2.2.6. Mendeko adingabeak
Mendeko haur eta nerabeentzako arretak badu arau-babesa, Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean. Babes hori ez da guztiz berria, legea onartu den arte autonomia-erkidegoak arduratu izan baitira beren eremu geografikoetan mendeko pertsonentzako gizarte-zerbitzuak garatzeaz, baina bada aurrerapen eztabaidaezin bat gizarte-politiken arloan; izan ere, eskubide subjektibo berri gisa aitortzen eta arautzen du mendeko pertsonek legean bertan aurreikusitako prestazioak eta zerbitzuak eskuratzeko duten eskubidea, eta, horrenbestez, administrazio publikoen gain uzten du autonomia sustatzeko eta mendeko pertsonak zaintzeko erantzukizuna.
Lege horretako azken xedapenetatik lehenak, prestazioetarako eskubidea gauzatzeari buruzkoak, mailaz maila gauzatuko dela xedatzen du, onartu zenetik 2013ra bitartean. Hala, 2011ko urtarrilaren 1ean, mendekotasun arina mailarik larrienean duten pertsonak (I. gradua, 2. maila) sartu ziren mendekotasun-prestazioen onuradun gisa. Ezarritakoaren arabera, prozesu hori 2013ko urtarrilaren 1ean burutuko da, 1. mailako mendekotasuna duten pertsonak sartuta. Alabaina, aurrekontu, zerga eta finantza arloan premiazko neurriak hartzen dituen abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege Dekretuak aldatu egiten du aurreikuspen hori, azken xedapenetako hamalaugarrenean, era honetara:
III. eta II. graduko mendekotasuna duten pertsonek (mendeko handiak eta ertainak) ez dute aldaketarik izango arretarako eskubideari dagokionez, ezta I. graduko eta 2. mailako mendeko txikiek ere, 2012ko urtarrilaren 1a baino lehen baloratu badira.
Hori atzerapen deitoragarria iruditzen zaigu autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeko araudiaren ezarpenean, eta espero dugu euskal administrazio publikoek zuzenduko dutela hori, babes-maila gehiago ezartzeko duten ahala baliatuz.
Arauen esparruko beste berritasun bat otsailaren 11ko 174/2011 Errege Dekretua onartu izana da. Horren bidez, onartu egin da Autonomia Pertsonala Sustatzeko eta Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak mendekotasun-egoera baloratzeko ezarri duen baremoa, eta aplikazio-aldi honen ostean behar-beharrezkotzat jo diren hainbat hobekuntza gehitu ditu. Hala, Mendekotasuna Baloratzeko Baremoa (MBB) eta 3 urtetik beherakoentzako Berariazko Balorazio Eskala (BBE) aldatu dira; horrekin batera, balorazioaren jardunbide profesionalean orientatzeko gidak argitaratu dira, eta espero da horiek hobekuntza nabarmena ekarriko dutela dementzia eta buru-nahasmendu larria duten pertsonen balorazioan, bai eta sentimen-desgaitasuna dutenen balorazioan ere.
Baina erakundeak arlo honetan egin duen jardueraren alderdirik esanguratsuena EAEn Norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko legearen aplikazioa txosten berezian jasota geratu da. Hain zuzen, txosten hori 2011ko ekainean argitaratu zuen erakunde honek, eta, horren bidez, sakonki aztertu zuen EAEn mendeko pertsonentzako arretaren egoera zein den. Talde guztiak bat datoz txostenaren ondorioetan jasotako ahulgune edo hobetu beharreko esparru nagusiekin, haiei ere eragiten dieten aldetik. Hala, hiru lurralde historikoetan Legea desberdin aplikatzeak (eta, ondorioz, eskubideez desberdin gozatzeak) dakartzan arazoek, finantzaketa behar bestekoa ez izateak sortzen dituen arazoek, irizpide bateraturik ez duen informazio-sistema baten ondoriozkoek nahiz mendekotasun-egoera aitortzeko eta sistemako prestazioak adjudikatzeko prozedura administratiboetan ikusi diren disfuntzioei loturikoek mendekoak zaintzeko sistemaren erabiltzaile guztiei eragiten diete, haurrak eta nerabeak barne direla.
