VI) Haurren eskubideak errespetatuko dituen kultura bat sortzen laguntzeko jarduerak
6.1. Gizarte-eragileekiko lankidetza
Arartekoak, eta zehazkiago Haur eta Nerabeen Bulegoak, dokumentu honetako lehenengo kapituluan adierazi bezala, bere jarduketa-ildoen artean argi eusten dio haurren eta nerabeen esparruan lanean diharduten gizarte-eragileekin elkarlanean aritzeko aukerari. Bai haien eskubideak jendarteratuz edo defendatuz, eta bai, askotan, batez ere egoera arazotsuetan dauden adingabeen sektoreentzat diren baliabide jakin batzuk kudeatuz.
Lankidetza-harreman horri dagokionez, urtero zehazten da, eta hainbat formatutan egiten da: bilerak, bisitak, kolaborazioak dokumentu edo proposamenetan, informazio-eskaerak eta abar.
UNICEF, Save the Children eta Amnesty Internationalekin egindako alde biko bileretan, helburutzat hartu da haurren eta nerabeen errealitatearen inguruan elkar aberastea, bai eta lankidetzarako ildoak, arloak eta proiektu zehatzak aztertzea ere. Horietako batzuk aipatzearren, adieraziko dugu Unicefen Hiri Adiskideak programa adingabeei beren eremurik hurbilenekoan ahotsa emateko apustu serio bat iruditzen zaigula, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alaben errealitatearen gaineko kezka Save the Children-ekin konektatzeko lotura garrantzitsua izan dela, eta, gisa berean, babesik gabe dauden adingabeentzako zentro terapeutikoen egoeraren gaineko kezka Amnesty Internationalekin konektatzeko.
Informazio eta Komunikazio Teknologien eremuan, segur aski adingabeek tresna horiek modu seguruan erabil ditzaten erakunde honek egin duen sustapen-lanaren ondorioz, hainbat modutara aritu gara elkarlanean Komunikazioaren Teknologiaren Institutu Nazionalarekin, EDE Fundazioarekin, Protégeles Elkartearekin, Euskal Autonomia Erkidegoko kolaboratzailearekin, Espainiako Safer Internet Centre elkartearen kudeatzailearekin eta Europako Batzordeak sustaturiko haurren zibersegurtasunaren gaineko erreferentzia-zentroarekin, CTIC Fundazioarekin, eta abar.
Dagokion arloak desgaitasunen bat duten pertsonen elkarteekin eta federazioekin egin dituen bileren osagarri, harremanetan egon gara Fekoor-ekin eta arreta gabezia eta hiperaktibitatea duten haurren terapeutekin, eskuarki kexa edo kontsulta baten ondorioz.
Jadanik aipatu dugun Arrisku egoera berezietan dauden adingabeak txosten bereziaren aurkezpen eta zabalkundeak —haurren eta nerabeen munduari loturiko Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte guztiei bidali genien— bide eman zigun maiatzean Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluko Haurren Arloko Kontseiluan ordezkatutako erakundeekin errealitate hori kontrastatzeko (AVAIM, APNABI, IRSE Araba , EGK-ko Astialdi Foroa, Gizarte Lanetan Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargoa, Psikologoen Elkargo Ofiziala, Hirugarrendar Kaputxinoak, Unicef). Zati handi batean babesik gabe dauden haurren errealitateari buruz jardun bagenuen ere, desgaitasunen bat duten adingabeez edo diagnostiko azpiklinikoa duten portaera-nahasmenduez ere aritu genuen.
Aurreko kapituluan aipatu dugun Haur eta Nerabeen Kontseilua berritzeko prozesuaren ondorioz, berritzeguneekin, zuzendaritzekin, irakasleekin eta gurasoekin ditugun harremanak berritu edo ezarri behar izan ditugu; modu berean, foroetan, jardunaldietan eta biltzarretan parte hartzearen ondorioz, harremanetan egon gara haurren arloko beste erakunde batzuekin —Haurren Erakundeen Plataforma— eta ikerketa-taldeekin —Droga-mendekotasunen Deustuko Institutua—. Azken atal honetan, eskola-jazarpenari buruzko estatuko ikerketa-talde batekin izan dugun kolaborazioa nabarmendu behar dugu. Hain zuzen, artikulu hau idatzi dugu: Begirada bat eskolako jazarpenari, ikuspegi bermatzaile batetik: Arartekoak eskolako tratu txarren inguruan egindako jarraipena.
