III. Kapitulua. Esparru arautzailea
Jada adierazi dugun moduan, azken bi hamarkadetako lege aurrerapausoak –estatu eta nazioarte mailan– elementu eroalea izan dira eta haien gainean finkatu dira ezgaitasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunerako eta bereizkeria ezerako eskubidearen gizarte aitorpenaren aldeko estrategiak.
Irisgarritasunari buruzko lege esparruak finkatu egiten du pertsonaren mugikortasuna oinarrizko elementua dela egungo mundu ekonomikoan eta gizartekoan parte hartzeko. Irisgarritasunik ez edukitzeak baldintzatu egiten du ezgaitasunen bat duten pertsonek gizartean autonomiaz eta aukera berdintasunez parte hartzeko duten eskubidea.
Ondorioz, muina eratzen duen printzipio bat da, eta, nazioarteko eta batasuneko esparru juridikoaren bitartez, sartu egin da Estatuko ordenamendu juridikoan, esparru arautzaile zabal eta xehatu baten bitartez.
1. Nazioarteko esparru arautzailea
Nazioarte mailan, ezgaitasunaren alorreko erreferentziako esparru politikoa finkatu egin da Nazio Batuen testuinguruan arau uniforme batzuk aldarrikatzearen ondotik. Bertan, giza eskubideen ikuspegitik ezgaitasuna aintzat hartzearen ezaugarria egonkortuz joan da pixkanaka.
Kontzeptuaren aldetik, araudiaren bilakaerak aldaketa adierazgarria ekarri du irisgarritasun politiketara; horrela, pertsonak "ezgaitutzat" hartzetik, inguruneak "ezgailetzat" hartzera igaro da.
1.1. Nazio Batuen Erakundea
Gizarte ereduaren esparruan, azpimarratzekoak dira hurrengo une garrantzitsuak Nazio Batuek adierazitako ekimenetan:
"Aukera Berdintasunari buruzko Arau Bateratuak Ezgaitasunen bat duten Pertsonentzat", 1993ko abenduaren 20ko 48/96 Ebazpenean bildutakoak. Ebazpen horren artikuluetan ezarri egiten da zeintzuk diren parte-hartze berdintasunerako betekizunak, berdintasun hori zein eremutan gauzatu behar den, burutzapen neurriak eta ikuskapen mekanismoak.
Txosten honen esparruan, aipatzekoa da ebazpen horren 5. artikulua. Bertan, sarbide aukerak arautzerakoan, zera finkatzen da:
"Estatuek aitortu egin behar dute sarbide aukeren garrantzi orokorra, gizartearen maila guztietan aukera berdintasuna lortzeko prozesuaren barruan. Edozein eratako ezgaitasunen bat duten pertsonentzat, Estatuek zera egin behar dute: a) ekintza programak finkatzea ingurune fisikoa irisgarria izan dadin, eta b) neurriak hartzea informaziorako eta komunikaziorako irisgarritasuna bermatzea aldera".
Bestalde, 2001eko azaroaren 30ean, Nazio Batuen Biltzar Nagusiak nazioarteko hitzarmena sustatzea erabaki zuen, horren bitartez ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak eta duintasuna babestu eta sustatzeko, eta horrek, lehen adierazi dugun moduan, garrantzia eduki zuen Ezgaitasunen bat duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Nazioarteko Konbentzioan, 2006ko abenduaren 13koa eta gure herrialdean 2008ko maiatzaren 3an indarrean jarri zena. Konbentzioak ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak defendatu eta bermatzen ditu bizitzaren eremu guztietan (hezkuntza, osasuna, lana, kultura, aisialdia, gizarte parte-hartzea eta parte-hartze ekonomikoa...), irisgarritasuna erakutsiz testuinguru hauetako bakoitzaren zeharkako elementu gisa.
Tresna berri honek ondorio garrantzitsuak eduki ditu ezgaitasunen bat duten pertsonentzat. Ondorio nagusien artean, azpimarratzekoak dira herritar talde honen "ikuspena" Nazio Batuen giza eskubideen babes sistemaren barruan, ezgaitasuna giza eskubideen gai bat bezala nahitaez hartu beharra eta pertsona hauen eskubideak defendatzerakoan tresna juridiko loteslea edukitzea.
Konbentzioaren 9. artikuluak zera zehazten du irisgarritasunari buruz:
"1. Ezgaitasunen bat duten pertsonak askatasunez bizi ahal izan daitezen eta bizitzaren alderdi guztietan erabateko parte-hartzea eduki ahal izan dezaten, Alderdi diren Estatuek neurri egokiak hartuko dituzte ezgaitasunen bat duten pertsonak ingurune fisikora, garraiora, informaziora eta komunikazioetara –informazioaren eta komunikazioaren sistema eta teknologikoetara barne– gainerakoen baldintza berdinetan iristen direla ziurtatzeko. Halaber, jendeari irekitako edo erabilera publikoa duten beste zerbitzu eta instalazio batzuetarako sarbidea ziurtatuko da, bai hiri inguruneetan, bai landa izaerakoetan. Neurri horiek, irisgarritasun oztopoak eta mugak identifikatzea eta deuseztatzea barne hartuko dutenak, aplikatu egingo zaizkie, besteak beste, hauei:
a) Eraikinak, bide publikoak, garraioa eta bestelako kanpo eta barruko instalazioak, adibidez ikastetxeak, etxebizitzak, osasunaren alorreko instalazioak eta lantokiak.
b) Informazio, komunikazio eta bestelako zerbitzuak, zerbitzu elektronikoak eta larrialdikoak barne.
2. Alderdi diren Estatuek, halaber, neurri egokiak hartuko dituzte honetarako:
a) Instalazioen edo jendeari irekitako edo erabilera publikoko zerbitzuen irisgarritasunari buruzko gutxieneko arauak eta jarraibideak garatu, aldarrikatu eta aplikatzen direla ikuskatzeko.
b) Jendeari irekitako edo erabilera publikoko instalazio eta zerbitzuak ematen dituzten erakunde pribatuek ezgaitasunen bat duten pertsonentzako irisgarritasun alderdi guztiak aintzat hartzen dituztela bermatzeko.
c) Ezgaitasunen bat duten pertsonek aurre egin beharreko irisgarritasun arazoetan esku hartzen duten pertsona guztiei prestakuntza eskaintzeko.
d) Eraikinei eta jendeari irekitako beste instalazio batzuei Braille moduan idatzitako eta irakurketa eta ulermen errazeko formatuetan idatzitako seinaleztapena emateko.
e) Giza laguntzako edo animalia eta bitarteko laguntzako moduak eskaintzeko, gidak, irakurleak eta zeinu hizkuntzaren interprete profesionalak barne. Horren bitartez, jendeari irekitako eraikinetara eta beste instalazio batzuetara sartzea erraztu behar da.
f) Ezgaitasunen bat duten pertsonei laguntza eta babesa emateko beste modu egoki batzuk sustatzeko, horren bitartez informaziora iristen direla bermatzeko.
g) Ezgaitasunen bat duten pertsonak informazio eta komunikazio sistema eta teknologia berrietara iristen direla sustatzeko, Internet barne.
h) Etapa goiztiar batean informazio eta komunikazioaren sistema eta teknologia irisgarrien diseinua, garapena, ekoizpena eta banaketa sustatzeko, sistema eta teknologia horiek irisgarriak izan daitezen ahalik eta kostu txikienean".
