2.2.4.1. Familia-politika
2011ko abenduan, Euskal Autonomia Erkidegoan Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Plana (2011-2015) onartu zen. Horren bidez, familiei laguntzeko datozen bost urteetako politika publikoei forma emango dieten estrategia eta helburuen esparrua aurkeztu da, eta, hala, jarraipena eman zaio 2002an lehenengo planarekin hasitako plangintza- eta koordinazio-lanari.
Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzarekin izandako bileraren esparruan, jakinarazi ziguten plan hori testuinguru ekonomikoak baldintzatu duela; izan ere, testuinguru horrek inoiz baino gehiago behartzen du lehentasunak ezartzera. Edonola ere, aurrekoekin alderatuz plan berriak dakarren aldaketarik nabarmenena kualitatiboa da: zeharkakotasuna ideia gidari gisa agertzen da; hain zuzen, horren xedea da ondorio eraginkorrak lortzea Jaurlaritzako beste sail batzuen eta beste euskal administrazio publiko batzuen inplikazioari eta konpromisoari dagokienez. Badirudi plana ondo hartzen ari direla, are tradizionalki hain irekiak ez diren sistemetan ere, eta hori berri ona da. Nolanahi ere, gu ere erne gaude, familiaren funtzioaren birbalorazio horretan ez ote den eragiten ari zenbait gizarte-sistemari eusteko dagoen zailtasuna. Planaren beste elementu aipagarrienetako bat da jarduketa-ildo berriak ireki dituela, gaur arte aztertutako bideez bestelakoak; izan ere, familien gastuen araberako konpentsazio-politika gainditu nahi da, eta familiei laguntzeko beste zerbitzu-eskaintza bat sortu.
Arartekoan adierazi genuen bat gentozela plan berriaren oinarrian dagoen ildo orokorrarekin eta filosofiarekin, eta, une hori baliatuz, gure erakundean jasotako kexekin zerikusia duten auzi batzuen berri ere eman genuen:
- • 255/2006 Dekretuak arautzen dituen seme-alabengatiko diru-laguntzen sistemari dagokionez, berriro adierazi genuen laguntzak modu automatikoan ematearen alde gaudela (Europako beste herrialde batzuetan gertatzen den bezala); izan ere, horrek erraztu egingo luke laguntzen kudeaketa, eta unibertsal bihurtuko lituzke. Halaber, adierazi genuen komenigarria litzatekeela zuzeneko laguntza horiek koordinatzea, zerga-neurriak areagotuta. Dena dela, uste dugu beharrezkoa dela euskal lurralde osoan familiei aplikatuko zaizkien zerga-hobarien irizpideak bateratzea (tokiko zergak eta tasak barne direla) eta gaur egun errentarako ematen diren zerga-hobariak handitzea. Zuzendaritzak horren inguruan argitu zigun, seme-alabengatiko diru-laguntzei buruzko 255/2006 Dekretuari dagokionez, balizko erreformari heldu aurretik hobetu litezkeen esparru guztien berri izan nahi dutela, aldatu beharreko alderdi guztiak zehaztu daitezen. Era berean, adierazi zuen familia-errenta estandarizatuaren prozedura arautu asmo dutela, familiei era guztietako laguntzak emateko irizpideak bateratzeko.
- • Lana eta familia bateragarri egiteko baimenei dagokienez, berriz ere langile autonomoen kexen berri eman genuen; izan ere, ez dira sartzen lana eta familia bateragarri egiteko laguntzei buruzko 177/2010 Dekretuaren aplikazio-eremu subjektiboan. Uste dugu Eusko Jaurlaritzak sistema bat era dezakeela arlo horretan iruzurra kontrolatzeko, hori baita pertsona horiek halako laguntzen onuraduntzat ez hartzeko arrazoi nagusia.
