1.2.5. Ekonomia-baliabideak; pobreziaren eragina
2008. urtean oinarrizko beharren asebetetzeari aurre egiteko diru-sarrera ekonomiko nahikoak ez edukitzeko arriskua 15 urte baino gutxiago duen populazioaren % 6k pairatzen zuen, hau da, portzentajea 2004. urtekoa baino zertxobait altuagoa zen(% 5,3), bai eta populazio osoak daukan pobreziaren arriskua baino altuagoa ere (% 4,1).
2008. urtean 10 adingabeetatik 2 ongizaterik eza pairatzeko arriskuan zeuden (epe motzean, gizarte jakin batean espero diren gutxieneko ongizate eta erosotasun mailak mantentzeko beharrezkotzat jotzen diren ohiko gastuei aurre egiteko baliabide ekonomikorik eza), 2004. urteko datuetan jasotako portzentajea baino altuagoa. Halaber, euskal populazio orokorraren kasuan jazoera horri dagokion ehunekoa % 14 da, beraz, berriro ere berretsi egin da pobreziak eragin handiagoa daukala haurren artean.
Ikuspegi hori osatzeko, mendekotasuna duten seme-alabak dituzten familien pobreziaren adierazleak aintzat hartu behar dira. Hala, etxeetan egindako inkestaren arabera, 2008. urtean mendekotasuna duten seme-alabak barne hartzen dituzten euskal etxeen % 34k ez dauka diru-sarrera nahikorik gastu osagarriei aurre egin ahal izateko. % 12k ez dauka diru-sarrera nahikorik seme-alaben ikasketak ordaindu ahal izateko eta mendekotasuna duten seme-alabak dituzten euskal familien % 12k ez dauka diru-sarrera nahikorik euren seme-alabak zaintzeko pertsona bat kontratatu ahal izateko. Diru-sarrera nahikorik ez edukitzeari buruzko egoera horiek guztiek eragin handiagoa daukate guraso bakarreko familien kasuan. Muturreko kasuetan mendekotasuna duten seme-alabak barne hartzen dituzten euskal etxeek arazoak dituzte oinarrizko beharrak asebetetzeko. Horri dagokionez, 2008ko portzentajeek 2004koak bikoitzen dituzte -% 5,35 2008an eta % 2,97 2004an-.
Egoera ekonomikoak eta lanaren egoerak modu nabarmenean okerrera egin dute 2008. urtetik gaur egun arte, BAIk jasotako langabezia-tasaren hazkundeak erakusten duen moduan (2008ko IV. hiruhilekoan 8,32 egin zuen gora eta 2011ko III. hiruhilekoan 12, 17). Horrek guztiak adierazten du ondorioz gure lurraldean haurren pobrezia egoerek gora egin dutela.