6.2. Erakunde eta baliabide instituzionalekiko lankidetza
Modu berean, askotarikoak dira erakunde instituzional eta/edo baliabide publikoetako ordezkari politiko eta teknikoekin lankidetzan aritzeko espazioak eta uneak. Solaskideetako batzuk honako hauek izan dira:
Bilera horietako batzuen esparruan edo hain zuzen ere horien ondorioz, Arartekoak lehen eskutik ezagutu ahal izan ditu politika publikoak eraginkor bihurtzeko plan, protokolo, estrategia eta bestelakoen proposamenak; horrez gainera, erakunde eskudunei iritzia eskatu ahal izan die egoera kezkagarri jakin batzuen inguruan —arretaren premia duten behar gisa azaldu zaizkie—, eta esku hartzean ezinbesteko eskubideak bermatu behar direla zehaztu. Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko III. Plana, Haurren I. Plana, III. Gazte Plana nahiz bakarrik dauden atzerritar adingabeei premiazko harrera egiteko protokoloa dira jarduera horren erakusgarrietako batzuk.
Herriaren beste defentsa-bulego batzuetako haur eta nerabeen atalekin eskuarki izan ohi ditugu harreman eta kontaktuak; beraz, orain, modu bereizian aipatuko ditugu aurten horietako batzuekin izandako bilera garrantzitsuenak:
6.3. Ekitaldietako parte-hartzea
Hala elkarte eta erakundeekin izandako elkarlanaren esparruan, nola Arartekoak berak gidatu dituelako, Arartekoak berak edo erakundeko langileek adingabeen gaineko foro eta topaketetan esku hartu dute, bai gure erkidegoan eta bai gure erkidegotik kanpo. 2011n izandako parte-hartze esanguratsuenak, dokumentu honetan orain arte aipatu gabeak, honako hauek izan dira:
6.4. Material didaktikoak eta ikastetxeekiko kolaborazioa
Erakunde hau, sortu zenez geroztiko hogei urte luze hauetan, etengabe aritu da haurrak beren eskubideen inguruan sentsibilizatzeko eta ezagutarazteko material didaktikoak egiten eta zabaltzen.
2011. urtean, hainbat material argitaratu dira, eta EAEko lehen hezkuntzako ikastetxe guztietan banatu dira, berriki estreinaturiko Eskubideen uhartea web gunea ezagutarazteko xedez; hain zuzen, hurrengo atalean azalduko dugun bezala, web gune horretan jarduera ugari proposatzen dira 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutilekin haurren eskubideen gainean lan egiteko. Hala, web guneko pertsonaiekin eskola-egutegirako plantilla bat egin dugu, itsasgarrien formatuan, eta ikastetxeetan banatu dugu ikasturte hasieran. Pertsonaia horiek izan dira protagonista, orobat, azaroaren 20an Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira ikastetxeetarako egin zen kartelean eta lehen hezkuntzako haur guztiei banatu zitzaien orri-markatzakoan.
Bestalde, aurten Rainbow proiektua jarri da abian (proiektuaren zentzuaren ingelesezko sigla jasotzen du: Rights Against IntoleraNce: Building an Open-minded World/ Intolerantziaren aurkako eskubideak: aurreiritzirik gabeko mundu bat eraikiz). Horren xedea da haurren, nerabeen, gazteen eta irakasleen artean homofobiaren eta transfobiaren aurka borrokatzeko testuak eta ikus-entzunezko materialak sortzea eta zabaltzea, eta Europan homosexualen eta transexualen eskubideak erabat errespetatu eta aitortuko dituen kultura bat sustatzea. Proiektuan Europako zazpi herrialdetako hamar erakunde publikok eta pribatuk parte hartzen dute (Alemania, Belgika, Bulgaria, Espainia, Herbehereak, Italia eta Erresuma Batua), eta Europako Batzordeak babesten du (Justizia, Askatasun eta Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiko Oinarrizko Eskubideen eta Hiritartasunaren Zuzendaritza).