1.2. Europako Kontseilua
Testuinguru europarrean, azpimarratu egin behar dira Europako Kontseiluak ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideen alde bideratutako ekimen hauek:
– 1992. urtean, elbarritasunen bat duten pertsonak gizarteratzeari buruzko politika koherente bati buruzko gomendioa onetsi zen.
– 1993. urtean, irisgarritasunaren gaiko printzipio eta gidalerroei buruzko gida bat landu zen.
– 1996. urtean, Gutun Sozial Europarrak jaso egin zuen ezgaitasunen bat duten pertsonek autonomiarako, gizarteratzeko eta komunitatearen bizitzan parte hartzeko eskubidea dutela, horretarako komunikazio eta mugikortasun oztopoak gainditzera zuzendutako neurriak hartuz nahiz pertsona horiei garraioetara, etxebizitzara eta kultura eta aisialdi jardueretara iristea erraztuz.
– 2001. urtean, Tomarreko Ebazpenaren bitartez, Europako Kontseiluak irisgarritasun unibertsalaren filosofia gain hartu zuen (ResAP Ebazpena (2001)1.) honi buruz: "eraikitako ingurunearen esparruan lan egiten duen lanbide multzoaren prestakuntza programetan ideia unibertsalaren printzipioak sartzea".
1.3. Europar Batasuna
Europar Batasunaren esparruan hurrengo testuak aipatu beharko lirateke:
– 1996. urtean, abenduaren 20ko Kontseiluaren baitan bildutako Europar Batasunaren Kontseiluaren, Gobernuetako ordezkarien eta Estatu kideen Ebazpena egin zen. Ebazpen hori elbarritasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunari buruzkoa izan zen (EEAO 97/01/13) eta azpimarratu egin zuen beharrezkoa zela ezgaitasunen bat duten pertsonei erabateko herritar izatera iristea galarazten zieten oztopoak deuseztatzea.
– 2000. urtean, Batzordeak Kontseiluari, Europako Parlamentuari, Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari egindako Jakinarazpena onetsi zen: "Ezgaitasunen bat duten pertsonentzako oztoporik edukiko ez duen Europarantz". Brusela, 2000. urteko maiatzaren 12a (BATZ. 2000 – 284 amaiera, EEAOn argitaratu ez zena). Jakinarazpenak azpimarratu egiten zuen Europar Batasunak trakzio elementu gisa zuen papera, estatu kideen arteko lankidetza bultzatzeko, trukea sustatzeko eta egungo oztopoak deuseztatzera eramango duten praktika onenen garapenerako.
Batzordeak koordinazio handiagoa defendatzen du hurrengo esparruen artean: enplegua, hezkuntza, lanbide heziketa, garraioa, barne merkatua, informazioaren gizartea, teknologia berriak eta kontsumitzaileen politika. Halaber, jarduteko ildo estrategiko batzuekin jarraitu beharreko ibilbidea finkatzen du: mugikortasunaren eta irisgarritasunaren hobekuntzarantz; guztion zerbitzura dagoen informazioaren gizarte baterantz; laguntza teknologiei dagokienez garapen gehiago edukiko duen merkatu komunerantz.
Bestalde, jakinarazpen honekin lortu nahi diren helburuak hauek dira:
• Mugikortasunaren alde egitea herritartasunaren osagai den heinean.
• Irisgarritasunaren gaian, sektore arteko politiken gabeziak estaltzea.
• Ezgaitasunen bat duten pertsonei informazioaren gizartean sartzea ahalbidetzea.
• Laguntza teknologien merkatua hobetzea.
• Merkatuan, ezgaitasunen bat duten kontsumitzaileen eskubideak eta interesak babestea.
– Urte horretan bertan, Kontseiluaren 2000/78/EE Zuzentaraua onetsi zen, 2000ko azaroaren 27koa, enpleguan eta lanbidean tratu berdintasunerako esparru orokorra finkatzeari buruzkoa. Bereizkeriaren aurkako arau bat da, laneko irisgarritasun fisikoko gaiei buruzkoa.
2003. urtean "Ezgaitasunen bat duten Pertsonen Urte Europarrak" sortutako bultzada baliatuz, Batzordeak emaitza horiek aprobetxatu nahi izan zituen urte anitzeko ekintza plan bat ezartzearen bitartez. Ekintza plan honen helburua hau da: 2010. urtea baino lehen, ezgaitasunaren dimentsioa sartzea eragindako politika komunitarioetan eta ekintza zehatzak aplikatzea oinarrizko eremuetan. Horrela, ezgaitasunen bat duten pertsonen integrazio ekonomikoa eta gizarteratzea hobetuko dira (Batzordeak Kontseiluari, Europako Parlamentuari, Ekonomia eta Gizarte Lantaldeari eta Eskualdeetako Lantaldeari urriaren 30ean egindako Jakinarazpena: "Aukera berdintasuna ezgaitasunen bat duten pertsonentzat: ekintza plan europar bat" (BATZ 2003-650 amaiera, aldizkari ofizialean argitaratu ez zena).
– 2006. urtean, Ministroen Batzordeak Rec(2006)5 Gomendioa onetsi zuen Estatu kideentzat. Gomendio hori Europako Kontseiluaren Ekintza Planari buruzkoa zen, ezgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak sustatzeko eta haien parte-hartzea erabatekoa izateko gizartean: ezgaitasunen bat duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea Europan 2006-2015.
– 2008. urtean, Kontseiluaren 2008ko martxoaren 17ko 2008/C75/01 Ebazpenak, Europar Batasunean ezgaitasunen bat duten pertsonen egoerari buruzkoa, gonbitea luzatzen die Estatu kideei eta Batzordeari zera berma dezaten: ezgaitasunen bat duten pertsonentzako irisgarritasuna; lan merkatuan duten parte-hartzea areagotzea, enplegu malguko planak, laneratze aktiboa eta laguntza teknologiak eta laguntza pertsonala erabiltzea bezalako neurri positiboak konbinatzearen bitartez; herritar guztiak informazioaren gizartean sartzen direla sustatzea, esparru digitalean sartzeari buruzko Rigako Adierazpenarekin bat etorriz, informazio eta komunikazioko teknologia irisgarriak garatuz eta ezgaitasunen bat duten pertsonentzako laguntza teknologien bitartez.
