2.1. Neska-mutilen eta nerabeen edo haiei buruzko kexa-espedienteak: gerturatze kuantitatiboa
2011an, haurren eta nerabeen presentzia edo inplikazioa argi eta garbi aipatzen zuten 292 kexa-espediente izan ziren guztira, Arartekoaren guztizko jardunaren ia %12,4. Komeni da azpimarratzea zenbaketa horretan hiru suposizio hartu direla kontuan:
Ez dira zenbatu baina aintzat hartu beharko lirateke diru-sarrerak bermatzeko errentaren inguruan zenbait familiek aurkeztu dituzten 290 kexak; izan ere, portzentaje altu batean familia horietan adingabeak daude. Analisi handirik egin gabe, hainbat ikerketek baliabide ekonomikorik eza eta ondasun materialak eskuratzeko aukerarik eza, hezkuntza eta osasuna, besteak beste, bezalako eskubideak aukera berdintasunez gozatzeko zailtasunekin lotzen dituzte. Horrez gain, pobrezia eta gizarte bazterkeria testuinguruek familian eta haurren ongizatean eragina daukate, hala nola, familia eta gizarte harremanetan, tratu txarren, indarkeriaren eta eskola uztearen aurrean zaurkorrago bihurtuz. Krisi ekonomikoak eta enpleguaren egoerak hainbat familiatan eragina eduki dute eta, aldi berean, bizitzeko gutxieneko errentak bermatzen dituzten (azken babeserako sarea) politika publikoetan egon den atzerakadak, zalantzarik gabe, arriskuan jartzen ditu familia horietan hazten diren haurren garapenerako aukerak.
Kexa aurkezten duen pertsonari dagokionez, baieztatu dezakegu soilik kexen % 11 adingabeak berak aurkeztu dituela eta ia kasu guztietan legezko adin nagusitasunetik oso gertu dagoen gaztea izan da. Izan ere, aipatu beharra dago adingabe horien ia % 60 orain dela gutxi arte babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako egoitza-baliabideen erabiltzailea izan dela eta euren emantzipazio prozesuari lotutako arazoak mahaigaineratu dituzte. Kexen gainontzeko % 89 helduek aurkeztu dituzten kexak dira, eragindako adingabeak hizpide dituzten egoeren berri eman digutenak. Horietatik 32k, edo % 12,3k, titulartzat elkarte edo erakunde kolektibo bat daukate eta kasu guztietan zenbait haur eta neraberi eragiten dieten egoerak aurkeztu dizkigute.
1. grafikoa. Kexen banaketa, adingabearekiko harremanaren arabera
Iturria: guk geuk egina
Gaikako esparruen araberako espedienteen sailkapena (horren azterketa xehatua txosten honetako 2.2. ataleko muin nagusia osatzen du), ondorengo grafikoan islatutakoa da:
2. grafikoa. Kexen banaketa, arlo tematikoaren arabera
Iturria: guk geuk egina
Jaso ditugun 292 kexen artean eta txosten hau idatzi zen unean eskura genuen informazioari jarraiki, 42 gaitzetsi egin dira eta gainontzekoak itxita (bakoitza bere emaitzarekin) edo izapidetzearen fase jakin batean daude.
3. grafikoa. Baztertutako eta tramiterako onartutako kexen ehunekoa
Iturria: guk geuk egina
Kexak ez onartzeko hiru arrazoi nagusiak (arrazoien % 71,4 biltzen baitute) hauek dira: Ararteko erakundearen eskumenen eremutik kanpo dagoen gai bat izatea (% 33,3), epaiaren ebazpenaren zain dagoen kontu bat izatea (% 21,4) eta irregulartasunen bat dagoela bistakoa izatea (% 16,7). Gainontzeko % 28,6 Herriaren Defendatzaileari igorri zaio, azaldutako gaien inguruan duen eskumena aintzat hartuta, egokitzat jotzen badu ikertu ditzan. Hiru kasutan ez da aldez aurretik dagokion administrazioaren aurrean erreklamaziorik aurkeztu edo erantzuteko legeak ezarritako epeen zain gaude; beste hiru kasutan, partikularren arteko arazoak dituzte hizpide eta azken bi kasutan ezin izan dira izapidetu anonimoak izateagatik edo formari dagokionez akatsen bat egoteagatik.
Edonola ere, kasu horietan kexan azaldutako egoeraren gaineko ikerketa edo esku-hartzea posible izan ez bada ere eta bistakoa den irregulartasun baten ondorioz gaitzetsi diren kexak alde batera utzita, izapidetzeko onartu ez diren kexen azterketak informazio baliagarria eman digu herritarrek euren eskubideak arriskuan ikusi dituzten egoerei buruzkoa. Izan ere, kapitulu honetako bigarren atalean, egoera horietako batzuk hizpide dituzten oharrak ikusi ahalko dira, bai eta arreta bulegoetan antzeman diren eta goian aipatutako arrazoien pareko arrazoimenen ondorioz kexa bihurtu ez diren batzuk ere.
Bestalde, Defentsa Bulego honen irizpidea honako hau da: alde batera utzita aipatutako eskumen-eragozpenen ondorioz erreklamazio bat formalki izapidetu dezakegun edo ez, erreklamazio hori jarri duenari gure esku dagoen laguntza guztia eman behar diogula, betiere haren funtsa egiaztatu badugu. Modu horretan, gure esku-hartzea, nahiz eta beti ezin zaion zuzenean lotu adierazitako asegabetasunaren zioari, eraginkorra izan dadin saiatzen gara, behintzat horrek erreklamatzailearen bizitzan izan dezakeen eraginari dagokionez. Horixe da hurrengo orrialdeetan jaso ditugun jardueretako batzuen helburua.
4. grafikoa. Baztertutako kexak: baztertzeko arrazoiak
Amaitzeko, esan beharra dago gure jardueraren zati gehienaren jatorria aditzera eman ditugun kexak direla. Dena den, kexa horiek azaltzen dizkiguten arazoek banakako kasuak gainditzen dituztenean edo gizartean alarma pizten dutenean, gure ustez haurren eskubideetako bat arriskuan jartzen ari den egoera bati dagokionez, Ararteko erakundearen jarduketa-planak ofiziozko espedienteak abian jartzea aurreikusten du. Horren inguruan arituko gara hurrengo ataleko gaien azalpenaren harira.