1. 2011n jasotako ekarpenak
INFORMAZIOA BILTZEKO METODOLOGIA
EAEko espetxeetan esku hartzen duten erakunde zibilen iritzia ezagutu asmoz, hamaika galdera zituen galde-sorta bat egin zen; zortzi galdera itxiak ziren eta erakunde bakoitzaren xedeak eta helburuak; espetxeko proiektuaren xedea; esku hartzen zuten espetxea; esku-hartzea hasi zuten urtea eta espetxeetan sartzen duten ordu kopurua; zeregin horretan aritzen den pertsona kopurua eta artatutako pertsona kopurua ezagutu nahi ziren.
Galdera horiek oso garrantzitsuak dira zer motako erakundeak diren jakiteko, espetxean egiten dituzten jardueren ezaugarrien berri izateko, askatasunik gabeko pertsonekin esku hartzeko arloan duten esperientzia ezagutzeko eta espetxeetan erabiltzaileek izaten duten arreta baloratzeko. Gainerako galderak irekiak ziren eta buruko gaixotasunen bat izan eta espetxean dauden pertsonen arretarekiko erakunde horrek duen ikuspegia jaki nahi zen; beraien iritziz ongi artatuta ote dauden eta zergatik; paziente horiek artatzeko hautematen dituzten beharrak; eta, amaitzeko, erakundearen iritziz espetxeetan unitate psikiatrikoak egon behar liratekeen edo sare publikoa den unitate bereziak sortu beharrekoa, segurtasun sistemak eta zaintzarako jendea jarrita, buruko gaixotasuna dutenek delituren bat egin eta barneratu beharra egonez gero. Erakundeen ekarpenak oso garrantzitsuak dira arreta hori hobetzeko behar diren irizpideak eta ibilbideak adierazteko ere.
Erakunde hauei igorri zitzaien galde-sorta:
Arabako erakundeak: Arabako HIESaren kontrako batzordea, Salhaketa, ADAP eta ASAFES.
Bizkaiko erakundeak: Salhaketa Bizkaia, Hiesaren kontrako batzordea, Bizitegi, Goiztiri, Izangai, Gizakia Fundazioa, Etorkintza Fundazioa, Adsis Bestalde, Bidesari, Espetxe Pastorala, Zubietxe, Zubia, AVIFES, Susterra eta Lagun-Artean.
Gipuzkoako erakundeak: Gurutze Gorria, Izan Fundazioa, Loiola Etxea, Arrats eta AGIFES.
EMAITZAK
Galde-sorta igorri zaien 24 erakundeetatik 15ek erantzun dute. Erantzun ez dutenei dagokienez, batzuek ez zuten gaiari buruzko daturik edo zituztenak ez zirela garrantzitsuak uste zuten; bi kasutan ezin izan dugu jakin zergatik ez duten erantzun. Lehenengo eskaera posta elektronikoz igorri zen, ondoren gogorarazteko beste mezu bat igorri zitzaien eta azkenik, telefonoz jarri ginen harremanetan erantzun ez zuten erakundeekin, berriro ere galde-sorta erantzun zezatela eskatzeko edo aurrez adierazitako arrazoiengatik ez zituztela erantzungo adierazteko.
Hainbat jarduera eremutakoak dira. Batetik, droga mundutik irteteko tratamendua egiten dutenak daude: Gizakia eta Etorkintza Fundazioak, Bizkaian; Izan eta Gurutze Gorria, Gipuzkoan eta Salhaketa Bizkaian eta Araban; hauek espetxeko bizi-baldintzak salatzen dituzte. Bestalde, errehabilitazio prozesuetan lagun egiten dutenak daude: Bidesari eta Bestalde, Bizkaian; Loiola Etxea, Gipuzkoan eta Hiesaren kontrako batzordea eta ADAP Araban. Gizarte-lan munduan eta kirolean sartzekoak: Iresgi, Gipuzkoan eta Zubiko, Bizkaian. Denek esperientzia handia dute euren lan-esparruetan, batzuk 1985an hasi ziren, Gipuzkoako Izan Fundazioa esaterako, edo 1987an, Etorkintza eta Gizakia Fundazioak kasu; espetxeetan esku hartzen hasi den azkena Gipuzkoako Gurutze Gorria izan da, duela lau urte hasi baitzen Martuteneko espetxean bere proiektua garatzen.