Azkenik, epigrafe honetan beharrezkoa da irisgarritasuna sustatzeko beste tresna batzuk aipatzea, horiek garrantzi berezia baitute garraioaren sektorean:
Trenaren bitartez egindako garraioa
Lehenik eta behin, Europako Parlamentuaren 2008/164/EE Zuzentaraua aipatu behar dugu, hain zuzen ere Elkarreragingarritasuneko Zehaztapen Teknikoari (EZT) buruzkoa mugikortasun urria duten pertsonen kasuan, Europan zeharreko ohiko trenbide sistemetan eta abiadura handikoetan (Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala, 2008ko martxoaren 7koa).
Material mugikorraren irisgarritasunari buruzko EZTak zera finkatzen du:
"Tren guztiek, gutxienez, mugikortasun urriko pertsonei egokituriko ate bat eduki beharko dute; ate horrek sistemaren bat eduki beharko du kotxearen eta nasaren arteko distantzia estaltzeko, betiere, distantzia horiek hurrengoen artean egonez gero:
Hutsune horizontala ≥ 75 mm
Hutsune bertikala ≥ 50mm".
Halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1371/2007 Erregelamenduak, urriaren 23koa, finkatu egiten ditu trenbideko nazioarteko bidaiarien eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren, eta hura zuzenean aplikatzekoa da Estatu espainiarrean.
Erregelamendu horrek, hamargarren oinarrian, bildu egiten ditu trenbidez egindako garraioak eduki behar dituen baldintzak ezintasunen bat duten pertsonen irisgarritasuna errazte aldera; horren bitartez aukera berdintasuna bermatuko da garraiobide hau erabiltzeko garaian (V. kapitulua, 19.etik 25.era bitarteko artikuluak).
Erregelamenduak ezarri egiten du bidaiariak trenbidez garraiatzeko zerbitzuak herritar guztientzako onuragarri izan behar direla. Horretarako, aurreikusi egiten du ezintasunen bat duten pertsonek eta ezintasunen batengatik, adinagatik edo beste edozein faktorerengatik mugikortasuna urriturik duten pertsonek eduki egin behar dituztela trenez bidaiatzerakoan gainerako herritarrek dituzten aukera baliokideak. Halaber, gainerako pertsonek duten eskubide berdina dute mugikortasun askatasunerako, aukeraketa askatasunerako eta bereizkeriarik ez jasateko. Hori dela eta, enpresa eragileek eta trenbide sareen administratzaileek bereizkeriarik gabeko irisgarritasun neurri batzuk finkatu behar dituzte talde honen garraioari aplikatze aldera, eta, horretarako, ezgaitasunen bat duten pertsonen eta mugikortasun urriko pertsonen ordezkari diren erakundeen parte-hartze aktiboa eduki behar dute.
Errepidetiko garraioa
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001. urteko azaroaren 20ko 2001/85/EE Zuzentaraua, gidariaren eserlekuaz gainera beste zortzi toki dituzten eta bidaiariak garraiatzeko erabiltzen diren ibilgailuei aplikatu beharreko xedapen bereziei buruzkoa. Horren bitartez, 70/156/EEE eta 97/27/EE zuzentarauak aldarazi ziren.
Besteak beste, zuzentarauak jaso egiten du gidarien betebeharra dela existitzen diren sistemak aktibatzea autobusaren zoruaren garaiera murrizteko.
Airetiko garraioa
1107/2006 EE Erregelamendua egin zen, airetiko garraioan ezgaitasunen bat duten pertsonen edo mugikortasun urria dutenen eskubideei buruzkoa (EBAO Ln, 204, argitaratua 2006ko uztailaren 26an).
Erregelamendu hau kokatu egiten da garraio publikoko modu guztietan bidaiarien eskubideak indartzeko plan bateratu baten baitan. Ezgaitasunagatik, adinagatik edo beste faktoreren batengatik mugikortasun urriko desabantaila jasaten duten pertsonek gainerako herritarrek airetiko garraioa erabiltzeko dituzten aukera berdinak eduki behar dituzte. Erregelamenduak betebeharrak finkatzen ditu ezgaitasunen bat duten pertsonei laguntzearen alorrean, eta betebehar horiek hegazkin konpainientzat nahiz aireportuen kudeatzaileentzat dira.
2. Estatu mailako araudia
Espainiako Konstituzioak, 9.2., 14. eta 49. artikuluan ezarritako manuen bitartez, zera eskatzen die botere publikoei: Pertsonaren berdintasuna eta bakarkako garapena sustatzea; herritar guztiek bizitza politikoan, ekonomikoan, erlijioarenean, kulturalean eta gizartearenean parte hartzen dutela bultzatzea; haien osotasuna zailtzen duten oztopoak deuseztatzea, eta irisgarritasuna erraztea pertsona guztientzat, horretarako ezgaitasunen bat duten pertsonen prebentzio, tratamendu, errehabilitazio eta gizarteratzeko politikak eginez.
Konstituzio testuaren 49. artikulua Elbarriak Gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legearen (ELGL) oinarri zuzena da. Lege hori esparru lege bat bezala antolatu zen, eta, ondorioz, ezintasunen bat zuten pertsonak gizartean erabat sartzea posible izateko oinarriak finkatu ziren.
Hala eta guztiz ere, ELGLk indarrean bi hamarkada eginda ere, gizartean desberdintasunak nabarmenki ageri ziren oraindik, eta batasunaren esparruan ezgaitasunaren adieran gertatutako aldaketetatik (bereizkeriaren aurkako borroka, irisgarritasun unibertsala) etorritako estrategiek –gizarte mugak espresuki aitortuta– eskatu egiten zuten legediak bilakaera edukitzea printzipio berri horiei jarraiki. Hori Estatu mailako Aukera berdintasunari, Bereizkeria ezari eta Irisgarritasun Unibertsalari buruzko 51/2003 Legea (ABBEIUL) aldarrikatzearekin gauzatu zen. Arau horrek, ELGL indargabetzen ez duena, aldaketa sakona ekarri zuen ezgaitasunaren fenomenoa jorratzeko modura, izan ere, hura giza eskubideen gai bat bezala hartzea planteatu zuen.
Lege testu honetan irisgarritasun unibertsalaren eta bereizkeria ezaren jada aipatutako korronteak ageri dira, eta horrek esparru bat eratzen du. Esparru horretan, jada ezaguna den helburu bat bitarteko berriekin eskuratzea bilatzen duen xedapen multzo bat islatzen da. Helburu hori honakoa litzateke: ezgaitasunen bat duten pertsonei aukera berdintasunerako eskubidea eta bizitza politikoaren, ekonomikoaren, kulturalaren eta sozialaren eremuetan parte hartzeko duten eskubidea bermatu eta onartzea.
ABBEIULek ezartzen dituen printzipio estrategikoak hauek dira:
– Bizitza independentea: erabaki ahalmena eta gizarte parte-hartzea.
