2. Zigor Kodeak burutik gaixo daudenei ematen dien erantzuna: segurtasun-neurriak
Segurtasun-neurria –Zigor Kodearen 95. artikulua eta hurrengoak– buruko gaixotasunaren eraginez ahalmenak deuseztatuak edo murriztuak edukita jardun duten pertsonek egindako delituari erantzunez ordenamendu juridikoak xedatzen duen ondorio juridiko espezifikoa da.
Segurtasun-neurria delitu baten egileari aplika dakiokeen ondorioa litzateke, inputatu ezin izateko kausa bat (anomalia edo nahasmendu psikiko larriagatik, erabateko intoxikazioagatik edo abstinentzia-sindromeagatik, eta haurtzarotik pertzepzio-nahasmenduak edukitzeagatik) edo era murriztuan inputatu ahal izateko kausa bat (aurreko kausekin lotutako aringarria edo erabatekoa ez den salbueslea) antzematen denean, eta arriskutsutasun kriminala igartzen den bakoitzean. Hain zuzen ere, haren xedea etorkizunean delituak errepikatzeari buruzko iragarpena gutxitzen dela ziurtatzea da, eta horretarako burutik gaixo dagoenari tratamendu egokia aplikatzen dio.
Haren erregulazioa eskasa da, eta hemen jasota dago: Zigor Kodearen 6. artikuluan eta 95. artikulua eta 108. artikulua bitartean, espetxeari buruzko legerian (Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 1., 8. eta 11. artikuluetan eta Espetxe Erregelamenduaren 182. artikulua eta 184. artikulua bitartean) eta ekainaren 17ko 840/2011 Errege Dekretuan. Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen duen lege organikoaren proiektuak, txosten hau idazterakoan parlamentuan izapidetzeko fasean dagoenak, berrikuntza garrantzitsuak sartuko ditu arloan.
Dakigun moduan, legeria penalean gaur egun xedatuta dauden segurtasun-neurriak askatasunaz gabetzen dutenak (pertsona zentro psikiatriko batean, heziketa bereziko zentroan edo mendekotasuna gainditzeko zentroan barneratzea) eta ez dutenak (tratamendu anbulatorioak, prestakuntza-programak, familia-zaintza eta bestelakoak) izan daitezke.
a) Segurtasun-neurriak ezartzea eta egozgarritasuna epaitzea
Segurtasun-neurriak buruko gaixotasunen bat jasaten duten pertsonentzat espetxe-zigorraren ordezko neurri gisa aplikatzerakoan, auzitegiak egozgarritasunarekin lotutako erantzukizun penala aldatzen duten inguruabarrak antzemateko prozesuan egiten den ahalegina bereziki garrantzitsua da.
Prozesuan pertsonak jasaten duen patologiaren ondorioz bere ahalmenak murriztuta edukita jardun duela frogatzen bada bakarrik irekitzen da segurtasun-neurriak aplikatzeko atea.
Hori dela-eta, errepikatu behar da garrantzitsua dela defentsak peritu-proba egokiak eskatzea, esaterako auzitegi-psikiatriako peritu-proba egokia egitea edo behar den dokumentazio medikoa ematea. Horren harira, garrantzitsua izan liteke informazio hori zentzu horretan eragile juridikoei lagunduko lieketen gizarte edo osasun zerbitzuek eman ahal izatea.
Pertsonak bere buruko gaixotasunaren ondorioz nahimenezko ahalmenak edo ahalmen kognitiboak deuseztatuta jardun duela egiaztatzen bada, eta, beraz, erantzukizunetik erabat salbuesten duen inguruabar bat gertatzen bada (ZKaren 20.1., 20.2. eta 20.3. artikuluak), delituari erantzuteko segurtasun-neurria baino ezin da ezarri, eta ez Zigor Kodeak egindako deliturako xedatzen duen (espetxe-)zigorra.