Pertsona gehien artatzen dituen erakundea IRESGI da, Martuteneko espetxean egiten ditu bere jarduerak eta guztira 1.000 lagun artatzen ditu; kontuan izan behar da kirol eta kultur arloko jarduerak direnez, espetxeratutako gehienek hartuko dutela parte. Horietatik 141 lagunek tratamendu farmakologikoa dute, buruko zenbait patologia dituztelako. Erakunde honek ia bere lanaldi osoa espetxean garatzen du (astean 40 ordu, 6 egun). Gainerakoek urtean 200 arreta inguru eskaintzen dituzte: 174 Etorkintzak, 148 Gizakia Fundazioak, 137 Adsis Bestaldek, 262 Bidesarik eta jarduera desberdinak egiten dituzte: 207 jarduera droga-mendetasunen tratamenduetan; 39 etorkinekin eta 16 programatutako irteeretan. Askatasunik ez duten 200 lagun daude horko baliabide desberdinetan sartuta. 400 lagun artatzen dituzte boluntarioek.
Buruko gaixotasunen bat duten artatutako pertsona kopuruari dagokionez, erakunde batzuek ez dute daturik, beraien jarduerarako garrantzitsua ez delako; beste batzuek, aldiz, ez dute horren berri espetxeak horrelako daturik eman ez dielako edo datu horiek ez dituelako, Bidesarik dioen bezala1, “Patologiaren bat duen pertsona kopuru jakina zehaztea ez da erraza, egokitzeko nahasmendua eta animo egoeraren nahasmendua areagotzen dituen inguru batean gaudelako (espetxean) eta buruko nahasmendu larriak (psikotikoak) dituztenek ere espazio horretan amaitzen dutelako, baita nortasun nahasmenduak izan eta substantziak erabiltzen dituztelako ere. Hori dela eta, zehatz kuantifikatzea zaila da. Hori bai, gure esku-hartze psiko-hezitzailea egiten dugun pertsonen %80ak muturreko nortasun egitura du eta hein txikiagoan nahasmendu psikotikoren bat dute; neurosiak ez dira ohikoak, guk artatzen dugun taldean”. Bizkaiko Salhaketak badaki “Epe luzeko harremana duen 74 pertsonetatik 16k patologia psikiatrikoak dituztela. Baina honek ez du esan nahi 2010ean artatutako gainerako 193 lagunek patologiaren bat ez dutenik, baizik eta ez dugula horren berri” diote.
Zubiko2 erakundeak 107 lagun artatzen ditu guztira eta 18 gizonezkok eta emakume batek dute diagnostikatutako patologiaren bat. Etorkintzak3 badaki 2010ean artatu zituen 174 lagunetatik 9k patologia larriren bat dutela, nahiz eta ez duen nahasmendu mota zehaztu. Loiola Etxeak4, 64 lagunetatik 14 ditu diagnostikatuta. IRESGIk5 tratamendu farmakologikoa duten 141 lagun ditu, buruko hainbat patologia barne. Arabako hiesaren kontrako batzordeak badaki artatutako 200 lagunetatik 50ek hainbat nahasmendu dituztela, toxikomaniak eta alkoholismoa barne. Beraz, erakunde zibil guztietan, dela toxikomanien tratamendukoetan, lan munduan sartzekoetan edo beste edozein eremutakoetan, buruko hainbat nahasmendu dituzten pertsonak artatu behar izaten dituzte.