– Normalizazioa: gainerako herritarren baldintza berdinetan iristea.
– Irisgarritasun unibertsala: ondasunen, prozesuen, inguruneen, zerbitzuen... baldintza orokorra.
– Guztiontzako diseinua: irisgarritasun unibertsal horren jatorritik egindako proiekzioa.
– Elkarrizketa zibila: ezgaitasunen bat duten pertsonen parte-hartzea eragiten dieten politiketan.
– Zeharkakotasuna: Politiken eta ekintza ildo publikoen ideia orokorra.
Aplikazio eremuak hauek dira: telekomunikazioak eta informazioaren gizartea; hiri esparru publikoak, azpiegiturak eta eraikuntza; garraioa; jendearen esku jarritako ondasun eta zerbitzuak, eta herri-administrazioekin garatutako harremanak.
ABBEIUL indarrean jartzea eta ondoren hura garatzeko arauak egin izana bultzada garrantzitsua izan da ezgaitasunen bat duten pertsonek eta elkarte mugimenduak behin eta berriro eskatutako kontzeptu berrientzat. Proiektu hau aplikatzeko eremuari dagokionez, azpimarratzekoa da lege multzo hau:
1.a 505/2007 Errege Dekretua, apirilaren 20koa, ezgaitasunen bat duten pertsonak espazio publiko hirituetara eta eraikinetara sartu eta horiek erabiltzeko behar dituzten oinarrizko irisgarritasun eta bereizkeria ezeko baldintzak onesten dituena.
Arau honek hiri esparru publikoan eta eraikinetan arautzen ditu irisgarritasun baldintzak, eta pertsona guztiei bermatzen zaie haien gaineko erabilera independentea eta segurua. Halaber, terminoak eta parametroak harmonizatu eta bateratzeko beharrari erantzun egiten zaio, eta ekintza positiboko neurriak ezartzekoari ere bai, horren bitartez ezgaitasunen bat duten pertsonei eraikitako ingurunearen eta hiri espazioen erabilera normalizatua egitea ahalbidetuz.
Bestalde, guztiontzako diseinuan eta autonomia pertsonalean oinarritzen den irisgarritasunaren ikuspegiari egokituriko araudia eskaintzen da, eta, halaber, dauden beharretara irekiago dagoena, ezgaitasunaren barruan pluraltasuna gain hartuz.
2.a 1544/2007 Errege Dekretua, azaroaren 23koa, ezgaitasunen bat duten pertsonak garraio moduetara iritsi eta horiek erabiltzeko behar dituzten oinarrizko irisgarritasun eta bereizkeria ezeko baldintzak onesten dituena.
Arau honek irisgarritasuneko oinarrizko baldintzak eta bereizkeria ezekoak finkatzen ditu, ezgaitasunen bat duten pertsonek trenbideen garraio moduak, itsasotikoak, airetikoak, errepidetikoak, hiri eta hiri inguruko autobusezkoak, trenbide metropolitarrekoak, taxi eta garraio bereziko zerbitzuetakoak erabil ditzaten. Horretarako, ezarpen egutegia finkatzen da abenduaren 2ko 51/2003 Legearen zortzigarren azken xedapenean ezarritakoaren esparruan.
Halaber, hiru urtetik gorakoa ez den epea finkatzen du (2010eko azaroa), errege dekretua indarrean jartzen denetik aurrera, Sustapen Ministerioak edo kasuan kasuko organoak gidaliburu tekniko osagarriak onetsi ditzan azpiegituretako irisgarritasunari eta material mugikorrari buruz errege dekretu honek eragindako garraiobide eta moduetan.
3.a 49/2007 Legea, abenduaren 26koa, ezgaitasunen bat duten pertsonen aukera berdintasunaren, bereizkeria ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren gaian arau-hauste eta zehapen araubidea finkatzen duena.
Irisgarritasunaren gaian onetsitako estatu mailako arau hau osagarri modura aplikatzen da legedi autonomikoa eta gero. Autonomia erkidegoek beren legeak aldarrikatu dituzte irisgarritasun unibertsalaren printzipioak bermatze aldera.
4.a Azkenik, beharrezkoa da Zirkulazioko Kodea aipatzea –1428/2003 Errege Dekretua–. Izan ere, betebeharrak finkatzen ditu garraio enpresentzat eta horietan gidari diren langileentzat errepidetiko garraio zerbitzuen irisgarritasuna eta erabilera errazteari dagokienez. Gauzak horrela, esan dezakegu gidariak behartu egiten dituela espaloira hurbiltzera, horrela errazagoa izan dadin autobusera igotzea eta hartatik jaistea.
Halaber, autobusen geldialdiak eta berriro abiatzeak astindu edota mugimendu zakarrik gabe egiteko betebeharra dago, bidaiak iraun bitartean nahiz autobusera igo eta jaisterakoan pertsonen segurtasuna zainduz.
3. Araudi autonomikoa
EAEk, ELGL onetsi aurretik, bere jarrera adierazia zuen hirigintza irisgarritasunaren gaian, hain zuzen ere Hirigintza-oztopoak kentzeko araudiari buruzko martxoaren 24ko 59/1981 Dekretuaren bitartez. Hala eta guztiz ere, eraikinetako irisgarritasunaren araudia ez zen euskal arautegian 1983. urtearen amaierara arte finkatu, hain zuzen ere Arkitektura-oztopoak kentzeko araudiari buruzko abenduaren 19ko 291/1983 Dekretuaren onespenarekin. Xedapen horren izaera aurrerakoia zen erabat garai hartarako, izan ere, xedea definitzerakoan, zera aipatzen zuen: "ezgaitasun iraunkor nahiz behin-behineko izan dezaketen guztiek –haur, haurdun dauden emakume, zama-eramaile, eta abar–". Beste era batera esatearren, nolabait diseinu unibertsalaren oinarrizko postulatuetako bat biltzen zuen, hain zuzen ere ingurunea guztion beharretara egokitzean zetzana.
Arau horrek, egun indarrean dagoen araudiaren aurrekari zuzena, oinarrizko akats bat zuen: hura bete beharra ekartzeko zehapen sistemarik ez zuen.
Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan irisgarritasunaren gaian indarrean dagoen araudia honela egituratzen da:
1.a. Jarduteko esparru orokorra, Irisgarritasuna Sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legeak definitzen duena da. Esparru honek zera jasotzen du:
– Legearen xedea eta hura aplikatzeko esparru materiala.
– Neurrien definizioa lau esku-hartze eremuetan irisgarritasuna bermatzeko –hiri inguruneak eta espazio publikoak, eraikinak, informazio eta komunikazio sistemak eta garraioak–; definizio horretan, batetik, baldintza orokorrak sartzen dira eta, bestetik, erreserbak.