Aldiz, pertsonak egitateak ahalmenak larriki ukituta baina ez erabat deuseztatuta edukita egin dituela uste bada eta erabatekoa ez den salbuesle bat gertatu dela onartzen bada (ZKaren 21.1. artikulua, 20. artikuluarekin lotuta), bai salbuesleak txikitutako zigorra (ZKaren 66. eta 68. artikuluak) bai segurtasun-neurria ezarri ahal izango da.
Gure ordenamenduan bikario-sistema delakoak agintzen du: neurri bat askatasun-gabetzailea bada, lehenengo eta behin hori beteko da, eta betetako denbora ezarritako zigorrerako ordainduko da; segurtasun-neurria bukatutakoan bete beharreko zigorra geratuko balitz, betearazpena eten edo askatasunaz gabetzen ez duten segurtasun-neurriez ordeztu ahal izango litzateke.
Gaur egun dagoen legezko erregulazio ezegonkorraren ondorioz, zigorrak eta askatasunaz gabetzen ez duten segurtasun-neurriak bat etortzeak arazo bereziak sortzen ditu, eta doktrinaren zati bat (Sanz Morán, Mapelli Caffarena, Sierra López) Zigor Kodeak berariaz neurri askatasun-gabetzaileen kasuetarako soilik xedatzen duen bikario-sistema betearazpenari aplikatzearen alde dago.
Zehazki, ZKaren 59. artikulua analogiaz aplikatzeko aukera proposatzen da, izaera desberdineko kautelazko neurriak zigorrerako ordaintzea erregulatzen baitu, eta uste baitu ulertu behar dela lehenengo eta behin segurtasun-neurria eta zigorrerako ordainketa aplikatzea hautatzen dela. Barneratze-neurriei dagokienez, ordainketa egunez egun egingo da; askatasunaz gabetzen ez duten neurrien kasuan, berriz, auzitegiak bere erabakimen zuhurraren arabera jardun beharko du, eta “ezarri zigorraren zati bat, bere iritziz ordaindurik dagoen zatian, betetzat jo” (ZKaren 59. artikulua).
Etxebarria Zarrabeitiak baieztatzen duenez, epaitutako pertsona inputatu ezin izatea, partzialki inputatu ahal izatea edo inguruabar aringarriak egotea ez dago bakarrik irizpide biopsikologikoen menpe. Aitzitik, baldintza psikiko eta psikosozial jakin batzuetan delitu egiten duten pertsonei erantzukizuna egotzi ahal izateari buruzko iritzi sozial eta politikoen menpe ere badago, baita, azken batean, espetxe-zigorraz bestelako erantzunen bidez “arriskutsutasun kriminala” indargabetzeko bitarteko eraginkorrak egotearen menpe ere. Pertsona guztiei ezin zaie erantzukizun penal bera eskatu, denok ez gaudelako baldintza beretan arauaren aurrean. Hortaz, zigortzeko ez den tratamendua hedatu behar da burutik gaixo dauden pertsonentzat, nortasun-nahasmenduak edo mendetasun-nahasmenduak dituzten pertsonentzat, gizarte-desberdintasun handiko egoeretan dauden pertsonentzat eta abarrentzat.
Nolanahi ere, egile horren ustez argi dagoen ondorioa da egozgarritasuna epaitzea ez dagokiela psikiatriako espezialistei, epai-emaileari baizik, nahiz eta batzuetan badirudien eskumen hori profesional tekniko horien esku uzten dutela gehiegitan, egozgarritasuna epaitzea auzi mediku soila, absolutua eta aldaezina izango balitz eta gizartearen balorazioaren menpe egongo ez balitz bezala.