Pertsona hauek espetxean duten arretari dagokionez, inkestatutako denak bat datoz. EZ dute beharrezko arreta jasotzen, Arabako hiesaren kontrako batzordeak, esaterako hau dio6: “...buruko gaixotasuna duten pertsonen ehuneko altua dago espetxean kondena betetzen (espetxeratutakoen %26,6k diagnostiko psikiatriko bat edo gehiago ditu bere historia klinikoan, eta %3,2 psikiatrikoan egonda dago espetxean egon aurretik); beraien patologiak eta beharrak direla eta, ez lirateke espetxean egon behar, baizik eta erkidegoaren baliabide egokietan artatu eta harrera eginda egon behar lirateke, gizarte eta terapia arloko behar adina babesekin. Baina honelako baliabiderik ez dago erkidegoan, eta errealitate larri honek erantzun politikoak, sozialak, medikoak eta kriminologikoak behar ditu. Ondorioz, buruko gaixotasun kronikoa eta larria duten espetxeratutako askok espetxean jarraitzen dute, eta ez dira betetzen konstituzioko eta giza eskubideetako printzipioak”.
Salhaketa Arabak7 dio espetxera joaten den Osakidetzako psikiatrak ez duela paziente guztiak artatzeko behar adina denbora eta bitarteko material. ADAP elkarteak preso dauden emakumeak artatzen ditu eta hau esan du: “gure ustez, ez dituzte artatzen edo tratamendu farmakologikoa besterik ez zaie ematen, banako jarraipena eta jarraipen terapeutikoa oso gutxitan egiten dira edo ez dira egiten”.
ASAFESek (Eri Mentala duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkarteak) espetxeetan artatzeko programarik ez duen arren, buruko eritasunen bat duen orok izan beharreko baldintza egokiak ezagutzen ditu eta hau dio: “Eskaintzen den arreta ez da osasun zentro batekoa bezain zehatza, eta honi inguru estresagarria edo segurtasunik gabea gehituz gero, buruko gaixotasun larria dutenek krisiak izateko faktore gehiago dituzte. Eskizofreniak, nahasmendu bipolarrak eta nortasun nahasmendu zenbaitek ongi medikatuta egoteaz gain, bizi-baldintza egokiak behar dituzte gaixotasunak pronostiko ona izateko eta espetxean ez da erraza horrelako baldintzak izatea”.
IRESGIren8 esanetan buruko gaixotasuna duten pertsonak gaixoak dira ezer baino lehen eta hala tratatu behar lirateke, baina espetxean presoak dira ezer baino lehen eta horrek tratamendua baldintzatzen du. Erakunde askoren ustez banako arreta ez da nahikoa eta, aldi berean, medikazio gehiegi ematen zaiela uste dute, eta botika horiek nola hartzen diren inork gainbegiratzen ez duenez, deskontrol handia sortzen da.
Bidesari elkartearen iritziz gaixotasuna duen pertsona askoren azkeneko baliabidea espetxea izaten da, gainerako baliabide guztietan porrot egin eta inon tokirik ez dutenean iristen dira espetxera. Kasu hauetan pertsona hauen patologiarentzako espetxea ez da espazio egokia, baina baliabide horri heltzen zaio pertsonari eutsi ahal izateko. Espetxean gaizki egongo da, baina gutxienez ez du arazorik sortuko kanpoan. Ideia hori izaten da nagusi pertsona asko espetxeratzerakoan:
“Espazio horrek pertsonaren sintomak aktibatu egingo ditu. Deskonpentsazio horrek portaera disruptiboak ekarriko ditu eta espetxean diziplinazko erantzuna jasoko du, ez terapeutikoa. Sintomak kanporatuz gero zigortu egiten dira, aldiz, sintoma horiek barnean gordez gero egoera depresibo-ansiosoa izango du pertsonak. Hori dela eta, jokaera autolitikoak areagotu egiten dira eta beraien buruak hiltzeko jokaerak ere bai. Patologia psikiatrikoak dituztenentzako ingururik egokiena ez da espetxea. Inguru gogorra da, estresa sortzen du, oldarkortasuna, elkarbizitza ez da erraza eta horrek pertsona gaixoen egonkortasuna zaildu egiten du.
Horrelako inguruan, tresna terapeutiko gutxirekin eta hezkuntza eta tratamenduaren ordez segurtasuna eta diziplina izanda, ia ezinezkoa da lotura terapeutikoak ezartzea, ezinezkoa da kalitatezko arreta terapeutikoa eta hezitzailea eskaintzea”9.
