemak ezartzeko aukera azter dezatela –kokaleku magnetikoa, irrati-frekuentzia edo bluetooth gida–, horien bitartez ikusmen urrituen irisgarritasuna eta mugikortasuna nabarmen hobetu dadin.
2. Euskal Trenbide Sareari gomendatu egiten zaio jarraian xehatuko diren neurriak har ditzala, Bilboko tranbian irisgarritasun unibertsala edukitzen saiatzeko:
– Txartelak saltzeko makinetan eta geralekuan bidaia baliogabetzeko dauden gailuetan irisgarritasuna bermatu behar da.
– Geralekuko informazioa erabat irisgarria izateko saiakera egin behar da.
– Atearen kokalekuaren berri ematen duten sistema akustikoak instalatu behar dira.
– "T Moduko" informazio sistemak instalatu behar dira tranbien barrualdean.
3. Euskal Trenbide Sareari gomendatu egiten zaio, Vitoria-Gasteizko tranbiari dagokionez, azter ditzala egon daitezkeen konponbideak, gurpil aulkiaren erabiltzailearen erabateko segurtasuna bermatzeko markesinaren eta espaloiaren arteko oinezko joan-etorrian.
4. Errepidetiko sistema
1. Udalei gomendatu egiten zaie geralekuetara edo autobus zerbitzu guztiak –hirikoak nahiz hiri artekoak– aparkaturik dauden nasetara iristeko dauden oinezko ibilbideek planteatzen dituzten irisgarritasun arazoak konpon ditzatela.
2. Udalei eta foru aldundiei gomendatu egiten zaie plan bereziak landu ditzatela autobus geltokiak egokitze aldera. Horrela, haien erabateko funtzionaltasuna bermatuko da, ibilgailua espaloira hurbiltzea baldintzatzen duten oztopoetatik libre geratuz eta espaloitik edo nasatik mugikortasun urriko pertsonak joan-etorria egin ahalko duela eta ibilgailuaren plataformara iritsiko dela bermatuz. Halaber, orokorrean, gomendatu egiten da markesina topatzeko eta informazio bisuala eta akustikoa emateko teknologiak instala daitezela geralekuetan, altzariak egokitzeaz eta euskarri iskiatiko osagarriak sartzeaz gain.
3. Hiru lurraldeetako hiriburuetan dauden autobus terminalei dagokienez, lehenik eta behin gogorarazi egin behar da Donostiako eta Vitoria-Gasteizko ekipamenduak behin-behineko egoeran daudela, bi instalazioen eragiketa aldiak geltoki intermodalen proiektu berrien baldintzapean daudelako. Premisa hori aintzat hartuta, hainbat gomendio ematen da terminalen erabilera eta funtzionaltasun baldintzak hobetzea ahalbidetzeko haien eraginkortasunaren amaierako fasean:
– Donostiako Terminala: Donostiako Udalari gomendatu egiten zaio terminaleko instalazioak egokitzea; horrela, erabiltzaileen irisgarritasun, erosotasun eta ergonomia inguruabarrak hobetuko dira itxaroten dauden bitartean. Batez ere, markesina zabal eta funtzionala jartzea eskatu behar dugu, bidaiariari babeslekua, erosotasuna eta garraio zerbitzuei buruzko informazio estatikoa eta dinamikoa emateko. Halaber, beharrezkoa izango da hiri zoladuran gida izango diren ibilbideak seinaleztatzea, horren bitartez eragileen merkataritza lokaletara unibertsaltasunez iritsiko direla bermatzeko.
– Vitoria-Gasteizko Terminala: Vitoria-Gasteizko Udalari gomendatu egiten zaio terminalera sartzeko baldintzak hobetu ditzala, horretarako arrapalak egokituz eta eraikinera sartzeko ateak automatizatuz. Halaber, udalari eskatu egiten zaio erabiltzaileen segurtasun eta babes baldintzak berma ditzala itxaroten dauden bitartean eta aparkaleku diren nasetarantz abiatzen direnean, batez ere Jose Mardones kale gatazkatsuan –egindako diagnostikoan ikusi bezala–.
– Bilboko Terminala: Bilboko Udalari gomendatu egiten zaio Termibus ustiapen sozietatearekin eta garraio operadoreekin akordio bat sustatu dezala, sarbideak hobetzeko, informazioa emateko eta txartelak saltzeko salmahaiak egokitzeko, zerbitzuen irteera eta iritsiera megafoniaz jakinarazteko eta terminaleko zerbitzu eta interes puntu guztietarantz doan gida ibilbidea luzatzeko.