Praktikan, kasu zehatz batzuetan (adibidez, nortasun-nahasmenduetan) egozgarritasuna era egokian epaitzeko posibilitatea murriztua da guztiz ezagutzen ez diren buruko patologiak direlako, dirudienez diagnostiko-irizpideei buruzko erabateko adostasunik ez dagoelako, diagnostiko ziurrik eta tratamendurako tresnarik ez dagoelako, etab. Beraz, sistema judizialak ez dauka frogatzeko elementu egokirik alderdi horren inguruan. Talde hori halabeharrez espetxean eta horrek dakarren kiribilean sartuko direla diruditen taldeetako bat da, eta, antza, ez da irtenbiderik aurkitzen ez espetxe-ingurunearen barruan ez kanpoan.
Nortasun-nahasmenduren bat daukaten pertsona gehienek, zehazki horien %80k inguru, substantziak erabiltzeagatiko nahasmendu bat dute horrekin batera. Erkidego-sarean jasotzen duten arreta mendetasunaren sintoma arintzera baino ez da bideratzen ia, eta ez da horrekin batera dagoen nortasun-nahasmendura zuzendutako esku-hartze espezifikorik garatzen. Horrek desorekak sortzen ditu diagnostiko dual horietan; desorekok jokabide kriminaletan adierazten dira eta askotan espetxeratzeak eragiten dituzte.
b) Segurtasun-neurriak betetzeko lekua
Zigor Kodeak ez du arautzen zein erakunde, establezimendu edo egoitzatan bete behar diren neurri askatasun-gabetzaileak.
Bestalde, ekainaren 17ko 840/2011 Errege Dekretuaren 20. artikuluak xedatzen du segurtasun-neurriak herri-administrazio eskudunen zentro egokietan, publiko edo itunduetan, beteko direla.
Azken finean, eta berez praktikan gertatzen den moduan, ulertu beharko da segurtasun-neurriak establezimendu publiko eta pribatuetan, onetsi edo homologatuetan, bete daitezkeela, eta publikoak espetxeak edo erkidego-sarekoak izan daitezkeela.
Espetxeen Lege Organiko Orokorrak eta Espetxe Erregelamenduak espetxe-administrazioa baliabideak sortzera edo epaileen eta epaitegien eskura jartzera behartzen dute (ELOOren 1., 8. eta 11. artikuluak). Hala ere, begi bistakoa da espetxe-administrazioak arlo horretan baliabiderik ez daukala. Estatuko Administrazio Orokorraren lurralde osoan bi espetxe-establezimendu psikiatriko daude bakarrik: bata, Sevillan, eta bestea, Alacanten. Biak ase daude, ez daukate langile mediku nahiko eta egokirik, eta segurtasuna laguntzaren ikuspuntuari gailentzen zaio. Gainera, saski-naski bihurtu dira, bertan oso egoera diferenteetan dauden eta patologia arras desberdinak dituzten pertsonak biltzen baitira.
Aldiz, “espetxe-unitate psikiatrikoak” deitzen direnak, balio anitzeko establezimenduetan sartuko zirenak, ez dira abian jarri. Espetxe-zaintzako epaileek gabezia hori kritikatu, eta unitateok sortzera hertsatu dute, “dagozkion lurralde-arloetako arreta espezializatuko eskaerari erantzuteko, barneratuen osasuna zaintzeko betebeharra ELOOren 3.4. artikuluan xedatu moduan betetzeko, eta aipatutako legearen 16 d) artikuluan xedatutako banaketako lege-irizpidea aplikatuz” (XIII. Bilerako irizpide bateginen 26. akordioa).
Unitate horiek sortu ez izanak eta bi espetxe-ospitale psikiatriko baino ez egoteak EEren 191. artikulua urratzen du. Izan ere, artikulu horrek ezartzen du espetxe-administrazioak espetxe-instalazio psikiatrikoak lurraldean banatu behar dituela, horrela gaixoen errehabilitazioa sustatuko litzatekeelako, haien familia- eta gizarte-ingurunean errotuta egongo liratekeelako. Urruntasunak establezimendu horietan sartuta dauden eta burutik gaixo dauden pertsonen egoera larritu egiten du.
