V . ATALA . Espetxe Erakundeetako Espetxeetan Buruko Gaixoei Arreta Integrala Emateko Esparru Programa (PAIEM)
Espetxeetako biztanleriaren artean buruko osasun-arazoak duen tasa altuagatik kezkatuta, espetxeetako administrazioak Espetxeetan Buruko Gaixoei Arreta Integrala Emateko Esparru Programa (PAIEM) egin zuen, espetxeetan dauden pertsonek arlo honetan dituzten beharrizanei erantzuteko asmoz.
Gaur egun programa hori berriz ere garatu da, espetxeetan apurka-apurkako ezarpena lortzeko asmoz, baina oraindik ere aplikazio praktikoa ez da parekidea eta espero baino baxuagoa da.
Ildo horretatik, oso garrantzitsua da buruko osasuneko osasun-aditu profesionalen (Osakidetza) eta espetxe-erakundeetako tratamendurako profesionalen artean baterako jarduera-protokoloak koordinatu eta diseinatzeko lan egitea.
Teorikoki, programak arreta espezializatutako jarraibideak jasotzen ditu buruko patologia edo nahasduraren bat duten pertsonentzat, berariazko terapia- eta lanbide-jardueren praktikan arreta berezia jarrita. Hala ere, praktikan, arlo honetako azterlanek islatu zuten bezala, ez dago halakorik edo noizbehinkakoak dira.
Zehatzago esateko, PAIEMek, maila teorikoan, buruko patologiaren bat duten presoekiko esku-hartzea diseinatzen du, hiru jarduera-ildotan:
Programan ez da zehazten zentroan zein buruko patologia zaindu eta jaso behar diren eta esku hartzen duten profesionalek ez daukate horren gaineko irizpide adosturik.
2013ko ekainaren 25ean (asteartea) Diputatuen Kongresuan egindako agerraldian, Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak adierazi zuen lantzen ari ziren helburuen artean, espetxeetako osasun-arretari dagokionez, buruko osasunaren eta droga-mendekotasunaren gaineko jarduera-estrategia globalaren ezarpena dagoela.
Agerraldi horretan azaldu zuenez, duela gutxi programaren funtzionamenduari buruzko azterketa sakon bat egin da. Bere ustez, ebaluazio luze honetako lehen datuek agerian uzten dute programa apurka-apurka bere jatorrizko helburuak betetzen ari dela. Horren harira, honakoa dio: “Hasteko, programa praktikoki zentro guztietan ezarrita dago, espetxean dauden gaixo larri guztiak barne hartuta. Bigarrenik, gaixoak ingurura egokitzeko erraztasunak eman ditu, beren sintomatologia hobetu du eta nabarmen murriztu ditu paziente hauek jasaten dituzten erregimen-gorabeherak. Hirugarrenik, hobetu behar duen alderdirik garrantzitsuena programaren azken zatiarekin lotutakoa da, hau da, gaixoa bideratu eta gizarteratzeari buruzkoa. Espetxeetako PAIEM taldeen artean zailtasunak antzeman dira erkidegoko laguntza-baliabideekin harreman egokiak ezartzeko. Laugarrenik, programa berri bat garatzen ari gara, fase honetako emaitzak hobetu ditzan eta PAIEM osa dezan. Ekimen berri hori, egikaritzan dagoena eta ‘Zubi Programa’ deituko dena, gizarteratze-zentroetan hedatuko da. Helburu nagusia PAIEMen sartutako gaixoen laguntza-jarraitutasuna hobetzea eta espetxetik irtetean erkidegoko laguntza-baliabide egokietara bideratzen direla bermatzea izango da. Proiektu hau pilotu-fasean egon da hamazortzi hilabetez”.
Hala ere, agerraldian zeuden legebiltzarkide desberdinek egindako interpelazioetan zalantzan jarri ziren Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak planteatutako gaietako batzuk, besteak beste, zaintzako nahiz arretako langile-falta, gastu farmazeutikoetako aurrekontuen murrizketa, gizarteratze-zentroen itxiera edo aurreikusitako zentro batzuen eraikuntzaren etena, baita oraindik espetxeetako osasuna autonomia-erkidegoetara eskualdatzeko prozesua burutu ez izana ere, 16/2003 Legean hala jasota dagoen arren. Lehen adierazi dugun bezala, 2011ko uztailean soilik eskualdatu zen espetxeetako osasuna EAEra.