3. 2012. urtean egiten ari diren txosten bereziak
2012. urtean zehar hiru txosten bereziren eraketan aurrera egin da:
3.1. EAEn, askatasuna kendu dieten pertsonen buruko osasunak jasotzen duen arreta sozio-sanitarioaren egoerari buruzko txostena
Urteak dira, Euskadin preso bizi diren pertsonen buruko osasuna haien eskubideen alde lanean diharduten kolektiboen eta Ararteko erakundearen kezka nagusietakoa dela. Espetxeetako biztanleriari buruzko azterlan askok agerian utzi dute preso bizi diren pertsonen buruko osasuna nabarmenki narriatzen dela. Buruko gaitzak dituzten, droga mendetasunarekin zailtasunak edota buruko ezintasunak dituzten pertsonak ugaritzen dira. Era berean, osasun arreta ematen dien sistemak gabeziak dituela hauteman da.
Txostenaren helburua zera da: preso dauden pertsonen egoera ezagutzea, euren buruko osasunaren egoerari dagokionez; espetxe bakoitzean arreta sozio-sanitarioa emateko baliabideak ezagutzea; osasun arretarekin eta, espetxetik ateratzerakoan, gizarte arretarekin lankidetza hitzarmenak edo koordinazio mekanismoak eta presoen eskaera eta beharrak ezagutzea, euren buruko osasunean eragina duen edozein zailtasun barne.
Modu berean, txostenak Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen Ibaiondo internamendu-zentroan dauden adingabeen eskaeren eta beharren azterketa bat barne hartuko du.
3.2. Euskadin, e-gizarteratzeari eta, informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez, gizartean eta eremu publikoan parte hartzeari buruzko txosten berezia
Gaur egun elkarri lotutako sare batean murgildurik bizi gara eta etengabe eta berehala edonork hainbat urtetan bereganatu dezakeena baino askoz informazio kopuru handiagoa jasotzen dugu. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT), ezagutzaren gizartea edo gizarte sareak bezalako terminoak gure hiztegian sartu dira eta, era kontzientean edo ez kontzientean, egunero gure bizitzako alor guztietan agertzen dira (lana, gizartea, familia, etab.).
Txosten berezi honen bidez (2012ko abenduan bukatu zen eta laster argitaratuko da), Ararteko erakundeak euskal gizartearen eskutik gaur egungo IKTen erabilera eta eskuratze mailaren egoera ezagutarazi nahi du, bai eta gizartean eta eremu publikoan IKTen bidezko parte hartze maila ere.
Hainbat ondorio aipatuko ditugu:
Txostenaren azken xedea da herri-administrazioei egindako gomendioen agiri bat garatzea. Egindako ikerketan oinarritua dagoen agiri horrek, IKTen bidez, euskal gizartearen e-gizarteratzea eta gizartean zein eremu publikoan parte hartzea jorratzeko erronka eta ildo estrategiko berriak mahaigaineratuko ditu.
3.3. EAEn familiak babesteko politika publikoen egoerari buruzko txostena
Familiei laguntzeko politika publiko horiek bultzatu eta indar daitezen sustatzeko asmoz, Arartekoak azterlan bat burutu du arlo horretan zer politika publiko dauden argitzeko, bai eta euskal familiek zer premia eta eskari dituzten argitzeko ere.
Kontu honekiko hurbilpena, zentzu zabal batean, egun arte familiak babesteko bideratutako neurri publikoen azterlanaren bidez abiatu behar da.
Horretarako, familia eredu ugari daudela kontuan hartu beharra dago, amak aitak eta seme-alabek osatutako ohiko familia ereduan barneratu ezin daitezkeenak.
Azterlanaren bidez, halaber, euskal familiek duten babes-maila gure Europako inguruko beste erreferenteekin alderatzen da.
Haren helburuetako bat euskal familien eskaerak eta beharrak argitzea eta une honetan dauden babeserako politikekiko asetasun-maila aztertzea da.