Espetxe Erregelamenduak (182. eta 183. artikuluak) segurtasun-neurri askatasun-gabetzaileak betearazteko beharrezkoak diren hitzarmenak egiteko eta arlo horretan baliabide egoki eta nahikoak edukitzeko betebeharra ezartzen dio espetxe-administrazioari (baina, ikusi dugunez, hori ez da gertatzen). Dena den, horrek ez du esan nahi a sensu contrario segurtasun-neurriak espetxe-administrazioaren menpe dauden zentroetan soilik bete daitezkeela, eta hori ere ez da praktikan gertatzen. Izan ere, badirudi espetxe-baliabidea arriskutsutasun handieneko kasuetan, segurtasun-funtzioa bermatzeko gai den espetxeaz kanpoko baliabiderik ez dagoenean, erabili beharko litzatekeela bakarrik.
Gailu egokia hautatzeko, epaileak arriskutsutasunari eta erregimen itxian tratamendua jasotzeko beharrari buruzko ebaluazio bat egiten du. Hori dela-eta, funtsezkoa dirudi epaileak pertsona bakoitzarentzako baliabide egokiena zehazterakoan pertsona hori artatzen duten gizarte- edo osasun-lantalde teknikoen iritziaren laguntza edukitzeak, arriskuaren ebaluazioaren, tratamendu-premien eta dauden baliabide soziosanitarioen inguruan euren ikuspegia eman dezaten. Horixe gomendatzen dute herriaren defentsariek, epailetzari aholkuak ematen dion organo bat edo horri buruzko laguntza ematen dioten langile espezializatuak falta direla igartzen baitute.
Zentzu horretan, izaera horretako erkidego-baliabiderik ez egotea errealitate larri bat da, eta Arartekoan jadanik salatu dugu, 2012ko Eusko Legebiltzarrarentzako txostenean islatu den bezala. Gabezia horren ondorioz, burutik gaixo dauden pertsona askok, bereziki baliabide gutxiago dituztenek eta ahulagoak direnek, ez daukate espetxe-sistema juridikoaz bestelako erantzunik, erkidegoko arreta eskasa delako edo behin espetxean egonda osasunarekin lotutako arrazoiak direla-eta oso zaila delako ateratzea, erkidegoan abegi egiteko baliabide egokirik ez baitago1.
Zentzu horretan, honakoa adierazi dugu: “Hala ere, espetxe-eremuan laguntza psikiatrikoa emateko baliabide-urritasunaren arazoa gure gizarteak buruko gaixotasunetan arretarik ez jartzearekin lotutako arazo orokorragoaren barruan dago”.
Ospitale-unitate berriek ezin dute egoitza-eginkizunik hartu. Aitzitik, denbora-tarte laburretan gaixotasunaren krisiei aurre egiteko soilik sortu dira; beraz, ezin diete zaintza-arazo luzeei erantzun, baizik eta bakarrik osasun-alderdiei. Dirudienez, nabarmena da beste mota batzuetako errekurtsorik eta bitarteko egiturarik ez dagoela.
Baliabide-urritasunarekin eta nortasun-nahasmenduei heltzeko zailtasunekin lotutako kontuari dagokionez, erakunde honek Arartekoaren 2012ko azaroaren 23ko ebazpenean eman du bere iritzia. Horren bidez, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari gomendatzen zaio mota horretako nahasmenduak dituzten pertsonei arreta emateari lotutako neurri orokor batzuk har ditzan. Nahasmenduok diagnostikatzeko arazoek eta horiei heltzeko bitarteko nahikorik ez egoteak eragindakoek garrantzi penaleko egintzak egitea eta ondorioz espetxean sartzea errazten dute.