Gai horri berari buruz, zehazki 8 eta 12 urte bitarteko seme-alabengatiko baimenei dagokienez, adierazi genuen Enplegatu Publikoaren Estatutuaren eta Langileen Estatutuaren artean desberdintasunak daudela, eta hori bereizkeria argitzat daukatela eremu pribatuko langileek. Lege-kontu bat dela onartuta, iradoki genuen ezar daitezela neurriak, Zuzendaritzaren eskumenen esparruan, diferentzia hori leuntzeko. Zuzendaritzak jakinarazi zigun abian direla laneko malgutasunari buruzko azterlan bat, enpresa-talde txiki batekin egiten ari diren esperientzia pilotu bat eta gaia gizarte-eztabaidarako mahaian sartzea.
- • Iradoki genuen era daitezela guraso bakarreko familiei lehentasuna emango dieten konpentsazio-neurriak, zailtasun gehigarriak baitituzte egoera guztiei aurre egiteko, edo, familiei laguntzeko 13/2008 Legearen hitzetan esanda, zaugarritasun-egoera objektiboan baitaude.
Modu osagarrian, interesgarria iruditzen zaigu, dokumentu honetan zehar Arartekoarentzako interes berezikotzat edo kezkagarritzat azaldu diren alderdiekin duen loturagatik, Zuzendaritza horrek 2011. urtean landu dituen helburuetako hiru aipatzea:
- • Familia-ereduen aniztasunaren gainean sentsibilizatzea.
- • Lana eta familia bateragarri egitearen eta erantzukidetasunaren inguruan sentsibilizatzea.
- • Gurasotasun positiboaren aldeko programak sustatzea, dauden programak detektatuta eta ebaluatuta, eta ondoren programak diseinatuta.
Atal honen amaieran, jakinarazi dugu 2012rako txosten berezi bat egitea erabaki dugula Euskal Autonomia Erkidegoan familiei laguntzeko politika publikoen inguruan, eremu horretan dauden politika publikoen egoera argitzeko, bai eta euskal familiek zer premia dituzten eta zer eskatzen duten argitzeko ere. Txostenean, beste hainbat konturen artean, familia ugarien egoera aztertu dugu, Hirukide Euskadiko Familia Ugarien Elkarteen Federazioarekin hartutako konpromisoa betez.
2.2.4.2. Familia homoparentalak
Iaz Eusko Legebiltzarrarentzat egin genuen txostenean jakinarazi genuen hainbat arazo aurkitu genuela bi emakumek osaturiko ezkontzen barruan seme-alabatasuna legez zehazteko, eta horren analisi sakona egin genuen gure 4/2010 Gomendio Orokorrean.
Bi emakumek osaturiko ezkontzen barruan lagundutako ugalketa-tekniken bidez jaiotako seme-alaben ama ez-biologikoen amatasuna legez zehazteari dagokionez, 2010ean ofiziozko jarduketa bat hasi genuen, erregistroko gaur egungo jardunbideak berrikus daitezen sustatzeko. Erakunde honen iritziz, lagundutako ugalketa-teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legean auzi hori modu anbiguoan zehaztu zela eta, erregistroetan ez ziren modu berean jarduten ari, eta zenbait kasutan litekeena zen bereizkeria-egoerak ere sortzea bi emakumek osaturiko ezkontzen barruan.
2010. urtearen amaieran, eskumen-arrazoiengatik, Herriaren Defendatzaileari helarazi genion arazoa, lege-interpretazioa argitzeko bidezkotzat jotzen zituen jarduketak has zitzan. Gure jarduketaren emaitza gisa, jakin dugu Justiziako Estatu Idazkaritzaren ustez seme-alabak jaio ondoren ere adieraz daitekeela seme-alabatasuna onartzeko nahia —ama biologikoaren ezkontideari legez eskatzen zaio—. Horrek gure 4/2010 Gomendio Orokorrean planteatu genuen arazoa konponduko luke. Hala, horren berri Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailari eman genion, informazio hori EAEko erregistro zibilez arduratzen diren epaileen artean zabaltzeko.