Era berean, euskal administrazio publikoei horren inguruan egindako gomendioak sistema hobetzeari buruzkoak izan dira, erabiltzaileei arreta hobea ematea ekarriko duten hobekuntzei buruzkoak hain zuzen, izenburuak irakurrita iragar litekeen bezala. Nolanahi ere, adingabeei eragiten dieten kontuen gaineko kezkaren argitan, hartzaileak berariaz haur eta nerabeak dituen 11. gomendio luzean proposatutako neurrietako bi nabarmenduko ditugu.
Horietako lehenengoan (11.11 gomendioa) honako hau eskatzen da: Menpekotasun-egoeran dauden adingabe guztiek, haien jatorri nazionala edo aldez aurretiko administrazio-egoera zeinahi izanda ere, berdintasun-printzipioari jarraiki, baita neska-mutilak beren jatorri nazionalagatik diskriminatzeko debekua betez eta adingabeen interesa aldi berean dagoen beste edozein interes legitimoren aurretik lehenesteko printzipioa betez ere.
Eskubidearen titulartasuna ezingo du oztopatu haren gurasoen egoera administratiboak, ezta administrazio-egoera erregularrean epe jakin bat daramatela ziurtatu ezin izateak ere.
Horri dagokionez, oso positibotzat daukagu Bizkaiko Foru Aldundiaren azaroaren 29ko 179/2011 Dekretu berria, familia barruko zaintzetarako prestazioa arautzen duena. Izan ere, ezartzen du onuraduna adingabekoa denean ez duela bete beharko aldez aurretik estatuan bizi beharreko gutxieneko epea. Horrez gainera, malgutu egiten ditu ahaidetasun-betekizunari dagokionez zaintzaileak bete behar dituen alderdietako batzuk, eta harrera-kasuei ere ematen die leku.
Nabarmendu beharreko neurrietako bigarrena da bultzatu egiten duela Arreta Soziosanitariorako Euskal Kontseiluak 2011ko otsailaren 28an onartutako Euskal Autonomia Erkidegorako Arreta Goiztiarraren Ereduari buruzko dokumentuan jasotako proposamen eta aurreikuspenak gauzatzera. Horretarako, dagozkion tresnak sortu eta egokitu beharko dira; gizarte-, osasun- eta hezkuntza-arloko sistemak koordinatzeko bide egokiak sortu beharko dira; beharrezko baliabideak ezarri beharko dira arreta 6 urteetara luzatzeko; araudi espezifiko bat onartu beharko da Araban eta Gipuzkoan, eta dagoena egokitu beharko da Bizkaian. Horren guztiaren xedea da erasandako haurrek dituzten gabezien arriskuak prebenitzea, goiz detektatzea eta fisikoki, mentalki eta sozialki albait gehien gara daitezen lortzea.
Horri dagokionez, albiste ona da, halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak 2011ko uztailean 150/2011 Foru Dekretua onartu izana. Horren bidez, 2011. urtean estimulazio goiztiarrerako banakako laguntzak emateko oinarri arautzaileak eta deialdi publikoa onartzen dituen abenduaren 15eko 157/2010 Dekretua aldatu zen, eta jadanik arreta goiztiarra 6 urteetara luzatu zen, aurreko paragrafoan azaldutako gomendioan eskatu den bezala.
Nolanahi ere, kontuan hartuta Arabako lurralde historikoan arreta goiztiarrean izandako atzerapenen ondorioz kexa batzuk jaso ditugula eta arduratu egiten gaituela Arreta Soziosanitariorako Eusko Kontseiluaren otsailaren 28ko akordioa gauzatzeak eta desgaitasunen bat jasateko zamarekin edo arriskuarekin jaiotako haurren arloko koordinazio soziosanitarioa finkatzeak, berriki ofiziozko espediente bat ireki dugu EAE osoan arreta goiztiarra hobetzearen inguruan. Horren berri geroagoko txostenen bidez emango dugu.