2. Azterlanak
2012. urtean zehar 2 azterlan monografiko burutu eta argitaratu dira:
2.1. Giza eskubideak, krisi ekonomikoko garaietan egiten diren politika publikoen berme gisa
Azterlan horren bidez, Arartekoak politika publikoen diseinua gidatu behar duten giza eskubideen printzipioen inguruko gogoeta egiten du.
Berdintasuna eta bazterkeriarik eza bezalako oinarrizko printzipioak, eskubideen unibertsaltasuna, zatiezintasuna eta elkarren arteko mendekotasuna eta konponketarako, modu aktiboan parte hartzeko eta informazioa eskuratzeko eskubideak abiapuntutzat hartuta, Ararteko erakundeak botere publikoentzako gomendio praktiko jakin batzuk aurkeztu ditu:
Botere publikoek krisi ekonomikoa giza eskubideen krisi ez bihurtzeko erantzukizun handia dute. Finantza-sistema onbideratzea, arrisku-prima gutxitzea eta defizitaren helburuak betetzea ezin dira egin eskubide horien bizkar.
2.2. EAEko haurren, nerabeen, gazteen eta helduen buruko osasunaren arretaren inguruan egindako hurbilketa: erronkak eta aukerak
Azterlan honetan, Arartekoak euskal herri administrazioek bereziki zaurkorrak diren talde horien buruko osasuna bideratzeko etab abesteko azken urteetan egin duten ahalegin handia onartzen du. Horrez gain, ekimen berriak, garapen handiagoa edo hobekuntza behar duten kontuak azpimarratzen ditu.
Azken urteetan pertsona heldu, haur eta gazteentzako buruko osasuneko zentroak, ospitaleratze motzeko unitateak, pertsona heldu, haur eta gazteentzako eguneko zentroak, egonaldi erdiko unitateak, errehabilitazio unitateak eta psikogeriatrikoak sortu, ezarri eta hobetzeko bultzada nabarmena antzeman dugu, baita ospitaleak ez diren egoitza egiturak (tutoretza pisuak, pisu gainbegiratuak, egoitza txikiak, etxeak, erkidego terapeutikoak, pentsio eta ostatu babestuak, etab.) pixkanaka sortu eta handitzeko bultzada ere, hori guztia desinstituzionalizazio prozesu amaitu gabe baten esparruan.
Herritarren kexak izapidetzean, buruko osasuneko esparruko elkarteekin harremanetan egotean eta administrazioek eskainitako informazioa aztertzean lortutako ezagutzarekin, Ararteko erakundeak laguntza eskaini nahi du guztiok egin nahi dugun bide honetan, haren helburua pertsona horiek errehabilitazio psikosoziala lortzea, indartzea eta eraginkortasunez gizarteratzea baita.
2.3. Krisiaren eragina haurrengan: EAEko errealitatea
Krisia herritarren bizi-baldintzetan eta pobrezia-tasetan eragina izaten ari da, baina eragin hori ez da berdina herritar guztientzat. Haurrak arrisku gehien duten taldeetako bat dira, mendekotasun ekonomikoa, soziala, parte-hartzailea, legala eta politikoa baitute. Horrez gain, eragin hori beste kolektibo batzuetan baino oharkabeagoan pasatzen ari da. Eta bistakoagoa egiten laguntzeko hain zuzen, Arartekoak krisi ekonomikoak haurrengan duen eraginari buruzko azterlan bat burutu du.
Azterlanak guztira 58 adierazle jorratzen ditu, 7 eremutan taldekatuak, azken urtekoetan krisi ekonomikoak EAEko haurren ekonomia- eta gizarte-arloko eskubideen baliatzeari zuzenean nola eragiten dion agerian jartzen dutenak.