Bestalde, Magala elkarteko ordezkariek adierazi ziguten kezkatuta zeudela halako familiak eskuarki eskoletan erabiltzen dituzten material didaktikoetan ikusten ez direlako, bai eta ikasleei errealitate horren berri ematea xede duten hezkuntza-material espezifikoak urri direlako eta are ez daudelako ere. Elkarte horren asmoa da Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan guraso bakarreko familien integrazio eta normalizaziori bide emango dioten ikasmaterialak heda daitezen sustatzea. Ildo horretan, adierazi digute zailtasun handiak izan dituztela halako materialak euskaraz lortzeko, ikastetxeetan zabaldu ahal izateko; izan ere, gehienak ingelesez, gaztelaniaz eta katalanez daude, eta euskarara itzuli behar izaten dituzte; horretarako, erakundeen laguntza bilatzen dute. Konpromisoa hartu dugu arlo horretan Eusko Jaurlaritzaren laguntza lortzeko, eta, aldi berean, adierazi diegu Europako proiektu batean sartuta gaudela (Rainbow). Horren berri zehatzagoa dokumentu honetako 6.4 idatz-zatian emango dugu.
2.2.4.3. Banandutako gurasoentzako informazioa
Aurten, ondoko auzi hau hainbat ikuspegitatik agertu da, eremu askori eragiten dien aldetik (hezkuntza, osasuna, ogasuna, errolda...): banandutako gurasoek zer informazio jaso behar duten Administrazioak haien seme-alabei buruz dituen datuen inguruan eta zer dokumentu aurkeztu behar dituzten. Horren inguruan aurkeztu genuen azaroaren 15eko 8/2011 gomendioan, xeheki azaltzen dira jakin ditugun egoerak, aplikatzen diren protokoloak eta instrukzioak, zuzenbide-oinarriak eta horren guztiaren ondorioak. Edonola ere, txosten orokorreko gomendioen atalean azaltzen den bezala, adierazi dugu seme-alabak beren ardurapean dauzkaten pertsona banandu batzuek zailtasunak izaten dituztela guraso gisa Legeak esleitzen dizkien eskubide eta betebehar jakin batzuk baliatzeko. Zailtasun horietako batzuk sortzen dira Administrazioak baldintza batzuk ezartzen dizkielako banandutako pertsonei guraso-ahala baliatzeko, batez ere —baina ez bakarrik— hezkuntzaren eta osasunaren arloan. Administrazioak adingabe bati buruzko datuak dituenean, haren intimitatea babestu beharra dauka; beraz, haren lege-ordezkariari baizik ezin dizkio datu horiek jakinarazi. Alabaina, hori egiaztatzeko, gurasoek, elkarrekin bizi badira, nahikoa dute familia-liburua aurkeztea; aldiz, bananduta badaude, guraso-ahala ez zaiela kendu ere frogatu behar dute. Osasun-arloan, zaindari ez den gurasoak "guraso-ahala egiaztatzen duen dokumentua" ere aurkeztu behar du. Hori horrela, kexatzeko arrazoiak hiru izaten dira:
- • Batetik, banantze-epaiak berez ez du egiaztatzen pertsona batek bere seme-alaben guraso-ahalari eusten dionik, baldin, normala den bezala, ez badago horri buruzko erabakirik, prozedura judizialik egin ez delako.
- • Bestalde, guraso-ahala ez zaie ematen gurasoei epai baten bidez, baizik eta Legearen aginduz; beraz, ondore horretarako ebazpen adierazgarri bakarra gurasoek seme-alabekiko duten betebeharra ez betetzearen ondorioz ahal hori kentzeko ematen dena da. Betebeharrak ez betetzea ezkonduen, bananduen zein ezkongabeen kontua izan daiteke; beraz, banantzea ez da berez betebeharrak ez bete izanaren zantzu. Inork ez luke frogatu beharko bere seme-alaben guraso-ahala, bananduta egoteagatik bakarrik, ahal horri dagozkion eskubideak eta betebeharrak arduraz betetzeko, hala nola haien osasunaz edo eboluzio akademikoaz arduratzeko.