– Herri administrazioek –Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek, udalek eta gainerako erakunde publikoek– hartu beharko dituzten neurriak irisgarritasuna sustatu eta bultzatzeko.
– Araudiko eskakizunak betetzen diren edo ez kontrolatzeko neurriak.
– Zehapen araubidea, hau da, arau-hausteak, zehapenak eta araudia betetzen ez den kasuan aplikatu beharreko prozedura definitzea.
– Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua sortzea, gai horretako kontsulta organo eta parte hartzeko organo gisa.
Legearen 5. artikuluak garraioaren eremuko irisgarritasuna arautzen du, hurrengo xedapen orokorrak finkatuz:
"1.- EAEko herri-administrazioen aginpidetzakoak diren bidaiarien garraio publikoek bermatu egingo dute euren irisgarritasuna lege honetan eta berau garatzen duten arauetan ohartemandakoaren arabera.
2.- Bidaiarien garraio publikorako den material erosi berria araudiz ezarritako baldintza teknikoei egokitu beharko zaie. Baldintza horiek lege honen helburuekin bateragarri izan beharko dute.
3.- Bidaiarien garraio publikorako diren eraikin edo instalazioek informazio eta komunikazio akustiko, ikustezko eta sentsorialerako sistema egokiak izango dituzte, edozein pertsonak era autonomoan eta behar bezalako segurtasun-baldintzetan erabiltzeko modukoak.
4.- Garraio arloan aginpidedunak diren herri-administrazioek bidezko diren neurriak hartuko dituzte garraio publikoak, bai eta horiekin lotutako eraikin, zerbitzu, instalazio eta altzariak ere, lege honetako eta berau garatzen duten arauetako aginduei pixkanaka-pixkanaka egoki dakizkien.
5.- Garraio arloan aginpidedunak diren euskal herri-administrazioek bidezko diren neurriak hartuko dituzte atal honetan garraio publikoentzat jasotzen diren erregimen eta betebeharrak pixkanaka-pixkanaka garraio pribatuei aplika dakizkien".
Bestalde, Legearen II. Kapituluko 10. artikuluak zera finkatzen du garraioko erreserbei buruz:
"1.- Hiri eta hiriarteko garraiobide publiko kolektiboek, eta batez ere autobus, trenbide eta funikularrek, mugikortasun murriztua duten pertsonek lehentasunez erabil ditzaten, gutxienez gurpil-aulkietarako bi leku eta lau eserleku gorde beharko dituzte kotxe bakoitzeko, sartzeko ateetatik hurbil, behar bezala seinaleztatuta eta txirrinak eta gelditzeko eskatzeko seinaleak eskuragarri daudela.
2.- Aipatutako garraiobideak irisgarriak izango zaizkie mugikortasun murriztua duten pertsonei; era berean, barrualdean lekuz aldatzeko behar bezalako segurtasun-baldintzak dituztela bermatu beharko dute, eta gorde egin beharko dute eragindako pertsonek eraman ditzaketen tresnak edo laguntza teknikoak eta/edo itsu-txakurra kokatzeko beharrezko den tokia.
3.- Mugikortasun murriztua duten pertsonek lekuz aldatzeko beharrizanak bete ditzaten, ibilgailu edo taxi egokitua egotea sustatuko dute hiru mila bizilagun baino gehiago duten herrietako udalek. Hala behar izanez gero, lizentzia berria eman daiteke horretarako".
2.a. Esku-hartze eremu ezberdinetan aplikatu beharreko baldintza teknikoak, legea garatzeko bi dekretuetan bildutakoak:
– 68/2000 Dekretua, apirilaren 11koa, hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituena. Dekretu honek bost eranskin ditu:
I. eranskinak parametro antropometrikoak finkatzen ditu. Bertan, irisgarritasun kontzeptuen oinarrizko definizio batzuk sartzen dira, irisgarritasun zailtasunak dituzten pertsona taldeak identifikatuz eta neurriak, gorputz dimentsioak, helmen eta kontrol egoerak eta mugimendu eta transferentzietarako espazio beharrak ezarriz.
II. eranskinak irisgarritasuneko baldintza teknikoak arautzen ditu, espazio publikoetan eta komunitate izaerako elementuetan.
III. eranskinak irisgarritasuneko baldintza teknikoak finkatzen ditu eraikuntzarako.
IV. eranskinak irisgarritasuneko baldintza teknikoak finkatzen ditu komunikazio sistemetarako.
Azkenik, V. eranskinak, aurreko eranskinetan aurreikusitako irisgarritasuneko baldintza teknikoak arautzen ditu urbanizazio eta eraikuntzetan berriztatze, zabalkunde edo aldarazpen obrak egin behar direnerako.
– 126/2001 Dekretua, uztailaren 10ekoa, Garraioan Irisgarritasun-baldintzei buruzko Arau Teknikoak onesten dituena:
Dekretu honek lege testuan bildutako aurreikuspena osatzen du, eranskinean garraioko irisgarritasuneko arau teknikoak arautzearen bitartez. Lantzeko prozesuan parte-hartze zuzena eduki zuten eragindako taldeek eta Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak.
Eranskin horretan garraio azpiegituretan bete beharreko irisgarritasun baldintzak finkatzen dira, eta baita errepidetiko eta trenbidetiko garraio publikoaren material mugikorrean egon beharrekoak ere. Bertan sartzen dira ere garraio pribaturako baldintza jakin batzuk eta arautu egiten dira irisgarritasun baldintzen egokitzapenak gauzatzeari eta horiek kontrolatzeari buruzko alderdiak.
Arau multzo hau Euskal Autonomia Erkidegoaren Esparruan aplikatzen zaie euskal administrazioen eskumenekoak diren bidaiarien garraio publiko guztiei eta Euskal Autonomia Erkidegoan oso-osorik mugitzen direnei, eta, halaber, garraio horiei zuzendutako eraikin, zerbitzu, instalazio eta altzariei.
4. Eskumen esparrua: maila anitzeko politika
Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean, garraioaren gaian, dagoen eskumen banaketari dagokionez, aipatu egin behar da Konstituzioaren 148.1.5. artikuluan xedatutakoaren babesean EAEk eskumen esklusiboa duela trenbideen eta errepideen gainean, horien ibilbidea oso-osorik autonomia erkidegoaren lurraldean garatzen bada eta, halaber, eskumen esklusiboa du bide horietatik edo kable bidez egindako garraioaren gainean.
Eragin horietarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren (AE aurrerantzean) 10.32 artikuluak finkatu egiten du autonomia erkidegoaren aldekoa dela hurrengo alorretako eskumen esklusiboa: "Trenbideak, lehor, itsaso, ibai eta kablezko garraioak, portuak, heliportuak, aireportuak eta Euskal Herriko Meteorologi Zerbitzua. Konstituzioaren 149.1.20 artikuluaren erabakiari kalterik egiteke. Kontratatzeko zentroak eta garraio arazoei dagokienez kargarako bukalekuak ere bai".