4. Gomendatu egiten zaie garraio eragileei seinaleztatu ditzatela behar bezala maila, ateak eta sarbide plataformak ibilgailuaren barrualdean, eta gida izateko barrak instala ditzatela ukimen elementuekin, horrela ikusmen urrituek beren eserlekua topatzen dutela errazteko. Halaber, mugikortasun urriko pertsonak[32] sartzeko atean bidaiak baliogabetzeko gailua jartzea gomendatzen da.
5. Garraio eragileei gomendatu egiten zaie beharrezko mantentze programak har ditzatela, ibilgailu parkea irisgarritasunaren aldetik prest dagoela zaintzeko. Halaber, beharrezko prestakuntza planak edukitzea gomendatzen da, gidarien lantaldeak mugikortasun urriko bidaiarien beharrei buruzko prestakuntza eduki dezan.
6. Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari gomendatu egiten zaio Euskadiko Garraioaren Agintaritzaren bitartez lan foro bat eratzeko aukera azter dezala, bertan gaian eskumendun diren administrazioak, enpresa eragileak, ibilgailu fabrikatzaileak, ikerkuntza eta erabiltzaile zentroak sartuz. Horrek ikerkuntza ildo berriak sustatuko ditu, errepidetiko garraio zerbitzuen irisgarritasun eta ergonomia baldintzak hobetze aldera garraioko sistema adimendunen eta teknologia berrietan oinarritutako sistemen integrazioarekin.
7. Taxi ibilgailuak irisgarritasun parametroetara egokitzera zuzendutako aurrekontua areagotzea gomendatzen da, horrela legez ezarritako gutxieneko biztanleria estaldura bermatzeko (1/3.000 biztanleko) eta ratio hori udalez gaindiko eremuetan betetzea ahalbidetzeko. Halaber, jarduerak finkatu behar dira taxi gidarien taldearen sentsibilizaziora zuzenduta, haiek mugikortasun urriko pertsonen beharren gainean kontzientziatu daitezen.
[32] Enpresak eta gidariek erraztu egin behar diete mugikortasun urriko bidaiariei ordainketa egin ahal izatea, Garraioan irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onesten dituen uztailaren 10eko 126/2001 Dekretuan xedatu bezala.
5. Airetiko sistema
1. Loiuko aireportuari buruz planteatzen diren beharrei dagokienez, gomendatu egiten da gidatzeko ukimen zerrendak egokitzea terminalera eta atondoan dauden zerbitzu eta elementuetara iristeko ibilbideetan: fakturazioko mahaietara, mugikortasun urriko pertsonei laguntzeko tokietara, komunetara, eta abarretara iristen diren ibilbideetan hain zuzen. Halaber, uste da beharrezkoa dela terminaleko altzariak egokitzea, mugikortasun urriko pertsonentzako eserlekuak gordetzeko saiakera ere eginez, bai atondoan, bai irteera eremuetan.
2. Hondarribiko aireportuari buruz planteatzen diren beharrei dagokienez, gomendatu egiten da gidatzeko ukimen zerrendak egokitzea terminalera eta atondoan dauden zerbitzu eta elementuetara sartzeko ibilbideetan: fakturazioko mahaietara, mugikortasun urriko pertsonei laguntzeko tokietara, komunetara, eta abarretara iristen diren ibilbideetan hain zuzen. Halaber, uste da beharrezkoa dela terminaleko altzariak egokitzea, mugikortasun urriko pertsonentzako eserlekuak gordetzeko saiakera ere eginez, bai atondoan, bai irteera eremuetan.
Halaber, beharrezkoa da salmahaietan eta bidaiariari informazioa eta laguntza emateko guneetan indukzio magnetikoko begiztak instalatzea, horren bitartez entzumen urrituei komunikaziora iristea errazteko.
Azkenik, autobusen zerbitzu erregularrak terminalera berriro sartzea ahalbidetzea gomendatzen da.
3. Forondako aireportuari buruz planteatzen diren beharrei dagokienez, gomendatu egiten da terminalera eta atondoan dauden zerbitzu eta elementuetara sartzeko ibilbideetan gidatzeko ukimen zerrendak egokitzea: fakturazioko mahaietara, mugikortasun urriko pertsonei laguntzeko tokietara, komunetara, eta abarretara iristen diren ibilbideetan hain zuzen. Halaber, uste da beharrezkoa dela terminaleko altzariak egokitzea, mugikortasun urriko pertsonentzako eserlekuak gordetzeko saiakera ere eginez, bai atondoan, bai irteera eremuetan.
Ambulift erako ibilgailu bat eskuratu beharko litzateke, horren bitartez mugikortasun urrikoak diren eta gurpil aulkiak erabiltzen dituzten pertsonen ontziratzea eta hartatik irtetea segurtasunez egingo dela bermatzeko.