Beharrezkoa dirudi Osakidetzak nortasun-nahasmenduak dituzten pertsonei arreta espezifikoa eskaintzeko bitarteko eta estrategia egokiak edukitzeak. Hortaz, beharrezkoa da baliabide espezializatuak antolatzea: 2009an jadanik pentsatuta zegoenaren ezaugarriak dituen eguneko ospitalea, aipatutako ebazpenean adierazi genuenez, koordinatzeko protokoloak, goiz antzemateko mekanismoak, gaixotasunari heltzeko bitartekoak, etab. Izan ere, egiaztatu da askotan substantziak erabiltzeagatiko nahasmenduarekin batera agertzen denez gaixo dual horiek sare soziosanitarioan jasotzen duten arreta mendetasunaren sintomak kontrolatzera soilik zuzentzen dela eta daukaten nortasun-nahasmendua artatzeaz ahazten dela. Horrek jokabide kriminaletan adierazten diren eta maiz espetxeratzeak eragiten dituzten desorekak sortzen ditu (ikusi 6. gomendioa).
Hori gauzatzen ez den bitartean, ezinbestekoa da beste bide batzuk kontuan hartu eta aplikatzea, esaterako bideratzea, ituntzea eta gastuak itzultzea.
c) Segurtasun-neurrien erabilera eskasa: ezarpen handiago baten abantailak
Praktikan, segurtasun-neurriak oso gutxi erabiltzen dira, eta haien aplikazioa eskasa da, eteteko eta ordezteko formen aurka eta, bereziki, espetxe-zigorra ezartzearen aurka gaitasunak dituzten arren.
Haien aplikazioa oztopatzen duten arazo nagusiak honako hauek izan daitezke:
Baliabide egokien eta beharrezkoak diren bitarteko pertsonal eta materialen errepikatutako gabeziak kasu askotan aplikatzea galarazten du.
Ez dago horien inguruko tradiziorik, eta eragile juridiko askoren ustez espetxeratzea saihesteko hirugarren eta azken aukera dira, eteteek eta ordezteek huts egin eta gero. Hortaz, kasu gehienetan abokatu defendatzaileak ere ez dira neurri horietaz arduratzen.
Haien erregulazioa ia existitzen ez denez eta ezegonkorra eta anbiguoa denez, mesfidantza sortzen du organo judizial askotan, eta horrek segurtasun-falta sortzen du betearazi bitartean gerta daitezkeen gorabeherei heltzerakoan bereziki.
Arazoak sortzen dira betearaztean tartean dauden organo judizialen dualtasunaren ondorioz: espetxe-zaintzako epaitegia eta epaia eman edo betearazten duen epaitegia.
Horren aurrean, segurtasun-neurriek espetxe-zigorraren ordezko aukera on bat dirudite egozgarritasunaren murrizketa bat antzematen den kasuetan. Izan ere:
Gaixoaren tratamendua azpimarratzen dute, espetxe-zigorraren ordainketa-osagai nabarmenaren aurka. Etorkizunari begira delituak errepikatzeari buruzko iragarpena gutxitzen dela ziurtatzen saiatzen dira, une bakoitzean egokia den tratamendu farmakologikoa, psikoterapeutikoa, laguntza, kontrola, etab. aplikatuz.
Neurriak espetxe-zigorrak baino malguagoak dira betearazpenari dagokionez (prebentzioz beharrezkoak izateari utzi bezain laster kendu, aldatu, ordeztu edo eten daitezke), eta betetzen ez direnean kondenen eteteek baino aukera gehiago ematen dituzte. Gainera, neurrietan delituaren larritasunaren arabera iraupenaren gehienezko muga finka daiteke, baina ez gutxienekoa edo zehaztua, zeren eta tratamenduaren eboluzioaren menpe egongo baita (baina, herriaren defentsa erakundeok salatu dugunez, kasu askotan gehienezko muga eta betetzeko benetako denbora nahasi egiten dira).
Ez daukate zigorren eteteek eta ordezteek dauzkaten mugak, aukera horietarako sarbidea eduki dezaketen zigorren iraupenari dagokionez, ezta lehen delitua izatearen edo ohikotasunaren betekizunak ere. Gainera, zigorreko ondorioetarako ordaingarria den erantzukizun penala benetan betetzea ekartzen dute, eta, horrela, gorabehera negatiboek ez dute pertsona hasierara berriro eramaten zigorrari dagokionez.