AEko 12.9 artikuluak finkatu egiten du EAEri dagokiola Estatuaren legedia gauzatzea salgaiaren eta bidaiarien garraioa antolatzerakoan, horien jatorria eta destinoa bere erkidegoaren lurraldearen barruan egonez gero eta Konstituzioaren 149. artikuluko 1. idatz zatiko 21. zenbakiak aipatzen duen Estatuaren titulartasuneko azpiegituretatik igarotzen bada ere. Betiere, ez zaio kalterik ekarriko Estatuak beretzat gordetzen duen gauzatze zuzenari.
Konstituzioaren 149.1.21 artikulu horrek finkatu egiten du Estatuak hurrengoen gaineko eskumen esklusiboa duela: "Autonomia erkidego bat baino gehiagoren lurraldetik dabiltzan trenbideak eta lehorreko garraioak; komunikabideen araubide orokorra; ibilgailu motordunen trafiko eta zirkulazioa; posta eta telekomunikazioak; aireko kableak, itsas azpikoak eta irrati-komunikazioa".
Bestalde, Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legean ezarritako eskumenen arabera, lurralde historikoei dagokie beren jarduera eremuan bidaiarien eta salgaien errepidetiko garraioa antolatzea, barne hartuz garraioaren antolamendua, ikuskatzea eta zehapena nahiz bidaiarien zerbitzu publikoa sustatu eta hobetzeko lana.
Azkenik, udalak izango dira oinezkoen irisgarritasunaren arduradun kaletik ekipamendu ezberdinetaraino doan hiri ingurunean, eta baita autobusen hiri zerbitzuen eta taxi egokituaren zerbitzuaren gaineko arduradun ere.
Eragin horietarako, deskribatu den lurralde banaketak –europartze eta eskualdetze prozesu batek bultzatuta gainera– eredu aldaketa ekarri du azken hamarkadetan garraio sistemen gobernantzara. Politikak lurraldekotzea, azpiegiturekin eta bidaiarien garraio zerbitzuen antolamenduarekin zerikusia dutenak batez ere, eskualde mailako ekarpen adierazgarrienetako bat izan da garraioen politikan.
Gauzak horrela, EAE bezalako lurralde batean administrazio politikoko lau mailara bitarte topatzen ditugu; horietan, agente eskumendun bakoitzak bere eragiketa estrategia propioa planifikatzen eta garatzen du. Garraioen gaiko erabaki publikoak sakabanaturik daude lurralde maila ezberdinetako erakunde anitzen artean, eta horrek erabakitako ekintzak gauzatzea zailtzen du.
Testuinguru honetan, garraio publikoko sistemen irisgarritasuna hobetzera zuzendutako jarduerei aurre egiterakoan, beharrezkoa da neurriak integratzeko eta adosteko tresnak antolatzearen gaian sakontzea, horiek garraiobide ezberdinen erabilera normalizatzen laguntzeko. Aldi berean, sare osoaren elkarreragingarritasun funtzionalerantz orientatu behar dira neurri horiek. Ondorioz, lurralde maila guztien ekarpena eta haien arteko lankidetza funtsezkoak dira egungo arazoak eta oztopoak konpontzeko eta etorkizunean herritarren bizi kalitatea hobetzeko.
Erantsitako diagramak EAEko garraioen sistemako maila anitzeko eskumen eskema erakusten du, agente eta zerbitzuen inguruan egituratuta, garraio moduen irisgarritasunari eta erabilera normalizazioari buruzko testuinguru arautzaile eta erregelamenduzkoaren baitan.
GARRAIOA ETA IRISGARRITASUNA EAE-REN EREMU FUNTZIONALEAN
ESKUMEN ETA ARAUDI DIAGRAMA
5. Irisgarritasun baldintzak garraio publikoan
Jarraian, pertsonaren harreman inguruneko elementu batzuen irisgarritasun baldintza nagusiak biltzen dira; horiek egokitzea funtsezkotzat jotzen da mugikortasun urriko pertsonaren joan-etorrian erabateko autonomia eta segurtasuna bermatzeko.
Erreferentzia multzo hau eremu autonomikoaren eta estatu mailaren inguruan egituratzen da, eta xehatu egiten ditu garraiobideetara iritsi eta horiek erabiltzeari buruz indarrean dagoen araudiak finkaturiko oinarrizko baldintzak.
5.1. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan
5.1.1. Hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 8/2000 Dekretuaren II. Eranskinaren arabera, mugikortasun urriko pertsonen mugikortasunerako aintzat hartu diren oinarrizko elementuak hauek dira:
– Oinezko ibilbideak
– Arrapalak
– Eskailerak
– Eskubandak
– Ohiko ateak
– Ate automatizatuak
– Eserlekuak
– Salmahaiak eta leihatilak
– Makina saltzaileak
– Komunak
– Informazio eta komunikazio sistemak
– Elementu bisualak
– Oinezko ibilbideak:
• Oztoporik gabeko igarobidearen gutxieneko zabalera 2 metrokoa izango da.
• Malda longitudinala ≤ %6koa izango da.
• Zeharkako malda, gehienez ere, %2koa izango da –%1,5ekoa izatea gomendatzen da–.
• Zoladura gogorra, trinkoa eta irristatzearen aurkakoa.
• Mailen arteko aldean, sestra aldaketetan, sakonuneetan –arrapalak, eskailerak, lurpeko igarobideak, eta abar– ohartarazteko zerrendak jarriko dira (≥1 m), martxaren noranzkoarekiko perpendikularrean.
• Zuhaitz txorkoak estali egingo dira.
– Arrapalak:
• Hiri ingurunearen gutxieneko zabalera 2 metrokoa izango da, eta 1,80 metrokoa, berriz, eraikinaren barrualdean.
• Gehieneko malda %8koa izango da (%6koa izatea gomendatzen da) eta peraltea %1,5ekoa izango da.
• Atseden-gunerik gabeko luzera gehienez 10 metrokoa izango da.
• Sarbideek 1,80 metroko diametroa edukiko duen bira maniobra ahalbidetu behar dute.
• Heldulekuak bi ertzetan, garaiera bikoitzean, eta ibilbide osoan zehar.
• Aldeetako babesa arrapaletan.
• Irristatzearen aurkako zoladura.
• Eskuzko seinaleztapena arrapalarako sarbideetan.
– Eskailerak:
• Ezin izango dira isolatutako mailekin eraiki.
• Mailartea edukiko dute eta ez dute bozelik edukiko.
• Eskubandarekin bi aldeetan ibilbide osoan zehar 1,20 m-ko zabalera gainditzen bada.
• Eskaileraren zabalerak 2,40 m-ak gainditzen dituenean, eskubanda garaiera bikoitzean ere jarriko dira.