- • Bestalde, intimitatea babestea ere bada kexen beste oinarri bat; hain zuzen, beste arrazoi batzuengatik banantzearen edo dibortzioaren ondorio ekonomiko eta pertsonalak Administrazioaren aurrean egiaztatu behar dituzten herritarrek jarri dituzte era horretako kexak. Horretarako, eskatu dute ebazpen judizial osoa aurkeztu beharrean aski izan dadila xedapenak aurkeztea.
Azaldutako egoera horiek aztertuta atera ditugu hala ebazpenean bertan (bistan denez) nola txosten orokorreko gomendio orokorretako IV. kapituluan nabarmendutako ondorioak.
Arrazoi horregatik hezkuntza-esparruan esku hartu behar izan genuen kasuetan, Ikastetxeen Zuzendaritzak 1997-06-16an horren inguruan ezarritako instrukzioen arabera jardun zuen Administrazioak. Arartekoaren gomendioa argitaratu zen garai berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horri buruzko beste instrukzio batzuk argitaratu zituen. Hain zuzen ere, instrukzio horietan gure gomendioaren muina hartu zuen kontuan Sailak, eta iradokitako elementuetako zenbait ere txertatu zituen, hala nola aski izatea ebazpen judizialen xedapenak soilik aurkeztea edo banantze-egoera aipatzea eta bi gurasoen posta-helbidea jasotzea matrikulatzeko inprimakietan eta aplikazio informatikoan. Alabaina, uste dugu instrukzio berriek ez dituztela konpontzen gure iritziz aurrekoen arabera jarraitutako irizpideek egokitasun juridiko aldetik sortzen zituzten arazoak. Desadostasuna alderdi hauen gainekoa da:
- • Instrukzioetako sarreratik ondorioztatzen den irizpideari dagokionez, hauxe da berriro ere gure gomendioa: guraso-ahalaren gaineko erabaki judizialak ez direla banantzeen edo dibortzioen ondorio, baizik eta gurasoek seme-alabekiko dituzten betebeharrak ez betetzearen ondorio, eta ez-betetze horiek berdin-berdin egin ditzaketela ezkonduek, ezkongabeek zein bananduek. Betebehar horiek ez direla bete dioen ebazpen judizialik ezean, guraso-ahala Legearen aginduz dator ezarria, seme-alabatasunaren ondorio gisa. Beraz, hori egiaztatzeko nahikoa froga izan behar dute familia-liburuak edo antzeko erregistro-agiriek. Horregatik, gomendatutakoaren aurka doa lehenengo instrukzioan jasotako eskakizuna, hau da, matrikulazio-eskaera egitean edo ikastetxez aldatzean ezinbestean aurkeztu behar direla banantzearen edo dibortzioaren gaineko ebazpen judizialaren xedapenak.
Jakina, badakigu ikastetxeetako zuzendaritzek arazoak izaten dituztela esparru horretan eta —ulertzekoa den bezala— eten egin nahi dituztela. Alabaina, lana errazte aldera eta ikastetxeetako zuzendaritzei arazoak saiheste aldera, uste dugu, ager litezkeen beste aldagai batzuk aintzat hartzeko eragozpen izan gabe, kontuan hartu behar dela honako hau:
– Helburua bada guraso-ahala kendu zaion pertsonak ezin baliatu ahal izatea ahal horri datxezkion eskubideak, hori ez du konpontzen banandutako pertsonek banantzearen gaineko ebazpen judiziala aurkezteko eskakizunak; izan ere, ebazpen horretan ia inoiz ez da hartzen horren gaineko erabakirik, eta, gainera, ahal hori berdin ken dakieke ezkonduta dauden pertsonei, bananduta daudenei zein ezkongabe direnei. Alderantziz, hori arazo-iturri izan liteke; izan ere, ez dago lege-oinarririk pentsatzeko pertsona bat banantzea, ezta seme-alaben zaintza eta babespea ez izatea ere, berez denik guraso-ahala kentzeko moduko zerbait egin izanaren zantzu. Ondorioz, zuzenbidearen aurkakoa da banantze edo dibortzio hori oinarri gisa hartzea pertsona horri legez bete beharrik ez duen betekizun bat ezartzeko, baldin eta guraso gisa daukan eskubidea, Administrazioak errespetatu eta are erraztu behar duen eskubidea, baliatuko badu.