Aurreko delitu baten ondoriozko zigor berri batek ezin du segurtasun-neurria oztopatu, hori betetzen jarraitu ahal izango baita. Eteteen kasuan, aldiz, zigor berriak ezin badu ordezko neurri bat eduki, espetxeratzea ekartzen du.
Gaixoa erkidego-sarean sartzea ahalbidetzen dute, eta sare soziosanitarioan betetzen badira baztertzea eta desgizarteratzea ekiditen dute.
Laburbilduz, segurtasun-neurrien erabilera sustatzea funtsezko elementu bat izan daiteke erreakzio penala arrazionalizatzeko eta sistema penal bidezkoago eta eraginkorrago bat emateko. Sistema horrek prebentzioarekin lotura handiagoa duten erkidego-politiketan parte hartuko luke eta buruko gaixotasunen bat daukaten pertsonak gizarteratzen lagunduko luke. Horrela, bereziki bazterketa-egoera nabarmenagoetan daudenak sartzen diren gurpila saihestuko litzateke.
1) 2013ko abenduaren 10ean EAEn betetzen diren BARNERATZE SEGURTASUN-NEURRIEN ZERRENDA
Adierazi denez, segurtasun-neurrien aplikazioa oso urria da. Hori erakusten dute datuek: 2013ko abenduaren 10ean, EAEn barneratze psikiatrikoko 36 segurtasun-neurri baino ez daude. Honela banantzen dira lurraldeka:
Bizkaia: 18
Sarrerak Basurtuko, Gurutzetako eta Galdakaoko ospitale orokorretako balorazio-unitateetatik (akutuak) egiten dira, lurraldetasun-irizpide bati jarraiki (hala ere, Zamudioko ospitale psikiatrikoan ere akutuen unitate bat dago). Handik Zaldibarko eta Zamudioko ospitale psikiatrikoetako subakutuen unitateetara (lehengo egonaldi ertaina) bideratzen dira. Zaldibarrek eta Bermeok errehabilitazio-unitate bana daukate (lehengo egonaldi luzea).
Araba: 8
Sarrerak Santiago Ospitaleko Psikiatria Zerbitzutik (ospitalizazio-unitatea) egiten dira. Horrek kasuak ebaluatu eta Arabako Ospitale Psikiatrikora bideratzen ditu, egonaldi ertaineko eta luzeko unitateak baitauzka.
Araban Psikosi Immunearen Unitatea dago, eta bertara bideratzen dira EAE osoko kasuak.
Gipuzkoa: 10
Sarrerak Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarearen bidez izapidetzen dira zuzenean. Horrek kasua ebaluatu eta sartu beharreko ospitalea zehazten du. Orain dela gutxi, 2013ko azaroaren 29an, Arrasateko Aita Menni Ospitalean kokatutako Psikiatria Legaleko Unitatea inauguratu da.
Unitate horrek 10 ohe ditu, Aita Menni Ospitalearen barruko unitate desberdindu eta bereizia da, eta buruko gaixotasunak dauzkaten pertsonak, kalte zerebrala daukatenak eta mendetasun-egoeran dauden adinekoak artatzen ditu. Nork bere buruari min ematea, erasotzea eta ihes egiten saiatzea ekiditea helburu duten segurtasun handiko elementuak dituen instalazio psikiatriko bat da. Altzariak erasotzeko edo nork bere buruari min emateko erabili ezin izateko sortu dira funtsean. Gune guztiak etengabe gainbegiratzen dira kontrol-zentro batetik, puntu itsurik uzten ez duten kamerez. Beraz, buruko nahasmendu larriak dituzten pertsonak artatzeko pentsatuta dago, nahasmenduek “gaixoa zentroan mantentzen dela ziurtatzeko aparteko segurtasun-, euspen- eta jagoletza-mailak eskatzen dituztenean eta horiek gainerako osasun-sisteman ematea ezinezkoa denean”.