• Eskaileretarako sarbideetan ukipen seinaleztapena.
• Orientazio plaka eskubandetan.
– Eskubandak:
• Ez dira ahokatuta jarriko. Krokatzeak saihesteko moduan errematatuko dira.
• Bikoitzak izango dira eta 45 zentimetroz luzatuko dira arrapalen edo eskaileren muturretan; eskaileraren edo arrapalaren tarte osoaren estaldura bermatu egin beharko da.
• Ukimen orientazioko plakak jarriko dira eskaileren eta arrapalen eskubandetan, Braille sisteman eta goi-erliebean.
– Ohiko ateak:
• Behar bezain arinak izango dira esku bakarrarekin irekitzea posible izan dadin.
• Oztopoetatik libre dagoen tokiarekin eta gurpil aulkiaren maniobra bermatzeko behar besteko zabalerarekin (gutxienez, 0,90 m bi orriko ateentzat).
• Garaiera egokian (0,90-1,20 m) kokatzen diren eskuz eragiten diren gailuak (krisketa, heldulekua), eta mugikortasun urriko pertsonen ekintza eremuaren barruan.
– Ate automatizatuak:
• Irekierarako programatu den denbora mugikortasun urriko pertsona igarotzea ahalbidetzeko egokia dena izango da eta horrek ez ditu 0,5 m/seg gaindituko.
• Beira duten ateetan seinaleztapenerako zerrenda horizontal bikoitza jarriko da, kolorearen aldetik kontraste nabarmena egiten duena.
– Eserlekuak:
• Ertzak eta izkina lauak.
• Eserleku multzoetan, bat garaiera egokian egongo da: lurretik 0,45 m-ra.
• Beso-euskarri eraisgarria, 20 cm-ko garaieran kokatua, eserlekutik neurtuta.
– Salmahaiak eta leihatilak:
• Gehienez ere, 1,10 m-ko garaieran. Gutxieneko luzerako 1,20 m-ko tartearekin, 0,80 m-ko garaieran eta oztoporik gabeko zokoa –0,70 metroko garaierakoa eta 0,50 metroko sakonerakoa–.
– Makina saltzaileak:
• Braille sistema eta makro-karaktereak goi-erliebean.
• Ordainketa gailuak 0,90 eta 1,20 m artean.
– Komunak:
• Komunak banatzeko utzitako tokietan, 1,80 m-ko diametroa duen oztoporik gabeko borobil bat egin ahalko da (gomendatua: 1,50 m-koa izatea gutxienez).
• Ateetan, igarobidearen gutxieneko zabalera 0,90 m-koa izango da.
• Bi orrien bi aldeetan babes gisa egongo den zokaloa 30 cm-ra egongo da gutxienez atearen zabalera osoan.
• Kanpoalderantz irekiko dira.
• Irristatzeen aurkako zoladura, bai lehor dagoenean, bai bustita dagoenean.
• 45-50 cm arteko garaieran kokatzen den komuna.
– Informazio eta komunikazio sistemak:
• Megafonia anplifikatua Indukzio magnetikoko begiztekin (T Modua).
• Teleadierazgailuak testuekin eta atzealdearekiko kolore kontraste adierazgarria edukiz.
• Entzuten den informazioa aktibatzeko CIBER Sistema.
– Elementu bisualak: informazioa, seinaleztapena, errotulazioa:
• 1,50 m-ra kokatzen den irakurketa planoa. Bigarren lerro bisuala gurpil aulkia erabiltzen duten pertsonentzat, 60 cm-tik 145 cm-ra.
• Adierazleetan bildutako informazioa irisgarria izango da Braille sistema eta goierliebean markatutako makro-karaktereak sartzearen bitartez. Ez da islak edo itsualdiak eragin ditzaketen pantailekin edo beirekin babestuta egongo.
• Toki irisgarrietan eta erraz topa daitezkeenetan kokatuko dira. Informazioa irakurterraza eta ulerterraza izan behar da edozein pertsonarentzat. Informazioaren eta atzealdearen artean kontraste kromatiko adierazgarria egongo da.
• Ukimen zerrendak erabili egiten dira eskailerak, arrapalak, eta abar seinaleztatzeko, eta horrek informazio eta ohar izatearen funtzio bikoitza beteko du.
• Norabidean gidatzeko zerrendek intereseko zona eta elementuetara eraman behar dute.
5.1.2. Garraioan Irisgarritasun-baldintzei buruzko Arau Teknikoak onesten dituen uztailaren 10eko 126/2001 Dekretuaren 4. artikuluaren –irisgarritasuna material mugikorrean– arabera:
– Erreserbak garraio publikoan:
• Bi toki gordeta izango dira gurpil aulkidun erabiltzaileentzat, eta lau eserleku kotxe edo ibilgailuko mugikortasun urriko pertsonentzat. Toki horiek sarbidetik hurbil eta behar bezala seinalatuta egongo dira.
• Gordetako eserlekuetan irisgarritasunaren nazioarteko sinboloa jarriko da.
– Informazio eta komunikazio sistemak:
• Ibilgailuek komunikazioan zailtasunak dituzten pertsonei egokituriko informazio sistemak eduki behar dituzte.
• Ibilgailuek argi egokia eduki beharko dute islak eta itsualdiak saihesteko.
• Ontziratzeko ateek argi/soinu ez durunditsua izan beharko dute.
• Gelditzeko eskatzeko ukigailuak ongi bistaratzeko modukoak izan behar dira, kolore bizia izanez eta ongi kontrastatua izanez. Ukigailuak sakatzerakoan soinu seinale bat sortuko da, bolumenaren eta tonuaren aldetik egokia dena.
• Ontziratzeko atetik gertu, gidariari ohartarazteko txirrina egongo da, 90 eta 120 cm arteko garaieran kokatuko dena.
• Arrapala edo plataforma funtzionatzen ari diren bitartean soinu eta argi seinale bat sortuko da.
– Ontziratzeko eta handik irteteko sistemak:
• Mugikortasun urriko pertsonak sarbideetatik autonomiaz ontziratu eta hartatik irten ahalko dira.
• Ibilgailurako sarbideek kolore bizi eta desberdinekoak izan beharko dute, gainerako unitatearengandik ongi kontrastatua.
• Zoru baxuko autobusek alde batetik belaunikatzeko sistemak edukiko dituzte, eta zoru eta plataformaren garaierak ez ditu 25 cm-ak gaindituko.
• Zoru baxuko autobusek arrapala ezkutagarria edukiko dute; haren kanpoaldeak kolore bizia edukiko du ibilgailuaren gainerako zoruarekin kontrastea egiteko. Zoru altuko autobusek igotzeko plataforma bat edukiko dute kanpoko galtzadaren eta autobuseko zoruaren artean dagoen maila aldea gainditzeko.
• Zoru altuko autobusek gurpil aulki bat edukiko dute mugikortasun urriko pertsonen sarbidea errazteko.