– Banantzea, ostera, bada honako honen zantzu: gerta litekeela gurasoetako batek matrikulatzeko zein ikastetxez aldatzeko adierazi duen nahia ez izatea biena; elkarrekin bizi badira, berriz, logikoa da pentsatzea bien nahia izango dela hori, nahiz eta eskaera soilik aitak edo amak sinatu. Halako zantzurik bada, ikastetxeak ziurtatu behar duena ez da eskatzaileak al duen bere seme-alaben guraso-ahala edo zaintza, baizik eta Legeak horren inguruan erabakitzeko ahala ematen dien pertsonetako inor ez dagoela eskaera horren aurka: kasurik gehienetan, bi gurasoak izango dira, elkarrekin bizi badira zein ez; salbuespen gisa, horietako bat soilik izango da, besteari guraso-ahala kendu bazaio, edo bestela, biei kendu bazaie, tutoretza duen pertsona edo erakundea. Izan litekeen arazo hori konpontzeko, instrukzioak honako hau xedatu beharko luke gure gomendioarekin bat etortzeko: gurasoak elkarrekin bizi ez badira biek sinatu beharko dituztela matrikulatzeko edo ikastetxez aldatzeko eskaerak, eta banandutako bikote bateko kide batek alde bakarretik egiten badu eskaera hori, adierazi beharko zaiola beste kidearen baimenik ez badu —kasu horretan bai— horretarako ahalmena ematen dion ebazpen judiziala aurkeztu beharko duela, hau da, egiaztatu beharko duela beste gurasoari kendu egin diotela hezkuntza-arloko guraso-ahala; halakorik aurkezten ez badu, 2. instrukzioan ezarritakoa aplikatuko litzateke, hau da, eskaeraren kopia beste gurasoari bidaliko zaio, eta ohartaraziko zaio eskaera hori izapidetu egingo dela, hamar egun igaro baino lehen horren aurka dagoela adierazten ez badu.
- • Azkenik, seme-alabei buruzko informazioari dagokionez, hirugarren instrukzioa ez dator bat gure gomendioarekin; izan ere, uste dugu informazio bera eman behar zaiela, eta baldintza berberetan, bi gurasoei, bananduta egon zein ez egon edo zaintza eta babespea izan zein ez izan. Beraz, gure ebazpenean esandakoari lotuko gatzaizkio, hala banandutako gurasoek informazioa lortzeko aurkeztu behar duten egiaztagiriari dagokionez, nola ikastetxeari egiaztagiri hori emateko betebeharrari dagokionez, eta, berezi-bereziki, bi gurasoen parte-hartzeari buruz esandakoari dagokionez; hain zuzen, parte hartzea ez da soilik errendimendu akademikoaren gaineko informazioa jasotzea, baizik eta eskola-komunitateko instantzia guztiekin —tutoreak, eskolaz kanpoko jardueretako arduradunak, orientatzaileak, gobernu-organoak eta abar— elkarreraginean aritzea da.
Bestalde, gomendio horrek psikologia-kabinete baten kontsulta bati ere eman zion bide. Hain zuzen, kabinete horrek galdetu zigun zenbateraino zeuden bertako profesionalak behartuta arreta psikologikoa jasotzen zuen adingabe bati buruzko informazioa ematera zaindari ez zuen gurasoari. Planteatu ziguten kasu hori aipaturiko gomendio orokorra emateko zio izan genituen kasuez bestelakoa zen. Hain zuzen, ezkontide hark zaintza ez izatea ez zen garrantzitsua erabakia hartzeko, edo, bestela esanda, gure iritzia ez zen bestelakoa izango, baldin eta aita eskatzaileak bere alabaren zaintza eta babespea izan balu.