Lehenengo gauzatze-urte honetan (bi aurreikusi dira), ikerketa bat egin da jadanik Euskal Autonomia Erkidegoko eskola-umeen eta irakasleen artean gai horren inguruan dauden estereotipoei buruz, aurrera egin da eskoletan estereotipo horien aurka borrokatzeko tresna didaktiko gisa balioko duten hezkuntza-materialen prestakuntzan, eta Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Pedagogikorako Zuzendaritzarekin elkarlanean aritzeko oinarriak ezarri dira. Bestalde, urte amaieran, gonbit egin zaie bigarren mailako, batxilergoko eta heziketa-ziklo artistikoetako ikastetxeei Europako 15 eta 19 urte bitarteko nerabe eta gazteentzat LGTB gaiaren inguruan antolatu den film laburren lehiaketan parte hartzera. Epaimahaiaren erabakia, bai eta hautatutako film laburren erakusketa ere, Milanen izango da, 2012. urtearen erdialdera.
Europako beste herrialde batzuekin elkarlanean aritzeko proiektu hau guztiz aberasgarria izaten ari da, eta erakunde honek espero du emaitzak zabaltzea —Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin— baliagarria izango dela bizikidetza-eredu berri baten oinarriak ezartzeko, non adin goiztiarretatik aniztasun afektibo-sexuala eta generokoa guztiz onarturik eta integraturik egongo diren.
Azkenik, aipatu behar dugu urteko lehenengo hiruhilekoan Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-zentro guztiei birbidali genizkiela teknologia berrien erabilera ziurra sustatzeko material didaktikoak: Leihoak. Abentura erreala mundu birtualean eta ziberbullynga. Teknologia berrien bidezko jazarpena prebenitzeko gida azkarra.
6.5. Adingabeentzako web gunea
2011ko otsailaren 28an, jendaurrean aurkeztu genuen Eskubideen uhartea web gunea (http://www.ararteko.net/apl/derechosdelainfancia/euskara.html).
Lehen Hezkuntzako haurrentzako web atari bat da (6 eta 12 urte bitartekoentzat). Bi helburu ditu: batetik, haurrak erakundera gerturatu nahi ditugu, giza eskubideen eta haurren eskubideen inguruko erreferente gisa ezagut dezaten —modu hurbilago eta eskuragarriago batean—; eta, bestetik, haurrak eurak beren eskubideen gainean sentsibilizatu nahi ditugu eta eskubide horien berri zabaldu.
Ikus dezagun astiro web gunearen edukia.
Web gunean sartzeko pantailan, etengabe mugitzen ari diren hainbat elementu daude. Hala, esate baterako, irudiaren erdian ikusten diren bi pertsonaiek —horiek erabiltzen ditugu ikastetxeetara bidaltzen ditugun materialetan— web gunean sartzera gonbidatzen dituzte haurrak, beren eskubideak ezagut ditzaten, jolastuz ondo pasa dezaten, laguntzaren bat behar badute nori galdetu jakin dezaten, eta abar. Horrez gain, Arartekoaren web gunera (www.ararteko.net) garamatzan txalupa mugitzen ari da etengabe, baita web guneko ataletara sartzeko bide ematen duten gainerako pertsonaiak eta objektuak ere: itsasargia, barruan mapa bat duen botila, arrain-ontzia, periskopioa eta jokoen eta esteken kartelak.
Itsasargian, neska-mutilek beren eskubideak ezagutzeko informazioa aurkituko dute: Haurren Eskubideen Hitzarmenaren historia eta Hitzarmena bera, haientzako bertsio ulergarriago batean kontatua. Atal honen barruan daude, halaber, Francesco Tonucciren ilustrazioak. Tonuccik, hezkuntzaren munduko artista eta zientzialari ospetsuak, hamar bineta utzi dizkigu, eta horiei animazioa emateko baimena eman digu, haurrei beren eskubideetan zehar egingo duten ibilaldian lagun egiteko.