Unitate hori terapia-baliabide balioduna izan liteke orain EAEko espetxeetan barneratze segurtasun-neurriak betetzen ari diren 4 pertsonentzako. Pertsona horiek bere garaian sareko ospitaleetako unitate psikiatrikoetako terapia-dinamiketara egokitu ez zirela adierazi zuten, eta osasun-zentro bateko berezkoak baino handiagoak diren segurtasun-neurriak behar dituzte.
Bestalde, espetxeetan betetzen ari diren barneratze neurrien ehunekoa baxua da (erkidegoko ospitaleetan neurri penalekin sartuta dauden 36 pertsonen aldean), eta horrek pentsarazten du zigorra betetzen duten gaixo psikiatrikoak ospitale-unitateetako tratamendu-erregimenetara ondo egokitzen direla, bertan terapia-ingurune normalizatu, errehabilitatzaile eta integratzaile bati onura ateratzen baitiote. Kasu horietan, neurri penala terapia-prozesuaren eskutik doa, haren erritmoak eta proposamenak errespetatzen ditu, eta horren bidez segurtasun-neurri gehienak anbulatorioak izaten dira.
Laburbilduz, unitate espezializatu horiek neurri penalak bete behar dituzten buruko gaixoekin erabili beharko lirateke, baina beti salbuespen gisa eta segurtasun-arloan arreta-elementu espezifikoak benetan behar dituzten kasuetara mugatuta.
2) Organo judizialei laguntzeko diziplinarteko taldeen beharra
Hortaz, baiezta daiteke epaileek espetxea edo espetxe psikiatrikoa hautatzeak ez diola hainbeste pertsonaren arriskutsutasunaren eta behar duen tratamenduaren inguruko iritziari erantzuten, baizik eta aukerako baliabide soziosanitario nahikorik ez egoteari edo erkidegoan dauden baliabideen eta horiek eskaintzen dituzten tratamendu-aukeren gaineko informazio zehatzik eta doirik ez egoteari.
Zentzu horretan, Zigorren eta segurtasun-neurrien menpe dauden buruko gaixoen kasuak aztertzeko batzordeen adostasun-agiria aipa daiteke, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak eta Osasun Ministerioko Buruko Osasuneko Estrategiak sustatutakoa. Agiri hori 2012ko abenduan argitaratu zen eta bertan honakoa eduki behar dela azpimarratu da: “informazioa era koordinatu eta diziplinartekoan biltzeko gai den diziplina anitzeko lantalde bat (justizia, osasuna, gizarte zerbitzuak, erabiltzaileak), auzitegiei bideratzeko baliabide egokienari buruzko erabakiak hartzea ahalbidetzeko, haien osasun-egoeraren inguruan aldizkako ebaluazioak egiteko, eta administrazio judizialaren, osasun-administrazioaren, gizarte-administrazioaren, espetxe-administrazioaren, hirugarren sektorearen eta burutik gaixo daudenen senideen artean bitartekotza-lana egiteko”.
Antzeman da sistema juridiko eta penalaren eta gizarte-laguntza emateko sistemaren artean bideratzeko eta koordinatzeko eskemak ez direla errazak ezartzen. Bi erakundeek oinarri desberdinekin, helburu desberdinekin eta horiek lortzeko zailtasun desberdinekin egiten dute lan, eta horregatik erakunde bien arteko bitartekotza funtsezkoa da kasu horietan.
Aipatutako adostasun-agiriak dioenez, talde hori “egoera ohikoenetako jardunak protokolizatzeaz arduratu liteke, kasu bakoitzean beharrezkoak diren laguntza-baliabideak eta jarduteko moduak aurreikusi ahal izateko. Prozesuko une bakoitzean auzitegiei aholkuak ematen dizkion organoa izan liteke, baita auzitegien eta gizarte-laguntza eman duten baliabideen arteko bitartekaria ere”.