Kabineteari gure iritzia helarazi genion, kasu berezia baitzen, hots: aitari informazio hori emanez gero —bera zaindaria izan zein ez—, nahi ez zen eragin bat sor zezakeen adingabeak bere terapeutarengan zuen konfiantzari zegokionez. Gure iritziz, adingabearen interes gorenaren babesak egon behar zuen hari eragingo zion edozein jarduketaren oinarrian, eta emandako informazioak ez zuen inola ere talka egin behar lanbideko sekretua eta pazientearen eta profesionalaren arteko itun terapeutikoa bermatzearekin. Gure ekarpena alde batera utzirik, kabineteari iradoki genion egokia litzatekeela horri buruz elkargoan hitz egitea, eta hainbat erreferentzia eskaini genizkion, hala nola haur eta gazteen osasun mentaleko zentroena, era horretako kasuetan nola jardun jakiteko ereduak bildu ahal izan zitzan.
2.2.4.4. Familia-barruko indarkeria (seme-alabek gurasoen aurka egindakoa)
Haur eta Nerabeentzako Bulegoak 2010eko txostenaren ondorioetan adingabe arau-hausleen inguruan aipatu zituen bi elementu kezkagarrienetako bat zen etengabe ugaritzen ari zirela familia-barruko eta bikotekidearen aurkako indarkeria-delituak. Jadanik 2004an, Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzak arazo horren inguruko lehenengo kezka adierazi zuen; izan ere, familia-barruko indarkeria-delituei loturiko 43 neurri zenbatu zituen (guztizkoaren % 5 inguru), kautelazkoak eta irmoak batuta. Zuzendaritza horrek harreman afektiboetan indarkeriazko portaeren ezaugarriak zituzten delitu guztiak sartu zituen kalifikazio horren barruan. Hala, kontuan hartu zuen bai gurasoen edo pertsona agintedunen eta bai bikotekideen aurkako indarkeria, eta baita familia-indarkeriaren ondoriozko delituak nahiz iseka, irain, mehatxu eta abarren ondoriozkoak ere. Orduz geroztik, ugaritzen ari dira familia-barruko eta bikotearen aurkako indarkeriarekin loturiko delituak; hain zuzen, 2009an ia % 30 gehitu ziren, eta 2010ean beste % 4,7 igo ziren. Urte horretan, neurrien herenak neskei aplikatu zitzaizkien (aurreko urteko portzentajeen halako bi). Datu horiek ikusita, erabaki genuen ofiziozko jarduketa bat hastea, instantzia publikoek gorantz egiten ari zen errealitate horri zenbateraino eta nolako kalitatez erantzuten zioten jakiteko.
Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Familia eta Komunitate Politikarako zuzendaritzetatik, fiskaltzatik, Bizkaiko Foru Aldundiko Haurren eta Emakume eta Familien zerbitzuetatik eta UPV/EHUtik eta Deustuko Unibertsitatetik jasotako informazioaren emaitza gisa, baiezta dezakegu jadanik eragile instituzional eta sozial askok ikusi dutela errealitate berri hori, eta ematen den arreta ez dela hasieran uste genuen bezain antzua.
Batetik, aipaturiko bi unibertsitateetako ikerketa-taldeak azterketak egiten ari dira, instantzia publikoek babesturik, gertakaria azaltzeko, hobeto ezagutzeko, zeren ondorio izan ote litekeen eta zein aldagaik esku hartzen duten jakiteko, erantzun eraginkorragoak egituratzeko bidean argia ekarri nahian. Jakin ahal izan dugunez, erreferentzia gutxi dago nazioarteko literatura zientifikoan horri buruz, eta profesionalak gonbidatzen dituzten foroetan eta topaketetan parte hartzearen ondorioz Espainiako Estatuan errealitate horri buruz ezagutzen denez, esan liteke Euskal Autonomia Erkidegoak baduela halako erreferentzia-maila bat, hala ikerketari dagokionez nola esku-hartzeari dagokionez.