Olagarroak botila bat du garro artean eta horren barruan haurren eskubideen mapa dago. Mapa zabaltzean, 10 ikono agertzen dira, eta horiek 10 ipuin animatutara eramaten gaituzte; hain zuzen, ipuin horien bidez, identitaterako, familiarako, osasunerako, hezkuntzarako, jolasteko, babeserako, parte hartzeko eta ongizaterako eskubideak azaltzen dira, eta, azkenik, adingabearen interes gorenaren nagusitasuna agerian agertzen duen historia bat kontatzen da. Historia batzuk deskargatu ere egin daitezke. Web gunean helduentzat jasotako materialaren barruan, hainbat orientazio metodologiko dator, historia animatu horiek bai hezkuntza-ingurunean eta bai familian erabiltzeko.
Egurrezko upelean, haurrek informazio interesgarria aurki dezakete, laguntza behar izanez gero: SOS gunea da.
Ezkerraldean agertzen den telebista-pantailan, Arartekoak eta Haur eta Nerabeen Bulegoko zuzendariak beren burua aurkezten dute, eta, haurrentzat gertukoa den hizkera batean, Arartekoa zer den eta erakundearen lana zertan datzan azaltzen dute.
Espazio horretatik, hainbat gairekin loturiko beste laguntza-webgune batzuetara sar daitezke: Interneten erabilera ziurrari edo elikadura osasungarriari buruzkoak, esate baterako. Ziberbullyingari buruz eta Interneten erabilera ziurrari buruz, espazioan bertan, oinarrizko orientabide xume batzuk daude.
SOS gune horretan dago, orobat, Eusko Jaurlaritzak haurrei eta nerabeei laguntzeko jarri duen telefonoa, Zeuk esan (166 111); horren bidez ere jar daitezke haurrak Arartekoarekin harremanetan, bai eta kexak jarri ere.
Hasierako pantailan, haurrentzako beste hiru elementu daude: Arrain-ontziak parte hartzera animatzen ditu (protesta-proposamena) eta aisialdirako edo kultur jardueretarako hainbat gomendio biltzen ditu haientzat. Horrez gain, neska-mutilek agerrarazi nahi dizkiguten ekimenak ere iraul daitezke horra.
Estekek eta jokoek ixten dute haurrentzako proposamena. Estekak munduko orriei eta ekologiari buruzkoak dira, beste bat ikasiz dibertitzeko da, eta, horrez gain, adingabeek eurek proposatutakoak ere badatoz. Jolasak ere badu leku garrantzitsu bat web gunean. Zortzi jolas eskaintzen dira, eta horien bidez, bide-segurtasunari, birziklapenari, elikadura osasungarriari eta beste hainbat gairi buruz ikas daiteke.
Periskopioak —helduen konpainia eta begirada arretatsua irudikatzen du— itsaspekora garamatza, aita-amei eta hezitzaileei berariaz eskainitako espazio bakarrera.
Atal honetan, ipuin animatuak edo Hitzarmena lantzeko proposamen metodologikoak daude. Horrez gain, udal arduradunentzat ere badago atal bat; bertan, haurrentzako eta nerabeentzako udal planak egiteko proposamenak datoz.
Itsaspekoan dago liburutegia ere, eta, bertan, gurasoentzat eta hezitzaileentzat interesgarri izan daitezkeen dokumentuak eta web guneak aurki daitezke.
Hasieran genion bezala, web guneak otsailean ikusi zuen argia, Arartekoko Haur eta Nerabeen Bulegoa komunikabideei aurkeztu zitzaien garaian. Beraz, aurten web gunea jendarteratzeko aritu gara lanean. Ahalik eta zabalkunderik handiena emateko eta azken hartzaileen —6 eta 12 urte bitarteko haurren— esku jartzeko, gutun bat bidali genien EAEko ikastetxe guztiei, posta-helbide eta elektroniko bidez, web gunearen berri emateko eta erabiltzera animatzeko. Horrez gain, haurrekin loturiko beste web gune batzuei ere eskatu genien laguntza (Unicef, Save the Children, Haurren Erakundeen Plataforma …), Interneteko haien guneetan Eskubideen uhartea gunera joateko esteka bat ipin zezaten.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza ere nabarmendu nahi dugu. Izan ere, materiala interesgarria zela ikusirik eta guk egindako laguntza-eskaerari erantzunez, Eskubideen uhartea gunerako lotura txertatu du Eskola 2.0 programako Eskola Bakegunean; beraz, EAEko lehen hezkuntzako eskola-ume guztientzat dago eskuragarri.