– Seinaleztapena eta ergonomia:
• Ibilgailuen barruko helduleku eta barrak 68/2000 Dekretuan eskudelentzako adierazitako ezaugarriei egokitu beharko zaizkie eta kolore bizia eta beste azalerengandik kontrastatua izango dute.
• Autobus barruan, heldulekuak sarrerako atetik irteerako atera bitartean jarraian kokatu behar dira eta eserlekuak aurkitzeko ukimenezko adierazleak edukiko dituzte. Zoru altuko ibilgailuetan, eserlekuen gainean dauden apaletako kanpo aldeko alboetan eserlekuaren zenbakia adierazteko ukimenezko adierazleak jarriko dira.
• Mailen ertzak biziki eta ongi kontrastaturik adierazita egongo dira ibilgailuaren barrualdeko beste elementu batzuekiko (paretak, mailagainak...). Horrela, ikusmenaren aldetik antzematea erraztea lortu nahi da.
5.2. Estatu mailan
Ezgaitasunen bat duten pertsonak garraio moduetara iritsi eta horiek erabiltzeko behar dituzten oinarrizko irisgarritasun eta bereizkeria ezeko baldintzak onesten dituen azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuaren14 eranskinen arabera, hurrengo betekizunak finkatzen dira:[1]
– Oinezko ibilbideak:
• Behar besteko gutxieneko zabalera eta garaiera librea.
• Luzerako eta zeharkako maldek ez dituzte indarrean dauden berariazko araudien mugak gaindituko.
• Zoladura gogorra, trinkoa eta islaren aurkako ezaugarriekin eta irristakorra ez dena.
• Zoladura bereziko zerrendak erabiliko dira, ukimen eta ikusmen akabera dituztenak, ikusmen urrituei laguntze aldera.
• Erregistroak eta kutxeten tapak zoladuraren mailarekin berdinduak egongo dira. Zuhaitz txorkoak estali egingo dira.
– Arrapalak:
• Igarobide librearen gutxieneko zabalera, baranden artean neurtuta, 90 cm-koa izango da eta indarrean dagoen berariazko araudia beteko du.
• Azalerak ez lehorrean, ez bustian irristakorra ez den materiala edukiko du gainazaleko akabera gisa.
– Eskailerak:
• Hauen ezaugarriak indarrean dagoen berariazko araudiak finkatzen duenera egokituko dira (mailen tamaina, seinaleztapena, eta abar).
• Eskaileren hasieran 120 cm-ko ukimen zoladurako zerrenda jarriko da, beste kolore batean eginda eta inguruko zoladurarekin ongi kontrastaturik.
– Eskailera mekanikoak:
• Eskailera mekaniko guztiek maldarik gabeko luzera edukiko dute gutxienez, bai hartara sartzerakoan, bai hartatik irteterakoan. Horrela, indarrean dagoen berariazko araudia beteko da.
• Malda bakoitzaren ertza eta aldeak markatu egingo dira hori kolore islatzaileko 5 cm-ko zerrenda batekin.
– Gaineko eta lurpeko pasabideak:
• Ibilbide irisgarriaren barruan kokatzen diren horiek 160 cm-ko zabalera eta 220 cm-ko garaiera librea duen oztoporik gabeko eremu bat eduki behar dute luzera osoan.
– Barandak eta eskubandak:
• Eskailerek eta arrapalek barandak edukiko dituzte bi aldeetan eta bi mailatan.
• Jarraituak izan behar dira eta 45 cm-ko distantzia batera amaitu eskailera tartea baino lehen eta haren ondoren.
– Komunak:
• Komun kabina guztien gutxieneko neurriak 100 cm-ko zabalerakoak bider 170 cm-ko luzerakoak izango dira atea barrurantz irekitzen bada eta 150 cm-koa atea kanporatzen irekitzen bada.
• Kabinetarako sarreran 65 cm-koa gutxienez izango den igarobide librea egongo da. Kabinetako batek gutxienez 80 cm-ko igarobide libreko zabalera edukiko du, gurpil aulkien erabiltzaileek erabiltzea ahalbidetzeko.
– Altzariak:
• Altzari, osagarri eta hegalean kokaturiko elementu guztiek kontrastea egingo dute ingurunearekin eta ertzak borobilduta edukiko dituzte. Altzariak eta osagarriak mugikortasun urriko pertsonen joan-etorria galaraziko ez duten tokian kokatuko dira.
• Atseden-gune bakoitzean bizkarra duen eserleku ergonomikoz zuzkitutako toki bat egongo da gutxienez (garaiera zoruarekiko: 45±2 cm). Euskarri iskiatikoak ere jarriko dira.
– Salmahaiak eta leihatilak:
• Salmahai bat gutxienez egokiturik egongo da bezeroaren arreta, informazioa eta txartel salmenta bermatzeko.
– Makina saltzaileak:
• Funtzio berdina betetzeko makina multzoa badago, horietako bat gutxienez gurpil aulkien erabiltzaileentzat egokiturik egon behar da.
• Horietako batek gutxienez erabilera jarraibideak edukiko ditu hurrengoekin zuzkituta: errotuluak Braillen gailu funtzionalen gainean, mezu laburrak eta irakurterrazak, garaiera egokia dialentzat eta ordainketa egiteko zirrikituentzat (95-120 cm).
• Makinak kokatzerakoan haiek topatzea erraza izateko saiakera egingo da.
– Informazio bisuala eta entzutekoa:
• Informazio bisuala irakurgarria izan behar da argi baldintza guztietan, kontrastea edukiko du atzealdearekin eta koherentea eta aldiberekoa izango da ematen den ahozko informazioarekiko.
• Informazio elementuak (kartelak, panelak, monitoreak, eta abar) pertsona hurbiltzea ahalbidetzen duten tokietan jarri behar dira. Argiztapenak ez du islarik eragingo eta atzealdearen eta testuaren artean kontrastea ahalbidetzeko koloreak erabiliko dira.
• Ikusmen urritasuna edo ezgaitasun intelektuala duten pertsonek ukimenaren eta ikusmenaren bitartez eskuratuko dute informazioa.
• Megafoniaz emandako informazio guztia monitore irisgarrietan emango da aldi berean.
• Indukzio magnetikoko begizta bat instalatuko da megafonia sistemarekin konektatuta.
• Informazio dinamikoko pantailak –teleadierazgailuak– dimentsionatu egingo dira izen eta hitz osoak eskaintzeko, nahiz eta erraz ulertzeko moduko laburpenak ere onartzen diren. Edukiak aldatzeko abiadura araudira egokitu beharko da.
[14] Oharra: Autonomia erkidegoek eta tokiko administrazioek egokitzat jotzen dituzten neurri osagarriak hartu ahalko dituzte beren eskumenen esparruan, irisgarritasun eta bereizkeria eza horren alde egiteko.