Hala gertakari horretara berori azaltzeko asmoz gerturatzen diren eragileak nola esku hartzeko xedez hurbiltzen direnak bat datoz komunikabideek adingabe erasotzailearengan jarri ohi dutela arreta, eta adierazi ohi dutela halako portaerak ugaritzen ari direla, neska-mutilak hazten ari diren gizarte horren balioei eta ezaugarriei lotu gabe. Adingabe horiei buruz ematen den irudi publikoa lerratu samarra izaten da, neska-mutilak errudun gisa eta gurasoak biktima gisa agerrarazten dituen neurrian; alabaina, haiekin hurbiletik eta modu jarraituan lan eginez gero, ikusiko dugu seme-alaba horiek ere familia-gatazka garrantzitsuak erakusten, agertzen dituztela, eta beraiek ere gatazka horien biktima direla. Abiapuntuko jarrera horrek erru handia egozten die adingabeei, eta gurasoak erantzukizunaz gabetzeko halako arrisku bat dakar, "norbaitek" (hirugarren batek) semea edo alaba "aldatzeko" zain geratzen baitira.
Arazoari sistematikoki begiratuz gero, ikusiko genuke gatazkak daudela familia-sisteman, eta kide guztiek dutela halako erantzukizun bat. Hemendik, aldaketa-prozesuan erantzukidetasunez jokatzeko deia egin dezakegu, eta oinarri egokiak ezarri, prozesu terapeutikoan alderdi guztiak inplikatzeko; izan ere, bistan da, auziari ez litzaioke soilik adingabearen banako ikuspegitik heldu behar.
Ezagutu ahal izan ditugun hiru esku-hartze programetan, familia-gatazkatzat hartzen da, baina, esku hartzeko zer testuinguru baliatzen duten, errazagoa edo zailagoa da familia-sistema osoarekin esku hartzea. Hala, bada:
- – Bizkaiko Foru Aldundiko Emakumeen eta Familien Hobetzen programak familian osoki esku hartuta jorratzen ditu seme-alabek gurasoekin indarkeriaz jokatzen duten egoerak, familia-dinamikan ezarritako harreman-eredua aldatzeko asmoz eta harreman-eredu osasungarriago eta gogobetegarriago bat ikasteko asmoz (azken xedea: familia-harremanetan indarkeria desagertzea). ikuspegi horrekin bat etorriz, programaren hartzaileak familiak dira (aita-amen aurka indarkeria erabiltzen duten 10 eta 21 urte bitarteko seme-alabak dituztenak), hala adingabea familiarekin bizi zein ez, nola familiarengandik bananduta egon, aldi baterako edo betiko.
- – Aldundi horretako Umeen Zerbitzuan, berriz, bizitegi-baliabide batean ematen zaio arreta problematika horri, eta, bertan, gizarte eta hezkuntza arloan esku hartzen da familiekin eta nerabeekin; nolanahi ere, kontuan hartzen da neska-mutil horiek ez direla beren familiekin bizi, horietako askok administrazioaren esku utzi baitute zaintza (zaintza administratiboa). Hala programa honetan nola aurrekoan, esku-hartze planak hiru ardatz hauen arabera egituratzen ditu jarduketak: nerabea, amak, aitak edo beste senitarteko batzuk, familia-sistema osoa; eta esku hartzeko modalitate hauek hartzen ditu kontuan: banakakoa —familiako kide bakoitzaren alderdi arazotsuak, gabeziak eta baliabide pertsonalak—, familiakoa —problematika harremanean oinarrituta azaltzen du eta aldaketa-prozesua sustatzen du familiaren harremanen dinamikan— eta taldekoa —seme-alabak eta gurasoak, bereizirik—.
- – Gazte Justiziaren Sistemaren esku-hartzea izugarri mugatzen dute egindako delituak eta horri dagokion zehapenak. Horrek bi berezitasun ematen dizkio: epe mugatua dute lan egiteko, eta epe hori ez dator beti bat oneratzeko prozesu hezitzaile eta/edo terapeutikorako behar denarekin; ezarritako neurri irmoetako gehienek ez dute askatasuna kentzen (2011n, 35 pertsona utzi dira aske kontrolpean, baliabideetan eta programetan parte hartzeko betebeharrarekin, 14 sartu dira egoitzetan eta 3 hezkuntza-talde batean bizitzen jarri dira), baina egoera askotan eman da urruntze-agindua, eta horrek zaildu egiten du hizpide dugun harremanean oinarritutako lan sistematiko hori. Bestalde, komeni da adieraztea ez dagoela tipologia horretarako baliabide espezifikorik, baina esku-hartze pertsonalizatua hasten den unetik bertatik, halako portaerak berariaz jorratzen dituen jarduketa-plan bat diseinatzen da.