Buruko gaixotasunen bat dutela jakin gabe espetxeratzen direnen arazoa azpimarratu dute, ez baitute behar bezalako arreta jasotzen: “Inguru honetan egiten diren balorazio diagnostikoak gutxi dira eta egiten direnean konfiantza ezak iluntzen du balorazio hori, pertsona hiper-alertan egoten baita profesional ororen aurrean, bere iritziz denak ‘epaileak’ direlako, denek kalte egingo dietelako; horren ondorioz, ezinezkoa da pertsonaren buruko egoeraren egiazko balorazioak egitea eta ezin da lotura terapeutikorik egon ondoren tratamenduan errazago hasi ahal izateko”. Azkenik, tratamendurako behar den giza baliabide espezializaturik ez dagoela azpimarratu dute eta iritzi berekoak dira elkarterik gehienak.
Paziente hauek artatzeko, erakundeek zer behar hautematen dituzten galdetu diegu eta diagnostiko onaren beharra azpimarratu dute, diagnostiko on hori kontuan izan dadin espetxeratu aurreko fasean. Espetxeratuz gero, pertsona horren informazioa eguneratuta izatea oso garrantzitsua dela adierazi dute; hala egonez gero, behar duen medikazioa emango zaio eta bere beharren araberako arreta ere bai; instalazio egokiak, berariazko jarduerak eta pertsonal kualifikatua izango ditu, ez soilik medikuak, baita funtzionarioak ere; medikazioa emateko jarraipena eta kontrola izango du eta, batez ere, buruko gaixotasunak dituzten presoei harrera egiteko bitartekoak sortu behar dira erkidegoan.
Arabako hiesaren kontrako batzordearen10 esanetan espetxe berriak 100 preso baino gehiagorentzako gaitasuna du eta horrek egoera larriagotu egingo du, ez baita aurreikusi erkidegoan harrera egiteko baliabide berririk sortuko denik, bereziki gaixotasun fisiko eta buruko gaixotasun larriak dituzten presoak artatzeko.
Espetxeko irteera prestatzeko inplikazio handiagoa behar dela ere azpimarratu da, berriro eror ez daitezen; espetxetik bertatik izapidetu behar litzateke ezgaitasun aitorpena, espetxetik irtendakoan aitorpen hori izan dezaten; familiarik ez duten gaixoentzako lagun egiteko pertsonak aurkitu behar lirateke, eguneko zentrora joateko edo espetxetik kanpoko jarduerak egiteko norbaiten laguntza behar badute.
Espetxeetan edo erkidegoko buruko osasun sarean segurtasun neurriak betetzeko unitate psikiatrikoak edukitzea egokia ote den edo ez ere galdetu zitzaien. Salhaketa Bizkaiak11 planteatutako irizpideari jarraituaz, beraiek oinarri honetatik abiatzen dira: espetxea ez da buruko gaixotasunak tratatzeko espazio egokia; ondorioz, buruko arazo larriak dituztenak ezin dira espetxeratu eta euren beharretara egokitutako espetxez kanpoko unitateetan tratatu behar dira. Dena dela, arazo ez hain larriak dituztenak une jakinetan (agerraldi psikotikoetan, absentzia luzeetan, etab.) tratatzeko espetxetik atera beharko liratekeen arren, espetxean dauden bitartean gainerako presoengandik bananduta egon behar lirateke, beste espazio batzuetan, tratamendu mediko-psikiatrikoa izan dadin espetxeko egonaldiaren oinarria, buruko osasunean adituek egoki iritzitako beste faktore batzuekin konbinatuta kasu bakoitzean.
Desberdindutako hiru espazio sortzea proposatzen dute: batetik, espetxeko espazio estandarra, eta hor ez litzateke buruko gaixotasunen bat duen inor egon behar; bestetik, arazo psikosanitario arinak dituztenen tratamendu sanitarioari lehentasuna emango litzaiokeen espazioa (diagnostikatutako pertsonak, espetxean aplikatu daitezkeen terapien bidez kontrolatuta) eta hirugarrenik, espetxetik kanpoko espazio bat gaixotasun larriekiko pertsonentzat edo espetxean egonez gero areagotu egin daitezkeen gaixotasunak dituztenentzat, espetxean tratamendua zailagoa delako edo tratamendua edota gaixotasuna ezin direlako askatasunik ez edukitzearekin uztartu.