Gaur egun, EAEn ez dago ezaugarri horiek dituen inolako talderik, baina Atxilotuari Laguntza eta Orientazioa emateko Zerbitzua (ALOZ), egun funtzionatzen ez duena, haren aurrekaria da.
Beraz, Atxilotuari Laguntza eta Orientazioa emateko Zerbitzuaren (ALOZ) antzeko zerbitzu bat ezarri beharko litzateke berriro, barruti judizialetan funtzionatzen duen, pertsonari buruzko informazioa era koordinatuan bildu eta elkartu dezakeen eta auzitegiei pertsonaren egoera soziosanitarioaren berri eman diezaiekeen DIZIPLINARTEKO TALDE bat edukitzeko. Talde horrek, halaber, esku hartzen duten administrazioen eta eragileen arteko koordinazio-ardatz gisa baliagarri izan beharko luke, auzitegiei pertsonaren errealitatearen eta
bideratzeko baliabide egokienaren inguruko ezagutza zabalena edukita erabakiak hartzea ahalbidetu beharko lieke. Era berean, ikuspuntu global bat edukitzeko eta pertsona inputatuta egon daitekeen prozedura judizial guztietan berdintsuki jarduteko aukera eman beharko luke (ikusi 5. gomendioa).
3) ZKaren 60. artikuluaren aipamen berezia
Epaian segurtasun-neurri bat aplikatzea ezinezkoa izan den kasuetan, patologia psikiatriko bat jasaten duen pertsonak ezarri dioten espetxe-zigorra betetzea saihets dezake ZKaren 60. artikuluko xedapenen bidez, baina horien aplikazio praktikoa zeharo urria da. Aipatutako manuak honakoa dio:
“1. Epai irmoa eman eta gero, zigortuari buru-nahaste iraunkor eta larria antzematen zaionean eta, horren ondorioz, zigorraren esanahia ulertu ezin duenean, espetxe-zaintzako epaileak zigor askatasun-gabetzailearen betearazpena eten egingo du, eta beharrezko osasun laguntza jasotzea bermatuko dio. Horretarako, kode honetan xedatutako segurtasun-neurri askatasun-gabetzaile bat ezartzea agindu ahal izango du, baina neurri hori ezin izango da inola ere ordeztutako zigorra baino astunagoa izan. Bestelako zigor bat bada, espetxe-zaintzako epaileak ebaluatuko du zigortuaren egoerak zigorraren esanahia ezagutzen uzten dion eta, hala balegokio, betearazpena eten egingo du eta beharrezkotzat jotzen dituen segurtasun-neurriak ezarriko dituZaintza-epaileak fiskaltzari aurrerapen nahikoarekin jakinaraziko dio ezarritako zigorra edo segurtasun-neurria gutxi barru iraungiko dela, kode honen lehenengo xedapen gehigarrian xedatutakoaren ondorioetarako.
2. Zigortuak, behin buru-osasuna berreskuratu eta gero, zigorra beteko du, zigorraren preskripzioa gertatu ez bada; horrek ez dio kalterik egingo epaile edo auzitegiak, ekitateagatik, kondena azkendutzat emateari edo kondenaren iraupena laburtzeari, zigorra betetzea beharrezkoa ez den neurrian edo hura betetzea ez betetzea baino kaltegarriagoa den neurrian”.
Mekanismo hori oso gutxitan proposatzen da: 2013ko urriaren 9an, EAEn aukera hori aplikatzen zaien 12 pertsona daude bakarrik. Hala ere, prozedura judizialean igarri ez den buruko gaixotasuneko kasu gehiago arinduko lituzke.
Kasu horietan, espetxe-zaintzako epaitegiak, zigorraren betearazpena etetea erabakitzean, segurtasun-neurri bat ezarri ahal izango du, manuak dioen moduan, ez zigortuaren arriskutsutasunean oinarrituta, osasun laguntzan baizik.