Programa horietan parte hartzen ari diren familien eta pertsonen bereizgarriei dagokienez:
- • Familia "normalak" dira, gehienak "hemengoak bertakoak". Familia horietako askotan, amaren esku dago osoki seme-alabak haztea, hala familia monomarentalak direlako, nola familia horretan (banandua zein ez) aitak ez duelako laguntzen seme-alabak hezten, familia-dinamikatik kanpo dagoelako.
- • Guraso bakarrekoak ez diren familien ehuneko handi batean desadostasun handiak daude gurasoen artean hezkuntza-ereduen inguruan. Hezkuntza-estilo permisiboak dira (gizartean onartuta dauden balio jakin batzuekin bat etorriz), eta seme-alabek denbora asko pasatzen dute bakarrik etxean, zainduko dituen inor gabe. Arazoei heltzeko indarkeria-ereduak baliatzen dituzte kasu asko eta askotan, batez ere Gazte Justiziaren Sistemak jorratzen dituen kasuetan.
- • Nagusiki erdi mailako klasekoak dira, eta, beraz, pobrezia ez da arrisku-faktorea. Gurasoen prestakuntza-maila eskola-graduatutik gorakoa da, eta lanari dagokionez aktibo daude.
- • Ehuneko izugarri handi batean, amei egiten zaie eraso, eta erdira jaisten da ehunekoa aiten kasuan, are familia-sisteman modu aktiboan parte hartzen dutenak soilik zenbatuta.
- • Nerabeei dagokienez, ohikoagoak dira 15 urtetik aurrerako nerabeak, eta, sexuari dagokionez, parekatzen ari dira, nabarmen. Ez dira eskolatik, zirkuitu akademikotik kanpora ateratako nerabeak, baina ehuneko handi batek errendimendu eskasa du. Alkohola eta cannabisa eskuarki kontsumitzeak areagotu egiten du familian indarkeriaz jokatzea. Zenbait kasutan, nortasun-nahasmendua edo AGNHa diagnostikatu zaie.
Arloko profesionalen diskurtsoan behin eta berriz agertzen den beste ideia bat da beharrezkoak direla prebentzioa eta esku-hartze goiztiarra.
Beraz, ondorio gisa, honako hau adierazi behar dugu:
- • Beharbada genero-indarkeriarekin gertatu zen moduan, denbora asko behar izan da gurasoekin indarkeriaz jokatzen duten seme-alaben errealitate hori jendaurrean agertzeko, eta, horren ondorioz, erantzunak berandu egituratu dira. Badirudi batez ere azken urte hau oso ona izan dela alde horretatik, ugaritu egin baitira antolatutako profesionalen foroak, kongresuak eta topaketak.
- • Ez dirudi errealitate horrek gutxitzera egingo duenik; aitzitik, gizartean nagusi diren zenbait baliok eta gizarte konplexu honetan seme-alabak hezteko dauden zailtasunek pentsarazten digute halako portaerek goranzko joera izango dutela.
- • Hori horrela, premiazkoa da erantzun-aukera zabal bat izatea, hala nola: prebenitzea eta arreta goiztiarra ematea, gurasoen eskolak edo laguntza emozionala eta hazierarako tresna praktikoak emango dituzten antzeko ekimenak aktibatuta; udal gizarte zerbitzuek gizarte eta hezkuntza arloan talde-lanean jardun dezaten sustatzea, arazo hasi berriak detektatzeko eta familiei laguntzeko; eta programa zehatzak garatzeko apustu irmoa egitea (lehendik daudenak eta aktibatzea beharrezkotzat jotzen diren beste hainbat), ikuspegi sistematiko batetik (familia) psikoterapiaren eta gizarte eta hezkuntzaren arloan osoki heltzeko.