Amaitzeko, arau bezala hau diote: edozein gaixotasunetan edo prozesu pertsonaletan espetxean sartu eta askatasuna kenduz gero, egoerak okerrera egingo balu edo hori ezin bada tratamenduarekin uztartu, espetxetik ateratze terapeutikoa egin behar litzateke eta dagokion patologiaren tratamendurako espazio egokiren batean sartu.
Bidesari12 elkarteak dio espetxeak testuinguru legez, jarreren eszenario legez, pertsona hauen narriadura areagotu besterik ez duela egingo, sintomak areagotu egingo dira, komorbilitatea egoteko aukerak haziko dira eta sintoma berriak eta deskonpentsazioak egoteko aukerak ere bai, espetxean sartzearen ondorioz. Hori dela eta, espazio hau ez da unitate espezializatuak sortzeko tokia, baizik eta erkidegoko berariazko baliabideetan izan behar lukete tokia.
Beraz, erkidego sarean segurtasun neurriak betetzeko prestatutako unitateak izatea da lehentasuna, gaur egun osasun sareak susmoak baititu kasurik larrienei heltzeko, baliabide egokirik ez dagoelako, batez ere, langileen segurtasun gaietan eta pazienterik gatazkatsuenak zaintzeko bermeei dagokienean.
Aldi berean, eragile juridikoek ez dute uste osasun-sisteman segurtasun neurriak egoki beteko liratekeenik, finantza bitartekorik ez baitago eta bitarteko pertsonal eta materialik ere ez; horrek argi uzten du zigorrak eta neurriak burutzeko interesik ez dagoela. Espetxe zigorretan bitartekorik ez egotearen ondorioz oinarrizko eskubideak urratu egiten dira, aldiz, askatasuna kentzen den eta kentzen ez den segurtasun neurrietan baliabide materialik ez dagoenez, oso zaila izaten da bitarteko horiek ezartzea. Buruko gaixotasun edo nahasmenduren bat edo drogen edo alkoholaren mendekotasuna dutenek segurtasun neurriak betetzeko sistema koherente eta prebentibo eraginkorrak baleude, epaitegi eta epaimahaientzat errazagoa litzateke neurri horiek ezartzea.
Oro har, erakunde guztiek aipatu dute buruko gaixotasuna dutenak espetxetik kanpo artatu beharko liratekeela, hala dio Arabako hiesaren kontrako batzordeak, zigor eta espetxe legediak aukera ugari baititu espetxeratutako pertsonak espetxetik atera eta artatzeko13.
Ondorioren bat atera badaiteke, hau da: buruko gaixotasuna duen pertsona batek askatasunik gabeko kondena erregimen irekian, baldintzapeko askatasunean edo antzeko motaren batean betetzeko aukera izan behar duela. Gizatasunezko helburua da, duintasunezkoa, buruko patologiarekin bat datorrena, pazienteak errehabilitatzeko eta gizarteratzeko dituen baldintzekin bat datorrena eta delituari aurrea hartzeko politika kriminalekin uztartu daitekeena.
1 Hirugarren eranskina, Bidesari.
2 Hirugarren eranskina, Zubiko.
3 Hirugarren eranskina, Etorkintza.
4 Hirugarren eranskina, Loiola Etxea.
5 Hirugarren eranskina, IRESGI.
6 Hirugarren eranskina, Arabako hiesaren kontrako batzordea.
7 Hirugarren eranskina, Salhaketa Araba.
8 Hirugarren eranskina, IRESGI.
9 Hirugarren eranskina, Bidesari.
10 Hirugarren eranskina, Arabako hiesaren kontrako batzordea.
11 Hirugarren eranskina, Salhaketa Araba.
12 Hirugarren eranskina, Bidesari.
13 Hirugarren eranskina, Arabako hiesaren kontrako batzordea.